Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024
 2. Bigarren Errepublika Hernanin | 2.1. BIGARREN ERREPUBLIKAREN ALDARRIKAPENA HERNANIN | 2.2. 1933KO UDAL HAUTESKUNDEAK 

 

2.1.
BIGARREN ERREPUBLIKAREN
ALDARRIKAPENA HERNANIN

 

         1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan baina, ez zen soilik tokian tokiko instituzioen ordezkaritza aukeratu. Esan bezala, errepublikazaleek monarkiaren alde edo kontra kokatzeko bozketa gisa ulertu zituzten hauteskunde hauek. Horregatik, hiriburuetan udal hauteskundeak irabazi zituztela ikusita, 1931ko apirilaren 14an Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, indar monarkikoek bozka gehiago lortu zituzten arren[5].

         Arratsalderako jada, monarkiaren amaieraren zurrumurruek eta Alfonso XIII.aren abdikazioak festa ekarri zuten Hernaniko herrira. Ehundaka herritar kalera atera ziren eta askok soinean zeramatzaten ikur eta kolore errepublikarrak zituzten apaingarriak. Erdiguneko Centro Obreroren egoitzan, bandera sozialista eskegi zen.

         Lantegietatik langileak atera ahala jende andana gero eta zabalagoa bildu zen herriko kaleetan. Arratsaldeko zortzietan, manifestazio handi bat egin zen jai giroan herritik. Errepublikako bandera zeraman emakume bat buruan zihoan eta haren atzean hainbat ereserki abestuz ehundaka lagun. Udal Musika Bandak lagunduta Himno de Hernani, La Internacional, Himno del Riego edota La Marsellesaren doinuekin Herriko Plazara bidea hartu zuten, bertan udalbatzako ordezkari errepublikano-sozialistek eta Centro Obreroko buruzagiek Errepublikako bandera eskegi zuten herritarren babes-oihu eta gorazarreen artean. Ostean, Francisco Zapirain zinegotziak hitza hartu zuen eta ordena eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen. Jaca-ko altxamendu saiakera burutu zuten Galan eta Garcia Hernandez militarren aldeko minutu bateko isilunearekin amaitu zen ekitaldia. Gauean Udal Bandak dantzatzeko musika jo zuen udaletxe ondoan. Hurrengo eguna, jaiegun izendatu zen estatu mailan; Hernanin, komertzio guztiak itxi eta fabrika gutxi batzuk goizez soilik ireki ziren[6].

         1931ko apirilaren 15ean, hain zuzen, udalbatza osatu eta Errepublika onartu zuten. Gainera, zinegotzien arteko bozketa baten bitartez Julio Ubarrechena izendatu zuten Hernaniko alkate. Ubarrechena funtzio hori betetzen zebilen jada urte hasieratik, diktadura garaiko udalbatza desegin ostean eratu zen batzorde kudeatzailean.

         Bigarren Errepublikaren lehenengo egunetan gobernu berriaren aldeko hainbat ekintza eman ziren. Alde batetik, garai horretan Alfonso XIII.a izena jasotzen zuen Hernaniko Kale Nagusiko plakak estaliak agertu ziren eta batean “Fermin Galan Kalea” adierazten zuen pintaketa bat egin zen. Bestalde, Hernaniko hainbat gazte, eskoletan sartu ziren eta bertan zeuden Alfonso XIII.aren argazkiak kendu zituzten. Ekintza hauetaz gain ez zen inolako istilurik egon herrian.

         Apirilaren 22an, udalak, Plaza Nagusiari Errepublikaren plaza izena jarri zion eta Alfontso XIII.a kaleari Kale Nagusia. Gainera, Miguel Toledo zinegotzi abertzaleak proposatuta plakak ele bitan jarri ziren. Honetaz gain, hurrengo astean, apirilaren 29an eskola publikoetan eta udaletxean jartzeko bandera eta oihal zintzilikari nazional berriak erostea erabaki zen[7].

         Aste batzuk beranduago, 1931ko ekainaren 28an, Biltzar Konstituziogilea aukeratzeko egindako hauteskundeak aspaldian Hernanin egindako lehenengoak izan ziren. Hauteskunde hauetan Gipuzkoak 6 diputatu izendatzen zituen zerrenda irekien bitartez, hau da, hautagaiei botoa emanez, ez zerrenda guztiari. Hautesle bakoitzak —23 urtetik gorako gizonak— 4 hautagai aukeratzen zituen zerrendatik eta boto kopuru handiena lortzen zuten hautagaiak aukeratuak izaten ziren. Gipuzkoako diputatu hautetsiak hauek izan ziren: Lizarrako Estatutuaren lau defendatzaile, errepublikano bat eta sozialista bat[8].

 

1931/04/22ko udal-akta, Plaza Naugusiari
Errepublikaren plaza Izena jartzen.
(Hernaniko Udai Artxiboa).

 

         Bigarren Errepublikako Gobernua aurreko diktaduraren jarduerak berrikusten zebilen lehenengo hilabeteetatik. Horien artean, Primo de Riveraren garaian Espainiar Estatu guztian zehar ezarri zen Somaten izeneko talde parapoliziala desegiteko neurria hartu zen. Indar armatu hau ordena kontserbadore-burgesa mantentzeko helburuarekin sortu zen. Honen baitan, erlijio katolikoak eragin nabarmena zuen, Somaten-en bitartez, Elizaren balore katolikoak defendatzen baitzituzten, defentsa publikoaren aitzakiapean. Hernaniren kasuan, biraoak jazartzetik langile mugimenduen mobilizazio eta greben aurka oldartzeraino jardun zuten; horretarako, Gobernuaren babesa eta Gobernuak emandako armak zituzten.

