Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
 FRANKISMOA ETA GENERO SISTEMAK | EMAKUMEA ETA INDUSTRIALIZAZIOA HERNANIN | EMAKUMEA ETA APOPILOTZA 

 

EMAKUMEA ETA INDUSTRIALIZAZIOA
HERNANIN

 

      Aurreko ataletan azaldutako generoaren inguruko balioek, espektatibek, ideologiak, asko lagunduko digute industrializazio garaian emakumeek Hernanin egin zituzten jarduerak azaltzeko. Izan ere, gizakiok gai izan bagara ere gizarte eragile gisa historian zehar eta kulturaren arabera egokitu zaizkigun testuinguruetara moldatutako estrategiak aurrera eramateko, ezin uka liteke testuinguru horrek izugarri baldintzatu dezakeela gure bizitza.

      Hizpide dugun denbora tarte honetan Hernaniko emakumeek ekarpen ugari egin dituzte. Arestian azaldu dugunaren arabera, frankismoarekin sortu zen “familia idealaren” baitan senarrak betetzen zuen “bizibidea ateratzeko” rola, eta emazteak “etxearen zaindariaren eta kudeatzailearen” zeregina betetzen zuen. Baina familia eredu hori, genero sistema hori, kontraesan sakon baten gainean eraiki zen, eta ondorioz, tarte handia zegoen idealaren eta errealitatean gertatzen zenaren artean. Senarrek emazteak etxean eduki nahi bazituzten ere, nahi horrek soldata txikien errealitatea izan zuen aurrez aurre. Senarraren soldata txikiekin ia ezinezkoa zen etxeko lan taldeak bizirik irautea. Kontraesan horrek merkatu bikoitza sortzea ekarri zuen ondorioz.

      “Soilik” etxeko lanaz arduratzen zen emakumearen irudia ezin irits zitekeen “ideal” bihurtu zen. Etxeko taldearen ongizatea bermatzeko, bigarren mailako merkatua, estatistiketan agertzen ez den “isilpeko merkatua”, sortu zen, ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenera bideratutako jarduerez osatua eta emakumeek bultzatua.

      “Isilpeko merkatuan” lan egiten zuten emakume asko topatu ditugu Hernanin. Emakume horiek ikusezinak dira artxibo eta errolda ofizialetan. Erroldak begiratuta emakumeen eta lan merkatuen arteko harremana noizbehinkakoa dela ematen du. Agirietan ezkondu aurretik fabriketan, neskame moduan, etab. lan egiten duten emakume ugari agertzen dira, baina, ezkondu ostean, emakume guztien jarduerak “sus labores” izendapenaren barnean sailkatzen dira. “Sus labores” kategoria horren atzean ezkutatzen dira emakumeek isilka, esker onik gabe, egindako lan guztiak. Agiri historikoetan agertzen ez diren arren, ahozko historiari esker haien guztien bizipenak berreskuratu ahal izan ditugu.

      “Isilpeko merkatuan” lan egitea etxekoentzat diru sarrerak lortzeko estrategia zen emakumeentzat. Bizi estrategien artean hainbat jarduera daude. Zenbaitek, Arantxak esaterako, jostun lanak egiten zituzten etxean. Arantxa hernaniarra da, baserrian jaioa. Gaztaroan, baserriko ekonomian laguntzeko, esne-saltzaile aritu zen urte askoan. Ezkondu ostean herrian erosi zuten etxea senar-emazteek. Senarrak lantoki batean lan egiten zuen, baina irabazten zuen diruarekin ez zen iristen gastu guztiei aurre egiteko. Etxeko ekonomiari laguntzeko eta beste diru sarrera bat lortzeko helburuarekin, albornozak josten hasi zen Arantxa:

 

      Ba nik garai hartan albornozak itte nittun. Lehen hemen etzan estilaure itten albornoza, oain etxeako baiño, lehen frantsesentzat itte zian. Frantsesak etortzen tzian tranbian ta dena eamate zuen dendatik. Ta zu kontuatzen zea ba oso esklabua, oso diferenta dala [...]. Baiño nee gizonak irabazten zun soldatatik, hilero, ordun astero kobratze zan, gelditzen zan bakarrik aste bateko, bestea dana Caja de Ahorrosantzako. Ta aste hortakokin ein behar zenun argia ta... Ordun nik lan asko itte nun, dendako lan asko itte nun, baiño bizimodue oso gorra. Arantxa.

