Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007
III.
GERRA ZIBILA GIPUZKOAN:
ERRESISTENTZIAK ETA ERASOAK
Espainiako II. Errepublikak, aldarrikatu zen unetik, konstituzioaren legaltasuna aldatzeko saiakerak jasan zituen hala ezkerraldetik nola eskuinaldetik zetozen konspirazioen bidez: CNTren edo komunisten ahalegin iraultzaileak lehen biurtekoan, Sanjurjo jeneralaren altxamendua 1932ko abuztuan, 1934ko urriko iraultza sozialista eta 1936ko guda piztu zuen uztailaren 17ko altxamendua izan ziren gertakari garrantzitsuenetariko batzuk.
Errepublikaren aurkako kolpe militar bat antolatzeko ahalegin ezberdinek beren fruitua eman zuten 1936ko otsailean Iruñean. Hantxe egin zen lehen bilera bat, non Unión Militar Españolako (UME) ofizial batzuek erregimenaren kontrako “ekintza” bat prestatzeaz hitz egin zuten. Hilabete horretan bertan ospatutako legegintzarako hauteskundeetan Frente Popularrak garaipena lortzeak eta ustez gobernu berriaren aurka zeuden militarrak lekuz aldatzeak prestakizunak aurreratzea eragin zuen. Martxoaren 8an, jeneralen talde bat Madrilen bildu zen, horien artean Gerra Zibilean matxinatutakoen buru nagusienetarikoak izango zirenak zeudelarik, eta “aberriaren hondamena eta zatiketa” saihestuko zuen mugimendua antolatzea adostu zuten. Horren buru Sanjurjo jenerala izango zen, Portugalen erbesteratua zegoena, eta koordinazioaren arduraduna, berriz, Emilio Mola jenerala, halabeharrez Iruñera bidali zutena.
Altxamenduaren norabidea, hasiera batean militarra besterik ez zena, 1936ko apirilaren 15ean erabat aldatu zen, Emilio Mola jeneralak, konspirazioaren “zuzendari” moduan, bere “1. Instrukzio Erreserbatua” eman zuenean, bertan honakoa baieztatuz: «...la conquista del poder ha de efectuarse aprovechando el primer momento favorable y a ella han de contribuir las Fuerzas Armadas conjuntamente con las aportaciones que en hombres y elementos de todas clases faciliten los grupos políticos, sociedades e individuos aislados que no pertenezcan a partidos, sectas o sindicatos que reciban inspiraciones del extranjero, socialistas, masones, anarquistas comunistas, etc...». Horrela, konplot militar bat izatetik estatu-kolpe batera igaro zen, aldeko talde politiko eta erakundeen laguntzarekin, hau da, karlotradizionalisten eta Falange Españolaren laguntzarekin. Alabaina, ez ziren ekainera arte, zailtasunak tarte, militarren eta tradizionalista karlisten interesak proiektu matxinatu bakar batean batu (Maiz, 1952 eta 1976). Akordio horrek eta gertakarien bilakaerak, uztailaren 13an Madrilen José Calvo Sotelo erailtzearekin (monarkiazalea, antikomunista eta estatu espainol faxista baten aldekoa) 1936ko uztailaren 17ko estatu-kolpe saiakera eragin zuten; nahiz eta agintari militar batzuek, horien artean Franco, zalantzak izan. Espainiak Afrikan zituen posizioetan hasi zen matxinada. Ejerzitoa bera legaltasunaren eta matxinatuen eta herritarren erresistentziaren aldekoen artean zatitu zen, bereziki Madrilen eta Bartzelonan, eta horrek kolpearen porrota eta gerra zibil luze baten hasiera ekarri zuen.
Lehen operazioak eta
Donostiako altxamenduaren porrota
Gerrak Gipuzkoan izandako bilakaerak, batez ere 1936ko uztaila eta iraila bitartean, bere protagonistak izandako batzuen eta egungo hainbat historialariren interesa piztu du. Gertatutakoaren oroitzapenen artean honako hauek nabarmendu ditzakegu errepublikarren aldean: Manuel de Irujo (1978), Miguel de Amilibia (1978) eta Manuel Chiapuso (1977). Ikuspuntu frankistatik egindako gertakarien deskribapena Morales (1937), Sainz de los Terreros (1937), Loyarte (1944) eta Echeandiaren lanetan (1945) topatuko dugu. Historialari profesional garaikideen artean, azpimarratzekoak dira, Félix Luengo, (1987 eta 1994) eta, bereziki, Pedro Barruso, Bigarren Errepublikako, Gerra Zibileko eta lehen frankismoko Gipuzkoan aditu handia. Bere 1996ko lana Verano y Revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936), gure oinarrizko erreferentzia da. Egile horiek aurretik egindako lanari esker lurralde honetan une historiko honetan gertatutakoa laburbiltzea daukagu. Azalpena ardatz hirukoitz baten inguruan egituratzen da. Matxinatutako militarrek eta beren aliatuek Nafarroatik egindako mugimenduak, Donostiako kuarteletako erantzuna eta talde eta mugimendu errepublikazale eta antifaxistek erakutsitako erresistentzia. Hurrengo kapituluetarako utziko dugu errepresioaren alorrean gertatutakoaren deskribapena eta azterketa, eta arreta, bereziki, geroago Hernanin fusilatuko zituzten pertsonak atxilotuak izan zireneko herrietan jarriko dugu. Gure ustez, kasu batzuetan, aurrerago aipatuko ditugun faktore orokorrekin batera, matxinatutako tropei jarritako erresistentzia handiagoak errepresio gogorragoari bide eman zion.
