Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
1960-1975
Diktadura frankistak iraun zuen artean, “errepresioa guztiz planifikatua, sistematikoa eta instituzionalizatua izan zen, errepresioa bera helburu bilakatzeraino”[99]. Aurkaria fisikoki eta sinbolikoki deuseztatu zen[100], 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako eskubide politiko, zibil, sozial, ekonomiko eta kulturalak bertan behera uzteaz gain[101]. Deuseztatze fisikoaren ondorioz, diktadura-erregimenaren oposizioaren zati handi bat erbestean, kartzelan edo ehortzita zegoen 1940ko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Hori dela eta, Frankismoaren oposizioa, altxamenduaren aurka egin zuten alderdi politikoek ordezkatua, desmobilizatuta geratu zen ia Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte[102].
Ondoren, 1950eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Espainiako diktadurak hainbat maniobra politiko hasi zituen, erregimena babestera bideratuta. Testuingurura egokitu zen, nazioartean emandako aldaketa koiunturalak zirela eta. Aldaketa horien ondorioz, potentzia handien etsaiak ez ziren jada erregimen faxistak, komunismoa eta Sobietar Batasuna baizik. Horrekin lotuta, nabarmentzekoa da 1953an Espainia NBEn sartu zela[103]. Hala, nazioarteko aitorpena lortzen joan zen pixkanaka, eta, ondorioz, aldaketa politikorako edozein aukera ameskeria bilakatzen zen[104].
Arrazoi horiek direla eta, nazioarteko egoera ezegonkorraren aurrean, diktadurak hainbat urte zeramatzan egoera egonkor eta baketsuan, oposizioa ahulduta edo erbestean zegoen bitartean. 1945ean Unidad egunkari falangistak “Y en España, paz” izenburua[105] (euskaraz, “Eta Espainian, bakea”) jarri zion urte hartan argitaratutako lehen aleari. 1964. urtean erregimenak eslogan hori berreskuratu zuen gerraren amaieraren 25. urteurrena oroitzeko[106]. Dena den, 1964 dagoeneko ez zen 1945, eta bide ofizialen bidez diktadura kontrol- eta segurtasun-itxura ematen saiatzen zen arren, bigarren frankismoan (1959-1975) eta, batez ere, frankismo berantiarrean (1968-1975), Espainiako estatuak giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoak egin zituen[107] oposizioko taldeen aurka. Talde horiek gero eta adierazgarritasun handiagoa hartzen joan ziren espazio publikoan.
1967ko maiatzaren 1ean Donostia (Argazkia: Arturo Delgado).
“Euskal gizartearen eta diktaduraren arteko haustura-urteak izan ziren”[108]. Erantzun gisa, estatu frankistaren errepresio-aparatuek, berriro ere, orokortu egin zituzten “gorria”, “gorri separatista” edo “euskaldun separatista” gisako salaketak, froga-elementu eta zigor-elementu ukaezin gisa[109]. Errepresio hark hamarnaka hildako eta ehunka tortura-kasu eragin zituen. Bermerik gabeko sistema judiziala gehitu behar zaio horri. Edozein sistema demokratikotan oinarrizko eskubideen gauzatze gisa hartuko liratekeen oposizioaren jardueren kontra egiten zuen sistema hark. Horretarako, jurisdikzio militarra erabiltzen zuen, 1968an berriro aktibatu baitzen Bidelapurreriaren eta terrorismoaren dekretua, 1960ko irailaren 21ekoa. Eta salbuespeneko jurisdikzio arrunta ere erabiltzen zuen, Ordena Publikoaren Auzitegiaren bidez (154/63 Legearen bidez sortua). Ordena Publikoaren Auzitegiaren bitartez, 24 hernaniarren aurkako errepresaliak hartu zituzten. Guztien artean, 60 urte, 6 hilabete eta 3 eguneko kartzela-zigorra batzen zuten, eta 105.000 pezetaren ordainketa[110]. Halaber, auzipetuetako zazpik salatu zuten torturak jasan zituztela instrukzio-fasean[111].
