Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

4.3.
ERREPRESIO EKONOMIKOA

 

         Errepresio ekonomikoa funtsezkoa izan zen erregimen frankistaren boterea ezarri eta sendotzeko. Beste batzuekin batera, agintari frankisten kontrol eta botere tresna bat bihurtu zen. Herria kolpisten kontrolpean geratu zen momentutik, estatu berriarekin bat ez zetorren ideologia izateagatik, hainbat hernaniarren ondasunak konfiskatu edo bahitu zituzten.

         Errepresio ekonomikoa, hasieran, modu desordenatuan egin zen, matxinatuek eta soldaduek egindako konfiskazio arbitrarioen eta indarkeriazko ekintzen bidez. Frankistek ezarri nahi zuten estatuaren aurka agertu ziren erakunde, instituzio eta norbanako guztiak neurri hauen mende egoteko arriskua zuen. Gerraren anabasaren erdian, errepresio ekonomikoak ezohiko formak hartu zituen; batzuetan, soldaduek berek betearazten zituzten neurri horiek.

         “No teníamos nada. Nos quitaron todo, la casa, los muebles, todo. Seguramente pensarían que después de tres años ya no íbamos a volver[206]”.

         Toki- eta estatu-mailan agintari instituzional berriak sartzeak errepresio ekonomikoa areagotzea ekarri zuen. 1936ko irailean, matxinatuen etsaitzat jotzen zirenen ondasunak konfiskatzeko oinarri legalak ezarri zituzten aurretik aipatutako 1936ko irailaren 13ko 108 dekretuaren bitartez. Hainbat alderdi legez kanpo uzten zituen eta langile publikoak depuratzeko oinarriak jartzen zituen dekretu honek honako hau zehazten zuen errepresio ekonomikoaren inguruan:

         “Artículo segundo. Se decreta la incautación de cuantos bienes muebles, inmuebles, efectos y documentos pertenecieren a los referidos partidos o agrupaciones, pasando todos ellos a la propiedad del Estado(...)

         Artículo quinto. Los generales jefes de los Ejércitos de operaciones o los de columna o unidad a quienes éstos hayan dado instrucciones al efecto podrán, en las plazas ocupadas y que en lo sucesivo se ocupen, tomar medidas precautorias encaminadas a evitar posibles ocultaciones o desaparición de bienes de aquellas personas que por su actuación fueran lógicamente responsables directos o subsidiarios, poracción o inducción, de daños y perjuicios de todas clases ocasionados directamente o comoconsecuencia de la oposición al triunfo del movimiento nacional.

         Artículo sexto. Las autoridades expresadas remitirán a los Juzgados de primera instancia relación de las personas y bienes que posean y que a su juicio estén comprendidas en el artículo quinto, para que se decrete el embargo de éstos, con arreglo a lo dispuestoen el artículo 600 y siguientes de la ley de Enjuiciamiento Criminal y concordantes de la de Enjuiciamiento Civil, quedando subsistentes tales medidas hasta la depuración de las responsabilidades criminales o civiles que se declaren.

         Artículo séptimo. Las medidas precautorias de los dos artículos anteriores se llevarán a efecto no obstante aparecer los bienes enajenados o gravados a favor de personas distintas de los supuestos responsables, siempre que la énajenación o gravamen haya sido hecho en fecha posterior al 19 de julio último y a reserva de la convalidación de los mencionados actos.[207]

         Dekretu honen bitartez, praktikan gertatzen ari ziren errepresio ekonomikoko ekintzak justifikatu eta legeztatu ziren frankisten kontrolpeko guneetan.

         Jazarpen hau sistematikoki eta modu eraginkorrean gauzatzeko, 1937ko urtarrilaren 10ean, Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintziala (Comisión Provincial de Incautación de Bienes de Guipúzcoa) sortu zen. Batzorde honek Defentsa Nazionaleko Batzordearen Biltzar Teknikoari (Junta Técnica de la Junta de Defensa Nacional) erantzuten zion, eta erregimenaren etsaitzat hartzen zituztenen jabetzak konfiskatzeko lanak gainbegiratzeko eta koordinatzeko ardura zuen.