Iruñako uztailaren 18ko altxamenduaren ostean, Emilio Mola jeneralak ia mugimendu militarrik gabe probintzia osoko kontrola lortu zuen, eta hiru kolumna bidali zituen Gipuzkoara. Lurraldea okupatzea eta hiriburu donostiarreko matxinadari laguntzea ziren helburuak. Kolumna nagusiena Beorlegui koronelak zuzendu zuen eta uztailaren 20an abiatu zen Iruñatik, bere helburua Bidasoako arroa menderatuz muga ziurtatzea eta horrela Donostian presioa egitea izanik. Beorleguik aurrera egin zuen Beraraino, inongo trabarik topatu gabe. Handik, formazio berri bat, Ortiz de Zárate koronela buru zuela, Oiartzun inguruko gailurretara abiatu zen, baina miliziano-taldeek eta gobernuari leial zitzaizkion indarrek harrapatu zuten. Egun berean, hilaren 20an, beste bi konpainia militarrek, metrailadoreen sekzio batek eta falange eta erreketeen bi unitatek, Cayuela teniente koronela buru zutela, Altsasu okupatu eta Gipuzkoako Goierrirako bidea hartu zuten. Hirugarren kolumnak, kopuruz txikiagoa eta falangistek bakarrik osatua, eta geroago erreketeek, Gipuzkoan Aralarreko mendilerrotik sartzea zuen helburutzat. Hilaren 24an Gaztelun bazeuden ere, eta errepublikarren erresistentzia oso indartsua ez bazen ere, Tolosara ez ziren uztailaren 30era arte heldu. Posizio horietatik ekingo zioten probintzia konkistatzeari.
Donostian, bitartean, matxinatu beharreko agintari militarrek zituzten zalantzek ezkerreko erakundeen erreakzio azkarrak sendotu zituzten. UGT eta CNT sindikatuek eta PCEk egoeraren kontrola lortu zuten, probintziako agintarien buruzagitza eza zela eta. Irujok eta abertzaleren batek besterik ez zuten lehen uneetan erresistentzian lagundu. Uztailaren 27ra arte itxaron behar izan zuten Gipuzkoako Defentsa Junta sortu zen arte. Nahiz eta bertan Errepublikari leial zitzaizkion alderdi guztiek parte hartu, talde abertzaleak barne, Juntaren hegemonia eta ekimena aipaturiko erakunde ezkertiarren esku egon zen. Jesús Larrañaga komunista gerra-komisario izendatu zuten eta haiek izan ziren Donostiako defentsaren protagonista nagusiak eta hiriburu donostiarreko, eta hortaz, Gipuzkoako matxinadaren porrotaren eragileak.
Uztailaren 18ko arratsaldean bildu ziren kuartelera tropak, baina Loiolako kuartelen agintaritza zuten graduazio handieneko ofizialen artean buruzagitza sendorik ez zegoenez, ez zen une hartan mugimendu militar esanguratsurik egon. Bien bitartean, hiriburuko miliziano ezkertiarrak, hiriko kuarteletako armamentuaz horniturik, Donostiako kaleak patruilatzen hasi ziren. Hilaren 22an, matxinadaren buru berriak, José Vallespín teniente koronela, hiriburuaren okupazioa agindu zuenerako beranduegi zen. Militarrak Donostiako hirigunera heltzen saiatu ziren, baina atzera egin behar izan zuten, María Cristina Hotelean eta beste eraikin batzuetan ezkutatutako zibilen laguntza izan arren. Erakunde ezkertiarrek jarritako erresistentzia liskar eta borroka gogorretan gauzatu zen, eta horrek galarazi zien militarrei beren helburuak lortzea. Konspiratzaileek uztailaren 24an Loiolako kuarteletan babestea erabaki zuten, Urumeako ibaiertzean, baina ez hiria inguratzen zuten gailurretatik eraso berriak egiten saiatu aurretik. Setiatuta eta aireko eraso batzuk jasan ostean, uztailaren 28an eman zuten amore matxinatuek. Vallespínek ihes egitea lortu zuen arren, 68 ofizial hartu zituzten preso [15].
Hainbat dira Donostiako altxamendua ez gauzatzeko erabakigarritzat hartu izan diren arrazoiak. Alde batetik, buruzagitza zehatzik eza, hau da, konprometituak (funtsean graduazio txikiko ofizialak) hiriaren boterea lortzera gidatuko zituen buruzagi militar kualifikaturik ez egotea. Bestetik, azpilan zibilaren ahulezia; izan ere, Nafarroan gertatutakoarekin alderatuta, probintzian zeuden erreketeak eta falangistak oso gutxi ziren, eta horrek lurraldean ia matxinadarik ez egotea, edo oso azkar menperatu ahal izatea eragin zuen. Donostiako kasuan, gainera, kontuan hartu beharrekoa da ezkerrak matxinatuen aurrean erakutsitako erresistentzia.
Loiolako kuartelek amore emateak matxinatuek beren estrategia aldatzea eragin zuen. Beorlegui, Ortiz de Zárateren kolumnarekin batera Donostiara Oiartzungo bailaratik heltzen saiatu zen, baina ezin izan zuen lortu Errenteriako milizianoek jarritako erresistentziarengatik eta inguruko gailurretan kokatutako gotorlekuetako artilleriarengatik. Matxinatuek Donostian izandako porrotak, bestalde, hiriburua menderatu aurretik atzealdeko eskualdeak okupatzea aholkatzen zuen, eta horrexegatik, Beorleguik Irunera abiatzea erabaki zuen. Alabaina, Endarlatzako zubiaren leherketak mugimendu hori galarazi zuen, eta Oiartzun-Lesaka eskualdean geratu zen blokeaturik.