 

1931KO EKAINAREN 28KO
HAUTESKUNDEEN EMAITZAK
HERNANIN ETA GIPUZKOAN
[9]

Hautagaia

Filiazio politikoa

Hernani

Gipuzkoa

ANTONIO PILDAIN Y ZAPIAIN

Katoliko independentea, Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / Católico independiente, defensor del Estatuto de Estella

518

35.942*

RAFAEL PICAVEA LEGUIA

Katoliko foruzalea, Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / Católico fuerista, defensor del Estatuto de Estella

517

35.937*

JULIO URQUIJO IBARRA

Comunion Tradicionalista (karlistak), Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / Comunión Tradicionalista (carlistas), defensor del Estatuto de Estella

516

35.819*

JESUS M. LEIZAOLA SANCHEZ

EAJ-PNV, Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / EAJ-PNV, defensor del Estatuto de Estella

518

35.901*

JUAN USABIAGA LASQUIBAR

Partido Republicano Radical

733

25.928*

JOSE M. AMILIBIA

Partido Republicano Radical

729

25.254

JUSTO GARATE

EAE-ANV

733

25.407

ENRIQUE DE FRANCISCO

PSOE

732

25.612*

LUIS CASTRO

Errepublikano disidentea

2

459

NICOLAS URGOITI

Errepublikano disidentea

2

482

JOSE BULLEJOS

PCE

 

342

JUAN ASTIGARRABIA

PCE

 

329

JESUS LARRAÑAGA

PCE

 

314

LUIS ZAPIRAIN

PCE

 

316

* Gipuzkoatik diputatu eserlekua lortu zutenak

 

         Errepublika aldarrikatzean Gobernuak erakunde hau desegitea erabaki zuen eta, ondorioz, Hernaniko Somaten ere ezereztu zuten. Horrela, taldea desegin eta udaletxean beraien kargu zeuden armak entregatzera behartu zituzten. Azpimarragarria da bertako hainbat kide 1936ko estatu kolpearen ostean erregimen frankistaren alde lerratu zirela, Pablo Morencos eta Nemesio Leal, besteak beste.

 

HERNANIKO SOMATENEKO KIDEAK
(ARMAK ITZULTZERAKO UNEAN)

Pablo Morencos Cunchillos

Agustin Sanchez

Teodoro Zabalegui

Vicente Liceaga

Juan Bautista Pagola

Ramon Ibarburu

Pedro Berbelzu

Jose Azpiri

Pablo Lacruz

Germelino Solis

Juan Madina Muñoaga

Nemesio Leal Hernandez

Felipe Miner

Gorgonio San Adrian Zozaya

Jose Maria Puig Villar

 

 

         Aipatutako Gobernuaren berrikuspenen artean, kazikismoarekin amaitzearen aldeko neurriak hartzea erabaki zen. Horretarako, 29. artikulua ezabatu eta Hauteskunde-Lege berri bat sortu zuten. Gobernu zentralaz gain, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak ere horretan ziharduen. Udalak kudeatzeko gestoreak izendatu zituen 29. artikulua ezarri zen herrietan, demokratikoki hautatutako udalbatzak bermatu bitartean. Hernaniko udal-akta liburuan jaso zen 1933ko urtarrilaren 25ean zinegotziak bildu zirela “aurreko abenduaren 30eko Legean xedatutakoaren arabera kargugabetu beharreko zinegotziak[10]”,

 

1933KO URTARRILAREN 24AN GIPUZKOAKO
GOBERNADORE ZIBILAREN AGINDUZ HERNANIN
IZENDATUTAKO UDAL-GESTORAKO KIDEAK
[11]

ALKATEA

Pedro Lujambio Beldarrain

LEHEN ALKATEORDEA

Jeronimo Velamazan Garcia

BIGARREN ALKATEORDEA

Pedro Zuaznavar Arrieta

 

         1932ko abenduan onartutako lege horrek zioen 29. artikuluagatik zinegotzi izendatutakoak kargua utzi behar zutela. Haiek ordezkatzeko, aipatutako udal-gestora osatu behar zen; funtzionario batek, langile batek eta zergadun batek osatuta. Honen ondorioz, egun horretan Pedro Zuaznavar Arrieta langileak, Pedro Lujambio Beldarrain zergadunak eta Jeronimo Velamazan Garcia funtzionarioak udalbatza osatu zuten.

 

1933/01/24ko udal-akta, udalaren kargu-uztea.
(Hernaniko Udal Artxiboa).

 

 

 

[5] Ezin dugu ahaztu kazikismoak bete zuen funtzioa, batez ere, nekazal munduan.

[6] La Voz de Guipúzcoa, 1931ko apirilaren 17koa.

[7] HUA / AMH // A-1-45 (H43). Libro de actas del Ayuntamiento, 1927-1931. 1931ko apirilaren 22an eta 29an ospatutako bilkuren aktak

[8] Instituto Nacional de Estadistica (INE), Fondo documental. Anuario 1932-1933, 552. orr.

[9] Bigarren Errepublikako 1931ko hauteskundeen emaitzak. Euskadi.eus.

[10] HUA / AMH // A-1-47 (H45). Libro de actas del Ayuntamiento, 1933. 1933ko maiatzaren 10ean ospatutako bilkuraren akta

[11] Ibidem.

 

 2. Bigarren Errepublika Hernanin | 2.1. BIGARREN ERREPUBLIKAREN ALDARRIKAPENA HERNANIN | 2.2. 1933KO UDAL HAUTESKUNDEAK