         Herrietako idazkariek Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintzialari proposamenak bidali zizkieten ondasunak bahitzeko batzorde horrek egindako espedientean ageri denez[208]. Gipuzkoako ia 20 herritatik 700 pertsonatik gora proposatu zituzten aipatutako batzordean, euren artean hainbat hernaniar.

 

 

4.3.1. Ondasunen konfiskazioa

 

         Hernanin norbanako ugarik ondasunen konfiskazioak pairatu zituzten. Hauen artean aipagarria da Miguel Urreta Echevesteren kasua, militarrek bere etxea kuartel bezala erabili zuten, hainbat ondasun konfiskatu zizkioten, 5.000.000 pezetako isun ekonomikoa ordaintzera kondenatu zuten. Gainera, haren anaia Erantzukizun Politikoen Auzitegian epaitu zuten. Erregimen berriaren kontra lerratzen ziren pertsonen aurkako errepresioaren beste adibide bat dira Errepublika garaiko udalbatzaren kideen kontra gauzatutakoak; Hipolito Zubillaga Usabiaga zinegotzi jeltzaleari eta Bautista Sarobe Aramburu zinegotzi errepublikazaleari hainbat ondasun konfiskatu baitzizkieten.

 

GIPUZKOAKO ONDASUNAK KONFISKATZEKO
BATZORDE PROBINTZIALAK HERNANIN
EDO HERNANIARREI
EGINDAKO KONFISKATZEAK

KONFISKAZIOA PAIRATU ZUTEN PERTSONAK

KONFISKATUTAKO ONDASUNAK

Urreta Echeveste, Miguel

Mirentxu etxea Lasarten

Zubiaurre etxea Lasarten

Lasarteko Urnietako zatian zeuden Miracampos etxea eta Echeverria Y Urreta teileria mekanikoa

Azkoitia, Pasaia eta Usurbilen hainbat ondasun

5.000.000 pezetako isun ekonomikoa ordaintzera kondenatua

Rezola Cardan, Aniceto

Kale Nagusiko 13 zenbakian etxea

Kale Nagusiko 13 zenbakian etxe-osagarria

Kale Nagusiko 50 zenbakian etxea

Azalenea etxea

Tellerigaña izeneko lursaila, ereiteko-lur eta sagastiez osatua

Utsales izeneko lursaila, erreka alboko ereiteko-lurra

Antxulo izeneko lursaila, iratze eta zuhaitzez osatua, Trabaleku baserriaren ondoan

Errenteria, Oiartzun eta Pasaian hainbat ondasun

Celaya Lecue, Victoriano

Altzegako ereiteko-lursaila

Zumaia eta Elgoibarren hainbat ondasun

25.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatua

Arbillaga Leturiondo, Josefa

Fagollaga izeneko jabetza

Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Beasain, Eibar, Elgoibar, Getaria, Orio, Usurbil, Zarautz eta Zumaian hainbat ondasun

