Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022

 

HITZAURREA

 

      2014ko maiatzean, gure herriko elkarbizitza hobetzearen alde lan egiteko beharretik abiatuta, bizikidetza mahaia jarri zen martxan, modu oso diskretuan. Orduz geroztik, Hernaniko udalean ordezkaritza duten sentsibilitate politiko guztiek osatu dute elkarrizketarako gune hau.

      Aurrera pauso bat ematea suposatu zuen lehen ekintza publikoa Ave Maria parkean Memoriaren Harria jartzearena izan zen, 2015eko azaroaren 10ean. Gure herriarentzako mugarri bat, zeinetan espektro politiko osoko hernaniarrek parte hartu baitzuten. Ekitaldi horretan jarritako harria abiapuntua izan zen oroimena berreskuratzeko bide zail eta beharrezkoan.

      Mahaia osatzen genuenok lehenengo momentutik ikusi genuen ezinbestekoa zela gure herriaren errealitatea ezagutzea. Jaso gabe zegoen errealitatea, isilarazi egin zutelako edota zati bat soilik ikusi nahi izan genuelako. Hala, Aranzadi Zientzia Elkarteari enkargu bat egin zitzaion, Hernanin 1960tik 2018ra gertatutako giza eskubideen urraketak identifikatu eta dokumentu batean jasotzekoa. Ordura arte egindako dokumentazio-lan eskergaren lehen txostena 2019ko urtarrilean aurkeztu genuen. Txostenaren lehen bertsioa “Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Hernanin eta hernaniarrei gertatuak (1960-2018)” izan zen. Hernaniko historia hurbilena ezagutarazteko ikerketa-lan oso garrantzitsua.

      Aranzadik egindako prozesuan egiaztatu da hernaniarrek bizi izan zuten errealitatea oso gogorra izan zela eta dela. Gaur, beren lekukotza eman duten guztiei eskerrak eman beharrean gaude, beren samina gaindituz eskuzabaltasunez erakutsi dizkigutelako beren bizipenak eta errealitatea. Testigantza horiek gabe, eskuartean duzuen liburu hau ezingo zen idatzi. Nahiz eta jakin badakigun beste testigantza batzuk, gure historiaren parte ere badirenak, agian jaso gabe geratu direla.

      Liburu honetan giza eskubideen eta motibazio politikoko indarkeriarekin lotutako 1046 urraketa kasu jaso dira, 707 biktima identifikatu direlarik, eta udaleko indar politiko guztiek hartutako konpromiso irmoaren isla. Testigantza eta informazio bilketa honek aurrera jarraitzen du “hernanioroimena.eus” web orriaren bitartez.

      Horregatik guztiarengatik, beharrezko ikusi dugu lan hau hernaniar guztien eskura jartzea. Iragana ezin da aldatu, baina egia ezagutzea ezinbesteko urratsa da ondorioak gainditzeko, bizikidetza lantzeko eta, erreparazioarekin eta justiziarekin batera, liburu honetan azaleratu dena berriro errepika ez dadila bermatzeko.

      Espero dugu egia berreskuratzeko bidean ematen ditugun pausoek erreparaziorantz eramango gaituztela, eta etorkizunean urrats horiek gure buruari eragin diogun sufrimendua gainditzeko tresna bihurtzea.

 

HERNANIKO UDALA:
EH BILDU,
EAJ-PNV,
ELKARREKIN PODEMOS-ORAIN HERNANI
eta PSE-EE/PSOE