Baina, gainera, diktadura frankistak maiz erabili zituen salbuespen-egoerak. Neurri horrek bereizi gabeko indarkerian oinarritutako egoera legal bat ahalbidetu zuen. 1962ko maiatzaren eta 1975eko apirilaren artean bederatzi salbuespen-egoera izan ziren Euskal Herrian, horietako hiru Gipuzkoan: 1968ko abuztuaren 3an dekretatutakoa; dekretu haren hiru hilabeteko luzapena, urte bereko urriaren 31n agindu zutena; eta 1970eko abenduaren 4an agindutakoa, Burgosko Prozesua hasi ondoren.
Juan Jose Rekondo eta bere bi seme (familiaren artxiboa).
Ekintza iraultzailetzat hartzen ziren horiei erantzutea zen salbuespen-egoera haien helburua. Hain zuzen ere, 1968an Melitón Manzanasen aurka egin zuten eta haren heriotza eragin zuen atentatuari erantzuteko, salbuespen-egoera deklaratu zuten eta, ondorioz, ehunka gipuzkoar atxilotu zituzten. Horien artean, gutxienez, sei hernaniar zeuden, horietako bi erbesteratuak: Jon Agirretxe Galarraga eta Juan José Recondo Mugica.
Agirretxe 1967ko uztailaren 9an atxilotu zuten lehen aldiz, Izaskungo (Tolosa) ermitatik bandera espainiarra kendu zuen nazionalista taldeko kide izateagatik. Gertakari horrengatik urtebeteko kartzela-zigorra jarri zion Ordena Publikoaren Auzitegiak. 1968ko abuztuaren 5ean berriro atxilotu zuten, salbuespen-egoera deklaratu ostean. Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioan ukatu egin zuen ETAko kidea zenik, baina Herri Gaztedi taldeko kidea zela aitortu zuen. Urtebete lehenago Izaskunen gertatu zenaren inguruko galdeketa egin zioten berriro ere, eta 1967ko uztailean Tolosan jardun zuen taldearekin batera bilera politikoetan izandako parte-hartzeari buruz galdetu zioten. Abuztuaren 16an, Cortes de la Fronterara (Malaga) erbesteratzeko agindua eman zuen Gipuzkoako gobernadore zibilak. Errepresaliatua abuztuaren 25ean iritsi zen udalerri horretara, eta bertan egotera behartu zuten abenduaren 23ra arte[112].
Recondori dagokionez, 1919an jaiotako hernaniar honek Eusko Gudarosteko Saseta batailoian borrokatu zuen 1936ko amaieratik aurrera. 1937an Limpiasen (Kantabria) atxilotu zuten eta zenbait kontzentrazio-esparrutan sartu zuten. 1940an soldadutza egitera behartu zuten Figueresen (Girona). 1949an Venezuelara joan zen bizitzera, eta han bizi izan zen 1963ra arte. 1967ko maiatzaren 30ean Guardia Zibilak atxilotu zuen Getarian (han bizi zen itzuli zenez geroztik), “ETA erakunde klandestinoko kideei etengabe bere etxean babesa eta bizilekua” eman izana egotzita. Salbuespen-egoera indarrean sartu zela eta, 1968ko abuztuaren 5ean Guardia Zibila familiaren baserrira joan zen, eta Recondo eta haren 17 urteko alaba, Elixabete, atxilotu zituen. 1968ko abuztuaren 14an Gipuzkoako gobernadore zibilak errepresaliatua berehala Segoviako Cuellar herrira eramatea erabaki zuen, eta han egon zen azarora arte[113].
