Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

EMAKUMEA ETA MERKATUA

 

 

Produktuak merkaturatzea

 

      Baserriko produktuak salmentara ateratzea edo merkaturatzea oinarri-oinarrizkoa zen baserrien ekonomiarako. Gehienetan, salmentaren bidez lortutako dirua baserrian falta ziren produktuak erosteko erabiltzen zuten (olioa, oihalak, azukrea, etab.). Besteetan, baserritarrak maizterrak baziren, alokairua ordaintzeko ere erabiltzen zuten.

      Baserrietako produktua salmentara ateratzen zen, baina merkatua edo “peria” ez zen produktu horiek “merkaturatzeko” era bakarra. Baserritar batzuek produktua dendei zuzenean saltzen zieten, eta baziren salgaiak etxe partikularretara eramaten zituztenak ere.

 

 

Emakumeak hornitzaile

 

      Baserriko bizitzaz hitz egiten denean, diru sarrera nagusia produktuak merkaturatzeak zekarrela azpimarratu behar da. Jarduera horretan emakumeak ziren protagonista; hain zuzen ere, emakumeak izan baitziren etxeko taldearen sostengu ekonomiko garrantzitsu eta, askotan, bakarra. Azken finean, emakumeek etxerako diru sarrera garrantzitsuak lortzen zituzten, baserriko produktuak merkaturatuz. Beraz, baserriko emakumeak etxeko taldearen hornitzaileak ziren. Eta hornitzaileak ziren, merkatuan saltzen zutelako (diru irabazia) ez ezik, merkatuan erosten zutelako (produktuak eskuratzea) eta baserriko ekoizpenean parte hartzen zutelako ere. Baserriko ekoizpenean, eguneroko lehengaien ardura zuten (egunero kontsumitzeko produktuak ziren emakumeek ekoizten zituztenak).

      Adibidez, Petraren ama zen bere etxeko taldea hornitzen zuena, hau da, etxeko diru sarrerak amak eskuratutakoak ziren. Aitak ez zion zentimorik gehitzen etxeko ekonomiari, nahiz eta berak ere diru sarreraren bat eskuratu. Adibide hori uste ohi den baino arruntagoa zen. Gizonek, lan egin arren, lan horrengatik eskuratzen zuten dirua ez zuten etxeko ekonomiara batzen. Beraz, emakumeek, nekazaritzako produktuen salmentaren bitartez, etxea diruz hornitzen zuten. Jarduera hori ongi gauzatzeko, ordea, hainbat erronkari aurre egin behar izaten zieten. Hala nola, behi esnearen salmentan ibiltzen ziren emakumeek esne gutxiko garaiei aurre egin behar zieten.

      Hona hemen Petrak etxean txikitatik ezagutu zuen giroa: aitak, lana zuen arren, ez zuen etxera dirua ekartzen, eta ama zen familia osoa mantendu ahal izateko lan egin behar zuena. Lan horietako bat zen esnea saltzea, Petrak ere gerora ikasi behar izan zuena. Ondotxo oroitzen da, gainera, lokotx batzuetatik atera zitekeen etekinaz ere:

 

      Amai gutxi, no le daba nada [aitak]. La madre tenía que sacar cuentas de la cuadra, claro. Y luego había temporadas que las vacas estaban preñadas, y claro, hasta que ellas saldrían..., no había leche, entonces pues la mujer se veía muy mal. Algo rejuntan tenía pero pa pasar todo el tiempo ese no. ¿Qué hacíamos? Cuando el padre se marchaba a Oiartzun al monte, ... artua aletu. Mi madre y mi hermana y las tres artua aletzen gendun, bakizu gero, lokotsa hori erre eitten genun sutan, artua, igual diez kilos o doce kilos ta denda eamaten gendun. Petra.

 

      Dirua lortzeko beste baliabide bat poteak saltzea izan zen; tomate, piper... poteak hustu, eta ondo garbituta, saldu egiten zituen, sos batzuk ateratzeko. Zuk lata iriki, tomatiana, piperrana, iriki latak, e, eta ur pixkatekin garbittu o pasa, tapakin itxi, eta gorde, ta etortzen zien, ta nik potu hoi denak les vendía, no sé cuánto me pagarían, enaiz goatzen. Era berean. euria egiten zuenean bazterretan barraskilo ugari agertzen zirela-eta, haiek bildu eta saltzeko prestatzen zituen. Dena zen zilegi, esan bezala aitak... Sí, el padre era un trapero... era el guarda de los montes y ganaba mucho, pero para él.

