Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022

 

1983-2021

 

      1982. urtea Felipe Gonzalez buru zuen lehen gobernu sozialistaren eraketarekin amaitu zen.

      1983ko otsailean, Jose Barrionuevok zuzendutako Espainiako Barne Ministerioko Estatuko Segurtasunaren Zuzendaritzak, ZEN Plana (Iparraldeko Eremu Berezia) ezagutarazi zuen. Bere helburua “politika, gizarte, lege eta polizia alorretan terrorismoaren aurkako borroka” indartzea zen. Horrek terrorismoaren aurkako aurrekontua eta agente kopurua nabarmen handitzea ekarri zuen, batez ere Guardia Zibilaren “Grupo de Accion Rápida” (GAR), eta euskal gizartearen sektore zabalei eragiten zieten salbuespen-neurri eta hertsatzaileak ziren neurrien aplikazioa[153]. Plan hori 1984ko abenduaren 26an onartutako terrorismoaren aurkako legearekin (9/1984 Lege Organikoa) inplementatu zen, 11/80 Legearen ordez. 1987ko abenduan Auzitegi Konstituzionalak, Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen puntu batzuk, Espainiako Konstituzioak giza eskubideen defentsan ezartzen zituen aitorpenaren, babesaren eta bermeen aurka zihoazela kontsideratuz[154].

      ZEN Plana abian jarri zenean, aldi berean, Herrera de la Mancha ETAm-ko kideak biltzeko eta Langraizekoa polimiliak biltzeko espetxeak bihurtu ziren. Gainera, gobernu sozialistak 1983ko azaroan “Borroka Armatuaren aurkako Neurrien Legearen” proposamen bat aurkeztu zuen, Gobernuko presidenteak berak “salbuespenezkotzat” jo zuena eta Alianza Popularreko buruzagiarekin (Manuel Fraga) adostu zena. Neurri horiek aldaketak zekartzaten ondoren ilegalizazioak ahalbidetuko zituen Elkarteen legean, baita Hauteskunde Legean, Zigor Kodean, Espetxe Legean edo une hartan indarrean zegoen Terrorismoaren aurkako Legean ere[155].

      Hala eta guztiz ere, neurri horiek bat etorri ziren GAL, Grupos Antiterroristas de Liberación, (Askapenerako Talde Antiterrorista) taldearen lehen ekintzekin; GALek, gutxienez, 1987ra arte garatu zuen haren jarduera[156].

 

Asteasuinzarraren eta ETAko beste militante batzuen
aurkako atentatuaren irudia Baionan
(Berria).

 

      GALek erakunde bakar batean bildu zuen estatuaren terrorismoa. Kazetaritza-ikerketek erakunde honen funtzionamenduaren azpian zeuden inplikazio politikoak ezagutarazi zituztenetik, gerra zikina eufemismoa erabili izan da GALen jarduera definitzeko. Handik urte batzuetara, GALek garatutako jarduerengatik epaitu zituzten barne-ministroa, segurtasuneko estatu-idazkaria, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadore zibilak, eta Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren Euskal Autonomia Erkidegoko buru nagusia, baita bi kidego horietako hainbat agente ere[157].

      GAL, ETA eta nazioarteko erakunde nagusiek terroristatzat hartzen zituzten beste talde subertsibo batzuk aktibo egon ziren urteetan, 200 pertsona baino gehiago erail zituzten[158]. 1987ko ekainaren 19an ETAk bonba-auto bat jarri zuen Hipercor enpresaren merkataritza-guneko aparkalekuan, Bartzelonan; 21 hildako eta 45 zauritu eragin zituen. 1988an, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek, Herri Batasunak izan ezik, ETAren eta HBren aurka egiteko batasuna formalizatu zuten Ajuria Eneako Itun ezagunaren bidez[159]. Handik urtebetera, 1989ko urtarrilaren 22an, ETAk su-etena deklaratu zuen, eta horrek Aljerren negoziatzen hasteko bidea eman zuen. Hura izan zen ETAk deklaratutako lehenengo su-etena, 2011ko urriaren 20an “jarduera armatuaren behin betiko amaiera” deklaratu arte iragarritako su-eten total eta partzial guztien artean.

      Hala, 1983 eta 1989 artean ETAm-k bi hernaniar hil zituen eta GALek ETAm-ko bi militante hernaniar hil zituen. Hilabete baten barruan, ia, Arturo Quintanilla (1983ko irailaren 5ean hila) eta Juan Jose Pulido (urriak 8) Hernaniko kaleetan suzko armekin egindako atentatuetan hil ziren. Narkotrafikatzaileak izatea leporatu zien biei ETAm-k. Aurretik, Quintanillak estortsio ekonomikoa jasan zuen. Handik urtebetera (1984ko maiatzaren 3an), GALeko kideek Rafael Goikoetxea erail zuten Arrosan. 1985eko irailaren 25ean, berriz, ETAko lau militante hil zituen GALek Baionako Monbar hotelean, horien artean, Inaxio Astiasuinzarra.

      Hernaniko udalean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek gaitzetsi egin zituzten GALek ETAko kideen aurka egindako bi atentatu horiek, ezohiko osoko bilkuran[160]. Hala ere, Goikoetxearen hilketarekin lotutako osoko bilkuran talde sozialistak gogoratu zuen moduan, legegintzaldi hartan bertan “bi hernaniar modu basatian erail zituzten —Quintanilla eta Pulido— eta ez da osoko bilkurarik deitu erailketa horiek gaitzesteko”. Eta, honela gehitu zuen: “uste dugu udalak modu berean hartu behar dituela aintzat herritar guztiak”[161].

