Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
4.1.
LANGILE PUBLIKOEN GARBIKETA
Garbiketa-prozesuen gaiaz jardutean, langile publikoen aurkako errepresioaz ari gara hizketan. Agintari frankistek burututako garbiketa-prozesuak bi oinarri nagusitan euskarritu ziren. Lehenik, Errepublikan eta gerran zehar udaletako langileek izandako jarrerak zigortu nahi ziren. Bigarrenik, haien karguetatik kanporatu nahi zituzten ideologia frankistarekin bat ez zetozen langile publikoak eta funtzionarioak. Prozesu horrek, aldi berean, funtzio paralelo batzuk zituen: karguetan erregimenari leialak zitzaizkion pertsonak jartzea, eta gerran kolpistekin kolaboratu zutenak lanpostuen bidez saritzea[13].
Horretarako, gerra amaitu aurretik ere, garbiketak administrazio-prozeduren bitartez egiteko araudia zuten. 1936ko irailaren 13an, Hernani frankisten esku geratu eta biharamunean, Defentsa Batzorde Nazionalak 108/36. Dekretua onartu zuen. Xedapen horrek Fronte Popularrean parte hartu zuten alderdi eta talde politiko guztiak legez kanpokotzat jo zituen, baita kolpisten aurka agertu ziren erakunde guztiak ere. Horren ondorioz, alderdi ezkertiar eta nazionalista guztiak legez kanpo geratu ziren. Era berean, Dekretuaren hirugarren artikuluan langile publikoak zuzendu, alboratu eta kargugabetu ahalko zirela ezarri zen hauek “mugimendu nazionalaren edo aberriaren aurkako jarduerak eginez gero[14]”.
1936ko abenduaren 3an, berriz, Estatuko Batzorde Teknikoak beste Dekretu bat eman zuen, eta bertan honako hau zehazten zen: “Uztailaren hemezortzitik aurrera askatutako eremuko egoitza ofizialetik kanpo eskuduntza duen agintaritzak emandako inolako baimenik edo eginkizunik gabe egon diren, edo baimen horiek amaitutakoan aurkeztu ez diren funtzionario guztiak kargutik kenduko dira espedientea osatugabe[15]". Hau da, prozedura formalik egin gabe.
Garbiketa prozesu hauek sektore ezberdinetako langile publikoek pairatu zituzten, eta xede orokorra berdina bazen ere, talde bakoitzak bere ezaugarri zehatzak izan zituen. Hori horrela, garbiketa pairatutako hernaniarrak kontuan hartuta, atal honetan garbiketa jasandako lau enplegatu publiko mota bereizi dira, hots: udal langileak, aldundiko langileak, irakasleak eta trenbideko langileak.
4.1.1. Udal langileen aurkako errepresioa
Irailaren 12an zutabe frankistak Hernanin sartu ondoren, aste gutxiren buruan Gipuzkoako Gerra Karlistaren Batzordeak izendatutako udalbatza bat ezarri zen herrian, hautetsontzietan hautatutako funtzionarioa kargutik kendu ondoren. Zuzenean ezarritako agintari berri hauen helburua “Mugimendu Nazionalaren” baloreak biltzen zituen erregimen bat ezartzea zen, urteetara ideologia frankista bezala ezagutu zena.
Aurrez aipaturiko 108/36 Dekretuaren bitartez, gerraren ondorioz Hernanitik ihes egindako hainbat langile kanporatu zituzten haien lanpostuetatik 1936ko azaroaren 26an: Juan Jose Uria Alberdi, Ramon Ugalde Azpeitia eta Ladislao Egaña kale-garbitzaileak; eta Alejandro Larumbe Esparza ehorzle-desinfektatzailea. Azken hau, esaterako, 1934ko Greba Iraultzailearekin erlazionatu zuten frankistek, zaurituak garraiatzen ibili zelako. Ondorioz, espetxeratua eta epaitua izan ostean, gatibu-lanak egitera kondenatu zuten.
Gerraren ondorioz Hernanitik ihes egin zuten udal langileez gain, beraien lanpostuetan mantendu zirenak ere errepresioa jasan zuten. Hain zuzen ere, 1937ko urtarrilean udal langile ugari ikertu eta soldata edota lanik gabe utzi zituzten beraien militantzia politikoa zela eta. Antonio Zubeldia Sarasola idazkariaren kasuan, bere lanpostutik kaleratu zuten 1937ko urrian, Hernaniko FET-JONSak herrian Franco-ren aldeko ekitaldi batean “Vivan los vascos” oihukatzeagatik. Udalak erregimenaren aurkako aldarria zela ondorioztatu eta, lanpostutik kaleratzeaz gain, bere aurkako salaketa bat jarri zuen.
