Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

2.
Bigarren Errepublika Hernanin

 

         1930eko hamarkada aldaketa eta gertakari politiko garrantzitsuen aldia izan zen, hain zuzen, egungo garaietara arte eragin iraunkorra izan duten hainbat fenomenorena. Lehenengo urte horietan, bizitza politikoa astindu zuten eta etengabeko ezegonkortasunak ekarri zituzten gertakariak eman ziren. Aldaketa horietako lehena 1930eko urtarrilean eman zela esan dezakegu, Primo de Rivera diktadoreak dimisioa aurkeztu zuenean. Diktadore hau boterean egon zen 1923tik Alfontso XIII.-aren babesarekin. Une honetan, aldiz, botere monarkikoek Damaso Berenguer militarra jarri zuten bere ordez.

         Dimisiotik hilabete batzuetara, 1930eko udan, indar antimonarkiko ugari Donostiako Union Republicana-ren egoitzan elkartu ziren. Bilkura horren xedea erregimen monarkikoari aurre egiteko eta Errepublika sortzeko urratsak zehaztea zen. Hainbat norbanako eta alderdi politiko bildu ziren bertan, besteak beste, Espainiako ezkerreko zein eskuineko alderdi errepublikazaleak edota hainbat alderdi nazionalista. EAJ-PNVk, aldiz, ez zuen bileran parte hartu. Bilera horretan “Donostiako Ituna” izenez ezagutzen den gutxieneko akordioa sortu zuten. Esan bezala, Itun honekin Errepublika eratzeko urrats bat eman nahi zuten. Bertan baina, era berean, Euskal Estatutuaren lehen aipamena egin zen: mugimendu nazionalistak zeuden lurraldeetan autonomia-estatutuak diseinatuko zirela onartu baitzuten.

         Bilera honen osteko udazken eta negua gorabehera politiko ugariko sasoiak izan ziren: grebak, liskarrak edota estatu-kolpe saiakerak nagusitu ziren. Monarkikoek babestutako gobernua aldaketen beharraz jabetu zen eta, horretarako, monarkia parlamentarioa berrezartzeko saiakera egin zuten. Lehenengo pauso gisa, 1931ko apirilaren 12rako udal hauteskundeak deitu zituzten. Haien aburuz, erraz irabaziko zuten bozketa eta egoera lasaitzea lortuko zuten. Alderdi errepublikazaleek, ordea, errepublika eta monarkiaren arteko erreferendum baten modura aurkeztu zuten bozketa.

         Udal hauteskunde hauen oinarri legalak berrezarkuntza borbonikoan zehar garatutako hauteskunde- eta udal-legeak ziren. Hauen arabera: “Hautatuak izateko deitutakoak baino kandidatu gehiago izendatzen ez diren barrutietan, kandidatuen aldarrikapena haien izendapenaren baliokidea da, hura egitetik salbuetsiz[1]. Hau da, 1907ko abuztuaren 8ko Hauteskunde Legearen 29. artikuluaren arabera, hautatu beharrekoen zenbatekoa eta hautagai kopurua berdina bazen ez zegoen hauteskunderik ospatu beharrik.

         Hernaniko herrian eragin nabarmena izan zuen aipaturiko lege honek. Izan ere, 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeak burutu behar zirenean, 13 gizon aurkeztu ziren. Udalbatza alkatea eta 12 lagunek osatu behar zutenez, legea jarraituz, ez zen hauteskunderik ospatu. Gauzak horrela, apirilaren 5ean hauteskundeetara aurkeztutako 13 gizonak zinegotzi izendatu zituzten[2]. Hernani ez zen izan hautetsontziak erabili ez zituen herri bakarra, garaiko Gipuzkoako 89 herrietatik 42tan ez baitzen hauteskunderik egon. Honek erakusten du, artikulu honek kazikismoak irautea errazten zuela[3]

 

1931KO APIRILAREN 12KO HAUTESKUNDEETAN
ERATUTAKO UDALBATZA,
1907KO HAUTESKUNDE LEGEAREN
29. ARTIKULUAN OINARRITUA
[4]