      Gainera, 1984ko ekainaren 16ko goizaldean ETAm-ko bi militante (Agustin Arregi Perurena eta Juan Luis Lekuona Elorriaga) hil ziren Hernaniko etxebizitza batean, Guardia Zibilaren GAR taldearen jarduketa baten ondorioz. Hurrengo egunean, ezohiko saio batean salatu zuen udalak jarduketa hura[162]. Osoko bilkura hartan berriro nabarmendu zen polizia-kidegoekiko ezinikusia, batez ere, Guardia Zibilarekiko. Ekainaren 16ko gertakariaz gain, hainbat kasutan liskarretako eta haien eskumenekoak ez ziren gertakarietako protagonistak izan ziren herrian; esaterako, urtebete lehenago, Sagarnaren eta Ariztimuñoren oroimen-plakei eraso egin zieten[163]. Gerora, 1989an, ETAko beste bi militante hernaniar hil ziren. Jon Oiarbide, irailaren 16an, Irunen Guardia Zibilarekin izandako liskarrean. Eta Francisco Javier Alberdi, 1984tik Togon deportatua.

      Halaber, 128 hernaniarrek urte hauetan torturak jasan zituztela salatu dute. Aldi berean, ETAk eta haren ingurukoek erakunde publiko eta pribatuen ondasun materialen aurka egindako erasoak nabarmen igo ziren. Batez ere, banku-entitateei egin zieten eraso, baina baita Guardia Zibilaren kuartelari, enpresei eta Correos eta Renferi esleitutako ondasun publikoei ere. Dena den, PSE-PSOEren (1983an) eta HBren (1984an) Hernaniko egoitzen aurka egindako lehen erasoa nabarmendu behar da.

 

Polizia-hedapena Hernanin, Arregi eta Lekuona
hil ondoren
[Punto y Hora, 356. zk.).

Rafael Goikoetxea tirokatu eta hiletaren
irudia Hernanin (Familiaren artxiboa).

 

      PSE-PSOEren egoitzaren aurka lehergailuekin egindako atentatua KAAri egotzi zioten. Lehen eraso horren ondoren, 2008ra bitartean, guztira 19 eraso erregistratu ziren. Horietako batzuek, esaterako, 1997ko urtarrilaren 10ekoak, arriskuan jarri zuten barruan zeuden pertsonen bizia. Horrekin lotuta, 1984an, indar politiko batzuek “taldearen eta taldeko zinegotzien aurka zuzendutako amorrua” salatu zuen talde sozialistak Hernaniko udalean, HBri eta ezker abertzalearen jarraitzaile gazteei erreferentzia eginez[164].

      Eraso horiei buruz, Francisco Antunezek, El Correo egunkariak 1997ko urtarrilean egindako elkarrizketa batean, adierazi zuen sabotaje horien ondorioz Herriko Etxea “benetako bunkerra” bihurtu zela. Era berean, salatu zuen militante sozialista batentzat arriskutsua zela udalerriko zenbait kaletatik paseatzea, “eraso batzuk izan ditugulako, hitzezkoak zein fisikoak”[165].

      HBren egoitzari Hernanin 1984an sortu eta desagertutako talde batek egin zion eraso, Grupo Liberal Vasco (GLV) taldeak. Talde horrek, gainera, ezker abertzalearen inguruko pertsonak estortsionatu zituen eta haien ondasun partikularrei eraso egin zien material lehergarriarekin, urte hartako urriaren eta azaroaren artean. “Euskadiren askapena” eta “ETA eta HBren amaiera” helburu zituen talde gisa definitzen zuen GLVk bere burua. Hernaniko udaltzainen ikerketei esker, sei adingabe identifikatu ahal izan zituzten. Horien artean, ETAm-k herrian hildako biktima baten semea zegoen. Behin identifikatuta, aurretiazko eginbideak ireki ziren Adingabeen Babes Auzitegian. Udaltzaingoak, ordea, gazte horien atzean pertsona helduak zeuden susmoa zuen, ekintzen arduradunak izango ziratekeenak, eta susmoa zuten gazteei drogak emateari esker mantentzen zutela taldearen kohesioa. Gazteak identifikatu eta abenduan eginbideak abiatu ondoren, ez zen talde horren ekintza gehiago erregistratu[166].

      Ibilgailuak izan ziren 1980ko hamarkadan gehien eraso zituzten beste ondasun materialetako batzuk. Hala, matrikula frantziarra zuten ibilgailuak nabarmentzen ziren, horien aurkako atentatuak egiten baitzituzten, euskal herritar erbesteratuak eta Ipar Euskal Herrian bizi zirenak espainiar estatura estraditatzeko politikaren aurka protesta egiteko. 1986a izan zen mota horretako atentatu gehien egin zituzten urtea. Dena den, Hernaniko Amnistiaren Aldeko Batzordeak urte hartan bertan salatu zuen moduan, ezker abertzalearen gertuko pertsonen ibilgailuei ere egin zieten eraso. Hala, eraso horiek ere iritsi ziren udalbatzetara, baina ez zuten baterako akordiorik hartu. Hala, kaleko liskarren ugaritzearen eta Hernaniko espazio publikoko ondasun materialei egindako kalteen aurrean udalak eman beharreko erantzunaren inguruko desakordioak agerian geratu ziren, bai kalte horiek ezker abertzalearen aldeko taldeek eragiten zituztenean, bai Guardia Zibilak esku-hartzeetan eragindako triskantzen kasuan. Batzuetan kontrolatu gabeko taldeek edo oso ezagunak ez ziren taldeek ere eragiten zituzten kalteak, esaterako, GLVk; ezker abertzalearen gertuko pertsonen ondasunei eraso egiteko joera zuten horiek[167].

