Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024
 4.1. LANGILE PUBLIKOEN GARBIKETA | 4.2. EMAKUMEEN AURKAKO ERREPRESIOA HERNANIN | 4.3. ERREPRESIO EKONOMIKOA 

 

4.2.
EMAKUMEEN AURKAKO
ERREPRESIOA HERNANIN

 

 

4.2.1. Emakumeen aurkako errepresioa Gerra Zibilean eta Frankismoan[62]

 

         Errepublikaren atalean azaldu bezala, hernaniar emakumeak, Euskal Herriko gainontzeko herrietan bezala, hainbat eskubide lortu ahal izan zituen egindako erreformei esker: hala nola, dibortzio eskubidea, boto eskubidea edo abortatzekoa. Era berean, Hernanin eta bere auzoetan, Emakume Abertzale Batzako zenbait emakume militantek, herriko plaza hartu eta mitinak emateko, propaganda egiteko... aukera izan zuten, betiere, lan banaketa sexual[63] tradizionala defendatuz. Emakume Abertzale Batzako euskal emakume militanteek, Bigarren Errepublikako gobernuak egindako erreformei esker, ordura arte EAJ/PNV alderdian zein egunerokotasunean, bertan izan gabeko protagonismoaz eta askatasun eskubideez probestu ahal izan zuten.

         Aldaketak aldaketa, garaiko zenbait emakume langilek, beren eguneroko bizi-kalitateak hobera egin zezan, ezinbestekotzat ikusi zuten lan baldintzak hobetuko zituen erreformen zein hautu iraultzaileen alde egitea. Horretan gehienbat, emakume komunistak eta anarkistak nabarmendu ziren, garaiko ordena osoki irauli beharra aldarrikatzen zuten, Bigarren Errepublikako gobernuari erreforma sakonagoak eskatuz. Hau da, boto eskubidea izanik ere, emakume langilearen sektore handienaren lan-baldintzek ez zuten hobera egin:

         “El establecimiento de la jornada laboral de 8 horas y la ley de Jurados Mixtos, así como la ampliación de seguros sociales resultó beneficiosa para las mujeres, pero no se podían acoger a estas mejoras las trabajadoras del servicio doméstico, y a duras penas conseguían algunas mejoras las demás, a tenor de las resistencias patronales[64]".

         Bigarren Errepublikako gobernuak emakume langileen aldeko zenbait lege bultzatu arren, oraindik ere, azken hauek gizonezko langilearen menpe jarraitzen zuten. Hau da, emakumeak lan eginik ere, gizonezkoak eman behar zion hartan jarduteko baimena eta hori gutxi ez balitz, oraindik ere, gizonezkoak kobratzen jarrai zezakeen bere emaztearen soldata[65]. Emakumea ezkongabe egonez gero, bere bizitza administratzeko ahalmena ematen zitzaion, aitak haren gaineko ardurarik izango ez zuelarik. Horrez gainera, instituzio publikoetako goi karguetako postuak gizonezkoek betetzen jarraitu zuten:

         “Con frecuencia se ha asegurado que las condiciones laborales durante la República mejoraron notablemente para el conjunto de la clase trabajadora. De las medidas apuntadas desde el gobierno se beneficiaron las obreras, si bien el cumplimiento de la legislación fue lento y trabajoso por la resistencia de la patronal y las circunstancias políticas y sociales"[66].

         Hortaz, esan daiteke Errepublikako gobernuak erreformak burutu zituen arren, ordaindik ere, lan banaketa sexualarekin amaitzetik urrun zegoela. 1936ko otsailean hauteskundeak irabazitako Fronte Popularraren gobernua, zenbaitek, ekonomikoki hierarkizatutako gizartearekin amaitu eta guztientzat justuagoa izanen zen sozietatea eratzeko tresna baliagarritzat erreparatu zuen.

         Hainbatek hala ulertzen zituzten baldintzak, ordea, guztiz eten ziren 1936ko uztailaren 17 eta 18 bitartean oligarkia eta militar frankistek emandako estatu-kolpearekin. Kolpisten helburu nagusietako bat gobernu errepublikarrak zein hainbat espektrotako militanteek buruturiko aldaketak ezeztatzea izan zen hasieratik. Horien artean, jakina, emakumeekin lotutakoak ere.

         Egin-eginean ere, kolpistentzat galtzaile ziren emakumeek errepresio bikoitza jasan zuten. Hots, birritan izan ziren galtzaile. Gizonezko hernaniarrek, hein handi batean, kartzelan zein kontzentrazio-esparruetan jasandako tortura fisiko eta ideologia frankistaren inposaketaren bidez haien gorputzen diziplinamendua jaso zuten. Emakume hernaniarrek, bestalde, haien gorputzetan oinarritutako diziplinamendu bortitza jasan behar izan zuten, horretarako, frankistak, errepresio sexuatuaz[67] baliatu zirelarik. Era berean, gizonezkoen modura kartzeletako tortura fisiko eta mota ezberdinetako adoktrinamenduak jasan ere zituzten emakume hernaniarrak egon ziren. Beste era batera esanda, frankistek errepresio-mekanismo ohikoez gain, emakumeentzat sexuan eta generoan oinarritutakoak ere baliatu zituzten.

         Emakume hernaniarrak, askatasun murritzak lortzetik, estatu frankistak agindu eta legeztatutako beren senarren erabateko menpekotasunera pasa ziren. Ordura arte, batik bat, komunismoaren eta anarkismoaren inguruan murgildu ziren emakume zein gizonezkoek lan banaketa sexualarekin amaitzeko zenbait neurri hartuta zituzten. Frankistek, ordea, haiek ezerezean uzten zituzten legeak inposatu zizkieten. Emakume Abertzale Batzako euskal emakume militante hernaniarrei dagokionez, lan banaketa sexualaren mantentzea haien helburu nagusia izanik ere, frankisten errepresio bortitza jasan behar izan zuten, gerran zehar, haien alderdiak Bigarren Errepublikako gobernuaren alde egin baitzuen. Gainera, emakume hauek espazio publikoa hartu zuten Errepublikan zehar.

 

 

4.2.1.1. “Emakume berria” eratzeko erabilitako errepresio metodoak

 

         Gerran zehar, oro har, bi emakume eredu nagusi bereizi ziren: alde batetik, emakume errepublikarra[68] eta bestetik, emakume tradizionala[69]. Hala, gerran parte hartu zuten alde errepublikanoak zein frankistak emakume eredu jakin bat babestu zuen. Alde errepublikanoak, emakume errepublikarraren irudia babestu zuen bitartean, alde frankistak, emakume tradizionalaren irudia babestu zuen, eta aurreko lerroetan adierazi gisan, emakume errepublikarraren irudia behin betiko desagerrarazten saiatu zen.

         Emakumearen eredu frankistak ez zuen bat egiten ordura arte Bigarren Errepublikako gobernuak egin zuen emakume askearen irudiarekin. Espazio publikoa hartzen hasi ziren emakume askeak, ez zetozen bat espazio pribatuan eta etxeko lanetara bideratuta zeuden gizonen mendeko emakumeekin. Alde frankistaren erabakia argia zen, rol tradizionalak jarraitzen zituzten emakumeak babesten zituen eta horrenbestez, ordura arte emakumeek beren askatasunaren bidean lortutako eskubideak kaltekotzat ikusiz, haiek deuseztatzeari ekin zieten. Hernanin prozesua aurrera eramateko ezinbestekoa izan zen alkate frankisten eta gainontzeko agintarien konplizitatea.

         Azken hauek, bereziki, Francok 1938ko udaran “Gabinete de Investigaciones Psicológicas” delakoko zuzendari izendatu zuen Antonio Vallejo-Najera Ejertzitoko Zerbitzu Psikiatrikoetako komandante eta zuzendariaren teorietan oinarritu ziren. Vallejo- Najera psikiatrak, teoria horiek, Francok Malagako kartzela batean eginarazi zizkion emakumezko eta gizonezko errepublikanoen analisietatik atera zituen. Haren helburu nagusia, ideologia marxista zuten pertsonek, gainontzekoek baino burmuin ezgaituagoa zutela frogatzea zen.

         Emakumeen ikerketa burutu ostean, haien burmuinak, animalia eta umeetara asko gerturatzen zirela adierazi zuen eta egunerokotasunean izaera hori kontrolatzeko zenbait jarraibide erabiltzen zituztela. Emakume errepublikanoek ordea, jarraibide hauek galdu egin zituztela determinatu zuen eta horren eraginez, gaizkiletzat izendatu zituen, emakume tradizionalak ez bezala. Psikiatra frankistak, dohain gaizkileak izatearen errudun nagusitzat, marxismoa zuen. Emakumeak, bere sentimenduengatik egiten zuen aurrera ideia marxistekin, ez haien ideologia determinatzeko gaitasuna zutelako. Inguruaren eraginez bihurtu zen emakumea halakoa, ez bere ideia propioengatik.

         Modu horretan, emakumea, bere kabuz erabakitzeko gai ez zela eta zaindari baten beharra zuela adierazi zuen. Emakumearen zaindaria, ohi bezala, gizonezkoa izango zen, baina balio tradizional eta frankistetan hezitako gizonezkoa, eta ez, balio errepublikanoetan hezitakoa. Gainera, Vallejo-Najerak eginiko astakeria oro, justifikatuta izatea lortu zuen, psikiatren lana guztiz zientifiko eta objektibotzat hartzen baitzen. Francok, hiltzaile papera, “ikerketa zientifiko” baten bidez, estali ahal izan zuen; bitartean, jendartean ongile papera eman ziotelarik, guztien onerako baitzen gaixoak (emakume errepublikanoak) sendatzearen eta salbatzearen lana. Beste zenbait gauzen gisara, txosten zientifiko hori ere, propaganda propiorako erabili zuen.

         Oinarri horiei men eginez, balio tradizionaletan oinarritzen zen emakume berriaren eraikitzeari ekin zion frankismoak. Hori lortzeko, ezinbestekoa zen Bigarren Errepublikan zehar askatasunak lortu zituen emakumea deuseztatzea. Horregatik, emakumeek, bi errepresio modu jasan behar izan zituzten. Alde batetik, zuzeneko errepresioa jasango zuten, hau da, beraiek espazio publikoko akzio politikoetan parte hartzeagatik jasango zuten errepresioa. Bestetik, zeharkakoa, zeina senideren bat abertzalea, errepublikanoa... izanagatik jasango zuten. Emakume haiek, aurreko lerroetan azaldutako errepresio sexuatua jasan behar izan zuten (bortxaketak, ile mozketak, errizino- olioa, irainak, ume-kentzeak... ).

         Queipo de Llano militar frankistak 1936an, Sevillako irratian esandako esaldi honek ongi baino hobeto adierazten du, gerran eta diktadurako urteetan zehar, emakumeek zer-nolako errepresioa jasan behar izan zuten:

         “Nuestros valientes legionarios y regulares, han demostrado de rojos cobardes, lo que significa ser hombres de verdad. Y de paso también a sus mujeres. Esto está totalmente justificado, porque estas comunistas y anarquistas, predican el amor libre. Ahora por lo menos sabrán lo que son hombres y no milicianos maricones. No se van a librar por mucho que berreen y pataleen"[70].

         Bigarren Errepublikan zehar lortutako eskubideak galtzeaz gain, gizonezkoen gero eta jabetza handiagoa bihurtu ziren. Emakumeak, ama eta emazte ona izateaz gain, rol tradizional femeninoak bete beharra zituen: portaera onak, adimen- gutxiagotasuna, sentiberatasuna, hauskortasuna, otzantasuna, hunkiberatasuna, mendetasuna, gizonarekiko menpekotasuna eta sumisioa, sakrifizio espiritua, umiltasuna, erlijiotasuna... Emakumea, frankisten arabera, ez zen gai bere kabuz aurrera egin ahal izateko eta horrenbestez, gizonarekiko sumisioa izan beharra zuen. Horrez gainera, Bigarren Errepublikan bultzatu zen ama ezkongabearen irudia onartezina zen frankismoarentzat. Umeak eduki ahal izateko, ezinbestekoa zen ezkonduta egotea, frankistek horretarako hezi zuten, bestela bekatu kontsideratzen zen. Esaterako, zenbait herritan, zenbait emakume ezkongabeen haurrak ez zituzten egunez bataiatzen, gauez bakarrik onartzen zitzaien bataioa. Abortatzea ere ez zuten frankistek begi onez ikusten. Horren adibide da Pilar Lesacaren espetxeratzea, zeinak 6 urteko kartzela-zigorra jaso zuen abortatzeagatik.

         1938ko Lanaren Foroak, emakumea espazio pribatura mugatzea ekarri zuen eta, batez ere, ezkondu ondoren ez zitzaion utzi espazio publikoan lan egiten. Espazio publikoan lan eginez gero, betiere, gizonezkoak baino gutxiago kobratzen zuen. Gizonezkoak, emakumearen soldata kobratzea eskatzeko aukera ere bazuen. Langile publiko izatea edo titulu profesionalak jaso nahi bazituen 1937ko urriaren 7tik 378 dekretuaren bidez araututa zegoen Zerbitzu Soziala bete beharra zuen. Hori betetzeaz salbuetsita zeuden, gaixotasunen bat zutenak, ezkonduta edo alargun eta seme-alaba bat baino gehiago zituztenak, gerran zehar sortutako eta Zerbitzu Sozialaren antzekotasuna zuten instituzioetan parte hartu zutenak eta lanaren eraginez deskantsurik ez zutenak.

         Gainera, 1944ko Kode Penalaren bidez, emakumea harik eta menpekoagoa bihurtu zen. Horren arabera, emakumearen senarrak edo 23 urte azpiko emakumearen aitak, berau adulterioa edo egoera analogoetan topatzen bazuen, hura zauritu edo hiltzeko baimena ematen zion. Ezin zen antikontzeptiborik erabili ez eta abortua praktikan jarri ere.

         Frankismoak haren botere nazionala handitu nahi izan zuen eta horrenbestez, emakumeak ugalketan izugarrizko garrantzia zuen. Diktadura frankistan zehar, emakumeak, estatu diktatoriala defendatu eta eraikitzeko gai izango ziren seme-alabak eman behar zituen. Demografia hazteko asmoz, instituzio frankistek, antikontzeptiboen salmenta debekatu eta ugalketa kontrolatuko zuten zenbait neurri martxan ezarri zituzten.

         Eliza eta Seccion Femenina[71] antolakundea izan ziren, estatu frankistari emakumearen irudi berria ezartzen lagundu zioten instituzio indartsuenak.

         Hezkuntzaren bidez, emakumeak, amatasunerako prestatzea bilatzen zen, hau da, hezkuntza emakumearen gai domestikora bideratuta zegoen. Emakumeen liburuetan, berau, josten... hau da, etxeko eginbeharrak eginez ageri zen. Irakasle, mekanografia edo erizain lanetan ere ageri zen, hauek ere rol tradizionalak betetzen zituztelako. Gizonezkoak berriz, haien liburuetan, espazio publikoan lanean irudikatzen ziren.

         Emakumeak, 17 urte betetzean Seccion Femenina-ra sartu behar izaten zuten, 7-17 urte bitartean Regiduría Femenina de las Organizaciones Juveniles (1937ko abuztua-1940ko abendua), geroago Frente de Juventudes (1940ko abendua-1944ko apirila) delakora sartu behar izaten zutelarik. Gazteen falangean afiliatutako 11-14 bitarteko emakumeek, arratsaldean irakaspenak jasotzen zituzten. 15-17 bitartekoek, hizkuntzak, mekanografia, kontabilitatea. ikasten zituzten. Horrez gainera, “Ikastunen Tailerra” delakoa ere izaten zuten “Fletxen Etxeko” emakume afiliatu haiek.

         1941eko urrian, unibertsitatera joan ahal izateko, emakumeek, etxekoandre azterketa bat egin beharra izaten zuten. Ez dago esan beharrik, indarkeria sexistako kasuak, guztiz estaliak izan zirela eta ideologia frankistak, emakumea indarkeria sexistaren errudun nagusi egin zuela. Horrezaz gainera, Bigarren Errepublikako alderdi edo sindikatuekin nolabaiteko zerikusia zuten emakumeei[72], luto eskubidea kendu, festa nazionaletan dantzatzera behartu zein beren seme-alaben izenak doktrina katolikoaren oinarriak jarraituz aldatzera behartu zituzten.

         Instituzio frankisten aparatu eta ideologia hau guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa, Hernanin ere, emakumeen aurkako errepresioaren lekukotza izatea. Hernaniko emakumeek, errepresio aparatuaren ondorioak jasan behar izan zituzten tropa frankistak herrira sartu eta diktadurak iraun zuen bitartean. Arestian aipatu gisan, mota askotariko errepresioak pairatu zituzten: ile mozketak, guraso errepublikanoak zituzten umeen bahitzeak, irainak, isun ekonomikoak, depurazioak, fusilatzeak... Segidan, puntuz puntu, errepresio mota hauek guztiak jasan zituzten emakumeen berri ematen saiatuko gara. Aldez aurretik, esan, emakumeen ikerketaren arloan, dokumentuen eskasia aurkitu dugula[73].

 

 

4.2.2. Hernaniar emakumeek jasandako errepresio mota anitzak

 

         Euskal Herrian eta Estatu Espainiar osoan gisan, tropa frankistek irailaren 13an Hernaniko herria hartu zutenean, emakume errepublikanoaren gorputza diziplinatzeko zenbait errepresio gauzatu zituzten, horien artean: ile mozketak eta paseoak, sexu erasoak, irainak, isun-ekonomikoak, herritik kanporatzeak... gauzatu zituzten. Aipatu guztiak, batik bat, emakumearen gorputzaren gain aplikatutako errepresioak izan ziren, zeintzuek frankistak sortutako “emakume berria” onartzeko metodologia gisa erabili zituzten. Hernanin, errepresio jakin honen kaltetuenak, Emakume Abertzale Batzako zein ideologia ezkertiarreko militanteak eta tropa frankisten aurka borrokatzera joandako gizonezko gudarien emazteak izan ziren. Beraz, emakume haiek, militantzia politiko propioagatik zein senideen militantzia politikoagatik jasan behar izan zuten errepresioa. Tropa frankistek emakume haietako asko, zigor gisara, tropa frankistentzako arropak jostera behartu zituzten. Hura izan zen Maria Luisa eta Consuelo Goicoechea ahizpen kasua ere. Azken hauek Komandante Militarraren agindua ukatu zuten arren, behartuta, arropak josi beharra izan zuten.

         Hernanin jaio edo bizi edo errepresioa jasan zuten 60 emakumetik gora kartzelaratu zituzten frankistek. Kartzela ez zen izan ordea jasan zuten errepresio mota bakarra. Hurrengo lerroetan, tropa frankistek emakume hernaniarrei aurreko lerroetan deskribatutako teoriak sistematikoki aplikatuz gauzatutako gorputzen diziplinatze bortitzaz jardungo dugu.

 

 

4.2.2.1. Ile soiltzeak, olio errizinoa eta biluzik kaleetatik:

 

         Ilea, emakume izanaren iruditerian sartzen zen ezaugarrietako bat zen; hau da, jendarteak, emakumeak irudikatzean, ile luzedun subjektutzat zituen. Ilea emakumeen identitate eredutzat hartzen zen (Eliza katolikoak hala defendatzen baitzuen) eta hori kentzeak, emakumeei haien identitatearen zati bat birrintzea zekarren:

         "(...) dicha mutilación de un atributo físico enormemente sexuado (a veces aplicado simultáneamente con el rapado de las cejas) afectó exclusivamente a las mujeres, aunque es preciso mencionar la existencia de algunos casos marginales de rapado de hombres”[74].

