Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

Polo Loinaz, Maria Luisa

 

 

         1931n Hernanin jaioa. Maria Loinaz Fernandez eta Joaquin Polo Arrietaren alaba. Hernanin bizi ziren gerra hasi zenean. Frantziara ihes egin zuen bere ama, anaia txikia, bi izeba eta amonarekin batera, Pirinioak oinez zeharkatuz. Bere aita gerra garaian miliziano ibili zen Errepublikaren alde. Atxilotu eta Badajozen egon zen kontzentrazio-esparru batean.

         Zer egin zuen zure familiak gerra hasi zenean?

         Hernanitik joan ginen denok. Nik oinez zeharkatu ditut Pirinioak! Lehenengo hemendik Bilbora joan ginen. Han ere bagenuen familia, aitaren lehengusuak. Ni haien etxera eraman ninduten eta han erregina bat bezala egon nintzen. Baina gero, handik Bartzelonara pasa ginen, eta Bartzelonatik Frantziara. Gu, amarekin (Maria Loinaz) eta amonarekin (Petra Fernandez), Bilbora joan ginen. Bonbardaketak gogoratzen ditut. Gero handik Bartzelonara. Pirinioak oinez igaro nituen. Nire amak neba zeraman, oso txikia zena, “aupatan”. Hernaniko izebak (Dolores eta Luisa Loinaz) ere zihoazen. Denak batera gindoazen.

         Aita gerran zegoen boluntario gisa, miliziano aritu zen errepublikakoekin. Sozialista zen. Argiketaria zen. Orduan Hernanin bi argiketari baino ez zeuden: Udalarena eta nire aita, denek ezagutzen zuten “Polo elektrizista” bezala. Amaitu zenean, Hernanira itzuli zen. Ez zen preso egon kartzela batean, baina bai kontzentrazio esparru batean, Badajoz inguruan. Itzuli zenean, handik etorri zen. Gogoratzen dut itzuli zen eguna. Ni etxean nengoen eta txistu bat entzun nuen kaletik eta eskaileretan behera salto egin nuen. Aita zen!

         Nola izan zen Pirinioak oinez gurutzatzea?

         Gironatik igaro ginen. Ezin dizkizut egunak esan. Ama nire anaia Eustaquiorekin zihoan, oso txikia baitzen. Nik 8 urte nituen orduan. Gaur balitz bezala gogoratzen dut. Elurra zapaltzen igaro nintzen. Denbora luzez zorabiatu nituen gurasoak, esanez hildako bat ikusi nuela elurpean. Hori burutik kendu nahi zidaten. Kendu zidaten. Ama, amona eta Dolores eta Luisa izebak gindoazen.

         Pirinioak gurutzatzean banandu egin gintuzten. Haurrak zituzten pertsonak alde batean eta besteak beste aldean. Banandu egin gintuzten, amona bere alabekin (nire bi izebekin), eta ama gu biokin. Mojen komentu batean egon ginen. Gelak maindire-oihalez banatuta zeuden. Ohe batean ama eta biak geunden. Berak esaten zigun “ez naizzuengandikbananduko”. Ez da erraza han egon ginen denbora kalkulatzea. Handik Frantziara igaro ginen. Amonarekin eta izebekin ez ginen laster elkartu, denbora asko behar izan genuen, baina ez dakit zehazten zenbat. Gogoan dut sarna pasatu nuela eskuetan. Sendatu egin ninduten. oso ondo engainatu ninduten. konketa batean ur beroa bota zidaten, eta handik alkoholez betetako balde batera. Zauri guztiekin. hori bai, ez dut sekula berriz ezer izan eskuetan. Alkoholak dena suntsitu zuen!

         Noiz itzuli zineten Frantziatik? Nola zegoen dena itzuli zinetenean?

         Ahal bezain laster itzuli ginen, berehala. Ez ziguten etxe bera alokatu, baina oheak eta koltxoiak gorde zizkiguten. Baina gainerakoa, ez arroparik, ez ezer... hori guztiori galdu egin genuen. Haiek hartu zuten. Agintzen hasi zirenek hartu zuten. Amonarekin bizi ginen.

         Estraperloa?

         Ba, adibidez... estraperloa zen, etxean ogi gutxi bazeneukan, estraperlotik hartzen zenuen ogia. Baina dirua behar zen ordaintzeko. Estraperloa egin ahal izan zuenak, egin zuen. Hori bai, asko aberastu egin ziren erosi behar zutenen kontura.

         Zer gertatu zitzaion Pablo Polori?

         Pablo Polo Arrieta, aitaren anaia bat, espetxetik irten zenean Altsasutik 100 kilometrora deserriratu zuten. Orduan etorri zen Hernanira. Hemen bizi izan zen, lanean aritu zen eta dena, gure etxean egon zen. Baina gero matxinada politikoren bat gertatu zen. Eta esan zuen, “ea berriro kartzelara eramango nauten”... eta Frantziara pasatzen lagundu genion, iparraldera. Eta han geratu zen. Frantziar batekin ezkondu zen eta orain lehengusina frantsesak ditut. Zaharrena naizenez, orain haien aita nolakoa zen galdetzen didate. Maila militarra izan zuen, eta gurekin zegoela, alde egitea erabaki zuen, berriro preso har ez zezaten. Ez dakit non harrapatu zuten.

         Zer pasa zen Juanita Loinazekin?

         Amaren beste ahizpak, Juanita Loinazek, erizain gisa egin zuen gerra osoa. Alargun geratu zen gerra hasi bezain laster. Zortzi egunera. Haren senarra frontean hil zen, Lemoako Haitzetan, Luis Gorospe, hernaniarra bera ere. Senarra hil zenean, erizain sartu eta gerra osoa egin zuen. Joan egin zen Lemoako Haitzetan erori zela esan ziotenean. Gure amonak, Petrak, gurekin etortzea nahi zuen, eta senarraren amak, berarekin (Hernanin). Baina esan zuen: “ez batekin ez besteekin, gerrara noa”. Odol-ospitale batean egon zen, Bartzelona ondoan. Gerra osoa egon zen. Ez zen gehiago hona itzuli. Frantzian geratu zen. Dena gogoratzen du. Gogorra zen, baina hain gaizki pasa zuen jada, ospitalean lanean jarraitu nahi baitzuen. Hernanira behin Franko hil zenean itzuli zen, baina Frantzian bizi izan zen. Berriro ezkondu eta han hil zen.

         Zer gertatu zen Luis Gorosperekin?

         Ezin izan zen gorpua berreskuratu.