      1986ko azaroaren 15eko osoko bilkura izan zen horren guztiaren adibide bat. Egun batzuk lehenago Juan Luis Zabaleta estraditatu zuten, eta Hernaniko kaleetan izandako herri mugimenduak liskar larriak eragin zituen. Hainbat pertsona atxilotu zituzten, eta kargurik gabe libre utzi zituzten gero. HBk Guardia Zibilaren jokabide neurrigabean jarri zuen fokua, bai liskarretan, bai horiek amaitutakoan “bidean topatzen zituzten kartelak eta pankartak kenduz eta haien presentziarekin bizilagunak ikaratuz”. Gainerako alderdiek, berriz, HBri alderdikeriaz jokatzea egozten zioten, alde baten indarkeria baino ez zuelako kontuan hartzen. Zentzu horretan, talde sozialistak haren egoitzaren aurka egindako eraso berri bat gogoratu zuen[168].

 

GLVren komunikatua. 1984 (HUA).

 

      1990eko hamarkadaren hasieran, Aljerren izandako elkarrizketek porrot egin ondoren, ETAk gogortu egin zituen erasoak. 1995etik aurrera, HBko oinarriek onartutako Oldartzen txostenak eta ETAren jarduerak handitu egin zuten gizartearen gaineko presio hertsatzailea, “sufrimenduaren gizarteratzea” izena hartu zuen estrategia baten baitan. Hura izan zen kargu politikoen, kazetarien eta beste talde zibil batzuen aurkako jazarpen indarkeria deitu izan zitzaionaren sorburua[169].

      Urtarrilaren 23an ETAk Gregorio Ordoñez hil zuen, PPren Gipuzkoako arduradun nagusia. Azaroan zigor kodea berritu zuten 10/1995 Lege Organikoan oinarrituta[170], eta 1996ko maiatzaren 4an José María Aznar izendatu zuten Espainiako Gobernuko presidente. Ondoren, 1997ko uztailaren 1ean, José Antonio Ortega Lara erreskatatu zuten, 532 egunez gatibu izan ondoren. ETAk egindako bahiketarik luzeena izan zen. Handik hamabi egunera Miguel Ángel Blanco hil zen, ETAko kideek tiro egin ondoren. Gertaera horrek mobilizazio ugari eta zabalak eragin zituen, bai euskal udalerri askotan, bai Estatuko gainerako udalerrietan, eta inflexio-puntua izan zen ETAren indarkeriazko jarduera gaitzesteko.

      Gerora, 1998ko irailaren 12an, Lizarrako Akordioa sinatu zuten 39 erakunde politiko, sindikal eta sozialek, batez ere, euskal erakunde nazionalistek, “elkarrizketa- eta negoziaketa-prozesu” baten alde[171]. Hamabi egun geroago, Miguel Angel Blanco hil zen, ETAko kideek bahitu eta tirokatu ondoren. Gertaera horrek mobilizazio ugari eta zabalak eragin zituen, bai euskal udalerri askotan, bai Estatuko gainerako udalerrietan, eta inflexio-puntua izan zen ETAren indarkeriazko jarduera gaitzesteko.

      Halaber, 1998an Egin egunkaria itxi zuten eta haren arduradunak atxilotu zituzten Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko magistratuaren aginduz. Hala, ezker abertzalearen ingurukoak ziren erakundeen eta hedabideen aurkako jazarpen polizial eta judiziala sakondu zuen, “dena ETA da” izenarekin ezagun egin den doktrina, alegia. Egunkari horren egoitza Hernanin zegoen, eta Marga Izaga Sagardia hernaniarra izan zen atxilotuetako bat, hedabide horretako langilea eta HBko zinegotzia Hernaniko udalean. Atxiloketa horren ondoren, HBko eta IU-EBko ordezkariek baterako mozio bat aurkeztu zuten. Bertan, atxiloketaren gainean zuten kezka agertu zuten, atxilotuaren familiari elkartasuna adierazi zioten eta adierazpen askatasuna aldarrikatu zuten. Dena den, proposamena ez zuten onartu, gainerako alderdiek errefusatu egin baitzuten[172].

 

Kale-indarkeriako egintzan
kiskalitako ibilgailua. 1997 (HUA).

 

      Bestetik, urte horietan nabarmen ugaritu ziren kaleborroka ekintzak. 1995ean, urtearen 365 egunetatik 136tan kaleko indarkeria-ekintzak erregistratu ziren[173]. Hernanin, 1995ean 2.555.000 pezetako kalteak eragin zituzten kale-borroka ekintzek zabor-edukiontzietan[174].

      Estrategia horrek, hortaz, eragina izan zuen Hernanin, eta 90eko hamarkadan behin baino gehiagotan salatu zuten Hernaniko udalean ordezkaritza zuten alderdi politiko gehienek (bereziki, Jose Antonio Rekondo alkate zela). “Gazte faxista” ere deitu zitzaien kale-borrokako ekintzak egin zituztenei, “Hernani etengabeko salbuespen-egoera batean murgilduta” dutela esan zuten, baina Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua (ENAM) deitutakoari ere egozten zioten ardura. Salaketa horien aurrean, HBko ordezkariek honakoa adierazi zuten hainbatetan: “gertakariei buruz hitz egiten da eta ez kausen inguruan”. Hori dela eta, baztertu egiten zituzten gainerako alderdiek gai horren inguruan aurkeztutako egitasmoak[175].

      Ondasun materialen aurka egindako atentatuak identifikatzeko egindako ikerketan oinarrituta, 245 kale-borrokako ekintza dokumentatu ziren 1983 eta 2013 artean Hernanin. Pertsona zehatzen eta erakunde publiko zein pribatuen ondasun materialei eragin zieten ekintza horiek. Halaber, eta 90eko hamarkadan jarduera horrek izandako hazkundearekin lotuta, 1995. eta 1996. urteetan izan ziren kasu gehien Hernanin: 24 eta 33, hurrenez hurren. Baina, ondasun materialen aurka egindako erasoez gain, kale-borrokako ekintzek, gutxienez, 25 pertsonaren segurtasun fisikoaren aurka egin zuten 1990eko hamarkadan. Pertsona horiek larritasun ezberdinetako zauriak jasan zituzten.