 

 

Eguneroko bizitzaren antolaketa

 

      Egunero, ordutegi finkoko “lanaldia” balute bezala, emakumeek biziraupenerako nahitaezkoa zen eginkizun bat betetzen zuten: baserrian ekoitzitako produktuak merkaturatzea. Jarduera horren egunerokotasunak bermatzen zuen etxeko taldearen hornidura. Argi azaldu du hori Martak. Eguraldi txarra, distantzia luzeak, bide txarrak ezin ziren izan eguneroko betebehar horiek ez betetzeko aitzakia. Eta, noski, produktuak ondo zaindu behar ziren.

 

      Sextuakin da jarri, ta geo marmita sartu han, da, sextuan, hara batzuk zintzilika ta bestian barrenen, ta hala. Eguraldi txarra bazen ta ona bazen, han jun bihar tzan, eman bihar tzian haik. Eta udara partian berua baldin bazan, esnia hoztu in bihar izaten zendun, ta hoztutzeko zea in bihar zan... Marta.

 

Hernaniko Kale Nagusia.
Hernaniko Udal
Artxibategia.

 

      Baserriek etxerako produzitzen zuten, beraz, merkaturatzen zituzten produktuak baserrietako soberakinak izaten ziren oro har.

 

      Arraultzak eo hola eamaten giñuzen han, hola, porrua o halako gauza batzuk, zea etxeako baiño geyo baldin bazan eamaten giñun, ezkenun itten, etxeako itten gendun, ordun sobra baldin bazeon eaman, arraultzak eta baik bai... Marta.

 

 

Produktuak merkaturatzeko erak

 

      Produktuen arabera askotan, eta besteetan, saltzailearen erabakiaren ondorioz, produktuak hiru modutan merkatura zitezkeen: azokara eraman eta salduz, etxez etxeko salmentaren bitartez, eta erreka(r)derari utziaz. Erabaki hori etxeko lan talde bakoitzak salmentarako aukeratzen zuen estrategien arabera hartzen zen.

      Azoka ugari zeuden Hernaniko inguruetan, baina talde bakoitzak bere kontaktuak eta guneak zituen. Batzuek Hernaniko merkatuan bertan saltzen zuten. Hernanin bi azoka gune zeuden, bakoitzak bere ezaugarriak zituela: Plaza Berrikoa ganaduarentzako zen, eta Atzietas kalean zuen feriak jarraipena, baserriko gainerako produktuen (barazkien, fruten, oilaskoen, txerrien...) salmenta gunean. Banaketa horretan garbi ikusten da sexuen arteko bereizketa. Plaza Berrin gizonezkoak aritzen ziren; Atzietasen, berriz, emakumezkoak. Badirudi tradizioz animaliak merkaturatzea gizonen betebeharra izan dela, eta merkatu hori gizonentzat gordeta zegoen, eta bestea, emakumeentzat.

 

Merkatu egun bat Foruen Enparantzan egun Plaza Berri dena.
Hernaniko Ubal Artxibategia.

 

Atzietas kaleko azoka, emakumeak ikustea zen arruntena.
Hernaniko Udal Artxibategia.

 

      Ikusi dugun legez, gizonek ere parte hartzen zuten produktuak merkaturatzen. Hala ere, jarduera horrek ez zuen garrantzi eta itzal sozial bera merkaturatzea zein sexuk egina zen eta zer produktu merkaturatzen ziren. Emakumeek egiten zuten salmenta egunerokotasunaren testuinguruan, etxekoen biziraupenerako egin beharreko jarduera modura, ulertzen zuten. Gizonen salmenta, berriz, noizbehinka, ohiz kanpoko jardueren testuinguruan, festa modura hartzen zen. Gizonen “merkatu eguna” denbora libre edo aisialdi modura ikusten zuten. Emakumeak, berriz, arlo publikora ateratzen ziren, baina, testuinguruari eta funtzioari dagokionez, hornitzailea paperari lotuta betiere.

