Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

II.
ISILPEKO MERKATUA:
APOPILOTZA

 

      Gure ikerlanaren bigarren atal honetan, Hernaniko emakumeek industrializazio garaian betetako zereginetako bat izango dugu ardatz: apopilotza. Azalpenetan aurrera egin hala ohartuko gara industrializazio prozesuak izugarrizko aldaketak ekarri zituela hernaniarren bizitzara. Aldaketa horietara egokitzeko asmoz, hainbat estrategia hartu zituzten Hernaniko gizon zein emakumeek.

      Emakumeei dagokienez, denbora bitarte horretan era askotako lanak egin zituzten. Lan horien guztien berri labur emango dugun arren, apopilotza izango da bigarren atal honen oinarria.

      Lehen begiratuan apopilotzak ez dirudi gerra garaian merkatura joatea edo gerra ostean estraperloan aritzea bezain heroikoa denik; hala eta guztiz ere, atal honetan agerian geldituko da, jarduera honek lehen batean deigarria ez badirudi ere, Hernaniko familia askok eta askok jarduera honi esker egin zutela aurrera. Apopilotza etxerako diru sarrera osagarria lortzeko estrategia izan zen, lehen buruan, baina zenbateraino izan ziren soilik “osagarriak” patronen[24] lanaren bitartez lortutako diru sarrerak? Zenbateko garrantzia zuen emakume horien lanak beren etxeko egunerokotasunean? Zer funtzio zuten patrona moduan lan egin zuten emakumeek beren familian? Eta gizartean, zer funtzio bete zuten?

 

 

 

 

[24] “Patrona” hitza erabiliko dugu etxean apopiloak hartzen zituzten emakumeak izendatzeko. Euskaraz “ostalari” edo “ostarlesa” erabili daitezkeen arren, Hernanin emakume horiek “patrona” esaten diote beren buruari, eta apopilo egon zirenek ere bai, hortaz, hitz honi eustea erabaki dugu.