         Errepresio mota hau jasan zuten emakumeen artean, rol tradizionalekin hautsi zutenak zeuden: irakasle errepublikarrak, langile mugimenduan parte hartutako emakumeak, gudariekin zerikusia izandako emakumeak, ospitale errepublikarretan lanean jardundako erizainak, intelektualak, preso zeuden gizonezkoen emazteak, politikoki eragina izan zuten gizonezkoen senideak... Emakume hernaniar batek emandako testigantzan islatzen da hau:

         "Emakumeak. harrapatu ta ilea muztuta kale buelta eramaten zuten, ilea a cero moztu ta kale buelta”[75].

         Hernaniren kasuan testigantza bati esker dokumentatu dugu ile-mozketa kasu bat. Maria Pilar Lujanbio Olanok azaldu moduan, emakume hernaniar batzuei ilea moztu zieten euskaraz hitz egiteagatik. Soiltzeaz gain, kaleetatik paseatu zituzten trapu zar bat jantzita[76].

 

 

4.2.3. Ekintza politikoetan parte hartzeagatik errepresio ekonomikoa zein kartzela jasandako emakume hernaniarrak

 

         Hernanin, tropa frankistak sartzen joan ahala Euskal Herriko gainerako herrietan gertatu gisan, Bigarren Errepublikan zehar ekintza politikoetan parte hartutako emakumeak gogor zigortu zituzten. Zenbakiz, betiere, Euskal Herri mailan, gizonezkoak baina kantitate txikiagoan jasan zituzten gerra kontseiluak eta sartu zituzten emakumeak kartzelara. Baina aurreko lerroetan nabarmendu dugun gisan, haiek jasandako errepresioa, kualitatiboki, bortitza eta diziplinamendu handikoa izan zela esan genezake. Hernanin, haien ekintza politikoengatik, emakumeek, Gerra Kontseiluak, kartzela zein isun-ekonomikoak jasan zituzten.

         Guztira, Hernanin 59 emakume inguru izan ziren justizia militar frankistaren prozedura ezberdinetatik pasa zirenak[77]. Hauetatik batzuk, kartzelan edo beren etxeetan egon behar izan zuten epaiketa burutu bitartean; behin sententzia emandakoan, batzuek kartzelan zein haien etxeetan denbora gehiago egin behar izan zuten, beraien askatasuna haien ideologia politikoagatik mugatuta. Gehienak haien militantzia politikoagatik prozesatu zituzten, eta filiazio politikoari dagokionean, abertzaleak edota sozialista/komunistak izateaz akusatzen zituzten. Gainera, 60 emakumetik gora egon ziren preso espetxe ezberdinetan. Erdia baina gehiago ezkertiarrak izateaz edota ezkertiarrekin zerikusia zuten ekintzetan parte hartu izanaz akusatu zituzten agintari eta herritar frankistek egindako informe eta deklarazioetan.

         Emakume zigortuetatik 23k gutxienez Ondarretako espetxean bete behar izan zuen haien espetxe-zigorra. Egon zen, hala ere, Saturrarango Emakumeen Kartzelan haren kondena bete behar izan zuen emakume hernaniarrik ere. Huraxe izan zen Anastasia Laplana Garmendiaren kasua. Espetxe hartan, Mutrikuko Erregistro Zibila kontuan hartuta, guztira, 116 emakume eta 56 haur hil ziren. Egoera tamalgarria bizi izan zutela diote bertan espetxeratuta egon ziren emakumeek. Gosea eguneroko otordua zen eta zer esanik ez ur garbiari dagokionez, ikusten zuten garbiena kartzelaren parean zegoen hondartzaz bestaldeko itsasokoa zen. Presondegiak 1940an 1.500 preso inguru zituen[78] eta ziegetan ez zegoen guztientzako toki erosorik. Emakumeek, lurrean egin behar izaten zuten lo, ahal zutenean. Hain zuzen, batzuk zutik egon behar izaten zuten, guztientzako lo egiteko tokirik ez zegoelako eta lo egiteko, txandak egin behar izaten zituzten.

         Baldintza haietan gaixotasunak erraz hedatu ziren eta gosez defentsak jaitsita, gaixotasunak errazago hartu zituzten presoek. Presoek protestak egiten zituzten, baina espetxeko ordenaren zaindari ziren mojek, zigor-ziegak erabili zituzten emakume presoak zigortzeko. Baldintza tamalgarri haien guztien lekuko izango zen Anastasia Laplana Garmendia jaiotzez tolosarra ere.

 

 

4.2.3.1. Hernanin edota Lasarten preso egondako emakumeak

 

Alonso Echepare, Gabina

         1913an Villabonan jaioa, herriko Portu paper-industrian lan egiten zuen gerra aurretik. Herrian mugimendu errepublikarrekin bat egiten zuen eta apirilaren 14 batean banderadun ere izan zen errepublikarren manifestazio batean. Arrazoi horregatik frankistek salatu egin zuten eta Lasarteko udaletxean zegoen kartzelan sartu zuten preso. Luis Telesforo Cardoso senarra izan zena ere errepublikarra zen eta lehen unetik miliziano gisa jardun zuen kolpisten aurka borrokan, ondorioz Kantabrian frankistek atzitu zutenean espetxeratu egin zuten 1937ko udan eta ostean gatibu-lanak egitera behartu zuten Espainiar Estatuko hainbat lekutan[79].

 

LASARTEKO FALANGEKO EGOITZAN PRESO EGONDAKO EMAKUMEAK /

IZEN-ABIZENAK

DATU GEHIGARRIAK

Artola Iriarte, Elvira

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Artola Iriarte, Nemesia

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Barcala Aguirreazcuonaga, Trinidad

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso zegoen emakumeetako bat, bere lau seme-alabekin batera Lopez Barcala, Maria Carmen [13 urte] / Jose Luis [11 urte] / Amparo [9 urte] / Alicia [3 hilabete]

Espinosa Vazquez, Juana

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Gomez Sierra, Donatila

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Larumbe Esparza, Francisca

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Lasa Arcelus, Josefa

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Lema Larumbe, Araceli

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Lema Larumbe, Pilar

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Lete Lete, Josefa

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Lopez Barcala, Alicia

3 hilabete. 1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso zegoen Barcala Aguirreazcuonaga, Trinidad ama eta anai-arrebekin batera

Lopez Barcala, Amparo

9 urte. 1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso zegoen Barcala Aguirreazcuonaga, Trinidad ama eta anai-arrebekin batera

Lopez Barcala, Jose Luis

11 urte. 1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso zegoen Barcala Aguirreazcuonaga, Trinidad ama eta anai-arrebekin batera

Lopez Barcala, Maria Carmen

13 urte. 1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso zegoen Barcala Aguirreazcuonaga, Trinidad ama eta anai-arrebekin batera

Otamendi Olloquiegui, Manuela

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Perosanz Sualdea, Elisa

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Prieto Prieto, Leocadia

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Reoyo Espinosa, Felisa

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso zegoen emakumeetako bat, bere 5 urteko seme Videri Espinosa, Felix-ekin batera [erroldaren arabera Videgui Espinosa, Felix da]

Sevillano Idiazabal, Dolores

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

Sierra Sanchez, Dionisia

1937/09/18an Lasarteko Falangeko egoitzan preso

 

 

4.2.3.2. Preso egondako edota justizia militarretik igarotako emakume hernaniarrak

 

1. Aguayo Barrios, Irene

         1909ko maiatzaren 19an Otañes (Kantabria) herrian jaio zen, baina 1932tik Lasarten bizi zen. 1936ko irailean matxinoen zutabeak Urnietatik herria mehatxatzen zutela ikusita Bizkaia alderako bideari ekin zion bere senar Saturnino Polo, beraien seme-alabak eta Julia eta Victor gurasoekin batera[80]. Gerra fronteen gainbehera eta gero baina Kantabriara lekualdatu behar izan zuten, Pamanes herrira, non UGTko afiliatu gisa agertzen den Rosario ahizparekin batera[81]. Espainiako Gerra Zibileko Iparraldeko Frontea deiturikoa matxinoen esku geratu eta gero, pentsa genezake Irene Aguayo bere familiarekin batera Lasartera itzuli zela. Hala eta guztiz ere, seguru dakigu 1938 urtean Lasarten bizi zela, auzitegi militarrek bera, bere ahizpa Rosario Aguayo eta ama Julia Barriosen aurkako ikerketa bat martxan jarri baitzuten. Ikerketa-prozesu hau 1939ko apirilean itxi zuten, non Julia Barrios ama 25 pezetako isun ekonomikoa ordaintzera kondenatu zuten[82].

2. Aguayo Barrios, Rosario

         1918ko irailaren 21ean jaio zen Barakaldon, baina bere familiarekin batera 1929an Lasartera bizitzera joan zen. Lasarteko ehunka herritarrekin batera 1936ko udan gerra beraien etxeetan ate-joka zela ikustean Julia Barrios eta Victor Aguayo gurasoekin eta hainbat anai eta ahizparekin batera Bizkaira ihes egin behar izan zuten[83]. Dena den, sendi honek guztiak berriro ere atzerakari ekin behar izan zion matxinoek Euskadiko Gudarosteak defendatzen zuen frontea hautsi eta gero, 1937ko udaberrian. Orduan Kantabriarako bidea abiatu zuten, Pamanes herriko errefuxiatu zerrendan agertzen baita, non zehazten den UGTko kide zela[84]. Suposa genezake matxinoen kontrol esparruetan geratu zirela eta denborara Lasartera itzuli zirela, izan ere, bertan bizi zirelarik 1938 urtean auzitegi militarrek Rosario Aguayo, Irene bere ahizpa eta Julia amaren aurkako ikerketa bat hasi zuten. Ikerketa honetan Julia Barrios ama 25 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten 1939ko apirilean[85].

3. Almandoz Macazaga, Sofia

         1918ko irailaren 18an Hernanin jaio zen eta 16 urte izan zituen arte Hernaniko Benefizentzia etxean bizi izan zen. 16 urterekin, Donostiara bizitzera joan zen eta hiriburuko erdigunean ezarri zen. 1936ko udan, gerra hotsak Urumeako bokalera iritsi zirenean eta kolpisten tropak bertaratzear zeudela, irailaren 12an hiria utzi eta ez zen Gipuzkoara itzuliko 1937ko irailaren 14ra arte[86].

         Une horretan, Lasarten ezartzea lortu bazuen ere, bertako komandantzia militarraren aginduz atxilotu egin zuten eta Ondarretako espetxera eraman zuten preso, ezkertiarra izateagatik eta matxinoen eta eliza katolikoaren aurkako adierazpenak egiteagatik. Esaterako, Jainkoaren existentzia ukatzea egozten zioten.

         Sofia Almandoz Ondarretako espetxean izan zuten preso, Auzitegi Militar frankistek bere aurkako epaiketa batean amaituko zen prozesu judizial bat abian baitzuten. Gerra Kontseilu hau 1939ko maiatzaren 10ean gauzatu zen eta Sofia Almandozekin batera Hernaniko Lema Larumbe sendiko ama eta bi alaba epaitu zituzten, ezkertiarrak zirelako eta erregimen frankistaren aurkako adierazpenak egitea egozten zietelako. Frankisten akusazio hauek fiskaltzak ontzat eman eta gero auzitegiek Sofia Almandoz hiru urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten. Espetxealdia Ondarretan bete behar izan zuen 1940ko abuztuaren 4an aske geratu zen arte[87].

 

Sofia Almandozen espetxe fitxa (AGA)

 

4. Alonso Velasco, Felicitas

         1910eko martxoaren 7an Campillo (Valladolid) herrian jaioa, Higinio eta Urbana guraso eta anaiarekin batera 1921 urtean Lasartera bizitzera etorri ziren, bertako Kale Nagusiko etxe batean ezarriz[88].

         Lasarten bizi bazen ere, Oriako Brunet enpresan lan egiten zuen eta bertako kideen gehiengoa bezala, UGT sindikatura afiliatua zegoen. Horrela, Gerra Zibila hasi zenean, familiako lau kideek Defentsa Batzordearen ebakuazio deiari kasu egin zieten eta Bilborako bidea hartu zuten, bertan errefuxiatu gisa biziz hainbat hilabetez. Horretaz gain, gerra frontean borrokan zebilen miliziano batekin ezkondu zen Felicitas Alonso, baina borroka horietako batean senarra hil zioten eta gutxira, 1937ko ekainean, gerraren bilakaerak tarteko, Bilbo atzean utzi behar izan zuten. Hasiera batean Trapagaranera lekualdatu ziren eta beranduago Kantabriako hainbat herritan errefuxiatu ziren, 1937ko abuztuaren 24an Santanderren atzitu zituzten arte.

         Orduan baina, erregimen frankistak Lasartera itzultzeko agindua igorri zion Felicitas Alonsori, eta bertan bere aurkako ikerketa bati hasiera eman zioten agintari frankistek. Herriko agintari frankistek komunista izan eta hauen manifestazio eta ekitaldietan parte hartzea leporatzen zioten. Hori guztia egia zen ala ez jakiteko, Lasarten testigantzak jaso zituzten frankistek. Testigantza haiek, herriko agintariek salatutakoa ukatzen zuten eta hala, prozedura artxibatzea erabaki zuen gerra auditoreak 1938ko irailean. Hala eta guztiz ere, UGTra afiliatua egoteagatik eta zutabe kolpistengandik herritik ihes egiteagatik, isun ekonomiko bat ordaintzera zigortu zuten. Felicitas Alonsoren aita Higinio Alonso ere, alaba bezala, 100 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten. Hau ordaindu ezean, espetxe subsidiarioa zegokion[89].

5. Apaolaza Aramburu, Ursula

         Apaolaza Aramburu sendiko kideak Hernaniko EAJko kide nabarmenak ziren. Ursula Apaolazaren anaiak EAJ eta ELAko idazkari izan ziren eta, gainera, Ursula Apaolaza bera ere EABko kide zen gerra aurretik. Gerra Zibila hastean, Ursula Apaolazaren anaiek EAJren baitan Hernaniko Defentsa Batzordearentzat lan egin zuten eta anai gehienek herritik ihes egin zuten matxinoak herrian sartzear zirela. Bitartean, ordea, haietako batek, Juan Apaolazak, ez zuen ihes egin eta handik gutxira erreketeen tertzioetara batu zen. Hala ere,

         1937 hasieran, bere herrikide Antonio Odriozola eta Felipe Sarrieguirekin batera inoren lurra gurutzatu eta Euskadiko Gudarostera batzeko hautua egin zuen. Erabaki honen ondorioz, errepresio gisa Ursula Apaolaza arreba eta beste lau emakume abertzaleren aurkako salaketa ezarri zuten Fermin Iturrioz eta Julian Madina alkateak, desertzio honetan laguntzea eta Ursula Apaolazaren kasuan abertzaleen aldeko espioi izatea egotziz. Salaketa hori egiteko froga bakarra hiru gazteekin hitz egiten ikusi zituztela izan zen.

         Horretaz gain, anaiaren desertzioaren aurretik Apaolaza Aramburu familia bizi zen etxeko ondasunak konfiskatu eta ihes egindako senitartekoak agertu ezean etxetik kanporatuak izango zirenaren jakinarazpena jaso zuten 1937ko urtarrilean. Auzitegietan baina, prozesuan Fermin Iturrioz eta Julian Medinaren salaketak zirenez froga bakarra, eta beste testigurik ezean kausa artxibatzea proposatu zuen fiskaltzak 1937ko ekainean. Hala eta guztiz ere, prozesuak irekita jarraitu zuen 1940ko irailean gerra auditoreak erabakia berretsi zuen arte[90].

6. Aramburu Chinchurreta, Maria

         Lasartearra zen, 1917ko maiatzaren 11n jaioa, eta Kale Nagusian bizi zen, Ricardo Aguirre senarrarekin batera[91]. Fronte Popularra osatu zuen Izquierda Republicanaren jarraitzailea zen. Gerra garaian, haur txikiarekin batera, kolpistengandik ihesi, hasiera batean Donostian eta geroago Bilbon errefuxiatu behar izan zuten, matxinoen bonbardaketen beldur.

         Ricardo senarra orduan Euskadiko Gudarostean engaiatu zen eta Maria Aramburu seme txikiarekin Bizkaiko hiriburuan errefuxiatu zen hasiera batean eta Nojan beranduago (Kantabria) matxinoek hau bereganatu zuten arte. Milaka errefuxiatu bezala orduan Hernanira itzultzea beste aukerarik ez zuen izan eta 1937ko iraila hasieran iritsi bezain pronto Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera behartu zuten. Bitartean, erregimen frankistak bere aurkako prozedura bat ere martxan jarri zuen, “muturreko ideiak” izatea eta Fronte Popularra babestea egotziz.

         Horretaz gain, atxilotua eta espetxeratua ere izan zen epai hau burutu aurretik. 1938ko urrian Burgosko Gerra Auditoreak bere aurkako prozedura artxibatzea erabaki zuen, ezin izan ziotelako inolako ekintza edo deliturik egotzi[92].

7. Aramendi Goicoechea, Margarita

         1924ko ekainaren 4an Errenterian jaioa, Lasarteko Kale Nagusian bizi zen Jose Elizalde senarra eta alabarekin batera. Lasartear ugarik bezala, 1936ko abuztu amaiera eta iraila hasiera bitartean etxea atzean utzi eta Bilbora ihes egin behar izan zuten gerra zela eta[93].

         Aramendi Goicoechea familia hasiera batean Bizkaiko hiriburuan babestu bazen ere, azken hau matxinoen atzaparretan erori zenean Santanderrera (Kantabria) lekualdatu behar izan zuten. 1937ko abuztuan Kantabriako hiriburua matxinoek beraien menpe hartu ondoren, bikotea atxilotu eta Torrelavegako (Kantabria) espetxera eraman zituzten preso.

         Atxiloketaren arrazoia honakoa izan zen, Margarita Aramendi eta Jose Elizalde senar-emazteek taberna bat zuten Lasarten eta bertan auzoko langileak biltzen ziren. Horrez gainera, gerrak Hernanin iraun zuen asteetan, herriaren defentsarako antolatu ziren milizia taldeak ere bertan biltzen zirela adierazi zuten. Gauzak horrela, Hernaniko agintari frankistek Fronte Popularreko alderdi eta antolakundeak bertan biltzea egotzi zioten bikoteari, eta Margaritaren kasuan honelako salaketak egin zituzten bere aurka:

         “...Mujer nefasta y de malísimos instintos contra toda persona de cultura y de orden... de ideas extemistas... votó al Frente Popular.”.

         Horretaz gain, herrian matxinoen aldekoen atxiloketa eta hilketen jakitun eta konplize izatea egotzi zioten eta horretan oinarrituta behin-behineko espetxealdia ezarri eta bien Gerra Kontseilu batean burutuko zen auzibidea abiatu zuten. Epaia hastean, Ondarretako espetxera lekualdatu zituzten senar-emazteak.

         Egindako deklarazioetan bikoteak salaketa hauek ukatu bazituen ere, adieraziz ekintza hauekin erlaziorik ez zutela izan, Hernaniko agintari frankisten akusazioak ontzat eman zituen Donostiako auzitegi militarrak eta Margaritari matxinada-proposamena egitea leporatu zioten. Horregatik guztiagatik, bi urteko espetxealdira kondenatu zuten 1939ko maiatzean[94].

