Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
BERRIEMAILEAK[49]
ALMUDENA: Almudena Zestoan jaio zen. Donostian neskame ibili ondoren, 1940an Hernanira joan zen bizitzera senarrarekin. Hernaniko Kale Nagusian mertzeria moduko bat jarri zuen, eta pixkana-pixkana produktu gehiago sartu zituen dendan.
AMALIA: Amalia Oiartzunen jaioa da, gazte atera zen baserritik Donostiara neskame lanak egitera. Bederatzi urte egin zituen lan horretan. Ezkondu ostean Hernanin jarri zen alokairuan senarrarekin batera. Senarraren soldata ez zen alokairua ordaintzeko iristen eta falta zen dirua lortzeko apopiloak hartzea erabaki zuten. Sei apopilo izan zituen. Apopiloez gain, lau seme-alaba zaintzeaz arduratu behar zuen.
ARANTXA: Hernanin jaio eta bizi da. Baserrian jaio zen. Gaztetan behi esnea saltzen zuen Donostian, etxez etxe. Ezkondu ostean pisu bat erosi zuen senarrarekin batera. Pisua ordaindu ahal izateko, jostun lanak egin zituen etxean urte askoan.
ASUN: Asunek Kale Nagusian zuen etxea, eta etxe azpian taberna zuten. Gerra ondoren, herriko bizitza abian nola jarri zen deskribatu digu; beren tabernan denbora eta lan inbertsio handia egin behar izan zuten aurrera ateratzeko.
EUSTAKI: Hernaniko baserri batean jaioa da. Gerran hil zitzaion aita, eta amak bakarrik atera behar izan zituen aurrera lau alaba txiki. Emakume alargun batentzat gerra ondoko bizimodua zein gogorra zen ondo baino hobeto oroitzen du.
FATIMA: Primo de Riveraren Diktadurari eta Errepublikari buruzko oroitzapen ugari ditu. Gerra piztu zenean, Frantziara alde egin zuen itsasontziz. Fatimaren aita preso egon zen, eta hainbat urte pasa behar izan zituzten erbestean.
HECTOR: Extremaduratik etorria da. Industrializazio garaian iritsi zen Hernanira, baina ez zuen industrian lanik egin. Jatorrizko herrian okina zen eta ofizio berdinarekin jarraitu zuen Hernanin ere. Etorri zenean zortzi bat hilabete pasa zituen apopilo. Ondoren, emaztea eta seme-alabak ekarri zituenean, denboraldi batez lankide zuen andaluziar baten familiarekin erdibanatu zuten etxea, “con derecho a cocina”.
IÑAKI: 1932. urtean jaioa da. Ezkondu arte Portalez-Kanpo bizi izan zen gurasoekin, aitona-amonekin eta zazpi anai-arrebekin. Haurra zela ezagutu zuen 36ko gerrako eta gerra ondorengo Hernani. Izeba-osabek okindegia izan zuten, eta Iñakik okindegi horretan lan egin zuen; ondo ezagutu zituen estraperloaren gorabeherak.
ISABEL: Isabelek mugaz haraindiko estraperloa egiten zuen. Senarrak Frantzian lan egiten zuen, eta harako bidaiak erabiltzen zituen itzuleran mugaren alde honetan preziatuak ziren produktuak ekartzeko: kafeontziak, mahai-tresneria, baxera, puruak... “Dirutxo” pixka bat ateratzeko bidea izan zen Isabelentzat.
MARISA: Marisaren senarra Badajozetik etorri zen Euskal Herrira lanera. Marisak hilabete batzuk pasa behar izan zituen lau seme-alabekin jatorrizko herrian bakarrik, senarrak diru apur bat aurreztu bitartean. Hernanin bizi aurretik Aizarnazabalen pasa zuten denboraldi bat. Hernanira iristean etxea erdibanatu behar izan zuten.
MARTA: 89 urteko emakumea. Hernaniko baserri batean jaio zen; haurra zela, ama hil zitzaion, eta berak hartu behar izan zuen “etxekoandrearen” lekua. Baserrian ekoizten ziren produktuak saltzen zituen. Garai hartako merkatuen funtzionamendua azaldu digu.
MERCEDES: Mercedesek oso ondo ezagutzen du Hernaniko emakumeek bertako industrietan egin zuten lana. Haurra zenean Zikuñagarako lan egiten zuen, baina etxean. Gerora lantegi honetan bertan aritu zen lanean. JOCeko kidea izan zen, eta Hernanin emakumeek egindako lehen greban parte hartu zuen.
MERTXE: Mertxe, kalean jaio eta bizi izan zen, baina ukuilu bat zuten etxe azpian eta baratzak Karabel aldean. Bost anai-arrebekin, amarekin eta amonarekin bizi zen (aita 1937an hil zen). Hiru anaiak gerrara joan ziren eta gerra garaian bizirauteko, herrian zeuden soldaduen arropak garbitzen zituen; geroago fabrikan ere lan egin zuen Mertxek.
MILAGROS: 89 urteko emakumea da. Hernaniko baserri batean jaio zen. Gazte garaian, 19 urte zituela, estraperloan ibili zen. Irina ekartzen zuen Iruñatik bere ahizparen eta koinatuaren okindegira. Estraperloaz gain, garai hartako eguneroko bizitzari buruz hitz egiten du; zentzu horretan elkarrizketa aberatsa izan da.
PETRA: Petra Zinkoenean jaio zen; oso gazte zela, Santa Barbara joan zen bizitzera. Aitak ez zion dirurik gehitzen etxeko ekonomiari, beraz, Petrak eta amak egin behar izan zieten aurre etxeko gastuei.
ROSA: Rosak hiru urte pasa zituen udaletxean arrazionamendu kartilak eta udaletxera eramaten zuten merkantzia guztia banatzen. Arrazionamendu prozesuari buruzko datuak emateaz gain, gerra ondorengo Hernani deskribatzen lagundu digu.
ROSI: Gerra ondorenean iritsi ziren Hernanira Rosi eta bere familiako kideak. Okindegi bat hartu zuten. Gerra ondorengo estraperloari buruzko datu asko eman dizkigu, baita gerra ondorengo bizitzari buruzkoak ere.
VALENTINA eta CARLOS: Bikote hau Avilatik etorri zen Hernanira. Lehenengo senarra etorri zen, apopilo moduan pasa zituen hilabete batzuk. Ondoren, lana eta bizitzeko etxe bat lortu zituenean, emaztea eta seme txikia etorri ziren. Hernanin beste lau seme-alaba izan zituzten. Familiako bi lehengusu (neska eta mutila) eduki zituzten apopilo.
[49] Oharra: Berriemaileetako askok ez dute beren benetako izena agertzerik nahi, hori dela-eta, berriemaile guztiei ezizen bat asmatu zaie.