      Nabarmentzekoa da 1996ko abuztuaren 31n Kale Nagusiko etxebizitzatik irtenarazi behar izan zituztela familia bereko lau kide, handik gertu zegoen banku-entitate bati molotov koktelen bidez egindako erasoaren ondoren. Laurak ospitaleratu behar izan zituzten, kea arnasteagatik. Hernaniko udaleko bozeramaileen hurrengo batzarretan gertakari horiei buruz hitz egin zuten, baina baita talde politiko batzuek (batez ere, HBk) neurrigabetzat jo zituzten poliziaren jarduketei buruz ere. Adibidez, urte hartako abuztuaren 9an Ertzaintzaren esku-hartzearen ondorioz pertsona ugarik ubeldurak izan zituzten eta gutxienez pertsona bati hiru saihets hautsi zitzaizkion[176].

      Baina, gainera, 1990eko hamarkadan zehar are gehiago tenkatu zen bizitza politikoa, eta kargu hautetsien eta senideen aurkako jazarpen-indarkeria nabarmen handitu zen. Aurretik, 1988an, EAEn ordezkaritza politikoa duten indar guztien artean, HBren kasuan izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoa Normalizatzeko eta Baketzeko Akordioa sinatu zen (Ajuria Eneko Ituna). Itun horrek sinatzaileen indarrak batzea ekarri zuen hurrengo hauteskunde-kanpainetan, HB udal erakundeetatik kentzeko, gehiengo osoa lortzen ez zuten lekuetan.

      Ildo horretan, Hernanin 1991ko ekainaren 15eko osoko bilkura izan zen inflexio-puntu bat. Orduan Jose Antonio Rekondo hautatu zuten alkate, EA ordezkatuz. Ezker abertzalearen jarraitzaileek udaletxearen barruan zein kanpoan egindako indarkeria-ekintzak, ahoz eta fisikoki eraso zieten ekintzak, grabatu egin zituzten komunikabideek, eta azterlan honetan elkarrizketatutako pertsona gehienek oroitzen dituzte.

      Ordutik aurrera, EA, EAJ, PSE-PSOE eta PPko zinegotziek erasoak, mehatxuak eta haien ondasunen aurkako atentatuak jasan zituzten, eta batzuk bizkartzainekin joaten hasi ziren. Rekondok berak, alkate izan zen garaian, etengabeko mehatxuak jaso zituen hainbat osoko bilkuratan eta pintaden bidez. Gainera, haren ibilgailuari molotov koktelekin eraso egin zioten gutxienez hiru aldiz.

      1995ean, berriz ere EAJko eta PSE-EEko hautetsien aurkako erasoak izan ziren Udala eratzeko ekitaldian. Hilabete geroago, ekainaren 28ko goizaldean hain zuzen, San Joan jaien azken egunean, gazte talde batek Chica, Peñacoba eta Morcillo zinegotzi sozialistei eta alderdi bereko militante bati eraso egin zien ostikoz, ukabilkadaz eta heriotza-mehatxuz. Ezker Batuko hainbat militanteren esku-hartzeari esker eten zen lintxamendu publiko hori, eta erasoa jasandako bi Donostia ospitalera eraman behar izan zituzten. Ondoren, bederatzi pertsona epaitu zituzten gertakari harengatik. José Morcillok honela gogoratzen du gertatutakoa:

 

      “Saihesten, ez ikusiarena egiten, ihes egiten saiatu ginen. Baina pasabidea itxi ziguten. Hogeita bi urte pasatu dira, baina atzo izan balitz bezala oroitzen dut. Inguratu egin gintuzten eta ukabilkadak eta ostikoak ematen hasi zitzaizkigun; eraso-kate izugarria izan zen, gorputz osoan. Lurrera bota gintuzten eta, lurrean, gu akabatzen saiatu ziren. Ezker Batuko militante batzuek gugandik bereizi zituzten, eta esku-hartze egoki horri esker konta dezaket. Gogoratzean dardarka hasten naiz’’[177].

 

      Hala, Hernanin bizi zen liskar-egoeraren aurrean, indar politiko guztien artean elkarrizketarako, hausnarketarako eta eztabaidarako mahai bat eraikitzeko aukera aztertzen hasi ziren 1996aren hasieran, herrian bizi zen liskar eta gatazka giroari aurre egiteko. Helburu horrekin, Alkatetzak, HBk eta IU-EBk oinarri-dokumentu bana aurkeztu zuten. Bertan, elkarrizketa-mahaia osatzeko haien hasierako posizionamendua azaltzen zuten. Bozketa bat egin zuten hiru proposamenekin, eta Alkatetzak idatzitakoa onartu zuten, IU-EB-ren proposamen zehatz bat txertatuta; proposamen horretan “terrorismoaren gaia” modu alderdikoian ez erabiltzeko konpromisoa hartzen zuten[178]. Dena den, inon ez da ageri gero inolako elkarrizketa-mahairik martxan jarri zutenik.

      Bestetik, Hernanin Askatasunean Bizi herri-plataforma sortu zen 1996an. Plataforma horretako kideak herriko kale-borrokako ekintzen aurka protesta egiteko biltzen hasi ziren, batez ere. Sarri, kalean egiten zituzten elkarretaratze horietan agiraka egiten zieten. Urte hartako abuztuaren 31ko gertakarien ondoren, irailaren hasieran egindako elkarretaratzean du jatorria plataforma horrek. Gerora, 1997ko abenduan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 50. urteurrenarekin bat etorriz, mozio bat aurkeztu zuten udalean, honakoa zioena: “Batzuek heriotza-zigorra erabaki eta gauzatzen dute eta, gainera, euskaldunen askatasun-nahia jartzen dute aitzakia gisa”. Hori dela eta, Hernani “heriotza-zigorrik gabeko eremu” izendatzea proposatzen zuten, eta honakoa adierazi zuten: “Euskadiren eta euskaldunen askatasuna herritar guztien bizitza errespetatzean oinarritzen den uste osoa dugu”. EAko, PSE-EEko eta EAJko ordezkari guztiek aho batez onartu zuten mozio hura. Gainerako alderdietako ordezkariak ez ziren bozeramaileen batzarrean izan (HB eta PP)[179].

      Baina, kale-borrokako ekintzez eta aipatu dugun jazarpen-indarkeriaz gain, 90eko hamarkadan 37 tortura-salaketa izan ziren, bederatzi pertsonari heriotza-mehatxuak egin zizkieten, biri estortsioa egin zieten, hiru pertsona atxiki zituzten atentatuetan haien ibilgailua erabiltzeko, bederatzi zauritu zituzten liskarretan eta lau hernaniar hil ziren hainbat zirkunstantziatan.

      1999ko azaroan, 438 eguneko su-etena behin amaituta eta ETAk indarkeriazko jarduerari berriz ekinda, 2000ko abenduaren 8an Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna sinatu zuten PPk eta PSOEk, Terrorismoaren kontrako hitzarmena izenez ezagutzen dena.

      Hernaniri dagokionez, 1999ko hauteskundeetan Euskal Herritarrok alderdiak eskuratu zuen gehiengo osoa. Handik urtebetera, XXI. mendeko lehen urtean, 1960az geroztik eta gaurdaino urtebetean izandako tortura-salaketen kopuru handiena izan zen herrian (22 salaketa). Halaber, kale-borrokako ekintzak murriztu egin ziren, 1991z geroztik lehen aldiz. Polizia-sarekadak, ordea, ugaritu egin ziren, eta horietatik eratorri ziren tortura-salaketa gehienak. Polizia-jarduketa horien (esaterako, 2000ko apirilaren 27koa edo, gerora, 2008ko urriaren 30ekoa, gutxienez bost zauritu eragin zituena[180]) eta ondorengo tortura-salaketen erdigunean Ertzaintza jarri zuten, Amnistiaren Aldeko Batzordeak edo Utzi Hernani Pakean gisako plataformek udalean aurkeztutako mozioen bidez. Kontsultatutako dokumentuen arabera, gertakari horien gaineko eztabaidak zirela eta, osoko bilkuretara joaten ziren herritarrek oposizioko ordezkariak iraintzen eta erasotzen jarraitu zuten[181].

      Halaber, 2000. urtean Ekain Ruiz hernaniarra eta ETAko beste hiru militante hil ziren 25 kilo dinamita garraiatzen ari zirela. Gertakari hori zela eta, ezohiko osoko bilkura bat egin zuten eta Euskal Herritarrok alderdiko ordezkariak baino ez ziren bertaratu. Bilkura hartan, hileta ordaintzea eta Ruiz herriko seme kutun izendatzea onartu zuten. Erabaki horrek Auzitegi Nazionaleko fiskalburuaren aurrera eraman zuen Mertxe Etxeberria alkatea[182].

      Hurrengo urtean, 2001eko martxoaren 9an, ETAk Iñaki Totorika ertzaina hil zuen eta larri zauritu zuen haren kidea. ETAk Hernanin hildako azken biktima izan zen, eta lehena 1983az geroztik. Egun hartan bertan, EAJk eta PSE-EEk salaketa-mozio bat aurkeztu zuten. Euskal Herritarrok alderdiko ordezkariek beste mozio bat aurkeztu zuten; bertan, ez zuten atentatua gaitzesten, baina doluminak ematen zizkioten familiari eta gatazkari soluzio bat bilatzearen alde egiten zuten[183].

      Ondoren, maiatzean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Euskal Herritarrok alderdiak oso emaitza txarrak eskuratu zituen. Handik hilabetera Aralar sortu zen, eta hilabete hartan bertan Batasunan txertatu zen Euskal Herritarrok. Bestetik, urriaren 19an, Ibarretxe lehendakariak sustatutako “bizitzeko eskubidearen, askatasunaren eta pertsona guztien segurtasunaren aldeko” manifestua sinatu zuten maiatzeko hauteskundeetan eratutako Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta Eudelek. Hernaniko udalean, Batasunako ordezkariek ez zuten manifestu hura onartu. Izan ere, haien bozeramaileen arabera, ez zuen gatazkaren jatorria aipatzen eta alde bat baino ez zuen erantzule egiten. Haren ordez, beste mozio bat aurkeztu zuten, non pertsona guztiek bizitzarako, askatasunerako eta segurtasun fisikorako duten eskubidea aitortzen zuten, honakoa gehituz: “eskubide horiek, zoritxarrez, urratu egiten dira gatazka politikoak daudenean”[184].

 

Diario Vasco egunkariaren erreportajea,
Iñaki Totorikaren aurkako atentatuaren 20. urteurrena gogoratzeko
[Diario Vasco, 2021eko martxoaren 7a).

 

      2002an ETAren eta haren “egituraren” aurkako jarduerek[185] babesa topatu zuten auzitegietan, Alderdien Legea onartuta[186]. Lege horren bidez, azken finean, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna legez kanpo utzi zituzten. Gainera, 2003 eta 2011 artean, ezker abertzalearen inguruko 12 hautagaitza inpugnatu egin zituzten. Ondorioz, aldi horretan, euskal gizartearen zati handi batek ez zuen ordezkaritza politikorik izan erakundeetan[187]. Hernanin, horren guztiaren ondorioz, ezker abertzalearen hautagaitza legez kanpo utzi zuten 2003an. Ezker abertzaleko ordezkariek gehiengo osoa lortu zuten 1999an. Horrekin lotuta, ondorengo urteetan ilegalizazioaren aurkako mozioak aurkeztu zituzten, baina 2003an aukeratutako ordezkariek ez zuten mozio horietako bat bera ere onartu. Dena den, Alderdien Legea demokraziaren aurkakotzat jotzen zuen mozio bat onartu zuten 2004an EAJk, PSE-EEk eta IU-EBk, azken honek aurkeztua. Izan ere, “gure herriko talde oso garrantzitsu bat” ordezkaritzarik gabe geratu zen, hortaz, legea indargabetzea eskatzen zuten[188].