      Eustakik ederki kontatu digu, honako pasarte honetan, bere aitona-amonen kasua, aurreratu berri dugun bereizketa garbi azaltzen duena. Agian, zuzenean bere hitzetara jotzea izango dugu egokiena, hori bai, amonak Eustakiri eginiko gomendioari erreparatuz:

 

      ...Pues nik badet, gerra aurretikan aittona nun oso parranderua, baserrikua zan, baserriko seme zan aittona, baiño ze egiten zun? Ze egingo zun ba, ba peria jun, akordeoia zun, ta gero hiru egunetara etzen etortzen. Ta amonak blusa eta txapela ezkutatu itten zizkion peria ez juteagatik. Ta klaro la mujer, emakumiak ezin tzon utzi dena ta ospa ein, nola jungo zan ba bi, hiru, lau, bost, sei ume zortzi igual, hamaika igual, hamaika ume dauden baserritik emakumiak nola alde egin behar du? Ni blusa ni txapela, no puede salir, hankaz ta buruz lotua dago. Ta gizona berriz, nei amonak esaten zian, “Ikasi, danatatik ikasi Eustaki, baña behia jeizten ez ikasi, bestela peritik etzaizu gizonik etorriko. Eustaki.

 

      Produktua merkaturatzea etxeko lan taldeko edozein emakumek egin ahal zuen, azken finean etxeko lan talde bakoitzak bere estrategiak zituen. Batzuetan amona joan ohi zen, beste batzuetan emaztea/ama, besteetan alaba zaharrena, baziren ama eta alaba elkarrekin joaten zirenak ere. Erabaki horiek etxeko lan taldearen jardueren banaketaren araberakoak izaten ziren.

      Beste emakume batzuek salmenta gunea urrutiago zuten, gehienetan Donostia aldeko merkatuetan (Bretxan, San Martinen, Grosen). Horiei dagokienez, kontuan izan behar dugu Hernanin feria ostegunetan egiten zela soilik, eta Donostian merkatua egunero irekitzen zutela. Azoketako postuetan saltzeaz gainera, emakumeek etxez etxe ere saltzen zuten, esan dugunez. Batzuek Hernanin bertan zituzten “hartzaileak”[17]; beste batzuk, berriz, Donostiaraino abiatzen ziren, adibidez esnea saltzera. Eustakiren diru sarrera nagusia hartzaileei saltzea zen. Tranbiaren ibilbidea eginez, bere bezero guztiak hornitzen zituen.

 

      Bai, guk baserritik eramaten gendun, eta gu tranbian jesten ginan Prim kalean, esnea banatzen gendun calle Larramendi, Easo, Injentea, eta Bretxan ateatzen ginan. Tranbia bitartean buruzista Peña Floridara eramaten zigun, eta han gendun Donostiako emakume bat, hua atera eta Bretxara eramaten ziguna, orduan, gu partizioa eginda, 2 marmitekin hemen 2 litro, bestean 3, hor 4, guk dana errekorrido hori egin eta ailegatzen ginen Bretxara eta buruzista han zegoen... Eustaki.

 

      Donostiara joateko erabakia hartzeko hainbat arrazoi izaten ziren. Donostian saltzeko erabakiak bere alde onak eta txarrak zituen. Azken batean, emakumeek, jarduera hori errentagarri izan zedin, ondo neurtutako estrategiak erabili behar zituzten.

      Alderdi txarren artean, batik bat, bi hauek aipa daitezke: garraioaren gastua eta salmenta zerga (edo “deretxoa” ordaindu behar izatea (merkatura joaten zirenek ere ordaindu beharrekoa zen zerga hori). Bestetik, Donostia aldera jo ezkero, kontrola ere handiagoa zen; gogora dezagun, beste behin ere, Donostia hiriburua zela, eta turismo gune garrantzitsua, gainera. Esneak pasatu beharreko kontrolak handiak ziren. Produktu hori diru iturri nagusi zutenek estutasunak izaten zituzten egunero-egunero kontrolak pasatzeko. Eustakik ere bereak eta bi pasatu behar izaten zituen Donostiara esnea saltzera joan behar zuen bakoitzean. Kontroletatik egunero igaro beharra zuen, eta esne saltzaile izaki, batez ere esnearen purutasunaren kontrolak egiten zizkioten. Ikusiko dugun bezala, jendeak ura gehitzen zion, kantitate handiagoa saltzeko asmoz, eta, besteak beste, hori ekiditeko ziren kontrolak.