8. Arocena Segurola, Lucia

         1896ko irailaren 15ean jaio zen Urnietan, eta ezkondu ostean Zarautz eta Donostian bizi izan zen bere senarra eta Maria Aranzazu Echeveste alabarekin batera[95]. Hala ere, Gipuzkoako hiriburuan bizi zirela alargun geratu zen eta ondorioz, Lasartera bizitzera etortzeko erabakia hartu zuen, Michelin industrian lanpostu bat lortu baitzuen. Hala, Lasarteko Estazio kaleko etxe batean ostatu hartuta bizi izan zen alabarekin batera. Lucia Arocena abertzalea zen eta lantegian beraz ELA sindikatura afiliatua zegoen, nahiz eta ez zuen honek antolatzen zituen mobilizazioetan parte hartzen.

         1936ko udan, Gerra Zibila hasi eta gutxira kolpistak Lasarte eta inguruak bonbardatzen hasi zirenean, bere alaba txikia hartu eta babes bila Lasarte uzteko erabakia hartu zuen abuztuaren 13an. Horrela, hasiera batean Zarautzen babestu baziren ere, Gipuzkoako fronteen gainbeherak Bizkaira mugitzera behartu zituen, Mundakara hasiera batean eta beranduago Gueñeseko Zaramillo auzoan ezarriz. Azken horretan zeudela, Gueñes matxinoen esku erori zen eta Lucia Arocenak, alabarekin Lasartera itzultzeko erabakia hartu zuen.

         Baina bere aurrekari politikoak zirela eta erregimen frankistak Lucia Arocenaren aurkako ikerketa hasi zuen, abertzalea zelako eta Gerra Zibila zela eta herria utzi zuelako. Ikerketa abiatzean, Lucia Arocena behin-behineko askatasun egoeran zegoen. Hala ere, Lasarteko auzo-alkateak eta Falangeak bere alde igorritako mezuen ondorioz prozedura hau bertan behera geratu zen eta behin betiko askatasuna berreskuratu zuen 1938ko abenduaren 21ean[96].

9. Arrizabalaga Aguirresarobe, Pilar

         1916ko azaroaren 15ean jaio zen Bilbon, baina jaio bezain pronto Lasartera bizitzera etorri zen familiarekin batera[97]. Urte batzuen ostean, Michelin enpresan lan egiten hasi zen eta bertako langile ugari bezala UGT sindikatura afiliatua zegoen.

         Gerra Zibila hastearekin batera, Romualdo Ocariz senarrarekin batera Michelin enpresan lan egin zuten, azken hau abuztua hasieran itxi zen arte. Une horretan baina jada gerra hotsak nabariak ziren herriko inguruetan eta kolpisten aurrerakaden ondorioz, Lasarte uzteko erabakia hartu zuten. Handik Bilborako bidea egin zuten, eta bertan Campo de Volantin pasealekuko etxe batean errefuxiatu ziren.

         1937ko uztailaren 10ean baina Lasarteko Komandantzia Militarraren aginduz atxilotu egin zuten Romualdo Ocariz senarrarekin batera eta Ondarretara eraman zituzten preso. Ricardo Izaguirre zinegotzi frankista izango zenak eta milizianoek atxilotu zutenak osatzen zuen “Junta Local Informativa”-k Pilar Arrizabalagaren eta Romualdo Ocarizen aurkako txostena egiteagatik atxilotu zituzten. Txosten haietan, falangistek, Pilar Arrizabalaga Errepublikaren aldeko mugimenduekin lerratzen zela eta miliziana gisa jardun zuela Hernanin adierazi zuten. Txosten berdinean, Ricardo Izaguirre zinegotzi frankista izango zenak, azken hau milizianoek atxilotu zutenean Romualdo Ocarizek ez zuela ezer egin adierazi zuen.

         Pilar Arrizabalagak espetxean zen une guztietan miliziana gisa jardutea ukatu zuen, baina Lasarteko FET-JONS-ek eta bertako auzo-alkate Sebastian Echaniz jaunak ere salaketa berretsi egin zuten. Ildo bereko adierazpenak egin zituen Guardia Zibilak ere, baina Hernaniko udal frankista Pilar Arrizabalaga ezkertiarra zela esatera mugatu zen. Hori dela eta behin-behineko espetxeratzea berretsi zioten eta bere aurkako ikerketa bat abiatu zuten auzitegi militarrek. Bertan, Pilar Arrizabalagak aurkeztu zituen lekuko guztiek bere aldeko testigantza eman zuten, tartean Michelin enpresako goi karguak.

         1938ko ekainean baina, froga faltaren aurrean FETJONS-eko informazio batzordeak salaketa erretiratu zuen, akats bat izan zela argudiatuz, miliziana izan zen bere ahizpa batekin nahastu zutela Pilar Arrizabalaga aitzakia gisa adieraziz. Salaketa faltsu hori bertan behera geratu zenean, 1938ko ekainaren 21ean baldintzapeko askatasuna lortu zuen, nahiz eta zortzi egunean behin epaitegian aurkezteko baldintza ezarri zioten.

         Une honetan beraz, Lasartera bizitzera itzuli zen senarrarekin batera. Bien bitartean beraien aurkako ikerketak aurrera jarraitzen zuen. Mantentzen zen salaketa bakarra ezkertiarra izatea bazen ere, 1938ko irailaren 23an beraien karguetatik absolbitu egin zituzten, bere ideologia zigortzeko unean behin-behineko espetxealdian igarotako denbora nahikoa zigor zela argudiatuz[98].

10. Artigas Asin, Maria

         1900eko urriaren 4an Montañana herrian jaioa, gerra hasi aurretik Hernanin bizi zen Francisco Grajal gizonarekin eta seme-alabekin batera. Gerra hasi zenean guztiek egin zuten herritik ihes[99]. 1937ko abenduaren 7an bere aurkako epaiketa hasi zuten auzitegi militarrek, salaketa bat medio:

         “[...] participación en actos contrarios al Glorioso Movimiento Nacional ni otro cargo que el de haber asistido con anterioridad a manifestaciones extremistas".

11. Artola Iriarte, Elvira

         1906ko urtarrilaren 25ean jaio zen Pasai San Pedron bere ahizpa Nemesia Artola bezala, baina gaztea zela bere familia guztiarekin batera Hernanira etorri zen bizitzera. Herrian arrain-saltzaile gisa lan egiten zuen bere ahizparekin batera[101]. Elvira zein Nemesia Artola, biak, herriko langile mugimenduarekin konprometituak zeuden eta honen mobilizazioetan parte hartze aktiboa zuten. Hala, Gerra Zibila hastearekin batera, biak, Hernaniko Gerra Komisariotzan izena eman zuten eta miliziano jantzi eta Udaletxean lanean zein zaintzak egiten jardun zuten, kolpisten erasoaldien ondorioz herria utzi eta Bizkaian babestu behar izan ziren arte. Armada Frankistaren aurka borrokatzeko asmoz baina, Anboto azpian babestu ziren eta hamarnaka hernaniar bezala, Dragones milizianoen batailoi sozialistan izena eman zuten. Borrokatu zuen fronte ezberdinetan, garbitzaile lanetan jardun zuen (Nemesia Artola ahizparen gisan), betiere 1937ko udan Bizkaia kolpisten esku erori zen arte.

         Gauzak horrela, gainbehera honen uneren batean Armada Frankistaren kontrol esparruren batean geratu ziren, Hernanira itzuli baitziren 1937ko irailean. Une horretan, Hernaniko Guardia Zibilaren komandantziak kexa txosten bat igorri zuen, honakoa adieraziz:

         “Muy roja, asistía a las manifestaciones de carácter extremista. Activa miliciana. Conducta y moralidad pésimas. Su regreso ha causado verdadera repugnancia a todas las personas decentes”[102].

         Pentsa genezake txosten honen ondorioz atxilotu egin zutela, izan ere, hilabete bereko hemezortzigarren egunean Lasarteko Falangearen Egoitzan zegoen preso, bera bezala gerratik ihesi joan ziren beste 21 emakumerekin batera[103]. Egun gutxira baina, Ondarretako espetxera lekualdatu zuten, bere ahizparekin batera Auzitegi Militar frankistek beraien aurkako lege-prozesua abiatu baitzuten. Hasiera batean Berenguer jeneral espainiarraren erailketa egozten zieten. Beraiekin batera, gainera, Consuelo Lopez Zubiri eta Dolores Sevillano hernaniarrak ere atxilotu eta espetxeratu zituzten.

         Horrela, Gipuzkoako hiriburuan izan zuten Elvira Artola preso 1938ko urriaren 15ean bere aurkako epaiketa gauzatu zen arte. Epaiketa hartan, bi ahizpak langile mugimenduko kide izan eta Defentsa Batzordearentzat lehenago eta Dragones batailoiarentzat beranduago lan egiteagatik 6 urteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten. Kondena Ondarretako espetxean bertan bete zuen 1940ko urriaren 19an baldintzapeko askatasuna lortu zuen arte[104].

 

CDMH.

 

12. Artola Iriarte, Nemesia

         1902ko abuztuaren 1ean jaio zen Pasai San Pedron, baina bere familiarekin batera 1906an Hernanira etortzeko erabakia hartu zuten, Antziola auzoan ezarriz. Nemesiak lan egiteko adina izan zuenean, bere ahizpa Elvirarekin arrain-saltzaile gisa lan egin zuen[105].

         Bere familiako kideak bezala herriko langile mugimenduan militatzen zuen, azken horrek antolatzen zituen mobilizazio eta ekintzetan parte hartuz. Horren baitan, 1936ko udan gerra hotsak Hernanira iritsi bezain pronto bere ahizpa Elvirarekin batera herrian kolpisten matxinada-militarraren aurka borrokatzeko antolatu zen Gerra Komisariotzaren agindupean lan egin zuen. Miliziana gisan eta udaletxean lanean jardun zuen eta zaintza armatuak ere egin zituen, horretarako pistola bat eskuan erabiliz. 1936ko irailean baina, matxinoen aurrerakada ezin geratzean Hernani utzi behar izan zuen bere senideekin batera, Bizkairako bidea hartuz.

         Bertan, bere ahizpa Elvira Artolarekin batera berriro ere kolpisten aurkako borrokara batu zen, Dragones batailoi sozialistan engaiatuz. Batailoi hartan garbitzaile lanak bete zituzten bi ahizpek, 1937ko udan matxinoen aurrean errenditu ziren arte, Espainiako Gerra Zibilaren Iparraldeko Frontearen gainbeheraren ondorengo testuinguruan. Matxinoek baina ez zuten hasiera batean Nemesia Artola atxilotu, haren ahizparen gisan Hernanira itzultzeko aukera izan baitzuen. Hala eta guztiz ere, herrira itzuli bezain pronto Guardia Zibilak Artola Iriarte ahizpen aurkako txosten bat igorri zuen 1937ko irailean, honakoa adieraziz:

         “Muy roja, asistía a las manifestaciones de caracter extremista. Activa miliciana. Conducta y moralidad pésimas. Su regreso ha causado verdadera repugnancia a todas las personas decentes[106]”.

         Txosten horren ondorioz bi ahizpak atxilotu egin zituzten, irailaren 18an Lasarteko Falangearen egoitzan aurkitzen baitziren preso[107]. Denbora gutxira, Ondarretako kartzelara lekualdatu zituzten bi ahizpak, kolpistek Berenguer jeneral espainiarraren erailketan parte hartzea egozten baitzieten. Haiekin batera, Consuelo Lopez Zubiri eta Dolores Sevillano hernaniarrak ere atxilotu eta espetxeratu zituzten.

         Auzitegi Militar kolpistek behin-behineko espetxealdian izan zuten preso Nemesia Artola, 1938ko urrian Donostian bertan bi ahizpak epaitu zituzten arte. Epaiketan arestiko lerroetan aipatu dugun Berenguer jeneralaren erailketaren salaketa nagusia bertan behera uztea lortu bazuten ere, Hernaniko langile mugimenduko kide izan eta miliziano gisa herrian zein Dragones batailoian jardutea egotzi zieten bi ahizpei. Horren eraginez, Nemesia Artola zortzi urteko espetxealdira kondenatu zuten eta Donostiako kartzelan izan zuten preso 1941eko urtarrilaren 1ean baldintzapeko askatasuna lortu zuen arte[108].

 

CDMH.

 

13. Barandiaran Arreche, Francisca

         1902ko uztailaren 12an Andoainen jaioa, Hernaniko Kale Nagusian bizi zen Jose Antonio Urquia eta honen familiarekin batera[109]. Gerra Zibila hastean baina, senarra mugimendu abertzaleko kide zelako, errepresioaren beldur, familia osoak Bizkaira mugitzeko erabakia hartu zuen. Hasiera batean Mundakan eta beranduago Gueñesen errefuxiatu etxeetan biziz, azken herri hau 1937ko uztailaren 15ean matxinoen armadak bereganatu zuen arte.

         Orduan familiak Hernanira itzultzea beste aukerarik ez zuen izan eta Francisca Barandiaran Guardia Zibilak deklaratzera deitu zuen. Tropa frankistak Hernanira sartu baino lehen hau ebakuatzen laguntzeagatik eta mugimendu abertzaleak babesten zituelako, bere aurkako ikerketa bat abiatu zuten. Ikerketa hau 1938ko ekainean burutu zuten eta bertan ezin izan zioten inolako erantzukizunik egotzi izan eta beraz prozedura artxibatua izan zen[110].

14. Barrios Romos, Julia

         Monfarracinos (Zamora) herrian jaioa 1877ko otsailaren 6an, Hernanin bizi zen 1929tik. 1936ko udan gerra hotsak Hernanira iritsi zirenean ehunka herritarrekin batera Bizkaira joateko hautua egin behar izan zuen Victor Aguayo senarra eta beraien seme-alabekin batera[111]. Bere semeetako bat, Enrique Aguayo izenekoa, Bilboko defentsako azken borroketan hil zen, zehazki, Artxandako gainetako borroketan. Aguayo Barrios sendiko gainontzeko kideak pentsa dezakegu Espainiako Gerra Zibileko Iparraldeko Frontea deiturikoaren gainbehera eta gero Hernanira itzuli zirela, izan ere, agintari frankistek Julia Barrios eta azken horren alaba Rosario eta Irene Aguayoren aurkako ikerketa bat martxan jarri zuten 1938 urtean. Auzitegi militarrek burutu zituzten ekinbide hauen ondorioz Julia Barrios ama 25 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten[112].

15. Bordagarain Villabona, Luisa

         Leitzan jaioa 1915eko maiatzaren 4an, Lasarteko Geltoki kalean Izaga Echeverria familiak zuen etxean zerbitzaria zen. Gerraren ondorioz familia honek Bizkairako bidea hartzean etxean bakarrik geratu zen. Horren eraginez, Elorrion zuen senitarteko baten etxera joateko erabakia hartu zuen[113]. Han zegoela, Dragones batailoiko miliziano zen Agustin Egaña herrikidearekin ezkondu zen eta hilabete batzuetan zehar azken horrekin Aramaion bizi eta gero, Bilbon ezarri zen, 1937ko ekainean armada frankistak Bizkaiko hiriburua bereganatu zuen arte.

         Une horretan, Luisa Bordagarainek Lasartera itzultzea erabaki zuen, baina iritsi bezain pronto Sebastian Echaniz Lasarteko alkate eta FET-JONSeko Informazio Batzordeko buruaren aurrean deklaratu behar izan zuen. Deklarazioaren ondoren, aipatu frankistek, Luisa Bordagarain abertzalea izan zela eta herritik ihes egin zuela adieraziz txostenak igorri zituzten Auzitegi Militarrera. Horren eraginez, auzitegi militarrean prozedura bat abiatu zuten Luisa Bordagarainen aurka. Eginbide hauek 1938ko abuztura arte luzatu ziren, ikerketak iraun bitartean Luisa Bordagarain ez zuten atxilotu. Epaia igortzean ez zioten inolako erantzukizunik egotzi eta prozedura behin-behinean artxibatzea agindu zen[114].

16. Camarero Rodriguez, Florentina

         1863ko martxoaren 14an jaio zen Huerta de Abajo herrian (Burgos) eta Eustaquio Altolaguirrerekin ezkonduta zegoen. Hala ere, gerra hasterako, Hernaniko Foruen Plazan (gaur egungo Plaza Berria) bizi ziren beraien seme-alabekin batera[115]. Altolaguirre Camarero familiakoak Hernaniko langile mugimenduko kide ziren, zehazki, antolakunde komunistekin lerrotu ziren.

         Ondorioz, gerra hasi zenean, hiru semeek miliziano gisa borrokatu zuten. Gainontzeko kideek, aldiz, Hernani utzi zuten eta Arrasaten babestu ziren hasiera batean. Bertan, Juan Ibañez Ayesa miliziano hernaniarraren hainbat bitxi eta objektu gordetzeko eskaria egin zioten. Florentina Camarerok bere herrikidearen objektu hauek gerraren ondorioz egin zuen ibilera guztian gorde zituen. Iraila amaieran Arrasate tropa frankisten esku erortzear zela, Bizkairako bidea egin behar izan zuen Altolaguirre Camarero familiak. Milaka euskal herritar bezala probintzia honetan babestu ziren, baina betiere matxinoen erasoaldiei tentuz.

         Hala, 1937ko udaberrian Santanderrerako (Kantabria) bideari ekin behar izan zieten, eta handik hartutako itsasontzi batean Florentina Camarerok, Eustaquio Altolaguirre senarrarekin eta Manuel semearekin, Frantziako Estatura ihes egin zuen. Handik Kataluniarako bidea egin zuten eta Lleidako probintzian aurkitu zuten babesa Gerra Zibileko azken hilabeteetan, 1939an, lurralde hauek Armada Frankistaren esku erori ziren arte.

         Baina une hartan ez zuten Hernanira itzultzerik izan, Florentina Camarero beraren jaioterritik hurbil dagoen Barbadillo de Herreros herrira (Burgos) joan ziren bizitzera. Erabaki hori Hernanira itzultzeko debekua zutelako edota hernaniar frankisten errepresioaren beldur zirelako hartu zuten. Alabaina, 1939ko ekainean Arrasateko Guardia Zibileko komandantziako sarjentu Basilio Gomez Arranzek herri honetan bertan atxilotu zituen, Florentina Camarerok gordetzen zituen Juan Ibañez herritarraren objektuak Arrasateko Chacon izeneko jaun bati lapurtuak izan zirela argudiatuz.

         Salaketa honetan oinarrituta bikotea Salas de los Infantes herriko (Burgos) espetxera eraman zuten preso, 1940ko otsaila hasieran Ondarretako kartzelara lekualdatuz. Horren arrazoia Florentina Camarero eta Eustaquio Altolaguirreren aurka Donostian abiatuta zegoen Gerra Kontseilua izan zen. Hala ere, urte bereko martxoaren 14an bikotea baldintzapean aske utzi zuten, beraien aurkako salaketek funtsik ez zuelako. Ildo beretik, fiskaltzak berak prozesua artxibatzeko eskaria egin zuen eta behin betiko askatasuna berreskuratu zuten apirilaren 23an[116].

17. Chinchurreta Beloqui, Josefa

         1887ko otsailaren 11 n Hernanin jaioa, Lasarten bizi zen bere gizon Ezequiel Aramburu eta seme-alabekin batera[117]. Arrain-saltzailea zen ofizioz. Gerra Zibilak eztanda egin eta hilabetera gizonarekin eta hiru alabekin batera herria ebakuatu eta Donostiara joan ziren hasiera batean. Bere deklarazioetan dio ihes-bidaian zehar alabetako bat hil zitzaiola. Bertatik barku batean Bilbora jo zuten beranduago, eta zortzi hilabetez egon ziren bertan, Buenos Aires auzoan. Matxinoak hiriburura hurbiltzean, ordea, Santanderrera jo zuen familiak. Iparraldeko Frontearen gainbeherarekin baina, Lasartera itzuli ziren azkenean.