 

      Arantxak “esklabo” hitza erabiltzen du urte askoan egin zuen lana definitzeko. Berak adierazi zigun ordutegi finkorik gabeko lana zela berea, edozein unetan deitzen zioten dendatik beste hamar albornoz josteko esanez. Gauez, asteburuetan, egin behar izaten zuen lan. Denbora gutxi izaten zuen beretzat eta bere familiarentzat.

      Mercedesek ere ezagutu zituen “isilpeko merkatuan” egiten ziren lanak. Aurrerago aipatuko dugun bezala, ohikoa zen emakumeek “isilpeko merkatutik” lan merkatu ofizialera, eta alderantziz, jauzi egitea[40]. Mercedesek[41] bi merkatuak ezagutu zituen. Hamalau urte bete zituenetik Zikuñagan ibili zen lanean, baina fabrikako lanaz gainera, gogoan du nola egiten zituzten familiako emakumeek zelofan poltsak etxean:

 

      En casa, luego había ese tipo de trabajo también, ese tipo de trabajo traían las personas que trabajaban en esa misma empresa, en Zikuñaga. Y traía a casa, y en casa yo me acuerdo, mis hermanas mayores y yo. Entonces era muy común la telenovela, y entonces con la radio y tal enchufada y tal, en una mesa así, amplia, una bacía una cosa, la otra... era un trabajo así, en común. Pues en la familia trabajábamos así [...], los trabajos que yo os estoy diciendo eran absolutamente femeninos. Y era un trabajo extra que lo pagaban también extraoficialmente. Que eran pelas, era un trabajo extra para sacar dinero. Mercedes.

 

      Mercedesek azaltzen duenez, Zikuñaga enpresarako etxean egiten ziren lanak emakumezkoek egiten zituzten, isilpean, eta ordaindu ere isilpean ordaintzen zitzaien.

      Arantxa eta Mercedesen bizipenak Hernaniko emakumeek “isilpean” egin zituzten lanen bi adibide dira. Bi adibide horiek ez dira salbuespenak, oso zabalduta zegoen errealitatearen isla baizik. “Isilpeko merkatuaren” errealitatearen barruan kokatu behar dugu aurrerago azalduko dugun patronen lana. Adibide horiekin agerian uzten dugu emakume haiek egiten zuten lana, eta lan horren truke eskuratzen zuten dirua, oinarrizkoa beren etxeko lan taldeak bizirauterako. Beraz, kolokan gelditzen da “bizibidea ateratzen” zuena soilik senarra zenaren ideia. Ondorioz, egoera sozialen analisia egiteko, balioen, ideologien ikuspegitik errealitatean gertatu zenera jauzi egin behar da nahitaez, hori egiten ez bada itxuragabetu egingo baita historia.

      Gizonekin batera fabriketan lan egiten zuten emakumeak ere bazeuden[42]. Emakume horiek, emakume ezkongabe eta alargunak ziren, izan ere 1962. urtea arte indarrean egon baitzen ezkondu ostean emakumeak lana uztera behartzen zituen legea.

 

      Emakumiantzako lana zegon Karrero fabrikan, ta gero beste Morencos. Neskak han, behin hamalau urtezkeoz. Ta ondo hemen, porque había trabajo pa todos. Eta beno, andriak eta emakumiak klaro behin ezkonduz geotz etzuten lanik itten, itten zuten lan etxian. Asun.

