Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007
 SARRERA | I. ERREPRESIOAREN MEMORIA(K) EDO HISTORIA(K) | II. GIPUZKOA BIGARREN ERREPUBLIKAN (1931-1936) 

 

I.
ERREPRESIOAREN
MEMORIA(K) EDO HISTORIA(K)

 

      Francoren heriotzaren ondorengo lehen urteetan, lan asko argitaratu ziren Gerra Zibilari buruz. Ia denek argi definitutako bi aldeen arteko borroka moduan planteatzen zuten gerra. Aurkako helburuak zituzten bi aldeek, baina, talde bakoitzari barne-koherentzia ematen zioten benetako elementuetako bat borrokatu beharreko aurkari komun bat izatea zen (Aguilar, 1998, 122). Gutxi dira, ordea, errepresioaren auzia jorratu zuten lanak. Euskal Herriaren kasuan, jazarritako apaizekin eta gudari ohi batzuen memoriarekin lotu zen zapalkuntza. Argitalpen horien ostean eta gatazkan hildakoei egindako omenaldi batzuen ondoren, Gerra Zibilaren ikerketa eta, batez ere, errepresioarena, ikertzaile-talde mugatu baten esku geratu zen, horietariko asko, gainera, unibertsitatetik urrun zeudenak. Soria (Hernández García), Errioxa (Herrero Balsa & Hernández García), eta Nafarroa (Colectivo Afán, 1984 eta Altafaylla, 1986), eta Gipuzkoako kasuan Arrasateri buruzko lanak (Oktubre, 1987) horren adibide argia dira. Hurrengo urteetan, hainbat historialari inplikatu ziren isilpean jarduera horretan, baina era sistematikoago batean, iturri berriak erabiliz, gertatutakoari buruzko interpretazio konplexuagoak proposatuz, beste lurraldeetan gertatutakoa kontuan hartuz eta beren emaitzak unibertsitateetan argitaratuz. Reig Tapia (1979) izan zen Espainiako aitzindaria eta Joan Solé i Sabaté-k eta Joan Villarroya-k (1983) jarraitu zuten bide horretan ikertzen Kataluniako kasuan. Gerra Zibilaren hasieraren berrogeita hamargarren urteurrena zela eta egondako publizitate-eztandak, salbuespen batzuk alde batera utzita, errepresioaren auzia alde batera uzten jarraitu zuen. Alde errepublikarrean gertatukoa jakiteko zegoen jakin-mina alde frankistan gertatutakoari buruzko lan eskasekin kontrajartzen zen. Gerrako eta gerra osteko errepresioari buruzko lehen ikerketa serioak laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean azaldu ziren, Ramón Salas Larrazabal militarrak Pérdidas de la guerra lana argitaratu eta hamarkada bat geroago. Agirreazkuenagaren (1987) eta Ugarteren (1988) lan sektorialak izan ziren lehenengo ekarpenak euskal kasuan. Baina ekarpen horiek ez zuten jarraipenik izan, eta ez ziren ez publiko zabalera ez komunikabideetara heldu[2]. Badira egoera hori azal dezaketen hainbat arrazoi.

      Horietariko lehena, itxuraz teknikoa eta ez oso aipatua, errepresioaren gaia ikertzeak zailtasun anitz izan ohi dituela da, eta horrek konplexu bihurtzen duela gaiaren azterketa. Oso maiz, gerra zibiletan gertatutako hilketa basatiek ez dute inongo dokumenturik uzten atzean, eta historialariak informazio-iturri idatzirik gabe geratzen dira. Horrelakoetan, ahozko iturriek egiten dute informazio-ekarpen handiena, beren aberastasun guztiarekin, baina hutsuneak, zehaztugabetasunak, partzialtasuna eta xehetasun-falta ere badituzte. Bestalde, gertaeren garaian idatzitako lekukotasun askok ere arazo berdinak dituzte. Horren adibide bat jarriko dugu, ez da Hernanikoa, baina bai garai kronologiko berean gertaturikoa, José Sagarna apaiz fusilatuaren kasua, hain zuzen ere. Bizkaiko Frontean fusilatu zuten apaiz honen heriotzari buruzko lau bertsio ezberdin jaso ditugu. Jean Pelletier-en arabera (1937, 70) Sagarna inongo prozesurik egin gabe hil zuten, bera abertzalea izan ez arren, bere herriak ez zituelako erasotzaileak onartu. Bigarren bertsioaren arabera, Miguel García Alonso apaizak Gomá gotzainari idatzi zion esanez, 1937ko otsailean trenean zihoala, Nafarroako errekete bati entzun ziola Bizkaiko frontean apaiz bat fusilatu zuela, komunikazio-kable bat mozten ikusi zutelako. Kondenatu ondoren, erreketeari fusilatzeko agindu zioten (Andrés-Gallego, 2002,101). Beste alde batetik, José de Artechek (1970, 120) bere egunkarian bildu zuen Azkoitiko errekete batek jakinarazi ziola Markinako fronteko posizioak egonkortu ostean, apaiz bat heldu zela beste alderditik. Ofizial batek, espioitzat hartu eta, oso haserre, berehala fusilatzeko agindu zuen. Apaiza, estu eta larri, nazionalen alderdira zetorrela adierazten ahalegindu zen, baina ez zion ezertarako balio izan, ofizialak bere agindu zorrotza mantendu baitzuen. Azkenik, apaiz-talde batek eta Juan de Iturraldek (1978, 370) egindako ikerketaren arabera[3], Berriatuko herritar batek salatu zuen Sagarna, apaizak kargu hartu baitzion herriko maistrarekin eskandaluzko harremanak izateagatik. Abertzalea izatea egotzi zioten, mugimendu horren alde azaldu zelako, eta Amulategi baserrira eraman zuten eskuak lotuta eta begiak estalita zituela; gaua txerritoki batean pasatzera behartu zuten, eta militar erreboltarien kapilau batekin aitortu ondoren, lasai eman zion aurpegia heriotzari.

      Ikus daitekeenez, ikerketa-mota honek zuhurtzia handia eskatzen du biktimei edo hiltzaileei buruzko datuak zehazterakoan; izan ere, min egiteko arriskua handia da, batez ere, hirurogei eta laurogeiko hamarkadetan, protagonistetariko asko bizirik zeudenean. Datu asko falta ziren gertatutakoari buruz eta historialariek nahiago izan zuten beste ikerketa-arlo batzuk landu, esaterako, alderdi ezkertiarren edo abertzaleen jarduera. Bada, gainera, bigarren arrazoi bat teknikoa izan arren kutsu politiko nabarmena ere bazuena. Gerra Zibilarekin erlazionatutako agiritegi gehienak itxiak zeuden eta irekita zeudenak kontsultatu ahal izateko zailtasun asko zeuden, hala nola, ikertzaileei egindako mehatxuak eta administrazioak jarritako trabak, eta horrek guztiak gaiaren tratamendu zientifikoa galarazten zuen (Espinosa, 2004). Ekainaren 25eko Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legeak, agirien sistema arautzen zuenak, ez zuen gehiegi lagundu, dokumentazioa kontsultatu ahal izateko 50 urteko epea ezartzen baitzuen, eta epe horri 25 urte gehiago gehitu behar zitzaizkion dokumentuetan aipatutako pertsona oraindik bizirik bazegoen. Espetxeetako eta Guardia Zibilaren artxiboak xedapen horietaz baliatu dira sistematikoki, dokumentu horietara heltzea galarazteko, baita gaur egun ere. Horrela, ahaztu egiten da errepresioarekin lotutako dokumentuek, bere balio historikoaz edo judizialaz gain, memoriarekin eta identitatearekin lotutako balioa ere badutela, biktimen lekukotasunari laguntzen eta indarra ematen diona[4]. Gobernu sozialistaren garaian onartutako lege horrek traba gehiago jarri zizkion berez zaila zen lan bati, eta, ezinbestean, errepresioaren inguruan izandako isiltasun politikoaren arrazoiak bilatzera eraman gaitu.