      Nolanahi ere, 2003ko hauteskundeetako emaitzek, Ezker Abertzalea legez kanpo zegoenez (1999ko hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zuen arren), Rekondo alkatetzara itzultzea ekarri zuten. Kargu jabetzea Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Aretoan eman zen, Ezker Abertzaleko jarraitzaileek osoko bilkuraren okupazioa eta Hernaniko udaletxe inguruko kontzentrazioak zirela-eta. Inbestidurako hitzaldian Rekondok penagarritzat jo zuen osoko bilkura udalean egin ezin izana, eta 1995eko inbestidura-saioan gertatutakoa ekarri zuen gogora[189], nahiz eta ordukoan egoera nabarmen ezberdina izan, kasu hartan ez baitzegoen alderdi politiko edo hautagaitza ilegalizaturik.

      Halaber, ilegalizazio-prozesuen ondorioz, areagotu egin ziren poliziaren zaintzapean jasandako tortura-kasuen salaketak. Gainera, 617 pertsona baino gehiago inputatu zituzten alderdi politikoen, euskaltegien, komunikabideen edo Joxemi Zumalabe Fundazioaren gisako erakundeen aurkako prozesu judizial kolektiboetan. Espainiako justiziaren arabera, “egitura” horren parte zen Egunkaria. 2003an itxi egin zuten, eta bertako arduradunak eta langileak atxilotu zituzten. Horien artean zegoen Pello Zubiria Hernaniko bizilaguna. Beste hainbat kideren moduan, inkomunikatuta zeuden bitartean Guardia Zibilak torturatu egin zuela salatu zuen.

      Baina, gainera, 2003ko otsail hartan, ETAk beste hildako biktima bat eragin zuen. Joseba Pagazaurtundua hernaniarrak, Andoaingo udaltzainburuak, hiru tiro jaso zituen, eta Donostia ospitalean hil zen handik ordu batzuetara. Hura izan zen ETAren azken hildako biktima hernaniarra.

      Handik urtebetera, 2004ko otsailaren 18an, Katalunian “ekintza armatu” guztiak etengo zituela iragarri zuen ETAk, eta 2005ean iragarri zuen eten egingo zituela Espainiako kargu hautetsien aurkako erasoak. 2006ko martxoaren 22an su-eten iraunkorra iragarri zuen ETAk, eta horrek Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazio-prozesua ahalbidetu zuen. 2006ko abenduaren 30ean Barajaseko aireportuko 4. terminalean egindako atentatuan bi pertsona hil ziren, eta haren ondoren Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zuen gobernuak amaitutzat eman zituen negoziaketak.

      2007ko udal-hauteskundeetan EAE-ANV (Eusko Abertzale Ekintza) izan zen indarrik bozkatuena Hernanin, hortaz, Marian Beitialarrangoitia izendatu zuten alkate. Dena den, legez kanpo uzteko mehatxupean jarraitzen zuten alderdi abertzaleak eta haren ordezkariek. Urtebete beranduago iritsi zen ilegalizazioa, eta ordezkari abertzaleek udal-talde berri bat sortu behar izan zuten HSA (Hernaniko Sozialista Abertzaleak) siglekin[190].

 

HILDAKO BIKTIMEN ZENBAKETA (1983-2017){36}

 

ETA

KAA

GAL

ESI

ESKUIN MUTURREKO TALDEAK

BESTE BATZUK

Eusko Jaurlaritza (Bake eta Bizikidetza Idazkaritza){37}

453{38}

 

24

14

7

 

Valentin Foronda Institutua{39}

462{40}

 

27

 

1

 

Covite

347

10

2

 

 

 

Euskal Memoria

 

 

 

233{41}

 

 

HERNANI{42}

4

 

2

4

 

12

 

      Hori gertatzen zen bitartean, eta EAE-ANV bertan behera uzteko froga gisa, 2008ko urtarrilean Iruñean emandako mitin batean terrorismoa goratzea leporatu zioten Beitialarrangoitiari, sakabanaketaren biktimak ziren presoekiko eta T-4ko atentatuaren erantzuleak ziren ETAko kideekiko babesa eta maitasuna adierazi eta eskatu zituelako, atxilotu ondoren torturak jasan zituztela salatu baitzuten haiek. Hernaniko EAE-ANVko zinegotzien ustez, salaketa hori adierazpen-askatasunaren aurkako erasoa zen, eta tamalgarritzat jo zuten udalean ordezkaritza zuten gainerako indar politikoek alkateari inolako babesik erakutsi ez izana[191]. Azkenean, Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe-zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri zizkion Beitialarrangoitiari 2009an.

      Hala, Hernaniko udaleko Giza Eskubideen Batzordean parte hartzen zuten udal-ordezkariek torturaren aurkako akordio bat sinatuta amaitu zen 2008a. Dena den, ez zuten lortu akordio horretan oinarrituta baterako mozio bat onartzerik.

      2009ko uztailaren 30ean Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak hil zituen ETAk Calvia udalerrian (Balear Uharteak). Hildako biktimak utzi zituen azken atentatua izan zen hura. Hala ere, 2010eko martxoaren 16an tiroketa bat gertatu zen Frantziako Dammarie-les-Lys herrian, jendarmeriako agenteen eta ETAko kideen artean. Tiroketa horretan Jean-Serge Nerin polizia-agente frantziarra hil zen. 2010eko irailaren 5ean “eraso-ekintza armatuen” amaiera iragarri zuen, 2011ko urtarrilaren 10ean su-eten “iraunkorra” eta, azkenik, 2011ko urriaren 20an, jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Hilabete lehenago Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eratu zen, bake-eta segurtasun-prozesuetan nazioarteko esperientzia zuten sei pertsonako talde batez osatua. ETAk 2017ko apirilaren 8an armak entregatu zituenean amaitu zen batzordearen lana.

