Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

INDUSTRIALIZAZIOA HERNANIN

 

      Gosea, beldurra eta haustura izan ziren gerra ostearen ezaugarriak. Hala ere, 40ko hamarkadatik aurrera, martxan jarri zen berriro ere Hernaniko industria.

      XX. mendeko Hernaniko industriaren garapena hainbat alditan bana daiteke, joera ziklikoa izan baitzuen. Labur-labur, eta historiari begiratuta, 1900. urte inguruan industriak goraldi handia izan zutela ikus daiteke. Gorakada horren ondoren, hamar urteko egonkortasuna etorri zen, eta 1910. urtetik 1920ra, berriro aurrerapauso handia. Ameriketako Estatu Batuetan 1929. urtean burtsak eragin zuen krisi ekonomikoa berehala zabaldu zen Europa osoan zehar, eta Hernaniko industrian ere izugarrizko eragina izan zuen. 1936an hasi zen gerrarekin bat egin zuen 1929ko krisi horrek, eta gerra osteraino industriak ez zuen aurrerapenik izan.

 

Hernaniko Florida auzoa eta Jose Antonio etxe multzoa (1966).
Kutxa Fototeka: 1667-64(1).

 

      Hernanin egon diren industriez mintzatzeko, 40ko hamarkada hartu dugu mugarri, 40ko hamarkadaren aurretiko eta ondorengo industrien arteko bereizketa egin dugu.

      1940. urtearen aurretik, honako hauek dira Hernaniko industria aipagarrienak: Remy (almidoi fabrika), Santiago Carrero (puntu lanak), Fábrica de tejidos del Pirineo, Biyak bat (paper fabrika), Mendia (paper fabrika), Montes y Cía (larru onduak), Fundiciones del Norte, Aristegui (adreiluak), Cerámicas de Hernani eta Cerámicas San Miguel (zeramikak).

 

Aristegui lantegiaren aurrealdea (1960 hamarkada).
Kutxa Fototeka: 406142-39

 

      Gerra ondorengo lehen urteetan papergintzako bi enpresa sortu ziren Hernanin, Urumea ibaiaren ertzetan: Papelera de Zikuñaga, 1941. urtean, eta Papelera del Norte, 1944an. Industria kimikoek ere garrantzi handia izan zuten bigarren industrializazio horretan: 1947an Policloro S.A. sortu zen, eta handik urte batzuetara, 1949. urtean, Electroguímica de Hernani.

      50eko hamarkadan papergintzaren sektorea indartu zuten beste bi enpresa sortu ziren: 1950ean Danak Bat S.A., eta, 1952an, Transpakar S.A. 50eko hamarkada erabakigarria izan zen Hernaniren industriaren garapenean; bi paper fabrika horiez gainera, Hernanirentzat garrantzi handikoa izan zen Orbegozo y Cia metalgintzako enpresa sortu zen 1953an.

      Beraz, 1940tik aurrera sortutako fabrika aipagarrienak honako hauek dira: Zikuñaga (paper fabrika), Papelera del Norte, Policloro S.A. (paper fabrika), Electroquímicas de Hernani S.A., Danak Bat S.A. (kimika industria), Orbegozo y Cia (industria metalurgikoa) eta Unión Española de Abrasivos.

      Hernaniko lurraren erabilerari begiratuz gero, argi eta garbi ikusiko dugu garapen industrialak izan zuen joera. Honako hau da, labur, industriaren alorreko jardueretara bideraturiko lur sailen garapena:

      Jarduera industrialetara bideraturiko lur sailak (hektareatan)[25]:

 

 

1900 urtea

1955 urtea

1980 urtea

Florida auzoa

2,53

8,74

14,18

Antziola auzoa

0,82

2,66

2,61

Herrigunea/ Villas

0,09

0,90

0,72

Akarregi / Martindegi

2,16

16,60

Zikuñaga

8,15

29,40

Epele

 

2,35

18,62

Jauregi / Santa Barbara

 

0,65

5,41

 

      Industria lurren kokapenari dagokionez, kokapen hori oinarrizko bi elementuren araberakoa izan zela ikus daiteke: Urumea ibaia batetik, eta trenbidea, bestetik. Bi elementu horiek ezinbestekoak izan dira industria lurren kokapenari eta egituraketari dagokionez.