         Gauzak horrela, 1937ko irailaren 13an Lasarteko Komandante Militarrak prebentziozko atxiloketa agindu eta Ondarretako kartzelan sartu zuten, auzitegiek bere aurkako gobernu-informazioa instruitu bitartean. Herrikideek bere aldeko adierazpenak egin zituzten orokorrean, baina Severiano Rodriguez izeneko batek salaketa larriak egin zituen Junta Local Informativa delakoaren bitartez. Adierazi zuen honakoa entzun ziola Josefari:

         “comeros todas las gallinas, palomas y conejos que tengo, no dejarlos para los Fascistas, y cortarles la cabeza a todos los Fascistas".

         Hala ere, 1938ko azaroaren 19an, auditoreak froga nahikorik ez zela eta prebentziozko espetxeratzea nahikoa zigor izan zela adierazi zuen. Horrela, azaroaren 25ean kasua artxibatu eta bost egunetara aske geratu zen[118].

18. Cuenca Urtega, Eladia

         1901eko otsailaren 17an jaio zen Vuelta del Rey herrian (Burgos) eta Teogenes Muñoz senarra eta seme-alabekin batera Lasarteko Kale Nagusian bizi zen[119]. Gerra Zibila hasi eta gutxira baina, matxinoen abiazioen bonbardaketak zirela eta, senar-emazteak haurrak hartu eta frontetik aldentzeko erabakia hartu zuten abuztuan. Hala, Orion denbora labur batez errefuxiatu eta gutxira Lemoako baserri batean ezarri ziren, bertako lurrak lantzetik biziz.

         1937ko udaberrian baina, Muñoz Cuenca familiak Santanderrerako bidea hartu zuen. Azken hiri horretan 1937ko abuztura bitartean errefuxiatu ziren, matxinoak bertan sartu ziren bitartean. Orduan, Eladia Cuencaren senarra atxilotu eta espetxeratu egin zuten frankistek, eta bera eta seme-alabak Lasartera itzuli ziren. Herrira iristeaz bat, frankistek Eladia Cuencaren aurkako prozesua abiatu zuten eta hau, 1938ko abuztura arte luzatu zen. Bertan, Fronte Popularra bozkatzeagatik eta Hernani errefuxiatu gisa uzteagatik ikertua izan zen, baina azkenean prozesua artxibatu egin zen[120].

19. de Sosa Fuentes, Trinidad

         1917ko ekainaren 3an Lasarten jaio zen. Haren gurasoak, Cristina Fuentes eta Ceferino de Sosa ziren. Azken hauek, jaiotzez, Mombeltraneakoak (Abila) ziren eta Lasartera lanera etorri ziren[121].

         Trinidad de Sosak, nerabe zenetik herriko industrietan lan egin behar izan zuen eta hortaz gerra aurretik UGT sindikatura afiliatuta zegoen. Horrez gainera, bere senideak ere Fronte Popularreko alderdiekin lerrotuta zeuden eta hala, tropa frankisten atzaparretatik ihesi, Lasarte uztea erabaki zuten. Hala, Bizkaia aldera egin zuten babes bila eta 1937ko probintzia hau frankisten eskuetan erortzean, Kantabriarako bidea hartu zuten. Probintzia matxinoen esku geratzean, ordea, Lasartera itzuli zen Trinidad. Herrira sartu bezain pronto bertako agintari frankistek bere aurkako prozesua abiatu zuten, honelako salaketak eginez:

         "[...] de ideas extremistas [...] en cuantas manifestaciones había.acudía a las mismas ostentando el uniforme propio de dichas milicianas [...]”.

         Egozten zizkioten ekintza hauek ukatu egin zituen Trinidad de Sosak eta baita Lasarteko hainbat testiguk eta agintari frankistek egindakoak ere. Azkenean, prozedura artxibatu egin zuten 1938ko abenduan[122].

20. del Pozo Marcos, Paula

         1911 ko martxoaren 4an Campillo herrian (Valladolid) jaio zen. Gertrudis Marcos eta Valentin del Pozo gurasoekin eta Jesus anaiarekin batera Lasartera bizitzera etorri zen 1920an[123].

         Ordudanik, Oriako Brunet ehundegian lan egin zuen eta bertako langile asko bezala UGT sindikatuko kide zen gerrak eztanda egin zuenean. Gerra testuinguruan, Jesus del Pozo anaia miliziano gisa engaiatu zen eta Paula del Pozo gurasoekin geratu zen. Familia Fronte Popularrarekin lerrotuta zegoenez, errepresioaren beldur, Lasartetik alde egin zuten eta Kantauriko hegiko hainbat herritan babesa bilatu zuten. 1937ko abuztuaren 24an Santander matxinoen esku erori zenean, gurasoekin batera, Paula del Pozo Lasartera itzuli zen.

         Herrira itzultzean baina, Errepublika garaian UGTko kide izan eta Fronte Popularra babesteagatik agintari frankistek bere aurkako prozesu bat abiatu zuten. Nahiz eta ezin izan zioten inolako deliturik egotzi, ezkertiarra izan eta familiarekin Lasarte uzteagatik 250 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten[124].

21. Egaña Orbegozo, Josefa

         1918ko apirilaren 22an Markinan jaioa, familia guztia Lasartera bizitzera etorri zen 1929an Geltoki kaleko etxe batera[125]. 1936ko udan Gerra Zibila hasi eta gutxira, frontetik aldentzeko helburuarekin, Josefa Egañak Elorriora egin zuen, bertan zituen senitartekoen etxean babesa hartuz. Geroago Barakaldon ere egon zen.

         Nahiz eta inolako alderdi edota sindikatura afiliatua ez egon, gerra zela eta Hernani uzteagatik eta alderdi abertzaleekin bat egiteagatik Josefaren aurkako ikerketa bat abiatu zuten agintari frankistek. Ez zuten atxilotu ez espetxeratu, baina deklarazioa ematera joan behar izan zen Donostiara. Hainbat pertsona eta talderen deklarazioak jaso ostean, ez zitzaion deliturik egotzi eta kasua artxibatu zuten 1938ko abuztuan[126].

22. Fernandez de Alegria, Carlota

         Donemiliagan jaioa 1893ko azaroaren 4an, bera bezala arabarra zen Pedro Abasolorekin ezkonduta zegoen[127]. 1936ko abuztu hasieran, Gerra Zibila hasi eta gutxira, Carlota Fernandezen senitarteko batzuk Barakaldon bizi zirela probestuz, Pedro Abasolo senarra eta seme-alabekin bertara joatea erabaki zuen frontetik aldentzeko.

         Milaka errefuxiaturekin batera, behin Bizkaiko azken herriak matxinoen esku erori ostean, beste aukerarik ezean 1937ko irailean Lasartera itzuli zen, beste hainbat errefuxiatu bezala. Herrian zegoela, Errepublika garaian Fronte Popularra bozkatzeagatik eta gerraren ondorioz herria uzteagatik bere aurkako ikerketa bat abiatu zuten agintari frankistek. Ikerketa froga faltagatik artxibatua izan zen 1938ko abuztuan[128].

23. Fuentes Chozas, Cristina

         1885eko otsailaren 17an Mombeltran herrian (Abila) jaio zen. Ceferino de Sosa herrikidearekin ezkondu zen eta hasiera batean jaioterrian osatu zuten familia. 1915ean Lasartera lan egitera etortzeko hautua egin zuten[129].

         Lasartear askok egin zuten bezala, gerra testuinguruan, de Sosa Fuentes familiak etxea utzi eta Bizkaian babesa bilatu zuen. Hasiera batean Gordexolan errefuxiatu ziren, baina Bizkaia matxinoen esku erortzear zela hau atzean utzi eta Puente Viesgo herrian (Kantabria) errefuxiatu ziren. Azken hau 1937ko abuztuan matxinoen esku erori zenean, Lasartera itzultzeko aukera besterik ez zitzaien geratu.

         Bere alaba Trinidad de Sosari gertatu zitzaion bezala, Lasartera iritsi bezain pronto frankistek bere aurkako ikerketa bat abiatu zuten. Frankistek 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularra bozkatzea eta herrian hauen aldeko jarrera izatea egozten zioten. Alabaren kasuan bezala, azkenean, soilik, matxinoen aurkako jarrera izatea egotzi ahal izan zioten, eta ez bestelako ekintzari. Ondorioz, bere aurkako prozedura artxibatu egin zuten 1938ko abenduan[130]

24. Gascue Beramendi, Marcelina

         1903ko ekainaren 2an Ekai herrian jaio zen. Fidel Irigaray senarra eta Filomena eta Marcelina alabekin batera, Kardaberaz kaleko etxe batean bizi ziren gerra aurreko urteetan[131].

         Senar emazteek arrandegi bat zuten herrian, baina Gerra Zibilak eztanda egitean, Filomena eta Martina alaba gazteak hartu eta Hernani utzi behar izan zuten 1936ko irailean, herriaren aurka kolpistek burutzen zituzten bonbardaketak zirela eta. Orduan, Donostiara joan ziren eta bertatik itsasontzi bat hartu ostean Santanderrera lekualdatu ziren. Han itsasontzia hartu eta Frantziako Estatuan errefuxiatu behar izan zuten.

         Hala ere, ez ziren luze bertan egon, Hernaniko familia eta lagunekin hitz egin ostean herrira itzuli ziren 1937ko irailean. Iritsi bezain pronto Lasarten Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera deitu zuten Marcelina Gascue. Deklarazioa egin eta egun gutxira atxilotu eta Ondarretan espetxeratu zuten frankistek. Komunista izan eta hauen mobilizazioetan parte hartzea, aldarri ezkertiarrak egitea familiaren arrandegian eta Fronte Popularra laguntzea egozten zizkioten Hernaniko agintari frankistek. Egozten zizkioten ekintzak Lasarteko alkateak eta FET-JONSeko informazio batzordeak sustatuak izan ziren.

         1937ko irailaren 13tik aurrera, beraz, Ondarretan egon zen preso, behin-behineko espetxealdian, auzitegi militarrek bere aurkako prozedura bat abiatzen zuten bitartean. Epaiketan egindako deklarazioetan Marcelina Gascuek ukatu egin zituen leporatzen zizkioten karguak. Testiguen gehiengoak ere, jarrera berbera hartu zuten, ukatu egin zituzten atxikitzen zizkioten karguak. Hala, epaileak, sumarioa froga faltagatik artxibatzea erabaki zuen. Marcelina Gascuek 1938ko maiatzean askatasuna berreskuratu zuen 8 hilabetez preso egon ondoren[132].

25. Goicoechea Garmendia, Consuelo

         Maria Luisa Goicoechea ahizpa bezala Hernaniko mugimendu abertzaleko kide zen Consuelo Goicoechea ere. Gerra aurretik, Hernaniko EABko militantea zen. Goicoechea Garmendia familiak baina, abertzaleak izan arren, Hernaniko Defentsa Batzordeak egindako ebakuazio deiari uko egin zion eta herrian bertan geratu ziren.

         Tropa frankistek Hernani bereganatu eta gutxira, Goicoechea Garmendia ahizpen aurkako jazarpena abiatu zuten. Horrela, kolpisten aurkako adierazpenak egitearen salaketapean Falangearentzako alkandorak egitera behartu zituzten, gainera hauek egiteko oihalak ere ordaindu behar izan zituzten. Horretaz gain, aurrerago tropa frankistekin borrokan zeuden hernaniarrei kapoteak egiteari uko egin bazioten ere, Komandantzia Militarrak gainontzeko emakumeekin batera hauek jostera behartu zituzten.

         Armada frankistatik desertatu zuten hiru gazte hernaniarrak lubakiaren beste aldera igaro zirenean, Consuelo gertakariekin erlazionatu eta ikertu egin zuten frankistek. Prozedura honetan Fermin Iturrioz eta Julian Medina alkatearen salaketak ziren froga bakarra, eta hau sostengatzeko froga edota testigantzarik ezean kausa artxibatzea proposatu zuen fiskaltzak 1937ko ekainean. Hala eta guztiz ere, prozesuak irekita jarraitu zuen 1940ko irailean gerra auditoreak erabakia berretsi zuen arte[133].

26. Goicoechea Garmendia, Maria Luisa

         Hernaniko EAJko kide izan zen alderdia herrian sortu zenetik. Errepublika garaian, batik bat hauteskunde garaietan, bere ahizpa Consuelo Goicoechearekin batera militatu zuen.

         Hala ere, hainbat abertzalek egin zuten gisan, kolpisten zutabeak Buruntzatik behera erasoa burutzean Hernanin geratzeko erabaki zuten bi ahizpek. Tropa frankistek Gipuzkoa osoa bereganatu eta gutxira, erregimen frankistaren aurkako adierazpenak egitearen salaketapean Falangearentzako alkandorak egitera behartu zuten, bere ahizpa Consuelorekin batera. Hori gutxi ez balitz, bi ahizpek, alkandora haiek egiteko oihalak ordaindu behar izan zituzten. Bi ahizpek tropa frankistekin borrokan zeuden hernaniarrei kapoteak egiteari uko egin bazieten ere, Komandantzia Militarrak gainontzeko emakumeekin hauek egitera behartu zituen. Azkenik, Erregimen frankistaren aurkako berriak zabaltzea egotzi zioten.

         Juan Apaolaza, Antonio Odriozola eta Felipe Sarriegui hernaniar gazteek armada frankistatik desertatu eta errepublikar eta abertzaleengana igaro zirenean Goicoechea Garmendia ahizpak ikertu zituzten. Horrela, Fermin Iturrioz eta Julian Medina alkateak desertzio hauetan lagundu zutelakoan salaketak burutu zituzten, baina beste testigurik ezean kausa artxibatzea proposatu zuen fiskaltzak, 1937ko ekainean. Hala ere, prozesuak irekita jarraitu zuen 1940ko irailean gerra auditoreak erabakia berretsi zuen arte[134].

27. Gorrochategui Miranda, Amparo

         Hernanin jaioa, gurasoekin eta hiru anai-arrebekin batera bizi zen herrian. 1937an, frankistak haren etxea miatzera joan eta zilarrezko txanpon batzuk aurkitu zituzten. Amparok adierazi zien haren aita hilberriaren oroitzapenak zirela, dirua nahi bazuten emango ziela. Frankistek, orduan, eroskeria saiakera egiteagatik atxilotu eta Ondarretan egon zen preso denbora batez[135].

28. Goyaran Urdampilleta, Benita

         1886ko urtarrilaren 12an Urnietan jaio zen. Bertan familia osatu eta bizi izan zen, 1928an Miguel eta Francisco Cialceta semeekin Lasartera bizitzera lekualdatu zen arte[136].

         Gerra Zibila hastean bi semeek lehen unetik Defentsa Batzordearen aginduetara kolpisten aurka borrokatu zuten. Benita Goyaranek, herriaren aurkako bonbardaketak zirela eta, abuztu erdian Arrasatera egin zuen, bertan senitarteko batek etxea baitzuen. Beranduago, beste hainbat hernaniarren egin gisan, Abadiñora lekualdatu zen eta bertan bizi izan zen armada frankista sartu zen bitartean.

         Horren ostean, Benita Goyaran Lasartera itzuli zen. Hala, agintari frankistek bere aurkako ikerketa bat ireki zuten, herria utzi zuela argudiatuz. Esaterako, Hernaniko udalak hurrengo salaketak egin zituen idatzitako txostenetan:

         “[...] izquierdista, activa miliciana hasta principios de agosto en que se ausento de Lasarte, conducta moral mala [...]".

         Hala ere, frankistek beraiek igorritako beste txosten batzuk eta epaian zehar aurkeztutako testiguek salaketa hauek guztiak bertan behera utzi zituzten. 1938ko abenduan Benita Goyaranen aurkako prozesua artxibatua egin zuten erantzukizun-deklaraziorik gabe[137].

29. Hernandez Illan, Enriqueta

         Zamoran jaioa 1874ko ekainaren 13an. Felipe Rodriguez karabineroarekin ezkondua zegoen, eta haren lanagatik Hernaniko Kale Nagusian ezarri ziren 1915ean. Gerra baino lehen erretiratu zen Felipe.

         Hernaniar ugarik egin zuten bezala, gerra frontea herrira hurbildu zenean Defentsa Batzordeak agindutako ebakuazio deiari kasu egin zion eta senarrarekin batera Castro-Urdiales herrira lekualdatu zen. Bizkaia matxinoen esku erortzean, Santanderrera egin zuten eta bertan errefuxiatu behar izan ziren. Santanderrera tropa frankistak sartu zirenean, Felipe Rodriguez senarra atxilotu egin zuten. Horren aurrean, beste zenbait lasartearrek egin zuten gisan, herrira itzultzeko bideari ekin behar izan zion. 1937ko irailaren erdian iritsi zen bere ohiko bizilekura.

         Hasiera batean frankistek bere aurkako kargurik ez zuten aurkeztu. Hala eta guztiz ere, 1937 amaieran Felipe Rodriguez senarra eta Jose Rodriguez semea espetxera eraman eta Gerra Kontseiluan epaitu zituztenean, frankistek Enriqueta Hernandezen inguruko ikerketa abiatu zuten. Frankistek idatzitako informe ezberdinetan, gerragatik Lasarte utzi eta Fronte Popularra babestea egozten zioten Hernaniko bizilagunari. Bere adina kontuan izanda, salaketak berak ezin izan zituzten sostengatu frankistek eta prozesua artxibatua izan zen erantzukizun-deklaraziorik gabe 1938ko apirilean[138].

30. Idiaquez Indo, Maria

         1900eko martxoaren 2an Getarian jaioa, Maximo[139] Santamaria senarra eta 11 urteko Vicente semearekin batera Kardaberaz kalean bizi zen gerra aurretik. Emakume Abertzale Batzako militantea zen.

         Frankistek, abertzalea zelako eta senarrak Euskadiko Gudarosteko Osasun Sailarentzat lan egiten zuelako Vicente Santamaria semearekin batera Hernanitik kanporatu zuten. Gipuzkoatik Komandante Militar ezberdinek eman zuten agindua medio kanporatu zituzten ehunka emakumek bezala lubakiak gurutzatu eta Bizkaian babestu behar izan zuen. Bertan, senarrarekin elkartu ostean hiruek Eusko Jaurlaritzaren ebakuazio-planean izena eman zuten eta Ipar Euskal Herrian ezartzeko aukera izan zuten, Hendaian bizi izan zelarik familia[140].

31. Miranda Orsategui, Ramona

         Gerra aurreko urteetan Hernaniko mugimendu abertzaleetako kide nabarmenetako bat izan zen. Herrian Emakume Abertzale Batza eratu zenean, bertako lehendakari izendatu zuten eta ardura hori bete zuen 1934 urtera arte.

         1934an ardura politikoak albo batera utzi bazituen ere, mugimendu abertzaleko jarraitzailea izaten jarraitu zuen. Hala eta guztiz ere, 1936ko irailean herrian tropa frankistak sartzear zirela, ez zen ebakuaziora batu eta bertan geratu zen. Hala ere, bere ideiak defendatzen jarraitu zuen. Horren adibidea izan zen, esaterako, Espainiako banderari behin baino gehiagotan agurrik ez egitearena. Herriko frankistek behin baino gehiagotan halakorik ezin zuela egin ohartarazi zuten, naiz eta ez zuten espetxeratu.

         Hiru hernaniar gazteek desertatu zutenean, gertakariekin erlazionatu eta ikertu zuten bost emakume abertzaleetako bat izan zen. Ikerketa Fermin Iturrioz eta Julian Medina alkatearen salaketetan oinarritzen zen, desertatu zuten gazteekin hitz egin zutelakoan aurreko egunetan. Hala ere, salaketa hauek funtsik ez zutela erabaki eta artxibatzea proposatu zuen fiskaltzak, 1937ko ekainean, baina prozesuak irekita jarraitu zuen 1940ko irailean gerra auditoreak erabakia berretsi zuen arte[141].