      Espainian, demokraziara egindako trantsizioa frankismoaren oinordekoek gidatu zuten militarren tutoretzapean eta, azken horientzat, baziren ukitu ezin ziren gai batzuk. Gerra Zibilean eta frankismo-garaian izandako errepresioa zen horietariko bat. Horren ondorioz, egiaztatu gabe dagoen baina nahiko sinesgarria den zurrumurru batek dioenez, 1976tik 1980ra bitartean, Rodolfo Martín Villa Barne Ministroaren aginduak jarraituz, Espainiako probintzia askotan frankismoko aparatu politiko eta errepresiboarekin lotutako dokumentazio asko suntsitu zen. Aparatu horrek Gerra Zibilean zuen bere jatorria, eta lege militarrak aplikatu zizkieten zibilei 1978ra arte. Komenigarria litzateke gogoratzea Todorov-ekin, tirania oro memoria kontrolatzen saiatzen dela, baita familiena ere, iragana errotik desagerrarazteko, gertatutakoa gogoraraz dezakeen edozein elementu deuseztatzeko eta erregimen totalitarioko basakeria salatzea ahalbidetu dezakeen edozein aztarna ezabatzeko. Horrexegatik, hainbat kasutan oso zaila izaten da gertatutakoari buruzko informazio ofiziala eskuratzea, bereziki, udaletako eta probintziako agiritegietan, errepresioko erantzukizun pertsonalen frogak ezabatzen saiatu baitziren.

      Erakunde ofizialek eta alderdi politiko gehienek ez zuten interes handiegirik azaldu gerraren auzia eta errepresioarena iker zitezen. Erabaki horrek (isilekoa edo inplizitua) gizartearen gehiengoaren babesa izan zuen, Gerra Zibila piztu zuen egoerara itzularaz zezakeen edozein egoeratatik aldendu nahi zutelako. Horrela, politikarien eta hiritarren borondateak baztertu egin zituen (ohartuta edo oharkabean) errepresio frankista eta horrek eragindako desagertuen auzia. 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerak agerian utzi zuen, gainera, antzeko gertakariak berriro ere errepika zitezkeela, eta Suárez-en lehendakariordea zen Gutiérrez Mellado jeneralak Felipe Gonzálezi aholkatu zion, PSOEk boterea lortzen bazuen komenigarria izango zela Gerra Zibilaren auzia ez mahaigaineratzea, izan ere, sua artean erabat itzali gabe zegoen; haren hitzetan: «debajo de las cenizas todavía quedan rescoldos encendidos». 2001ean, González presidente ohiak onartu egin zuen gatazkaren 50. urteurrena bete zenean (bera presidente zela), era guztietako ospakizunak saihestu zituela lehenengo agintaldian, eta ekitaldiak historialarien bileretara mugatu zirela[5]. Laurogeiko hamarkadaren amaieran, elkarbizitza oinarri baketsu eta demokratikoetan finkatuta egon arren, oraindik ere indarkeria frankistaren auzia jorratzeko beldurra orokorra zen, eta oso zaila zen borreroak ezagutaraztea. Hainbat ikerlarik “isiltasunaren ituna” edo “amnesiaren ituna” deitu diote interes falta horri (Presten, 1999, 162), eta hamaika polemika piztu ditu izendapen horrek.

      Zenbateraino behar zituen Trantsizioak isiltasuna eta ahanztura? Nola batera tu zitezkeen politikoek behar zuten adostasuna frankismotik ateratzeko eta gertatutakoaren oroitzapena? Zergatik nahastu zen amnistia politikoa amnesia historikoarekin, edo barkamena ahanzturarekin? Michael Richards-en arabera (1999, 6) iragan hurbilaren ahanztura frankismoak gerraostean ezarritako zerbait izateaz gain, bizirauteko estrategia moduan ere erabili zen, hala alor pertsonalean nola kolektiboan. Gertatutakoa ahazteko nolabaiteko isilpeko akordioa ezarri zen, trantsizio politikoaren prozesurako ezinbesteko baldintza bihurtuko zena, baina baita garaileen nagusitasuna luzatzeko tresna ere izan zena. Walther Bernecker historialari alemanarentzat, Espainiako Gerra Zibilak eta gerraosteko errepresioak belaunaldien kontzientziak baldintzatu ditu, nahiz eta frankismoa saiatu memoria kolektibotik Espainia garaitua ezabatzen. Horregatik, harrigarria da Francoren heriotzaren ostean gaia aztertzeko edo kaleetako eta kuarteletako ikur frankistak ezabatzeko jarritako arreta eskasa. Hainbat arrazoik bultzatu zuten egoera horretara, alde batetik, Francoren diktadurarekin haustura demokratiko argirik ez egoteak; beste batetik, inork defendatzen ez duen mendekua eta historia hurbila berreskuratzea nahasteak; eta, azkenik, aurrerapenaren eta europartasunaren garairik gorenean (1994. urtearen inguruan) Espainiako historiako garai negatiboak gogoratzeak funtzionaltasunik ez zuelako usteak. Conxita Mir (2001, 19-20) historialari katalanak ere defendatu duenez, itundutako adostasunean eta memoria-faltan oinarritutako hogei urteko trantsizioak gerrak zapuztutako esperientzia indartzea besterik ez du lortu, eta orain, behin finkatuta diktadorearen heriotzaren ostean hasitako aldaketa-prozesua, esperientzia hura aldarrikapen bihurtzeko borroka ari da gertatzen.

      Alderdi frankistak utzitako hildakoen, desagertuen eta errepresaliatuen berreskuratze historikoan inplikatutako sektoreek kritikatu dute gogorren ahanztura hori. Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak (Silva, 2004) Valladoliden 2003an ospatutako bileran jasotako aktek bi kexa nagusi bildu zituzten: Espainian trantsizioa gauzatzeko bidea batetik, eta, 80ko hamarkadan, eredu demokratikoa finkatu ostean, gudari errepublikarren eta beren senitartekoen oroitzapena ahaztea. Vincenç Navarro izan da frankismotik ateratzeko bidea sistematikoki gehien kritikatu duen egileetako bat. Topaketa horretan bertan adierazi zuen Espainiako ongizate eskasa eta osatu gabeko demokrazia lotuta zeudela gerra-garaian eta gerraostean errepresioaren inguruan jarraitutako isiltasunaren politikarekin, non diktadurako agintariek, salbuespen batzuk kenduta, ez zuten iraganarekiko erruduntasunik edo jarrera autokritikorik azaldu. Bi Espainien arteko bataila moduan ikustea gerra, eta erantzukizunen artean ere distantziakidetasuna onartzea, lurraldeko komunikabideetan eta politikan eskuindarrek izandako nagusitasunaren ondorio izan zen. Beste faktore batzuen artean, errepublikar-garaiko sektore aurrerakoienak fisikoki ezabatuz edo Espainiatik kanporatuz lortu zuten nagusitasuna. Garaiko egoeraren adierazgarria zen komunikabideak eta telebista isilik geratzea errepresioaren aurrean.

