Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

4.7.
GERRAOSTEKO ERRESISTENTZIA

 

         Aurreko atal guztietan argi ikusi ahal izan dugunez, errepresio frankista askotarikoa izan zen formetan, sistematikoa funtzionamenduan eta handia termino kuantitatiboetan. Gerra Zibilaren bilakaera eta amaierak berak eta ostean etorritako jazarraldiak nabarmenkeriaz zapaldu zuen erregimenaren aurkako erresistentzia oro. Izan ere, hilda, preso, erbestean edo zigortua ez zena, beste mekanismo batzuen bitartez isilarazi zuten: izan beldurraren bidez edota itxurazko adostasun bat lortzeko bitartekoekin. Beste era batera esanda, erregimenari aurka egin ezin ziezaiokeen masa desmobilizatua sortu nahi izan zen. Eta hein handi batean hala izan bazen ere, egoera honek bazituen bere arrakalak, denboran luzatuta indar handiagoz pitzatu zirenak.

 

 

4.7.1. Mugalariak eta Comète sarea

 

         Bigarren Mundu Gerra 1939ko irailaren 1ean hasi zen, hain zuzen ere, Gerra Zibila amaitu eta bost hilabetera. Alemaniak Polonia erasotzean egin zuen eztanda, eta Europa mendebaldean fronteak egonkor mantendu baziren ere, tanke naziek 1940ko maiatzean Ardenetako basoak gurutzatu eta Belgika inbaditu zuten. Sei astetan Belgika eta Frantzia inbaditu zuen Wehrmacht armada alemaniarrak. Frantzia osoa ez zuten okupatu, ordea, ekainaren 22ko armistizioarekin “Vichyren erregimena” deiturikoa eratu baitzen. Lurralde honek hegoaldeko Frantzia hartzen zuen.

         Gertakari honek, alemaniar tropen aurrerakadatik ihesi zioan errefuxiatu uholde bat bultzatu zuen Ipar Euskal Herrira. Lurralde hau ere, bi zatitan banatuta geratu zen. Beraz, hala geratu zen banatuta Euskal Herria 1940ko ekainean: Hegoaldeko zatia erregimen frankistaren baitan, eta Ipar Euskal herria bi zatitan (Alemaniak okupatua eta Vichyren erregimenaren baitakoa). 1942an naziek Frantzia osoa okupatu zutenean, beraz, Iparraldea toki estrategikoa bilakatu zen nazismotik ihes egin nahi zutenentzat. Jimenez de Aberasturik (1997) adierazi bezala:

         “Ipar Euskal Herrian nazismoaren aurkako erresistentzia mugimenduaren jarduera garrantzitsuenetako bat izango da muga igarotzea[1324]".

         Hortaz, hasieratik ihes-sareak sortu ziren muga ezberdinetan, Iparraldekoan barne.

         Gerraren bilakaerara bueltatuz, Aliatuek aire-armada baliatu zuten bi bide nagusitan: batetik, gerra esfortzu nazia kaltetzeko eta, bestetik, hauen aurka Europan borrokatzen zuten erresistentzia ezberdinak materialez hornitu eta koordinatzeko. Alemaniaren aurkako aire-eraso eta bidaietan parte hartu zuten milaka hegazkinlari zeruetatik eraitsi zituzten gerran zehar. Unean bertan harrapatzen ez zituztenak eta erresistentzia ezberdinekin kontaktuan jarri eta sareak sortu zituzten. Bi ebakuazio bide nagusi azpimarratu daitezke: itsaso bidezkoa eta lurretik eginikoa. Bigarren hau Pirinioetatik burutzen zuten, eta antolatutako sare ezagunena Comète izenekoa litzateke. Sare honen abiapuntua Bruselasen zegoen, eta bertatik: Pris-Burdeos-Dax-Baiona, Donibane Lohizune, Ziburu, Angelu, Urruña-Donostia-Madril-Gibraltar ibilbidea egiten zuten. Sare honetan, egin-eginean ere, Hernaniar ugarik hartu zuten parte.

         Aurretik esan bezala, alemaniar tropen aurrerakadak errefuxiatu olatu bat eraman zuen Ipar Euskal herrira. Tartean, Comète sareko buru izango ziren De Greef familia iritsi zen, Angeluko etxebizitza batean ezarri zirenak. Hauek sortu zuten Angelun Euskal Herriko Comète sarea izango zenaren muina.

         Une berean, Europa okupatu guztian zehar erresistentzia mugimenduak sorraraziz joan ziren, bi helburu argirekin: alde batetik, erregimen naziaren aurako erresistentzia antolatzea eta, bestetik, hauek jazartzen zituzten pertsonak babesteko eta ezkutatzeko sareak eratzea. Belgikan, Arnold Depee lagunarekin batera Andrée de Jongh neska gaztea borroka honetara batu zen, 24 urtekoa, Dédée ezizenez ezaguna. Helburu horrekin, Dédée gaztea Arnold Depee jaunak Ipar Euskal Herrian zituen kontaktuak baliatuz bertatik Bilboko Britainia Handiko kontsulatuarekin (zein Madrileko enbaxadarekin) harremanetan jartzea lortu zuen[1325].

 

Comète sarea.
(Auñamedi Eusko Entziklopedia).

 

         1941eko udatik aurrera muga zeharkatzeko beharrezkoa zen taldea antolatzea lortu zuen, Ipar Euskal Herrian bizi ziren De Greef familiarekin batera. Sare honetan, Manuel Iturrioz, Tomas Anabitarte eta Florentino Goicoechea mugalari hernaniarrek jardun zuten.

         Horrela funtzionatzen zuen sareak: Belgika, Holanda eta Frantziako Estatuko iparraldean eraitsitako hegazkinlariak Frantziako Estatua gurutzatu ostean Lapurdiko kostaldera iristen ziren, gehienbat Baiona, Donibane Lohizune eta Ziburura. Bertatik Urruñara eramaten zituzten, non hasiera batean Thomas-enea baserrirako bidea hartzen zuten. Bertan Pantxika Haltzuet eta honen morroi Donato Errasti zestoarra bizi ziren eta gaua bertan igaro ostean mugalarien esku geratzen ziren. Hauek muga zeharkatu eta diplomatiko britainiarrekin kontaktuan jartzen laguntzen zien. Azken pauso honen ardura Manuel Iturrioz eta Tomas Anabitarte mugalariena izan zen hasieran, baina 1941eko abuztutik Florentino Goicoechearen gain geratu zen.

         Esan bezala, Ipar Euskal Herrira iheslari hauek iritsi eta gero mugalariak egiten ziren hegazkinlarien kargu. Mugarako bideari ekiten zioten gauez, kideek bidea irekiz eta Dedéek taldea ixten zuela. Bidasoa ibaira iritsitakoan Irun eta Endarlatsa artean dagoen San Miguel geltokia zenaren inguruetan gurutzatzen zuten ibaia. Hemendik Oiartzunerako bideari ekiten zioten mendiz mendi: Sarobe baserrira joaten ziren, non atseden hartu ostean Maria Garayar hernaniarra edota honen senitartekoren bat joaten zen beraien bila. Ostean, Basteroberri etxera joaten ziren, non berriro atseden hartu, mokaduren bat jan eta goizaldean fabriketara lanera zihoazen langileekin batera bizikletaz Errenteriara joaten ziren, betiere garayartar baten laguntzarekin[1326].

 

Comète sarearen ibilbidea.
(Auñamedi Eusko Entziklopedia).

