Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Latseko produktu kimikoen fabrika
(Ereñotzu, Hernani)
2021
| 1. Sarrera | 2. Datu historikoak

 

1. SARRERA

 

      Aritzarenak, Jaime Puig, Hijos de Jaime Puig, Latseko fabrika, ikatz-fabrika, ozpin-fabrika, alkohol-fabrika...izen horiekin guztiekin ezagutu izan da Hernaniko Ereñotzuko Latsen, Urumea ibaiaren ertzean kokatzen den fabrika-konplexua. Eta egia da produktu horiek guztiak egiten zirela bertan, baina baita hasierako garaitan askoz gehiago ere. Hori dela eta, erratzeko beldurrik gabe esan dezakegu lantegi hori gaur egungo petrolio findegi baten modukoa izan zela: petrolioaren ordez, egurra zuena lehengaia, eta hortik eratortzen zirela gainerako produktu kimiko guztiak. Garai hartarako itzelezko aurrerapausoa izan zen, ordura arte, egurretik ikatza besterik ez baitzen ateratzen. Horrez gain, garai hartan lantegiak aurrerapen handiko makineria zuen, zeregin askotarako uraren indarra baliatzen baitzuen. Bertako instalazioak ezagutu dituztenek ondo asko dakite hori, gainerakooi, hori imajinatzea ere kosta egiten zaigun arren, gaur egun duen egoera tamalgarria ikusita.

      Zertxobait atzera eginez, esan dezakegu lantegiaren aurrekariak gurean hain ohikoak ziren ikatz-txondorrak zirela. Baina, esan bezala, horietan ikatza besterik ez zen lortzen, eta askoz kalitate eta dentsitate-baldintza eskasagokoa gainera. Izan ere, txondorretako ikatzak nahasian lur asko izaten zuen. Ondorioz, XIX. mende-bukaeran, egur ikatza etxeetan gehien erabiltzen zen erregaietako bat zenean, lantegiaren sorrerak, ziur asko, Urumeako txondorren galtzea beste toki askotan baino lehenago iritsi izana ekarriko zuen. Mendietan bertan eraikitzen ziren txondor ezagun horietan, errekuntza geldoak ikatza sortzen du, baina gas eta lurrunek atmosferara ihes egiten dute lurrez estalitako egur-pila piramidalaren erpinean egiten den zulotik. Latseko lantegian erabilitako prozesuan, ordea, atmosferara isuritako lurrun horiek ere tratatu egiten ziren.

      Destilazio lehorra edo pirolisia aspalditik ezagutu eta erabili izan da, teknologia kimikoaren lehen prozesuetako bat izanik. Dagoeneko XII. mendetik aurrera Errusian asko erabiltzen zuten pinu-mundruna egiteko (besteak beste, zurezko ontziak mundruneztatzeko). Metalurgia eta burdinolen garapenarekin batera, zuraren destilazio lehorrean oinarritutako beste lanbide bat sortuko da, aipatu dugun ikazkintza. Baina zuraren pirolisiaren aplikazio industrialaren hasiera XIX. mendeari dagokio, eta garai horretan sortu zen Latseko produktu kimikoen lantegia, mendearen amaieran.

      Garai berean, baina jada XX. mendearen hastapenetan sortuko ziren gure lurraldean egurra destilatzeko mota honetako beste adibide batzuk ere, hala nola, Lizarrustiko mendatetik Etxarri Aranatzera bidean, Elkorriko sakanean zegoen Quifosa (Qimica Forestal, S.A.) izeneko lantegia, Jose Martin Arana beasaindarrak sustatuta (1910). Kasu honetan, inguruko pago gazteak galdaretan egosi, eta egurraren izerdiarekin alkohola edo uxuala ateratzen zuten destilazio bidez.

 

Lizarrusti mendatean, errepide bazterrean Quifosa lantegiko langileen etxea

 

      Halako industriaren beste adibidea Nafarroako Ekai herriko, Longida udalerria, instalazio bikainak ziren. El Irati S.A enpresak (burdinbidea eraiki zuen bera) zerrategi batean landutako egurraren hondarrak, adarrak eta egur xehea aprobetxatzeko, pirolisi lehorraren metodoaren bidez egur-ikatza egiteko instalazio berritzaile bat muntatu zuen 1910ean, sortutako lurruna hainbat produktu kimiko destilatzeko aprobetxatuz. Enpresa berak, 1944an, destilategi berri bat jarri zuen martxan Erronkariko ibarrean.

 

Ekaiko El Irati enpresaren zerratoki eta egur-destileriaren airetiko argazkia

 

      Egur hostozabalak egur-ikatz bihurtzean askatutako lurrunetatik produktu kimikoak berreskuratzea loratzen ari zen industria zen garai batean. Hala ere, agertokian substantzia petrokimikoak agertu orduko, zura antiekonomiko bihurtu zen metanol, azido azetiko, eta mundrunak eskuratzeko iturri gisa.

