Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Agerre

 

      Leku ageri edo nabarmenean aurkitzen den zerbait (etxea, mendia...) adierazten du Agerre edo baita Agirrek ere. Gainera, etxea eta lurren antzinako plano batean (1857) “Aguirre” izenez azaltzen da. Gaintxo batean kokaturik daukagu Agerre baserria eta aldi berean, zokogune bat da Santa Barbara mendi hegalaren babespean etxearen inguru guztia. Orografia berezia duen dolina eiteko parajea gertatzen zaigu. Ez da batere gauza erraza Agerre deitura hori zergatik eman zioten jakitea. Santa Barbara mendiaren jatorrizko izena Agerre zelako? Baliteke hori ere. Hara, Urnietako Adarra mendia esaten duguna bera Agerre izenez deitzen zuten (Agerre, Agerreko magala, Agerre azpia...) gure aurrekoek.

      Hernanitik eta Arrikartetik nahiz Santa Barbarara doan bidetik hurbil ezkerrera aurkitzen da Agerre izeneko baserria. Baserri koxkorra lehen eta are koxkorragoa omen lehenago.

      Ataria, berez, bide aldera du, baina sartu-irten oro ekialdetik egiten dute. Bi isuritako etxea da, alboan, ekialdetik, terraza eder bat, azpian egurtegia eta lanabesak edukitzeko lekuarekin. Sukaldea eta ukuilua behean, lehengo baserrietan ohikoa zenez, sala eta logelak goiko solairuan eta ganbara sabaipean, artoa, babarruna eta patata gordetzeko.

      Lehenik etxea erosi, geroago obratu eta puska berria ezarri diote, lehenagoko estalpearen ordainez. Obra honek, halere, buruhaustea franko ekarri zion zenbait urtetan zehar familiari Udalaren aldetik (bidea, lizar eta magnolia arbolak, herñ-lurra ondoko lurra). Azkenean, Akola aldeko lur zati bat Udalari eta honek etxe ondoko herri lurra trukean emanda iritsi ziren ados jartzera, eta ondorioz, etxeari puska berria ezartzera.

      Ama adinekoa bizi da bere 90 urterekin, Iñaxi Urkizu Altuna, jaiotzez Elduaingoa den amona da hau. Bere garaian Agerreko seme Felix Aranburu Garmendiarekin Limuri baserrira ezkondu bazen ere, eta han bi aiaba izan (Eulali eta M. Rosa), senarraren jaiotetxean aurkitzen ditugu gero, hemen beste bi alaba izan zituztelarik: Benita eta Pakita.

      Hartan, aita soldadutzara eraman zutelarik azken gerrakoan, Aragoiko frontean hil zen (1938) 29 urte zituela. Ondorioz, jaso zuen laguntza apurrarekin alabak eskola onaren jabe egiteko modua izan zuen ama alargunak: Eulali maistra, Rosa Mari lekaime atzerrian, Benita 16 urte zituela hil zen, eta Pakita erizaina.

      Ama, alargunak hartu behar izan zuen bere gain, morroiaren laguntzarekin, baserriaren ardura. Denetarik egin beharra egokitu zitzaion: segan, aitzurrean, behiak jezten... Handik bospasei urtera Eugenio Urreaga Sasiain Eguzkitza baserriko semearekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituen: Maria Pilar, Kepa eta Iñaxio.

      Kepa, etxeko nagusia, koxkorra zela, zortzi behi, zekor batzuk eta idi parea ezagutu zituen, eta ama esnea eta barazkiekin egunero, Erriogoardaneko estalpean astoa lotuta, goizeko 6,30tako tranbian Donostiara. Gero, Donostian esne freskoa saltzeko arazoak sortu zirenean, Hernanira jo zuten. Orain, halere, esnerik gehiena Iparlat enpresari ateratzen diote. Gurasoak eta seme zaharrenaren kargu dago baserriko zeregina. Berrogei bat behi. dauzkate, betiere urruxak etxerako eta idiskoak jaio eta hamabost bat egunera saldu egiten dituzte. Esne putzua biltzen dute egunero, normala den bezala; saltzea bera garai batean baino aiseago egin ohi dute eta baserri lana berdin segadora, traktore eta beste zenbait bitarteko harturik.