 

         Bertan bizikletak utzi eta tranbia hartzen zuten, Donostiarako bidean, non Bernardo Aracamaren etxean ostatu hartzen zuten. Bertatik diplomatiko belgikar edota britainiarrei abisua pasatzen zitzaien hegazkinlariak jaso zitzaten. Muga zeharkatzeko tentsio uneak igarota, une honetatik aurrera bidaia seguruagoa bilakatzen zen. Madrilera joan eta gero gehienetan Gibraltarrerako bidea ekiten zuten, bertatik berriro ere Aliatuen armadetara batzeko helburuarekin. Comète sarearen beste egitekoetako bat Aliatuen gobernuak eta Europako erresistentzia talde ezberdinen arteko lotura egitea izaten zen, pertsonei muga zeharkatzen laguntzeaz gain, dokumentazioa, txostenak edota beharrezko materiala gurutzatzen lagunduz.

         1943ko azaroan baina, polizia frankistak Bizkaian burututako atxiloketa batzuek atxiloketa-kate bat eragin zuten. Ondorioz, Oiartzunen Comète sarearentzat lan egiten zuten kide guztiak atxilotu zituzten. Horrela, Maria Garayar Recalde, Pedro Arbide senarra eta Carmen Escudero koinata atxilotu egin zituen polizia frankistak, Donostiako kontaktua zen Bernardo Aracamarekin batera, guztiak Ondarretara preso eramanez. Federico Armendariz izan zen erreleboa hartu ziena, izan ere, 1942tik lan egiten bazuen Comète sareko kideentzat. Handik aurrera iheslarien azken helmuga bilakatu zen Federicoren eta Maria Dolores Irazustabarrena emaztearen Antiguoko etxea.

         Comète sareak, Florentino Goicoechearen ardurapean zeuden pertsona bakar horien esku utzi zuten Euskal Herriko etapa. Mugalari eta kontrabandista bezala zuten esperientzia zabalari esker, bidaia hauek amaieraraino egiten ziren polizia patruilak saihestea lortuz. Batzuetan bidaiak atzeratu behar izaten zituzten: izan polizia edo militarren presentziagatik edota giro txarragatik. Kasu batean, Florentino Goicoechea hernaniarra 1944ko udan bidaia bat egiten ari zela alemaniar patruila batek atxilotu zuen zauritua. Orduan, Comète sareko kideak Angeluko erresistentziako kideekin kontaktuan jarri eta gero Florentino ospitaletik erreskatatzeko ekintza bat prestatu zuten, bai eta lortu ere. Horrela, Frantziako Estatua aliatuen armaden esku geratu arte Florentino klandestinitatean ezkutatuta bizi behar izan zen.

         Ipar Euskal Herritik alemaniar soldaduek atzera egin behar izan zutenean, mugalarien jarduna ere eten egin zen, Comète sarea itxiz. Guztira, sare honetako kide gisan 1700 pertsona inguruk lan egin zuten gerra guztian zehar[1327]. Denak, alemaniar zein espainiar polizia eta armadaren jomugan egon ziren etengabean. Horrela, ehunka atxilotu zituzten eta kalkulatzen da 290 pertsonak galdu zutela bizia, bai ibilbide gogorrak eragindako istripu eta ezbeharren ondorioz, zein indar polizialekin izandako talketan, baita alemaniar nazien espetxe eta kontzentrazio esparruetan ere. Euskal herritarrei dagokienez, hainbat izan ziren atxilotuak eta ez gutxik nazien kontzentrazio esparruak pairatu zituzten. Hainbat pertsonak eman zuten bizia hegazkinlari horiei ihes egiten laguntzeagatik, Frantxia Usandizaga eta Juan Manuel Larburu nazien kontzentrazio esparruetan hil ziren gerra garaian, Alejandro Elizaldek, berriz, kontzentrazio esparruetatik bizirik ateratzea lortu bazuen ere, gaixorik atera eta 1946an hil zen tuberkulosiak jota[1328].

         Erresistentzia hauek emaitza izan zuten, izan ere, ia 800 hegazkinlarik muga zeharkatzea lortu baitzuten Comète sareko kideei esker. Gainera, ezin ahantzi dezakegu aliatuek sarearen bitartez lortu zuten informazioa. Honengatik guztiagatik, sareko kideek gerraostean eta hurrengo hamarkadetan domina eta omenaldi ugari egin zizkieten, pertsona guzti hauen ezinbesteko jarduna goraipatzen zutenak.

Anabitarte Zapiain, Tomas

         Ikus auzitegi militarren atala.

Armendariz Ugalde, Federico “Alfonso”

         1897ko ekainaren 16an Hernanin jaioa[1329]. 1923an Maria Dolores Irazustabarrena Arregirekin ezkondu zen eta, Gerra Zibila hasi aurretik, Tolosan bizi ziren batera. Bertan, karrozeria tailer bat zuen Federicok. Tolosa kolpistek hartu zutenean Donostian babesa bilatzea erabaki zuen, San Bartolome kalean ezarriz eta beste karrozeria tailer bat sortuz. Beranduago, Antiguo auzoan egonkortu zen bikotea, labegintza negozio bat abiatu zutelarik. Hala ere, 1942ko abuztutik aurrera Comète sareko agente iraunkorrak izan ziren biak. Haien papera iheslariei muga zeharkatu ostean ostatua ematea eta kontaktuez arduratzea izan zen 1944ko urtarrilera arte. Gainera, Sara hegoaldearen arduraduna zen Jean Francois Nothomb “Franco”-ren atxiloketa eman zenean Alberto Quintanak ordezkatu behar izan zuen Federico. 1963ko otsailaren 23an hil zen Federico, 66 urte zituela[1330]

Errazquin Iraola, Juan Martin “Manuel”

         Otsuene baserrian jaio zen, 1908ko otsailaren 15ean, Hernaniko biztanle erroldaren arabera[1331]. Hala ere, beste iturri batzuek 1909ko otsailaren 10ean kokatzen dute bere jaioteguna[1332]. Hain zuzen ere, Tomas Anabitarte mugalariaren baserri berean jaio zen, hainbat etxebizitzatan banatuta baitzegoen.

         Gerra Zibilaren testuinguruan, herritik ihes egin eta Frantzian bilatu zuen babesa hasiera batean. Gutxira, ordea, Kataluniara igaro eta han bizi izan zen gerraren azken uneetara arte. 1939ko otsailean baina, berriro ere gurutzatu behar izan zituen Pirinioak. Milaka errefuxiatu errepublikarri gertatu bezala, kontzentrazio esparru batean sartu zuten: Juan Martin Gurs-ekoan egon zen 1939an[1333]. Handik ateratzean Ipar Euskal Herrian ezarri zen bizitzen, eta Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen urteetan mugalari gisa jardun zuen Comète sarean, Florentino Goicoechearen laguntzaile gisa. Sareko puntu ezberdinen artean kontaktuak egiteaz ere arduratu zen garai bertsuan[1334].

Garayar Recalde, Francisco “Paco”

         Maria arreba bezala, Hernaniko Lizarraga baserrian jaio zen. Biak ezkondu ziren oiartzuarrekin, Franciscoren kasuan, Arizluzietagoikoa baserriko Carmen Escudero Arambururekin. Emaztea eta bost seme-alabekin batera Basterotxiki etxean bizi ziren, Maria arreba auzokide zuelarik. Horrela, Comète sarean aritu ziren biak, Oiartzunera iristen ziren abiadoreak Errenteriara eramateaz arduratzen ziren. 1943ko azaroaren 13an baina, polizia frankista Maria Garayarren etxean bertaratu zen eta senarrarekin batera Ondarretako kartzelara eraman zuten preso. Hurrengo egunean Basterotxiki etxera joan ziren, Carmen emaztea atxilotuz. Franciscoren kasuan, egun horretan Donostian zegoenez, Britainiar kontsulak abisua pasa ostean hirian ezkutatzea lortu zuen. Carmen Escudero 1944ko apirilera arte egon zen Ondarretan preso eta, aske geratu zenean, segurtasun arrazoiengatik Behobiara joan ziren bizitzera. Hala ere, pairatzen zuten jazarpena zela eta familiak 1947an muga zeharkatzea erabaki zuen, Bidasoaren bestaldean biziz une honetatik aurrera[1335].