Hegoaldean, Oria bailararen konkistarekin jarraitu zuten militarrek. Beasain hartu arte, 1936ko uztailaren 27an, matxinatutako tropek ia ez zuten erresistentziarik aurkitu aurrera egitean, izan ere, Donostian bizi zen egoerak, Loiolako kuartelen altxamenduarekin eta eskuin aldekoen matxinadarekin, Errepublikaren legaltasunaren defendatzaileak beren indarrak Donostian biltzera behartu zituen. Horrek aukera eman zien matxinatutako tropei Altsasutik azkar-azkar sartzeko, Cayuela teniente koronelaren buruzagitzapean. Oriako goiko arroa defentsarik gabe ikusita, eta Beasainek zuen garrantziaz jabetuta, izan ere hori galtzeak Tolosa arrisku larrian jarriko zukeen, eta hortaz, probintziaren zati handi bat, Eibartik zetorren miliziano-talde bat hantxe bereizi zuten agintari errepublikarrek. Uztailaren 26an, hiribilduaren inguruetan oso borroka gogorra izan zen eta, horren ostean, erreboltarien laguntza artilleroa ikusirik, herri barrura egin behar izan zuen atzera gobernuaren alderdiak. Hilaren 27an, erresistentzia garaitua izan zen, eta egun horretan bertan Cayuelaren tropak Beasainen sartu ziren. Erreboltariek, horrela, puntu estrategiko bat ziurtatzen zuten eta Tolosarako bidea zabalik geratu zitzaien. Beasain hartu ondoren, militarrek eta beren laguntzaile karlistek eta falangistek, aurretik Ataunen egin zuten moduan, arpilatzeari eta armak topatzeko miaketei ekin zieten, eta, aurrerago xehetasun gehiagoz ikusiko dugunez, susmagarriak ziren auzokoak erailtzeari. Matxinatutako tropen sarrerarekin batera heldutako beste ekintza batzuk herritarren aurkako irainak, errepublikarren eta abertzaleen zentro sozialak konfiskatzea eta bertako liburutegi eta agiritegiak erretzea izan ohi ziren. Ekintza horien helburua okupatuz zihoazen herrietako biztanleengan eta defendatzaileengan beldurra piztea zen, eta lortu zuten, horren adierazle garbia matxinatuen esku erori aurretik herrietan izandako ebakuazio masiboa izanik.
Beasain erori zen egun berean, hilaren 27an, Beorleguik errefortzuak jaso zituen, eta berriro ere erasoaldiari ekitea erabaki zuen. Behin Oiartzun ziurtatua zegoela, aurrera egin zuen Errenteriara, Loiolako kuarteletan matxinatutako eta setiatutako militarrei laguntzeko asmoz. Baina beranduegi zen, izan ere horiek hurrengo egunean amore eman zuten. Errepublikarrek, beren aldetik, beren tropa onenak Errenteria defendatzera bidali zituzten, Pérez Garmendia komandantearen agindupean. Matxinatuen erasoak porrot egin zuen gobernuaren aldeko alderdiek eskainitako erresistentzia antolatuaren aurrean. Erasoak hurrengo egunetan behin eta berriro errepikatu ziren inongo arrakastarik lortu gabe. Borroken krudeltasunaren adierazle da zauritutako sei erreketeren fusilatzea, Errenterian preso egin ostean. Une horretatik aurrera, frontea egonkortu egin zen Errenteriako inguruetan, eta ekintza beste sektore batzuetara aldatu zen.
Bien bitartean, gobernuaren aldeko bandoa berrantolatzen saiatu zen; izan ere, altxamendu militarrak Gipuzkoan izandako ondorioetako bat botere errepublikarrek porrot egitea eta horien ordez tokiko defentsa-juntak edo komisioak sortzea izan zen. Gipuzkoako Defentsa Junta sortzean, 1936ko uztailaren 27an, botere-organo berria sortu zen eta horren mende geratu ziren hala gobernadore zibila nola komandante militarra, bai eta Aldundiaren eta udalen jarduerak ere; ondorioz, beren funtzioak eta eskuduntzak nabarmen murriztu ziren. Bere iraunaldia, jarduera eraginkorra, 1936ko irailaren erdira arte luzatu zen, Donostia —eta berehala Gipuzkoako zati handi bat— tropa matxinatuek hartu zuten arte. Baina, aldi berean, abertzaleek beren Junta eratu zuten Urola bailaran eta gauza bera egin zuten Eibarko sozialistek. Botere errepublikarraren sakabanaketa eta ahultasuna talde erradikalenen dinamismoak areagotu zituen, hautestontziek eman ez zieten presentzia aldarrikatzeko aprobetxatu baitzuten altxamendu militarra. Presentzia hori, militarrekiko izandako garaipenaren fruitu, indartu egin zen sozialista, komunista eta anarkista galegoak eta asturiarrak heltzean Gipuzkoara, batzuk errepresio militarrari ihesi zetozenak, eta beste batzuk, ordea, boluntario moduan, puntu estrategiko batean defendatzeko Errepublika. Defentsa Juntatik erresistentzia militarra bide legaletatik bideratzen saiatzen ziren bitartean, muturreko jarrerak saihestuz, jendearen eskaerak gainditu egin zuen saiaturiko bidea, Beasainen gertatutakoa jakin ostean, eta aurretik ere, “herri justiziaren ekintza” berehalakoak eta zuzenak aldarrikatzen eta gauzatzen baitzituzten. Uztailaren 30ean, goizaldean, miliziano-talde batek probintziako espetxea eraso zuen, Ondarretako kartzela, non Loiolako kuartelek uztailaren 28an amore enaan ondoren hiriburuan izandako altxamenduaren porrotean preso hartutako gehienak zeuden. Erasoaren ondorioz, 53 pertsona fusilatu zituzten, aurretik inongo epaiketarik egin gabe, eta horietariko 41 ofizialak ziren. Egun horietan, beste hainbat atxiloketa ere egin ziren helburu bikoitzarekin: eskuin aldeko elementuak kontrolatzea batetik, eta herritarren suminduratik babestea bestetik. Hurrengo kapituluan ikusiko dugun legez, hori ez zen nahikoa izan haietariko askok bizirik iraun zezaten. Matxinatutako tropen bonbardaketek hondamendia, hildakoak eta zaurituak utzi zituzten Donostian, eta egoera horrek areagotu egin zuen herritarren ezinegona.
