Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Latseko produktu kimikoen fabrika
(Ereñotzu, Hernani)
2021

 

5. JABEAK. PUIGTARRAK

 

      Puig saga katalanak tradizio handia izan du industria kimikoaren arloan. 1914an Antonio Puigek sortutako kosmetika eta lurringintza enpresak nazioarteko merkatuaren gailurrean jarraitzen du ehun urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren. Mende laurden lehenago, ordea, Urumea ibaiertzeko Latserako bidea ondo ikasia zuten. Fabrikaren sortzaileak izan ez ziren arren, 1887rako Puig familia kataluniarra fabrikaren zuzendaritzapean murgildu zen beste bazkide batzuekin batera. Urte gutxiren buruan, ordea, jabe bakar bilakatu ziren, eta fabrikaren erantzukizun guztia bere gain hartu zuten. Jaime Puig More industria-ingeniaria (San Cipriano de Vallalta, Bartzelona - Hernani,1934) izan zen enpresa aurrera atera eta ospea eman ziona. Harrezkero, enpresaren izenean Puig abizena agertuko da beti -Puig y Cía, Jaime Puig eta Hijos de Jaime Puig-, "Aritzarenac", jatorrizko izen komertziala ere mantendu zuten arren.

      XX. mendeko bigarren hamarkadan, Jaimeren seme Jose Maria Puig Vilar (Hernani, 1889-1975) arduratu zen lantegiaz, eta, zalantzarik gabe, bera izan da Urumea bailararen oroimenean iraun duen Puig fabrikarekin lotutako izen nagusia. Don Pepe izenez ezaguna, gizon zorrotza zen, baina, aldi berean, zintzoa eta onbera, ezagutu zutenek diotenez. Familia katalana zen arren, Don Pepe euskaraz hitz egitera ere iritsi zen, eta neurri handiagoan edo txikiagoan tratu zuzena eta bidezkoa izan zuen langile guztiekin. Eskuzabala ere ba omen zen, eta lantegiko langile batzuetan etxeetan behintzat, sekula ez zen azukrerik falta. Fabrikako ekoizpenerako ekarri behar izaten zutenez, Don Pepek inguruko etxeetan ere banatzen zuen. Horrez gain, Errege egunez opariak eta San Jose egunean pastelak urtero iristen ziren etxe batzuetara, baita haurrentzako arropa ere. Urtarrilaren 5eko gauean Don Peperen etxean zapatak jartzea ohiko bilakatu zen berarekin tratu berezia zuten etxe batzuetan. Trukean baserritar horiek oilaskoak, kapoiak, intxaurrak edo garaiko baserriko produktuak eskaintzen zizkioten Eguberri egunean.

 

Jose Maria Puig Vilar, “Don Pepe”

 

      Oso gizon elizkoia zenez, sekula ez zuen hutsik egiten Ereñotzuko San Antonio elizan hilabeteko lehen ostiralean goizeko zortzietan ospatzen zen mezatara (primer viernes de mes). Irteeran haur guztiak ilaran jartzen zitzaizkion eta hark poltsikotik gozoki eta “txupete” motako karameluak atera eta banatzen zituen. Donostia aldean ez omen da izan Ereñotzuko haurrak adina karamelu jan duenik! Horrez gain, kasik arratsaldero egiten zuen Latseko txaletetik Ereñotzuko elizarainoko bidea otoitz egiteko, oinez, bastoia eskuan. Orduan ere haur ugari izaten zituen zain, eta berak gustuko zuen karameluak banatzea. Bere txaletean bulego bat ere bazuen, nahiz eta lanorduak lantegiko bulegoan igarotzen zituen, Leandro eta Xanti Irazusta anaiekin.

      Herriko politikan ere parte hartu zuen urte batzuetan. II. Errepublika garaian, 1931ko hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuten Hernaniko udalean, independente moduan. 1933an, eskuindarrek hauteskundeetan lortutako garaipenaren ondorioz, udal berria eratu zen Miguel Toledo Alberdiren lehendakaritzapean, eta Jose Maria Puig Villar (Don Pepe) alkateorde izendatu zuten. Baina 1934an zinegotzi gehinek dimititu egin zutenez, Jose Maria Puig Villarrek ordezkatu zuen, alkate kargua hartuz. Frankistak Hernanin sartu ondoren ere, 1936ko udazkenean udal-talde berria osatu zenean, Don Pepek zinegotzi jarraitu zuen.