      Hernaniko II. industrializazioa 40ko hamarkadan hasi bazen ere, gerra osteak moteldu egin zuen garapena; horren ondorioz, 50-60ko hamarkada arte itxaron beharko da industrializazio prozesu horren garai nagusiak aztertu ahal izateko. 50eko hamarkadan Espainiako sistema ekonomikoa kapitalismo internazionalarekin uztartu zen, eta estatu mailako aldaketa horrek eragin handia izan zuen eskualde zein herri mailan. Denbora tarte horretan aldaketa ugari izan ziren Hernanin. Aldaketari[26] buruz hitz egitean ideia hori zentzurik zabalenean hartu behar dugu. Lehen begiratuan antzeman daitezkeen aldaketez gain (jarduera ekonomikoen aldaketak, aldaketa demografikoak, industria berrien sorrera, hirigintza...), industrializazioak sakoneko beste hainbat aldaketa dakartza berarekin: harremanen eta egituren aldaketa, familia egituraren eta funtzionamenduaren aldaketa, genero harremanen aldaketa, balio eta balore sistemen aldaketa.... Edonola ere, industrializazioa fenomeno konplexua da, eta fenomeno horren azterketak zailtasun ugari ditu.

      Industrializazioarekin batera, eta hari zuzenean lotuta, Hernanik emigrazioaren fenomenoa bizi izan zuen. Industria kopuruak gora egin zuen heinean, industria horietan lanean jarduteko eskulanaren premia ere izugarri handitu zen. Gertaera horrek eragin zuzena izan zuen datu demografikoetan.

 

Hamarkada

Biztanleak

1900

3-372

1910

4.326

1920

5.405

1930

6.282

1940

7.093

1950

8.577

1960

13.080

1970

23.388

1980

30.272

 

      ure ikerlanaren bigarren atal honetan, Hernanin 40ko hamarkadan abian jarri zen II. industrializazioa izango badugu ere hizpide, hasiera-hasieratik izan dugu gogoan II. industrializazio horren aurrekari izan zena, hau da, 1900. urtean hasi eta gutxi gorabehera 1939ra luzatu zen garaia.

      Emigrazio fenomenoari buruz aritzeko ere egokia iruditu zaigu 40ko hamarkadaren aurreko garaiari begiratzea. Era horretara, emigrazioaren ikuspegi zabalagoa izango baitugu, eta aldi berean, fenomeno horretan izan diren aldaketak ere errazago ikusiko baititugu. Gure ikerketari dagozkion emigrazio etapak hiru alditan banatu ditugu, Bartolome Tatavull Estradari[27] jarraituz:

            1) Azken etorkinak (1956-1962).

            2) Tarteko etorkinak (1940-1955).

            3) Antzinako etorkinak (1940 aurrekoak).

      Jatorria kontuan hartuta, honako taula hau osatu da[28]:

 

JATORRIA

AZKEN ETORKINAK

TARTEKO ETORKINAK

ANTZINAKO ETORKINAK

GUZTIRA

GIPUZKOA

13,5

45,2

58,8

39,5

EUSKAL HERRIKO
BESTE PROBINTZIAK

13,6

17,5

17,2

15,8

GAZTELA ZAHARRA

15,0

11,2

13,7

13,3

EXTREMADURA

17,8

5,7

0,3

9,2

ANDALUZIA

14,7

8,8

1,0

9,5

LEON

6,7

2,2

1,0

3,9

GAINERAKOAK

8,7

9,4

8,0

8,8

GUZTIRA

100,0

100,0

100,0

100,0

 

      Taulan ikus daitekeenaren arabera, 1955. urte ingurua arte (antzinako etorkinak, tarteko etorkinak) Gipuzkoako eta Euskal Herriko beste probintzietako etorkinek garrantzi handia zuten[29]. Baina pixkana (1955. urtetik aurrera bereziki), espainiar estatuko etorkinak garrantzia hartzen joan ziren. Asunek oso ondo gogoratzen du emigrazio uholde hori. Bere hitzetan ikus daitekeen bezala, lana ugaltzearekin batera etorri ziren etorkinak.

 

      Empezó con la Papelera de Zikuñaga, y se empezó a trabajar y no, no, la gente aquí, segittun hasi zian lanian, jende gutxi zeon, geo toda esa plebe ya vino de Extremadura, todo se llenó de extremeños. Asun.

 

      Emigrazioaren hiru aldi horiek era grafikoan ikusteko aukera eskaintzen digute hondoko hiru mapa hauek.