Matxinatuen aurrerapena Oria Bailaratik
Beasain hartu ostean, Oriako arrotik aurrera egiten zuten militar matxinatuen hurrengo helburua Ordizia zen. Nahiz eta lehen erasoak, uztailaren 29an, milizianoen defentsaren aurrean porrot egin zuen, errepublikarrek Tolosara atzera egitean, bidea zabalik geratu zitzaion Cayuela teniente koronelaren zuzendaritzapean zetorren arerioari, eta inongo erresistentziarik gabe hartu zuten abuztuaren lean hiribildua. Hurrengo egunean, Gerrako Junta Carlista finkatu zen herrian, eta probintzian gatazkak lehen hilabeteetan izandako protagonista nagusienetariko bat izan zen.
Abuztuko lehen egunek errepublikarrek bata bestearen atzetik ezarritako defentsa-lerroen etengabeko porrota ikusi zuten, nahiz eta horiek erresistentzia jarri. Horrela, hilaren 5ean Alegia erori zen eta 10ean abangoardia erasotzaileak Tolosan sartzen hasi ziren. Bien bitartean, Gipuzkoako Defentsa Juntak herria ebakuatzea eta Villabonaraino atzera egitea erabaki zuen, bertan behin-behineko defentsa-lerro bat jartzeko. Azkenik, abuztuaren lln konkistatu zuten Tolosa Cayuelaren kolumnako tropek, eta okupazioa bermatzeko hilaren 12tik 14ra bitarteko egunak erabili zituzten. Hiribildu papergilea konkistatu ostean, indar militarrak berrantolatu egin ziren: 2.500 bat gizaseme Iruretagoyena koronelaren agindupean jarri ziren. Beren helburuak: hiribildua segurtatzea eta Azpeitiara doan errepidea moztea, non miliziano-talde batzuk defentsa-lerro bat antolatzen ari ziren. Bigarrenik, Oria bailaratik aurrera egitea Andoainerako bidean, Donostian presioa egiteko eta Oiartzun-Errenteria eskualdean kokatutako indarrekin bat egiteko asmoz.
Andoainera azkar aurrera egin eta, abuztuaren 17an hartu ostean, errepublikarrek Buruntza, Santa Barbara, Oriamendi eta Santiagomendi inguruan eraikitako defentsa-lerroak geldiarazi zituen militarrak; horrela, errepublikarrek Oria eta Astigarraga-Errenteria-Oiartzuneko eskualdea lotzea lortu zuten. Hilaren 18tik 20ra bitartean, Andoainek errepublikarren aireko erasoak jasan zituen eta, abuztuaren 23an Belkoain mendia hartu ondoren, Oria ibaiko ezkerraldean, Buruntza mendiaren erasoa agindu zuen Iruretagoyenak (errepublikarrek eskuinaldean zuten defentsa-gune nagusia zen). Azken erasoa eta okupazioa, hainbat egunez saiatu ostean, hilaren 29ra arte ez zen gertatu; bitartean, Andoainek errepublikarren artilleriaren eta hegazkinen bonbardaketak jasaten jarraitzen zuen, eta horrek herritar zibilen artean hainbat hildako utzi zituen. Bestalde, operazio horretan 80 gizasemek galdu zuten bizia indar erasotzaileen artean. Batailaren ostean, fronte honetako ekintzak gelditu egin ziren. Tropa erasotzaileek beren posizioak berrindartzeari ekin zioten errefortzuei itxaroten zieten bitartean, eurekin batera operazioen fase berriari hasiera emateko: Hernani inguruko gailurretan ezarrita zegoen eta Donostiarako bidea ixten zuen defentsa-lerroa gainditzea.
Bidasoako frontea
Abuztuaren erdialdetik aurrera, operazioen agertoki nagusia Bidasoako inguruetara mugitu zen, non erasoaldi bortitza piztu zen Irun konkistatzeko eta muga ixteko asmoz. 1936ko abuztuaren 11tik irailaren 4ra bitartean (Irun erori zeneko data) egindako operazioak ordura arte ezagututako indarren kontzentrazio handiena izan ziren, eta Gerra Zibilak Gipuzkoan izandako gogorrenak eta hildako gehien izan zituztenak. Tolosa hartzearekin eta Andoainera aurrera egitearekin batera hasi zen erasoaldia, eta errepublikarrak beren indar eskasak bereiztera behartu zituen; izan ere, alderdi nazionalak (errefortzuak eta hornigaiak jasotzeko arazorik gabe) fronte ezberdinetatik egiten zuen aurrera.
