Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022
 BIKTIMAK | Motibazio politikoko indarkeriaren ondoriozko beste heriotza batzuk | 3. SEGURTASUN FISIKOAREN, PSIKIKOAREN ETA MORALAREN URRAKETA 

 

Motibazio politikoko
indarkeriaren ondoriozko
beste heriotza batzuk

 

Francisco Alberdiren hileta
(Egin, 1989ko otsailaren 25a).

 

      Aurrez esan bezala, 1973 eta 2012 artean 18 pertsona hil ziren motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz Hernanin; edo Hernanitik kanpo, baina herri horretan jaioak eta/edo bertako bizilagunak izanik. Heriotza horiek egoera ugaritan izan ziren; jarraian azalduko ditugu. Dena den, egoera horien arabera, ezin da esan hildako horietako bat bera ere bizitzeko eskubidearen urraketa baten biktima izan zenik.

      Hortaz, giza eskubideen nazioarteko estandarren arabera, indarkeriazko heriotza guztiak ez dira bizitzeko eskubidearen urraketak[336]. Halaber, ikerketak ezkutatu egin direlako edo ikerketarik ez dagoelako, kasu batzuk ezin dira guztiz zehaztu edo sailkatu, adibidez, polizia-kidegoen eta talde armatuetako militanteen arteko ustezko liskar armatuetan gertatzen diren heriotzak. Ondorioz, honekin lotuta, berriro aipatu beharrekoa da iturri polizial eta judizialak eskuratzeko zailtasuna. Heriotza eragin zuten zirkunstantzien gainean zalantza handiak dauden kasu batzuk behin betiko argitzea ahalbidetu lezake iturri horietarako sarbidea izateak. Hala, posible izango litzateke hildako horietako batzuk bizitzeko eskubidearen urraketen biktimatzat hartzea, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik. Kasu horietan, Estatuko Segurtasun Indarren biktimen atalean sar litezke biktima horiek, “nahasteen, abusuen eta beste arrazoi batzuen ondorioz” atalean, Eusko Jaurlaritzak finkatutako parametroen arabera[337].

      Dokumentatutako 18 hildakoen artetik, 16 gizonezkoak dira eta bi emakumezkoak. Hildako 18 pertsonetatik 17 hernaniarrak ziren (13 Hernanin jaio ziren eta bizi ziren; bi herri horretan jaio ziren, baina ez ziren han bizi; eta bi Euskal Herriko beste herri batzuetan jaio ziren, baina Hernanin bizi ziren). 17 hernaniarren artetik, sei herrian bertan hil ziren eta 11 beste leku batzuetan.

      ETAko militanteen eta polizia-kidegoen arteko ustezko liskarretan gertatutako heriotzak dira gehien errepikatzen diren kasuak (bost kasu, % 27,78a), baita deportazio-egoeran, erbestean edo errefuxiatu-egoeran hainbat zirkunstantziatan hildakoak ere (kasu honetan ere bost). Bi kasutan, eurak manipulatzen ari ziren lehergailuak nahi gabe aktibatuta hil ziren biktimak (Bernardo Astiazaran eta Ekain Ruiz). Honako hauek dira dokumentatutako gainerako heriotzak: preso zegoen familiarteko bati bisita egin ondoren izandako trafiko-istripu batean hildako pertsona bat (Juanita Lasa), trenbidea mozten saiatzean elektrokutatutako 34 urteko gizonezkoa (Fernando Ros), manifestazio batean zehar bihotzekoak jota hildako emakumea (Kontxi Sanchiz), bere buruaz beste egin zuen pertsona bat (Jose Maria Etxeberria), hamar urte baino gehiago espetxean igaro ondoren gaixotasun baten ondorioz hildako pertsona bat (Kepa Miner), eta atxilotu, estraditatu, atxiki eta Auzitegi Nazionalean galdeketa egin eta handik lau hilabetera ondorio hemiplegikoekin hildako 66 urteko gizonezkoa (Pedro Maria Goikoetxea).

