Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Erratzu

(hondakinak)

 

      Bafarroan bada, Baztanen, izen bereko herria. Dena den, garai bateko baserrietan ainarraz edo erratzez egina izaten zen “erratza”. Ruscus aculeatus da bere izen zientifikoa. Baso zokoetan arantza eta bikor gorridun hosto txikiko landare apala dugu berau. Erratzuk bada, erratza den lekua esan nahiko luke.

      Akerregin, Primo-Enea etxearen atzetik gora jo eta hegi batean kokaturik daukagu Erratzu (Berri) baserria, eta handik goraxeago Erratzu Zaharra, Erratzu (1610), Erraçu (1625) eta Erratzu (1780) idatzita dokumentuetan azaltzen dena. Dorretxe izana, Lope Isastik halakotzat ematen duen bezala.

      Bi zatitan banatua eta bi isuriko etxea zen Erratzu Zaharra, esan dit Felix (79 urte) nire solaskideak. Atzeko partea aski urratu eta hautsia zuen jadanik. Aurrekoa belar onduz tope beteta zegoen. Uda sasoia zen. Suak hartu eta belarra eta baserria han joan ziren suarekin. Beharrik, ordurako etxe berria eraikia zuten.

      Albizturko Urrutune baserritik, han maizter, Erratzu erosi eta handik etorria zen familia. Gurasoak, Joan Irazusta Berakoetxea eta Fulgentzi Jauregi Uranga ziren, eta seme-alaba hauek: Maria, Antonio, Joxe Mari, Felix, Joan, Bernardina eta Bernardo.

      Gauza izan ahala senide denak lanera irten ziren. Felixek dio hiru anaia, lehenik Kerejetarekin ibñi omen ziren eraikuntza lanetan, gero beren kontura.

      Benardo gelditu zen etxean, gazteena, Mari Karmen Gurrutxaga Arratibel ataundarrarekin ezkonduta. Eta hiru seme-alaba izan: Patxi, Mari Karmen eta Miren Edurne. Ama alarguna, Patxi eta Miren Edurne seme alabekin bizi dira orain baserrian.

      Etxe berria eraiki, bazterrak garbitu eta bizimodua antolatu ondoan, hamar behi eta beste hainbeste zekor eta idi parea zituzten. “Pixka bat saiatuz gero, dio Felixek, bizimodua ateratzeko baserria zen”. Lur ona, lursail handiak zituen Erratzuk. Iturria etxeko lurretan, baina hura lehortzean gaizki ibiltzen ziren, agidanez.

      Gurasoak beti baserri lanari atxikirik bizi izan ziren. Esnea beti Donostiara. Gaur egun ere, Patxi etxeko semeak, 30 behi eta 15-20 bigai, ukuilu zabala etxetik at, esnea (Iparlat) dauka bizimoduaren oinarri nagusi.

      Aita, Felixen esanetan, txantxa puska bat gogoko zuen pertsona zen. Behin auzoko batek, kirten okerreko aitzurra eskuetan ikusita, hala esan omen zion:

      —Joan, kirten hori etxean egina al dek?

      —Ez, harako lizar azpi hartan.

      Beste pasadizo bat kontatu dit Felixek. “Kontrabando bidean, (frantses bidea) pausaleku on eta egoki izana zan Erratzu Zaharra. Altzuetako Florentino “abiadore” famatuak ongi zekien jendea harat-honak pasatzen ibiltzeko, pausaleku eta bideen berri.