      Santos Juliá eta dagoeneko hilda dagoen Javier Tusell izan dira isiltasunaren ituna egon zela gogor ukatu zutenak. Juliáren aburuz, ez zen egon pakturik; baina, mendeku politikoari muzin egin zitzaion sistema politiko berria finkatu ahal izateko (2006). Tusellen iritziz, trantsizio-garaian ez zen inolako amnesiarik egon; alderantzizkoa gertatu zen, lan asko argitaratu baitziren gerrari buruz, nahiz eta egia izan ez zela hainbeste argitaratu errepresioari buruz. Garai hartako gobernuek eta ondorengoek uko egin zioten iraganari aurre egiteari, adiskidetzeko premian oinarritutako borondatea zegoelako, eta ez zen ahanztura izan. Julián Casanova-k ere (1999, 7-8) gerraren memoriak bizirik dirauela uste du, eta gezurra dela ez dela ezer argitaratu. Haren ustez, memoria orok eskatzen du etengabe elikatzea, eta horixe izan zen, hain zuzen, urte batzuetan falta izan zena, «pero siempre ha habido libros sobre la guerra, mejores o peores, tiradas largas o cortas, por toda España». Javier Pradera-ren ustez, iragana alde batera utzi dela egia bada ere, ez da bidezkoa gizarte bati taldeko erantzukizunak eskatzea diktadura bati aurre ez egiteagatik (Pradera, 2000, 53).

      90eko hamarkadan, agiritegi batzuk irekitzean, hazkunde garrantzitsua nabaritu zen[6] gerrari buruzko produkzio historiografikoan. Ordura arte argitaratutakoen modura, honako hau eman zuten jakitera lan berriek: 1) Frankistek gerran eta gerraostean gauzatutako errepresioaren handitasuna (1999an argitaratutako Víctimas de la Guerra Civil izan zen honen sintesi ezagunena Espainian eta Egañaren liburua Euskal Herrian) eta 2) hildakoen memoria soziala zegoela, ordura arte isilik eta isilarazia egon zena, desagertutako familien oroitzapena gorde zuena eta, beste lurralde eta kontinenteetako (Txile, Argentina, Hegoafrika, Bosnia) mugimenduekin batera, zer gertatu zen jakitea eskatzen zuena, zergatik ez zitzaion garrantzirik eman beren senitartekoen aurkako errepresioaren auziari galdetzen zuena eta, gainera, orain dik desagertuta zeudenen gorpuak berreskuratu nahi zituena.

      Paradoxikoki, Gerra Zibilean desagertutako errepublikarren gorpuak berreskuratzeko mugimenduak bultzada handia izan zuen 1995eko udan jakin zenean Defentsa Ministerioak (artean sozialisten esku) hitzarmen bat sinatu zuela erakunde aleman batekin, Errusiako frontean hildako Espainiako Dibisio Urdineko kideen gorpuak berreskuratzeko. Alderdi Popularreko Gobernuak ere politika horrekin jarraitu zuen. Kontuan hartu beharra dago PPk 1996an izandako garaipenak eztabaida publiko bizi bati eman ziola hasiera, non urrutiko eta antzinako historiak (Carlos Laren eta Felipe ILaren erreinuen mendeurrenen ospakizunak, bigarren hezkuntzako ikasketa-planetako edukiak, identitate nazionala, etab.) hurbilekoak eta oraintsuagokoak baino garrantzi handiagoa hartu zuen (Ruiz Torres, 2007). Dibisio Urdineko gorpuak berreskuratzeko erabakiak (ez zuen kritikarik izan), pertsona zaharrek urteetan isildutakoa adierazteko beldurra galtzeak eta horien bilobek beren aitona-amonak zein egoeratan desagertu ziren jakin-nahiak desagertutakoen gorpuak berreskuratzeko mugimenduaren agerpena suspertu zuten. Errusiako gorpuak berreskuratzen eta monumentuen eraikuntzan gastatutako 360.000 euroen aldean, Espainiako Gobernuak ez zuen inongo agiririk sinatu Gerra Zibilean errepresaliak jasan zituzten errepublikarren senitartekoei hilobiak aurkitzen eta gorpuak lurpetik ateratzen laguntzeko. Alabaina, hori ez zen oztopo izan, bai frankismo garaian (isilpean) bai eta geroago, garai demokratikoan, ahalegin horretan ibilitakoek indarberriturik heltzeko berriz ere lehenago hasitako lanari, oraingoan askoz ere oihartzun handiagoarekin komunikabideetan eta gizartean.

      Lehenengo ekintza publikoa 2000. urteko urrian Priaranza del Bierzon, Leongo probintzian, egindako indusketa izan zen (Silva-Macías, 2003). Horrek izandako oihartzunak Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen sorrera (https://www.memoriahistorica.org) eragin zuen. Bi urte geroago, Bortxazko Desagerpenei buruzko Nazio Batuen lantaldeak Espainiako gobernuari gomendatu zion gerra-garaian erregimen frankistaren esku geratutako bi pertsonaren desagerpena ikertzeko. Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen bidez egin zen eskaera eta 64 kasu aurkeztu ziren, baina 1945etik aurrera gertatutakoak soilik onartu ziren, hori baitzen NBE sortu zen urtea. Espainiak 1991n sinatutako akordioan oinarritzen zen erabakia; horren aurretik, Argentinan eta Txilen euskarri bera erabili zen desagertuen kasuak aztertzeko. 2002ko azaroaren 20an, horrelako ekimenak aurrera eramatea erabaki zuen Espainiako Parlamentuak, izan ere, 1936ko uztaileko kolpe militarraren kontrako lehenengo adierazpen bateratua egin zen Diputatuen Kongresuan, eta giro horretan hartu zen aipatutako erabakia. Adierazpen horrek altxamendua gaitzesten zuen, diktadura frankistaren errepresioa sufritu zutenei aitorpen morala egiten zitzaien eta hilobi komunak berriro irekitzeko laguntzak agindu ziren. Lehenago esan bezala, talde guztien adostasunaz lortutako emaitza izan zen testua, PP barne, nahiz eta ordura arte mota horretako ekimenei ezezkoa eman eta norabide horretan ekimen parlamentario gehiago ez egiteko eskatu[7]. Dena dela, errepresaliatuen berreskurapenean lan egiten zuten taldeek, lortutako adostasuna gorabehera, kritikatu egin zuten ebazpena, lausoa zelako, neurri zehatzik ez zuelako proposatzen eta Errepublikaren eta Gerra Zibilaren inguruko aldarrikapenen amaiera izan zitekeelako. Ez zen halakorik gertatu, aurrerago ikusiko dugunez, hurrengo legealdian berriro ere azaldu baitzen gaia.

      Adierazpen parlamentarioa adostu baino hilabete lehenago, historialarien kongresu bat egin zen Bartzelonan, Espainian Gerra Zibilean eta Frankismoan izandako kontzentrazio-esparruen eta presondegien inguruan, eta honako neurri hauek eskatu ziren, besteak beste:

 

1º) Que sea tipificada como delito la apología de la dictadura franquista.

2º) La retirada inmediata, tanto de la vía pública como de las diferentes instituciones, de todos los nombres y símbolos de la dictadura.

5º) La constitución de memoriales Democráticos que permitan recuperar del olvido la trágica experiencia de la dictadura y sus consecuencias, así como la memoria de los miles de hombres y mujeres que lucharon por la libertad, para que de esta forma se incorporen al conocimiento común de las futura generaciones.

 

      XX. mendeko lehenbiziko urteetan, Gerra Zibilean eta frankismo garaian errepresaliak jasan zituztenen oroitzapena berreskuratzearekin erlazionatutako ekitaldi eta produktu ugari egin dira: elkarteak, omenaldiak, hilobien indusketak, dokumentalak, lan historikoak, literatura-lanak, kontzertuak, diskoak, etab. Horrek guztiak, ekitaldi horietako sustatzaile askok memoria historikoaz duten kontzeptuaren kritikak eragiteaz gain, “galdutako diru-laguntzaren bila” doazen erakunde gehiegi daudela salatzen duten kritikak ere azaldu ditu, askotan urteetan lanean bakarrik aritzeak eragindako ondarearen jabetza-sentimenduak bultzaturik edota zentzu esklusibistaren ondorioz. Ekintza horietariko askok duten norabide politikoari buruzko gogoetak ere azaldu dira, bultzatzaileak espektro politikoaren muturreko ezkerrean kokatzen direlako, eta gertatutakoaren ezagutzaren bidez, gerran aritutakoen oinordekoen adiskidetzea bilatzen ez duen Memoria Historikoaren kontzeptua landu dutelako[8]. Iraganari buruzko diskurtso politikoa litzateke, memoriari berari buruzko diskurtsoa baino gehiago (Juliá, 2006).

      Gerrak eta errepresioak piztutako interes honen arrazoiak ezberdinak eta elkarren aurkakoak dira, baina denak datoz bat esatean unean uneko egoera politikoak eragin nabarmena duela. Espainiako gerraren memoriaren inguruko ikerketetan aitzindaria izan da Paloma Aguilar; horren arabera, azken urteotan iragan frankistaren erabilera politikoa ez egiteko akordioa haustea gehiago izan da PPren aurkako oposizio-indarren erabaki estrategikoa, behar soziala baino (2003). Alabaina, ahaztu egiten du indar politikoek, PSOEk bereziki, ez zituztela beren gain hartu nahi izan Gerra Zibilarekin erlazionatutako proposamenak (Molinero, 2003, 28). Francisco Espinosaren ustez, aldiz, haustura bikoitzaren ondorioz berpiztu da gaia. Lehenik eta behin, trantsizioa gauzatu zen moduari buruko adostasuna hautsi zen, borreroak eta biktimak maila berean jar zitezkeela ukatuz eta justizia-ekintza bat gauzatu gabe eta iragana aztertu gabe igaro zitekeela diktaduratik demokraziara baztertuz. Errepresio frankistaren inguruan gero eta liburu gehiago argitaratzen ari zirenez, PPko kide askoren erantzunak adierazten zuen erregimenaren seme-alaba askok ez zutela beren iragana baztertu nahi izan eta, ondorioz, gerra galdu zutenek ere ezin zutela ahaztu. Errepublikazaleek bultzatutako liburuen gorakadari eskuinak emandako erantzuna izan ziren 1996-97 inguruan Pío Moak argitaratutako lanak, eta bigarren haustura eragin zuten (Reig, 2003). 80ko hamarkadan PSOE atzera ez begiratzen saiatu bazen ere, laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran memoria historikoaren eztabaida inoiz baino biziago zegoen. Gainera, eskuinak ez zuen onartu nahi hobi komunetan lurperatutako gorpuek lurperatze duin bat izateko eskubidea zutela, garaileek zuten bezala, eta sentimendu horrek bultzaturik, ezinegona adierazten zuten hilobiekin erlazionatutako edozein berriren aurrean. Gaiari buruz egin ziren iruzkinen artean bat jasoko dugu, Nafarroako Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak egindakoa: horren ustez, 1981az geroztik jaiotako gazteei ezin zitzaien trantsizioaz, frankismoaz, 36ko gerraz edo fusilatuei buruz hitz egin. Bestalde, trantsizioko hipotekak ezabatzeak, atzera egiteari beldurra kentzeak eta demokrazia errealak ez asetzeak indartu egin zuten desagertutakoak berreskuratzeko mugimenduaren oihartzuna.

      Desagertuenganako interesak beste arrazoi bat ere bazuen, baina Espainiako mugetatik haratago kokatzen zen. Zuzenbide Erromatarraren printzipio zahar bati buruzko eztabaidarekin erlazionatuta zegoen; printzipio horren arabera, legeek atzeraeraginezko izaera zuten, eta unean uneko irizpideei jarraituz iraganeko ekintzak epaitzea galarazten zuen. 1945ean agintari nazien aurka egindako Nuremberg-eko epaiketan azaldu zen lehen aldiz eztabaida, baina erritmo eta indar ezberdinekin hazten jarraitu du. Argentinan eta Txilen izan du eragin nabariena, diktadura militarrak babesten zituzten amaiera-puntua eta amnistia legeak deuseztatu zirenean, baina ez dira kasu bakarrak, kontuan hartzen baditugu Hegoafrikako Errepublikan edo Europa ekialdeko lurralde komunista ohietan piztutako eztabaidak edo Erdialdeko Amerikako eta Hegoamerikako lurraldeetan eratutako Egiaren Batzordeak (Godoy, 2002). Juan Carlos Monedero politologoaren iritziz (Silva, 2004, 141), duintasunaren eta kalitatearen ideia bere gain hartzen dituen demokraziaren ideiaren barnean sartzen dira aipaturiko eskaerak. Horrela, sistema demokratiko bat benetan finkatuta egongo litzateke irizpide formalez gain (hauteskunde askeak eta eskubideak), herritarrek agintari politikoei erreklamatu ahal izatea eta erabakietan aktiboki parte hartzea ahalbidetuko liekeen kultura zibikoa balego. Joera horren arabera, Estatuen betebeharra da biktimei jakiteko eskubidea bermatzea eta, era berean, justizia bereganatzekoa eta kalte-ordainak jasotzekoa (Nizkor, 2004).