Barcaiztegui Echeverria, Ricardo

Latzunbe izeneko ereiteko-lursail baten zazpiren baten zatitu gabeko herena

Zubillaga Usabiaga, Hipolito

Eliretzea gunean dagoen ereiteko-lursail bat

Eliretzea gunean lursail bat

Apaolaza Eleicegui, Ramon

Lerragain izeneko lursail bat

Gardaberaz-enea etxea

Sorginentxulo izeneko belardiaren partaidetza zatiezina

Franco-aldea baratzea

Kale Nagusiko 47 zenbakian etxea

Karabel zubiaren azpiko lursaila

Karabel zubiaren ondoko ereiteko-lursaila

Behobide Gurruchaga, Antonio

Montefrio baserria

Iparragirre baserria

Añarregi baserriaren gain zegoen 6.000 pezetako kreditua

Gabiria baserriaren gain zegoen 15.000 pezetako kreditua

Andoainen hainbat ondasun

Beroitz Sarobe, Jose

Elitzerea inguruan orube bat

Cigaran Rezola, Jose Maria

Don Hermiñenea izeneko ibaiertzeko lursaila

Kale Nagusian 9 zenbakian etxea

Kale Nagusian 7 zenbakian etxea

Ibaiertzeko ereiteko-lursail baten gain zegoen 4.000 pezetako kreditua

Echeverria Garmendia, Cesareo

Kale Nagusian 14 zenbakian etxea

Goñi Zabala, Juan

Antziola-berri izeneko elkartutako bi etxe

Antziola auzoan zegoen makaldi bat

Goya Urbieta, Jose

Telleri-gaña guneko lursail bat

Mugica Esnaola, Jeronimo

Istillarte-enea etxea

MugicaLiceaga, Domingo

Kale Nagusiko 53 zenbakiko Zuaznabar izeneko etxea

Herri kanpoaldean zegoen baratze bat

Pastor Azcarraga, Enrique

Florida auzoko Villa Lucia izeneko etxea

20.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatua

Sarobe Aramburu, Bautista

Goiegi izeneko baserriaren gainaldean dagoen ereiteko-lursaila eta belardia, horretaz gain Antxorta izenez deitzen zitzaion iturburua

Goikogaineta izeneko ereiteko-lursailak eta sagastiak

Lasarteko plazako 10 zenbakiko etxeko beheko solairua eta solairu nagusia

Lasarten Luberriga izeneko lursaila, Larrekoetxea baserria eta Linajunzueta larre-sariaren artean zegoena

Olaetxea izeneko Lasarteko etxe bat

Pintore-lurraz eta Delay-aundi sailek osatutako finka

Zamora Iribarren, Jose Maria

Portu auzoko 3 zenbakiko etxearen zatitu gabeko zatia

Zapiain Elizondo, Francisco

Alfonso XII kaleko Lueban izeneko etxea

Labayen Toledo, Antonio

Atzegindegi etxearen zatitu gabeko herena

Elite-atzea izeneko ereiteko-lursail baten zatitu gabeko herena

Mendebaldeko Kuartela deituriko zonaldean orube baten zatitu gabeko herena

Villa Milagro txaletaren zerbitzurako eraikitako bide partikular baterako zen lursail baten zatitu gabeko erdi baten zatitu gabeko herena

CiaurrizAguinaga, Doroteo

Atzegindegi etxearen zatitu gabeko herena

Elitzerea izeneko ereiteko-lursail baten zatitu gabeko bi heren

Mendebaldeko Kuartela deituriko zonaldean orube baten zatitu gabeko bi heren

Villa Milagro txaletaren zerbitzurako eraikitako bide partikular baterako zen lursail baten zatitu gabeko erdi baten zatitu gabeko bi heren

Tolosan hainbat ondasun

Muñoa Pagadizabal, Miguel

Larrekoetxe baserria Lasarten

Abaltzizketa, Errezil, Gaintza eta Goiatzen hainbat ondasun

Amilibia Machimbarrena, Joaquin

Eguzkitza edo Pepaenea izeneko baserria Lasarten

100.000 pezeta ordaintzera kondenatua

Zapiain Elizondo, Miguel

Kardaberaz kaleko 36 zenbakiko etxea

Lopez Vargas, Felix

Kardaberaz kaleko 47 zenbakiko etxebizitza bateko zatitu gabeko hamabiren bat

AnsorenaElicegui, Jose

Lizeaga auzoko Leokadiste izeneko etxea

Letamendia Lasa, Jose

10.000 pezetako kreditu hipotekarioa urteko %5 interesekin eta 2.000 pezeta gehiago kostu eta gastuentzat Irana edo Franco etxearen gain, bere ataurreko etxetxoa eta baratza barne. Ondasun hauek Simon Belaunzaran Muñoa eta Matilde Otamendi Belaunzaran senar-emazteen jabetza dira