Lehen erasoen helburua Aiako Haitzen inguruko gailurrak izan ziren (Pikoketa, Erlaitz, Gorostiaga, Pagogaina, Zubeltzu...); tontorrak errepublikarren esku zeuden eta hornigaien lerroak zein matxinatutako tropek aurrera egiteko zituzten bideak mehatxatzen zituzten. Operazio zaila zen, inguru haietan gotortutako hainbat gune zeudelako, batetik, Frantziatik etor zitezkeen erasoei aurre egiteko pentsatuak, eta bestetik, orografia zaila eta malkartsua zelako. Alabaina, ausardiaren eta zortearen arteko nahasketa bati esker, tropa nazionalak posizio guztiak hartuz joan ziren, errepublikarrek erresistentzia handia jarri arren. Fusileriaren borrokek artilleriaren laguntza izan zuten bi aldeetan, eta, horrez gainera, matxinatuen kasuan, ontziena eta aireko bonbardaketena . Beorleguik, gainera, Legioaren bandera bat jaso zuen errefortzu gisa, argi utziz erreboltarientzat muga ixteak zenbaterainoko garrantzia zuen. Leku hartan borrokan zeuden bi aldeek 6.000 gizaseme baino gehiago bildu zituzten, kopuru garrantzitsua, baina urrun Gerra Zibilak 1937an edo 1938an izandako bataila handietan izan ziren mobilizazio garrantzitsuetatik. Ebroko batailan, esaterako, 200.000 soldaduk baino gehiagok hartu zuten parte. Irungo kasuan, borrokalarien kopurua berdina zen bi aldeetan, baina botere militarra (artilleria-indarrak, fusilak eta arma automatikoak) matxinatuen aldean askoz ere handiagoa zen, eta gauza bera gertatzen zen errefortzuak lortzeko gaitasunarekin eta nekatuen zeuden soldaduak txandakatzeko orduan.
Abuztuaren 26an, Beorleguik Irun erasotzeari ekin zion. San Martzialgo posizioaren aurkako erasoaren porrotaren ondoren, bere estrategia aldatu zuen, etengabeko bonbardaketak eginez eta herritarrei ordainaraziko ziela mehatxatuz. Egoera horrek tokian bizi zirenen ebakuazioa eta exodoa eragin zuen; abuztuaren 30ean bertan, 2.000 pertsonak baino gehiagok utzi zuten mugako herria Frantziarako bidean. Mugan agintari errepublikar espainolek bidalitako munizioz beteriko hainbat bagoi geratu ziren, Frantziako gobernu ezkertiarrak, abuztu-erdialdetik, milizianoen eskuetara heltzea galarazi baitzuen. Izan ere, gobernu galiarrak uste zuen laguntza hura helduz gero nazioarteko gatazka piztu zitekeela Alemaniako Hitlerrekin. Bien bitartean, euskal kostaldeak eskainitako ikuskizun baten moduan ikusten zituzten borrokak ehunka turistak. Pío Barojak (2005), erreketeen kolumnetatik osorik ateratzea lortu ondoren, Bidasoa ibaiaren beste aldean jazotakoa eszeptizismoz begiratzen zuen. Borroka bortitzez beteriko egun batzuen ostean, eraso eta kontraerasoekin, legionario-talde batek hilaren 2an San Martzialgo ermita hartzea lortu zuen. Egun bat geroago, errepublikarren ahaleginek ez zuten lortu Behobiako mugako postua mantentzea eta hurrengo egunean, irailaren 4an, Santiagoko Nazioarteko Zubia ixtea, horrela Irunerako bidea guztiz zabalik geratu zen. Hiria ebakuatzen zuten bitartean, anarkista-talde batek sute bat piztu zuen bertako eraikin anitz suntsituz. Hilaren 5ean, matxinatuak erortzear zegoen hiri batean sartu ziren, baina, hala ere, arpilatze sistematiko anitz egin zituzten. Milizianoek Hondarribia ere utzi zuten, beren ihesaldian Guadalupe gotorlekuan giltzapetutako hainbat preso eskuindar exekutatuz.
Bidasoako behe arroan gertaturiko operazioak Gipuzkoako lurretako borrokaren bilakaeraren gakoa dira. Errepublikarrek, nazioarteko laguntza helduko zelako itxaropenarekin, eta behin Irun hartuta Donostiarako bidea zabalik geratu zela jakinik, inguruetan zituzten soldadu gehienak mugan bildu zituzten. Baina alferrik izan zen. Dena den, nahiz eta erreboltariek garaipena aise lortu zutela iruditu, errealitatea bestelakoa izan zen. Borroka odoltsuen artean lortu zuten aurrera egitea matxinatuek, nahiz eta era guztietako laguntzak jaso, eliteko tropak barne, hots, Legioa eta boluntarioak eta asko motibatutako errekete eta falangistak, kasu askotan gainera, prestakuntza militarra ere bazutenak.
