Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

46
ETXOLABERRIKO
MINERAL ERROTA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani, Urnieta

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 586627, y 4783401, z 261,80 (gutxi gorabeherako kokapena)

                                x 586895, y 4783203, z 271,50 (presa)

IBAIA: Kartola edo Etxolaberri

 

      Etxolaberriko mineral errota Pagoagako auzoan kokatzen da, izen bera daraman errekaren ondoan. Sarbidea Nafarroako errepidetik (GI-3410) egiten da, Pikoagako zubia zeharkatu ondoren pista bat hartuz eta ondoren mendi pista batetik ekoizpen instalazio zaharretara iritsiz. Sarbide zaileko ingurunea da.

      Multzoa, horniketa ubidea duen presak eta industria instalazioek osatzen dute.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA:

BABESA: Babesik gabe

 

      Instalazioak oso kontserbazio egoera txarrean daude mende bat baino gehiago utzita egon ondoren, eta landarediagatik ia guztiz estalita. Baldintza hauek eta narriadurak, ondo dokumentatzea eragotzi dute.

      Lau solairuko eraikin batek osatzen duen multzoaren deskribapenen bat dago. Eraikin horren makineria hormigoiz egindako presa baten bidez mugitzen zen, eta, bertatik, 390 metro inguruko kanalizazioa abiatzen zen karga-biltegiraino. Bertatik, 23 metroko desnibela gainditzen zuen burdin forjatuzko hodi bat abiatzen zen, ardatz nagusiko gurpilei eragiten ziena. Ardatz hori bertikalki antolatuta zegoen, lau solairuak zeharkatuz, makineria desberdina polea eta zinten bidez mugituz.

      Eraikinaren beheko solairuan turbina eta toberak zeuden. Bigarrenean, errota handi bat, 2 metroko diametroa duen danbor zirkular batekin, burdinazko bolaz kargatua, minerala txikitzeko. Hirugarren solairuan, sare handi batek materialak bereizten zituen bere tamainaren arabera. Eta, azkenik, laugarren errota, mineral horren lehen birrinketa bat egiteko.

      Makineria guztia desegin eta txatarratu egin zen 1938an, ordutik instalazioak erabat utziak geratu zirelarik (fabrika 1916an itxi zen). Inguruan, pabiloi nagusiko hormak ikus daitezke oraindik, landaretzak erabat estaltzen duen eremu batean.

      Era berean, multzo hori hornitzen zuen presa zaharra kontserbatzen da, fabrikatik ibaian gora 200 bat metrora. Hormigoiz egindako presa zuzen batek osatzen du, 5,50/6 m-ko altuera eta hogei bat metroko luzera duena. 2009an egindako bisitan kontserbazio-egoera onean zegoen.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1901/1916)

BESTE IZENAK:

 

      Etxolaberriko meatze-barrutiaren ustiapena erromatarren garaikoa izan zen, garai hartako ustezko aurkikuntza arkeologikoetan oinarrituta (meatzaritza-galeriak, zubia), baina ez zen horren inguruko ziurtasunik agertu. Litekeena da Erdi Aroaren amaieratik aurrera meatze-barruti hau Urumea bailarako burdinolak hornitzeko ustiatzea.

      Hala ere, badirudi aprobetxamendu intentsiboena, ez zela XIX. mendearen erdialdera arte egin (1859an eratutako “La Vascongada” meatzaritza-elkartea), eta izaera industriala hartu zuen XX. mendearen hasieratik. Meatze-barruti honetan zilardun beruna eta galena atera ziren, XX. mende hasieran hogei galeria inguru dokumentatu zirelarik.

      Azpiegitura-lan nagusien eraikuntza (tratamendu-fabrika, garraio-bideak eta azpiegitura hidraulikoa) 1901etik aurrera izango da gutxi gorabehera, “Sociedad Minera Mugabe”-k 40 l/s-ko emaria duen jauzi bat gaitzeko kontzesioa lortu zuenean. Sei urte geroago, 1907an, “Sociedad Minera Echolaberri”-k berritu zuen, eta 1916 arte egon zen martxan (Agirre 2011) [129]. Uholde batek kalte handiak eragin zituen bide eta zubietan, eta, ondorioz, ekoizpen instalazioak isolatuta gelditu ziren eta ekoizpena eten zen.

      Hurrengo urteetan, hainbat partikularrek ekoizpen-jarduerari berriro ekiteko proposamenak aurkeztu zituzten (1920, 1921, 1923, 1927), eta horietako bakar batek ere ez zuen aurrera egin. Instalazioak, azkenik, 1938an deseginak izan ziren, eta txatarra bezala saldu ziren.

 

 

[129] GAO. JD-IT. 1.525/8.28, 1.827/9.246, 1.853/10.016 eta 1.838/10.149 sortak; HUA. H 138/12 esp.

 

 

 

Etxolaberriko errotaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Etxolaberriko errotaren gutxi gorabeherako kokapena (1954ko ortofotoa)

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Etxolaberriko errotaren presa (2009)

(ITURRIA: Iñaki Sanz-Azkue/HUA. Hernani Ondarea)

 

Etxolaberriko errotaren fabrikaren aztarnak (2009)

(ITURRIA: Iñaki Sanz-Azkue/HUA. Hernani Ondarea)