Goitia Azcoitia, Julian

35.0 pezetako hipoteka-kreditu baten erdi zatiezina, urteko % 5,5eko interesekin eta kostu eta gastuetarako 5.0 pezeta gehiago, Donostiako San Martzial kaleko 19. zenbakiko etxearen gainean eratua, Antonio Galdona Burutaranen jabetzakoa, zeinaren hipoteka-kredituak ez baitu kargarik

 

Garcia Serrano, Rosario

         1890eko urriaren 5ean Los Arcos herri nafarrean jaio zen eta 1946 urtean Lasarten bizi zen. Urte honetako otsailaren 25ean polizia frankistak atxilotu egin zuen Nafarroako Tasen Fiskaltzaren aginduz[209], honek 1.000 pezetako isuna ezarri ostean Rosariok kopuru hau ordaindu ezin izan zuelako. Horregatik, Donostiako emakumeen espetxera eraman zuten preso, eta giltzapean izan zuten Rosariok isuna ordaindu zuen arte; martxoaren 16an aske geratuz.

         Nolanahi ere, Rosario Garciaren aurkako errepresioa ez zen hor eten, izan ere, berriro atxilotu eta espetxeratu zuten urte bereko apirilaren 11n. Kasu honetan, Burgosko Tasen Fiskaltzaren aginduz, isun ekonomiko berberera kondenatu baitzuen. Donostian izan zuten preso bigarren honetan ere, apirilaren 27an isuna ordaindu ostean askatasuna berreskuratu eta Lasartera itzultzea lortu zuen arte[210].

Labrador Garcia, Isabel

         1902ko urtarrilaren 18an jaio zen Puertollano herrian (Ciudad Real) eta Donostian bizi zen bere senar Pedro Leon Rivera eta bost seme-alabekin batera. Gerra Zibila hasi zenean, familia guztiak Gipuzkoako hiriburua utzi eta Bizkaian errefuxiatu ziren 1936ko irailean[211], baina probintzia hau matxinoen armadaren jomugan geratu zenean berriro ere ihesari ekin behar izan zion Leon Labrador familiak. Kasu honetan Pedro aita Bizkaian geratu zen eta, Isabelek, bost seme-alabekin batera, itsasontzi bat hartu zuen 1937ko uztailaren erdian. Hilaren 17an Saint-Nazaire portura (Loire-Atlantique) iritsi ziren eta bertatik Tours hirira (Indre-et-Loire) lekualdatu ziren urte bereko abuztuaren 1ean[212].

         1937ko abuztutik aurrera, Isabel Labrador eta seme-alaben inguruko datu gehigarririk ez dugu ezagutzen. Pentsa dezakegu Frantziako Estatuan errefuxiatu zirela, Pirinioen iparraldean, edota Katalunian babestuko zirela denbora batez, berriro Gipuzkoara itzultzea erabaki zuten arte. Dakiguna da 1946 urtean Lasarten bizi zirela, Kale Nagusian (General Mola izena zuen garai horretan) eta ekainaren 22an atxilotu egin zutela, Gipuzkoako Tasen Fiskaltzak estraperloan jarduteagatik 100 eguneko espetxealdia ezarri baitzion, 1.000 pezetako isun ekonomikoa ordaintzeko kondena ez betetzeagatik. Urte bereko uztailaren 17an Ondarretako espetxetik irtetea lortuko du isun ekonomikoa ordaindu eta gero[213].