 

      Baina Donostian gauzak saltzeko, beste zea bat zen, hori gobernuaren kontua zen, beste ofizialtasun bat zun, eta nik esaten dizut hau, ni esnea partitzera ohitua negolako amantalakin, marmitakin jun, eta esnia errepartitzera, eta gero horren berri, esnea neurtzen zuten inspektore harek eramaten zituzten gaur bomberos daren hortan, “¿usted lleva leche?” edo saldu bazenun edo hutsa zeramakizun... segi. Eramaten zinuzten gaur bonberos dagon horta eta analizatzen zizuten esnea, ura bazun ala ez, eta bakoitzak bere beldurra pasatzen gendun, porque, klaro, hortara dijoana zuk ez dakizu esnia analizatzen, zuk esnia baserritik damakizu, baiño, klaro, behiak harek jeitsi ditu, anaiak jeitsi du, marmitak jarri dizkizute astoan, hara juten zea, ta galdetzen dizu “¿Tiene agua?” y te quedas así. Eustaki.

 

      Baina alde errentagarriak ere baziren, hauen artean, Donostian jende gehiago ibiltzen zela eta produktuak garestiago saltzeko aukera zegoela (hango biztanleen “kategoria” zela-eta).

 

      ...Donostira gindoazenez garestiago zen berdura Hernanin baino, Hernaniko denda batean, baino, harea eramatean tranbia pagatu egin bihar zendun, eraman bihar zan hareaño, beste gastu batzuk zian, hiriburua zenez, jendea kapritxozko jende ugari gehio zegoen... Eustaki.

 

      Ordea, produktuak garestiago sal zitezkeen arren, txukuntasun eta garbitasuna ere gehiago zaindu beharra zeukaten. Fruta eta barazkiak oso txukun jarri behar zituzten, eta etxean, aldez aurretik, trapua ondo pasatu, zikin guztiak kentzeko. Hernanin, aldiz, ez zen horrelako ardurarik hartzen, edo ez hainbeste, behintzat. Hemen ez da hainbeste exijitzen berdura nola dagon edo zer dan, diruari begiratzen zaio, baino han dirua kalidadea da. Eustaki

      Etxeko lan talde bakoitzak produktu jakin batzuk saltzen zituen, bere merkaturatze estrategiari jarraituz. Batzuek barazkiak eta arrautzak; beste batzuek, berriz, behi esnea soilik. Gehienetan, esneaz gainera, baserrietan ekoizten ziren beste hainbat produktu saltzen zitzaizkien esne hartzaileei, haien eskakizunak asetzeko:

 

      Guk esnea banatzen gendun, bai, nitun hartzaileak, hartzaileak bagenitun, pues jendeak zuzenki eskatzen zizuna, berdura. Bihar ekartzen didazunean esnea, ekarriko dizkiazu porruk, ekarriko dizkiazu kilo bat babarrun, edo ekarriko dizkiazu... Ordun baziren pertsonak bakarrik bizi ziranak edo mediku, edo dentista, ta ordun esneakin batera eramaten zitzaien berdura, baino zuzenki hitzez hitz... Eustaki.

 

      Emakume horiek merkatuan egiten zuten lan ordutegia baserriko lanek eta garraiobideen ordutegiek mugatua zen; beraz, eguna oso ondo antolatzera behartuta zeuden. Hala ere, gerra egoera zela-eta, egunaren antolaketan sarri egin behar izaten zituzten aldaketak.

      Lehen azaldu den bezala, Hernanitik abiatzen ziren emakumeek salmenta denbora mugatua zuten. Goiz horretan produktu guztiak saltzen ez bazituzten, nahitaez jarri behar izaten zuten postu iraunkorra zuen emakumeren batekin harremanetan. Postu finkoa zuten emakume horiei erreka(r)dera[18] zeritzen. Produktua hartu eta saldu egiten zuten eta, hurrengo egunean, Hernaniko emakumeari ordaintzen zioten hark utzitako produktu horrengatik adostutakoa (erreka(r)derak jasotakoa baino gutxiago beti, zerbitzuaren ordain modura zerbait gelditzen baitzitzaion).

      Hernaniar batzuek salgai guztiak erreka(r)deren esku uzten zituzten. Halakoek, normalean Donostiako “hartzaileak” zituzten diru iturri nagusi. Harreman sare horrek ahalbidetzen zuen salmentaren eguneroko martxari eustea. Eustakik hartzaileak zituen oinarri ekonomiko gisa, baina baserrian soberakinak zeudenean, erreka(r)derak ziren produktua saltzeko bide bakarra:

 

      Berdura bagendun, ilarra, ilarra garaian; tomatea, tomate garaian; baina... saltzen genion rekadista bati. Adibidez Adarragako Xole, Xoleren ama, hori zen bere lana. Harek postua zakan eta hari saltzen genion fruta, berdura, harek ematen zigun duro eta berak, zer esango nizuke, kilo 4 pezta egiten bazun, zuri emango zizkizun 3, bat zuen berak irabazia. Baino berak eransten bazion 4 hari 2 erreal, ya ez zen bakarrik zure pezta, baizik eta bere irabaziak. Baino harek eramaten zun hartarako bakarrik goiz guztia, berdura hori saltzeko... Eustaki.