32. Mugica Landaberea, Isabel

         Isabel Mugica gerra aurretik EAJ alderdira afiliatuta zegoen, eta EAB kide ere bazen. Hernaniko abertzaletasunaren inguruan antolatutako bizitza kultural eta politikoko partaide zen.

         Gerra Zibilak eztanda egitean EAJren baitako hainbat abertzalek egin zuten gisan Agustindarren komentuan preso zeuden kolpisten zaintzan jardun zuen, presoentzako zerbitzari lanak eginez. Gerra frontea herrira iristean, Defentsa Batzordeak egindako ebakuazio deiari muzin egin eta Hernanin geratzeko erabakia hartu zuen. Hasiera batean, ustez inolako errepresiorik pairatu ez bazuen ere, 1937ko urtarrilean armada frankistak mobilizatu zituen Juan Apaolaza, Antonio Odriozola eta Felipe Sarriegui hernaniarrek desertatu eta lubakiaren beste aldera igaro zirenean, ekintza honekin erlazio zuelakoan bere aurkako prozedura abiatu zuten frankistek. Prozedura horretan, Isabel Mugica aipatutako hiru gizonezkoekin hitz egiten ikusteaz akusatu zuten, gainontzeko emakumeen gisan.

         Prozedura irekitzeko froga bakarra, Fermin Iturrioz eta Julian Medina alkatearen salaketak ziren. Haiek, Isabel Mugica abertzalea izateaz akusatu zuten. Salaketa haiez gain ez zen besterik eta horren eraginez, fiskaltzak kausa artxibatzea proposatu zuen 1937ko ekainean. Hala ere, prozesuak irekita jarraitu zuen 1940ko irailean gerra auditoreak erabakia berretsi zuen arte[142].

33. Labrador Garcia, Isabel

         1903ko urtarrilaren 18an jaio zen Puertollano herrian (Ciudad Real) eta gerra aurretik Urnietako zatia zen Lasarteko Atze-kalen bizi zen, Pedro Leon senarra eta seme-alabekin batera.

         Gerra Zibilak eztanda egitean baina, etxea atzean utzi eta familiak Bilborako bidea hartu behar izan zuen. Bizkaiko hiriburuan, UGT sindikatuarentzat hasi zen lan egiten, SRI antolakundera afiliatzearekin batera. Bizkaiko frontea hautsi zutenean baina, zutabe kolpisten etengabeko aurrerakaden ondorioz, seme-alabekin itsasoz ebakuatzeko erabakia hartu zuen. Frantziarako bidea hartu zuten lehenengo eta horren ondoren, Kataluniara egin zuten. Bertan egon ziren Gerra Zibila amaitu bitartean. Gerraostean sendia Lasartera itzuli zen, eta Hernaniren parte zen Kale Nagusian (General Mola deitua urte horietan) bizi ziren.

         1946ko ekainean atxilotu eta Ondarretako kartzelara preso eraman zuten Isabel Labrador. Tasen Fiskaltzak estraperloa egotzi zion eta 100 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuen, isuna ordaindu arte hilabetez egon behar izan zuen preso[143].

 

Gipuzkoako Gobernu Zibileko notifikazioa (airmn)

 

34. Laplana Garmendia, Anastasia

         1902ko abenduaren 23an Lasarten jaioa, Gerra Zibila hastean Tolosan bizi zen bere senarrarekin batera[144].

         Bizkaiko hiriburua armada frankistak hartu zuenean, Anastasia Laplanak Tolosara itzuli beste aukerarik ez zuen izan. Tolosara iritsi eta gutxira, uztailaren 20an, atxilotu egin zuten eta Ondarretara eraman zuten preso. Horrez gain, prozedura ireki zioten auzitegi militarrek. Beste hainbat tolosarrekin batera, Donostian bertan epaitu zuten urte bereko amaieran, matxinada asaldura egotziz, Tolosan matxinoen aurkako borroka sustatzea eta etxean Nafarroatik etorritako milizianoak jasotzea egotzita. Hala, auzitegi militarrek 6 urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten. Sententzia irmoa jaso bezain pronto, 1938ko lehen egunetan, Mutrikuko Saturrarango emakumeen kartzelara lekualdatu zuten eta azken horretan bete zuen bere zigor osoa.

         Preso askok egin behar izan zuten moduan, Anastasia Laplana ere, espetxean lan egitera behartu zuten eta sukaldean lan egin zuen bere kideei janaria prestatzen 1938ko azarotik aurrera. Lan behartua egiteak, kondena egunak jaistea zekarren eta horren eraginez, espetxealdi arindua lortu ahal izan zuen 1940ko abuztuaren 20an. Kartzelatik irtetean Ziordian bizitzen jarri zen, baina hartarako pertsona baten abala lortu behar izan zuen. 1943an kondenaren likidazioa jaso zuenean Ziordian bizitzen jarraitzen zuen[145].

35. Larrañaga Areso, Ana

         1894ko irailaren 13an jaio zen Beasainen, Saturnino Alcain senarra eta seme-alabekin Lasarteko Geltoki kalean bizi zen[146]. Lasartear ugarik egin zuten gisan, Gerra Zibila hasi eta aste gutxira herriaren aurkako bonbardaketetatik aldentzeko helburuarekin, Murga herrian hasiera batean eta Sondikan beranduago errefuxiatu ziren. Bide hau Alcain Larrañaga sendi osoak egin zuen eta baita Ana Larrañagaren gurasoek ere.

         1937ko udan baina, Bizkaia armada frankistaren esku erori zenean, Saturnino Alcain atxilotu eta espetxeratu egin zuten, Euskadiko Gudarosteak mobilizatu baitzuen. Une horretan, Ana Larrañagak seme-alabekin batera Lasartera itzultzea erabaki zuen, baina mugimendu abertzaleekin bat egiteagatik eta senarra preso egoteagatik herriko agintari frankistek bere aurkako prozesu bati hasiera eman zioten.

         Bertan, Hernaniko agintari frankisten txostenak eta errefuxiatu gisa bizi izan ziren herrietakoenak bildu zituzten. Guztiek EAJren kidekoa izatea eta erregimen frankistaren aurkako adierazpenak egitea egotzi zioten. Hala ere, auzitegi militarrek auzia artxibatzea erabaki zuten erantzukizun-deklaraziorik gabe, inolako delitu zantzurik ez aurkitu eta gero[147].

36. Larumbe Esparza, Francisca

         1894ko urriaren 4an Tafallan jaioa, 1921ean Hernanira bizitzera etorri aurretik Erandion bizi izan zen, bertan jaio baitziren seme-alaba gehienak. Lema Larumbe familia, esan bezala, 1920ko hamarkada hasieran Elkano kaleko etxe batera etorri zen bizitzera. Herriko industria ezberdinetan lan egin zuten, eta herriko mugimendu politikoetan murgildu ziren ere, familiako kide asko UGTko kide ziren gerra aurretik, baita Francisca Larumbe bera ere. Azken horrek, herriko manifestazio eta bileretan parte hartzen zuen.

         Beraien militantzia politikoa tarteko, Gerra Zibila hastean kolpisten errepresioaren beldur, 1936ko irailean babes bila Erandiora itzuli ziren Lema Larumbetarrak. Bizkaia matxinoen esku erortzean, milizianoekin batera atzera egin zuten, Cobreces herrian (Kantabria) babestuz. Aste gutxitara baina armada frankistaren aurrerakadek herri hau ere bereganatu egin zuten eta, Francisca Larumbe eta, haren alaba Araceli eta Clara Nafarroako Bosgarren Brigadak bertan zuen kuartel nagusia garbitzera behartu zituzten.

         1937ko irailean baina Hernanira itzultzeko aukera izan zuten, baina beraien militantzia politikoa zela eta, familiako hiru kide hauek egun gutxira atxilotu eta herriko kartzelan preso egon ziren zehazteke dagoen epe batera arte. Agintari frankistek UGTko kide izateaz gain, egotzi zioten Pablo Morencos tradizionalista atxilotu zuenean bere aurkako oihuak egitea egotzi zioten:

         “estuvo vociferando que había que cortarle el pescuezo"[148].

         Era berean, milizianoen borrokaren aldeko aldarriak egitea egotzio zioten. Ondorioz, 1938ko maiatzean Ondarretako kartzelara eraman zuten preso.

         Francisca Larumbek salaketa hauek guztiak ukatu bazituen ere, agintari frankisten txostenak ontzat eman zituen auzitegi militarrak. 1939ko maiatzean ospatutako gerra kontseiluan sei urteko espetxealdira kondenatu zuten “matxinada sustatzea” leporatuta[149]. Sententzia hau zela eta Ondarretan preso egon zen, 1940ko irailean 3 urteko espetxealdia bete eta gero baldintzapeko askatasuna erdietsi zuen arte[150]. Espetxean preso zegoen bitartean, Hernaniko Udala bere seme Manuel eta Alejandroren kargu egin zen eta Pilar alabaren kasuan Donostiako Oblaten komentuan sartzera behartu zuen erregimen frankistak, bertan “berrezi” eta oinarri frankistekin alienatzeko helburuarekin[151].

37. Lasa Arcelus, Josefa

         1882ko apirilaren 3an Seguran jaioa, Lorenzo Ormazabal herrikidearekin ezkondu eta familia osatu zuten bertan. Lan arrazoiak tarteko Hernanira bizitzera etortzeko erabakia hartu zuen familia guztiak 1925ean, Elkano kaleko etxe batean biziz[152].

         Ormazabal Lasa sendia oso zabala zen, 10 seme-alaba Hernanin bertan bizi ziren eta “Carafraile” ezizenez ziren ezagunak. Semeetako batzuk parte-hartze nabarmena izan zuten 1936ko uztailetik aurrera matxinoen aurka herrian antolatuz joan zen borrokan, Defentsa Batzordeko kide gisa. Esaterako, Josefa Lasaren seme bat frontean hil zen eta beste batzuk erbestea edota espetxea pairatu behar izan zuten diktadura frankistan zehar.

         1936ko irailean baina, matxinoek Buruntzako gaina bereganatu eta gutxira familia osoak herria atzean utzi eta errefuxiatu gisa ibilbide luzea egin zuten. Elgoibar, Durango eta Bilbon bizi behar izan zuten eta, azkenik, Kantabriako Solares herrian errefuxiatu ziren 1937ko abuztuan frankisten esku erori zen arte. Bertan Hernanira itzultzeko baimena lortu zuen Josefa Lasak eta iritsi bezain pronto bere aurkako ikerketak abiatu zituzten agintari frankistek.

         Horrela, Udalaren, FET-JONSen eta Guardia Zibilaren txostenez gain, Lazaro Irujo eta Magdaleno Bilbaorenak jaso zituzten. Bere aurkako salaketetan honakoak esan zituzten:

         "[...] fue muy roja y muy mal conceptuada. Se le considera responsable moral de la conducta de sus hijos [...]”

         Eta Defentsa Batzordeak eginiko konfiskazioen jakitun zela ere egotzi zioten semeak bertako kide zirelako.

 

Hernaniko Udalaren informea (airmn)

 

         Akusazio hauetan oinarrituta Hernanin espetxeratu zuten eta 1938ko otsailean atxilotze agindua igorri ostean komandantzia militarrak Ondarretara eraman zuten preso. Auzitegi militarrek Josefa Lasari Fronte Popularra babestea eta horretaz gain, semeak Defentsa Batzordeko kide izanik honek eginiko ekintzen zeharkako erantzule izan zela leporatzen zioten. Hala ere, 1939ko martxoan fiskaltza frankistak salaketa hauen froga falta onartu behar izan zuen eta kausa artxibatzea proposatu. Horrekin batera ordea, fiskaltzak, Ormazabal Lasatarrek erregimen frankistaren aurka izaniko jardunagatik Josefa Lasa Hernanitik deserriratzea proposatu zion epaileari. Gerra auditoreak prozesua aztertzean fiskaltzaren proposamena onartu zuen eta Hernanitik 50 kilometrora bizitzera behartu zuen.

         1939ko apirilaren 27an Ondarretako espetxetik atera zen eta deserriratze agindua betez Olaberrira bizitzera joan behar izan zuen, bakarrik, lanik gabe eta inolako babesik gabe, biziraun ahal izateko laguntza-soziala eskatzera behartuz[153].

38. Lasa Irazusta, Jesusa

         1912ko martxoaren 4an Hernanin jaioa, Kardaberaz kalean bizi zen bere ama Maria Irazusta, Javier Lasa aita, Carmelo Magallon senarra eta seme-alabekin batera.

         Hernaniar askok egin zuten gisan Gerra Zibila hasi eta gutxira, 1936ko iraileko lehen egunetan herriaren aurkako bonbardaketak zirela eta etxeko guztiek herria utzi zuten. Hasieran, Bilbon babesa bilatzea erabaki zuten Maria Lasa ahizpa eta honen senitartekoekin batera. 1937ko ekainean baina, Bizkaiko hiriburua matxinoek bereganatu eta gero, Hernanira itzuli beste aukerarik ez zuten izan. Frankistek, bere senarra Carmelo Magallon mobilizatu zuen. Hernanira iritsi bezain pronto, Jesusa Lasaren aurkako ikerketa martxan jarri zuten agintari frankistek. Prozesuan zehar baina ez zioten gerraren ondorioz herria uzteaz gain beste ezer egotzi eta azkenean artxibatu egin zuten 1938ko martxoan. Jesusa Lasak orduantxe lortu zuen behin betiko askatasuna[154].

39. Lasa Irazusta, Maria

         1898ko abuztuaren 19an jaio zen Hernanin. Jose Ignacio Inchausti senarra eta seme-alabekin batera Kardaberaz kalean bizi zen[155].

         Gerra Zibila hasi eta gutxira baina familia guztiak etxea utzi behar izan zuen. Jesusa Lasa ahizpa eta beste senitarteko batzuekin batera Bilbon errefuxiatu zen, gerra frontea hiri honetara iritsi zen arte. Orduan, Artxandako gainak frankisten esku geratu bezain laster matxinoen tropen aurrean aurkeztea beste aukerarik ez zuten izan. Frankistek, Jose Ignacio Inchausti senarra atzitu eta bortxazko lanak egitera bidali zuten bitartean, Maria Lasa haurrekin Hernanira itzuli ahal izan zen.

         Jesusa Lasa bere ahizpari gertatu zitzaion moduan, iritsi bezain pronto agintari frankistek bere aurkako prozesu bat abiatu zuten. Auzitegi Militarrek aztertutako txostenetan, frankistek, mugimendu abertzaleekin lotura zuela eta, eta gerra zela eta Hernanitik ihes egiteaz akusatu zuten. Gerra auditoreak baina, ezin izan ziotenez inolako deliturik egotzi, kausa artxibatzea erabaki zuen 1938ko martxoan[156].

         berse relacionado con movimientos nacionalistas y haber huido de Hernani a causa de la guerra, pero como el auditor de guerra no le pudo imputar ningún delito, resolvió archivar su causa en marzo de 1938[156].

40. Lema Larumbe, Araceli

         1915eko martxoaren 7an Erandion jaio zen eta, 1921etik, Francisca Larumbe ama eta gainontzeko anai-arrebekin batera Hernaniko Elkano kalean bizi zen[157].

         Gerra Zibila hastean, Lema Larumbe sendiak Hernani utzi eta berriro Erandiora itzultzeko erabakia hartu zuen. Erabaki hori hartzearen arrazoia, familiako hainbat kide, Araceli Lema tarteko, UGTko militanteak izatea eta Hernaniko langile mobilizazioetan parte hartu izana izan zen eta ondorioz, tropa frankistak herrira sartzean jasan ahal zuten errepresioaren beldur izatea.

         Bizkaia armada frankistaren esku erortzear zela ikusita, milizianoekin batera Cobreces (Kantabria) herrira lekualdatu ziren. Tropa frankistak Cobreces-era sartu zirenean, kolpisten esku geratu ziren 1937ko abuztuan. Orduan, matxinoen armadak herrian ezarri zituen kuartelak garbitzera behartu zituzten Araceli Lema, Clara ahizpa eta Francisca ama.

         Hernanira joateko baimena eman zieten azkenean. Herrira iritsi eta gutxira baina herriko agintari frankistek Lema Larumbetarren aurkako prozesu bati hasiera eman zioten. Familiaren militantzia politikoa zela eta, familiako lau kide herriko kartzelan espetxeratu zituzten. Frankistek, Araceli Lemari, langile mobilizazioetan parte hartzea eta matxinoen aurkako adierazpenak egitea egozten zioten. Hala, 1938ko maiatzean, Clara Lema ahizpa, Francisca ama eta Sofia Almandoz herrikidearekin batera gerra kontseiluan epaituak izateko Ondarretako kartzelara eraman zuten preso.

         Hernaniar hauen aurkako auzia urte batera, 1939ko maiatzean burutu zen eta bertan Hernaniko agintari frankisten txostenak ontzat eman zituzten. Horren eraginez, Araceli Lemari “matxinada sustatzea” leporatu zioten eta urte bateko espetxealdira kondenatu zuten. Aurreko urteko maiatzetik behin-behinean preso zegoenez, hilabete horretako 16an Ondarretako espetxetik aske atera zen[158].

41. Lema Larumbe, Clara

         Erandion jaio zen 1914ko martxoaren 4an, baina familiarekin batera 1921ean Hernanira bizitzera etorri zen[159]. Francisca ama eta Araceli Lema ahizpa bezala, UGTko kide zen. Hiruek sindikatu honen ekintza eta mobilizazioetan parte hartzen zuten.

         Horrela, Gerra Zibila hasi zenean, Clara Lema miliziano taldeetara batu zen eta lehen egunetan erizain bezala lan egin zuen Hernanin. Egun gutxira postu hau utzi zuen eta familiarekin batera Erandiora itzuli zen.

         Familiako gainontzeko kideek egingo zuten bezala, Clara Lema hilabete batzuk Erandion igaro eta gero, 1937ko ekainean matxinoen armadak Bizkaia guztia bereganatzear zela, Cobreces herrira (Kantabria) lekualdatu zen. Bertan errefuxiatu zen gainontzeko senideekin batera, matxinoek abuztuan atzitu zituzten arte. Behin herrira itzultzea baimendu ziotenean, hala egin zuten senide guztiek. Hernanira iritsi eta egun gutxira, ahizpa eta amarekin atxilotu egin zuten. Hasiera batean Hernanin preso egon eta gero, Ondarretako espetxera lekualdatu zuten.

         Clara Lema espetxeratu zutenean haurdun zegoen eta denbora gutxira alaba bat izan zuen. Ondarretako bizi baldintza tamalgarriak zirela eta gaixo erori zen Clara Lema eta 1938ko maiatzean Donostiako San Jose egoitzara lekualdatu zuten alabarekin preso. Hilabete berean, Francisca ama eta Araceli Lema ahizpa ere, Donostiako Ondarretako espetxera lekualdatu zituzten. Guztiak behin-behineko espetxealdian izan zituzten preso 1939ko maiatzean Gerra Kontseilu batean epaitu zituzten arte haien herrikidea zen Sofia Almandozekin batera. Auzi honetan, Hernaniko agintari frankisten txostenetan oinarrituta, UGTren alde eginiko lanagatik matxinoen aurkako jarrera izatea eta hauen aurkako aldarriak egitea egotzi zioten, eta “lenguaje soez y falta de religiosidad” leporatu zioten. Horrela, matxinada aurrera eramateko proposamena egitea egotzi zioten eta bi urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten[160].

 

Clara Lema Larumberen errefuxiatu fitxa (cdmh)

 

42. Lema Larumbe, Pilar

         1924ko urriaren 8an jaio zen Hernanin eta Francisca ama eta anai-arrebekin Antziola auzoan bizi zen. Gerra Zibila hasi eta gutxira denek etxea utzi eta errefuxiatu gisa Bizkairako bidea hartu behar izan zuten[161].

         Hernani uztearen arrazoia matxinoek herriaren aurka eginiko bonbardaketak eta hauek burutzen zuten errepresioarekiko beldurra izan ziren, izan ere, familiako hainbat kide UGTra afiliatuak zeuden. Hasiera batean Erandion bilatu zuten babesa, baina 1937ko ekainean Bilbo armada frankistaren esku erortzear zela ikusita, Kantabriako bidea hartu zuten, Cobreces (Kantabria) herrian errefuxiatuz.

         Bertatik baina ez zuten berriz ihes egiterik lortu eta matxinoek herria bereganatu bezain pronto, Lema Larumbe familiako hainbat kide kolpistek ezarri zituzten kuartelak garbitzera behartu zituzten. Behin Hernanira itzultzeko baimena lortu zutenean, jaioterrira itzuli ziren. Frankistek, Pilar Larumbe, Francisca ama eta bi ahizparekin batera atxilotu egin zuten FET-JONSen aginduz, 12 urte bakarrik zituenean. Hernaniko alkate eta Falangeak Pilar Lemari hurrengoa leporatzen zioten:

         “[...] distinguiéndose por su irreligiosidad y lenguaje soez. Ha sido miliciana y se ha manifestado en tono cruel contra las derechas, su regreso a esta villa ha causado verdadera indignación [...]”.

         Nahiz eta nerabe gazte bat izan Hernaniko agintari frankistek salaketak berretsi egin zituzten txosten berriekin, 1938ko apirilean gerra auditoreak kausa aztertu zuen arte. Gerra auditoreak Pilar Lemaren adina ikusita salaketa hauek funtsik ez zutela adierazi zuen eta nahiz eta une horretarako jada Pilar espetxealdi arinduari esker ez zegoen giltzapean, bere ama kartzelan preso zegoenez eta erregimen frankistaren aurkako jarrera egozten ziotenez, auzitegi militarrek Adingabeen Tribunal Tutelarraren esku utzi zuten[162]. Hasiera batean Hernaniko Udala egin zen Pilar Lema eta honen anai Manuel eta Alejandraren kargu, guztiak lan egitera behartuz, nahiz eta adin txikikoak izan. Baina, gutxira, Pilar Lemaren aurkako txostenak zirela eta, Lodosako senitarteko batzuen kargu utzi zuten. Beranduago, 1939an, Donostiako Oblaten komentura eraman zuten, bere nahien aurka, bertan “berrezteko” helburuarekin, hots, erregimen frankistarekin alienatzeko helburuarekin[163].

43. Lesaca Biurrun, Pilar

         Florida auzoan bizi zen Pilar Lesaca, Felipe Escudero senarrarekin batera. Jaiotzez nafarra zen, Iruñean jaio baitzen 1909. urtean. Bere kasua emakumeek diktaduran zehar jasandako errepresio sexuatuaren adibide garbia dugu. Hain zuzen, 1942ko urtarrilean atxilotu eta Ondarretan espetxeratu zuten, haurdun zela abortatzeagatik.

         Haurdunaldia eteteagatik beraz, kartzelaratu egin zuten eta, gainera, espetxeko bizi baldintza txarrek bere osasunean kalte larriak eragin zizkion, 1943ko apirilean San Anton Abad ospitalean artatu behar izan zuten eta. Ospitale honetan hilabete luzez egon zen preso, 1944ko azaroan Amorebietako emakumeen kartzelara lekualdatu zuten arte.

         Bizkaiko herri honetan preso zela, Donostiako auzitegian epaitu zuen erregimen frankistak eta 1945eko otsailean, 6 urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuen. Azkenik, 1946ko abuztuan lau urte eta zortzi hilabetez preso egon eta gero, baldintzapeko askatasuna lortu zuen eta honi esker, Hernanira bizitzera itzuli ahal izan zen[164].

 

Pilar Lesaca Biurrunen espetxe fitxa (aga)

 

44. Lete Lete, Josefa

         1903ko urtarrilaren 8an jaio zen Astigarragan, baina urte luzez Hernanin bizi zen. Kardaberaz kalean elikagai komertzio bat zuen eta kale berean zuen etxe batean bizi zen bi seme eta Joaquina Lete ahizpa eta honen familiarekin batera[165].

         Gerra Zibila zela eta, komertzioaren ateak itxi behar izan zituen eta etxeko kide guztiek herria utzi zuten, Donostian itsasontzi bat hartu eta Santander hirira joanez. Handik, Durangora lekualdatu eta lau hilabete egon zen bertan. Ondoren, Bilbon errefuxiatu zen kolpistek hiria hartu arte.

 

FET-JONSen informea (airmn)

 

         Josefa Letek orduan Pedro eta Jose semeekin batera Lasartera itzultzeko erabakia hartu zuen, baina iritsi bezain pronto, lehenengoa atxilotu eta Guardia Zibilaren kuartelean deklaratzera eraman zuten. Ildo honetatik Hernaniko agintari frankistek ezkertiarra izan eta bere komertzioa ezkerreko militanteen babesleku izatea egotzi zioten, besteak beste, armak ezkutatzea leporatuz. Horretaz gain “[...] manifestaciones, mítines, entierros civiles, jiras campestres y orgías marxistas [...]” bezalako ekintzetan parte hartu zuela gaineratu zuten, milizianoekin batera Hernanin metrailadore bat erabiltzeaz gain. Josefa Letek une oro ukatu zituen salaketa hauek guztiak, gainera hauetako asko atzera bota zituzten frankistek berak eta gainontzekoak bere senarra Hernaniko ezkerreko mugimenduen pertsona garrantzitsua izatean oinarritzen ziren. Hala ere, 1938ko otsailean Josefa Lete Ondarretan espetxerako agindua igorri zuten epaitegi frankistek.

         Urtebete baino gehiago behin-behineko espetxean preso zegoela, Donostiako auzitegiek bere aurka zituzten eginbideak delitu zantzurik ez zutela ebatzi zuten. Hala eta guztiz ere, Josefa Lete ez zen aske geratu, izan ere, Bilboko agintari frankistek, estatu-kolpearen alde zeuden pertsonak salatzea eta errefuxiatu gisa bizi izan zen etxeko jabe ziren Vicario familiak eta Ines Negretek hau arpilatzea egotzi zioten. Horrela, Donostiako auzitegiak berak agindu zuen hau Bilboko epaitegiek aztertzea eta horretarako, hiri honetako Orue txaletean frankistak zuten emakumeen espetxera lekualdatu zuten 1940ko urtarrilean.

         Baina Bilboko etxe berean errefuxiatuta egon zen Fermin Oses jaunak adierazi zuen etxe horretako ondasunen ardura bertan errefuxiatuak zeuden hiru familien artean banatu zirela, Josefa Lete bera iritsi aurretik, tartean Gorospe Caracciolo eta Armendariz Caracciolo familia hernaniarrak zeuden eta, beraz ez zuela inolako ondasunik jaso honek ez eta hauen gaineko ardurarik izan inolako unean.

         Horri esker, 1940ko urrian espetxealdi arinduan aske geratzea lortu zuen, nahiz eta horretarako hilabetez Gerra Auditorearen bulegoak garbitzera behartu zuten. Hala ere, hilabete amaieran Astigarragako Gurutzeta baserrian familiarekin batzea lortu zuen, nahiz eta hamabostean behin Hernaniko Guardia Zibilaren kuartelera joan behar izan zuen sinatzera. 1940ko azaroan baina, behin betiko askatasuna berreskuratu zuen, bere aurkako prozedurak funtsik ez zuela ebatzi ostean, epaitegiek, hiru urte baino gehiago preso egon eta gero[166].

45. Macazaga Aduriz, Ignacia

         1904ko uztailaren 18an Donostian jaioa, 1934tik aurrera Esteban del Val senarra eta seme-alabekin batera Lasarteko Kale Nagusian bizi ziren[167].

         Lasarten bizi bazen ere, Oriako Brunet ehun-fabrikan lan egiten zuen eta familiaren sostengua Brunet ehun-fabrikan lan eginez lortzen zuen, izan ere, Esteban del Val senarra tuberkulosiak jota Andazarrateko San Antonio erietxean ospitaleratua zegoen gerra aurretik. Baina gerrak eztanda egitean, 1936ko udan, Oriako fabrika itxi egin zuten eta Ignacia Macazaga irailerako jada Donostiara bizitzera joana zen Ignacia izeneko alaba zaharrenarekin, bitartean, Benicia eta Josefa alabak Tolosan geratu ziren.

         Gerraren lehen asteetan Lasarte eta Donostia bitartean miliziana jantziekin ibili zen, baina Gipuzkoako ekialdea frankisten esku geratzear zela, Bilbora joan zen Maria Arrizabalaga lagunarekin. Hala ere, Bizkaiko hiriburua ere zutabe kolpistek inguratu zutenean, 1937ko ekainean, Maria Arrizabalagak Frantziako Estatuan babesa bilatzeko erabakia hartu zuen. Ignacia Macazagak berriz, ez zuen bide berbera jarraitu eta hiria frankisten esku erortzean, Lasartera itzultzeko hautua egin zuen.

         1937ko abendutik gutxienez Donostiako San Jose babes-etxean frankistek zuten espetxean zegoen preso, Maria Begoña hilabeteetako alabarekin batera. Arrazoia Lasarten milizianoek 1936ko irailaren 3an Tolosatik etorritako errekete batzuk atzitu eta fusilatu zituztenen artean, Timoteo Marcellan eta Juan Lacruzen senitartekoek ezarritako salaketa izan zen. Hilketa Lasarteko Defentsa Batzordeko kide batzuei leporatu zieten eta Ignacia Macazagak fusilatutako baten belarriekin lepoko bat erabili izan zuela Lasarten adierazi zuten. Horretaz gain, Lasarteko FET-JONSeko buru zen Sebastian Echanizek gainera, txosten batean, JSko kide izan eta miliziana gisa jantzita frontera zihoazen gazteekin jardutea eta konfiskazioetan parte hartzea egotzi zion.

         Ignacia Macazagak salaketa hauek ukatu egin zituen une oro, soilik egun gutxi batzuk miliziana jantziekin ibili izan zela adieraztera mugatuz. Hala ere, epaileak ontzat eman zituen salaketa hauek eta “matxinada delitua” egotzi zion, bere aurkako Gerra Kontseilu bati hasiera emanez. Egoera honetan, gainera, San Jose babes-etxeko bizi baldintzak benetan ziren gogorrak eta ondorioz, Maria Begoña alaba larri gaixotu zen 1938ko azaroan. Horren eraginez, Ignacia Macazaga ama eta biak Donostiako Ospitalera lekualdatu behar izan zituzten.

         Epai aurretik baina, Lasarten jasotako testigantzek bertan behera utzi zuten Lasarten fusilatutako erreketearen belarriekin lepokoa egin zuenik, ez eta konfiskazioetan jardun zuenik, agintariek adierazitakoaren aurka, milizianoen buzo urdina jantzita hauekin batera ibili izanagatik eta Bilbora errefuxiatu gisa ihes egiteagatik “matxinada proposamena” egitearen delitua egotzi zioten. Horregatik guztiagatik, urte bateko espetxealdira kondenatu zuten 1939ko apirilean. Data honetarako jada gutxienez 17 hilabete zeramatzan preso eta ondorioz, urte bereko maiatzaren 8an askatasuna berreskuratu zuen eta Lasartera bizitzera itzuli zen[168].

46. Marticorena Arruti, Josefa

         1871 ko otsailaren 4an Donostian jaioa, gerra aurretik Hernaniko Kale nagusian bizi zen Jose Antonio Urquia semearen etxean. Etxe horretan, Jose Antonioren emaztea eta semea eta bere anaia Casimiro ere bizi ziren. Gerra Zibila hasi zenean Hernanitik ihes egin zuen bonbardaketen beldur. Zarautzera jo zuen hasieran eta, beranduago, Mundaka aldera jo zuen. 1937ko apirilean, ordea, Zamarillo herrira ihes egin eta uztailera arte egon zen bertan. Azkenean, hilaren 15ean Hernanin aurkeztu zen agintari frankisten aurrean. Horregatik, bere aurkako Gobernu Informazioa abiatu zuten. Erruztatzeko arrazoirik ez zegoenez, 1938ko martxoan kasua artxibatu zuten[169].

47. Moncayo Garces, Pilar

         1916ko martxoaren 12an Hernanin bertan jaio zen eta bertako Kale Nagusian bizi zen Juana alaba jaioberriarekin, Agueda Martinez amona, Gabriel Moncayo osaba eta honen seme-alabekin batera gerra aurretik[170].

         Familia guztia mugimendu ezkertiarrekin lerratzen zen, Gabriel Moncayo osaba bertako kide nabarmena baitzen, eta horren adibide, esaterako, 1934ko Greba Iraultzailean Moncayotarren etxean grebalarientzako armak gorde eta horren harira, ondoren, errepresio gogorra pairatu behar izana. Hala ere, familiak Fronte Popularra osatzen zuten alderdiak babesten jarraitu zuen eta 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Pilar eta Gabriel osabak Fagollagako hautets mahaietan zaintzak egin zituzten Fronte Popularraren alde, alderdi guztiek egiten zuten gisan; baina Pilar Moncayo atxilotua izan zen gainean pistola bat zeramalako.

         Horretaz gain, Pilar Moncayok, mugimendu sozialisten mobilizazioetan JSUren banderadun gisa ere jarduten zuen eta horrela, 1936ko udan Gerra Zibila hastearekin, aipatutakoek antolatutako milizietara batu zen. Milizianoentzako janaria prestatzeko sukaldeetan jardun zuen lanean Hernanin. 1936ko irailean baina, matxinoen aurrerakaden ondorioz, herria atzean utzi eta errefuxiatu gisa ihes egitera behartu zuten, Juana alaba besoetan hartuta. Hasiera batean Donostian eta Bilbon errefuxiatu zen. Geroago, Santanderren itsasontzi bat hartzea lortu eta ama-alabek Frantziako Estatua gurutzatu zuten, Kataluniara iritsiz. Azken horretan, Vilassar de Dalt herrian errefuxiatu ziren, matxinoek gerraren azken hilabeteetan bereganatu zuten arte.

         Orduan, 1939ko martxoan Hernanira itzuli beste aukerarik ez zuen izan eta heldu bezain pronto Guardia Zibilaren aurrean deklarazio bat egitera behartu zuten. Falangearen eta Udalaren txostenak jaso eta gero, atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten preso. Salaketa hauetan baina, Pilar Moncayoren eta bere familiaren aurkako mespretxuak etengabeak izan ziren Hernaniko agintarien aldetik, adieraziz Gabriel Moncayo osabarekin erlazio bat zuela eta honekin haur bat izan zuela bezalako salaketak eginez. Edota “... Conducta y moralidad malas. Perfecta indeseable...” bezalako kalifikatiboekin deskribatuz.

         Hala ere, Ondarretan preso zela senitarteko baten abal bat lortu eta gero, 1939ko abenduan, espetxetik epai zain irtetea lortu zuen. Abala lortu zuen senitartekoen Donostiako etxera bizitzera joan zen eta gainera, hilabete eskasera, auzitegi militarrek abiatua zuten bere aurkako prozedura Bilboko gerra auditoreak aztertzean, ez zuen inolako delitu zantzurik sumatu eta ondorioz, kasua artxibatzea erabaki zuen[171].

48. Matesanz Benito, Casimira

         1884ko martxoaren 4an Leaburun jaio zen, baina Eduardo Beguiristian tolosarrarekin ezkondu eta Oria ibaiaren ertzean bizitzen ezarri zen. 1920 urtearen bueltan, familia ibaian beherago dagoen Lasartera bizitzera etorri zen, Jesus, Julian eta Ignacio seme-alabekin batera[172].

         Beguiristain Matesanz familiak, Fronte Popularra osatzen zuten alderdi errepublikazale eta ezkertiarrak babesten zituen. Errepublikako gobernuaren aurkako estatu-kolpea eman zutenean, Casimira Matesanzen seme zaharrenak miliziano gisa kolpisten aurkako borrokara batu ziren lehen unetik. Esaterako, Jesus Beguiristain Matesanz, Buruntza defendatu zuten Bala Roja miliziano konpainiako buru izan zen. Eduardo Beguiristain senarra ere Lasarteko mugimendu errepublikarreko kide nabarmena izan zen gerra aurretik[173].

         Ondorioz, 1936ko irailean, zutabe kolpistek Gipuzkoako ekialdea bereganatzean, familia guztiak ihes egin behar izan zuen. Semeek borrokan jarraitzen zuten bitartean, Casimira Matesanz eta Eduardo Beguiristain senarra, hasiera batean, Zarautzen errefuxiatu ziren. Geroago, Bizkairako bideari ekin behar izan zioten. Handik gutxira, Karrantzan ezarri behar izan zuten senar-emazteek eta Casimira Matesanzek ostatuan lan egin zuen 1937ko uda bitartean.

         Bizkaiko mendebaldea gerra-fronte bilakatu zenean baina eskualde hau ebakuatzeko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak eta bikoteak Santander hirian bilatu zuen babesa (Kantabria)[174]. Hau baina aste gutxian frankisten esku geratu zen, non Eduardo senarra atzitu eta espetxeratu egin zuten. Handik Burgosko San Pedro de Cardeña monasterioan (Burgos) zegoen kartzelara lekualdatu zuten, non gatibualdiko bizi baldintza txarren ondorioz hil zen 1937ko azaroan[175].

         Bitartean, Jesus eta Julian semeek, gerran zehar miliziano gisan borrokatu ondoren, Gurs-eko esparruan egon ziren preso. Bigarren Mundu Gerra ere hasi zen han zeudela eta borrokan jarraitzea erabaki zuten Jesus eta Julian Beguiristainek. Julianen kasuan, Frantziako Estatua Aliatuek askatu zutenean, hauen armadara batu zen eta hauekin borrokan hil zen. Jesusen kasuan berriz, PCE alderdiarentzat klandestinitatean lan egiten jarraitu zuen Frantziako Estatuan eta bizitza horren gogortasunaren ondorioz gaixotu eta hil egin zen.

         Casimira Matesanzek, bere aldetik, Lasartera itzultzeko baimena lortu zuen. Bere seme Ignacio Beguiristain Matesanzekin batera itzuli zen. Lasartera iritsitakoan baina, bertako agintari frankisten eta FET-JONSen Batzorde Informatiboaren aurrean deklarazio bat burutzera behartu zuten. Deklarazioen ostean, epaitegi militarretara bidalitako txostenetan, ezkertiarra izan eta ideia horien aldeko propaganda egitea egotzi zioten. Casimira Matesanzek akusazio hau ukatu egin zuen hau une oro, Lasarten deitutako testiguek egin zuten gisan. Horretaz gain, Karrantzan bizi izan zen etxeko jabeak eta lan egin zuen ostatukoak jarrera ona izan zuela adierazi bazuten ere, bertako FET-JONSeko buruak kolpisten aurkako jarrera izatea eta herriko komunisten egoitzarekin erlazioa izan eta hauentzat lan egitea egotzi zion. Horretaz gain, Karrantzako hainbat kolpistek eginiko deklarazioetan, Carmen Garay y Garcia tartean, Karrantzako mugimendu komunistako kide izatea egotzi zioten eta baita Carmen Garay eta bere ahizpari bandera komunista bat jostera behartzea ere.