 

 

4.3.2. Erantzunkizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak (TRRP)

 

         Ikusi dugunez, Hernanin matxinatuen zutabeak sartu ziren unetik bertatik etsaitzat zituztenen aurkako errepresio eta zapalketa orokortua abiatu zuten. Errepresio, gainera, arlo pertsonalean, politikoan, edota ekonomikoan gauzatu zuten. Besteak beste, erailketak, espetxeratze mota ezberdinak eta errepresio ekonomiko anitzak burutu zituzten.

         Errepresio olatu jarraituena herrian sartu eta lehen hilabete eta urteetan gauzatu zuten, hein handi batean. Ebroko guduaren eta Kataluniaren okupazioaren ostean, erregimen frankistak jurisdikzio berri bat diseinatzeari ekin zion. Horren baitan, “Espainia berriaren” aurka eta Errepublikaren defentsan “iraultza gorria beraien ekintza edo omisioen bitartez indartu zutenak” eta “subertsioa indartzen lagundu zutenak” zigortzea zuten helburu. Hots, Errepublika garaian jardun politikoa izan zuten pertsona guztiak jazartzea bilatzen zuten.

         Helburu honekin, 1939ko otsailaren 9an Erantzukizun Politikoen Legea onartu zuten, eta hau exekutatu ahal izateko Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak. Hego Euskal Herriari dagokionez, Gipuzkoa eta Nafarroako pertsonak Iruñeko auzitegietan epaitzen zituzten eta Bizkaia eta Arabakoak berriz Burgosekoan. Hala eta guztiz ere, Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak eratu ziren, Gipuzkoakoa Donostian ezarriz, eta hauek Ondasunen Konfiskaziorako Batzorde Probintzialak ordezkatu zituzten. Auzitegi hauen kudeaketaz armada frankistako militarrak, magistratuak eta FET-JONS antolakunde faxistaren militanteak arduratu ziren eta, gure kasura, honekin ideologia eta estatu frankistaren aurka jardun zuten hernaniarrak zigortzea bilatzen zuten, soilik beraien ideologia zigortzea bilatzen zutelarik.

         Hernaniko hamarnaka herritarren ondasun eta finantzak ikertu ziren, eta gutxiengo batzuk betetzen zituzten herritar guztiak ikertu zituzten, beraien altxamenduaren eta erregimen frankistaren alde lerrotutako herritarrak ere auki genitzake. Epaitegi hauek hiru zigor mota ezartzen zituzten nagusiki: isun ekonomikoak, lanerako desgaikuntza eta bizileku-askatasunarekin erlazionatutako kondenak (erbesteratzeak, udalerri batetik kilometro kopuru zehatz bat baino gutxiago hurbiltzeko debekuak gehienbat).

         Ikertuak hamarnaka izan baziren ere, 12 hernaniar inguru epaitu zituzten, eta Euskal Herriko gainontzeko udalerrietan bezala gehiengoari isun ekonomikoak ordaintzera kondenatu zituzten. Epaituak izan zirenetatik biren kasuan —Federico Uzcudun eta Jose Olanorena— epaia artxibatu egin zen edota absolbitu egin zituzten, baina zigor gogorrak ere izan ziren. Hala nola, Julian Amilibia Machimbarrenari, familia ezkertiar ezagunaren kide izan eta PCEko militante gisa Debako Defentsa Batzordeko agintarietako bat izateagatik, ondasun guztiak konfiskatu zizkioten (Eguzkitza baserria tartean) eta 15 urteko deserriratzera kondenatu zuten. Julian baina, erregimen frankistak bere aurkako abiatua zuen jazarpenaren jakitun, atzerrian errefuxiatu zen eta Bigarren Mundu Gerra hastean Argentinaranzko bidea hartu zuen. Jose Maria Cigaranen kasuan, IR alderdiko kide izan eta hauek eta sozialisten alokatuta zituzten egoitzen jabea izateagatik 8.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten.