Garayar Recalde, Maria

         1893ko urriaren 22an jaio zen Hernaniko Lastaola auzoan zegoen Lizarraga baserrian, baina Pedro Arbide Martiarena kontratista oiartzuarrarekin ezkondu ostean honen herrira bizitzera joan zen, Basteroberri baserrira, non ostatu-sagardotegi bat zuten etxean bertan.

         Gerra Zibilean parte hartzerik izan ez bazuten ere, Comète sarea eratu zenean muga zeharkatu ostean Oiartzunera iristen ziren abiadoreetaz arduratzen zen bi etxeetako bat izan zen Arbide-Garayartarrena. Kontaktuak eta bidaiak egiteaz Maria arduratzen zen nahiz eta seme zaharrenek ere lagundu zioten eginbide hauetan, 1943ko azaroaren 13an polizia frantsesak Pedro senarrarekin batera atxilotu zuen arte. Orduan, biak Ondarretako kartzelara eraman zituzten preso eta 1944ko maiatzera arte egon ziren espetxe honetan[1336].

Goicoechea Beobide, Florentino “Anade”

         1898ko martxoaren 14an Hernaniko Osinaga auzoko Altzueta baserrian jaioa. Gerra aurretik ehiztari lanetan aritu ohi zen mendian barrena, ondoren harekin mugalari izango ziren Tomas Anabitarte eta Martin Errazkin hernaniarrekin batera. Ingurunearen jakintsua izanik, kontrabandoan ere iaioa zen garai hauetarako.

         Gerraren testuinguruan, Hernani frankisten esku geratu eta gutxira, Guardia Zibila baserrira bertaratu zen Florentinori buruz galdezka. Honek ordea, Bidasoa gurutzatu eta Ziburun ezarrita zegoen jada. Bertan, hain zuzen ere, Comète sarea osatuko zuten pertsonak ezagutu zituen. Horrela, 1941eko abuztutik aurrera sare honetako mugalari nagusia bilakatu zen, beste sare batzuekin ere aritu zen arren. Lapurdiko kostaldean hegazkinlariak jaso eta mendiz mendi Bidasoa gurutzatzen zuen, hauek Oiartzunera eramanez, Garayar-Recalde senideen etxera. Era berean, mugarako joan-etorrietan Frantziako erresistentziarentzat dokumentazioa garraiatzen zuen, eta ahal zuenean, kontrabandoan paketeak ere igarotzen zituen.

         Aurretik aipatu dugun Comète-ren kontrako sarekadetatik libratu zen hasiera batean, Manuel Larburu atxilotu zutenekoan ia harrapatu zuten arren. 1944ko uztailean baina, Bidasoa zeharkatzeko saiakera batean bidea gaiztotu zitzaion. Izan ere, Frantziako inbasioa martxan zutela, Aliatuek muga gotortu zuten. Horrela, Florentinok erresistentziarekin lotutako informazioa Donostiako britaniar kontsulatura eraman ostean alemaniar patruila batekin egin zuen topo eta, hauek, tirokatu egin zuten. Lau balaz zaurituta ere, soinean zeraman dokumentazioa ezkutatzea lortu zuen. Baionako ospitalera eraman zuten preso, eta sareko Greef-tarrek egoera baliatu zuten bere erreskatea antolatzeko, Angeluko erresistentziako beste kide batzuekin batera. Alemaniar uniforme batzuk jantzi eta paper faltsu batzuk lortu ostean espetxetik ateratzea lortu zuten. Miarritzen eduki zuten, ezkutuan, 1944ko abuztura arte. Florentino Goicoechea 1980ko uztailaren 27an hil zen, Ziburun, 82 urte zituela[1337].

Iturrioz Malcorra, Manuel

         1902ko abenduaren 23an Orexan jaioa. Mikeletea izanik gerra hasi aurretik Hernanira lekualdatu zuten[1338]. Matxinoen estatu-kolpe saiakeraz jabetzean Hernaniko milizietara batu eta Onddi mendiko gotorlekuan borrokatu zuen[1339]. 1936ko irailean, Gipuzkoa matxinoen esku erortzear zela, Bizkairaino joan zen atzerakadan. Bitarte horretan zauritu zen arren berriro ere fronte lerroa gurutzatu eta milizianoekin batzea lortu zuen. Dragones batailoi sozialistan engaiatu zen orduan, teniente maila lortzera iritsiz. Hernaniar miliziano kideekin batera fronte ezberdinetan aritu zen. Hala nola, Onddi mendian, Kanpazarren, Arraten, Karraskainen, Aramaion, Murumendin Intxortan. Gipuzkoa matxinoen esku erortzean Bizkaian jarraitu zuen borrokan: Durangon zein Lemoan, besteak beste. Borroka hauetan zauritu eta Santanderrera eraman zuten gainontzeko milizianoekin batera[1340].

         Orduan, Dragones eta Larrañaga batailoietan geratzen zirenak Asturiasera joateko prestatu ziren. Hain zuzen ere, 164. Brigada Mistoko batailoiko kapitaina izan zen Manuel 1937ko maiatzetik aurrera[1341]. Gerraren garapena ikusita itsasoz ihes egiteko saiakera egin zuten, baina Itsas-Armada Frankistak atzitu eta Ribadesellan espetxeratu zuten. Handik Santoñako espetxera lekualdatu zuten. Espetxe honetan zama lanak egiten zebiltzan egun batean ihes egitea lortu zuen, eta Donostiara iritsi zen trenez. Pirinioak oinez zeharkatzea lortu eta Ipar Euskal Herrira heldu zen. Ez zen baina denbora asko egon bertan, izan ere, borrokara batu zen berriro. Kasu honetan, Brigadas Internacionales-eko 153. Brigada Mistoarekin borrokatu zuen.

         Otsailaren 26an berriro ere muga zeharkatu behar izan zuen. Kasu honetan, ordea, frantziar poliziak Portbouen harrapatu eta Argelés-sur-Mer kontzentrazio esparrura eraman zuen. Manuel Iturriozek, berriro ere, ihes egitea lortu eta Ipar Euskal Herrira abiatu zen, Bidarteko La Roseraie ospitalean pasa zuen sasoi bat gerrako zauriak sendatzen. Herri ezberdinetatik ibili ostean Zibururako nazionalitate agiria lortu zuen, eta inguru horietan ezarri zen[1342].

         Ordutik aurrera, Manuel Iturrioz Comète Sarearen baitako aurrendari bilakatu zen. Izan ere, II. Mundu Gerraren testuinguruan Alemania Naziaren kontrol-esparruetan zeuden aliatuen muga zeharkatzen laguntzen ibili zen zen 1942ra arte[1343]. Izan ere, apirilaren 18an Errenteriara bidean zihoala harrapatu eta Irunera eraman zuten. Bertan, Meliton Manzanasen torturak jasan behar izan zituen. Aldi honetan hirugarrenez lortu zuen Miguelek gatibualditik ihes egitea, Oiartzuneraino iritsiz.

 

Manuel Iturrioz Malcorra,
erretratua.
(airmn).

 

Manuel Iturrioz Malcorraren
errefuxiatu fitxa.
(airmn).

