Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
2.7.
HERNANI, GATAZKA LEKUA
Errepublikar sektore batzuk eskuinarekin eta Europan goraka zebilen mugimendu faxistengana hurbiltzean, talka gogorra eragin zuen ezkerreko langile mugimenduekin eta aro gatazkatsu bat ireki zen. Giro honek grebak, mobilizazioak, manifestazioak eta istiluak orokortu egin zituen. Horren isla da Hernanin polizia zein udaltzaingoak herritar bat baino gehiago atzeman izana kalean armatuak, edota mobilizazio garrantzitsu baten ostean eginiko miaketetan armak edota istiluetarako materiala konfiskatu izana.
1934 urtea hain gatazkatsua izan zen herrian non garaiko prentsak mafia eta krimenegatik ezaguna zen AEBtako Chicago hiriarekin alderatzen zuten, Txikago Txikia ezizena ipiniz. Honen adierazle da 1934ko lehenengo sei hilabeteetan 2 heriotza bortitz, 153 lapurketa eta 2 bortxaketa-ahalegin egon izana[83].
2.7.1. Fernando Berenguer Fusteren hilketa
1934ko ekainaren 6ko ilunabarrean, Antziola auzoan, Donostiatik zetorren trenaren geralekuaren ondoan, tiro hotsak entzun ziren eta lekukoen arabera hiru pertsona zeramatzan kotxe batek abiada bizian ihes egin zuen. Tiroak izan ziren lekuan, Fernando Berenguer Fuste espainiar jeneralaren hilotza geratu zen. Fernando Berenguer, 1930ean Espainiako diktadore izandako Damaso Berenguerren anaia zen. Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Damaso atxilotua eta espetxeratua izan zen diktaduran izandako papera zela eta. 1934an biurteko beltzeko Lerrouxen gobernuak amnistiatu egin zuen eta familiarekin batera Hernaniko Las Villas auzoko Villa Albernia etxaldera bizitzera etorri zen. Antziolako geralekutik gertu zegoen auzo hau, Donostiako burgesiarentzat eraikitako jauregi edota etxaldez osatua zegoen.

Fernando Berenguerren hilketa.
(Ahora aldizkaria).