      Urte hauetan guztietan, Hernanin eta hernaniarren aurka gertatutako motibazio politikoko indarkeria nabarmen murrizten joan da, batez ere, 2004az geroztik. Hala ere, 2004an Kontxi Sanchiz hil zen martxoaren 14an egindako manifestazio batean, Iruñean. Angel Berrueta polizia-agente baten eta haren semearen eskuetan hil zela salatzeko manifestazioa zen. Gaur egun, Sanchizen familiak eta gertukoek Ertzaintza jotzen dute erantzuletzat. Gertakari hark oihartzun handia izan zuen herrian eta euskal bizitza politikoan. Gerora, beste hiru hernaniar hil ziren indarkeria politikotik eratorritako beste egoera batzuetan. Azkena, Jose Maria Aldasoro ETAko kide ohia, 2012an, Donibane Lohizunen.

 

Kontxi Sanchizen heriotzari buruzko irudiak
(
Gara, 2004ko martxoaren 15a).

 

      Halaber, kasuak gutxitu arren, kale-borrokako 30 gertakari dokumentatu dira 2000 eta 2013 artean ondasun materialen aurka, eta sei, ondasun partikularren aurka. 2008ko otsailaren 16ko gertakariek larritasun berezia izan zuten. Kalte material ugari izan ziren; besteak beste, lehergailu su-eragileekin eraso egin zieten autobus bati, PSE-EEren egoitzari edota banku-sukurtsalei. Hori dela eta, hilaren 28ko osoko bilkuran EAJk aurkeztutako mozio bat onartu zuten. Gainerako alderdi guztiek eman zioten babesa mozioari, EAE-ANVk izan ezik; azken hori abstenitu egin zen. Mozio haren bidez, 400.000 euroko kontusail bat sortu zuten, “kaleko indarkeriaren biktimei” laguntzeko[192].

      Hala, 2013tik ez da erregistratu motibazio politikoko kaleko liskarrek eragindako kalte materialik, nahiz eta 2017an PSE-EEren egoitza berriak hiru ekintza bandaliko jasan zituen; pintaketak egin zizkioten fatxadan, ETAren aldeko leloekin eta dianekin[193]. Gerora, 2018ko maiatzaren 15ean, PSOEko karguen aurkako eta Consuelo Ordoñez eta Maite Pagazaurtundua ETAren biktimen familiartekoen aurkako mehatxuzko pintaketak agertu ziren Ezkiaga pasealekuko pilotalekuan[194].

 

TORTURA KASUEN ZENBAKETA (1983-2017){43}

 

GUARDIA ZIBILA

POLIZIA NAZIONALA

ERTZAINTZA / BESTE BATZUK

GUZTIRA

KREI{44}

1.045

881

335

2.261

Euskal Memoria{45}

1.296

1.435

429

3.160

HERNANI

54

40

34

128

 

      Mehatxu larriei dagokienez, ETAk haren jarduera armatua behin betiko utzi arte, Hernaniko hainbat zinegotzik bizkartzainak eraman behar izan zituzten. Estortsio ekonomikoari dagokionez, ez da kasurik erregistratu XXI. mendearen hasieratik. Hala ere, indarkeria mota hori dokumentatzea zaila denez, baliteke 2000. urteaz geroztik Hernanin estortsio kasuren bat gertatu izana.

      Bestetik, 2000. urtean tortura-salaketek goia jo ondoren, 22 kasurekin, jaitsiera nabarmena izan da. Dena den, 2009 eta 2010 urteetan 14 kasu dokumentatu ziren (zortzi 2009an eta sei 2010ean), guztizkoaren (33) % 42, 2001 eta 2012 artean. Normalean herrian polizia-sarekadak egin ondoren iristen dira salaketa horiek. Esaterako, 2009ko martxoaren 31ko sarekada; bederatzi gazte hernaniar atxilotu zituzten (eta Urnietako bizilagun bat), kale-borrokako ekintzak egin izana eta Segiko kideak izatea leporatuta. Hamar atxilotuetatik zortzik Espainiako Polizia Nazionaleko agenteek torturatu egin zituztela salatu zuten (zazpi hernaniarrak ziren). Atxilotu gabe beren burua polizia-etxean borondatez aurkeztu zuten biak izan ziren torturak salatu ez zituzten bakarrak. Hamar atxilotuetatik, lau kargurik gabe utzi zituzten aske eta sei Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten. Denak absolbitu zituzten 2012an[195].

      Lehen aipatu dugun moduan, gaur egun, gatazkari dagokionez, biktimen aitorpena eta presoen egoera dira interes publiko handiena eta mugimendu politiko gehien sortzen ari diren bi gaiak[196]. Aldi berean, azken urteotan elkarbizitzaren arloko ekimenak egin dira. Besteak beste, 2014an, “Bizikidetza Mahaia” bildu zen, eta udal-ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu zuten; “pertsona guztien giza eskubideen defentsa” txertatu zuten jarduera esparru gisa[197]. 2015ean, Memoriaren Egunean, Hernaniko udalean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztietako zinegotziek Ave Maria parkean egindako ekitaldi batean parte hartu zuten. Ekitaldi hartan oroitzapenezko harri bat jarri zuten: “gure herriaren historiako une garrantzitsu bat sinbolizatzea espero dugu, eta bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna finkatuko duen mugarria izatea”. Ekitaldi hartan ordezkari guztien artean adostutako testu bat irakurri zuten eta memoriarako eskubidea aldarrikatu zuten, etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko oinarri gisa, “errespetuaren eta elkarrekiko aitorpenaren gainean eraikitako elkarbizitza”[198].

