Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
2.6.
ANTOLAKETA POLITIKOA HERNANIN
Errepublikako lehenengo hilabeteetan zehar Hernanin hainbat antolakunde, alderdi eta sindikatu errepublikar eta ezkertiar eratzen edota berrantolatzen hasi ziren. Alde batetik, 1931 ko maiatzean Euzko Etxea elkarte abertzaleak zuzendaritza berria izendatu zuen.
EUZKO ETXEA ELKARTEA
|
PRESIDENTEA |
Hipolito Zubillaga |
|
DIRUZAINA |
Bonifacio Arbela |
|
IDAZKARIA |
Hipolito Setien |
|
BATZORKIDEAK |
Angel Beristain |
|
Alejandro Guerra |
|
|
Severo Aramburu |
Eusko Langile Alkartasunak (ELA) jada ibilbidea zuen herrian, 1920an sindikatu abertzalean herriko 22 emakume sindikatuta zeuden[72], baina 1931ko abuztuaren 29an ELA sindikatuak talde berria sortu zuen herrian. Emakume abertzaleak sindikatuaz gain, Emakume Abertzale Batza (EAB) taldean antolatuta zeuden. Batzokiko egoitzaren bigarren pisuan zuten haien bilgunea[73] eta hainbat izan ziren talde honetatik igarotako emakumeak, besteak beste: presidentea izandako Maria Luisa Oñatibia, presidente-batzordekidea izandako Ramona Miranda, idazkaria izandako Natividad Aguirre, Pilar Arrondo, Ursula Apaolaza, Leonor Zubillaga Usabiaga, Maria Luisa Goicoechea Garmendia, Consuelo Goicoechea Garmendia, Isabel Mugica Landaberea, Maria Idiaquez Indo, Maria Bengoa Elorza, Guadalupe Abalabide Arrieta, Maria Cruz Uria Ecenarro, Maria Carmen Izaga Echeverria eta Joaquina Gorostegui Cano.
Gazte abertzaleak baita egituratutako taldeen parte ziren, Euzko Gaztediren baitan gizonezkoak eta emakumezkoak Umetxoak taldeko haur zein begirale gisa[74]. Abertzale guzti hauen egoitza, Batzokia, zentroan kokatzen zen, “apeaderotikan gora eskailetan igota andre kalea izaten da, hain goiko kantoiean[75]”. Batzokia 1933an ezarri zuten, eta Jose Antonio Agirre bera hurbildu zen inauguraziora.
Eskuineko beste alderdiek zein antolakundeek, zailtasun gehiago izan zituzten taldeak osatzeko. Jarraitzaileak zituzten arren, karlistak edota Union Regionalista Guipuzcoanak ez zuen talderik eratu Hernanin[76].
Errepublikaren aldeko antolakunde eta alderdiek ere hainbat egoitza izan zituzten. Garrantzitsuena Centro Republicano deiturikoa izan zen, Kale Nagusian kokatzen zena, 1911n sortua. Antolaketaren arduradunak izan ziren, besteak beste, Francisco Ayerra, Aquilino Gimeno, Felix Alberro eta Santana.
UGT sindikatuari dagokionean, 1921erako Hernaniko papergileak “sindicato Papelero de la Region Vasco-Navarra’-ren baitan antolatu ziren. Data bertsuetan, metaleko langile hernaniarrak “Sindicato Obrero Metalurgico de Guipuzcoa’-n sartu ziren. Errepublika garaian indar handia hartu zuen sindikatu honek herrian, esaterako, 1932an “Sociedad de Obreros Ceramicos de Hernani’ sortu zen herrian[77]. Haien egoitzak Casa del Pueblo eta Centro Obrero izenez ezagutzen ziren. Lehenengo Centro Obrero-a 1905ean ezarri zen, Kale Nagusiko etxe batean. 1919ko martxoan, aldiz, bigarren Centro Obrero-a sortu zuten, Eustaquio Tellechea buru.
Bigarrena 1931ko martxoan sortu zuten, aurretik “Guria” elkartea zegoen lokalean.