      Espainiako kasuan, egoera paradoxikoa izan zen; izan ere, Espainiako Justiziak Txileko eta Argentinako pertsonen estradizioa eskatu zuen, lurralde horietan diktadura militarrek iraun zuten bitartean hiritar espainolen aurka egindako erasoak zirela eta —Pinochetena izan zen adibiderik argiena—, baina Espainiako mugen barnean eragozpenak baino ez ziren jarri printzipio bera aplikatzeko. Amnesty International-ek 2002an salatu zuen moduan, 1977ko urriaren 17ko legea, amnistiari buruzkoa, benetako amaiera-punturako lege bihurtu zen. Honakoa jasotzen zuen: « Art. 2º e) Los delitos y faltas que pudieran haber cometido las autoridades, funcionarios y agentes del orden público, con motivo u ocasión de la investigación y persecución de los actos incluidos en esta Ley f) Los delitos cometidos por los funcionarios y agentes del orden público contra el ejercicio de los derechos de las personas» Alabaina, nazioarteko legediaren arabera, gizateriaren aurkako krimenek ez dute preskribitzen. Luis Fondebrider argentinarra auzitegiko medikua da, gizateriaren aurkako krimenetan desagertutakoen ikerketan aditua eta aipatutako Egiaren Batzordeek parte hartutako lurralde iberoamerikarretan eta beste kontinenteetan aritutakoa; aditu horren iritziz, harrigarria da zein interes gutxi izan duen Espainiak bere iraganari buruz ikertzeko. Ikerketen helburuak, gainera, bikoitza behar zuen izan, egia bilatzea eta justizia egitea. Aranzadi Zientzia Elkartean eskainitako hitzaldi batean nabarmendu zuen, denbora gehiegi igaro zenez, berreskurapenerako lanek eraginkortasun gutxi zutela, lekukoak edo haien memoria galdu egin baitziren. Gainera, Fondebriderrek azpimarratu zuen estatuak ez daudela lankidetzan aritzeko prest ikerketa-mota hauetan, beren kolore ideologikoa edozein izanik ere[9].

      Arestian ere aipatu dugu Leongo indusketak izan zirela Memoria Historikoaren Berreskurapenerako hazia. Memoria terminoaren erabilera da, Historia terminoarekin kontrajarrita, hain zuzen ere, mugimendu hau definitzen duen ezaugarrietako bat[10]. Gainera, ez da Gerra Zibilaren auziei dagokien elementu bat, baizik eta duela hamarkada batetik hona, mundu garatuan sartu den elementua, Hegoafrikatik eta Latinoamerikatik hasita lurralde sozialista ohietara heldu izan da, eta komunikabideek eta produkzio historiografikoak darabilten hizkeran txertatu da. Termino hori Historia terminoaren ordez erabiltzeko zaletasunak kausa ezberdinak ditu: horien artean bat, Historia arinki jorratzea da, garrantzigabetu egin da historia, oro har; izan ere, eman zaion erabilera publiko bakarra gertakari eta pertsonaia ospetsuen oroitzapena berpizteko izan da, haiei elementu negatiboak kendu ostean. Beste arrazoi batzuk globalizazioaren fenomenoarekin lotuta daude, tokiko identitatea urratu eta desagertzean susperturiko sentikortasunarekin, edo metakontaketen galerarekin eta letra larriz idatzitako Historiaren amaierarekin (Erice, 2005). Gero eta lan historiko gehiago idazten dira hiritarren kontzientzia pizteko asmoz, eta baztertu egiten da azalpenak bilatu eta iragana zalantzan jartzen duen historiaren kontzeptua. Sarritan, memoria berreskuratzeko prozesuetan lantzen diren gertakari asko oso larriak dira, eta protagonista batzuentzat ezin adierazizkoak, definizioz; gainera, kasu askotan, horiei buruz dagoen dokumentazio-faltak eraginik, sorkuntzaren mundutik hurbildu dira gai horietara, literaturatik, zinemagintzatik eta margolaritzatik besteak beste, Historiaren esparrutik bertatik baino gehiago. Horrela, ezagutza zientifikoa ez den beste ezagutza bat eskaintzen du sorkuntzak, baina ezagutza azken finean, eta hobe defini daiteke memoria moduan Historia moduan baino.

      John Gillis-en arabera, memoria terminoaren erabilera areagotzen den heinean —batzuetan gehiegi erabiltzeraino—, esanahia galdu egiten da (Carreras, 2006). Memoria historikoa terminoa nahasgarria da eta beharrezkoa da historialariak berriro ere erabilera birbideratzea, inpartzialtasuna lortzeko prozeduretan. Izan ere, Maurice Halbwachs-ek XX. mende hasieran sortutako memoria historikoaren kontzeptuak ez zuen bere berezko izaera nabarmentzen, eraikitako izaera baizik (2004). Halbwachsek bakartzat eta zientifikotzat jotzen zuen Historia, letra larriz idatzia; memoria, ordea, taldean eratutako zerbait da, gehiago edo gutxiago, baina beti subjektiboa, orainalditik eta orainaldiko materialak erabiliz iraganari buruz eraikia. Memoria kolektibotik elikatzen da memoria indibiduala, nahiz eta pertsona bakoitzak bere erara barneratzen duen, eraldatuz, horrela zubi bat eraikiz iraganaren eta etorkizunaren artean. Pertsona edo talde batek gertatutakoari buruz gogoratzen duena da memoria, ekintza indibidualen eta gertatutakoaren bizipen subjektiboen bidez eratzen da, garai horretako mezuen artean aukera eginez. Memoria historikoak, gaur egun ulertzen den moduan, iraganari buruzko diskurtsoa eraiki nahi du, baina diskurtso horren oinarria ez da soilik ezagutza eta egia bilatzea; era berean, pertsona batzuk omendu nahi ditu, horien jokaera eredugarritzat aurkeztuz, eta injustizia konpontzen saiatzen da, moralki behintzat. Horrela, subjektuarekiko eta gogoratutako gertakariekiko harreman afektiboa sendotzen saiatzen da memoria historikoa. Horrek, askotan, gogoratzen den pertsonaren, taldearen edo gertaeren prozesuko pasarte batzuk isilaraztea eskatzen du, pasarte guztiek ez baitute izaten behar besteko koherentzia. Izan ere, bizitzak berak, indibidualak zein kolektiboak, kontraesanak, hutsuneak, akatsak eta abar ditu, eta inori ez zaio gustatzen horiek gehiegi zabaltzea.

      Historiak, aldiz, nahiz eta manipula daitekeen, iragana berreraiki nahi du, era zorrotzean eta gertakariei helduz, horiek gehiegi gustatu ez arren, eta egia zientifikoa zehazten saiatzen den diziplina baten mendean. Beste hau ere badio Halbwachsek: idazkietan eta gertakarietan oinarritzen dela historia, eta gertakariek ez dutela zertan memoria kolektiboarekin lotuta egon. Antoine Prost historialari frantsesak bereizi egiten zituen historia eta memoria; honela definitu zuen historia: «construcción de un relato que da coherencia a los hechos en su encadenamiento»; eta honela memoria: «acumulación de referencias yuxtapuestas» edo «amontonamiento interminable e imposible de todo el pasado entero». Historiak, gainera, urruntzea eskatzen du eta ulertzeko eta azaltzeko borondatea izatea, baina baldintza horiek ez dira beti bateragarriak bizirik dagoen memoriarekin. Halaber, Prostek nabarmentzen du memoriaren eginbeharra eta identitatearen baieztapena bat etortzen direla normalean; Historiarekin, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen, ahal den neurrian iragana ulertzea bilatzen baitu, betiere bere konpromisoaren erlatibitateaz ohartuta (2003, 99-100).

      Memoria Historiaren sinonimo bezala erabiltzea onargarria da, baldin eta diskurtso kritikoa egiten badu eta subjektibotasuna nabarmentzen badu. Ez da onargarria, ordea, arrazoiaren ardatz bakartzat hartzen bada edota iragana esentzializatzen badu. Berreskuratu beharreko egia historikoaren gordailu gisa hartzea memoria, zientifiko sozialek auziari buruz pentsatzen dutenaren kontrakoa da, memoria kolektiboa ez baita berreskuratzen, berreraiki baizik. Enrique Gavilán-en hitzetan, historialariok baztertu egiten dugu, edo, behintzat, zalantzan jartzen dugu, memoria historikoa zerbait objektibotzat hartzea, ia fisikoa, iraganari buruzko informazio fidagarria eskaintzen duena eta gogoeta handirik gabe komunika daitekeena (Silva, 2004, 57-65). Historiaren arazo berdinak ditu memoriak iragana berreskuratu nahi duenean, eta oraindik handiagoak iragana transmititu nahi duenean.

      Bestalde, ez dira falta izan memoria erlatibizatu duten filosofoak eta historialariak. Manuel Cruz-ek (2005, 124), esaterako, uste du iraganaren oroitzapen obsesiboak orainaren analisia ahuldu dezakeela eta etorkizunarekin dugun erlazioa arriskuan jarri. Memoria gure nortasun indibidual eta kolektiboaren iturrietako bat da, eta talde-sentimendua eratzen eta mantentzen laguntzeko balio du, baina gure autonomia ukatzeko modu bat ere izan daiteke. Iraganeko gertakariei, bereziki negatiboei, gehiegizko pisua emateak zaildu egiten du etorkizuna eraikitzea. Horregatik, memoriak autonomia nahikoa izan behar du irakurketa bakarra onartzen duen iragan horretatik ihes egiteko, ez bihurtzeko gatazkaren eszenatoki, politika tartean izanik. Bestalde, gerta daiteke balio absolutua ematea memoriari, ez dugulako atsegin orainaldiko errealitatea eta ez gaituelako asebetetzen, eta nahiago dugulako iraganaren balio nostalgikoa. Gainera, autokritika ezaren eta murriztapen moralistaren ondorio izan daiteke ikuspegi hori, paradoxikoki esperientzia guztiak berdinduz eta biktimak eta borreroak erruduntzea errazten duena, bi taldeak, aldi berean, gertatutakoaren egile eta subjektu bihurtuz.

      Memoria berreskuratzeko mugimenduek frankismoko biktimen aldarrikapenean zentratu dituzte beren helburuak. Baina, Gerra Zibilaren, gerraostearen eta trantsizioaren historiak, eta gaur egungo historiak berak ere erakusten digute egokiagoa izango litzatekeela memoriez (pluralean) hitz egitea, gertatutakoaren oroitzapena ez baita berdina guztientzat eta talde bakoitzak du iraganaren bere memoria, eta, are gehiago, gerra zibil bati buruz ari garenean. Memoriak, pertsonak bezala, Santos Juliáren arabera, ezberdinak dira eta, askotan, euren artean gatazka pizten da. Memoria historikoaren kontzeptua singularrean erabiltzeak errepresio errepublikarraren biktimak isilaraztea dakar, hala eskuindarrak nola garai bakoitzean gehiengoaren ortodoxiatik aldendutakoak. Memoria historikoaren kontzeptuaren inguruan mesfidantzak izateak ez du esan nahi ez denik ikertu behar gertaturikoa edo ez direnik berreskuratu behar desagerturikoen gorpuak, auzi hau landu duten egile askok azpimarratu duten moduan. Espainiako armadaren zati bat matxinatzean piztu zen gerraren ondorioak 70 urtez sufritu dituzten biktimei lagundu egin behar zaie, moralki eta, ahal den heinean, materialki. Baina, betiere, arrazoi ugari eta benetan gertatutako egoera ezberdinak hartu behar dira aintzat abiatzerakoan.

      Edozein kasutan ere, memoria historikoa terminoa komunikabideen eta herritarren hizkeran finkatu da, eta Rodríguez Zapateroren gobernu sozialista biktimen egoera aztertzeko legea eratzen hasi zenean, batzorde bat sortu zen 2004ko uztailaren 23an. Hitzez hitz ekarriko dugu hona zein zen batzordearen helburua: «reparar la dignidad y restituir la memoria [azpimarra geurea da] de las víctimas y de los represaliados desde el inicio de la Guerra Civil y hasta la recuperación de las libertades [frankismo hitza nekez azaltzen da agiri ofizialetan], sufrieron cárcel, represión o muerte por defender esas mismas libertades». Agindu zitzaizkion lanetan murgildu zen batzordea: ordura arteko gobernuek biktimen alde hartutako neurrien ikerketa egitea; agiritegi publikoetan eta pribatuetan zeuden datuei buruzko txosten bat osatzea eta lege-aurreproiektu bat idaztea[11]. Bien bitartean, parlamentuak memoriaren auzia berriro hartzea lortu zuen gizarteak egindako presioak, eta 2006. urtea Memoria Historikoaren Urtea izendatzea proposatu zen. Izendapen horren ordez Adiskidetasunaren Urtea jartzen saiatu zen PP, baina, azkenean, urte hartako uztailean (norbaitek esan zuen memoria historikoaren urte erdia zela) 2006. urtea Memoria Historikoaren Urtea izendatzen zuen proposizioa onartu zen. Azalpen hau eman zitzaion izendapenari: «el año 2006 como Año de la Memoria Histórica en orden a reconocer y homenajear a todos los que que de una forma u otra se esforzaron para conseguir un régimen democrático, dedicando su vida o sufriendo persecución por este motivo, y a comprometer a los poderes públicos en la promoción de actos conmemorativos de esta efeméride».

      Hilabete horretan bertan, 2006ko uztailean, azterketa-batzordeak proposatutako lege-aurreproiektua onartu zuen gobernuak, bi urtez ikertzen ibili ondoren eta 40 elkarterekin elkarrizketatu eta 700 dokumentu aztertu ondoren. Memoria Historikoaren Legea izendatu zuten ekimena, eta horrela erabili zuten kontzeptua hura kritikatu zuten komunikabideek ere; baina polemikak urtebete lehenagotik zetozen, ebazpenak atzeratu egin baitziren, eta etorkizuneko legearen helburua denak pozik uztea zela zabaldu baitzen. Honela laburtu zuten helburua egunkari batean: «[que] contente a los dos bandos y no sirva para abrir heridas, sino para cicatrizarlas»[12]. Bi gertaerak eragin zuten jarrera-aldaketa: batetik, proiektu originalarekiko PPren erabateko desadostasunak eta, bestetik, Sustapen Ministerioaren egoitzaren ondoan kokaturik zegoen Francoren estatua kentzeak piztutako polemika sozialak. Testu juridikoaren tituluan geratu zen adierazita orientazio berria: “Ley por la que se reconocen y amplían derechos y se establecen medidas en favor de quienes padecieron persecución o violencia durante la guerra civil y la dictadura”. Proiektuaren aurka egin zuten biktima errepublikarren duintasunaren alde borrokatu ziren elkarteak, zehaztugabea zelako, bi alderdietako hildakoak berdindu egiten zituelako «directamente padecieron las injusticias y agravios producidos por unos y otros motivos políticos o ideológicos» adieraztean, ezarritako kondenak eta zigorrak ez ezabatzeagatik, nahiz eta bidegabekoak izan zirela aitortu, edo hobiak aurkitzeko eta gorpuak berreskuratzeko lana esparru pribatura eramateagatik. Gainera, testuaren aurkezpenean onartzen zen ez zela bere zeregina memoria historikoa eraikitzea:

 

      Fijarse el objetivo de implantar una determinada “memoria histórica”, de que no le corresponde al legislador construir o reconstruir una supuesta “memoria colectiva”. Pero sí es deber del legislador y cometido de la ley, consagrar y proteger, con el máximo vigor normativo, el derecho a la memoria personal y familiar como expresión de plena ciudadanía democrática.

