Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
 INDUSTRIALIZAZIOA HERNANIN | INDUSTRIALIZAZIO PROZESUAK ETA GENERO SISTEMAK | FRANKISMOA ETA GENERO SISTEMAK 

 

INDUSTRIALIZAZIO PROZESUAK
ETA GENERO SISTEMAK

 

      Apopilotza Hernaniko II. industrializazio prozesuaren testuinguruan kokatzen da. Fenomeno honen analisi egokia egiteko, oinarrizkoa da industrializazio prozesuek genero harremanetan duten eragina aztertzea. Apopilotzaren azterketa egiteko oso kontuan hartu behar dira genero harremanak; harreman horiek, halaber, aldaketa garrantzitsuak jasaten dituzte industrializazio eta modernizazio prozesuen ondorioz.

      Industrializazio prozesuen eta genero harremanen arteko lotura aztertzeko Pilar Perez Fuentes autorearen lanetatik ateratako ideiez baliatu gara. Azterketari jarraituz ikus daiteke XIX. mendeko industrializazioak eta modernizazioak aldaketa sakonak eragin zituela ordu arteko produkzio eta erreprodukzio sisteman. Prozesu horrek bi ondorio nagusi izan zituen: batetik, “lana” kontzeptuaren aldaketa, eta bestetik, lan merkatuaren banaketa. Bi ondorio horiek ez dira bereizirik aztertu behar, elkarri lotuta baitaude. Horrez gainera, kontuan hartu behar da prozesu horiek etorkizuneko emakumeen bizitzak baldintzatu zituztela. Lehen ondorioari dagokionez, “lan” kategoriaren barruan ondasun eta zerbitzuen produkziora bideratutako jarduerak bakarrik sartuko dira; era horretara, emakumeek etxean egiten zituzten jarduera ekonomikoek ez dute “lan” izendapena hartuko. Ondorioz:

 

      “La extensión del nuevo concepto de trabajo como mercancía se constituirá en un elemento estructurante del sistema de género en las sociedades industriales, ya que convierte el trabajo de las mujeres, necesario para la reproducción social, en “no trabajo” frente al realizado por los hombres, es decir, en una actividad al margen de todas las consideraciones económicas[31]”. (Pilar Perez-Fuentes, 1995).

 

      Pilar Perez-Fuentesen lanak Bizkaiko lehenengo industrializazioari badagozkie ere, berak egiten duen analisia egokia da Hernaniko II. industrializazioak gizon-emakumeen bizitzan izan zuen eragina azaltzeko; beste denbora tarte bat aztertzen badu ere (hainbat hamarkada lehenagoko epea), egilearen aztergaia Hernaniko prozesuaren parekoa da. Izan ere, industria iraultzak gertatzen direnean, prozesu horien ondorioz emandako genero ideiak ere indarberritu egiten dira. Hernanin ikusi ahal izan dugun bezala, II. industrializazioaren ondorioz sexuaren araberako lanaren banaketa are nabarmenagoa izan zen. Sexuaren araberako lanaren banaketarekin batera, areagotu egin zen gizon eta emakumeek bete beharreko espazioen banaketa; lan merkatuaren segmentazioa gertatu zen; indartu egin zen espazio publikoaren eta domestikoaren arteko bereizketa; espazio domestikoa (femeninoa) eta merkatal mundua (maskulinoa) bereizirik ikusten ziren. Industriaren bilakaerak etxearen eta lantokiaren arteko bereizketa bultzatu zuen; elkarrengandik urrundu egin zituen bizitokia eta lantokia, eta horrek izugarrizko eragina izan zuen familien egitura eta funtzionamenduan. Eremu domestikoa emakumeei izendatu zitzaien, eta “etxeko andrearen” rola indartu egin zen. Lantokiak, bestalde, eremu maskulino gisa definitu ziren, eta gizonezkoei egokitu zitzaien “bizibidea ateratzen” zuenaren rola. Era horretara, testuinguru normatibo eta sinboliko berriak indartu ziren, eta genero identitateen (femenino-maskulino) arteko harreman asimetrikoagoak bultzatu ziren. Gizonezkoen eta emakumezkoen munduak elkarrengandik ondo bereizitako bi mundu asimetriko bilakatu ziren.

      Industrializazioaren eta genero harremanen arteko erlazioa gogoan izatea (labur-labur bada ere) ezinbestekoa da hurrengo ataletan aztertuko dugun apopilotzaren fenomenoaren azterketa zuzena egiteko. Izan ere, lanaren banaketa sexuala, espazio domestiko-publikoen banaketa... kontuan izan gabe, herren geratzen baita apopilotzaren analisia.

 

 

 

 

[25] Datu hauek Gema Etxeberriak 1983an egindako Tesina: Hernani lanetik (argitaratu gabea) jaso ditugu. (Lan hau Hernaniko Udal Artxibategian topatu dugu).

[26] Gizarte aldaketaren ikerketa oinarrizkoa da antropologian. Lehen belaunaldietako antropologoek gizarteak orekan eta aldaketarik gabe baleude bezala ikertu bazituzten ere, berehala sortu ziren ideia hori hankaz gora jarri zuten autoreak (G. Balandier, M. Gluckman, R.Redfield, I. Shapera). Horien ustez, aldaketa, desoreka, ezegonkortasuna, gizartearen baitan dauden fenomenoak dira, eta horien analisia funtsezkoa da gizarteen eta horien funtzionamenduaren analisirako. Beraz, aldaketa uneen analisia egokia da gizarte errealitatera hurbiltzeko.

[27] TATAVULL ESTRADA, Bartolome. (1963). “Vida rural y urbana en la villa y termino de Hernani” in Estudios Geográficos. C.S.I.C. Juan Sebastian Elcano Institutua. Madril.

[28] Ibidem.

[29] Euskal Herri barneko migrazio horien protagonista gizon nahiz emakumeak izan dira. Emakumezkoen migrazioa neskametzarekin lotuta dago; fenomeno hori interesgarria iruditzen bazaigu ere, beste baterako utziko dugu horren azterketa.

[30] PEREZ-FUENTES, Pilar. (1995). “El trabajo de las mujeres en la España de los siglos XIX y XX. Consideraciones metodológicas” in Arenal. Revista de Historia de las mujeres. Vol. 2. Núm. 2. Julio-diciembre.

 

 INDUSTRIALIZAZIOA HERNANIN | INDUSTRIALIZAZIO PROZESUAK ETA GENERO SISTEMAK | FRANKISMOA ETA GENERO SISTEMAK