      Puigtarrak lehen urteetan “langileen etxean” bizi baziren ere, 1919rako eraiki zuten haren aldamenean, errepidea eta ibaiaren arteko lursailean, Don Peperentzako txaleta. Montserrat Vandrellekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituen, ordena honetan: Conchita, Jaime, Jose Maria, Pilar, Ma Dolores eta Luis Maria. Montserrat andrea gazte hil zenez (1960an), goiz alargundu zen.

      Pentsatzekoa denez, txaletean uniformedun neskamea ere bazuten, ez bakarra gainera. Josefina Larrañaga zarauztarrak urte asko eman zituen bertan lanean. Baina ereñotzuar batez maitemindu, ezkondu eta zerbitzatzeari utzi zion, eta Don Pepek, orduan, langileen etxean bertan jaiotako Kandida Etxeberria, “Kandz”, kontratatu zuen txaletean neskame aritzeko. Antonio Izagirre senarrarekin batera, fabrikako langilea bera, Don Peperen txaletean bertan bizi izan ziren biak hura hil zen arte. Baina horiekin batera emakume gehiagok ere lan egin zuten txaletean, hala nola Urruzunoko Josefa Iriberrik (Pepita) eta Bitori Etxeberriak.

      Azken urteetan, seme-alaba gehienak etxetik joan zirenean eta Don Pepe bere alaba Dolores ezkongabearekin bakarrik geratu zenean, asteburuak Donostiako pisuan igarotzen hasi ziren, nahiz eta astean zehar Latseko txaletean bizitzen jarraitu. Jose Luis Miner zuten txofer, fabrikako langilea eta garai hartan gidatzeko baimena zuen bakarrenetakoa.

      Izan ere, garai hartako enpresari asko bezala, Puig familia, Donostiako erdialdean, Victor Pradera kalean, (gaur egun Easo kalea), 49. etxebizitza-bloke osoaren jabe zen, jada gerra aurretik. Ardandegia, mertzeria eta tabako-dendaz gain, sei solairuko eraikineko etxebizitzetan maizterrak zituzten errentan. Atezaindegia ere bazuen etxeak, eta urte luzez Petra Arin izan zen atezaina. Puigtarrek bazuten, beraz, beste diru-iturri garrantzitsu bat, Donostiako etxearekin.

      Seme-alaba gehienak ikasketak burutu ondoren fraide (Jesuita) eta moja (Erreparadora) sartu zitzaizkion. Seme gazteena, Luis Maria (Hernani,1923 - Bilbo, 2010), ingenieritza ikasi eta ezkondu zen bakarra izan zen. Bilbo aldean osatu zuen hark, ordea, bizitza. Haren semeak izan dira, duela gutxi, lehenik txaleta, gero langileen etxea eta azkenik lantegiaren orubea saldu dutenak. Ondorengo taulan Puig familiak Hernanin izan zuen zuhaitz genealogikoa ikus daiteke.

 

Jose María Puig eta Montserrat Vandrell emaztea dantzarien arkuen azpitik pasatzen, Ereñotzuko San Antonio elizaren aurrean. Argazkia: Kutxateka

 

 

Jose María Puig eta Montserrat Vandrell emaztea,

Epeleko-Etxeberri jatetxeko bazkarian mahaiburu.

Horien ezkerrean, Conchita, alaba, eta eskuinean,

Ma Pilar eta Luis Mari. 1943. Argazkia: Kutxateka

 

 

Don Peperen txaleta

 

      Don Pepe enpresariaren etxea 1919an eraiki zuen M.M. Setien arkitektoak. Oinplano laukizuzeneko eraikina da, hiru altuera eta sotoa ditu, harlangaitzezko hormak eta bi isurkiko estalkia, teilatu-gailurra fatxada nagusiarekiko paraleloan duela. Errepideari begira dagoen isurialdean txapitula bat nabarmentzen da. Txaletak nolabaiteko kutsu neorregionalista du, goiko solairuko zarpiatuaren gainean bilbadura bat imitatzen duten banda lauak direla-eta.

      2010eko hamarkadan Puigtarren ondorengoen txaleta saldu eta jabe berriek erabat zaharberritu dute. Jatorrian, errepideari begira dagoen fatxadan balkoi txiki bat zuen bigarren solairuaren erdian, teilatu-hegaleraino zihoazen beso luzeekin, eta ateburuaren gainean kartel bat; honakoa irakur ziteen: «PUIG 1919/ ------LATXE».

 

Txaleta 1950. urte inguruan. Argazkia: Kutxateka

 

Goian, Don Peperen txaleta jatorrian,

eta behean, gaur egun, jabeek etxea saldu ondoren