         Casimira Matesanzek une gogorrak jasan behar izan zituen urte horietan, alargun baitzegoen eta bi semek Katalunian borrokan jarraitzen baitzuten. Horren eraginez, Laguntza Soziala eskatu behar izan zuen eta laguntzarekin ere, justuan bizirautea lortzen zuen. Gainera, leporatzen zizkioten salaketak une oro ukatu bazituen ere, fiskaltzak “matxinadarekin bat egitea” egotzi zion eta berau atxilotzeko agindua igorri zuen. Hala, 1939ko otsailaren 8an Guardia Zibilak Hernanin atxilotu zuen eta Ondarretara eraman zuten preso. Bere aurkako eginbideak baina funtsik ez zutelako, bertan behera utzi zituzten apirilaren 3an, non adierazten den bere ideologia eta honen defentsan eginiko adierazpenak behin-behineko espetxealdian igarotako denborarekin zigortuak izan zirela. Hala ere, ezin izan zen espetxetik atera apirilaren 23a arte[176]. Espetxetik irtetean, Lasartera itzultzeko aukera izan zuen eta bertan urte oso gogorrak jasan behar izan zituen. Alargun geratu zen, seme txikiaren Ignacioren kargu egin behar izan zuen eta hurrengo urteetan Jesus eta Julian semeen heriotzaren berri jaso zuen.

49. Moreira Losada, Juana

         1895eko martxoaren 4an Monforte (Lugo) herrian jaioa, gerra aurretik Hernaniko Florida auzoan bizi zen Gregorio Serrano eta bien seme-alabekin batera[177].

         Serrano Moreira familia herriko langile mugimenduan aritu zen lehen unetik. Horrela, kide batzuk Euskadiko Gudarostean engaiatu ziren. Gainontzekoak, Juana kasu, herria utzi eta Bizkaian errefuxiatu ziren. Probintzia armada frankistaren esku erori zenean Hernanira itzuli ziren. Familiako kide hauek herrira iristean agintari frankisten aurrean deklaratzera behartu zituzten, baita haien aurkako prozedurak abiatu ere. Juana Moreiraren kasuan, deliturik ez zela eta, kausa artxibatzea erabaki zuten 1938ko urtarrilaren 20an[178].

50. Novales Roche, Matilde

         1895eko martxoaren 11 n Zaragoza probintzian jaioa. Probintzia bereko Martin Iñiguez senarrarekin eta bost seme-alabekin batera Kardaberaz kalean bizi ziren gerra aurretik.

         Familiak baina, 1936ko udan gerra hotsak Hernanira iristean, eta bonbardaketak areagotzean, etxea itxi eta gainean eraman ahal zezaketenarekin batera errefuxiatu gisa erromes-bideari ekin zioten. Hasieran Zumaiara egin zuten eta geroago, Bilbora. Bertatik, betiere armada frankistaren aurrerakaden ondorioz, Voto herrira (Kantabria) joan behar izan zuten, frankisten atzaparretan 1937ko abuztuan erori ziren arte.

         Orduan, Matilde Novalesek, igarotze-baimen bat lortu ostean, Lasartera itzultzeko aukera izan zuen irailerako. Iritsi eta gutxira, Guardia Zibilaren kuartelean deklaratzera deitu zuten. Bertan, Hernaniko agintari frankistek ezkertiarra izan eta manifestazioetan parte hartzea eta hauetan banderaduna izatea egotzi zioten, Fronte Popularra publikoki babesteaz gain. Gainera, salaketak egin zizkioten unean, Luis Iñiguez semea preso zuen eta agintariek semeari egozten zizkioten ekintzekin erlazionatzeko zuten nahia nabaria zen salaketetan. Azken salaketa horiek babestu zituztenak, batez ere, Hernaniko alkatea eta Guardia Zibila izan ziren. FET-JONS buruak zein gainontzeko testiguek parte hartze nabarmenik ez zuela izan adierazi zuten.

         Matilde Novalesek eginiko adierazpen guztietan salaketa guztiak ukatu bazituen ere, Alkatea eta Guardia Zibilaren txostenak ontzat eman ostean, 1938ko otsailean hainbat hernaniarrekin batera Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten. Bertan epaiketaren zain geratu zen. Hau urte bereko maiatzean burutu zen, non salaketak funtsik ez zutela ebatzi eta gero, Matilde Novalesen aurkako prozedura artxibatu egin zen. Horri esker, behin betiko askatasuna berreskuratu zuen 1938ko maiatzaren 9an[179].

51. Ocariz Tarazona, Concepcion

         Errenteriarra jaiotzez, Lasarten bizi zen, Hernaniren atala zen kaleetan. Errepublika garaian UGT sindikatuko afiliatua zen eta ideia ezkertiar sakoneko emakumea, gainera. Gerrak eztanda egitean bere senarra miliziano gisa joan zen borrokara eta, ondorioz, berarekin batera Santanderrera arte joan zen atzerakadan. Bertatik, Concepcionek Lasartera itzultzea lortu zuen, bere senarra espetxeratua eta bortxetako lanetara kondenatu zutelarik. Senarra espetxean zen bitartean, Concepcionek hainbat lanetan jardun behar izan zuen, 1938 amaieran Brunet enpresan lanean hasi zen arte, Orian. Bertan, harilkatze sailean lan egiten zuen, 14 emakumerekin batera.

         1939ko urtarrilaren 2an, beraien sailean Francisco Francoren argazkiko begi eta bibotea urratuta agertu ziren, ondorioz, beraien enkargatuak salaketa bat jarri zuen. Hau dela eta, autoritate frankistek langile guztien aurkako galdeketak egin zituzten eta lankide gehienek Concepcion salatu zuten, esanez ezkertiarra zela eta Mugimendu Nazionalaren aurkako iritziak publikoki adierazten zituela. Horrela, nahiz eta argazkiaren aurkako erasoa ez zuen inork ikusi, bere aurrekariak kontuan izanik Concepcion ekintza honen egile izan zela ebatzi zuten tribunalek, bere aurka eginiko Gerra Kontseilu batean, 1939ko abuztuaren 2an. Hori dela eta, matxinada militarraren aldeko proposamena burutu zuela ebatzi zuen tribunalak eta hiru urteko kartzela zigorrera kondenatu zuen[180].

52. Orradre Lujambio, Maria

         1885eko abenduaren 11n Hernanin jaioa, Javier Salinas senarrarekin eta seme-alabekin batera bizi zen Perkaiztegi kalean. Kolpistek Hernani hartu baina egun batzuk lehenago, irailaren 10ean, herritik ihes egin zuen Maria Orradrek[181]. Hasiera batean Zarautzen bi egun egin zituen, eta Malzagan astebete ondoren. Handik Durangora jo zuen, eta hemen zazpi hilabetez babestu zen, ekainaren 13an Bilbora joan arte. Bizkaiko hiriburutik segituan Zaramillo herrira mugitu zen, eta bertan gaua egin ostean, Hernanira itzuli eta agintari frankisten aurrean aurkeztu zen. Une horretan bertan, bere aurkako ikerketa prozesua abiatu zuten auzitegiek. Hala ere, haren eta hainbat testiguren deklarazioak kontuan hartuta, deliturik ez zela adierazi eta kasua artxibatu zuten 1938ko abenduan[182].

53. Ortiz Martinez, Calixta

         1867ko urtarrilaren 19an Villasana de Mena (Burgos) herrian jaioa. Hernaniko Kale Nagusian bizi zen Domingo Prieto eta haien alabekin batera[183]. Gerra Zibilak eztanda egin ostean, irailaren 9an, Hernani utzi eta Donostiara egin zuen ihes senarrarekin eta bi bilobekin batera. Ziurrenik, Amparo alabaren bi alabak izango ziren: Pilar eta Isabel Andre Prieto. Izan ere, Amparo eta bere senarra mugimendu politiko ezkertiarretan murgilduta zeuden eta herriaren defentsan aritu ziren lehen hilabeteetan.

         Donostian hiru egunez egon ostean, Amparok, senarrak, bilobak eta alaba batek Bilbora egin zuten ihes. Bederatzi hilabetez babestu ziren bertan, Deustuko kale batean. Matxinoak Bizkaiko hiriburura sartu zirenean baina, Kantabriako Guriezo herrira egin zuten ihes. Herri hau ere erori zenean, Hernanira itzuli ziren. Calixtaren kasuan, auzitegiek bere aurkako ikerketa bat abiatu zuten herrira itzultzean bertan. Hernaniko udalak bere aurkako salaketak egin zituen:

         “[...] era muy roja [...] enemiga acérrima del Movimiento Nacional levantando el puño desde el balcón de su casa al paso de las milicias comunistas [...]".

         Hala ere, auditoreak udalaren salaketak gainontzeko informe eta testiguen adierazpenekin kontrajarriak zirela adierazi zuen. Ondorioz, kausa artxibatu zuten 1938ko maiatzean[184].

54. Otamendi Olloquiegui, Manuela

         1918ko otsailaren 17an jaio zen Hernanin, eta gerra aurretik Juana eta Damian anai-arrebak zein Francisco Otamendi aitarekin batera Kale Nagusian bizi zen[185].

         Gerrak eztanda egitean baina, Damian anaiarekin batera lehen unetik kolpisten aurka borrokatzeko antolatu ziren milizietara batu zen. Manuela Otamendi, miliziana buzoa jantzi eta frontera joan zen, Bortolua-enea baserrian janaria eta edaria prestatu, arropa garbituz... aritu zen; gero hauek guztiak Onddi mendiko parapetoan zeuden milizianoei eramaten zizkien. Zutabe kolpisten aurrerakada gelditzeko ezintasuna zela eta, Manuela Otamendik milizianoekin batera Bizkairako bidea hartu zuen: Zarautz, Lekeitio eta ostean, Bilborako bidea eginez. Milizianoentzat lan egiten jarraitu zuen hilabete batzuetan zehar. Ostean baina, lan hauek utzi eta errefuxiatu gisa bizi izan zen Bilbon Manuel Seijo bikotekidearen familiarekin batera. Hiria frankisten esku erori aurretik baina, familia honekin batera Santanderrera ihes egin zuen. Santanderretik itsaso bitartez Pasaiara iristea lortu zuen Kantabria matxinoen esku geratzear zela.

         Lasartera iristea lortu zuen, baina segituan atxilotu eta FET-JONSen egoitzan giltzaperatu zuten. Giltzaperatzearen arrazoia, herriko agintari frankistek bere aurkako salaketa gordinak burutzea izan zen, besteak beste, miliziana gisa jardutea eta armatua ibiltzea egotzi zioten. Hala eta guztiz ere, salaketa nagusia milizianoekin erlazio sexualak izatea izan zen, beraien hitzetan:

         “dedicarse a una vida de orgías y placeres... acompañaba en todos momentos a los milicianos rojos al monte para satisfacer sus vicios”.

         Manuela Otamendik, soilik arropa garbitu eta janaria prestatzera mugatu zela adierazi zuen bere deklarazioetan. Hala ere, auzitegi militar frankistek bere aurkako prozedura ireki zutelako, behin-behineko espetxealdia ezarri zioten. Prozesu honetan aurkeztutako testiguek ordea, ez zituzten herriko agintari frankisten salaketak berretsi eta ez zuten inolako dokumentaziorik aurkeztu. Ondorioz, 1938ko urrian epaileak berak froga falta argudiatuz kausa artxibatu egin zuen, eta askatasuna berreskuratu zuen. Hala eta guztiz ere, deserrira kondenatu zuten, Hernanin bizitzeko debekua ezarriz, Hernani bertako agintariek hala eskatuta. Horren eraginez, Bilbora bizitzera joan behar izan zuen Manuelak, baina ziurrenik espetxean pairatutako bizi baldintza txarren ondorioz gaixotu egin zen eta Donostiako San Antonio Abad ospitalean hil zen 1941eko otsailaren 15ean tuberkulosiak jota, 23 urte bete eta aste batera[186].

55. Perez Izarra, Aniana

         1893an jaio zen Calzada de los Molinos (Palentzia) herrian. 1927 inguruan Hernanira bizitzera etorri zen bere amarekin batera. Gerrak eztanda egin eta gutxira, ordea, ama hil zitzaion eta Constantina Asin herrikidearen etxera joan zen bizitzera[187]. Aniana Perezek Sangrá zeramika enpresan egiten zuen lan, eta UGTko Sindicato Ceramico de Hernani-ko afiliatua zen. Kolpistek Hernani hartu zuten egunean herritik ihes egin eta Donostiara jo zuen, non barku batean Santurtzira joan zen. Bertan errefuxiatuen jantoki batean egon zen lanean 1937ko ekainera arte. Hilabete honetako hamabosgarren egunean Govea itsasontzia hartu eta Santanderrera bidea hasi zuen. Hurrengo egunean, ordea, itsasontzi kolpistek itsas zabalean atzitu eta Pasaiako portura eraman zituzten. Bertatik Loiolako santutegira eraman zuten, herrira itzultzen utzi zioten arte.

         Hernanira iristean, ordea, atxilotu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten, Auzitegi Militarrek bere aurkako prozesu sumarisimoa hasten zuten bitartean. Prozesuan zehar bere aurkako txostenak igorri zituzten Hernaniko agintari frankistak. Hauetan, besteak beste, ama hileta zibil batean hilobiratu, manifestazio eta ekitaldi iraultzaileetara joatea, hauetan bandera komunista eramatea edota herriko eskuindarrak mehatxatzea leporatu zioten. Sententzia Donostiako plazan burutu zuten 1938ko azaroaren 4an, eta matxinada proposamenagatik urte bateko kartzela zigorrera kondenatu zuten. Hala ere, kartzelan emandako denbora kontatuta hilaren 15ean atera zen Ondarretatik[188].

 

Aniana Perez Izarra erdian exerita (airmn)

 

56. Prieto Ortiz, Amparo

         Vivanco de Mena herrian (Burgos) jaio zen 1901eko irailaren 25ean. Jose Andres bizargilearekin ezkonduta zegoen eta beraien bi alabekin Kardaberaz kaleko etxe batean bizi ziren.

         Amparo Prietok, zurrategi batean lan egiten zuen, baina gerrak eztanda egitean hau itxi egin zen eta gerra frontea gertu zenez, milizianoentzako Benefizentzia etxean ezarri ziren sukaldeetan hasi zen lanean, UGTko militantea zen heinean. Hala ere, herria bonbardatzen hasi zirenean, laster herria matxinoen esku eroriko zela ikusita, lehenengo, familia guztiarekin batera Bilbon babesa bilatu zuten. Beranduago, gerraren bilakaera zela eta, Santander hirira lekualdatu behar izan zuten.

         Kantabriako hiriburua 1937ko abuztuan matxinoen esku geratu zenean, Amparo Prieto eta haren familia guztia han zegoen. Handik, Hernanira itzultzeko aukera izan zuten. Heldu eta gutxira ordea, Amparo Prietoren aurkako ikerketa bat abiatu zuten agintari frankistek. 1938ko otsailean, Amparo Prieto atxilotu eta bere senarra eta beste hainbat hernaniarrekin batera Ondarretako kartzelara eraman zuten preso. Atxiloketaren arrazoia erregimen frankistaren aurkako jarrera izatea izan zen, UGTko kide izan eta milizianoentzako sukaldari gisa jarduteaz gain komunista izatea, matxinoen aurkako aldarriak egitea, manifestazioetan parte hartzea eta milizianoak babestea egotzi zioten, besteak beste. Salaketa hauek Hernaniko agintari frankistek egin zituzten.

         Bere militantzia politikoa zela eta behin-behineko espetxealdian izan zuten preso, epaia 1939ko ekainean egin zen arte. Epaiketan ezin izan zioten inolako deliturik egotzi eta kausa artxibatu zuten. Amparo Prieto uztailaren 24an espetxetik irten zen, baina epaia igorri zuen gerra auditoreak bere aurkako zaintza zurruna egitea agindu zien Hernaniko agintari frankistei[189].

57. Samperio Peluaga, Leona

         1870eko ekainaren 28an jaio zen Errenterian[190], Aniceto Rezola EAJren gertuko abokatu entzutetsuaren emaztea zen. Donostian bizi zen bikotea Concepcion eta Maria Cruz alabekin batera.

         Gerra Zibilak eztanda egitean baina familiak Gipuzkoako hiriburua utzi eta Bilbon errefuxiatu behar izan zuten. 1936 urtearen amaieran Aniceto Rezola senarra hil eta alargun geratu zen. Horrela, bere bi alabekin batera Bizkaiko hiriburuan bizi izan zen 1936ko ekainean hiriburua armada kolpistaren esku erori zen arte. Orduan Donostiara itzultzea erabaki zuen, eta jabetu ziren Aniceto Rezolaren izenean zeuden ondasun guztiak konfiskatu zizkietela. Horren eraginez, Leona Samperiok Hernanin zuen etxe batera bizitzera etorri behar izan zuten.

         Horrekin ez zen baina Rezola Samperio familiaren aurkako errepresioa eten, izan ere, 1938ko azaroan salaketa bat tarteko polizia frankistak familiaren etxea erregistratu zuen, ustez Manuel Cruz Bellido epaile izan zenaren objektuak, tartean epaile-makila, gordetzen zituztelakoan. Manuel Cruz, Donostiako epaile zen gerra aurretik eta Gerra Zibilean Errepublikari leial mantendu zitzaion; Bizkaian Herri-auzitegietako epaile izan zen, Kantauriko hegia matxinoen esku erortzean baina atzerrian errefuxiatu behar izan zen. Aurretik baina Leona Samperiori bere aginte makila eta zenbait objektu eman zizkion Manuelen familiari itzultzeko; Hernanira itzuli eta gutxira itzuli zizkien. Ondorioz, etxearen miaketaren ostean eraman zituzten objektu eta bitxi guztiak Rezola Samperio familiarenak ziren.

         Konfiskazio hau eta salaketa oinarri hartuta, auzitegi militarrek bere aurkako eginbideak abiatu zituzten. Horren aurrean, Leona Samperiok Manuel Cruz Bellidoren senitartekoen lekukotzak aurkeztea lortu zuen eta, ondorioz, prozesua artxibatzea lortu zuen 1943ko urtarrilean. Hala, konfiskatu zizkieten ondasunak lau urteren ondoren itzultzea lortu zuen. Une honetarako jada Donostiara bizitzera joanak ziren Leona Samperio eta bi alabak[191].

58. Serrano Moreira, Aurora

         1914ko ekainaren 15ean jaio zen Palanquinos herrian (Leon)[192]. Juana Moreira eta Gregorio Serrano gurasoak eta anai-arrebekin batera Florida auzoan bizi zen. Gregorio Serrano aita Hernaniko geltoki-buru zen eta Gerra Zibila hastean auzoko ehunka langilek egin zuten gisan frankisten bonbardaketetatik ihesi etxea atzean utzi eta Bizkaiko hiriburura mugitu ziren.

         Bertan, Aurora Serranok, Euskadiko Gudarostearentzat gerra-industrian lan egin zuen, gudari eta milizianoentzat arropa egiten. Artxandako gainetan armada frankista eta gudarien arteko borrokak hasi zirenean baina Santander hirian errefuxiatu behar izan zuten, azken horretan armada frankistaren esku geratu ziren arte.

         Orduan, 1937ko irailaren hasieran, Hernanira itzuli behar izan zuten guztiek eta iritsi bezain pronto, familiako lau kideren aurkako prozesuak abiatu zituzten agintari frankistek. Tartean zegoen Aurora Serrano bera ere, eta bere aita Gregorio Serranorekin batera Ondarretan espetxeratu zuten behin-behinean frankistek. Agintari frankistek Fronte Popularra babestea eta Errepublikaren aldeko gerra esfortzuan parte hartzeaz gain, Bilbon errefuxiatua egon zen etxeko ondasunak eramatea leporatu zioten.