      Kontxi Sanchizen heriotzak garrantzi sozial handia izan zuen Hernanin eta hedabideetan ere oihartzuna izan zuen. 2004ko martxoaren 14an hil zen. Familiakoen eta gertatutakoaren lekuko batzuen arabera, Sanchizek bihotz-gelditzea izan zuen istiluen aurkako ertzainen erasoaren ondorioz, Angel Berruetaren heriotzaren aurka protesta egiteko manifestazio batean zehar; aurreko egunean hil zuten Berrueta, polizia batek eta haren semeak. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzako Barneko Sailak igorritako oharraren arabera, “Ertzaintzak airera bi salba bota aurretik izan zuen bihotzekoa”. Anbulantzia salbak jaurti aurretik eskatu izanak frogatzen zuen hori[338].

      Gerora, Javier Balza sailburuak mantendu egin zuen bertsio hori, eta Ertzaintzak heriotza horretan ez zuela inolako erantzukizunik izan esaten jarraitu zuen. Dena den, familiakoen bertsioaz gain, ertzain batek Herrizaingo sailburuari bidalitako gutun bat argitaratu zen. Eskutitz hark gezurtatu egiten zuen sailaren bertsio ofiziala, eta baieztatzen zuen poliziak lehen erasoa egin ondoren eskatu zela anbulantzia. Halaber, familiaren abokatuak argazki bat eman zuen, eta, bertan, ustez bihotzekoa izan aurretik egin ziren polizia-kargak ikus daitezke. Sanchizen familiak salaketa jarri zuen gertatutakoa ikertzeko helburuz. Gainera, Sanchizi laguntza ukatu ziotela salatu zuten familiakoek, bihotzeko krisiaren ondoren laguntza eske ari zela “niri bost axola” erantzun ziolako agente batek[339].

      Gertakariaren ondoren, Hego Euskal Herriko herri askotan manifestazioak eta elkarretaratzeak egin zituzten Berruetaren eta Sanchizen heriotzak salatzeko, eta hainbat udaletan heriotza horiek gaitzesteko mozioak onartu zituzten, hala nola Durangon eta Beran. Hernanin, ordea, Egin egunkariaren arabera, ez zen onartu Sanchizen heriotzari buruz udalbatzan hitz egitea. Foro horretan udaleko kontuak baino ez zirela tratatzen argudiatu zen, eta gai politikoak Bozeramaileen Batzarrean lantzen zirela[340].

      Kasua Eusko Legebiltzarrera iritsi zen. Bertan, baztertu egin zuten Sozialista Abertzaleen proposamena, Sanchizen alabak (Nagore Gonzalez) agerraldia egiteari buruzkoa. Balza sailburuak “amarru baldarra” egitea leporatu zion ezker abertzaleari, eta Ibarretxek eta Otegik hainbat erantzun zuzendu zizkieten elkarri gertakariaren hurrengo egunetan[341].

      Ordutik, familiari babesa adierazteko eta hildakoa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte. Halaber, urte hauetan guztietan bertsio ofiziala ukatzen jarraitu dute familiakoek.

      Bestetik, hildakoen estatusari dagokionez, 14 ETAm edo ETAko militanteak ziren edo izan ziren (% 77,78a), bat ETApm-ko militantea eta hiru zibilak ziren, inolako erakunde armatutan militatzen ez zutenak: trafiko-istripuan hil zen pertsona, elektrokutatuta hil zena eta bihotzekoak jota hil zena. Halaber, indarkeria-ekintzetan, indar parapolizialekin izandako liskarretan edo lehergailuak manipulatzen hil ziren guztiak ETAm edo ETAko militanteak ziren.

      Heriotza horiek gertatu ziren aldi historikoei dagokienez, 18tik 16 (% 88,89) 1983 eta 2012 artean gertatu ziren, beste bat 1973an eta beste bat 1981ean. Hortaz, heriotza horietako gehienak aldi demokratikoan gertatu ziren.

