Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

44
URRUZUNO GOIKOAKO
BURDINOLA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani, Urnieta

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 586760, y 4785898, z 56,70 (burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena)

                                x 586693, y 4785749, z 62,00 (presa)

IBAIA: Urruzuno

 

      Urruzunoko multzoa Pagoagako auzoan kokatzen da, izen bera daraman errekaren ondoan, Hernani eta Urnietako Udalerrien artean. Sarbidea Nafarroako errepidetik (GI-3410) egiten da, Pikoagako zubia zeharkatu ondoren pista bat hartuz.

      Multzoa, inguruan dagoen beste burdinolak (Urruzuno Behekoa) eta Zentral hidroelektrikoak (Urruzuno indarretxea edo Zelai) osatzen dute.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA:

BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)

            HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.21 Urruzuno burdinola (ageriko egiturarik gabe). E Gakoa

 

      Urruzuno Goikoa burdinola desagertuta dago baina zenbait aztarna gelditzen dira.

      Ezin da kokapen zehatza ezagutu baina azalean dauden aztarnek pista batzuk ematen dizkigute. Badirudi tailerra egungo Leitzaenea (Hernani) etxearen inguruan kokatzen zela, Urruzuno edo Urmendi errekaren eskuinaldean. Etxearen Ekialdean kokatzen zen antza denez, azaleran eraikin aztarnak ez dauden belaze txiki batean, baina bai burni zepa ugari. Eremu horren Hego-mendebaldeko ertzean soilik aurki daitezke mendi-mazelaren kontra eta landarediaz estalita harri-hormazko bi horma, ziur aski burdinola zaharrarekin lotu daitezkeenak.

      Gaur egun ubidea lurreko mugimenduengatik desagertu da, nahiz eta 1990ean ibilbidearen zati bat mantentzen zen.

      Presa aurrealde zuzenekoa da, eta harri-horma arruntaz eginda zegoen, errekarriz, silarrixkaz eta galdaketa zepaz. Barrualdean, harkoskorrez beteta ageri da. Presa horrek 18 metroko luzera du eta ibaiaren ibilgu osoa hartzen du, 3,70 metroko gutxieneko garaiera du eta 4,80 metroko zabalera. Erdialdean lehertuta dago, behar bada uholde baten ondorioz, eta halaber, zulo eta paramentu galera batzuk ditu. Mendebaldeko muturrean zirkuluerdi-formako bao bat dago, jatorrizko hondoko hustubidearekin lotuta dagoela dirudiena. Hormak landarediaz estalita, ia ezkutuan aurkitzen dira.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa (...1457/1671...)

BESTE IZENAK: Herreria de Urruzuno de Suso/ Ferreria de Verruzuno Garaicoa/ Ferreria de Urreçamo de Suso

 

      Urruzuno Goikoa burdinolari buruzko datuak XV. mende erdialdekoak dira, 1457. urtean Martin Perez de Alcegaren (Diez de Salazar 1977:111-114) jabetza bezala. Denborarekin Bailarako burdinola garrantzitsuenetako batean bihurtu zen.

      Mende horren bukaeran Martin Perezen ondorengoek auzi luze eta nahasi batean sartu ziren herentziaren banaketagatik. XVI. mende hasieran jabetza Juan Lopez de Aguirrerena izango da, zeinek 1568an burdinola berria eraikiko duen 100 dukat[125] baino gehiagoko kostuarekin. Aguirrek segur asko gabi berri bat egin zuen burdinola zaharrari itsatsita, bere instalazioak aprobetxatuz ekoizpen tradizionala manipulatzeko. Hau baieztatuta gelditu zen mende erdi beranduago Juanes Egurmendi donostiarrak burdinola nagusia eta burdinola txikia edo Urruzunoko gabia erosi zituenean (1629), 4.500 dukatetan balioztatuta[126].

      Dirudienez, XVII. mende erdialdetik aurrera, bi burdinolen jabetza, Urruzuno Goikoa eta Urruzuno Behekoa, jabe bakar batena izango da, “las dos Hurruçunos que hazen una” esanez. Burdinolari buruzko azken datuak 1671. urtekoak dira. Hortik aurrera burdinolari buruzko idatzitako testigantza guztiak desagertzen dira.

 

 

[125] GPHA. III7924 sorta, 13-14 orr.

[126] RSBAP. Marques de Rocaverde Funtsa. 1. Kutxa, dok. 35 (1629.11.27).

 

 

 

Urruzuno Goikoako burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Urruzuno Goikoako burdinolaren ortofotoa (1954)

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Urruzuno Goikoako burdinolaren
horma arrastoak mendi-mazelaren kontra

 

Urruzuno Goikoako burdinolaren presaren egoera
(1995 eta gaur egun)

(ITURRIA: HUA)