 

      Eztabaida horiek gertatu bitartean, euskal kasuan, Aranzadi Zientzia Elkarte gipuzkoarrean izan zuen epizentroa gorpuak berreskuratzeko mugimenduak. Aranzadiko hiru ikertzailek (arkeologoak eta antropologoak) Priaranza del Bierzoko indusketetan parte hartu ondoren, Euskal Herrian hasi ziren hilobi komunak aurkitzeko indusketak egiten. Lurperaketen lekukoek eskainitako informazioa ez da oso zehatza izaten kasu gehienetan, eta ez da lurperatutakoen identitatea ezagutzen; horrek guztiak zaildu egiten du lana eta neketsu bihurtzen du. Oihartzun handia izan zuten 2002ko irailean eta urrian Zaldibian eta Arrasaten egindako indusketek, aukera eman baitzuten hobi bakoitzean bi gorpu topatzeko. Jarduera horien oihartzunak zenbait elkarteren sorrera eragin zuen, Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Ahaideen Elkartea besteak beste. Talde horrek salatu zuen trantsizioko adiskidetze-politikak elite politikoei bakarrik eragin ziela eta, hilobi komunetan lurperatutako gorpuak berreskuratu behar zirela zauriak itxiko baziren.

      Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, 2002ko abenduaren 10ean, “Gerra Zibilean desagertutako pertsonen hilobiak ikertzeko eta kokatzeko sailen arteko batzordea” eratu zuen, Justizia Saileko Giza Eskubideen zuzendaria buru izanik. Aipaturiko batzordea sortzeko dekretuak zioen bezala, honakoa zen helburua:

 

ofrecer un reconocimiento público de respeto a las personas ejecutadas en la Guerra Civil española española y a sus familiares, que repare, al menos moralmente, el dolor y la injusticia que durante más de medio siglo han sufrido en silencio.

      Reabrir formalmente este reconocimiento es una deuda que toda la sociedad tenemos con los familiares y herederos de aquellas personas que perdieron la vida, lo perdieron todo y quedaron, además, en el ostracismo de los perdedores. No se trata de reabrir heridas, no queremos buscar culpables, ni víctimas, nada más lejos de la intención de este Gobierno. (...) Se trata de ofrecer un trato de igualdad y una justicia histórica a los que, en silencio, han sufrido larga e intensamente una cruel e irremediable ausencia.

 

      Zuzendariak onartu zuen pentsaezina izango zela horrelako zerbait onartzea trantsizioan, tentsio handia eragingo zuela eta. Eusko Jaurlaritzak informaziorako telefono-zenbaki bat eman zien ahaideei, eta jasotako eskari ugarien aurrean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin hasi zen elkarlanean. 2003ko uztailaren 8an hitzarmen bat sinatu zen Elkartearekin: Aranzadiren esku geratu zen desagertutakoak identifikatzeko beharrezko ikerketak egitea (historikoak eta dokumentalak) eta lurperaketak egin zireneko lekuak topatzea, gero metodo arkeologikoen bidez indusketak egiteko.

      Historiaren eta erakundeen alorrean bideraturiko jarduerek Bidasoa Institututik proposatutako alor osagarri bat izan zuten: azken gudari errepublikarrak omentzea domina banakin eta oroitzapenerako monumentu batzuk eraikiz[13]. Horrekin batera, areagotu egin ziren eraikin ofizialetan ikur frankistak mantentzearen aurkako salaketak, eta bereziki Iruñako Monumento a los Caídos izenekoaren kontra (1952an inauguratua eta 1998tik udalaren ondasuna). Nafarroako Foru Komunitateko hiriburuko udalak ez zuen onartu ikur frankistak kentzeko eskatzen zuen proposamena. Aldi berean, omenaldiak antolatu ziren, hala gerran hildakoei, nola langileen batailoietan parte hartu zutenei. Kasu batzuetan, aspalditik ospatzen ziren ekitaldiek, Nafarroako Cortes herrikoak esate baterako, garrantzi handiagoa lortu zuten. Gipuzkoako kasuan, 2004an egin ziren ekitaldi nagusiak: Andoainen fusilatutakoei egin zitzaien omenaldia apirilean, eta Foru Aldundiak maiatzean omendu zituen probintzia matxinatuen esku erori ostean lanpostutik kendu zituzten enplegatuak. Debagoienean jarraitzen dute antolatzen errepresaliak jasan zituztenen omenez ahaideek urtero egiten duten ekitaldia, erakusketa berriekin, bideokin eta liburuen berrargitalpenekin osatu dutena.

      Eragile sozial eta politiko gehienek goratu dute Aranzadiren lana, eta aldizka bere jardueren berri emanez joan da. Horrela, 2004ko maiatzean adierazi zuten 350 dei jaso zituztela Espainia osotik, Gerra Zibilean desagertutako pertsonei buruzko informazioa ematen edota eskatzen. Hilabete batzuk geroago, EAEn desagertuak lurperaturiko 44 gune zeudela jakinarazi zuten: 21 Gipuzkoan, 12 Bizkaian eta 11 Araban. 2005eko martxoan, Ibarretxe Lehendakariak publikoki eskerrak eman zizkion Aranzadi Elkarteari egindako kudeaketarengatik, eta adierazi zuen indusketen edota ikerketa-lanen helburua ez zela zauriak irekitzea, giza zor bat ixtea baizik, esker demokratiko, politiko eta sozialekoa. Hainbat aldiz saritu dute Aranzadi Elkartea egindako kudeaketarengatik, eta behin baino gehiagotan azpimarratu dute elkartekoek ekimenaren berri izatean hildakoen familiek jarritako interesa eta pertsona kalteturikoei buruzko txostenak ematean senideek adierazitako esker ona. Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiaren esanetan, era horretako ekintzak egiteko ordua zela uste zuten ahaideek, eta benetako katarsia edo askapena sentitzen dute hainbeste denbora igaro ondoren, beren istorioaren berri eman dezaketenean; izan ere, horietariko asko 40 urtez bizi izan dira beldurrez beren etxean bertan, gertatutakoari buruz hitz egiteko gogorik eta indarrik gabe, familiak izandako bizipen latza zela eta, beren istorioa ezkutatu nahian. Kasu askotan, horietariko pertsona batzuk orain arte inoiz ez dira ausartu beren ahaideei jazotakoaren berri ematen. Aranzadikoek diote oso sinplea dela ahaideek eskatzen dutena: haiek esaten zutena egia dela ziurtatzea Aranzadi Elkarteak. Bestalde, hildakoen familientzat oso garrantzitsua da jakitea non lurperatu zituzten exekutaturiko ahaideak.