Sozialistek 1931. urtearen bigarren erdian lehenengo taldea osatu zuten Hernanin. Ordura arte, sindikatua zuten arren ez zeuden talde modura antolatuta. 1932rako 18 lagun biltzen ziren eta Gaztedi Sozialista eta Talde Artistikoa sortu zituzten. Komunistek, bestalde, Centro Comunista (Radio de Hernani) ireki zuten 1931eko azaroan. Era berean, zuzendaritza batzordea izendatu zuten egun berean.
Union Republicana alderdiaren kasuan, taldea osatu zuten Hernaniko posta zerbitzuko Gabriel Gonzalez buru izendatuz.
UNION REPUBLICANA
|
LEHENDAKARIA |
Gabriel Gonzalez |
|
BATZORDEKIDEAK |
Felix Unzueta Uribe |
|
|
Miguel Gorostazu |
|
|
Martin Celayeta Escalante |
|
|
Cormenzana (seguraski Ramon Cormenzana Gabarain) |
|
|
Jose Ubarrechena Iraola |
|
|
Estanislao Orradre Lujambio |
|
|
Fernando Zubiria |
Izquierda Republicana ordea, 1934ra arte ez zen egituratu herrian sortu eta bi urtera, 1936ko martxoaren 19an, zuzendaritza aldatu zutenean Union Republicanako batzordekidea izandako Estanislao Orradre zuzendari berria izendatu zuten. Komunistek 1931 n Hernanin gune komunista bat eraikitzea proposatu zuten arren, ez zuten gauzatu eta 1933an 22 boto jaso zituzten soilik. EAE-ANVk ere jarraitzaile talde bat zuen herrian, hala ere, bozka oso gutxi lortzen zituzten hauteskundeetan[78].
Talde horiek guztiek mota askotako jarduerak antolatzen zituzten herrian; hitzaldiak, gaubelak, antzerkiak, mitinak eta kirol saioak barne. Ekintza horien adibide nabarmenak dira 1932ko abuztuaren 6an eta 7an ospatutako Aur Euskaldunaren Eguna eta Euskal Olerti eguna[79]; Urte bereko ilailean ELAk, Emakume Abertzaleen Batzak, Euzko Mendigoxale Batzak eta Euzko Gaztedik antolatutako Jai Aberkoia[80]; errepublikarrek urtero ekainaren 2an setio karlistaren amaieraren urteurrena ospatzeko antolatutako Fiesta de la Libertad zeritzona[81] edota CNTk 1936ko maiatzean Santa Barbaran egindako ospakizuna.
Talde hauek antolatzen zituzten ekitaldiek eduki politiko nabarmena zuten, eta horrek bizitasun eta gatazka-giro berria eman zion garaiko Hernaniri. Talde horien eta beren ideologien arteko elkarbizitza, hortaz, gatazkatsua zen sarritan. Eztabaida politikoak ohikoak ziren, eta gai gori-gorian oinarritzen ziren, hala nola erlijioa, euskararen erabilera eta sustapena, Autonomia Estatutua, indarkeria politikoa, grebak eta emakumeek gizartean duten zeregina[82]. Eztabaida horiek, uneko tentsioak islatzeaz gain, herritarren parte-hartzea eta politizazioa sustatzen zituzten. Tirabirak aipagarriak dira, adibidez 1932ko azaroan Hernaniko apaiz batek La Voz de Guipuzcoa egunkariko kazetari bat jo zuen honek idatzitako berri batzuen harira.

Jai Aberkoia. (El Dia).

Fiesta de la Libertad. (La Voz de Guipuzcoa).

Hernaniko sitioaren osteko argazkia,
1875-09-19. (San Telmo Museoko artxiboa).

La Voz de Guipuzcoa, 1932-11-22koa.
[72] Aizpuru, M., 2021, 371. orr.
[73] Aizpuru, M. (zuz), 2007, Op. Cit.
[74] Ibidem.
[75] Hipolito Arregi Iraolaren testigantza, Ahotsak.eus.
[76] Aizpuru, M. (zuz), 2007, Ibid.
[77] Barruso, P., 1996.
[78] Aizpuru, M. (zuz.), 2007, Ibid.
[79] El Día, 1932ko uztailaren 24koa eta 1932ko abuztuaren 6ekoa.
[80] El Día, 1932ko abuztuaren 25ekoa eta Aizpuru, M. (zuz), 2007, Op. Cit.
[81] La Voz de Guipúzcoa, 1931ko maiatzaren 30ekoa, 1933ko maiatzaren 25ekoa, 1933ko ekainaren 1ekoa eta 1933ko ekainaren 2koa.
[82] Aizpuru, M. (zuz), 2007.