Bi urte geroago, beste salbuespen-egoera bat deklaratu zuten Burgosko Prozesuaren aurkako protesten eta Alemaniako Eugenio Beihl kontsularen bahiketaren aterkipean. Horrek atxiloketa berriak, bermerik gabeko epaiketak eta torturak. Torturak izan ziren, hain zuzen ere, Antonio Goñiren ondorengo suizidioaren eragileak Donostiako Sagues auzoan. Gainera, manifestazioetan Poliziak hildako bat (Roberto Perez Jauregi) eta gutxienez hiru zauritu utzi zituen balaz, horietako bi Hernanin, Jose Manuel Arrondo Ecenarro eta Inaki Errazkin Izaguirre[114].
Ondoren, 1972ko abuztuan, ETAk bonba bat jarri zion Hernaniko hilerrian zegoen monumentuari, 36ko gerran hildako kolpistei eskainia, eta “guztiz suntsituta geratu zen”[115]. Gainera, uhin hedakorrak zauri arinak eragin zizkien E. M. M. eta S. B. G emakumeei. Hura izan zen ETAk Hernanin ondasun materialen aurka lehergailuekin egindako lehen atentatua. Lau hilabete geroago, Sindikatu Bertikalaren egoitzan zeuden pertsonak eraikinetik ateratzera behartu zituzten ETAko hainbat kidek. Ondoren, eraikina likido suharberaz busti eta su eman zioten[116].
TORTURA KASUEN ZENBAKETA (1960-1975) {14}
|
GUARDIA ZIBILA |
POLIZIA NAZIONALA |
BESTE BATZUK |
GUZTIRA* |
KREI {15} |
424 |
368 |
n.c. |
792 |
Euskal Memoria{16} |
467 |
498 |
n.c. / 25 |
990 |
HERNANI |
17 |
9 |
0 |
26 |
Luis Javier Arrieta Berecibar,
1968ko uztailean torturatua
(Bilduma partikularra).
Espainako polizia indarren tortura metodoak
(La Torture aux Pays Basque, 1969).
1972. urte hartan bertan, ETAk Hernanin indarkeriaz egindako lehen lapurreta erregistratu zen, Orbegozo fabrikan. Bi langilek maleta bat zeramaten 3.975.021 pezetarekin. Pertsona bat haiengana hurbildu zen pistolaren kanoia zuzentzen zien bitartean, eta dirua kendu zien. Ondoren, kide batek gidatutako ibilgailu batean ihes egin zuen[117]. 1973ko abuztuan, Hernaniko enpresetako Ekonomatu Kolektibo-ko bi langile (R.A.A. eta E.I.O.) suzko armekin mehatxatu zituzten ETAko militanteek, zeramaten dirua kentzeko helburuz. Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, mehatxatu arren, R.A.A.-k lapurrei jarraitu zien Astigarragara arte. Bitartean, lapurrek tiro egiten jarraitzen zuten ihes egiteko erabili zuten ibilgailutik[118].
1973 eta 1975 artean nabarmen ugaritu ziren ETAk eta beste talde armatu inkonformista batzuek egindako bahiketak eta haiek eragindako hildako biktimak. Izan zuen garrantzi politiko eta sozialagatik, 1973ko abenduaren 20an Luis Carrero Blanco militarraren eta Espainiako gobernu diktatorialaren presidentearen aurka egindako atentatua garrantzi handiko efemeridea izan zen. Dena den, urte hartan bertan, zazpi egun lehenago, euskal gatazka politikoarekin lotutako lehen heriotza dokumentatu zen Hernanin. Juanita Lasa Goñi trafiko-istripuan hil zen, Martutenen preso zuen semea bisitatzetik bueltan zetorrela.