         Hala ere, Bilboko etxeko jabeak berak lekukotza bidez Aurora Serranoren aurkako salaketan adierazten zena gezurra zela adierazi zuen. Aurora Serranoren aldeko lekukotza batzuk tarteko, epaileak, 1938ko abenduan emaniko epaian egozten zizkioten egitateek ez zirela delitu ebatzi ostean, askatasuna berreskuratu zuen 1939ko urtarrilaren 3an. Ordura arte, behin-behinean 16 hilabete preso egon zen[193].

59. Serrano Moreira, Elena

         1915eko irailaren 11n Palanquinos herrian (Leon) jaio zen, bertan trenbideetako langile baitzen bere aita Gregorio Serrano. 1933an baina, Hernaniko geltoki-buru postua lortu eta gero familia guztiak Gipuzkoarako bidea hartu zuen[194]. Elena Serrano, Juana eta Gregorio gurasoekin eta anai-arrebekin batera Florida auzoko etxe batean ezarri zen.

         1936ko udan Gerra Zibila hastearekin batera, armada frankistak herriaren aurka eginiko bonbardaketen ondorioz, guztiak batera Bilbo eta Santander hirietan errefuxiatu ziren. Kantabriako hiriburua matxinoek hartu zutenean, agintari frankisten aginduz, 1937ko irailean Hernanira itzuli behar izan zuten guztiek. Herrira iritsi bezain pronto, herriko frankistek itaundu eta beraien aurkako prozesu bat abiatu zuten, Aurora Serrano ahizpa eta Gregorio Serrano aita espetxeratuz.

         Elena Serrano ez zuten kartzelaratu, baina Lasarteko agintari frankisten aldetik salaketa bat jaso zuen. Salaketa hartan, Fronte Popularra babestu zuela eta Juana Moreira ama eta ahizparekin haren aldeko mobilizazioetan parte hartu izana egotzi zioten. Elena Serranok aurkeztutako testiguek ukatu egin zuten lehenengoari egindako akusazioa. Hernaniko FET-JONSetik epaileari bidalitako txosten batek ere akusazioa ukatu zuen. Horren guztiaren eraginez, gerra auditoreak 1938ko urtarrilean prozesua artxibatzea erabaki zuen inolako erantzukizun-deklaraziorik gabe[195].

60. Setien Cortajarena, Teresa

         1915eko martxoaren 8an Hernanin jaioa, Juana Cortajarena ama eta anai-arrebekin batera Elkano kaleko etxe batean bizi zen[196].

         Gerra Zibilaren harira, bere anaia Ignacio EAJko militante gisa Hernaniko Defentsa Batzordeko kide izan zen. Ordena Publikoko komisarioa izan zen eta, ondoren, Amaiur batailoi abertzaleko gudari ere, Kantauriko hegia armada frankistaren esku erori zen arte. Orduan, Teresaren anaiak Frantziara ihes egitea erabaki zuen, horretan lan egiten zuen sare batekin kontaktuan jarri zelarik Teresaren laguntzarekin. Hala ere, ihes-sare honen aurkako atxiloketak tarteko, atxilotu egin zituzten neba-arrebak.

         Epaia 1940ko uztailean gauzatu zen arte Ignacio behin betiko espetxealdian egon zen. Teresa, aldiz, espetxealdi arinduarekin Hernanin bizi zen ordurako. Halaber, Gerra Kontseiluan, hasiera batean desertzio delitua burutzeko laguntza eman edo sustatzea egotzi zioten arren, auzitegiak absolbitu egin zuen azkenean. Adieraziz, leporatzen zizkioten egitateak ez zirela delituak. Ignacio anaia ere, Ordena Publikoko arduradun gisa Hernanin preso zeuden matxinoen aldeko pertsonekiko jarrera ona tarteko absolbitu egin zuten, hau ere espetxetik atera eta Hernanira itzuliz[197].

61. Vicente Ibañez, Isabel

         1900eko otsailaren 15ean jaioa Alciran (Valentzia), Enrique Cario herrikide zen senarrarekin batera Lasartera bizitzera etorri zen, Michelin enpresak ateak ireki zituen urte berean, hots, 1934an[198].

         Oriako hertzetara bizitzera etortzearen arrazoia enpresa honetan lortutako lanpostua izan zen, izan ere, gerra aurretik bizikleten gurpilak produzitzeko sail bateko arduradun postuan lan egin zuen. Gerra Zibilak eztanda egitean baina fabrika itxi egin zuten eta armada frankistak Lasarteren aurka egiten zebilen bonbardaketak zirela eta, herria utzi eta senarrarekin batera Bizkaian babesa bilatzeko erabakia hartu zuen.

         Hasiera batean Markinan errefuxiatu baziren ere, gutxira Bilborako bidea hartu zuten, azken horretan errefuxiatu ziren 1937ko udaberrira bitartean. Gerrako frontea gero eta hurbilago zutela ikusita, Isabel Vicentek Eusko Jaurlaritzak antolatutako itsaso bidez egiten zebilen ebakuazio planean izena eman zuen. Hala, Clermont-Ferrand hirian [Puy-de-Dóme, Frantziako Estatua] errefuxiatu zen Bilbotik itsasoz ebakuatu eta gero, 1937ko maiatzean.

         Frantziako Estatuan errefuxiatu gisa bizi izan zen Kantauriko hegiko azken erresistentzia guneak armada frankistaren esku geratu ziren arte. 1937ko azaroaren 29an muga zeharkatu eta Gipuzkoara itzultzea erabaki zuen. Iritsi bezain pronto baina Lasarteko agintari frankistek bere aurkako salaketa bat ezarri zuten, adieraziz, ezkertiarra zela eta Michelin fabrikako postua baliatu zuela mugimendu ezkertiarren aldeko propaganda egiteko eta langile mugimenduaren aurkako langileak lanpostutik kanporatu zituela.

         Salaketa honetan oinarrituta, auzitegi militarrek bere aurkako prozesu bati hasiera eman zioten. Prozesuan lekukotza eman zuten lasartearrek eta Michelin enpresako arduradunek igorritako txosten batek, FET-JONSek eginiko salaketa deuseztatu zuten. Horri esker, Isabel Vicenteren aurkako eginbideak artxibatu egin ziren 1938ko apirilean. Hala eta guztiz ere, gerra auditoreak Isabel Vicenteri isun ekonomikoa ezarri zion, bere ideologia erregimen frankistaren baloreen aurkakoa zelako. Nahiz eta inolako ondasunik ez izan Isabelek, 100 pezetako isuna ordaintzera behartu zuten. Hau ordaindu ezean, kartzelara sartuko zuten[199].

62. Vicuña Ferrero, Consuelo

         1897ko azaroaren 27an Orian jaio zen, non Florencio Juarezekin ezkondu eta familia osatu zuten. Hirugarren semea, Jose, jaio eta gutxira Lasartera bizitzera etorri ziren. Kale Nagusiko etxe batean bizi ziren gerra aurreko urteetan[200]. Hala ere, lotura estuak mantendu zituen Oriarekin, alaba bat amonarekin bertan bizitzeaz gain, herri honetako langile mugimenduak antolatzen zituen mobilizazioetan parte hartzen baitzuen ere, UGTko kide baitzen.

         Gerra Zibila hastean baina, gerra frontea hurbiltzean ehunka langilek egin zuten moduan etxea atzean utzi eta errefuxiatu gisa ihes egin behar izan zuen Juarez Vicuña familiak. Hasiera batean Bilbon babestu ziren eta Bizkaia matxinoen esku erortzean, Kantabriara lekualdatu ziren, matxinoek atxiki zituzten arte.

         Orduan, frankistek Lasartera itzultzera behartu zituzten eta iritsi bezain pronto bertako falangistek Consuelo Vicuñari Fronte Popularra babestea eta milizianoen aldeko eta erregimen frankistaren aurkako adierazpenak egitea egotzi zioten. Horretaz gain, bere alabekin batera Oriako manifestazioetan parte hartzea ere egotzi zioten. Akusazio hauetan oinarrituta auzitegi militarrek bere aurkako ikerketa bat martxan jarri zuten 1937tik aurrera. 1938ko azaroan, gerra auditoreak ikerketa bera largetsi zuen inolako erantzukizun-deklaraziorik gabe, Consuelo Vicuñak parte hartu zuen delitu zantzurik ez zutela adierazi eta gero[201].

63. Zubillaga Usabiaga, Leonor

         1897ko azaroaren 5ean jaioa Hernanin, gerra aurretik Gertrudis ama zein Juan eta Martin anaiekin batera Nafar kaleko etxe batean bizi zen. Hipolito eta Micaela anai-arrebak ere Hernanin bizi ziren[202].

         Zubillaga Usabiaga familia abertzalea zen, Leonor Zubillaga, esaterako, EABko militantea izan zen gerra aurretik eta bere hiru anaiak EAJko militanteak ziren. Azken hauek, gerra garaian Agustindarren komentuan jardun zuten miliziano gisa atxilotuta zeuden Hernaniko kolpistak zaintzen, 1936ko irailean zutabe frankistak herrira iritsi aurretik ebakuatu behar izan zuten arte[203].

         Une horretan, familia guztiak Astigarragarako bidea hartu zuen eta bertatik Mundakara joan behar izan zuten. Azken horretan errefuxiatu ziren 1937ko ekainean, herria tropa frankisten esku geratu zen arte. Orduan, Leonor Zubillagak, Hernanira itzultzeko aukera izan zuen, baina ekainaren 29an Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera behartu zuten. Azken horrek, FET-JONS, Alkatetza eta beste salatari batzuetan oinarritutako txosten bat igorri zion epaitegi militarrei. Txosten horietan, Leonor Zubillaga, EABko militante izan eta matxinoengatik ihes egiteaz akusatzen zuten. Epaiketan ordea, ezin izan zioten inolako erantzukizunik egotzi Leonor Zubillagari eta ondorioz, prozedura artxibatu egin zuten 1938ko ekainean. Hala ere, epaitegiak berak adierazi zuen abertzalea zela eta bere ideia politikoengatik 200 pezetako isun ekonomikoa ordaintzera kondenatu zuten[204]. Horretaz gain, Hipolito Zubillaga anaiari, EAJko buruetako bat izateagatik, ondasunak konfiskatu eta hauek berreskuratzeko 200 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten. Anaia ordea Bilbon errefuxiatua zegoela hil zenez, isuna Leonor Zubillagak ordaindu behar izan zuen[205].

 

 

 

[62] Zuloaga Muxika, I. (2019, 2020, 2023a, 2023b).

[63] Sexu biologikoak determinatuta, emakume edo gizonezkoari ardura edo ekoizpen betekizun ezberdinak egokitzen zaizkionean. Prozesu historikoan zehar, lan banaketa sexuala ez da lineala izan eta aldaketak jasan izan ditu. Datu zientifikoen arabera, sexuen arteko arrakalarik handiena, sistema kapitalistan jasandakoari deritzo.

[64] Barranquero Texeira, E. eta Prieto Borrego, L., 2004, 129 or.

[65] 1931eko azaroko Lan Kontratuaren Lege berriaren arabera.

[66] Barranquero Texeira E. eta Prieto Borrego, L., Idem, 2004, 130 or.

[67] Errepresio sexuatua, emakume errepublikanoen gorputzean biolentzia bidez eta bere gorputzeko atal sexuatuenetan biolentzia eraginez haien identitatea birrintzean zetzan. Biolentzia edo errepresio mota horien guztien artean: ile mozketak, bortxaketak... bereizten ziren. Azken finean, errepresio mota horiek guztiek emakumeen gorputza diziplinatu eta ahultzeko metodo gisan balio izan zuten.

[68] Emakume errepublikarra izenpea, gobernu errepublikarrak egindako erreformak begi onez ikusi eta beretzat hartu zituzten emakumeei deritzegu. Emakume Abertzale Batzako emakumeak ere bertan sartuko ditugu.

[69] Emakume tradizionala izenpea, gobernu errepublikarraren erreformen aurka ageri eta ordura arte Espainiar Estatuan mantendu zen genero ordenaren alde agertu ziren emakumeei deritzegu.

[70] Gonzalo Queipo de Llano jeneral kolpistaren irrati-diskurtsoa, 1936an.

[71] 1934an, falangistek, Pilar Primo de Riveraren eskutik, Sección Femenina delakoa sortu zuten. Haren helburuetako bat, geroago diktadura frankistan zehar islatuko zen gisan, emakumeak bere rol tradizionala betetzea izan zen.

[72] Batzuetan nahikoa zen Bigarren Errepublikako alderdi eta sindikatuekin haien senideek zerikusia eduki izana.

[73] Ile mozketak orokorrean ez ziren dokumentatzen, dokumentatuta ditugun kasu gutxi ditugu. Emakume haien ohorearen galtzea suposatzen zuen bai eta haien familiarena ere. Bigarren Errepublikan gertatu gisan, indarkeria sexista mota hau, ezkutatu egiten zen. Horrez gainera, dokumentuak, oro har, gizonezkoek ekoiztuak izaten ziren eta beraz, ez da harritzekoa, garaiko ideologiagatik emakumea bigarren mailakotzat hartu eta gizonezkoen datuak baino ez agertzea dokumentuetan, haren gehiengoan.

[74] Joly, M., 2008, 95-96 or.

[75] Urrutiabengoa et al., 2004.

[76] Maria Pilar Lujanbio Olanoren testigantza.

[77] Justizia Militarrak prozesatutako hernaniarren atalean ageri dira emakume guzti hauek.

[78] Jimenez Martin et al., 2012, 35 or.

[79] Lasarte-Oriako Udala, 2020.

[80] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[81] CDMH, sig. DNSD-SECRETARÍA, FICHERO, 1, A0014394.

[82] AIRMN, 828/37 Gobernu-informazioa.

[83] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[84] CDMH, sig. DNSD-SECRETARÍA, FICHERO, 1, A0014396.

[85] AIRMN, 828/37 Gobernu-informazioa.

[86] HUA / AMH // E-5-II-28. Guerra de 1936. Informes (filiaciones políticas, sociales...) sobre vecinos de Hernani, 1936 - ...

[87] GPAH / AHPG // sig. GEZ02833_0055.

[88] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[89] AIRMN, 830/38 Gobernu Informazioa.

[90] AIRMN, 804/37 Gobernu Informazioa.

[91] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[92] AIRMN, 850/37 Gobernu Informazioa.

[93] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[94] AIRMN, 20749/38 Urgentziazko Sumarisimoa.

[95] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[96] AIRMN, 853/38 Informazioa.

[97] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[98] AIRMN, 1398/38 Informazioa.

[99] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[100] AIRMN, 87 Informazioa.

[101] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[102] HUA / AMH // A-3-52 (H107). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.

[103] Pagoaga Soraluze, I., 2015.

[104] GPAH / AHPG // sig. GEZ02835_0010.

[105] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[106] HUA / AMH // A-3-52 (H107). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.

[107] Pagoaga Soraluze, I., 2015.

[108] GPAH / AHPG // sig. GEZ02851_0030.

[109] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[110] AIRMN, 1049/37 Informazioa.

[111] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[112] AIRMN, 828/37 Gobernu-informazioa.

[113] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[114] AIRMN, 851/37 Informazioa.

[115] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[116] AIRMN, 3177/40 Urgentziazko Sumarisimoa.

[117] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[118] AIRMN, 1579/38 Gobernu Informazioa.

[119] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[120] AIRMN, 817/37 Gobernu Informazioa.

[121] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[122] AIRMN, 826/38 Gobernu Informazioa.

[123] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[124] AIRMN, 822/38 Gobernu Informazioa.

[125] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[126] AIRMN, 818/37 Informazioa.

[127] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[128] AIRMN, 849/38 Gobernu Informazioa.

[129] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[130] AIRMN, 816/38 Gobernu Informazioa.

[131] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[132] AIRMN, 1070/38 Sumarisimoa.

[133] AIRMN, 804/37 Gobernu Informazioa.

[134] AIRMN, 804/37 Gobernu Informazioa.

[135] Regina Gorrochategui Mirandaren lekukotza, Ahotsakproiektuari emana.

[136] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[137] AIRMN, 823/38 Gobernu Informazioa.

[138] AIRMN, 514/37 Informazioa.

[139] Beste iturri batzuek Modesto dela diote.

[140] Zuloaga Muxika, I., 2019.

[141] AIRMN, 804/37 Gobernu Informazioa.

[142] Ibidem.

[143] Arizabaleta Gantxegi, I., 2020

[144] HEZ, 1 saila, 17 liburukia, 129B orrialdea.

[145] GPAH / AHPG // sig. GEZ03646_0070.

[146] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[147] AIRMN, 852/37 Informazioa.

[148] HUA / AMH // A-3-52 (H107). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.

[149] AIRMN, 130/38 Urgentziazko Sumarisimoa.

[150] BOE, 275 zenbakia, 6812 orrialdea, 1940ko urriaren 1ekoa.

[151] Testigantza.

[152] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[153] AIRMN, 3379/38 Urgentziazko Kausa Sumarisimoa.

[154] AIRMN, 372/37 Informazioa.

[155] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[156] AIRMN, 373/37 Informazioa.

[157] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[158] AIRMN, 130/38 Urgentziazko Sumarisimoa.

[159] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[160] AIRMN, 130/38 Urgentziazko Sumarisimoa.

[161] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[162] AIRMN, 852/38 Gobernu Informazioa.

[163] Testigantza.

[164] AGA, espetxe-fitxa.

[165] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[166] AIRMN, 3380/38 Kausa Sumarisimo Arrunta.

[167] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[168] AIRMN, 3288/37 Urgentziazko Sumarisimoa.

[169] AIRMN, 378/37 Gobernu Informazioa.

[170] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[171] AIRMN, 2228/39 Aurretiazko Eginbideak.

[172] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[173] Aranzadiko datu-basea.

[174] AIRMN, 2016/39 Urgentziazko Sumarisimoa.

[175] Aranzadiko datu-basea.

[176] AIRMN, 2016/39 Urgentziazko Sumarisimoa.

[177] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[178] AIRMN, Informazioa.

[179] AIRMN, 478/37 Informazioa.

[180] Arizabaleta Gantxegi, I., 2020.

[181] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[182] AIRMN, 797/38 Informazioa.

[183] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[184] AIRMN, 48/37 Gobernu Informazioa.

[185] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[186] AIRMN, 2185/38 Urgentziazko Sumarisimoa.

[187] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[188] AIRMN, 1074/38 Sumarisimoa.

[189] AIRMN, 2006/39 Aurretiazko Eginbideak.

[190] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.075//2176/001-02 (f.74v,n°135/B,1870-06-28).

[191] AIRMN, 10695/38 Aurretiazko Eginbideak.

[192] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[193] AIRMN, 769/38 Gobernu-informazioa.

[194] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[195] AIRMN, 138/38 Informazioa.

[196] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[197] AIRMN, 1141 Sumarisimo Arrunta.

[198] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[199] AIRMN, 392/37 Informazioa.

[200] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[201] AIRMN, 819/38 Gobernu Informazioa.

[202] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[203] HUA / AMH // A-3-52 (H107). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.

[204] AIRMN, 1048/38 Gobernu Informazioa.

[205] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

 

 4.1. LANGILE PUBLIKOEN GARBIKETA | 4.2. EMAKUMEEN AURKAKO ERREPRESIOA HERNANIN | 4.3. ERREPRESIO EKONOMIKOA