Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016
 1.2. EGINDAKO LANAREN KRONIKA LABURRA | 1.3. ZER AURKITUKO DU IRAKURLEAK TESTU HONETAN? | 2. BIZITZEA TOKATU ZITZAIENA... 

 

1.3.
ZER AURKITUKO DU IRAKURLEAK
TESTU HONETAN?

 

 

1.3.1. Argazkiak

 

      Argazkiek funtzio asko izan ditzakete. Ikerketetan, argazkia ikerketaren osagarri izan daiteke edota ikerketaren oinarri. Oro har, jendarteak, oroimena elikatuko duen gordailu gisa darabil, bizitako momentuak oroitarazteko elementu gisa. Beste batzuetan aldiz, argazki hori jendarteak partekatuko duen sinbolo bilaka daiteke edota garai bat irudikatzen duen sinbolo partekatua. Irudi batek ezkutatuta dagoen errealitatea azalarazi dezake eta jendartea mugitzeko elementu transformatzailea izan daiteke. Argazkiak memoria bizirik mantentzeko erabiltzen ditu gizarteak. Argazkiak bizitako errealitate zatikatua gogorarazteko edota ilustratzeko dokumentu grafikoak dira. Norbanakoaren oroitzapenak gogorarazteaz gain, argazkiak testuinguru bati itsatsiak daudenez, jendartearen oroitzapenen gogorarazleak izan daitezke.

      Arrazoi hauengatik guztiengatik, lan honek argazkiak erdigunean jarri nahi izan ditu, memoria historikoa berreskuratzeko modu bat izan daitekeelako, kasu honetan Hernaniko emakumeen memoria historikoa.

      Lortutako argazkietan ere, ez da errealitate guztia agertuko eta argazkiek zer ezkutatzen duten ikertzeak ikerketaren beste helburu bat izan beharko luke. Argazkietako protagonistak zein diren, zein agertzen den bigarren maila batean eta zein ez den agertzen kontuan hartu behar da. Esanda geratu den moduan, normalean eta garai bateko argazkietan bereziki (askoz gutxiago ateratzen zirelako), ospakizunak eta une bereziak gogoan izateko intentzioarekin atera izan dira eta laneko argazkiak aldiz ez direla izan oso ohikoak aurreikusi daiteke. Izan ere, gaur egun argazkiak ateratzea “denon eskura” badago ere, laneko argazkiak izatea ez da oso ohikoa. Ikertu den garaian gainera, argazkiak ateratzea gutxi batzuen esku zegoen, boteredunen esku batez ere. Boteredunek beren boterea legitimatzeko erabiliko dituzte argazkiak gainera. Beraz, errazagoa izango da, fabrika baten irekiera ekitaldiko argazkiak lortzea, fabrika bateko ohiko jarduneko argazkiak lortzea baino.lldo beretik pentsa daiteke emakumeak lan esparruan agertzen diren argazkiak gizonezkoenak baino urriagoak izango direla. Argazkiak egiteko baliabideak gizonen esku zeuden orokorrean. Ondorioz, argazkietan emakumeen ikusezintasun bikoitza egongo dela agerikoa da, bata langilea izateagatik eta bestea emakumea izateagatik.

 

 

1.3.2. Testigantzak

 

      Aurretik aipatu den moduan, norbanakoaren, familiaren, jendartearen edota nazioaren memoria transmititzeko berebiziko dokumentuak izan daitezke garaiko argazkiak, oroimen piztaile eta bizi izandakoaren ilustratzaile; garaiko testigantza eta ikerketen muin edota osagarri moduan.

      Argazkiok ordea, testuinguruaren baitan kokatu beharko dira —errealitate zatikatu bat adierazten dutela jakitun—, eta garaiko balio sistema eta teknologiaren baitan ulertu beharko dira. Bizi izan zutenek oroitu dezakete bere baitan, baina bizi izan ez zutenek, testuingurua eta protagonisten bizipenak aintzat hartu beharko dituzte.

      Memoria horretara iristeko eta memoria hori argitara emateko garrantzitsua da bildutako argazkien inguruan testigantzak jasotzea. Ariketa hau argigarria izan badaiteke ere, batzuetan mugatua gertatuko da. Jakina da memoria selektiboa dela. Oroitzapen jakin batzuk ezkutatu egingo dira, lotsa, beldurra, intimitatea babestea eta abar tarteko eta ahanzturari bidea emango zaio. Gainera, kontuan hartu beharko da, bizipen edota argazki batzuk soilik azaleratu nahiko direla edota oroitzapen edo argazki batzuk ez direla azalaraziko testigantza emango duenarentzat garrantzitsuak ez direlako. Gerta liteke ere, garai hartako gertaera ohikoak jakintzat ematea eta ilunpean geratzea. Beraz, errealitate eta egia guztia argitzea ezinezkoa izango da eta muga hori kontuan izan beharko da.