Lasaren heriotzatik urtebetera, 1974ko abenduan, Guardia Zibilak larri zauritu zuen Jesus Maria Irazu Garmendia, greba orokorreko deialdi batean parte hartu ondoren etxera zihoanean. EAEn 1960-1978 artean izandako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei buruzko Balorazio Batzordeak jasotako lekukotzaren arabera, balaz egindako bi zauriek ondorio handiak utzi zizkioten hainbat ebakuntzaren ondoren:
“hala nola eskuineko eskumuturra finkatzea, erabiltzeko eta mugitzeko mugekin, min iraunkorra eta eskumuturreko artrosia. Horrek lan-baldintzetan eragin dio, eta kategoria profesionala galdu du. Ondorioek jarraitu egin zuten. Biktimak min iraunkorra zuen eta eskuineko eskumuturreko mugikortasuna mugatua. Horrek kalte larriak eragin zizkion, baita lanean ere”.
Bestetik, 1960ko hamarkadatik aurrera poliziak modu jarraituan eta etenik gabe erabili zuen tortura, Kriminologiaren Euskal Institutuak (KREI) 2017an argitaratutako txostenean[119] ondoriozta daitekeen bezala. Hernaniren kasuan, 26 pertsonak salatu dute 1960 eta 1975 urteen artean torturak jasan zituztela. Lehen kasua 1963koa da (Angel Unzueta Ochotorena), eta 1975ean gertatu ziren kasu gehien (6, dokumentatutako kasu guztien % 23,08).
Hala ere, Francisco Franco Bahamonde diktadorearen heriotzarekin amaitu zen aldi hura, 1975eko azaroaren 20an. Bi hilabete lehenago, irailaren 27an, Frankismoko azken exekuzioak egin zituzten, prozesamendu militar batean heriotza-zigorra ezarri ondoren. FRAPeko hiru kide fusilatu zituzten: Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Eta ETApm erakundeko kide bat ere bai: Juan Paredes Manot (Txiki) eta Angel Otaegi Etxeberria, 1973ko hasieratik ETA-ko Fronte Militarrean.
Hilabete batzuk lehenago, 1975eko ekainaren 5ean, ETAm erakundeak lehen hildako biktima eragin zuen Hernanin, Demetrio Lesmes Martin. Salamancan jaio eta Hernanin bizi zen; hiru alaba zituen eta 55 urte. Orbegozo fabrikan lan egiten zuen, zinpeko zaindari gisa. Enpresako atean tirokatu zuten, eta herriko anbulatorioan hil zen. Hilabete lehenago beste atentatu bat jasan zuen, baina orduan onik atera zen.
Lesmes hil zuten atentatutik bi egunera, Carlos Sanchiz Corzo hernaniarra, ETAko kidea, balaz zauritu zuten Irungo saihesbidean Guardia Zibilarekin izandako ustezko liskar batean. Gertakari horren ondorioz, Ordena Publikoaren Auzitegiak prozesatu zuen, eta 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zion. Gerora, atxilotu ondoren torturatu egin zutela salatu zuen.
HILDAKO BIKTIMEN ZENBAKETA (1960-1975) {1}
|
ETA |
ESI |
TALDE PARAPOLIZIALAK ETA ESKUIN MUTURREKO TALDEAK |
BESTE BATZUK |
Eusko Jaurlaritza (Bake eta Bizikidetza Idazkaritza){2} |
29{3} |
26 |
2 |
|
Valentin Foronda Institutua{4} |
43{5} |
|
2 |
|
Covite |
41{6} |
|
1 |
|
Euskal Memoria |
|
85{7} |
|
|
Liburu Zuria{8} |
|
36{9} |
|
|
Casanellas{10} |
59{11} |
23{12} |
|
|
HERNANI{13} |
1 |
|
|
1 |
Laburtuz, azterketa historiko globalak erakusten duenez, gorantz zihoan oposizioaren jarduerak, indarkeriazkoa izan edo ez, diktaduraren errepresioa areagotzea eragin zuen, ezinbestean. Aldi berean, errepresioa sistematikoa izan zen Frankismoan zehar, etsaiaren deuseztatze fisikoan eta sinbolikoan oinarritu baitzen haren biziraupena[120]. Errepresiozko erantzun hark giza eskubideen urraketa larriak ekarri zituen, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera. Oposizioko taldeek ere urratu zituzten giza eskubideak, batez ere, ETAk. Baina, datu historikoak kontuan hartzen baditugu, Frankismoaren aurkako ekintzak “oinarrizko eskubideen gauzatze hutsa” ziren demokrazia parlamentario sendoa zuten herrialdeetan[121]. Errepresioak, berriz, Frankismoaren aurkakoen jarduerak baino neurri handiagoan urratu zituen giza eskubideak, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki. Errepresio horrek, diktaduraren aurkako indarkeriazko ekintzekin zerikusirik ez zuten gizarteko sektore zabalei eragin zien. Hortaz, ekintza-erantzuna-ekintza estrategiaren aurrean[122], errepresio-erantzunak frankismoaren aurkako ekintza gainditu zuen, kaltetutako pertsona kopuruari dagokionez.