      Azkenik, aipatu beharra dago, atal honetan identifikatutako pertsona guztiek babes edo aitortza sozial zabala jaso zutela hil ondorengo ordu eta egunetan, hileten, elkarretaratzeen eta manifestazio masiboen bidez. Era berean, hainbat ekitalditan urtero gogoratuak izan dira eta, kasu batzuetan, hildakoen omenezko plakak eta monolitoak jarri izan dira; besteak beste, Ros eta Ariztimuñoren kasuetan[342]. Aldiz, aitortza instituzionala, izan denean, udalerrira mugatu izan da.

 

Kontxi Sanchiz.

 

 

      BORROKAN HILDAKOAK,
      ARGIBIDE NAHIKORIK EZ DUTEN KASUAK

 

      Polizia-agenteekin izandako liskarretan hildako ETAko bost militanteen kasu zehatzean, gertakarien gaineko bertsio kontrajarriak daude. Nolanahi ere, bertsio ofiziala gailendu da. Hori dela eta, ez dago parte hartu zuten agenteen aurkako prozesamendu judizialik, ezta hildakoen aitortza instituzionalik ere, udalerri mailan izan ezik.

      Dena den, heriotza horiek ez zituzten behar bezala ikertu, ez bederen familiakoen eta horien abokatuen ikuspegitik. Zentzu horretan, lehen aipatu bezala, gertakari horiek argituz gero (edo behin betiko azaldu) posible izango litzateke hildako horietako batzuk bizitzeko eskubidearen urraketa baten biktimatzat jotzea, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik. Izan ere, baliteke biktima babesik gabe zegoen egoera batean gertatu izana heriotza, edo polizia-agenteek indarra modu neurrigabean erabili izanaren ondorioz gertatu izana.

      Hala, liskarretan hildako bost pertsonen artean, heriotzaren egiletza Guardia Zibilari egozten zaio hiru kasutan, Polizia Nazionalari kasu batean eta Ertzaintzari beste kasu batean. Kasu horietan guztietan, inplikatutako agenteei ez zaie gertatutakoaren gaineko erantzukizunik eskatu; izan ere, egindako salaketa publiko eta epaitegietan jarritako salaketa bakar bat ere ez da jardunbide judizialera iritsi.

      Jose Manuel Ariztimuño Mendizabalen kasuan, iturri ofizialek eta hildakoaren gertuko iturriek “liskar” gisa deskribatu zuten gertakaria[343], baina hildakoaren gertukoek azaldu zutenez, “enboskada” bat izan zen, eta 30 polizia-agentek baino gehiagok parte hartu zuten[344]. Bertsio ofizialari dagokionez, El Pais egunkariak honela deskribatu zuen gertakaria.

 

      “Liskarrean zehar, antza denez, pistolaren kargagailuan muniziorik gabe geratu zen inspektore bat, eta Panaren gainera joan zen abailan; Pana tiro egiten saiatu zen berriz, baina, une horretan, polizia-kidegoko beste funtzionario batek aktibistari tiro egin zion eta hil egin zen”[345].

 

      Halaber, Diario Vasco egunkariak berretsi egin zuen liskarraren bertsioa, “zuzeneko lekukoei” esker. Gainera, honakoa gehitu zuen:

 

      “Eremu horretan aparkatuta zeuden bi ibilgailuk, gutxienez, bala-inpaktuak jaso zituzten eta, guztira, 50 tiro inguru entzun ziren; horrek erakusten du zer nolako intentsitatea izan zuen tiroketak”[346].

 

      Ariztimuño hil eta hiru urtera, Agustin Arregi Perurena eta Juan Luis Lekuona Elorriaga hil ziren Hernanin. Fermina Villanueva eta Kepa Minerren etxean zeuden biak, ETAko beste kide batekin, Jesus Maria Zabarterekin, Hernaniko Nafarroa kalean. 1984ko ekainaren 15ko goizaldean, Guardia Zibilaren 50 agente baino gehiagok osatutako eta Enrique Rodriguez Galindo Jeneralak zuzendutako GAR unitatea etxebizitzan agertu zen eta tiroketa bat hasi zuten; bi ordu inguru iraun zuen tiroketak. ETAko militanteek jarritako erresistentziaren ondorioz, Arregi eta Lekuona zeuden gelara bi granada botatzea erabaki zuten GAReko kideek. Ondorioz, kiskalita hil ziren biak[347].