 

Tranbia, egun Urbieta Kalea den ibidbidetik barrena.
Hernaniko Udal Artxibategia.

 

 

Garraio estrategiak

 

      Garraioetatik (tranbia eta Perurenaren autobusa) urrunen zeuden baserrietako emakumeak produktuak asto gainean jarrita jaitsi ohi ziren herrira. Astoa Plaza Berriko zuhaitzetan edo “Guardarriosekuan” lotzen zuten. Gero, Plaza Berrin Donostiara zihoan tranbia hartzen zuten.

 

      Ze geo Hernanira aillatu ta astoa kargatu ein behar tzan, ekartz eziñun gauzakin, lehenbizi hutsak, baño astoa kargatu ein behar tzan. Nun uzte zan astoa? Leku askotan, adibidez guk Guardarrios-eneko, o Errioguarda atze hortan, kanilla batzuk zian hor, Santa Barbarako pareta hortan, eta pareta hortan astoa lotzen gendun, astua kargatuta. Zerbait baldin bagenun uzteko, ze esango nizuke, ba, sesto bat hutsa, o marmita bat hutsa, Hernaniko zelako, Hernaniko esnea partitzen zelako, ba traste hoiek uzten zian Guardarriosen barruan; gaur komedorea da. Eustaki.

 

      Batzuetan, produktuak merkaturatzera azokara joaten zirenean, baserrian falta zituzten hainbat produktu, hala nola, oihalak, olioa, xaboia..., erosteko aprobetxatzen zuten bidaia. Gehienak eguerdi aldean itzultzen ziren merkatutik; zerbait erosi bazuten, erositakoa asto gainean jarri eta baserrietara abiatzen ziren.

      Hernaniko tranbia 1903tik 1958ra bitartean egon zen martxan. Egiten zuen zaratagatik eta ateratzen zituen tximistengatik “Tximist gurdia” deitzen zioten. Tranbiak, besteak beste, Hernani eta Donostia lotzen zituen; Hernaniko eta baita Astigarraga, Martutene eta Loiolako baserritarrei ere produktuak Donostian saltzeko aukera eman zien horrek.

 

Tranbiaren ibilbidea.
Blas Zuleta, L, (1992), “La pequeña historia
de las comunicacioneo de Hernani”,
Kultura Batzordea, Hernaniko Udala, Hernani, 44/49orr.

 

      Produktuak Hernanin merkaturatzeko ez zegoen garraio arazorik. Baina herritik kanpo joan nahi bazuten, garraioren bat aukeratu beharra zuten. Hainbat alderdik eragiten zuten erabaki horretan: baserriaren kokalekua, Donostiako zer auzotan saldu nahi zuten, garraioen ordutegia. Eustakik zioenez, adibidez, beraiek bizi izan ziren lehen baserria autobusa hartzeko egokiagoa zen gerokoa baino: Ez, ez, tranbia zen hemen beran, baiño guri oso urruti... Ta autobusa, bai, hortik jute zan Aietetik zun linea, gaur Garayar du, baiña ordun Perurenak zun. Eustaki. Bestalde, garraioaren arintasuna ere oso kontuan hartzen zuten aukera egiteko orduan:

 

      Ta autobusa hartu o tranbia, tranbian izaten zan, baiño tranbian zeon arrisku bat, goizean sartu ta igual gauean ateatzen ziñela, aberi asko izate zon, eztet esango pixkat esageratua, baiño bi ordu, batean argia jun dala, ez dakit zer aberiatu dala... Arantxa.

 

 

Harreman sareak

 

      Merkatura joatea harremanak egiteko bidea zen emakume hauentzat. Iganderoko mezaz gainera, hori izaten zen beste baserri batzuetako edo herriko jendearekin harremanetan egoteko bidea.

 

Emakumeak elizkizun batetik irteten.
Hernaniko Udal Artxibategia.