 

         Bien bitartean, agintari frankistek bere aurkako auzi bati hasiera eman zioten, auzi-ihes egoeran matxinoen aurka egindako borroka zela eta. Hala ere, ez erregimen frankistak ez eta naziek ez zuten ezagutu Manuelek mugalari bezala egiten zuen lana. Horregatik, ez zuten atxilotu eta auzia largetsi zuten[1344]. 1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitzear zela, Manuel Iturriozen emazteak —Asuncion Escudero— eta seme-alabak muga zeharkatzea lortu zuten eta familia elkarrekin Donibane Lohizunen bizitzen ezarri zen. Bertan espartinak egiten lan egin zuen Manuelek. Familiak ezin izan zuen muga gurutzatu Francoren diktadura guztian zehar, 1981ean Donostian bizitzen ezarri ziren arte[1345].

 

 

4.7.2. Makiak eta borroka klandestinoak

 

         Maqui hitza, korsikar jatorrikoa, Frantzian erabili zen erreklutatze deia saihesteko mendi eta baso artean ezkutatzen zirenak izendatzeko. Hain zuzen, etimologikoki “sastraka eta sasitzaz estalitako lurraldea” adierazten baitu. Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, hain zuzen, errekrutatzearen derrigorrezko lanetan sartzetik ihes egiten zutenei erreferentzia egiteko hasi zen erabiltzen. Pixkanaka baina, makien artean elementu politizatuak txertatzen hasi ziren, borroka-talde gisa antolatzen hasiz. Horrela, Frantziar Erresistentziarekiko harremanak egiten ere hasi ziren, talde antolatuetan bizi ziren borrokalari militarrak izatera iritsiz. Azkenik, maki hitza frantziar erresistentziako zein erresistentzia antifrankistako gerrillariak izendatzeko erabiltzen da[1346].

         Frantziako kontzentrazio esparruen atalean ikusi dugunez, Kataluniaren okupazioaren ostean errefuxiatu-olatu kopurutsu batek jo zuen Frantziako mugetara. Norbanako hauetako anitz sartu zituzten frantziar gobernuak antolaturiko esparruetan. Bigarren Mundu Gerrak eztanda egitean baina, nazien okupazioaren ondorioak ere pairatu zituzten errefuxiatuek, eta hauetako asko frantziar erresistentziaren baitan antolatzen hasi ziren. Testuinguru horretan, gune menditsuetan kokatutako Langile Konpainietan frantsesek zein errefuxiatu errepublikarrek lehen erresistentzia koadroak sortu zituzten. Hemendik sortu zen, egin-eginean ere Agrupacion de Guerrilleros Españoles delakoa[1347].

         Bada, errepublikar ugarik, diktadura frankistari aurka egiteko gune apropos gisa ikusi zuten Pirinioetako muga-ondoa. Horrela, 1944an, frantziar erresistentzian parte hartu zuten espainiar makien buruzagi batzuk Ipar Euskal Herriko herrietan kokatu ziren, eta bertan gerrillari taldeak antolatu zituzten. Chueca Intxustaren (1990) hitzetan, Pirinioetan kokatutako 1000 gerrillaritik 700 Oloron, Maule eta Ustarizen artean kokatzen ziren, PCE-ren “Batasun Nazionalaren” batzordepean. 1944ko urrian inbasioa burutu zuten bi ardatzetatik, hauetako bat, Iratiko basotik hegoalderantz sartu zen eta, bestea, Garazi eta Larrautik Aragoi alderaka. Borrokaldiak egon ziren Guardia Zibil zein soldaduekin, baita hildakoak ere[1348].

         PCEren zuzendaritzak porrota aitortu eta beste era batera antolatu zuen gerrilla: ekintzak burutuko zituzten talde txikitan. Horrela, 1944ko udazkena eta 1945eko uda bitartean Frantzian aritutako maki ugari Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ezarri ziren. Beste euskaldun batzuek, ordea, Espainiako zonalde ezberdinetan gidatu zituzten gerrillak[1349].

         Makien mugimenduan ere kontuan izan behar dena da Espainiar Estatuko probintzia ugari lehen unetik kolpisten kontrol eremuetan geratu zirela eta bertako errepublikazale, anarkista eta komunista ugarik erregimenaren errepresio bortitzetik ihesi mendira ihes egiteko hautua egin zutela —Extremadura, Kantabria edota Andaluzian, esaterako—, non gerrillari taldeak eratu zituzten, hasiera batean bizirautera mugatu zirenak baina denborarekin antolatuz joan zirenak. Bestetik, armada frankistak eskualde bat bereganatzean, ihes egiteko aukerarik izan ez zuten pertsona edota milizianoek bide bertsua hartu zuten, mendi eta gune isolatuetan gerrillari taldeak eratuz, frankisten aurka erabili zituzten armak baliatuz (Euskal Herritik gertu Kantabria, Asturias, Leon eta Galiziako mendietan esaterako eta Aragoi, Teruel edota Castellon ere). Azkenik, gehitu behar zaizkie hiri eta herri ezberdinetan, erbestetik edota kartzelalditik itzuli ziren ezkertiar eta errepublikazaleak, nahiz eta errepresioa bortitza izan, klandestinitateko egiturak eratzen hasi zirela lehen urteetatik.

         Ulertu behar da, makien borrokaren atzean zegoen motibazioetako bat itxaropena izan zela. Erregimen naziaren kolapsoaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, batez ere, Francoren erregimena ere eror zitekeela uste zen. Itxaropen hori zabaldu egin zen gerrillarien artean. Espero zuten nazioarteko presioa eta aliatuen elkartasuna erregimen frankista ahultzeko funtsezkoak izan zitezkeela. Itxaropen emozio horrek motor gisa jokatu zuen, eta maki asko borrokarekin bat egitera eta baldintza oso zailetan irautera bultzatu zituen.

         Hernaniko herriaren inguruan ere, badaude makiekin loturiko pertsonak eta gertakariak. Esaterako, Hego Euskal Herrian sarturiko gerrillari talde batek Hernanin gorde zuen armamentua. 1945ean ere, sei gerrillarik muga zeharkatu eta Urnieta-Hernani aldera iristea lortu zuten. Gertakaririk nabarmenena baina, 1948an Lasarten jazotakoa litzateke agian. Azaroaren 15ean Donostiako Easo plazan maki bikote bati dokumentazioa miatu zien polizia agente batek, baina ihes egitea lortu zuten, prentsaren arabera, polizia tirokatuz. Hurrengo egunean Lasarteko tren geltokian aurkitu zuten makietako bat, baina berriro ere ihes egitea lortu zuen. Hilaren 17an, ordea, berriro aurkitu egin zuten Lasarte eta Oriaren arteko zubia gurutzatzen zegoela. Zubieta mendira iristea lortu zuen arren, arratsaldean aurkitu eta tiroz hil zuten mendian bertan[1350].

Beguiristain Matesanz, Jesus

         1908ko abenduaren 29an Tolosan jaioa. Gerra aurretik Lasarteko Kale Nagusian bizi zen Bernarda Zubizarreta emaztea eta azken honen ama —Dolores Solaverrieta—, anaia —Jose Zubizarreta—, eta bien seme Eduardorekin batera[1351]. Grabatzailea ofizioz, Bernarda Zubizarretarekin zegoen ezkondua. Bere aita Eduardo Beguiristain Mugica eta Julian anaia ere Kale Nagusian bizi ziren. Bere familiaren antzera, Jesus Beguiristain langile mugimenduko kide nabarmena izan zen gerraren aurretik: PCE alderdiko, UGT sindikatuko zein JSU antolakundeko militante izan zen.