Donostiaren okupazioa
Irun konkistatu ostean, matxinatutako tropen helburua Gipuzkoako hiriburua, Donostia, zen, presioa bi frontetatik eginez: Hernaniko errepidetik —inguruetan, Andoainen, Iruretagoyenaren tropak zeuden abuztuaren amaieratik— eta Irungo errepidetik aurrera eginez. Aurrerapen hori hiriari egindako etengabeko bonbardaketekin tartekatu zen. Errepublikarrak, beren aldetik, arerioaren aurrerapena atzeratzen saiatu ziren Jaizkibel eta Gaintxurizketa artean defentsa-lerro bat osatuz, Oiartzun eta Hernaniko gotorleku eta gailurrekin lotzen zena: San Markos, Txoritokieta, Santiagomendi, Oriamendi eta Santa Barbara, XIX. mendean eraikiak hiria eraso karlistetatik babesteko. Irailaren 6an Errenteriako ebakuazioa agindu zen, eta biztanleriaren erdiak alde egin zuen.
Hegoaldeko fronteari dagokionez, operazioei irailaren 5ean ekin zieten berriro, Cayuelaren tropak Lasarte-Oriako eskualdera hurreratu zirenean. Operazio latza izan zen erreboltarientzat, beren gerra-parteek diotenez, 50 hildako eta zauritu izan zituzten. Egun horretan bertan Galiziako Legioa heldu zen (falangisten bost konpainia eta metrailadoreen konpainia bat) frontera. Hurrengo egunean, Urnietara heldu ziren, nahiz eta hiribildua utzi behar izan zuten errepublikarren bonbardaketa bortitzaren aurrean. Aldi berean, matxinatutako tropen beste talde batek Hernani eraso zuen Adarra eta Onyi mendietatik. Herria, tropa nazionalak sartuko ziren beldurrez, biztanleak ebakuatzen hasi zen. Lehen saiakera horrek porrot egin zuen, eta 41 hildako utzi zituen erasotzaileen artean. Geroago egindako kontraeraso batean, milizia errepublikarrek hogeita hamar bat hildako izan zituzten. Egun batzuk geldirik egon ondoren, Irungo frontetik etorriko ziren errefortzuen zain zeuden bitartean, Iruretagoyenak azken aldiz eraso zuen Hernani. Irailaren 11 eta 12a Hernani inguruko gailurrak menderatzeko egindako borroka latzen lekuko izan ziren, bertan, tokiko milizianoekin batera boluntario asturiarrak ere borrokatu ziren. Iruretagoyenaren indarrek eta Galiziako Legioak posizio horiek eskuratzea lortu zuten, bai eta Santa Barbara gotorlekua ere, defendatzaileek utzi ondoren. Egun horretan bertan hartu zuten Hernani indar horiek eta Lesakako Tertzioaren zati batek. Donostian, hiritarrak ebakuatzeko erabakia hartu zen. Eskuin aldeko presoak Bilbora eraman zituzten itsasoz egun batzuk lehenago, oso egoera txarrean, zementu-ontzi bateko sotoetan. Haiekin batera utzi zuten hiria Donostiako banketxeetako fondoek.
Egun bat geroago, hilaren 13ko goizean, Becerra komandantea buru zuen unitate batek Errenteria hartu zuen, baita Pasaia eta San Markoseko gotorlekua ere. Donostiako eskualdeko konkista burutua zen. Ikuspuntu militarretik hiriaren defentsa ezinezkoa zen: Molaren tropak ateetan zeuden jada Errenteria, Hernani eta bere inguruko gailurrak konkistatu ostean, hiriaren azken defentsa-lerroa ordurako okupatuta zegoen eta edozein unetan Bilbora ihes egiteko bidea blokea zezaketen. Donostia ia erabat setiatuta zegoen. Bere defentsak kaleko borroka bat besterik ez zuen piztuko, hildako asko utziko zituena eta hiria suntsituko zuena.
Pasaiako eremua hartu ostean, Lacar Tertzioko konpainien misioa Donostiako inguruak okupatzea zen, baina konpainietako bat, Ureta kapitaina buru zuela, aurreratu egin zen eta hiriburu donostiarrean sartu zen egun hartako eguerdian bertan, azken defendatzaileek Oriora ihes egiten zuten bitartean. Ordu batzuk geroago, arratsaldeko laurak aldera, Los Arcos kolumnako tropak sartu ziren Donostian, Cayuela eta Iruretagoyenaren tropak Hernaniko errepidetik heldu ziren bitartean. Horrela, hiria guztiz harturik geratu zen. Donostia eskuratzea pizgarri ikaragarria izan zen erreboltarientzat, errepublikarrentzat, ordea, kolpe moral handia.
