Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

 

      Oroimena ganbara bat da.

      Ganbaran, iraganaren puzzlea osatzen duten oroimenak, traste zaharrak, gordetzen dira.

      Denboraren joanaren testigu izan zen erloju zaharrak ez du ordurik jotzen aspaldian.

      Bere oinetan luzaroan pilatu den hautsak zokoratutako ahotsak estali ditu.

      Ateak ireki, erratza pasatu eta deiadarka etorri zaizkigu ahotsak, Hernaniko emakumeen ahotsak.

 

 

 

ESKERRAK

 

      Ezkontzak ez zizun eman espero zenuen askatasun hura, baina zuk askatasun osoz utzi zenigun zure bizipenetatik, sentipenetatik, itxaropenetatik ortozik ibiltzen. Dudarik gabe, zure esperientziak gure inspirazio izan dira.

      Familiaren lanbidea eta oroitzak mantendu dituen Rosariok, hasieran ezer kontatzeko ez zuenak, azkenean, estraperloaren garai ilun horietara hurbildu gintuen.

      Maritxuk bere bizitzaren protagonista gisa aurkeztu zuen bere burua, eta, grazia handiz, Iruñeraino eraman gintuen gerra ostean, furgoneta batean, irina estraperloan ekartzera.

      Nahiz eta berak hasieratik esan bere bizitzak ez zuela ezer interesgarririk, altxorrez betetako emakume batekin topo egin dugulako, mila esker, Manoli.

      Regina eta Antxonek maitasun osoz hartu gintuzten beren etxean, eta horrela sentiarazi gintuzten beren bizitzako joan-etorriak kontatzen zizkiguten bitartean. Hurrengoan, bideokamera eramango dugu, zuen istorioak grabatzekoak baitira.

      Santa Barbara bizirik mantentzen duen bikote bati, Pepi eta Hipolitori.

      Bere ikasleak bagina bezala hartu eta, irakasle onek egiten duten bezala, gure zalantza guztiak argitzeko prest egon zen izaera handiko emakume eder bati, Eulaliri.

      Zure burua gizon zahar eta ile zuriko bat bezala deskribatu zenuen, eta, Hernaniko kaleetan paseatuz denboran atzera eraman izanagatik, eskerrik asko, Imanol.

      Gerraz ez ezik errepublika garaiaz ere ondo oroitzen zen Felixari. Bonbardaketak arkupe batean puntua eginez igarotzen zituenari.

      Piliri, unerik larrienean irribarretsu ireki dizkiguzulako Hernaniko hainbat ate, “eskerrak”.

      Izututa, trenean, seme-alabekin eta ilusio bete maletarekin etorri zen Matilderi, etorkinek bizitza berri bati nola ekiten dioten azaldu zigulako.

      Akola baserriko atarian arratsalde bat eta mila istorio elkarbanatzera gonbidatu gintuzten senar-emazteei.

      Avila utzi eta etorkizuna elkarrekin eraiki zuten Victoria eta Constantinori, familiako argazkien artean irribarretsu hartu gintuztelako.

      Honoriori, euripean etxe batean sei lagun apopilo egon ziren garaiaz oroitu zelako.

      Gurekin hain atsegin eta goxoa izateagatik, Anttoni, besarkada bat.

      Balantxa baserriko Zeziliri, gu bezalako kale-ume batzuei baserriko bizitzaren gorabeherak erakusteagatik.

      Izena bezain alai eta “xalada” zarelako. Esker mila, Felixiana.

      Agustinari, bizitza umorez nola hartzen den erakutsi digunari.

      Zure gaztaroko kontuak entzun genituen eta gezurra dirudi, zu ikusiaz, aspaldiko garaiez ari zinenik. Jarraitu zure goizeroko paseotxoekin, Anttoni.

      Katalinari, aspaldiko garaiak gurekin batera patxadaz gogoratzeagatik.

      Florinari, bihotzeko ateak hain maite duzun etxeko ateak bezain zabal ireki zenizkigulako; muxu bat.

      Asentsiori, baserriko ateak eta oroitzapenen ateak parez pare irekitzeagatik.

      Miren Klementeri, Hernaniko lantegietan emakumeek egin zutena gogoan gordetzeagatik.

      Ahaztu gabe, eskerrik beroenak Carmen Diezi, Gizarte eta Kultur Antropologiako ikasketetan irakasle eta lagun izan zaitugulako; zure adorea gure lanaren oinarri izan da. Beti jo dugu zugana gauzak ilun samar ikusten genituenean, eta zuri esker, arazo horiek argia ikusi dute. Berriz ere, mila esker.

      EHUko Antropologia Saileko irakasle eta UEUko Antropologia Sailaren zuzendari den Aitzpea Leizaolari, antropologian lehen urratsak egiten ari garenoi gure lanak jendaurrean agertzeko aukera eskaintzeagatik, eta bururatzen zaizkigun proiektu “zoroetan” babesa emateagatik.

      Berdintasun Sailari eta Emakumeen Kontseiluari, Hernaniko emakumeen memoria berreskuratzeko erakutsi duten kezkagatik eta, ondorioz, lan hau posible egiteagatik.

      Nerea Aresti eta Miren Llona historialariei, artean elkar ezagutu gabe gure nondik norakoak jarraitu dituztelako, eta elkar ezagutu eta gero guk haienak jarraituko ditugulako.

      Hernaniko Udal Artxiboko jendeari, gurekin izandako pazientziarengatik.

      Eskerrak Iosuri, bere bulegoa “kuartel” moduan erabiltzen uzteagatik, eta askotan artista baten ideiak beharrezkoak direlako gauzak beste ikuspegi batetik ikusteko.

      Dudarik gabe, gure gurasoei eta anai-arrebei eskaini behar diegu lan hau; azken batean, haiei esker ase ahal izan baitugu gure jakin-mina. Eskerrik asko, Rexu eta Xabier, Bego eta Tito, Juani eta Angel, Bea eta Iosu. Unai, Izaro eta Aritz. Eta baita Borjari ere.

      Zer esango zen beldur izan arren gurekin hitz egin nahi izan dutenei, liburu honen parte direnez, gure eskerrik beroenak.