 

 

      Etorkin kopuruak gora egitearekin batera, etxebizitza arazoak sortu ziren, bereziki 50eko hamarkadan. Hernaniko herriak ez zuen azpiegitura nahikoa etorkin haiek guztiak hartzeko. Erdigunean ezin zen etxebizitza gehiago egin, eta pixkanaka, kanpoaldean auzo berriak eraikitzen hasi ziren, eta baita aurretik zeudenak zaharberritzen ere: Florida, Portu, Karabel... Auzo horiek, garai horretan, langile auzoak izan ziren, nagusiki. Emigrazio fenomenoaren protagonista izan zirenek oso gogoan dituzte hasierako etxebizitza arazoei aurre egiteko “bat-bateko erantzunak”: etxea erdibanatzea ohiko bihurtu zen, eta baita ezinbestekoa ere. Hector Extremaduratik lanera etorri zen. Hernanira iritsi zenean, zuzen-zuzenean jasan zituen etxebizitza eskasiaren ondorioak.

 

      Yo puedo decir que aquí he conocido, aquí en Lizeaga, un piso de cuatro habitaciones y tener que alquilar tres. Si eran tres, alquilaban dos. Y tener que pasar por delante de la misma habitación donde está, cómo se le llamaba, el dueño. Los inquilinos tenían que pasar por donde estaba el propietario. Mucha falta de vivienda... Héctor.

 

      Marisak lau seme-alabekin egin zuen Badajoztik Euskal Herrirako bidea, berak bakarrik. Senarra aurretik etorria zen lanera. Urte batzuk Aizarnazabalen igaro ostean, Hernanira iritsi ziren. Lehen hilabeteetan etxea partekatu egin behar izan zuten:

 

      Aquí vivíamos, ¿cuántas familias?, por lo menos seis familias. En esta casa seis familias. En una habitación teníamos dos camas y ahí se metían todos; los niños en una cama y nosotros en otra; el pequeño se metía con nosotros, o sea, muy justo todo. Marisa.

 

      Etxebizitza urritasuna ikusi ahal izateko eta etxe horiek gizartean zuten garrantziaz jabetzeko nahikoa da Isabelengana jotzea. Isabeli eta bere familiari etxebizitza bat tokatu zitzaien Portuko auzoan. Tokatu esan dugu, garai hartan ere, gaur egungo babes ofizialeko etxeen antzekoak eraiki eta zozkatzen zirelako. Isabelen iritziz, hori izan da gertatu zaion gauza onenetako bat. Etxe horretara joan ziren arte, soto batean bizi zen bere senarrarekin eta seme-alabekin. Urte haiek, urte gogorrak izan zirela aitortzen du. Soto hartako bizi maila oso eskasa zen, baina besterik ezean...

 

      Estábamos en la bodega de una villa... las ventanas daban a la calle... justo al ras de la calle, pero lo demás abajo. Teníamos la cocina, que era el lavadero, una habitación grande y un servicio... Pensando que estas casas nos las iban a dar pronto. Cinco años tardaron en hacer esto, que era nada, lo más corriente que podía haber [Portuko etxea:]. Cinco años esperando. Y al final, ya se terminaron las casas y... nos sortearon las casas. Mi marido sacó, y toda la vida suspirando por un balcón y va y me toca un primer piso... Nada más darnos las llaves encendimos la cocina de carbón que había y empezamos a limpiar, mi marido y yo dormimos aquí la primera noche. Fíjate tú las ganas que teníamos de salir ya de ahí.. Yo, el día que me dieron esto, ¡bueno...! Isabel.

 

      Etxebizitza arazoei aurre egiteko beste baliabideetako bat apopilotza izan zen. Apopilotzak, oro har hartuta, irakurketa ugari izan ditzake, hala ere, emakumeen lanarekin (patronen lanarekin) duen harremana aztertu dugu guk; horrez gainera, jarduera horren bitartez patrona gisa lan egin zuten emakumeek Hernaniko historiari egindako ekarpenera hurbilduko gara. Dena dela, apopilotzaren azterketari buru-belarri ekin aurretik, eta jarduera honen nondik norakoak ondo ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da emakume haiek bizi izan zuten testuingurua azaltzea, hau da, industrializazio prozesuak zein frankismoak genero harremanetan izan zuen eragina ikustea.

 

Jose Antonio deituriko etxe bizitzen giltzen ematea.
Argazkian ikus daitezke Jose Maria del Moral
y Perez de Zayao (Gipuzkoako Gobernadore Zibila) eta
Jaime Font Andreu (Donostiako apezpikua), (1958).
Fototeka Kutxa: 914-571