Gerraren amaiera Gipuzkoan
Matxinatutako militarren aginte militarrak hiru kolumna antolatu zituen Gipuzkoako okupazio osoa bermatzeko. Los Arcos komandanteak gidatutako kolumna Gipuzkoako erdialderantz bideratu zen, Tolosatik Azpeitira doan errepidetik, han kokatuta zeuden defentsa-lerro abertzaleei aurre eginez. Iruretagoyenaren indarrek kostaldetik egin zuten aurrera, eta Alonso Vega Arlabango portutik sartu zen. Kolumna horien abiadurak —batez ere lehen egunetan—, alde errepublikarraren desmoralizazioa erakusten du. Gainera, kontuan izatekoa da matxinatutako aldeari tokikoek Gipuzkoako kostaldean eta sortaldean emandako laguntza txikiagoa zela. Koalizio kontrairaultzailea Azkoitian, Oñatin eta Legazpin bakarrik izan zen hauteskundeetako indar nagusia. Irailaren 17an lurraldeko erdialdeko operazioei ekin zitzaien eta 21erako Los Arcos komandantea Deba ibaiaren ertzean zegoen, bere mende Zumarraga, Urretxu, Azpeitia, Azkoitia, Oñati, Bergara eta Elgoibar izanik. Iruretagoyenak, bere aldetik, hilaren 15ean hasi zuen erasoa, kostaldeko errepidetik eta Villabona Oriorekin Andazarratetik lotzen duen errepidetik paraleloki aurrera eginez, eta topatzen zituzten herriak okupatuz. Erniotik itsasora luzatzen zen lerroa gainditzeko borroken ostean, aurrera egin zuten bidean erresistentzia handirik gabe. Aia hilaren 20an okupatu zuten eta Zarautz 21ean, bere defendatzaileek utzi eta CNTko miliziano batzuek udaletxeari su eman ondoren. Egun bat geroago, erreboltarien tropak Deban sartu ziren. Tropetariko batzuk barrualdera desbideratzen ziren bitartean, Elgoibarren zeuden tropei laguntzeko, gainontzekoek aurrera egin zuten Mutriku okupatu arte eta bertan eta beste hainbat puntutan Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko muga okupatu arte. Egun horretan bertan, irailaren 28an, erreboltariek Kalamua mendia eta Arrateko ermita hartzea lortu zuten. Azken posizio hori urriaren 2tik 8ra gertatutako gatazken agertoki izan zen, borroka nabarmenki baretzen hasi zen garaian.
Gipuzkoa okupatu zuen hirugarren kolumna abuztuaren 21ean hasi zen aurrerantz egiten. Une horretan Camilo Alonso Vega teniente koronela zen komandantea, geroko gobernu frankistetan ibilbide politiko luzea egingo zuena. Alonso Vegak, lehenengo, Arlabango portua eraso zuen; Arrasatetik zetozen miliziano-taldeek zuten gotorturik eta garrantzitsua zen Araba eta Gipuzkoa lotzen baitzituen. Errepublikarren erresistentzia gogorra izan arren, munizio-eskasiak eta erreboltarien kolumnaren artilleriak gobernuaren taldea ihes egitera behartu zuen. Erasotzaileen esku geratu zen Gatzaga. Bi egun geroago, Eskoriatza erori zen eta 24an Aretxabaleta. Arrasatek, ordea, beste bi egunez eutsi zuen; artean, hiri sarrailagileari eraso egiteko behar zituzten inguruko gailurrak menderatzen gatazka bortitzak gertatu ziren. Gobernuaren taldeak errefortzuak jaso zituenez, ezinezkoa izan zitzaien Kanpantzarretik Bizkaira aurrera egiten jarraitzea. Matxinatuek Debako haran osoa okupatu zuten, Aramaio (Araban) eta Eibar eta Elgeta (Gipuzkoan) salbuespen izanik. Azken bi herri horiek kalte handiak jasan zituzten kontraeraso frankistan, 1937ko udaberrian. Ordura arte, eta aldian aldiko liskarrak alde batera utzita, borroka geratu egin zen, eta etenaldi horretan, une batzuetan bi aldeek “adiskideen” arteko harremana ere izan zuten, elkarren artean tabakoa eta egunkariak trukatuz.
Erasoa gelditzeko arrazoiak seguruenik honen abiadurarekin daude erlazionaturik, gehiegi zabaldu baitzituen hornidura-lerroak eta konkistatutako lurraldean soldadu gehiegi erabili beharra izan zuten, eta, horrez gainera, errepublikarrek jarritako erresistentzia, gero eta gogorragoa baitzen erreboltariak Bizkaira hurbiltzen ziren heinean. Beste bi faktorek ere izan zuten eragina: alde batetik, abertzaleak gerran sartzeak eta, bestetik, armak eta munizioak heltzeak; izan ere, horrek aukera eman zien errepublikazaleei erasoei aurre egiteko eta kontraerasoan aritzeko; San Prudentzion gertatutakoa da horren adibide, Bergarako hegoaldean, Arrasatera doan errepidean. Beste arrazoi nagusi bat gerrako beste eskualde batzuetako ekintzak areagotzea izan zen, batez ere gerraren operazio nagusiak Madrilera mugitzea. Errepublikarrek Gasteizen zuzendutako erasoaren porrota, Legutiano igarotzea lortu ez zuena, 1936ko azaroaren amaieran, Iparraldeko Fronteko azken gerra-ekintza garrantzitsua Legutianon gertatu zen, erepublikarren asmoa Gasteizera heltzea izan zen, baina ez zuten Legutiano igarotzea lortu. Kanpainak gutxi gorabehera 3.000 hildako utzi zituen bi aldeetan. Pertsona askok beren etxeak galdu zituzten eta biztanleriaren zati handi batek Frantziara edo Bizkaira ihes egin zuen. Haietariko batzuk hilabete batzuk geroago itzuli ziren, baina beste asko ez ziren sekula bueltatuko. Arrien eta Goioganaren hitzetan (2002, 11) 15.000 eta 20.000 artean ibili zen Frantziako toki ezberdinetara heldu ziren gipuzkoarren kopurua. 10.000 bat pertsona Kataluniara joan ziren, zehaztu gabeko kopuru bat egun batzuk igarota Gipuzkoara itzuli zen eta gainontzekoak, 5.000 pertsona baino gehiago, Frantzian geratu ziren, departamendu ezberdinetan banatuak gerrako errefuxiatu gisa. Beste 100.000 lagunek Bizkaian bilatu zuten babesa.
