Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

38
ABILLATSEKO
BURDINOLA ETA ERROTA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): ---

IBAIA: Urumea

 

      Latse auzoan kokatzen da. Urumea ibaiaren eskuinaldeko ibai-terraza zabal batean kokatzen da. Latsako lantegia eta Pikoaga-Mandarrietako Zentralaren artean, Abillats baserriaren inguruan.

      Burdinola honen eta bere aldameneko errotaren aztarnak ezin izan dira aurkitu, ezta bere ekoizpen azpiegiturarenak ere, tokiaren toponimoa soilik ailegatu zaigu.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta

BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)

            HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.15 Abillatse burdinola (ageriko egiturarik gabe). E Gakoa

 

      Abillatseko burdinola eta errota izen bera zeraman baserriaren inguruan kokatzen zen, Urumea ibaiaren eskuinaldean, ibai-terraza zabal batean. Gaur egun ustezko kokapena zelai artifizial zabal batek hartzen du eta uda garaian bainu gunea bezala erabiltzen da. Inguru horretan burdin-zepak jaso izan ohi dira.

      Jasotako informazioak dio zelai horretan duela urte batzuk (1950eko hamarkadan) burdin-zepa ugari atera zituztela eta kamioietan eramanak izan zirela, hala nola lanean zirenean burdinola zaharrarekin lotutako arku eta ubide arrastoak aurkitu zituztela (Fernandorena, 2003:278-279). Ondoren berriro lurrez bete zuten gaur egun duen itxura eman arte.

      Ez da ikusten ezta ere elikatze ur-azpiegitura (presa, ubideak). Segur aski errotak eta burdinolak azpiegitura berdina partekatuko zuten.

      Datu historikoek ez dute ezaugarriei buruz informazio asko ematen.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa Burdinola (...1457/1638...)

            Errota (...1566/1811...)

BESTE IZENAK: Ferreria de Abillas/ Ferreria de Avilas/ Ferreria de Avillas

 

      Burdinola hau Bailarako garrantzitsuenetako bat izan zen, bere izena emanez beste bi ekoizpen instalazioei, bai ur gora (Abillas de Suso edo Ubarratu) eta bai ur behera (Abillas de Yuso edo Latsa) kokatzen direnak.

      Abillatseko burdinola 1457an lehen aldiz agertzen da aipatuta (Diez de Salazar 1977:08-83). Donostiako merkatarien familia aberats baten jabetza izan zen, Elduaien. Latse eta Errotarango (Hernani) burdinolen eta Errotaberriko (Urnieta) errotaren jabeak ere baziren, eta ondasun horiek guztiak Amador Lopez de Elduaien batxilergoak 1562an sortutako maiorazkoan sartu ziren.

      1556ko uholde gogorrak kalte larriak eragin zituen bere instalazioetan, egurrezko presa eramanez eta berreraikita izanez “la mi herreria de Avillas ...e molino que esta junto a la dicha ferreria”[115]. Bi instalazioak bata bestearen ondoan zeuden eta azpiegitura berbera partekatuko zuten segur aski.

      1562ko dokumentu batean arragoak edo mea txikitzeko labeak aipatzen dira ere burdinolaren inguruan eta Aguinaga-ko lursailetan kokatzen zirela dio (1577)[116]. Arragoa horietan egosten zen minerala, Ereñotzuko porturaino gabarretan garraiatzen zena, ondoko burdinolan urtu aurretik.

      Burdinola honi buruzko azken aipamena 1638koa da, hortik aurrera ez daude bere ekoizpenari buruzko datu berriak, ezta behin betiko uzteko unearena ere.

      Errotaren lehenengo erreferentzia historikoa 1566koa da, eta bere bilakaera burdinolarenaren parekoa izango da. Hala ere, XIX. mendearen hasieran oraindik funtzionatzen jarraitzen zuen: “la herreria mayor llamada de Abilas con su molino de moler ceveras, Casa de vivienda y demas pertenecidos”. Bertan aipatzen du “actualmente esta reducida la herreria a Caserio de Labranza” (1811)[117].

 

 

[115] GAO. PT. 1.502 sorta, 69-76 orr. (1556.09.25).

[116] GAO. PT. 1.504 sorta, 133 orr. (1562.08.24); HUA. C-5-I-1-4 (1577.01.30).

[117] GAO. PT. 634 sorta, 119 zk. (1811.04.05).

 

 

 

Abillatseko burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Abillatseko burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena