Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

FRANKISMOA ETA GENERO SISTEMAK

 

      1950-60ko hamarkadan izan zen apopilotza aztertuko dugu, alegia, Espainia, Euskal Herria eta Hernani Francoren diktadurapean zeuden garaiko apopilotza. Diktadurak gizon eta emakumeen bizitza alor guztietan izan zuen eragina, baita genero harremanetan, aukeretan eta balioetan ere.

      Historian atzera begiratuz argi ikusten da Espainiako II. Errepublikan eta Gerra Zibilaren garaian emakumeek beraientzat “ohikotzat/naturaltzat” hartzen ez ziren jarduerak egin zituztela, eremu berriak konkistatu zituztela, nortasun femenino berriak eraikitzeko lehen urratsak egin zituztela[31]. Francoren erregimenak hankaz gora utzi zuen emakumeek ordu arte lortutako guztia. Frankismoaren ezaugarri nagusia (emakumeei dagokienez) jarrera kontserbatzailea eta antifeminista izan zen, eta erregimenaren helburu nagusietariko bat, berriz, gizartearen “oinarri tradizionalak” berreskuratzea.

      Neurri ugari hartu zituzten emakumeak ekoizpenaren eremutik (arlo publikotik) kanporatu eta etxearen eremura mugatzeko (emakumeen etxekotzea esate zaio prozesu horri). Neurri juridikoei dagokienez, 40ko hamarkadatik aurrera lege ugari onartu ziren emakumeak soldatapeko lanetik (merkatu ofizialetatik) kanporatzeko asmoz. Besteak beste, bazen lege bat ezkondu ostean emakumeak lan merkatua uztera behartzen zituena. Erregimen berria “Fuero de los Españoles” delakoan oinarritzen zen, eta horren araberako lanbide legediak emakume eta haurren gauez lan egitea debekatzen zuen, eta emakume ezkondua tailer eta fabriketako lanetatik “askatzen” zituen. Emakumeei lanbide asko debekatu zitzaizkien: polizia, epaile, justizia administrazioa, etab.

      Hezkuntzarekin zerikusia zuten neurriak ere onartu ziren. Garai hartako hezkuntza politikak sexuen arteko bereizketa zuen oinarri. Bereizketa horrek bi zutabe zituen: lehena neska eta mutilen sozializazioari zegokion, hau da, sexuaren arabera, haurrek sozializazio prozesu desberdinak zituzten ikastetxeetan; bigarrena neska nahiz mutilei irakasten zitzaizkien ikasgaiei lotuta zegoen, izan ere, sexu bakoitzak berari zegozkion ikasgaiak zituen, emakumeak “las preparaba para la vida del hogar, la artesanía e industrias domésticas”[32]. Erregimenaren helburua ez zen, inola ere, emakumeei heziketarako bideak zabaltzea. Lau urtez Goi eta Erdi Mailako Ikasketen arduradun izan zen Jose Permartinek argi azaldu zuen emakumezkoen hezkuntzaren helburua: “se debe, en efecto, tratar de encauzar la gran corriente de estudiantas apartándolas de la pedantería feminista de bachilleras y univesitarias”[33].

 

Atzietaseko eskola publikoak.
Hernaniko Udal Artxiboa.

 

      Erregimen berriaren ideario morala familiaren gainean eraiki zen, eta Eliza Katolikoak hartu zuen hori gainbegiratzeko ardura. Familia horien osaera, gizartearena bezala, guztiz hierarkikoa zen, eta aginpidea gizonaren esku zegoen. Emakumeek aginte hori onartu eta seme-alabei helarazteko ardura zuten. Gizon-emakumeek ezaugarri desberdinak eta osagarriak zituztela uste zen, eta bien arteko elkartasunak familiaren harmonia ziurtatzen zuela. Gizonen gaitasuntzat honako hauek hartzen ziren adimena, gogoeta egiteko eta ulertzeko gaitasuna, ausardia, indarra, etab. Emakumezkoei dagokionez, berriz, izaera afektiboa zutela pentsatzen zen: bihotza, apaltasuna, sena, errukia eta sentiberatasuna. Familia antolatzeko eredu horrek lanaren banaketa sexuala indartu zuen, eta baita muturrera eraman ere, eta emakumearen estereotipo tradizionalena indartzen zuen. Gizonak ziren “familia buruak”, eta haien ardura zen familia mantentzea. Gizontasunaren edo maskulinitatearen mistika sortu zen. Gizon langilearen irudiari garrantzi handia eman zitzaion, batez ere gizonak familia mantentzeko adina diru irabazten bazuen, era horretara emaztea etxean geratzen baitzen. Garai hartako gizon-emakumeek berehala barneratu zuten botereak ezartzen zien ideologia. “Bizibidea ateratzen” zuenaren rola behar bezala betetzeko izugarrizko ahaleginak egin zituen Carlosek[34], bere emaztea eta seme-alabak mantentzea oinarrizko eginkizuna zen beretzat.

 

      No, yo lo que decía muchas veces, nunca me ha gustado de que fuera la mujer a trabajar, nunca. Metía yo horas todas las que podía antes de que fuera la mujer a trabajar. Nada mas comía, estaba un poquitín así, ¡a trabajar! Cuatro o cinco horas [extra], las que fuera. Carlos.

 

      Modu honetan, erregimenak betebehar eta eskubide jakin batzuk ezarri zizkion sexu bakoitzari. Ikusiko dugun eran emakumeei betebehar eta mugak gogorrak baziren ere, gizonezkoei eskatzen zitzaiena ere ez zen txantxetako kontua. Beraiek ziren etxeko diru-sarreren arduradun bakarrak, familiaren beharrak asetzeko ordu ugari lan egin behar izaten zituzten. Marisak, familiarekin Extremaduratik etorritako emakumeak, azaldu zigunez bere senarrak ordu asko ematen zituen lanean, eta ez zuen astirik “mantentzen” zuen familiaz gozatzeko.

 

      Cuando venía, cuando se iba, los niños acostados, y cuando venía, los niños dormidos, también acostados, así que no le veían casi. Luego, los domingos pues, lo pasábamos bien porque estábamos todos juntos. Marisa.

 

      Ezkontza emetasunaren ideala eskuratzeko bide bilakatu zen, eta amatasuna arrakastaren eta onespen sozialaren adierazle. Amatasunari ematen zitzaion garrantzia erakusten duten lekuko ugari bildu ditugu. Seme-alabak edukitzeko emakumeek jasaten zuten presioari buruz hitz egin zigun Arantxak[35].

 

      Baiño ordun ezkondu ta ez bazenun familik, muy mal, etzenun balio, andria gaiñea, gizona ez, andri horrek ez du balio [...]. Hombre, hombre, kulpa guztia zuria zan. Bai, baiño oso kulpablek gaiñia, ta ordun eztakit, oso epoka ezberdiña. Arantxa.

 

      Emakumearen zeregin nagusia ama izatea zenez, haurrik ez zuten emakumeak balio gabeko emakumeak ziren gizartearentzat, bere funtzio “naturala” betetzeko gaitasunik gabeak. Haurrak izateko zailtasunak zituztenek, ahalegin guztiak egiten zituzten zailtasun horiek gainditzeko. Marisak ahopeka kontatu zigun seme-alabak izateko zailtasunak izan zituela, eta ebakuntza bat egin behar izan ziotela arazo horiek gainditzeko: pues me operaron pa tener familia. Me costo ocho mil, ocho mil pesetas, en aquellos tiempos. Marisa. Marisak ahalegin fisikoa, psikikoa eta ekonomikoa egin behar izan zuen emakume gisa zuen “akatsa” konpontzeko.

      Gizon eta emakumeen arteko funtzio banaketa horren atzean erregimenaren interesak zeuden. Interes ekonomikoei dagokienez, 50eko hamarkadatik aurrera Espainia kapitalismo internazionalaren gurdira igo zen, eta, industriaren alorrean lehiatu nahi bazuen, ezinbestekoa zuen etengabe lanean egoteko prest zeuden gizonak edukitzea. Bestetik, emakumeen funtzioa ugalketara bideratuz gero, etorkizuneko eskulana (langileria) ziurtatzen zen.[36]

      Feminitate eta amatasun ideia horiek zabaltzeko, eta gizon eta emakumeen munduak urruntzeko, hainbat baliabide erabili zituen frankismoak. Falangisten Sección Femenina[37] delakoaren eragina garrantzi handikoa izan zen. Sección Femeninaren Laugarren Kongresu Nazionalean, Pilar Primo de Riverak, sekzioko zuzendari zenak, esandakoak oso ondo laburtzen dute elkarte horrek zer ideia zituen amatasunari eta haurren zaintzari buruz zituen ideiak.

 

      “Evitemos la muerte de los niños. Pensar que puede perder la Patria la vida de un hombre por cualquier motivo de fácil remedio como es un biberón mal dado o una comida dada a destiempo. Educando a las madres evitaremos la muerte de lo hijos. Solo habremos servido a la Patria enteramente cuando por nuestra enseñanza se pueblen los campos de niños sanos como manzanas y los hogares de madres conscientes”.

 

      Sección Femenina-ren barruan divulgadora izenaz ezagutzen ziren emakumeak zeuden; haien eginkizuna zen haurrak egoki zaintzeko azalpenak ematea. Osasunaren arloa, espirituala, morala, politikoa eta soziala ziren haien lan eremuak. Garrantzi handiko taldea izan zen, emakumeen heziketari dagokionez[38].

 

Sección Femenina Hernaniko Espainia Plazan (1936).
Kutxako Fototeka: 15-34 (422-7).

 

Sección Femeninako emakumeak
“Auxilio de Invierno” lokalaren aurrean (1936).
Kutxako Fototeka: 776-370

 

      Eliza Katolikoak ere ezkontzaren eta amatasunaren defentsa sendoa egin zuen. Elizak, botere politikoarekin elkartasunean, emakumeen gorputzaren kontrola berreskuratu zuen; horretarako familiaren ohorea emakumeen “integritatearen” baitan epaitzen zuen. Bai Elizarentzat bai estatuarentzat emazte eta ama izatea zen (ordena horretan, hau da lehenengo ezkondu eta gero ama izan) emakumeen etorkizuna, edo bestela, moja sartzea. Kastitatea eta otzantasuna ziren emakumeei helarazten zitzaizkien bertuteak, Elizan (katekesian, ariketa espiritualetan), kalean zein etxean. Sexu harremanen helburua ugalketa biologikoak behar zuen, ez besterik, eta ezkontzaren sakramentuaren barruan bakarrik onar zitezkeen. Asunen hitzetan ikus daitekeenez, ezkontzaz kanpo seme-alabak izateak arazo ugari ekar zitzakeen, ni ezkondu nitzan maiatzean ta otsailean izandu nun, beatzi hilabete justu. Ta pixkat lehenau izaten bazenun.... Jesus!!! Hui!!!Jujuju!!! Ha pasau por ahí!!! Asun. Garai hartan, ezkondu aurretik haurdun geratzen zenak zigor moralaz gain, zigor sozialari aurre egin behar zion.

 

      Geatu nitzan viaje de novios-en enbaraza geatu nitzan. Hamar hilabeteko, ezkondu ta hamar hilabete eskasea etorri zan. Lenau etorri bazan, de soltera, esango zuten jendeak, de soltera izate zan... Madre soltera, oain nahi donak izateu, baiño ordun zan enbarazada geatzea, bueno, bueno... Amalia.

 

      Familia eredu tradizionalaren arabera, emakumeen “berezko” eremua etxea zen. Gune horretan bete behar zituen emakumeak beretzat “naturalak”[39] ziren funtzioak: amatasuna eta familiaren zaintza.

 

“Papelera del Norte”-ko langileak (1999).
Kutxako Fototeka: 482-308(2).

 

      Hitz gutxitan azaldu dugun genero ideologia horrek 50-60ko hamarkadak hartzen baditu ere, 50eko hamarkadaren eta 60koaren artean aldeak egon ziren. 60ko hamarkadan Espainiak bizi izan zuen berpizte ekonomikoaren ondorioz, hau da ekonomiaren liberalizazioaren ondorioz, amaitu egin zen emakume aurreztailearen ideala, eta emakume kontsumitzailearen irudia sortu zen. Garapenak emakume langilearen eta prestatuaren beharra indartu zuen. Liberalizazio ekonomikoaren eraginez, ezinbestekoa bihurtu zen giza baliabideak ugaritzea, eta helburu horrekin onartu zen 1961eko uztailaren 22ko legea. Lege horrek berdindu egin zuen gizonek eta emakumeek jarduera politikoak zein profesionalak egiteko zituzten eskubideak. Hala ere, emakume ezkonduek senarraren baimena behar zuten edozein lanpostu eskatzeko. Horrez gainera, etxea eta haurrak emakumeen arduratzat hartzen ziren oraindik. Pilar Primo de Riverak Sección Femeninaren XXV. Kongresuan honela adierazi zuen:

 

      “Sería absurdo pensaren estos momentos en una mujer que solo se preocupa por las tareas del bogar, sin el menor interés por cultivarse, por participar en los menesteres de la sociedad, sean políticos, intelectuales o laborales; pero sería absurdo también posponer otros intereses y deberes primordiales (matrimonio, maternidad) a solo la preocupación de producir. La mujer, sobre todo la mujer casada, tiene obligaciones ineludibles mientras los hijos son pequeños, que no puede escamotear”.

 

      60ko hamarkadan zenbait aldaketa izan baziren ere, funtsean berdin gelditu zen frankismoaren idearioa. Asunen hitzek oso ondo laburtzen dute garai hartako emakumeei eskatzen zitzaiena: ah, pero luego me casé y se acabó todo, eh. [...] Ya la casa, los hijos, el marido y las cazuelas. Asun.

 

 

 

 

[31] Espainiako II. Errepublika garaian emakumeen inguruko erreforma ugari egin ziren, besteak beste: botoa emateko eskubidea, ezkontza zibila, dibortzioa, eskubide berdintasuna gizon eta emakumeentzat lanaren alorrean, ama langileak babesten zituen legedia, 1936. urtean abortatzeko eskubidea... Beraz, emakumeen parte-hartzea indartu egin zen gizartearen hainbat alorretan.
     
Garai hartako emakumeek egindako lana ezagutzeko oinarrizkoa da lan hauek irakurtzea; NASH, Mary. (1999). Rojas. Las mujeres republicanas en la Guerra Civil. Taurus. Madril. Eta NUÑEZ-PEREZ, Maria Gloria (1989). Trabajadoras en la Segunda República: Un estudio sobre las actividades económicas extradomésticas (1931-1936). Ministerio de Trabajo y Seguridad Social. Madril.
     
Gerra Zibilean emakumeek inoiz baino ardurazko postu gehiago izan zituzten Lourdes Beneriak (1977) aipatzen duenaren arabera, eta guk emakume nekazarien jardueren analisian frogatu dugun moduan. “El trabajo de las mujeres se centró en los puestos de trabajo abandonados por los hombres al incorporarse a la guerra. Trabajaron en toda clase de profesiones y tareas, desde las actividades agrícolas basta el sector de servicios y el trabajo industrial. Se emplearon en industrias donde el trabajo masculino había sido tradicionalmente predominante y en oficios que, hasta entonces, sólo los hombres habían realizado. Asumieron puestos de responsabilidad en una cantidad sin precedentes”. BENERÍA, Lourdes (1977). Mujer, economía y patriarcado durante la España franquista. Anagrama. Bartzelona.

[32] FOLGUERA CRESPO, Pilar. (1998). “El franquismo. El retorno a la esfera privada (1939-1975)” in Historia de las mujeres en España. Síntesis. Madril.

[33] BENERIA, Lourdes (1977). Mujer, economía y patriarcado durante la España franquista liburutik jasoa. Anagrama. Bartzelona.

[34] Carlos Avilatik etorria da. Bere osaba ere Avilatik etorria zen, eta Hernanin topatu zion lana ilobari. Carlos bakarrik etorri zen hasieran, emaztea (Victoria) eta seme-alabak Avilan utzita. Hilabete batzuk igaro ostean etorri zen familia.

[35] Arantxa hernaniarra da. Baserrian jaio eta igaro zuen gaztaroa. Gerora senarrarekin batera etxea erosi zuen herrian.

[36] Gerra garaian lan indarraren zati handi bat desagertu zen, bai gerran eta baita erbestean ere.

[37] El partido de la falange creó su “Sección Femenina” para organizar a las mujeres según el modelo dictado por su dirigente. Como parte del único partido que gozaba de legalidad en la España de Franco, la “Sección Femenina” llegaría a convertirse en la única organización política legal de las mujeres después de la guerra. BENERIA, Lourdes (1977). Mujer, economia y patriarcado durante la España franquista. Anagrama. Bartzelona.

[38] RUIZ SOMAVILLA, Maria Jose; JIMENEZ LUCENA, Isabel (2001). “Un espacio para mujeres. El servicio de divulgación y asistencia sanitario-social en el primer franquismo” in Historia Social N° 39.

[39] Gaur egun gizarte zientzien barruan errealitate sozialaren analisia egitean “natura/kultura” bezalako nozioak erabiltzen ez diren arren, urte askotan oinarrizkoak izan dira aipatutako ideia horiek. Emakumeak naturarekin berdindu izan dira, gizonezkoak, aldiz, kulturarekin. Antropologia feministak garrantzizko lana egin du dikotomia horiek, kategoria binario horiek, hankaz gora jartzen (natura/kultura; domestikoa/publikoa; sentimendua / arrazoia...). Izan ere, genero erlazioak irudikatzeko erabiltzen diren oposizio horiek sinplifikatu eta distortsionatu egiten dute gizon eta emakumeen bizitza. Horrez gainera, Virginia Maquierak adierazten duen moduan: estos modelos de representación de genero [...] tienen una importante incidencia en la justificación de la desigualdad, ya que cada uno de los polos de los pares dualistas se articulan ideológicamente de un modo jerárquico y a través de ellos la cultura tiene preponderancia sobre la naturaleza, lo público con respecto a lo doméstico, y la producción sobre la reproducción. MAQUIERA, Virginia. (2001). “Género, diferencia y desigualdad” in BELTRAN, E. y MAQUIERA. V. (eds). Feminismos. Debates teóricos contemporáneos. Alianza Editorial. MadriL