      Gertakari horren gainean, eragiketan parte hartu zuen GAReko kide batek 2020ko otsailean Interneteko foro batean kontatu zuen zer gertatu zen:

 

      “Azkenean, bi etarrak akabatzea erabaki zen. Libanoar erara tiro egiten ari ziren, bata kalashnikov batekin eta bestea MAT-53 subfusil batekin (...). Instalaza granada-jaurtigailu batekin, El Guerrik, gure taldeko teniente batek, bi granada sartu zizkien leihotik... Leherketa bat izan zen, haiek zituzten lehergailu batzuekin elkartu baitziren, eta kiskali egin ziren”[348].

 

      Bestetik, Elias Minerrek, Villanueva-Miner senar-emazteen hiru anaietako batek, etxean aurkitzen zena erasoa gertatu zenean, honako hau kontatu zien komunikabideei tiroak hasi ziren unearen inguruan:

 

      “Sartu diren unetik bertatik. Haiek zeuden gelan norbait zegoela ikusi dute, eta tiro egiten hasi dira. Gu beldurtu egin gara eta esan digute: ‘tira, atera kanpora eta zurekin daudenak ere bai’. Eta mehatxu ere egin digute, pistola balekin”[349].

 

      Hildako ETAko militanteez gain, agente bat balaz zauritu zuten[350].

      Hurrengo egunean, Hernaniko udalean egindako ezohiko osoko bilkuran, HBk aurkeztutako mozio batek (EEren babesarekin) honako hau ohartarazi zuen:”aipatutako eragiketan erabilitako metodoak; argi geratzen da guztiz lokalizatuta eta ihes egiteko inolako aukerarik gabe zeuden bi pertsona hiltzea zela Guardia Zibilaren talde militarren helburua”. Bestealde, EAJk honakoa salatu zuen: “gertakari hauetan Guardia Zibilak izandako jokabide neurrigabea eta irrazionala”[351].

      Hortaz, iturri guztiek berretsi zuten liskarra izan zela, intentsitate handikoa eta gutxienez bi orduz luzatu zena. Baina, kasu honetan, agenteek modu neurrigabean jokatu ote zuten da kontua.

      Liskarrean hildako laugarren pertsona Jon Oiarbide Aranburu izan zen, 1989ko irailaren 16an. Eragiketa hartan bertan ETAko beste militante bat ere hil zen, Manu Urionabarrenetxea, eta Guardia Zibilaren bi agente arin zauritu ziren[352].

      A-8 autobideko Irungo ordaintokian gertatu zen, 22:00ak aldera, agenteek ETAko militanteak zeuden kamioia gelditu zutenean. Bertsio ofizialaren arabera, ETAko kideetako bat “tiroz jota” hil zen. Haren kidea, berriz, “Guardia Zibilari eskuzko granada bat botatzen saiatzen ari zela hil zen. Bonba gainean lehertu zitzaion eta, ondorioz, gorpua ia ezagutezin geratu zen”[353].

      Dena den, gertatutakoaren gaineko gauza batzuk ez dira ezagutzen. Zalantza horiek areagotu egin ziren familiakoei hildakoak identifikatzeko jarritako traben ondorioz eta, orokorrean, ondorengo orduetan izandako informazio faltaren ondorioz. Horrekin lotuta, gertakarien biharamunean, Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendariak ez zituen “gertakarien garapenaren gaineko zehaztasunak” eman nahi izan, haren ustez “xehetasunak ematen hastea, arreta desbideratzea” zelako[354].

 

Juan Mari Ormazabalen heriotzari buruzko hainbat krokis.
Ezkerrean
Egin-en argitaratua eta eskuinean ABC-rena
(Egin, 1991ko abuztuaren 31. ABC, 1991ko abuztuaren 30a).