 

      Harreman sareak nahitaezkoak ziren jarduera hori aurrera eramateko. Lehen ikusitakoaren arabera, oso lagungarriak ziren Hernaniko hainbat saltokirekin, hala nola “Guardarriosekin”, sortutako harreman sareak. Harreman sare horiek Hernanitik hasi (alboko baserritik) eta Donostiaraino zabaltzen ziren: bidelagunak, salmenta lagunak, senitartekoak... Emakumeen arteko harreman sareen baitan, ohikoa zen elkarrengandik hurbil bizi ziren baserritarrak Plaza Berriraino elkarrekin jaistea Donostiara joan behar zutenean. Petra oso gaztea zen Donostiara bakarrik bidaiatzeko, eta bizilagun batzuekin joaten zen San Martingo merkatura:

 

      Aita zanak eitten zun, saskiya izaten zan, eta saarrak eskun bildu, eta ni juten nintzan, hor, baserritar batekin, Agerrekua, [...] ,hangoa, hango andria etortzen zan goitik bera, astua, dena kargatu esniakin ta berdurakin, ta gizona atzetikan, saskiya zula been frutakin, ta ni haikin batera juten nintzan, haik hemen izaten zian seiak laurden gutxi, bosteterdik, seiak laurden gutxi, hemen izaten zian, ta ni orduko pronto eoten nitzan, ta haikin batera jute giñan Plaza Berria, ta tranbia geo. Ordun tranbia bazeon, ta tranbia, eta tranbian kargatzen giñan ta gero juten giñan Donostia, San Martin, plaza. Petra.

 

      Harreman sareei dagokienez, harreman sare solidario deritzenen modukoak zirela esan liteke. Hainbatetan, batak bestearen umeak zaintzen zituen, merkatura buelta egiten zuten bitartean. Beste batzuetan, umeak bakarrik gelditzen ziren. Bi edo hiru nahikoak ziren elkar zaintzeko. Eustaki eta bere ahizpa askotan aurkitu ziren egoera horretan. Amak Donostiara joan behar, eta bi ahizpek elkar zaintzen zuten, baina besterik ere batzen zitzaien:

 

      Ume hoiek ekarri zituzten, eta Donostiara ama esneakin juten zanean edo morroi batek kalera jeitsi behar zuenean edo neskamea etorri zenean, ba gu ekarri goizean goiz, adibidez 8:30etarako, hortxe Fueraportalesen koxkan exerita uzten giñun amak edo morroiak. Kalen koxkan exerita uzten giñun amak edo morroiak. Kalen koxkan geundela, hor etortzen zaigu ama 2 nexkekin eta “hor, a, begira, hor daude Eustaki eta Rosa, hoien ondoan txintxo. Txintxo egon zaitezte nik fabrikara joan behar det”, hola uzten zitun amak ere gure ondoan 2 nexka. Eustaki.

 

      Orain arte azaldutako guztiarekin, bistan gelditu da emakume haientzat nahitaezkoa zela merkatuetara joan eta beren produktuak merkaturatzea, etxeko lan taldearen iraupena eta ugalketa ziurtatzeko. Bestalde, kontuan izan behar dugu guzti hori gerraren testuinguruan jazo zela eta, beraz, arrisku handiak hartuta mugitu behar izaten zutela.

      Gerra garaitik gerra osterako tartean, emakume hornitzailearen izaera aldatu egin zen. Gerra osteak aldaketak ekarri zizkion Hernaniko herriari, eta emakumeen eguneroko bizitza ere aldatu zuen. Orain arte azaldu dugun emakumearen hornitzaile paperak beste ezaugarri batzuk hartu zituen. Ordu arte, produktuen salmenta legezko sare batean egiten zen. Baina, gerra ostean, legezko merkatua arrazionamendua zela-eta mugatua zenez, merkatu beltzak edo legez kanpokoak indar handia hartu zuen. Geroago azalduko dugun bezala, emakumearen hornitzaile papera aldatu egin zen, emakumea merkatu beltzean aditu bihurtu baitzen.

 

 

 

 

[17] Hartzaileak: bezeroak. Bezero horiek egunero jasotzen zuten behi esnea, eta baserriko beste hainbat produktu ere erosten zituzten askotan.

[18] Gerra garaian, merkatuan postu iraunkorra zutenei deitzen zitzaien horrela. Gerra ostean, ordea, bestelako ezaugarri eta eginkizun batzuk hartu zituzten.