         Gerra hastearekin batera, kolpisten aurka borrokatzeko eraturiko milizietara batu zen, Bala Roja miliziano konpainiako kapitain gisa aritu zelarik Urnietako Buruntzako gainen defentsan[1352]. Gipuzkoa matxinoen esku erori zenean baina, Bizkaian errefuxiatu zen emaztearekin eta Eduardo izeneko semearekin batera. Hala ere, gutxira borrokara batu zen berriro ere, kasu honetan, UHP batailoian kapitain izatera iritsiz. Kantauriko hegiko frontean borrokatu zuen maior mailaraino, eta itsasoz ebakuatzea lortu zuen frontearen gainbehera eman zenean. Orduan, errepublikarrak ziren zonaldeetara iritsi eta 103. Brigada Mistoan aritu zen, 1937ko azaroan komandante izatera iritsiz.

         Gerraren azken hilabeteetan baina, Frantziako Estatura errefuxiatu gisa ihes egin behar izan zuen, non kontzentrazio esparruetan sartu zuten. Bestak beste, Argeles-sur-Mer herrikoan eta Gurs-eko kontzentrazio esparruetan[1353]. Bigarren Mundu Gerraren harira, Frantziaren kapitulazioaren aurretik jada esparruetatik irtenda zegoen eta Parisen bizi zen. PCE-rentzat egiten zuen lan bertan, grabatzaile ofizioa baliatuz dokumentazio frankista faltsutzeaz arduratuz. Mundu Gerra amaitu zenean PCE-rentzat dokumentazioa faltsutzen jarraitu zuen klandestinitatean. Bizipenek zein bizi baldintzek bere osasuna kaltetu zuten, eta 1964an hil zen birikako minbiziaren ondorioz[1354].

         Vicorio Vicuñak ondo azaltzen du Beguiristain Matesanz familiaren inguruko errepresioa Mikel Rodriguezen (2009) liburuan:

         “Gurasoak Izquierda Republicanaren sortzaileak izan ziren Lasarten. Aita Burgosen fusilatu zuten, eta amak ez dakit zenbat urte eman zituen kartzelan. Bere anaia Julian tanke amerikar batean kiskalita hil zen. Tira, ez dut familia honetaz gehiago esan behar. Halako eskuak zituen, non zigilu bat marrazten baitzuen gutunean eta arazorik gabe insten baitzen helmugara. Jesusen arazoa zen bera eta Domingo zirela Espainiako eta Frantziako polizia sekretuaren helburu nagusia. Horregatik, giltzapetuta bizi ziren, eguzkiaren argia ikusi gabe, Alderdiarentzako dokumentuak faltsutuz, asko erretzen zuten eta koñaka asko hartzen zuen itxialdiari eusteko. Azkenean, biriketako minbizia izan zuen eta hil egin zen. Haren ehorzketara hiru mila espainiar baino gehiago joan ziren"[1355].

Usabiaga Jauregui, Marcelo

         1916ko urriaren 16an Ordizian jaioa. Bere aita Miguelen lana tarteko, hainbat herritatik igaro ostean Irunen bizitzen ezarri ziren haurra zenean. Aita, Dominica ama eta hirurak ezarri ziren bertan. Errepublika garaian PCEren gazte antolakundera afiliatu zen. 1934ko Urriko Iraultzaren testuinguruan, iraultzaileak mugaz bestalde igarotzen laguntzen aritu zen eta, ondorioz, lehenengo aldiz atxilotu zuten[1356].

         Gerra Zibilaren hasierarekin kolpisten aurka borrokatzeko milizietara batu zen, kokapen ezberdinetan borrokatuz. Irun erortzear zela, ordea, Bidasoa igaro eta muga zeharkatu zuen. Urte batzuetan Auzitegi Militarretan egindako deklarazio batean azaldu zuen orkatilan egindako zauri baten ondorioz Hondarribitik Hendaiara eraman behar izan zutela ospitaleratzeko. Egun batzuen ostean I par Euskal Herritik Kataluniarako bideari ekin zion. Bertatik, Errepublikaren defentsara batu zen berriro ere miliziano gisa, esaterako, Ramon Casanella zutabean aritu zen Madrileko frontean.

         Hainbat fronte eta kuarteletik igaro ostean Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, Euskadiko Gudarostera batzeko helburuarekin. Aurreko hilabeteetan eginiko bidea atzera-egin ostean itsasoz Bilbora iristea lortu zuen, non Rosa Luxemburgo batailoi komunistan jardun zuen borrokan. Gutxira, JSU antolakundearen agintaritzak deituta, honen aginduetara jarri zen Asturiaseraino atzera eginez, nondik 1937ko urrian ihes egitea lortu zuen itsasoz.

         Berriro ere Frantziakora ihes egin eta iritsitakoan Kataluniara itzultzea erabaki zuen, non JSUren aginduetara jarri ostean berriro Armada Errepublikarrera batu zen. Defentsa antiaereoaz arduratzen zen DECA (Defensa Españoles Contra Aeronaves) antolakunde militarrean borrokatu zuen ordutik aurrera. Valentzia frankisten esku erortzean Zezen Plazan aurkeztu eta atzitu egin zuten 1939ko apirilean[1357].

         Orduan, espetxeratu eta bere aurkako prozesua hasi zuten auzitegi militarrek. Gerra Kontseilua 1940eko apirilean burutu zen, eta 30 urteko espetxealdira kondenatu zuten, San Miguel de los Reyeseko kartzelara lekualdatu zutelarik. Bertatik Ondarretara eraman zuten 1943ko uztailean, eta egun gutxira, Arroako Destakamendu Penalera lekualdatu zuten. 1944ko irailean bertatik ihes egitea lortu zuen[1358].

         Berriro ere muga zeharkatu eta polizia frantsesak atxilotu egin zuen. Gutxira baina, maki talde bat iritsi zen preso zegoen tokira. Hauekin batzea erabaki zuen Marcelo Usabiagak. Horrela, 1944ko urrian hauek “Reconquista de España” izendatu zuten erasoaldian parte hartu zuen, Nafarroa berreskuratzea helburu zuen miliziano taldera batuz. Honek porrot egin zuen egun gutxian eta, berriro ere, Pirinioen iparraldera igaro behar izan zuten. Orduan, Marcelok militatzen zuen PCE alderdiak estrategia aldatu eta Espainiar Estatuan komando edota talde txikien infiltrazio kanpaina bat abiatzea erabaki zuen. Pedro Barroso buru zuen talde horietako bateko kide gisa, 1944ko azaroan Bidasoa gurutzatzeko agindua jaso zuen, Euskal Herrian PCEren berreraikuntzan lagundu eta gerrilla taldeak sortzeko egiturak eraikitzeko helburuarekin. Horretarako dokumentazio faltsua, baliabide ekonomikoak eta armak jaso ostean muga zeharkatu zuen taldeak, baina kideetako batek metraileta baten kargagailua galdu eta hau poliziaren eskuetara iristean kideen aurkako operazio bat abiatu zuten hauek eta hurrengo egunetan hamarnaka pertsona atxilotu zituzten, tartean, Marcelo Usabiaga ere.

         Ondorioz, berriro ere kartzalaratu zuten eta bere aurkako bigarren prozesu bat abiatu zuten. Atxilotuak bortizki torturatu zituen Meliton Manzanas polizia ezagunak agintzen zuen taldeak, eta atzemandako dokumentazioa zein armez gain, torturapean jasotako deklarazioetan oinarrituta 1945eko uztailean Donostiako Loiolako Kuartelean beraien aurkako Gerra Kontseilua burutu zuten militarrek[1359]. Bertan, taldeko bost kide heriotza-zigorrera kondenatu zituzten, Gerra Zibilean milizianoak izan eta maki gisa erregimen frankistaren aurka borrokatzeagatik, nahiz eta Pedro Barroso izan zen fusilatu zuten bakarra. Marceloren kasuan 20 urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten eta bere espetxeko espedientean ikus daitekeenez “fuguista” gisa sailkatu zuten. Ondorioz, erregimen berezi batean eta iheslari izandako presoentzako espetxeetan egon zen preso.