      Gaur egun, Latseko instalazio guztien egoerak tamalgarria kalifikatzailea baino ez du merezi. 1980ko hamarkadan jarduera ekonomikoa behin betiko amaitu ondoren, hondamena iritsi zen lantegira. Langileen etxekoek eraikinak okupatu zituzten erabilera pertsonalerako; hondakinen zabortegi gisa erabili ziren, arriskutsuak izan zitezkeen lurpeko instalazioak bete arte; ekipoen eta erreminten arpilaketa izugarria izan zen... gaur egungo egoera negargarrira iritsi arte.

      2022an, orubearen jabetza osoa publikoa izanik, lurzoru kutsatuaren adierazpena ez dadila aitzakia izan agintariek eta dagokion ondarearen arduradunek ezer ez egiteko. Urumeako errepidean gora edo behera igarotzen garenean, Latsera begiratu eta tximinia eder eta arranditsua duen instalazio bikain eta historikoak zutik ikusteko itxaropena izan behar dugu, eta ez Urumeako bazter batean sastrakak irentsitako hondakin multzoa.

      Bide horretan, Hernaniko Udalak esleitutako “Kultur ondarea 2021” bekarekin lanean ari ginela, Latseko fabrika barru-barrutik bizi izan duen Leandro Minerrekin egin dugu topo. Haren ekoizpen-prozesuaren eta instalazioen ezagutzak bultzatu eta animatu gaitu ondorengo txosten hau landu eta idaztera.

      Lehenik eta behin, ekoizpen-prozesua, ekoitzitako produktuak eta horiek lortzea ahalbidetu zuten fabrikako instalazioak ulertzen saiatu gara, eta oraindik sakontzeko asko dugun arren, Leandroren marrazkien laguntzaz, ikasitakoa orriotan azaltzeko ahalegina egin dugu. Bertan langile aritutakoen hainbaten testigantzak jasoz, pasadizo xelebre bezain bitxiak ekarri ditugu. Eta nola ez, enpresariaren eta bere familiaren nondik-norakoak ere ez ditugu bazterrean utzi. Azkenik, artxiboetako funtsak aztertuta, bezero eta hornitzaileen argazki azkar bat atera dugu, baina, tamalez, ezin izan dugu fabrikak mende bateko bizitzan zehar izan duen bilakaera ekonomikoari buruzko informazio nahikorik aurkitu, oraingoz.

      Txostenaren azalean datorren irudia Cesar Hombrados Oñativiak 1941ean margotutako jatorrizko margolanaren argazkia da. Bere garaian langileen etxeko bulegoko horman eskegita egon zenarren, 1990eko hamarkadan Legazpiko Lenbur fundazioko langileek lantegiko dokumentazioarekin batera jaso zuten, eta gaur egun Legazpiko Bikuña jauregian dago, fundazioaren egoitzan. Eskuinean, irudi txikian, egilearen sinadura eta urtea ikusten den xehetasuna.

 

Cesar Hombrados Oñativiak 1941ean margotutako

jatorrizko margolanaren argazkia.

Xehetasunean, egilearen sinadura eta data

 

      Hurrengo irudian, aldiz, ziurrenik fabrikaren lehen argazkietako bat, 1950 inguruan, zuri-beltzean, eta aurrekoaren antzeko ikuspegi batetik aterata.

 

Latseko “Hijos de Jaime Puig” fabrika-konplexua 1950 urte inguruan.

Argazkia: Kutxateka

 

 

Leandro Miner

 

 

      Leandro Miner Oiartzabal (Latse, Ereñotzu, 1950). Langileen etxean jaio, hazi eta bertan bizi izan denez, ondo gogoan du bere garaian lantegiak zer-nolako martxa zuen. Aitak han egin zuen lan, baita anaiak ere, eta eskolan jai zutenean, udan, beste mutil batzuek bezala, berak ere lan egin zuen sos batzuen truke. Zerbait ordaintzen zieten zeregin batzuengatik, eta haiek gustura.

      Ikaragarria omen zen bertan zegoen martxa. Leandrok oraindik begi-bistan ditu neurri handi batean galdu diren instalazioak, xehetasun guztiekin; ekoizpen-prozesuko urrats guztiak azaldu dizkigu, krokisak egin ere bai, eta guk orriotara ekarri ditugu. Hori bai, prozesua ondo ezagutu eta gaia menperatzen badu, jarduera eten ondoren gaia aztertu duelako izan da. Izan ere, bere aita Prontxio lantegiko enkargatua zen arren, Leandrok zazpi urte bete zituenean hil zen. Beraz, Leandrok gaiarekiko erakutsi duen jakintza guztia han orduak pasatzetik eta gero ere interesa jartzetik datorkio. “Nik beti egin izan dut lan mekanikan... eta haiek kristoren instalazioak ziren”.

 

| 1. Sarrera | 2. Datu historikoak