HERNANIN ZIGORTUTAKO UDAL LANGILEAK
|
IZEN-ABIZENA |
LANPOSTUA |
FILIAZIOA |
KONDENA |
|
Alberro Berasategui, Agustín |
Behin-behineko argi eta ur kontadoreen irakurlea eta kobratzailea |
|
Bere lanpostuko betebeharrak burutzeko gai ez zenez, udal frankistak beste postu lanpostu batean kokatu zuen, kale-garbitzaile gisa [garbitua izan zen bat ordezkatuz][16] |
|
Alcelay Elorza, Julian |
Aguazilen kaboa |
Ezkertiarra |
Hiru hilabete soldata gabe[17] |
|
Arbelaiz Mugica, Bonifacio |
Udal-funtsen gordailuzaina |
Abertzalea |
Hiru hilabete soldata gabe[18] |
|
Arocena, Jose Maria |
Kale garbitzailea |
Abertzalea |
Hilabete bat soldata gabe bere alabei euskarazko izenak ipintzeagatik[19] |
|
Bilbao, Magdaleno |
Aguazila |
Abertzalea |
Bi hilabete soldata gabe bere semeei euskarazko izenak ipintzeagatik[20] |
|
Egaña Larburu, Ladislao |
Kale garbitzailea |
Ezkertiarra |
Lanpostutik kanporatua[21] |
|
Gonzalez Bastida, Jose Maria |
Udal musika bandako zuzendaria |
Abertzalea |
Bi hilabete soldata gabe bere semeei euskarazko izenak ipintzeagatik[22] |
|
Goya, Jose |
Ehorzlea |
Abertzalea |
Sei hilabete soldata gabe[23] |
|
Irujo, Lazaro |
Musikaria |
EAJ / PNV |
Hilabete bat soldata gabe[24] |
|
Larumbe Esparza, Alejandro |
Ehorzle-desinfektatzailea |
Ezkertiarra |
Lanpostutik kanporatua[25] |
|
Olaizola (Almorza edo Gabarain), Jose |
Musikaria |
Abertzalea |
Hilabete bat soldata gabe[26] |
|
Olano Yeregui, Jose |
Lasarteko medikua |
Abertzalea |
Lasarteko medikua izateri utzi zion prozedura amaitu aurretik[27] |
|
Ugalde Azpeitia, Ramon |
Kale garbitzailea |
Ezkertiarra |
Lanpostutik kanporatua[28] |
|
Uria Alberdi, Juan Jose |
Kale garbitzailea |
Abertzalea |
Lanpostutik kanporatua[29] |
|
Zubeldia Sarasola, Antonio |
Behin-behineko idazkaria |
Abertzalea |
Lau hilabete soldata gabe eta, beranduago, lanpostutik kanporatua[30] |
|
Zubimendi Martiarena, Jesus |
Hernaniko organista |
|
Lanpostutik kanporatua[31] |
Ereñotzu zentraleko kasua
Ereñotzuko uharka Hernanin egon arren Errenteriako Udalarena zen jabetzaz, ondorioz, herri honetako udal langileak arduratzen ziren bere kudeaketaz. Gauzak horrela, Hernanin jazo zen bezala, frankistak Errenterian sartu orduko abertzaleak eta errepublikarren aldekoak izan zitezkeen udal langileen aurkako espedienteak ireki zituzten. Uharkako hainbat langile egon ziren prozedura horretan, eta amaitu bitartean lanpostu eta soldata gabe utzi zituzten. Erabaki honen aurka lau langileek errekurtsoa jarri zuten eta, ondorioz, 1939ko maiatzean lanpostura itzultzea lortu zuten.
|
IZEN-ABIZENAK |
LANPOSTUA |
FILIAZIOA |
|
Liceaga Errasti, Vicente |
Ereñozuko zentral elektrikoko laguntzailea |
UGT |
|
Oyarbide Albistur, Antonio |
Ereñozuko zentral elektrikoko laguntzailea |
UGT |
|
Oyarbide Albistur, Ignacio |
Ereñozuko zentral elektrikoko laguntzailea |
UGT |
|
Oyarbide Albistur, Jose Maria |
Ereñozuko zentral elektrikoko laguntzailea |
UGT |
4.1.2. Aldundiko langileen garbiketa
Aurrez aipatu moduan, langile publikoen aurkako garbiketa-prozesuak maila ugaritan burutu ziren. Ondorioz, diputazioko langileak zirenek ere jasan zituzten jarraibide hauek. Udaletan gertatu bezala, Gipuzkoako Aldundian ere erregimen berriaren aldeko kargudunak jarri zituzten indar kolpistak Donostiako hirian sartzean. Hain zuzen, Jose Maria Arellano izan zen zuzendaritza-batzorde berri bat izendatzeko arduraduna. Bertako ordezkari berriak Lizariturry, Machimbarena, Brunet zein Gaytan Ayala izan ziren, hau da, hiriko eskuineko familia sonatuetako kideak. Egin-eginean ere, haiekin burutu zen Aldundia garbitzeko prozesua[32]. Era horretan, Aldundiaren autoritatea presidente berri baten izendapenarekin ordezkatu zen: Fidel Azurza. Jesus Maria Leizaola Aldundiko idazkariaren ordez, ihesean zegoena, Azurza presidenteak Jose Maria Guerra proposatu zuen.