         1940 eta 1950 hamarkadetan preso askok kondenen kommutazioak jaso arren, maki izandako gehienek kartzeletan jarraitu zuten, Marcelo kasu. Izan ere, Puerto de Santa Mariatik eta Burgoseko Kartzela Zentraletik igarota 1960ko uztailean atera zen baldintzapeko askatasunean[1360]. Aske geratzean Hernanira bizitzera etorri zen Bittori Barcena bikotearekin batera, Orbegozo fabrikan hasi zelarik lanean. Bittori Barcena ere PCE eta hainbat antolakundetako militante ezkertiar eta komunista izan zen, Marcelo kartzelan zegoenean ezagutu eta alor guztietan sostengu izan zitzaion gatibutasuneko urteetan.

 

 

 

 

[1324] Jimenez de Aberasturi, J. C., 1997, 121-131 or.; Juan Carlos Jiménez de Aberasturi Corta (1945) izan da sare honetako euskaldunen inguruan sakonki ikertu duen ikerlari nabarmena.

[1325] Jimenez de Aberasturi, J. C., 2006

[1326] Jimenez de Aberasturi, J. C., 1992.

[1327] Sanchez Agusti, F., 2010.

[1328] Jimenez de Aberasturi, J. C., 1992.

[1329] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren datuen arabera, 1897ko ekainaren 18an jaio zen eta Florencio izena zuen.

[1330] Jimenez de Aberasturi, J. C., 2006.

[1331] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1332] Jimenez de Aberasturi, J. C., 2006.

[1333] EAH / AHE // Gurseko fitxak; Fichas de Gurs.

[1334] Jimenez de Aberasturi, J. C., 2006.

[1335] ibídem.

[1336] ibídem.

[1337] Jimenez de Aberasturi, J. C., 1992, 1997 eta 2006.

[1338] Cabanellas, J., 2018.

[1339] Egaña, I., 1998.

[1340] Iturrioz, J. M., 2011.

[1341] CDMH, sig. PS_SANTANDER_D_7.

[1342] Iturrioz, J. M., 2011.

[1343] Ibídem.

[1344] AIRMN, 2452/42 Sumarisimo Arrunta.

[1345] Jimenez de Aberasturi, J. C., 2006.

[1346] Vilanova, A., 1969.

[1347] Apaolaza Avila, U., 2001, 105-118 or.

[1348] Chueca, J., 1990.

[1349] Rodriguez, M., 2000.

[1350] El Diario Vasco, 1948ko azaroaren 18koa.

[1351] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1352] CDMH, sig. PS_BILBAO_64.

[1353] EAH / AHE // Gurseko fitxak; Fichas de Gurs.

[1354] Rodriguez, M., 2009.

[1355] Ibídem.

[1356] Apaolaza Avila, U., 2015, 25-27 or.

[1357] AIRMN, 707/44 Sumarisimoa.

[1358] Burgoseko Probintzia Artxiboa, espetxeko espedientea.

[1359] Apaolaza Avila, U., 2015.

[1360] Burgoseko Probintzia Artxiboa, espetxeko espedientea.

 

__________

 

5.
Lekukotzak

 

__________

 

Caraciolo Zuaznabar, Concepcion (Kontxi)

 

 

         1933ko otsailaren 24an Hernanin jaio zen. Juanita Zuaznabar Olazaguirre eta Crescencio Caracciolo Iriberteguiren alaba. Frantziara ihes egin zuen bere ama eta hiru anai-arrebekin batera (Mikeli, Kontxi, Modestita eta Santiaguin, azken hau jaio berria zen). Bere aita, berriz, gerra hasi zenean frontera joan eta lehenengo hilabetetan hil zen. Bonbardaketaz, erbestean bizitakoaz eta etxera itzultzerakoan topatu zutenaz oso ondo oroitzen da.

         Zer oroitzapen dituzu gerraren hasieraz?

         Dakidan guztia amak kontatzen zuena da. Mutikoa jaio zen. Nire aita etxera etorri zen egun batean eta amari esan zion “Juanita, gerra hasi da". Eta susto handia izan zen. Tilos-en atzera eraman zuten bataiatzera, jaioberria zen, garai hartan uste baitzen batailatu ezean linbora joaten zirela. Tiro artean ibili ziren... ondoren bonbak izan ziren. Agustindarren Elizaren atzean bizi ginen gu, Ardo izeneko etxean. Gure baratzetxoa genuen, oilotxoak... Nire aita etorri zen esanez gerra hasi zela eta frontera joan behar zela. Hil zen lehenenetarikoa izan zen bera. Bera frontera joan zen eta gu herrian geratu ginen artean. Baina gure etxetik gertu bonba bat erori zenean, zehazki Agustinetan erori zena, nire amak alde egitea erabaki zuen. Uste dut nire amak koltxoiren bat eta ezinbesteko gauza batzuk hartu eta Aizarnazabalera joan ginela. Bertan, baserri batean ostatu eman ziguten, ukuiluan. Hemengo bizilagun batzuekin joan ginen. Aizarnazabalgoak ez dakit ezagunak izango ziren ala ez. Handik egun gutxira aita frontetik etorri zen, Aizarnazabalera jaitsi zen. Ez dakit oso ondo nondik ibiliko ziren. Amari esan zion: “Juanita, hemendikalde egin behar duzue arriskuan zaudetelako.", “Zer gertatzen da, bada?", “Jakin dugu hemen goian, geletan, Erreketak daudela. Joan zaitezte lehenbailehen hemendik."

         Handik Bizkaira joan ginen. Han ere bonbardaketa asko izan ziren. Amak esan ohi zigun “Kontxi, Mikeli. korri, korri, korr¡...” abiazioa zetorrela sentitzen genuenean, eta zuhaitzen azpian sartzen ginen, ahoan makilatxo bat sartzen zigun mingainari kosk egin ez geniezaion. Jadanik oso gaizki zegoen kontua, eta handik Santanderrera joan ginen. Han ontziratu ginen Frantziara. Dena oso gaizki zegoen. Lehenago Errusiara eraman nahi izan gintuzten, Bilbon geundela. Antza denez, umezurtzak ginenez, gauza bereziago bat egiten ziguten. Baina amak esan zuen: “ez, hiltzen bagara, denak hilko gara hemen”. Baina azkenean Frantziara ontziratu ginen. Nik gogoratzen dut nola mugitzen zen ontzia.

         Nolakoa izan zen Frantziako bidaia eta egonaldia?

         Itsasontziko bidaia beldurgarria izan zen. Cervera atzean genuela atera ginen. Gindoazen ontzia tripulazio txinatarreko ontzi ingeles bat zen. Emakume eta haurrak bakarrik gindoazen, eta denak sotoan sartuta joan ginen. Patata-ontzia zela esan zuten. Bidaia, beldurgarria. haur batzuk eztulka ari ziren, beste batzuk botaka egiten. halakoak izan ziren hiru egun eta hiru gau, Saint-Nazaireko portura iritsi ginen arte, Normandian. Komentu batera eraman gintuzten eta ez dakit zenbat jende genbiltzan, ezta bertan zenbat denbora eman genuen ere. Nire bi anai-arreba txiki gaixotu ziren, eta lau egunetan hil ziren. Lehenik neskatoa hil zen, eta gero mutikoa. Ez dakigu zergatik hil ziren. Kontua da handik urte batzuetara, ikertu egin nuela, eta hil zirela jartzen zuen soilik, ez zen agertzen nork artatu zituen, ez medikurik, ez ezer. Gauza oso arraroak gertatzen ziren. Amak esaten zuen komentu hartan, kafesne katiluetan, orratzak agertzen zirela. Berehala alde egin behar genuen handik. Han utzi genituen bi haur txikitxoak... Bertatik Baionara joan ginen trenez. Eta han, soldaduen kuartel abandonatu batean sartu gintuzten, eta ez dakit amak zenbat denbora eman zuen gurekin. Berehala etorri zen lege bat esaten zuena haurrak soilik egon zitezkeela Frantzian, eta nagusiek alde egin behar zutela. Bi neskatilok utzi gintuen, eta bera Baionatik joan zen.