ALKATEA

Julio Ubarrechena Iraola

Independentea (eskuinekoa)

LEHEN ALKATEORDEA

Jose Beroitz Sarobe

Errepublikano-sozialista

BIGARREN ALKATEORDEA

Miguel Toledo Alberdi

Abertzalea

PROKURADORE SINDIKOA

Ramon Liceaga Larburu

Errepublikano-sozialista

ORDEZKO PROKURADORE SINDIKOA

Tomas Illarramendi Albizuri

Independentea (eskuinekoa)

KONTU-HARTZAILEA

Segundo Sarasua Pagola

Independentea (eskuinekoa)

ZINEGOTZIA ETA LASARTEKO
AUZO-ALKATEA

Jose Maria San Jose

Independentea (eskuinekoa)

ZINEGOTZIA ETA EREÑOZUKO
AUZO-ALKATEA

Jose Maria Liceaga Aguirre

Independentea (eskuinekoa)

ZINEGOTZIAK

Luis Achucarro Zubillaga

Abertzalea

Lucio Egaña Aramburu

Errepublikano-sozialista

Francisco Zapiain Elizondo

Errepublikano-sozialista

Hipolito Zubillaga Usabiaga

Abertzalea

Cesareo Echeverria Garmendia

Abertzalea

 

         Kazikismoak denbora luzez iraun zuen Espainiar estatuan, 1874an Borboi familiaren berrezarpena hasi zenetik 1931n Bigarren Errepublika iritsi arte. Sistema honen bidez, herritarren nahien gainetik, agintarienak nagusitzen ziren. Eta herriari boterea ematearen itxura egiten zuten, hauteskunde-ustelkeria sustatzen zuten bitartean. Gainera, 1890ean gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zenetik, kazike lokalek botere handiagoa lortu zuten: hautesle gehiago baitzeuden.

         Gobernuaren izenean, Ministerioko gobernadoreek herri bakoitzeko botere administratiboa zuten agintariei hurrengo hauteskundeetako emaitzak helarazten zizkieten. Hauek, kazikeak erabilita, agintarien nahiak betetzen zirela ziurtatzen zuten. Asko ziren ustelkeria hau aurrera eramateko erabilitako trikimailuak, besteak beste, harreman-sareetara jotzea, botoak erostea edota hildako pertsonen izenak hautesle-zerrendetan sartzea. Garai horretan bi alderdi izan ziren nagusi agertoki politikoan: Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberal Fusionista. Hauteskunde-sistema horren bidez, kontserbadoreek zein liberalek boterean jarraitzea ziurtatzen zuten. Gainera, herriaren parte-hartze politikoa faltsutzen zuten.

         Aurretik esan bezala, 1907ko 29. artikulua kazikismoa sostengatzeko modu bat zen. Tokian tokiko alderdi nagusiak haien artean ados jartzen ziren eta postuak banatzen zituzten. Hernaniko udalbatzaren kasuan, 1931ko hauteskundeetan 13 eserlekuak banatu zituzten. Hernaniko kazikismoaren beste isla bat Joaquin Arbelaiz Soroa alkate ohiak jasotako salaketa litzateke. Gizon Royalta galleta fabrikako akzioduna eta hainbat etxeren jabea zen. Errepublika ezarrita zegoenean, Hernaniko Union Republicana alderdiak salatu zuen fabrikako hainbat langileri eta bere etxeetan maizter gisa bizi ziren hernaniarrei hauteskundeetan eskuineko hautagaitza bozkatzeko mehatxuak egin zizkiela.

 

 

 

[1] La gaceta de Madrid, 222 zbk., 1907ko abuztuaren 10eko argitalpena. 1907ko abuztuaren 8ko Hauteskunde Legearen 29. artikulua.

[2] HUA / AMH // A-1-45 (H43). Libro de actas del Ayuntamiento, 1927-1931. 1931ko apirilaren 15ean ospatutako bilkuraren akta.

[3] Barruso, P., 1996, 269-274. orr.

[4] HUA / AMH // A-1-45 (H43). Libro de actas del Ayuntamiento, 1927-1931. 1931ko apirilaren 15ean ospatutako bilkuraren akta