Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022

 

SARRERA

 

      2017an, Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketa-proiektu bat jarri zuen martxan 1960tik hasi eta gaurdaino Hernanin eta hernaniarren aurka (udalerrian edo beste leku batzuetan) gertatutako motibazio politikoko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketa larrien irismena ezagutzeko.

      2014az geroztik udalerriko indar politiko guztien artean lortutako adostasunean du jatorria proiektu honek (urte hauetan guztietan legealdiak aldatu arren). Elkarbizitza mahaiaren eta biktimekin egindako lanaren bidez eraman da aurrera proiektua. Gizartea eraldatzeko prozesuetan adituak diren pertsonek koordinatu dute lana biktimekin. Adostasun horri, udal-ordezkarien inplikazioari eta Hernaniko beste eragile sozial batzuen inplikazioari esker, ikerketaren lehen faseko emaitzei buruzko hasierako txostena aurkeztu zen 2018ko abenduan. Ordurako, giza eskubideen urraketa larriak eta motibazio politikoko indarkeriaren ondoriozko beste sufrimendu batzuk pairatu zituzten 416 pertsona zeuden identifikatuta. Halaber, erakunde publiko eta pribatuen ondasun materialen aurkako 182 atentatu dokumentatu ziren, eta hamar elkarrizketa egin ziren.

      Hala ere, txosten hau argitaratu zenetik eta 2020ko irailean hernanioroimena.eus webgunea aurkeztu zenetik, herritarrek proiektuarekiko zuten inplikazioa nabarmen igo zen. Horri esker, aukera izan dugu ikerketarekin jarraitzeko, datu berriak eskuratzeko, biktima eta kaltetu gehiago identifikatzeko, eta giza eskubideen urraketa larrien kasu gehiago dokumentatzeko.

      Hala, argitalpen hau idazten amaitzean, giza eskubideen urraketa larrien 505 biktima dokumentatu dira, baita motibazio politikoko indarkeriak kaltetutako 202 pertsona ere, indarkeria horren emaitza heriotza edo zauriak izanik. Era berean, erakunde publikoen eta pribatuen ondasun materialen aurkako 244 atentatu identifikatu dira. Dena den, dokumentatutako kasuak eta horiek ziurtatzen dituzten proben kopurua nabarmen igo diren arren, 2018ko txostenean adierazten zen moduan, datuak ezin dira behin betikotzat hartu, batez ere, hiru faktoreren ondorioz.

 

Hernanin eta hernaniarren aurka giza eskubideak urratzea
eta motibazio politikoko beste sufrimendu batzuk

izeneko txostena aurkeztea. 2018ko abendua (HUA).

 

      Lehenik eta behin, kasu batzuetan, dokumentatutako urraketak zehatzago berretsi ahal izateko froga-elementuen inguruan ikertzen jarraitu behar da. Horretarako, kaltetutako pertsona gehiagok parte hartzeaz gain, lurraldeko eta estatuko artxibotarako sarbidea beharko litzateke, batez ere, gobernu-, polizi- eta justizia-artxiboetarako. Gertatutakoa modu fidagarrian jakiteko froga-elementu erabakigarriak egon litezke, ziurrenik, artxibo horietan. Aipatutako artxibo horiek irekitzeak egiletzari buruzko froga-elementu gehiago eman litzake hainbat kasutan, esaterako, Murillo Chacónen kasuan. Horrez gain, hainbat hernaniarren heriotza zer egoeratan gertatu zen jakiteko froga-elementuak ere eman litzake, batez ere, polizia-agenteekin izandako erasoetan gertatutako heriotzen kasuan edota jatorri politikoko indarkeriarekin lotutako gertakarietatik eratorritako beste heriotza batzuen kasuan. Halaber, artxibo horiek eskuratzeak froga-elementuak gehi ditzake giza eskubideen urraketa batzuetan, froga-elementu bakarra kaltetutako pertsonen edo ingurukoen ahozko lekukotza denean; hori gertatzen da hamarnaka tortura-salaketatan, estortsio ekonomikoko kasuetan edota mehatxu larrien kasuetan.

      Bigarrenik, ahozko lekukotzak biltzen jarraitu behar da, zuzeneko informazioa eta biktimen eta haien ingurukoen sufrimendua benetan ezagutzeko oinarrizko froga-elementuak baitira. Baina, gainera, lekukotza horiek beste itxura bat ematen diote ikerketaren xedeari; izan ere, giza eskubideen urraketen biktimak humanizatzea eta bistaratzea ahalbidetzen dute. Halaber, kontrakoak diren eragileen aldetik urraketak jasan dituzten pertsonen lekukotzak jasotzean, eta lekukotza horiek ikerketa-lan berean erlazionatzean, besteen sufrimenduaren aurrean ez ikusiarena egiteko pretentsioa murrizten da, eta elkar ulertzeko aukerak areagotzen dira.

      Bestetik, giza eskubideen urraketa mota larri batzuek —batez ere, pertsonen aurkako mehatxu larriak eta estortsio ekonomikoa— zailtasun erantsia dakarte, sufritu duten pertsonen identifikazioari dagokionez. Hori dela eta, proiektu honen helburuak betetzeko eta berresteko, kasu horien ikerketa- eta dokumentazio-lanarekin jarraitu behar dugu.

      Dena den, argitalpen honen ondoren sor litekeen informazio guztia hernanioroimena.eus webgunera eraman daiteke.

      Azkenik, aipatzekoa da txosten honen helburua ez dela kontakizunaren inguruko inolako dialektikatan sartzea. Orrialde hauen xedea ez da gertatutakoa baloratzea, lan hori beste eragile batzuei baitagokie, eta, eragile horiek, horretarako materiala eta edukia topatuko dute txosten honetan. Behin txosten hau egin eta gertakariak ezagututa, egokiak eta aproposak balira, beharrezkotzat jotzen diren balorazioak edota aitorpenak egin daitezke. Gure lana, hortaz, beste bat da. Guri, Gizarte Zientzietako ikerlari gisa, gure txostenaren xedearen gainean eta aipatutako erreferentziazko epean gertatutako gertakariak modu faktikoan jasotzea dagokigu. Hori guztia, azken batean, gertatutakoa modu objektiboan ezagutzeko eskubideari dagozkion ildo batzuei jarraituz. Eskubide horrek izan behar luke aitorpen- eta justizia-printzipioen oinarria edo premisa.