 

      Gertakariaren gaineko argitasunik ezari erantzunez, Amnistiaren Aldeko Batzordeak “enboskada hiltzailea” deitu zion gertatuari, eta KASek “fusilamendu soilak” izan zirela esan zuen[355]. Bestetik, HBren Hernaniko udal-taldeak dokumentu bat kaleratu zuen. Dokumentu hartan salatzen zutenez, “bizitzeko inolako aukerarik ez uzteko apustua egiten duten eta horretarako prest dauden indar zapaltzaileen balek jota” hil zen Oiarbide[356]. Dena den, bost urte lehenago Arregiren eta Lekuonaren kasuan gertatu ez bezala, Hernaniko udalean ordezkaritza zuten gainerako alderdi politikoek uko egin zioten poliziaren jarduna salatzeari[357].

      Azkenik, 1991ko abuztuaren 29an Juan Mari Ormazabal Ibarguren hil zen Bilboko Etxebarria parkean. Ertzaintzaren aurka borrokan hildako lehen ETAko militantea izan zen. Tiroketa bat izan zen ETAko bi militanteren (Juan Mari Ormazabal eta Jesus Maria Mendinueta) eta Ertzainen artean, eta testuinguru horretan hil zen. Alfonso Mentxaka Lejona ertzaina ere hil zen gertakari hartan, tiroketa baino bi egun geroago, bala-zaurien ondorioz.

      Gertakariak 22:30 inguruan gertatu ziren, Ertzaintza ETAko ustezko bost kide atxilotzera joan zenean. Horien artean zeuden Ormazabal eta Mendinueta. Bertsio ofizialaren arabera, Ormazabal eta Mendinuetak ihesari ekin zioten eta kamuflatutako auto bat lapurtzen saiatu ziren. Barruan agente bat zegoen, eta hark pistolaz mehatxatu zituenean, ibilgailutik atera ziren. Une horretan hasi zen ETAko bi militanteen eta kamuflatutako autora gerturatu ziren ertzainen arteko tiroketa. Tiroketan oso larri zauritu zen Mentxaka agentea (gero hil egin zen) eta larri zauritu zen Mendinueta, ETAko militantea[358].

      Ormazabali dagokionez, honela zioen hainbat hedabidek jasotako bertsio ofizialak:

 

      “ibilgailutik irten zen zauritutako polizia hiltzeko asmoz; une horretan beste agente batzuen tiroak jaso zituen eta unean bertan hil zen”[359].

 

      Halaber, Ormazabalek bi arma zituela gehitu zuten, eta arma horiekin “hogei tiro baino gehiago” egin zituela[360]. Dena den, hildakoaren familiaren abokatuek ukatu egin zuten Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako gertakarien kontakizuna, “Basurtuko ospitaleko Institutu Anatomiko Forentsean egindako lehen azterketa medikoan” oinarrituta. Iñaki Goioaga abokatuak adierazi zuenez, Ormazabalek hiru bala-inpaktu jaso zituela erakusten zuen azterketa forentseak, bat eskuineko hankan, beste bat eskuineko saihetsaldean (“eta ezkerreko saihetsaldetik irten zen”) eta, “azkena lokian, hurbil-hurbiletik”. Polboraren arrastoak ikus zitezkeen, hortaz, tiroa 10 cm ingurura egin zela pentsa zitekeen. Lehen bi tiroak “Ormazabal zig-zag korrika zihoala” jaso zituen, baina lokian jasotako ustezko tiroaren gainean honakoa gehitzen zuen:

 

      “Bi tiro horiek jasotakoan Ormazabal bi autoren artean erori zen, eta orduan lokian tiro egin zioten, hurbil-hurbiletik”[361].

 

      Halaber, gertakariaren lekukoak zeudela adierazi zuten familiaren abokatuek. Bertsio kontrajarriak eman arren, “batek baino gehiagok baieztatu zuten Ertzaintza Ormazabalen gorpura gerturatu eta buruan tiro bat ematen ikusi zutela”[362].

      Adierazpen horiek “asmo txarreko espekulazio hutsak eta Sailaren aurkako irainak” zirela esan zuen Juan Maria Atutxa sailburuak, eta ez zuen baztertu ezker abertzalearen ingurutik egiten ari ziren adierazpenen aurkako demanda bat jartzea[363].

      Hala, Ormazabalen familia akusazio partikular gisa aurkeztu zen epaitegietan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren aurka. Baina prozesu penala artxibatu egin zuten.