 

Carrero lantegia.
Hernaniko Udal Artxibategia

 

      Nahiz eta emakume horiek fabriketan lan egin, fabrika barruan oso zorrotza zen sexuaren araberako lan banaketa. Emakumeei lan “errazenak” ematen zitzaizkien, inolako ardura eta prestigiorik gabeak. Gainera, ohikoa zen, emakume izateagatik gizonezkoek baino soldata txikiagoak jasotzea.

      Lan honetarako egin ditugun elkarrizketetan, era askotako iritziak jaso ditugu emakumeek fabriketan egiten zuten lanari buruz; batzuen iritziz, fabrikan lan egiteak ez zuen inolako kutsu ezkorrik. Aurreko lekukotzan Asunek esan digun moduan, hamalau urte ingurutik ezkondu bitartean ohiko zen fabrikan lan egitea, eta ohikotasun horrek normaltasun kutsua ematen zion lanari. Beste batzuen iritziz, ordea, fabrikan lan egitea oso gaizki ikusten zen, Arantxak dioenez, emagaldu gisa lan egitea bezain gaizki.

 

      Ordun fabriketan nahi zonak lan itten zun, baiño nola esangoizut, garai hartan fabrika jute zana, mentalidadea hala zan, izate zan, ba nola esangoizut, gaur nola putaetxe batean lan eingo balu, en un club de esos... Gaizki ikusia zeon, gaizki ikusia zeon, hola izate zan. Emakumientzat hala izate zan. Emakumeak etxeko lanak, etxeko gauzak eta beno, josi ta, oso diferentea zan, oso diferentea zan. Arantxa.

 

      Lehen ikusi bezala, Arantxa etxean aritzen zen jostun lanak egiten. Etxearen eremua “seguruagoa” zen emakumeentzat. Fabrika gune mistoa zen, eta gizon eta emakumeak harremanetan jartzeko aukera ematen zuen. Garai hartako morala, eta emakumeen otzantasuna, kastitatea, eta era horretako ideiak kontuan hartzen baditugu, fabrika “arrisku” handiko gunea zen. Bestalde, kontuan izan behar dugu fabrika esparru publikoa dela, eta gainera, fabrikan lan egiten duen emakumeak produkzio sisteman parte hartzen duela. Horrek apurtu egiten zuen etxearen eremuari lotutako eta ugalketara bideratutako emakumearen irudia. Irudi “idealak” apurtzen direnean, ohikoa da gaitzespena sortzea.

 

 

 

 

[40] Emakumeen bizi zikloaren arabera (haurtzaroa, gaztaroa, ezkontzea, alarguntzea...) aldatzen da haiek lan merkatu ofizialarekin izango duten harremana. Merkatu ofizial eta ofizial kanpokoetan oso ohikoak ziren sartu-irtenak. Emakumeek lan merkatu ofizialetan dituzten sartu-irtenak azaltzeko “intermitentziaren” kontzeptua erabiltzen du Carmen DIEZ antropologoak Relaciones de género en Donostialdea y en la Ribera de Navarra lanean.

[41] Mercedes, JOC (Juventudes Obrera Católica) sindikatuko kide eta zuzendari izan zen. Hernanin emakumeek egin zuten lehen greban parte-hartzaile nagusietako bat izan zen.

[42] Fabriketan lan egiten zuten Hernaniko emakumeen inguruan zerbait gehiago jakiteko, eta emakume haiek langile mugimenduen sorreran izan zuten garrantzia ikusteko, irakurri; GOROSPE, Begoña, Crónica de las mujeres de Hernani 1940-1980. Estudio sobre la aportación de las mujeres de Hernani a la reconstrucción del movimiento obrero organizado de 1940-1980. Argitaratu gabea.

 

 FRANKISMOA ETA GENERO SISTEMAK | EMAKUMEA ETA INDUSTRIALIZAZIOA HERNANIN | EMAKUMEA ETA APOPILOTZA