 

 

 

[153] ZEN (Iparraldeko Gune Berezia) PLANA. Barne Ministerioko Estatuko Segurtasunaren Zuzendaritza. 1983ko otsaila (hemen eskuragarri: https://borrokagaraia.files.wordpress.com/2013/08/plan_zen.pdf).

[154] Auzitegi Konstituzionalaren 199/1987 epaia, abenduaren 16koa.

[155] Egin, 1983ko azaroak 4. La Vanguardia, 1983ko azaroak 4. La Voz de Euskadi, 1983ko azaroak 4)

[156] Covitek GALi egozten dio 1989ko azaroaren 20an Jose Antonio Cardosa Morales errenteriarra hil izana. Dena den, eskuarki, GAL 1987an desegin zela onartzen da.

[157] Casanova, 2007.

[158] Kontuan izan behar dugu 1982an ETApm eta 1985ean KAA desegin zirenetik Hego Euskal Herriko jarduera armatu subertsiboa ETAren ekintzetara mugatu zela, ia osorik, garrantzi txikiagoko erakundeak ere baziren arren, esaterako, Iraultza.

[159] Hemen testu osoa: El Correo, 1988ko urtarrilak 13.

[160] HUA, 1985, Udaleko aktak, Ezohiko osoko bilkura, 13/85.

[161] HUA, 1984, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 8/84.

[162] HUA, 1984, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 13/84.

[163] HUA, 1983, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 23/83.

[164] HUA, 1984, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 9/84.

[165] El Correo, 1997ko urtarrilaren 29a.

[166] HUA, 1984, 2. sekzioa, 19. Bulegoa, udaleko 1. unitate poliziala, Udaleko aktak. “Pertsonen eta jabetzen aurkako atentatuak. Leherketak eta biktimak”, 7. sekzioa, 4. bulegoa, 9. seriea.

[167] HUA, 1986, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 19/86.

[168] HUA, 1986, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 21/86.

[169] Intxaurbe, 2016. Intxaurbe, 2019.

[170] 10/1995 Lege Organikoa.

[171] http://www.argia.eus/bakegintza/htdocs/lizarra.htm

[172] HUA, 1998, Bozeramaileen batzarra 7/98.

[173] Azurmendi, 2014, 246. or.

[174] HUA, 1995, Bozeramaileen batzarra 3/95.

[175] HUA, Bozeramaileen batzarra 13/93, 19/94, 1/96, 10/96, 2/98, 4/98.

[176] HUA, Bozeramaileen batzarra 13/96 eta 14/96. Diario Vasco, 1996ko irailak 2.

[177] José Morcillori egindako elkarrizketa.

[178] HUA, Bozeramaileen batzarra 1/ 96, 2/96 eta 3/96.

[179] HUA, 1997, Bozeramaileen batzarra 8/97.

[180] HUA, 2008, Ohiko osoko bilkura 13/08.

[181] HUA, 2000, Ohiko osoko bilkura 8/00.

[182] HUA, 2000, Ezohiko osoko bilkura 11/00. El País, 2000ko irailak 21.

[183] HUA, 2001, Ohiko osoko bilkura 6/01.

[184] HUA, 2001, Ohiko osoko bilkura 18/01.

[185] http://baltasargarzon.org/terrorismo/eta

[186] 6/2002 Lege Organikoa.

[187] Adibide gisa, 1980tik 2001era Eusko Legebiltzarrerako egindako zazpi hauteskundeetatik bostetan, ezker abertzaleak (HB eta Euskal Herritarrok siglekin) botoen % 15 baino gehiago jaso zituen; hala, Legebiltzarreko hirugarren indarra izan zen 1984ko hauteskundeetatik 2001ekoetara.

[188] HUA, 2004, Bozeramaileen batzarra 6/04.

[189] HUA, 2003, Hernaniko udala eratzeko akta (2003ko ekainak 14).

[190] HUA, 2008, Ohiko osoko bilkura 6/08.

[191] HUA, 2008, Ezohiko osoko bilkura 1/08. Ohiko osoko bilkura 8/08.

[192] HUA, 2008, Ohiko osoko bilkura 4/08.

[193] Europa Press, 2017ko otsailak 2.

[194] Europa Press, 2018ko maiatzak 15.

[195] Berria, 2009ko martxoak 31. Naiz, 2012ko abenduak 12.

[196] Domínguez (Zuz.), 2017.

[197] HUA, 2004, Ezohiko osoko bilkura, presazkoa 11/04

[198] Kronika, 2015eko arazoak 11. Diario Vasco, 2015eko arazoak 11.

 

 

{36} KREIk emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak baino ez dira. Euskal Memoriaren datuak, berriz, Euskal Herri osoari dagozkio.

{37} Datu horien iturria da: Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013).

{38} ETAren zatiketa guztien eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu barne.

{39} Lopez Romo, R. Foronda txostena. Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala (1968 eta 2010 arteko urteetako datuak).

{40} ETAren zatiketa guztien eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu barne.

{41} Euskal Memoriaren webgunean jasotzen denaren arabera, 1960tik aurrera “gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz hildakoak” hartzen ditu aintzat zenbaketa horrek.

{42} 1983 eta 2017 artean, 6 pertsona bizitzarako eskubidearen zapalketaren biktimak izan ziren, eta 16 pertsonak bizitza galdu zuten beste inguruabarren ondorioz

{43} KREIk emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak baino ez dira. Euskal Memoriaren datuak, berriz, Euskal Herri osoari dagozkio.

{44} Hemendik ateratako datuak: 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua. Amaierako txostena.

{45} Hemendik ateratako datuak: Informe de investigación sobre la tortura en Euskal Herria