Hernaniren kasuan, ETA eta ETApm erakundeen biktimei dagokienez, aldi honetan hildako pertsona bat zenbatu da, bi zauritu arin hilerrian eragindako leherketaren ondorioz, eta lau mehatxatu lapurretetan. Bestetik, emakume hernaniar bat trafiko istripuan hil zen, preso zuen semea bisitatzetik bueltan zetorrela; lau pertsona balaz zauritu zituzten polizia-agenteek; bi pertsona erbesteratu egin zituzten 1968an salbuespen-egoera agindu ondoren; 17 pertsona Ipar Euskal Herrira erbesteratu ziren, diktadurak jazartzen zituelako; 25 pertsona prozesatu zituen Ordena Publikoaren Auzitegiak; eta 26 pertsonak salatu dute polizia-dependentzietan torturatu egin zituztela.
[99] Julia, 1999, 26. or.
[100] Baby, 2018, 47. or.
[101] Babiano et al, 2018, 8. or.
[102] Barruso, 2005b, 309. or.
[103] De Pablo, 2002, 101-102. or.
[104] Perez, 2005, 328. or.
[105] Unidad, 1945eko urtarrilak 1.
[106] Preston, 1994, 883-889. or. Gerra Zibila amaitu zenetik, diktadura frankistak etengabe aipatzen zuen bakea. Erregimena gainbeheran zela ere, 1975eko terrorismoaren aurkako legearekin lotuta, honela hasten zen testu arautzailea: “Espainiak luzaroan izandako bakea ez dago guztiz babestuta mundua jasaten ari den izurrite terroristaren aurrean. Aitzitik, ia berrogei urtez Espainiako bizitzaren bereizgarria izan den garapen baketsu eta progresibo horrek haserrea eragin die haien helburu politikoetarako edo bulkada antisozialetarako tresna gisa indarkeria bultzatzen duten erakunde, talde eta banakoei”. 10/1975 Lege Dekretua, abuztuaren 26koa, terrorismoaren prebentzioari buruzkoa. BOE, 1975eko abuztuak 27, 205. zk.
[107] Babiano, 2018, 9. or.
[108] Fusi, 2018, 66. or.
[109] 1968 eta 1969 artean erbesteratutako pertsonei buruz Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan kontsultatutako espedienteetan oinarritzen da baieztapen hori: Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Guardia Zibila, 1969, Gobernu Zibilaren Funtsa, GC-530-GC-531.
[110] Aranzadi Zientzia Elkartearen artxiboan (Atotxako Abokatuen Funtsa) babestutako sumarioak, TOPDAT CD Rometik ateratakoak. Ustiatzeko dagoen datu-basea, Jose Gomez Alen eta Ruben Vega Garciak koordinatua, eta 2007an Atotxako Abokatuen Fundazioak argitaratua.
[111] KREIk emandako informazioa.
[112] Buces et al, 2018, 112-113. or.
[113] Buces et al, Idem, 164-167. or.
[114] Buces, 2021.