Amilibia Machimbarrena, Julian[214]

         1909ko maiatzaren 9an Donostian jaioa, gerra baino hilabete batzuk lehenago, 1935eko abenduan, Lasarteko Eguzkitza baserrira bizitzera etorri zen Maria del Carmen ama eta Joaquin eta Maria Asuncion anai-arrebekin batera. Beraiekin etxe berean hurrengo zerbitzariak ere bizi ziren: Pedro Arocena eta Echaniz Eguino Jesusa eta Sotera ahizpak.

         Amilibia Machimbarrena familia ezaguna zen Gipuzkoan, besteak beste, Eustasio eta Miguel Abokatu entzutetsuak baitziren eta 1934ko grebalarien defentsaz arduratu baitziren. Julianen kasuan, PCE alderdira eta JSU antolakundera afiliatua zegoen eta familia osoak Hernani utzi ostean Debara bideratu zen. Herri honetako defentsa batzordeko kide nabarmenetako bat izan zen Gipuzkoako mendebaldea frankisten esku geratu zen arte.

         Orduan, Bizkaian errefuxiatu eta miliziano gisa aritu zen ostean. Bilbo inguruko defentsan, 1937ko ekainean, zauritu egin zuten Artxandan eta, ondorioz, eskuineko hanka galdu zuen. Eusko Jaurlaritzak Ipar Euskal Herrira ebakuatu eta La Roseraie ospitalera eraman zuten. Familiako kide guztiek ere bide bera jarraitu zuten eta nahiz eta anaiek Katalunian borrokan jarraitu zuten, gerra amaitzean guztiak Pirinioen iparraldean bildu ziren. Hala ere, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egitean, berriro ere ihes egin behar izan zuten guztiek, eta Latinoamerikarako bideri ekin zioten, Julian Txilen eta Argentinan babestuz. Ezin izan zen Euskal Herrira itzuli eta Australian hil zen 1977 urtean.

         Ildo beretik, familiaren militantzia politikoa zela eta eta, Debako defentsa batzordeko kide nabarmena izateagatik bere izenean zeuden ondasun guztiak konfiskatu zizkioten eta 15 urteko deserriratzera kondenatu zuten 1941eko azaroan[215].

Cigaran Rezola, Jose Maria

         1888ko abenduaren 21ean Andoainen jaioa, Jose Maria Agustina Arrieta emaztea eta seme-alabekin batera Hernaniko Kale Nagusian bizi zen[216]. Hernaniko Izquierda Republicana alderdira afiliatua zegoen. Gainera, alderdi honek zein sozialistek bere izenean zegoen eraikinetan izan zuten egoitza, nahiz eta erreforma batzuen ostean sozialistek egoitza aldatu behar izan zuten.

         Gerrak eztanda egitean familiako kide gehienek Hernanin geratzea erabaki bazuten ere, Jose Mariak, Tiburcio eta Jose Joaquin semeekin batera Bizkaira mugitu zen hasiera batean, non bi semeek Eusko Gudarostean eman zuten izena. Biek Kantauriko hegia frankisten esku erori eta gero espetxea eta gatibu-lanak pairatu zituzten. Jose Mariaren kasuan, kolpistek atzitu aurretik itsasoz ihes egitea lortu zuen, Frantziako Estatuan babestuz hilabete gutxi batzuk, Irungo mugan bere burua aurkeztea erabaki zuen arte.

         Bere militantzia politikoa zela eta, Gipuzkoako Ondasunen Konfiskaziorako Batzordeak bere izenean zeuden higiezin eta kontu korronteak konfiskatu zizkion, baina ez zen hor eten bere aurka abiatutako errepresioa. 1939ko apirilean, Erantzukizun Politikoen Legea onartu eta gutxira, bere aurkako epai bat burutu zuten Iruñean, non Izquierda Republicana alderdira afiliatua egon eta hauen zein sozialisten egoitzak bere izenean zeuden higiezinetan egoteagatik Jose Maria 8.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten[217].