Fernando Berenguerren hilketa.
(Ahora aldizkaria).
Hasiera batean ekintzaren egileak argi ez bazeuden ere, garaiko prentsaren arabera ekintza burutu zutenak ustez Damaso anaia hiltzea zuten helburu. Horrela, Uharte-Arakilen ekainaren 27an Guardia Zibilak hainbat pertsona susmagarri atxilotu zituen. Ziega batean sartu eta gutxira Emiliano Huertasek Fernando Berenguer hiltzea onartu omen zuen, baina bere kideen inguruko informazioa emango ez zuela adierazi zuela[84].
Prentsaren adierazpenen arabera Emiliano Huertas Rojas 27 urteko anarkista zen. Villena herri valentziarreko Encina auzoko alkatea. Atxilotuta zegoela ustez eginiko deklarazioen arabera, ezagutzen ez zituen bi gizonekin elkartu eta Madrilera joan zen, bertan, kide batzuek diru kopuru bat eta armak eman ostean Donostiarako bidea ekin zuten. Helburua Damaso Berenguer diktadore ohia hiltzea zen, horregatik, Gipuzkoako hiriburura iritsitakoan Hernanirako bidea hartu zuten eta Berenguer Fuste familiaren etxea identifikatu ondoren inguruetan zain geratu ziren. Iluntzean, Damaso zela uste zuten pertsona identifikatu ostean hau hiltzea erabaki zuten[85].
Emiliano Huertas Iruñeko espetxetik igaro ostean Donostiara lekualdatu omen zuten, non hilketaren instrukzioa abiatua zuen epaileak[86], baina puntu honetatik aurrera Emilianoren inguruko berri gehiago ezin izan ditugu identifikatu, beraren nondik norakoa azaldu ahal izateko. Prentsan agertzen diren berriak iturri bakarra denez ez da erraza zehaztea ez hauen zilegitasuna ez eta ekintza burutu zutenek pairatutako ondorioak.
Fernando Berenguerren hilketak Hernaniko bizitza politikoa irauli zuen. Biurteko Beltzean Hernanin ezarritako Batzorde kudeatzaileak, 1935ean zehar herrian Guardia Zibilaren kuartel bat ezartzeko proiektua martxan jarri zuen; XIX. mende amaieratik ematen ez zen egoera bat. Proiektua aurrera eramaten zen bitartean Guardia Zibilaren presentzia herrian areagotu zen. Azkenean, Guardia Zibilaren kuartela Lasarten ezarri zen 1937 urtean[87].
Halaber, Gerra Zibilaren ostean teoria hauek guztiak irauli egin ziren, Hernaniko agintari frankistek herriko sozialistei leporatu baitzioten Fernando Berenguer militarraren hilketa. Besteak beste, Jose Ubarrechena falangistak prentsan eginiko adierazpen batzuetan ere ideia bera berresten zuen. Egia den arren salaketa batzuk atzera bota zituztela, gertakari honekin lotutako akusazio asko ikusi ahal ditugu Auzitegi Militar Frankistak epaitutako hernaniarren sententzietan.
FRANKISTEK BERENGUERREN KASUAREKIN LOTU ZITUZTEN HERNANIARRAK
|
Joaquin Aguirre Lecuona |
Bigarren Errepublikako zinegotzi sozialista izan eta Defentsa Batzordeko kide izateagatik 12 urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten[88] |
|
Tomas Beriain Ugalde |
Dragones batailoiko Hernani konpainiako komandantea, Kalamuako borroketan hil zen |
|
Joaquin Gomez Sarasola “El Madrileño”[89] |
Dragones batailoiko milizianoa |
|
Juan Goñi Lazcano “Beruete” |
Milizianoa, Gerra Kontseilu batean 20 urteko espetxealdira kondenatua[90] |
|
Juan Maria Ruiz Azurmendi |
Milizianoa, Gerra Kontseilu batean heriotza-zigorrera kondenatu ostean fusilatua[91] |
|
Miguel Zapiain Elizondo |
|
|
Jose Gorospe Caracciolo |
Milizianoa, Gerra Kontseilu batean 30 urteko espetxealdira kondenatua[92] |
|
Angel Jimenez Gorostazu “El Cafetin” |
Milizianoa, Gerra Kontseiluan heriotza-zigorrera kondenatua eta fusilatua[93] |
2.7.2. Jose Aramburu Lasaren hilketa
Herriko giro politiko gatazkatsuaren gertakari ilunenetako bat 1936ko martxoaren 19an eman zen, San Jose egunean. Gaueko bederatziak aldera, Jose Aramburu Lasa gazte abertzalea Kale Nagusian zegoen Ignacio izeneko tabernatik Batzokira zihoan. Bidean hainbat pertsona zeuden bere zain, eskuzko armak atera, tirokatu eta hil egin zuten. 22 urteko Portu auzoko gazte hau EAJ-PNV eta STVELAn afiliatuta zegoen baina ez zuen parte hartze politiko nabaririk herrian. Prentsaren arabera, muturreko ezkerreko alderdietako afiliatuak hil zuten[94]. Agintariek hiru susmagarri atxilotu eta udaletxeko arkupe txikian zegoen espetxera eraman zituzten berehala: Leon Arbizu Mateo, Carlos Lesaka Biurrun eta Joaquin Pagola Iriarte[95]. Prentsaren arabera, atxilotuak ez zuten hilketa onartu baina froga nahikoak aurkitu zituzten egun batzuk beranduago espetxeratu ahal izateko[96].
Hil-kapera Hernaniko ELAren egoitzan ezarri zen eta sindikatu honek martxoaren 21 goizerako Gipuzkoan lanuztea deitu zuen, hiletaren ostean bere gorpua hilerrira laguntzeko. Sindikatu zein alderdi jeltzaleko ehunka afiliatu eta jarraitzaile hurbildu ziren ekintza honetara eta lanuztearekin bat egin zuten[97].