      Edonola ere, ikerlariari dagokio, hutsune horiek identifikatu eta galdera egokiekin informatzaileei argazki eta bizipen horiek azaleratzea, baina baita ere, argazkien bidez agerian geratzen dena aztertzea, ezagutzea eta ezagutaraztea dokumentu grafiko hori memoriaren transmisio elementu izan daitekeelako. Azken urteetan memoria historikoak jendartean piztu duen interesak balio izan du argazkiek duten balio publiko eta soziala aldarrikatzeko. Irudiak eremu pribatua gainditu eta denbora nahiz espazio baten testigu bilakatzen dira. Horregatik da interesgarria argazkiei galdetzea eta argazkiei buruz galdetzea. Horregatik, argazkiekin batera, galderen aurrean topatutako hainbat erantzun bildu dira testu honetan irudiz osatutako kronika burutzeko asmoz.

 

 

1.3.3. Begirada zehatz bat

 

      Ikerketa egiteko abiapuntua Gizarte eta Kultur Antropologia izan da. Antropologiak jendartea eta giza kulturak aztertzen ditu, hauek deskribatuz, azalduz, analizatuz eta interpretatuz eta honen bidez giza talde ezberdinen izaerak, sinesmenak, ohiturak, bizitza soziala, jardun ekonomikoak, politikoak eta erlijioa bezalako alorrak azaltzea du xede. Horretarako, etnografia du bere tresna garrantzitsuena, protagonisten ahotsari lekua emanaz. Diziplina honek adar eta lan arlo ezberdinak biltzen ditu bere baitan eta aniztasun horren barruan ikerketa hau Antropologia Feministaren eta Antropologia Bisualaren baitan kokatzen da.

      Antropologia Feministak genero harremanak ikertzen ditu, jendarteko harreman hierarkizatuak deskribatuz eta hauek aldatzeko ekarpenak eginez. Beraz, ikuspegi politiko jakin bat hartzen du ikerketa honek. Gainera, garaiko testuinguru soziopolitikoa kontuan hartuz, frankismoaren diktadura faxistak hierarkizazio hau naturalizatu nahi izan zuen bere mekanismo guztiak erabiliz. Horrexegatik, ikuspegi feministarekin historia ofiziala birrindu nahi da historia soziala idatziz.

      Antropologia Bisuala, izenak dioen moduan, antropologiaren eta irudiaren uztarketan datza. Irudiaren bidez errepresentazio sozialak eta kulturalak transmititzea du xede. Kasu honetan, garai hartako Hernaniko emakume langileen argazkiak bildu dira eta horiek erabiliko dira oinarri etnografiko gisa.

      Ikerketa honetan lantzen den gai zehatza lana da. Lana ikuspegi zabal eta feminista batetik ulertzen da; hau da, esfortzu fisiko eta psikologikoa eskatzen duen jarduera jarraitu gisa. Izan ere, lana lan ordaindu gisa hartzen bada, hots, enpleguari soilik erreferentzia eginaz, emakumeei atxiki izan zaizkien (eta oraindik ere atxikitzen zaizkien) lan gutxietsi eta ikusezinak, zaintza kasu, ez dira kontuan hartzen, nahiz eta lan hauek biziraupenerako eta sistema kapitalista patriarkalaren jarraipenerako ezinbestekoak diren; are gehiago, sostengua dira. Oraindik ere, etxeko lan hauek ez dira guztiz lana kontsideratzen, balorazio sozial gutxikoak izaten jarraitzen dute eta emakumeen esku geratzen dira batik bat; eta ez jendartearen erantzukizun modura. Sexuaren araberako lan banaketak indarrean jarraitzen du, gaur gaurkoz.

      Hau guztia dela eta, beharrezkotzat jotzen da “lana” kontzeptu beraren hausnarketa egitea, eta lana modu zabalago eta konplexuago batean ulertzea. Hots, lana lan ordaindutik haratago kokatu behar da, merkatu ekonomikoaren produkzio soilaz haratago; produkzioa eta erreprodukzioa elkarreraginean dauden sistema beraren bi aldeak bezala. Lana aberastasuna produzitzera bideratutako giza esfortzua bada, aberastasun kontzeptu hau bere esanahi zabalenean ulertu beharko litzateke; giza aberastasuna, aberastasun materiala, kulturala, artistikoa, emozioen aberastasuna...

      Horrexegatik, ikerketa honetan lan alor ezberdinak aukeratzean lanaren ikuspegi zabala hartu da ardatz. Horren isla dira testu honetan biltzen diren lan arlo, enplegu eta eginbehar ezberdinak, industria, merkataritza, ostalaritza loturikoak baina, baita ere, baserria eta etxeari loturikoak. Emakumeek denetan parte hartu baitute, denetan ekarpena eginez.

 

 1.2. EGINDAKO LANAREN KRONIKA LABURRA | 1.3. ZER AURKITUKO DU IRAKURLEAK TESTU HONETAN? | 2. BIZITZEA TOKATU ZITZAIENA...