      Jarduera horiekin guztiekin batera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailak, Javier Madrazo Ezker Batukoa buru zela, gobernu zentralak 1990ean eta 1992an frankismoko biktimei kalte-ordainak emateko deialdietan bazterturik geratu ziren biktimei laguntzak emateko prozesuari eman zion hasiera. Deialdi honetan ere ekonomikoak ziren laguntzak, baina ez zen kontuan hatu zigorrak inposatu zituzten agintariak legezkoak ziren ala ez. 2002an argitaratutako dekretu batek bide berria ireki zuen, baina berehala bete zen zailtasunez eta eragozpenez. Asmo oneko helburua zuen eta aitzindaria zen Euskal Herrian. Ildo horretan, Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, José María Ochoa de Chinchetruk (Euzko Gudarostea gudari ohien elkarteko presidentea eta EAJko BBBko kidea izandakoa) onetsi egin zuen Madrazok frankismoko biktimei diru-laguntzak emateko egindako lana, eta adierazi zuen EAJk ez zuela ezer egin alde horretatik. Hortaz, ez dirudi Euskal Herriak pairaturiko errepresioaren mitoa «el mito de la superior magnitud de la represión en el País Vasco, cuidadosamente alimentado por el discurso nacionalista» (Aguilar, 1998, 135), egon bazen, oso eraginkorra izan zenik, biktimei kalte-ordainak emateko garaian, behintzat. Madrazoren dekretuaren gorabeherek, gainera, lausotu egin zituzten lortu nahi ziren helburuak (Urquijo, 2006). Izan ere, nahiz eta historialariek aurretik egindako txostenetan laguntzak eskuratzeko beharrezkoa zen ziurtapena lortzeko zeuden zailtasunak azpimarratu (Barruso, 2004), lege-xedapenaren arabera, gutxienez sei hilabetez kartzela edo kontzentrazio-esparru batean askatasunik gabe egon zirela frogatu behar zuten diru-laguntzak jaso nahi zituztenek. Bestalde, prestatutako aurrekontua ez zen nahikoa izan azkenean aurkeztu ziren 8.680 eskaerei erantzuteko, eta, azkenik, balorazio-batzordeak zorrotz jokatu zuen eta ez ziren onartu 2003an aurkeztutako eskari gehienak (% 70).

      Deialdia gauzatu zen moduak sortutako haserreak eta egonezinak elkarte berriak sorrarazi zituen. Geureak 1936 izan zen lehena, eta diru-laguntzen eskaria aurkeztu nahi zutenei beharrezkoa zen dokumentazioa lortzen laguntzea zen helburua. Madrazoren aurka egindako kanpaina gogorrak zatiketa eragin zuen. Aldi berean, talde berriak azaldu ziren, eta kalte-ordainen auziarekin batera, Eusko Jaurlaritzak memoriaren inguruan gauzatutako politikaren alderdi batzuk zalantzan jarri zituzten. Talde horien jarduerek ardatz bikoitza izan dute: frankismoko biktimen aldarrikapenen defentsa eta memoria historikoaren sustapena. Azkenean, 2007ko otsailean, talde horietatik hamaikak Lau Haizetara koordinakundea eratu zuten, beren gogoeten eta proposamenen eraginkortasuna eta indarra areagotzeko helburuarekin. Koordinakundearen arduren artean zegoen gobernu sozialistak aurkeztutako lege-proiektuari aurre egitea, beste elkarte batzuek uste zuten moduan, amaiera-puntu gisa ikusten baitzuten legea[14]. Beste gauza batzuen artean, talde hauek zalantzan jarri dute Gizarte Gaien Departamentua izatea gai hauen arduraduna eta ez Justizia Saila, aipaturiko dekretuaz gain ez duelako ekintza gehiagorik sustatu; errepresioaren biktimen memoria ikertzeko eta jasotzeko plan integral bat ez izatea ere kritikatzen dute; garaiko epaiketak ezabatzea eskatzen dute; bahitutako ondasunak itzultzea aldarrikatzen dute; memoria historikoaren artxibo bat eratzea planteatzen dute eta beharrezko ikusten dute gertatutakoa hezkuntza-esparruan eta kulturalean gogoratzea.

 

 

 

 

[2] Euskal Herriko Gerra Zibilaren historiografiari buruz, ikus Pablo (2003).

[3] Juan José Usabiaga zen Juan de Iturralderen benetako izena. Beasaindarra izatez, Eskolapioa zen eta Tolosako komentuan atxilotu egin zuten, 1937ko maiatzean. Donostiako Ondarretako kartzelan izan zen bi astez, harik eta askatu eta Hendaiara eraman zuten arte. Frantzian pasa zuen Frankismo guztia eta hainbat liburu kaleratu zituen 1936ko gerra eta Elizaren inguruan. 1979an omenaldia egin zioten Beasainen eta handik bi artera hil zen Lapurdiko Sara herrian.

[4] Errepresioaren munduari eta artxiboei buruzko gogoeta batzuk González Quintanaren 1999ko lanean; Jelin & Silva Catela, 2002; Mantelli, 2003; Saz, 2003 eta Viciano, 2003.

[5] El País, 2001-2-24. Baieztapen horren aurrean, auzi honen inguruan 1986an egin zuen diskurtso bakarrean, Gerra Zibila historia zela esan zuen presidenteak (Bernecker, 1994, 68).

[6] Produkzio berriaren irteera-marka Justicia en guerra izan zen, Kultura Ministerioak argitaratu zuena 1990ean. Justiziari eta errepresioari buruzko produkzio historiografikoari dagokionez, ikus Sagües, 1994; Moradiellos, 1999; Rodrigo, 2001; Egido, 2003; Espinosa, 2006; Márquez, 2006 eta Blanco Rodríguez, 2006.

[7] El País 2002-11-16.

[8] Mota honetako adierazpen bat eztabaida zerrenda honetan http://arxiu-llistes.tinet.org/mllistes/gce/current/, “Memoria historikoa?”, 2005-5-12.
     
Memoriaren Foruaren orientazio politikoari buruz eta PCErenganako hurbiltasuna http://www.nodo50.org/foroporlamemoria/documentos/2005/granada_30062005.htm

[9] Berria, 2004-5-23.

[10] Memoria terminoak gogoeta historiografiko asko eragin ditu. Horietariko asko historiako aldizkari ezberdinek auzi honi eskainitako monografikoetan jaso dira Ayer 1998, Pasajes de Pensamiento Contemporáneo 2003, Hispania Nova 2006 eta 2007/

[11] http://www.mpr.es/Documentos/memoria.htm

[12] El País, 2006-9-12.

[13] Deia, 2002-11-15.

[14] Ahaztuak 1936-1977, Andikona (Otxandiokoa), Debagoieneko Fusilatuen Senideen Batzordea (Arrasate), EAE/ANV, Geureak 1936, Izquierda Republicana, Katin Txiki (Oiartzun), Asociación de Víctimas del 3 de Marzo (Gasteiz), Memoriaren Bideak (Nafarroa), Oroituz (Andoain) eta Uliako Taldea (Donostia). Berria, 2007-2-13.

 

 SARRERA | I. ERREPRESIOAREN MEMORIA(K) EDO HISTORIA(K) | II. GIPUZKOA BIGARREN ERREPUBLIKAN (1931-1936)