Jose Aramburu Lasaren hilketa. (Euzkadi).
Gertakizun honek hautsak harrotu zituen alderdi ezkertiarren eta jeltzaleen artean, bai Hernanin baita Gipuzkoan ere. Gazte hau arotza eta STV-ELAko afiliatua zenez Gipuzkoako zura-industriako federazioak hurrengo prentsa oharra argitaratu zuen hilketaren ostean:
“A todos los carpinteros de Donostia, y especialmente a los solidarios. - Se pone en conocimiento de todos los carpinteros de Donostia que a partir de hoy queda ROTO el Comité de relaciones entre los distintos Sindicatos que venía funcionando desde hace cerca de un año, a raíz de las peticiones que por iniciativa de Solidaridad de Trabajadores Vascos se hicieron a la clase patronal, y para cuya consecución y defensa nos pusimos de acuerdo las distintas organizaciones. No podemos ir unidos con los que CAZAN y asesinan a balazos a un carpintero, honrado trabaiador y sostén de sus ancianos padres.— La Federación de Industria de la Madera de Gipuzcoa.[98]”
Honetaz gain, ugariak izan ziren elkartasun keinuak Jose Arambururekin eta bere familiarekin. Keinu asko ekonomikoak izan ziren, gaztea familiaren sostengua baitzen. Besteak beste: Pasaiako eta Errenteriako STV-ELAk etenaldiak egin zituen lanaldietan[99], Urnietan antzerki baten sarreren irabaziak familiari eman zizkioten[100], Pasaia-Antxoko batzokian diru bilketa egin zen[101], El Dia egunkariko hainbat bazkideek haien kuotan 7 pezeta gehiago ordaindu zituzten familiari laguntzeko, etb.
Gazte honen hilketatik egun batzuetara, martxoaren 24an, Donostiako Egia eta Amara auzoetan izandako tiroketa batzuk kasu honen mendekua izan ahal zela uste da. Antonio Bermejo Gonzalez eta Manuel Gregorio Nistal, JSUko eta UGTko afiliatuak hurrenez hurren, izan ziren zauritutakoak[102].

Jose Aramburu Lasaren hilketa. (Argia).

Jose Arambururen hileta. (Gure Gipuzkoa).
[83] Ibidem.
[84] Euzkadi, 1934ko ekainaren 28koa; La Voz de Guipúzcoa, 1934ko ekainaren 28koa.
[85] La Voz de Guipúzcoa, 1934ko ekainaren 28koa eta 1934ko uztailaren 1ekoa; La Gaceta del Norte, 1934ko ekainaren 29koa.
[86] La Voz de Guipuzcoa, 1934ko ekainaren 29koa.
[87] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.
[88] AIRMN, 4085 Sumarisimo Arrunta.
[89] Beste iturri batzuek Felipe Sarasola Goenaga, frontean hildako milizianoa, izan zela diote.
[90] AIRMN, 5215/39 Sumarisimo Arrunta.
[91] AIRMN, 1075/37 Urgentziazko Prozedura Sumarisimoa.
[92] AIRMN, 15724/38 Urgentziazko Prozedura Sumarisimoa.
[93] AIRMN, 1144/37 Sumarisimoa.
[94] El Pueblo Vasco, 1936ko martxoaren 21ekoa; La Gaceta del Norte, 1936ko martxoaren 21ekoa.
[95] La voz de Guipúzcoa, 1936ko martxoaren 20ekoa eta 1936ko martxoaren 21ekoa; La Gaceta del Norte, 1936ko martxoaren 21ekoa.
[96] Euzkadi, 1936ko martxoaren 25ekoa.
[97] Euzkadi, 1936ko martxoaren 21ekoa.
[98] Ibídem.
[99] La Gaceta del Norte, 1936ko martxoaren 21ekoa.
[100] Euzkadi, 1936ko ekainaren 29koa.
[101] Euzkadi, 1936ko apirilaren 4koa.
[102] Egaña, I., 2005, 53-54. orr.