[115] Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua, 1972, Gobernu Zibilaren Funtsa, 3677/0.
[116] Ibidem.
[117] Ibidem.
[118] Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua, 1973, Gobernu Zibilaren Funtsa, 3678/0.
[119] Etxeberria, et al, 2017. Bestetik, Euskal Memoria ikerketa-lan handia egiten ari da azken urteetan Euskadiko eta Nafarroako herrietan. Inkestak banatzen ari da kaltetuak izan zitezkeenei edo haien zuzeneko familiartekoei, aurrez ahozko eta idatzizko iturrien bidez ezagutzen zituzten kasuak egiaztatzeko helburuz. 1960tik 2016ko abendura arteko tartea ikertu dute, eta “aztertutako 7.582 prozesuetatik”, 5.657 jo dituzte egiaztatutzat. Torturen egileei dagokienez, “2.677 Polizia Nazionalak egin dituela uste da (% 47), 2.348 Guardia Zibilak (% 41), Ertzaintzak 407 (% 7), eta gainerako kasu gehienen erantzuleak beste estatu batzuetako segurtasun-indarrak dira”. Euskal Memoria (2020ko apirilaren 26an kontsultatuta): http://www.euskalmemoria.eus/es/Noticias/20170213/Rompamos_el_silencio:__Ya_ son_5.657_los_casos_verificados_de_tortura
[120] Buces, 2021, 37. or.
[121] Gregorio Peces-Barbaren hitzaurrea Del águila, 2001, 11. or.
[122] “Bases teóricas de la guerra revolucionaria”, hemen: Documentos Y. Recopilación de publicaciones y documentos internos de ETA, 1979-1981, 7. liburukia, 514-518 or.
{1} KREIk emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak baino ez dira. Euskal Memoriaren datuak, berriz, Euskal Herri osoari dagozkio.
{2} Hemen aurkeztutako datuak: Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013). ETA, ETApm, KAA eta ezker muturreko beste talde armatu batzuek eragindako biktimak estatu espainiarrera mugatzen dira. Estatuko segurtasun-indarrek, talde parapolizialek eta eskuin muturrak eragindakoak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegora baino ez dira mugatzen.
{3} ETAren zatiketa guztien biktimak hartzen ditu barne. Ez du barne hartzen DRIL erakunde armatuak eraginda hildako biktima
{4} Lopez Romo, R. Foronda txostena. Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala (1968 eta 2010 arteko urteetako datuak).
{5} ETAren zatiketen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu barne.
{6} ETAren zatiketa guztiek eragindako hildako biktimak hartzen ditu barne.
{7} Euskal Memoriaren webgunean jasotzen denaren arabera, 1960tik aurrera “gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz hildakoak” hartzen ditu aintzat zenbaketa horrek.
{8} 1968 eta 1975 urteen artean hildakoak, 1971n hildakoak izan ezik; izan ere, diktadura frankistaren “errepresioaren” ondorioz, ez dago urte horretako daturik.
{9} 34 heriotza eta 2 exekuzio bereizten dira, gerra-batzordeak heriotza-zigorrak ezarri ondoren.
{10} 1968 eta 1977 arteko datuak.
{11} ETAren zatiketa guztien biktimak hartzen ditu barne.
{12} “Errepresio polizial eta judizialaren ekintzetan” hildako erakunde armatuetako biktimak. ETAren zatiketa guztien biktimak hartzen ditu barne.
{13} 1960 eta 1975 artean, pertsona bat bizitzarako eskubidearen zapalketaren biktima izan zen, eta beste batek bizitza galdu zuen beste inguruabarren ondorioz.
{14} KREIk emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak baino ez dira. Euskal Memoriaren datuak, berriz, Euskal Herri osoari dagozkio.
{15} Hemendik ateratako datuak: 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua. Amaierako txostena.
{16} Hemendik ateratako datuak: Informe de investigación sobre la tortura en Euskal Herria.