Goitia Azcoitia, Julian

         1890eko urtarrilaren 6an Oñatin jaioa[218]. Igeltseroa ofizioz, Hernaniko mugimendu errepublikarrekin bat egiten zuen eta 1934an Izquierda Republicana alderdia sortzearekin batera honetan afiliatu zen. Ondorioz, Gerra Zibilak eztanda egitean kolpisten errepresioaren beldur Euskal Herriko mendebaldean babesa bilatzea erabaki zuen, nahiz eta polizia frankistak Elgoibarren atzitu eta espetxeratu egin zuen 1937ko maiatzean. Orduan, bere aurkako prozesu bat abiatu zuten frankistek. Hau urte bereko irailean amaitu zen, eta bertan gerra auditoreak kausa artxibatzea proposatu zuen, Julianen aurkako isun ekonomiko bat ezartzea proposatuz, 500 pezetakoa zehazki. Hau ordaindu ostean askatasuna berreskuratu zuen Julianek, Hernanira itzuliz, baina 1940ko irailean Errepublika garaiko bere militantzia politikoa zela eta bigarren epai bat jasan behar izan zuen. Kasu honetan, 1.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten frankistek[219]. Ez dugu ahaztu behar ere Julianek Donostiako San Martzial kaleko etxe batean gainena zuen kreditu hipotekarioa konfiskatu ziotela ere[220].

Ruiz Lizarraga, Julio

         1902ko irailaren 27an Iruñean jaioa, haurra zela Hernanira bizitzera etorri zen, eta herrian Pilar Novalesekin ezkondu zen beranduago. Kale Nagusiko etxe batean bizi izan ziren gerra aurretik, non Julia eta Jose seme-alabak jaio ziren.

         Bizkaian errefuxiatu ostean baina, Eusko Gudarostean engaiatzea erabaki zuen, Dragones batailoi sozialistan borrokatuz[221] eta hau 164 Brigada Mistoan berrantolatu ostean sarjentu maila lortzera iritsi zen[222].

         Azken honekin Kantauriko hegiko azken erresistentzia guneetaraino jarraitu zuen borrokan, eta 1937ko urrian Avileseko portutik (Asturias) itsasontzi batean ihes egiteko saiakera egitean itsas-armada frankistak atzitu eta espetxeratu egin zuen. Orduan, “B” saileko preso gisa sailkatu zuten eta langileen batailoi batean gatibu-lanak egitera behartu zuen erregimen frankistak 1939ko maiatzera arte. Aske geratu ostean, Hernanira itzuli eta gutxira, Erantzukizun Politikoen Epaitegiak bere aurkako eginbideak abiatu zituen. 1940ko azaroan burututako epaian Armada kolpistaren aurka borrokatzeagatik 300 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten[223].

Ocariz Ataun, Emeterio

         Ikus auzitegi militarren atala.

Olano Yeregui, Jose

         Jose Olano Lasarteko bizilaguna eta bertako medikua zen gerra aurretik. Gerra Zibila hastean baina, bere funtzioak betez Lasarten ezarri zen Gurutze Gorriaren egoitzan lan egin zuen, bertan errefuxiatu ziren kolpisten aldeko jarrera erakutsiz. Horretaz gain, herrian frankistak sartzean Gurutze Gorrirako bildutako 1.200 pezeta kolpisten esku utzi behar izan zituen eta FET-JONS antolakundera afiliatu eta Gipuzkoako Erreketeen mediku ere izan zen.

         Hala ere, gerraren lehen asteetan Defentsa Batzordearentzat lan egiteagatik ikertu egin zuen erregimen frankistak, Erantzukizun Politikoen Auzitegiak bere aurkako epaia 1940ko apirilean igorriz. Bertan, absolbitu egin zuten Jose Olano[224].

Salaverria Echeverria, Isidro

         Ikus auzitegi militarren atala.

Toledo Alberdi, Miguel Jose

         Ikus auzitegi militarren atala.