Errepublikarren porrotaren arrazoiak
Errepublikarrek Gipuzkoan porrot egin izanaren arrazoiak bi bloke handitan bil daitezke: arrazoi militarrak direnak, besterik gabe, eta arlo politikoekin erlazionatutakoak. Lehenengoak taktikarekin, esperientzia militarrarekin eta bando nazionalak su egiteko zuen potentziarekin daude erlazionaturik. Horrela, erasotzaileek artilleria ugari erabiltzeari eta armamentu hobea izateari gehitu zitzaion indar errepublikarren arteko koordinazio-falta. Errepublikarrek porrot egiteko beste arrazoi bat agintari militar iraunkorrik ez edukitzea izan zen, buruzagiak desagertu egiten baitziren arrazoi ezberdinengatik; gainera, sarritan, milizianoek ez zituzten betetzen goikoen aginduak; kasu askotan kartsuak izan ohi ziren, baina trebakuntza eskasekoak eta zuten armamentua ere ez zen aproposena, batetik ez zelako eraginkorra eta, bestetik, ez zitzaizkielako iristen gudari guztientzako mota berdineko armak. Dena den, agian, errepublikarren aldean izandako gabezia nagusiena, eta Gipuzkoako gerraren norabidean erabakigarria izan zena, armamentu- eta munizio-falta izan zen.
Faktore “teknikoez” gain, elementu politikoek pisu nabarmena izan zuten errepublikarren porrotean. Hiru dira garrantzitsuenak. Lehenik eta behin, Gipuzkoa defentsa-junta ezberdinetan banatu zen, eta era autonomoan eta anarkikoan jarduten zuten batzar iraultzaileak eratu ziren. Erakunde ezberdinen arteko mesfidantzek, liskar alderdikoiek eta egitura antolatzaile eraginkor bat eratzeko gaitasunik ezak ordena konstituziogilearen aldekoen jarduera zaildu zuten. Bigarrenik, matxinadaren aurrean piztutako indar politikoen arteko tirabirak ditugu, beren artean norgehiagoka ibiltzen baitziren, CNTk Loiolako armak hartzea da horren adibidea. Talde errepublikar moderatuak Ia erabat desagertzea beste bat. Batasun-falta horren adierazpenik garbiena EAJren hasierako jarrera zalantzatia izan zen. Mende-hasieratik EAJ bere munduko ikuspegi bera partekatzen zuten eskuineko indarrekin elkarlanean ibili ondoren, autonomia lortzeko bira ematen ari zen eta ordura arteko kideengandik aldentzen; egoera horretan guztiz deseroso zebilen aliatu berriekin. Altxamenduko lehen hilabeteetako jarduera batez ere bere kideak kontrolatzea izan zen, eraikin erlijiosoen erasoak edo eskuinekoak hiltzea galaraztea besteak beste, eta ez gerrarako ahalegina egitea. Autonomia Estatutua lortzea eta atzerritik armak eta munizioak jasotzea erabakigarriak izan ziren abertzaleak aktiboki eta erabat inplikatzeko matxinatuen aurkako gerran. Alabaina, beranduegi zen Gipuzkoa salbatzeko eta, azken buruan, Euskadi autonomoa salbatzeko. Hirugarren osagaia ezkerreko muturreko erakundeek garatutako prozesu iraultzailea dugu, komunistek eta anarkistek bereziki. Talde horiek izan ziren Donostiako altxamenduaren porrotaren eragile nagusiak, agintari legalak gainditu zituzten, esparru propioa eratuz, baina oso zatitua zegoen eta erresistentzia-gaitasuna ahuldu zuen. Era berean, ez zuten aintzat hartu otsaileko hauteskundeetan zentro-ezkerreko alderdiek probintziako erroldaren % 30 besterik ez zutela ordezkatu eta hiriburuko erroldaren % 47. Beren ekintzetako askok, eta errepresioak —kasu batzuetan basatia eta bortitza— Errepublikari lagundu beharrean, hiritar asko urrundu egin ziren posizio horretatik, nahiz eta ez izan matxinatutako militarrekiko sinpatiarik. Edozein kasutan ere, faktore askoren batuketak eragin zuen errepublikarren porrota, eta Gipuzkoa frankismoarentzako operazio-gune garrantzitsu bihurtu zen. Baina, horretarako, lehenik konkista sendotu beharra zegoen eta helburu hori betetzeko ezinbesteko tresna zen errepresioa.
[15] Avilako Archivo General Militar-ra. Cuartel General del Generalísimo. 4. Arm. —16. Carp.- 273. Leg. bis. Operaciones de Guerra de la Plaza de San Sebastián, formulado en cumplimiento de la Orden Ministerial de 28 de Noviembre de 1939, redactado por el Coronel de Ingenieros Don José Vallespín Cobián sobre antecedentes y primeros días del Movimiento. Año de 1939. Aipaturiko txostenean, garai hartan ingeniarien teniente koronela zen José Vallespínek (Donostiako matxinadaren burua, eta Loiolak amore ematean ihes egindakoa) 25 orrialde baino gehiagotan xehetasunez kontatzen du hiriburu donostiarreko matxinadaren prestakuntza, zibilek izandako inplikazioa, graduazio handieneko ofizialen arteko tentsio eta tirabirak eta gertaeren segida kronologikoa matxinatuek amore eman arte. Txostenaren amaieran militarren eta herritar erreboltarien arteko presoen eta hildakoen zerrenda dator «salvo error u omisión por falta de datos» Loiolako kuartelean zein hirian, Donostian.