         Bera hona itzuli zen eta sekulakoak biziko zituen. Hau jada galduta zegoenez, Kataluniara joan zen. Gironatik, Bartzelonatik... ibili zen, babeslekuz babesleku. Ez zihoan bakarrik. Hernaniko Maria Argintxua batekin zihoan. Hura umeekin zihoan. Kontua da han oso gaizki pasatu zutela. Istorio asko kontatzen zituen: ez zuten ez errazionamendurik ez ezer, eta baratzeetara joan behar izaten zuten lapurtzera. Eta handik, asko ibili zen lanean: bonba-fabrika batean egon zen, bonbei espoletak jartzen. Odol-ospitale batean ere, Kataluniatik gerrak jarraitzen zuenez eta zauritu asko etortzen zirenez... bertan egon zen lanean. Batez ere maindireekin hesgailuak jartzen ibiltzen zen, gerratik zetozen zauritu guztiei jartzen zizkien. Garai artan, amak alarguntasun pixka bat kobratzen zuen hilabete batzuetan, nire aita hil baitzen. Gero gerra galdu zen. Hildako asko ikusi zituela zioen, eta ikaragarria zela. Orduan, amak muga zeharkatu zuen berriro, Portbouko mugatik. Gero, Frantzian, etxe batera eraman zituzten. Amak 40 kilo besterik ez zuen pisatzen une artan, eta esaten zuen hain argal zegoela begiak besterik ez zitzaizkiola ikusten. Taberna batean egon zen, garbitzen, arropak garbitzen... Hau guztia Paris aldean gertatu zen.

         Baionako kuartel abandonatu hartan utzi gintuen amak. Baina handik, Biarritzeko etxe batera eraman gintuzten. Baina etxe horrek eroriko zitzaion horma bat zuen, eta handik beste etxe batera eraman gintuzten, Maison Blanc. Etxe horretan denok zaintzen gintuzten emakume batzuk zeuden, Hernaniko senar-emazte batzuk ere bai, herri artan sukaldari egon zirenak. Hango eskola publikora joan ginen urtebetez, baina gero ez ziguten jarraitzen utzi. Guztira 2 urte baino gehiago eman genituen, idazten eta dena irakatsi ziguten. une hartan beste gerra bat hasiko zela zioten zurrumurruak zeuden, eta kasu horretan handik mugitu beharko genuen. Eta hala izan zen, egun batean dena prestatu ziguten, maletak eta guzti, eta hona ekarri gintuzten. Muga pasatzean, izututa geunden karabineroekin. Kontua da Hondarribira ekarri gintuztela. Etxe handi batean hartu gintuzten ostatu. Han dena oso gaizki zegoen. Nabari zen gerra igaro zela, eta Frantzian bizi izan genuena baino askoz okerrago zegoen. Gela batzuetan sartu gintuzten, ohe zikinekin, arkakuso-kakaz beteak. Janaria kuartel gisa egiten zuten, etxetik kanpo. Oso gaizki, oso itsusi, beste mundu batera etorri ginen, aldea nabari zen. Egun osoa ematen nuen negarrez. Egun batean etxeko maila batean eserita geundela, eskaileretatik bi emakume zetozela ikusi genuen. Biak isilik, baina begira, “Nor izango dira?”. Haiek ere begiratzen gintuzten, eta batak besteari esan zion: “Horiek ez al dira zure neskatoak, Mikeli eta Kontxi?”. Amak ez gintuen ezagutzen. Hurbiltzen joan ziren eta berehala ezagutu genuen elkar. Imajinatu dezakezu unea. nire arreba, oso azkarra zena, bulegariarengana joan behar genuela esan zuen, iritsi zirela esateko. Bulegariak galdetu zigun ea ziur geunden hori gure ama zela. Baietz esatean, geneukana jaso eta alde egiten utzi zigun.

         Nola aurkitu zenuten etxea?

         Hernanira etorri ginen. Eta bizitza tristea hasi zen berriro, oso tristea. Udazkenean heldu ginen Hernanira, uste dut, egun euritsua zen, oso itsusia. Izebak, nire amaren izebak, bere etxean hartu gintuen. Etorri ginenean ez baikenuen ezer. Amak esaten zuen bezala: zerua eta lurra, besterik ez. Ez genuen ezer. Dena kendu ziguten, etxea, altzariak, dena. Seguruenik pentsatuko zuten hiru urteren ondoren ez ginela itzuliko. Baina amaren izebaren etxean ez zeuden gustura gurekin. Beste ideia batzuk zituzten. Alaba Falangeko burua zen. Eta guk edozein gauzatarako eragozten genituen. Dena gaizki iruditzen zitzaien. Andre jator bati esker, amak etxe bat lortu ahal izan zuen azkenean. Nire ama nor zen konturatu zenean, hurrengo egunerako etxera joan gintezkeela esan zion. Andrekale kalean zegoen. Dena kendu ziguten, etxea eta dena. Ezer gabe geratu ginen. Nire ama pixkanaka joan zen gurea zena lortzen. Altzariren bat handik zegoela jakinez gero, ba berreskuratzera joaten zen. Berreskuratu zituen zenbait gauza amak. Baina etxe berrira (Andrekalen) joan ginen lehen aldian, hutsik zegoen dena, ez zegoen ezer. Gogoan dut nola jan genuen fruta-kaxa baten gainean jarrita. Mahai gisa jarri genuen. Ez genuen ez aulkirik ez ezer, lurrean jarri ginen. Nire amak gutxika ekarri zituen gauzak. Asko mugitu zen. Ez genuen izararik ere.

         Horrela, nire ama lan bila hasi zen, jan behar genuelako. Ez baitzioten lanik ematen inongo fabriketan, ezta inon ere. 34 urterekin zaharra zela esaten zioten. Neskame gisa ibili behar izan zen, arropak garbitzen eta sardinak saltzen. Utzi egin zuen hori, eta ondoren ireki zuten lantegi batean hasi zen, Prodelin izenekoa, pilak egiten zituena. Han egon zen Prodelin fabrikan urte askoan. Floridatik Ergobira joan ziren, eta handik Zikuñagara. oinez joan behar zuen.

         Garai hartan, gu (bi ahizpak) Auxilio Social-era joaten ginen. Ahizpak zerbait jaten zuen. Baina Auxilio Social-ean hain janari txarra ematen ziguten, non nik ezin bainuen jan. Ezinezkoa zen. Etxera joan eta amaren janaria jaten genuen. Amak esaten zigun: “Hau ezin da izan, nik ezin dut jan gabe egon. Nola joango naiz horrela lanera?”. Hortik aurrera, hiruren artean jaten hasi ginen janari guztia.