      Hortaz, behar bezala argitu gabeko kasu baten aurrean gaude berriro ere. Agerikoa da ETAko militanteen eta Ertzaintzako agenteen arteko tiroketa bat gertatu zela, baina forentsearen txostenak zalantzan jartzen du Ertzaintzaren jokabidearen neurritasuna eta hildakoaren babesgabetasun-egoera[364]. Halaber, tiroketa saihestu zitekeela dio familiak, operatiboa aurrez prestatuta zegoelako eta ETAko militanteek ez zutelako ihes egiteko aukerarik[365].

 

INDARKERIA POLITIKOAREN ONDORIOZ
HILDAKO BIKTIMEN ZERRENDA
(HERNANIARRAK ETA/EDO HERNANIN GERTATUAK)

IZENA

JAIOTERRIA

BIZILEKUA

ADINA

ESTATUSA

EGILETZA

DATA

LEKUA{68}

HERIOTZAREN ZERGATIA{69}

1960-1975

Goñi Lasa, Juanita

Hernani

Hernani

 

Zibila

 

1973.12.13

Donostia

Espetxeetara egindako bisitetan izandako trafikoko istripua

1976-1982

Ariztimuño Mendizabal, Jose Manuel

Hernani

Hernani

24

ETAm-ko militantea

CGP

1981.03.29

Vitoria

Pertsekuzioan edo liskar armatuetan

1983-2003

Otxotorena Sorondo, Jokin

Donostia

Hernani

27

ETAm-ko militantea

 

1983.08.31

Paris

Beste kasu batzuk{70}

Etxeberria Sarasola, Jose Maria

Hernani

Hernani

23

 

 

1983.10.10

Biarritz

Suizidioa

Arregi Perurena, Agustin

Hernani

Hernani

34

ETAko militantea

Guardia Zibila

1984.06.17

Hernani

Pertsekuzioan edo liskar armatuetan

Lekuona Elorriaga, Juan Luis

Busturia

Busturia

30

ETAko militantea

Guardia Zibila

1984.06.17

Hernani

Pertsekuzioan edo liskar armatuetan

Ros Ros, Fernando

Abarzuza

Hernani

34

Zibila

 

1986.07.28

Hernani

Beste kasu batzuk{71}

Alberdi Beristain, Francisco

Hernani

Hernani

47

ETAko militantea

 

1989.02.17

Togo

Erbesteratze egoeran

Oiarbide Aranburu, Jon

Ereñozu

Ereñozu

34

ETAko militantea

Guardia Zibila

1989.09.16

Irun

Pertsekuzioan edo liskar armatuetan

Ormazabal Ibarguren, Juan Maria

Hernani

Hernani

27

ETAko militantea

Ertzaintza

1991.08.29

Bilbao

Pertsekuzioan edo liskar armatuetan

Makazaga Goñi, Manuel

Hernani

Biarritz

55

ETAko militantea

 

1992.01.13

Biarritz

Beste kasu batzuk{72}

Astiazaran Otamendi, Bernardo

Hernani

Hernani

28

ETAko militantea

 

1993.02.05

Hernani

Bere lehergailua lehertuta

Larretxea Goñi, Jose Maria

Hernani

Hernani

 

ETApm-ko militantea

 

1993.02.28

Cuba

Erbesteratze egoeran

Ruiz Ibarguren, Ekain

Hernani

Hernani

23

ETAko militantea

 

2000.08.07

Bilbao

Bere lehergailua lehertuta

Sanchiz Corzo, Kontxi

Hernani

Hernani

58

Zibila

 

2004.03.14

Hernani

Beste kasu batzuk{73}

Miner Aldabalde, Kepa

Hernani

Hernani

65

ETAko militantea

 

2004.04.26

Hernani

Beste kasu batzuk{74}

Goikoetxea Elorza, Pedro Maria

Hernani

Hendaia

66

ETAko militantea

 

2008.12.21

Hernani

Beste kasu batzuk{75}

Aldasoro Artola, Jose Maria

Hernani

Hernani

68

ETAko militantea

 

2012.01.02

San Juan de Luz

Beste kasu batzuk{76}

 

 

 

[336] Aranzadi et al., 2015.