Usabiaga Jauregui, Marcelo

         Ikus gerraosteko erresistentziaren atala.

Uzcudun Beñaran, Federico

         Ikus auzitegi militarren atala.

Zamora Iribarren, Jose Maria

         Ikus auzitegi militarren atala.

Zapiain Elizondo, Miguel Ignacio

         1886ko apirilaren 19an Hernanin jaioa. Merkataria zen ofizioz, eta Kale Nagusian bizi zen Regina Miranda emaztea eta Maria eta Ramona alabekin batera[225].

         Hernaniko mugimendu errepublikarreko kide nabarmena izan zen Miguel Zapiain, izan ere, 1922an jada Coalición Liberal Republicana ordezkatzen zinegotzi hautatu zuten Hernanin. Udaleko kontu-hartzaile izatera iritsi zen, baina 1923an Primo de Riveraren diktadura hastearekin batera, kargutik kanporatu zuten. Errepublika garaian, berriz, Izquierda Republicana alderdiko kide izan zen. Nahiz eta ez zuen udalbatzako eserlekua berreskuratu, Hernaniko udaleko epaile hautatu zuten, postu hau betez 1936ko ekainetik 1934ko irailera arte. Hau da, Euskal Estatutua lortzeko borrokan ordezkariek dimisioa aurkeztu zuten arte.

         1936ko udan Gerra Zibila hasi eta gutxira gerra frontea Hernanira hurbildu zenean, familiarekin herria utzi eta Donostian babestu ostean Baionan errefuxiatzea erabaki zuen[226].

         Mugimendu errepublikarren baitan eginiko militantziagatik eta udal epailea izateagatik, erregimen frankistak bere aurkako eginbideak abiatu zituen. Erbestean bizi bazen ere, Gipuzkoako Ondasunen Konfiskazioen Batzordeak bere ondasunak konfiskatu zituen, hain zuzen ere, kaleko 36 zenbakiko etxea[227]. Horretaz gain, Erantzukizun Politikoen Epaitegiak arrazoi berberengatik 1940ko maiatzean bere aurka burututako epaiketan 5.000 pezetako isun ekonomikoa ordaintzera kondenatu zuen, oraindik ere deserrian bizi zen arren. Gainera, kargu edota ardura publikoak betetzeko desgaitu zuten lau urte, zortzi hilabete eta egun baterako[228].

 

 

 

[206] Kontxi Caracciolo Zuaznabarren testigantza.

[207] Espainiako Defentsa Nazionaleko Batzordearen Buletin Ofiziala, 22. Zbk., 1936ko irailaren 16koa.

[208] AGA, Gerra Zibilean Gipuzkoan desjabetutakoen zerrenda.

[209] Estraperloagatik izango zela suposatu daiteke.

[210] GPAH / AHPG // sig. GEZ03659_0012.

[211] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[212] EAH / AHE // Funtsa, Fondo del Departamento de Asistencia Social; Saila, Evacuacion; Azpi-saila, Secretaria; 464 paper-sorta.

[213] GPAH / AHPG // sig. GEZ03668_0040.

[214] Arizabaleta Gantxegi, I.., 2019.

[215] NAO /AGN // TRP_SENTENCIAS, Lb.3, N.1295.

[216] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[217] NAO / AGN // TRP. Lb.1,N.202

[218] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[219] NAO / AGN // TRP. Lb1., N.264.

[220] AGA.

[221] CDMH, sig. SM_PSET_118.

[222] CDMH, sig. PS_SANTANDER_D_7.

[223] NAO / AGN // TRP_SENTENCIAS_Lb2_N690.

[224] NAO / AGN // TRP. Lb.1, N.384.

[225] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[226] HUA / AMH // A-3-53 (H108). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1938.

[227] AGA.

[228] NAO / AGN // TRP_SENTENCIAS_Lb1_N476.