         Nire arreba 13 urterekin hasi behar izan zen lanean, puntuzko lantegi batean. Eta ni, nire adinarekin, etxea zuzentzen geratu nintzen. Etxekoandre gisa. Amak esaten zidan hori zela egin behar nuena. Baina kontua zen ez zegoela ia ezer: ez zegoen babarrunik, ez zegoen ogirik... ogia errazionamenduan ematen zizuten, baina zati txiki bat izaten zen. Egun osoa eman behar zenuen harekin. Oso gaizki. Goseak egon ginen. Ez zegoen oliorik. Nik mandatuak egiten nituen, arrandegira joan, sua egiteko egur bila joan,.

         Nolabaiteko aipu-galtze sozialik izan zuen?

         Nire amak, Hernanira itzuli zenean, denbora luzez Guardia Zibilaren aurrean aurkeztu behar izaten zuen, mundu guztia agertu behar zelako. Dirudienez, egun batean galdetu zioten: “Eta zu?zergatik egin zenuten alde hemendik?” “Bonben beldur ginelako” esan zion amak. “Eta zure senarra”. “Nire senarra frontean hilzen”. Guardia Zibilak koaderno batean zerbait begiratu eta aurkitu zuen: “A, bai, hemen dago. Bada, hemen salaketa bat dago zuretzat. Zu ezzinen mezetara joaten. Hemendik aurrera, igandero, mantila jantzita, hona etorriko zara”. Eta horrela hasi behar izan zen mezatara joaten. Amak esaten zuen, “nola joan behar zuen mezatara lau haurrekin!”. Baina begira nola zegoen jendea (bizilagunak), zein gaiztoa jendea... esan ziotena egin zuen. Mezatara joaten zen, Guardia zibilera... harik eta denbora batera guardia nekatu zen arte, eta esan zion: “tira, nahikoa da, zoaz eta ez etorri gehiago, joan zaitez pikutara”.

         Orduan esaten zen “de los rojos”. Familia oso gaizki portatu zen. Amak hiri batean ere egin zuen lan, neskame gisa. Gobernadore Zibilarena zen. Lehengusina, Falangeko burua zena, gobernadorearen emaztearen laguna zen. Eta badirudi egun batean esan ziola amak gauzak hartzen zituela etxetik, janaria lapurtzen ziola. Hori ez zen gezurra. Guk ez genuelako ezer. Nire amak azukre pixka bat hartzen zuen, ahal zuen moduan. Ahal zuenetik pixka bat hartzen zuen. Bi pezeta besterik ez zion ematen eta horrekin ez zeukan ezertarako. Lehengusinak esan omen zion amak zakuka eramaten zituela gauzak etxetik. Nire amak esan zion andreari: “noizbait ikusi ahal didazu zerbait?”. Izan ere, lehengusinak gauzak zakuka eramaten zituela esan arren, ez zen egia. Kolkotik zerbait sartu eta kito. Begira zer izango zen, bere gelako gau-mahaian gordetzen zuela. Gainera, izebari emateko ere zen, haiek ere ez bait zebiltzan arrakastatsu.

         Esan zion: “Begira, andrea, nik ez dizut ukatuko hemendik gutxi eta handik beste gutxi hartu dudanik. Izan ere, ikusten dut beren haurrei edalontzian geratzen zaien bitartean, nik ez daukadala nire alabei emateko”. Eta andreak esan zion: “Ba eraman itzazu ospitalera”. Eta amak erantzun zion: “Begira, andrea, ospitalera zuk eramango dituzu, baina nik nire neskatoak maite ditut, zuk zureak maiteko dituzun bezala. Eta ez esan lapurtu dudala, nik ez baitut ezer lapurtu. Nik hartu dudana jateko izan da, eta garai hauek beste batzuk ekarriko dituzte, mendi guztiak igotzeko eta jaisteko diren bezala. Eta begi guztiek ez dute egun bakarrean egiten negar”. “Zer esan nahi du horrekin?”. “Zuk pentsatu”.

         Nire ama dirurik gabe geratu zen. Amak lehengusinak egin ziona kontatu zuen (andrearen aurrean salatu zuela). Eta noski, izebak jakin zuen. Baina etxe hartatik joanak ginen. Amak beti bidaltzen gintuen izebarenera. Nire ama oso irekia zen. Orduan izebarengana zerbait eramatera bidaltzen gintuen. Postretxo bat ematen zigun. Baina izebak esan zigun hauetako batean, etxera itzultzean: “Esan amari mihiarekin kontuz ibiltzeko, Guardia Zibilera eramango dut eta”. Guk, beldurtuta, dena kontatu genion amari, eta berak erabaki zuen ez ginela gehiago joango.

         Nolakoa den bizitza. Nire amaren izeba, gutxira, auzokoei lapurtu zielako hil zela. Lehen solairukoek baratzea eta patatak zituzten. Nire amaren izebak patatak hartzen zizkien. Auzokoek bazekiten lapurtzen zietela, baina ez zekiten nork. Egun batez zelatan jarri ziren. Eta bera zen, amaren izeba. Emakumeak halako izua hartu zuen, bere burua salatzera joan zela. Guardia Zibilera joan zen auzoko patatak lapurtu zituela esatera. Dirudienez, atsekabeak gaizki hartu zuen, eta gau hartan bertan hil zen. “Me iré al infierno” esaten joan zen.

         Estraperloa

         Nire ama ogiarekin ere ibili zen. Donostiatik ekartzen zuen Hernanin saltzeko. Gure etxean gordetzen zuen, armairu baten gainean. Baina herriko okinek ere salatu zuten, eta hori ere utzi egin behar izan zuen. Normalean jende diruduna etortzen zen ogia erostera. Dirurik ez zegoelako. Ahal zutenek, erosi egiten zuten. Beste asko irinarekin ibili ziren, eta treneko leihotik botatzen zuten dena polizia zetorrela ikusten zutenean. Bera ez zen horretan ibili. Egunerokotasunean asko borrokatu behar izan zuen. Lantegi berean inbidia asko zegoen.

         Non eta nola hil zen Crescencio?

         Nire aitak idealak zituen eta oso borrokalaria zen. Langilearen onerako borrokatzen zuen. Gu beti izan gara ezkertiarrak. Nire amaren aldetik, Karlistaldietan, nire amaren aitona-amonak liberalak ziren. Ezkerrekoak ziren eta ni oso harro nago. Gerra hasi zenean, berehala mobilizatu eta frontera joan zen. Dragones batailoiarekin egon zen. Uste dut, aita hil zen egun berean, Hernaniko 7 bat hil zirela. Eibarren hil zen, Kalamuako gainean, Arraten barrena dagoela uste dut. Jaitsi egin zuten, baina hilotz jaitsi zutela uste dut. Buruan eman ziotelako. 1936ko urriaren 8an hil zen, goizeko 7etan.

         Ez dakigu zer gertatu zen gorputzarekin, Frankismoaren garaian ez zenuen galdetuko non zeuden zure hildakoak. Baina egun batean senarrarekin joan nintzen. Bagenekien Eibarren hil zela, baina ez dakigu zer gertatu zen gorputzarekin. Ez dakigu bera lurperatzeko astirik izan zuten edo zer. Edo jakin ezazu zer gertatu zitzaion. Ez dakigu ezer.

         Ba al da senide errepresaliatu gehiagorik?

         Bai. Nire aitaren aldetik ezin dizut ziurtatu, baina nire aitaren 3 edo 4 lehengusu hil zirela uste dut. Caracciolo bat, iloba. Neska bat salbatzeagatik hil zen. Bonbardaketak zeuden eta tunel batean babestuta zeuden, Bizkaian ziur aski. Neska bat korrika zihoan tunelean sartzeko. Bera laguntzera atera zen, nire aitaren iloba, baina bonba erori egin zen eta biak hil zituen. Gorospe familiakoa zen. Beste lehengusu bat ere hil zen.