[337] Landa, 2008, 27. or. Carmena, 2013, 9-10. or.

[338] Diario Vasco, 2004ko martxoak 15. Gara, 2004ko martxoak 15. Kronika, 2004ko martxoak 15.

[339] Berria, 2004ko martxoak 22.

[340] Gara, 2004ko martxoak 17. Gara, 2004ko martxoak 25.

[341] El País, 2004ko martxoak 17.

[342] Ariztimuñoren kasuari dagokionez, “Gernikako seme-alabak” lanean jasotzen den moduan, Ertzaintzak plaka eta monolitoa kendu zituen 2008ko ekainaren 5aren goizaldean (Agirre, 2010, 586. or.).

[343] El País, 1981eko martxoak 31. Núñez, 1993-2007, 6. liburukia, 46. or.

[344] Núñez, 1993-2007, 6. liburukia, 186-187. or. Agirre, (koordinazioa eta erredakzioa), 2010, 586. or. “Euskadi 1977-1982”. Egin, 107. or.

[345] El País, 1981eko martxoak 31.

[346] Diario Vasco, 1981eko martxoak 31.

[347] Diario Vasco, 1984ko ekainak 17. Núñez, 1993-2007, 6. liburukia, 120. or. Agirre, (koordinazioa eta erredakzioa), 2010, 589. or.

[348] El País, 2020ko otsailak 20. Hala ere, Elias Minerren arabera, gertatutakoaren zuzeneko lekukoa, ETAko militanteek ez zuten lehergailurik gela barruan (Elias Minerri jasotako testigantza).

[349] Diario Vasco, 1984ko ekainak 17. Elias Minerrentzat, gertatutakoa exekuzio bat izan zen (Elias Minerri jasotako testigantza).

[350] Iñaki Egaña historialariaren arabera, haren kideek zauritu zuten (Gara, 2021eko ekainak 19)

[351] Ibidem.

[352] Egin, 1989ko irailak 17. Diario Vasco, 1989ko irailak 17. Agirre, (koordinazioa eta erredakzioa), 2010, 594. or. Núñez, 1993-2007, 8. liburukia, 193-194. or.

[353] El País, 1989ko irailak 17.

[354] Diario Vasco, 1989ko irailak 17.

[355] Egin, 1989ko irailak 18.

[356] Egin, 1989ko irailak 19.

[357] Ibidem.

[358] La Vanguardia, 1991ko abuztuak 31. Diario Vasco, 1991ko abuztuak 31.

[359] Ibidem.

[360] Ibidem.

[361] Egin, 1991ko abuztuak 31.

[362] Ibidem.

[363] Diario Vasco, 1991ko abuztuak 31. Egin, 1991ko irailak 2.

[364] Aranzadiko ikerketa-lantaldeak ezin izan du txosten forentse hori eskuratu. Hortaz, horri buruzko informazioa prentsan argitaratuta agertzen dena da, eta senideei jasotako lekukotza.

[365] Goreti Ormazabali jasotako lekukotza.

 

 

{68} Gertakaria gertatu zen lekua, nahiz eta gero heriotza ospitale batean ziurtatu.

{69} 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kategorizazioa erabiltzen da.

{70} Parisen erbesteratua.

{71} Elektrokutatuta, trenbideak mozten saiatzen ari zela.

{72} Biarritzen erbesteratua.

{73} Bihotzekoa, manifestazio batean zehar.

{74} Gaixotasunak eragindako heriotza, hamar urte baino gehiago espetxean pasatu ondoren.

{75} Ondorio hemiplegikoekin. Atxilotu, estraditatu, atxiki eta Auzitegi Nazionalean galdeketa egin ondoren.

{76} Donibane Lohizunen erbesteratua.

 

 BIKTIMAK | Motibazio politikoko indarkeriaren ondoriozko beste heriotza batzuk | 3. SEGURTASUN FISIKOAREN, PSIKIKOAREN ETA MORALAREN URRAKETA