Aldundiko langileen kasuan, garbiketa-prozesu honen lehen pausoa funtzionarioen kidegoa desegitea izan zen. Horrela, berau garbitu eta berregituratu ahal izateko. Hasteko, 1936ko irailaren 21erako haien lanpostuetara itzuli ez ziren langile guztiak kanporatu zituzten. Era berean, garbiketa-espedienteak ere ireki zitzaizkien hauei guztiei. Udal langile eta irakasleen kasuan bezalaxe, espediente hauen ondorioak ezberdinak izan zitezkeen: langile batzuk berronartu egin zituzten, beste batzuk kargugabetu, eta, zenbaitek zigorra ere jaso zuen.
Hernaniren kasuan, 28 izan ziren garbiketa-prozesua jasan zuten Aldundiko langileak: bai Hernaniarrak zirenak edota herrian zerbitzua ematen zutenak. Langile hauetako gehienak bi lanbide nagusitan aritzen ziren: 15 telefonistak eta 11 Mikeleteak ziren. Hain zuzen ere, telefonisten kasuan, 1936ko urrirako matxinatuek Gipuzkoako telefono-sare guztien kontrola zuten, Eibarrekoa izan ezik. Ondorioz, Donostia erori zenean Aldundiko langileak ebakuatu zituzten, eta horietako asko Eibar aldera joan ziren, eta, ondoren, Bilbora edota Iparraldera. Hala ere, erbestean zeudenek zein bertan geratu zirenek ere garbiketa-prozesua jasan zuten matxinatuekiko leialtasun-frogarik ez zegoenean[33]. Hernaniri dagokionean 11 telefonista zigortu zituzten, hau da, %73,3a. Horietatik erdiak gutxi gorabehera (6) kargugabetu zituzten eta, besteak (5), hilabete batzuetarako lan eta soldata gabe zigortu.
Mikeleteen kasuan Aldundiko Batzorde Kudeatzaileek instrukzio-epaileak izendatu zituzten, eta horiek batzorde tekniko bat osatu zuten mikelete bakoitza ebaluatzeko. Aldundian lanera itzultzea eskatzera aurkeztu ez zirenak kargutik kendu zituzten, hau da, gehienak. Izan ere, hauek ere Bizkaian erbesteratuak zeuden. Hernanira etorriz, 11 mikeleteetatik 8 kanporatu zituzten, hots, %72a. Kanporatutako mikeleteak izan ziren: Jenaro Albisua Ecenarro, Jose Miguel Azurmendi Apaolaza, Jose Fermin Echeverria Peluaga, Pedro Erausquin Sasiaimbarrena, Gregorio Garaicoechea Arriaran, Angel Gaztañaga Esnaola, Manuel Iturrioz Malcorra eta Jesus Urquiola Gorrochategui. Hauetako gehienak Bizkaira ebakuatu eta bertan gerra-preso hartu zituzten, ondoren, Gerra Kontseiluetan epaituz.
DIPUTAZIOKO LANGILE DEPURATUAK:
LANGILE HERNANIARRAK ETA HERNANIN
ZERBITZUAK EMATEN ZITUZTENAK
|
IZEN-ABIZENAK |
LANPOSTUA |
ESPEDIENTEAREN ERABAKIA |
NOIZ |
OHARRAK |
|
Abalabide Arrieta, Guadalupe |
Telefonista |
Kargugabetua |
1937/03/16 |
EABko kidea. |
|
Aguirrezabala Imaz, Victor |
Telefonista |
Kargugabetua |
1937/03/13 |
|
|
Albistegui Aizpurua, Maria del Pilar |
Telefonista |
Berronartua |
1937/04/29 |
|
|
Albisua Ecenarro, Jenaro |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Bilbora egin zuen ihes eta Xixonera iritsi zen 1937ko irailean kidegoaren ordenak jarraituz. |
|
Amas Garin, Maria |
Telefonista |
Berronartua |
1937/04/15 |
|
|
Amas Garin, Pilar |
Telefonista |
Zigortua |
1937/04/15 |
Hiru hilabeteko zigorra. |
|
Arriaga Larrañaga, Maria |
Telefonista |
Zigortua |
1937/04/29 |
|
|
Arrieta Larrea, Jose |
Mikelete |
Berronartua |
1937/03/16 |
|
|
Azurmendi Apaolaza, Jose Miguel |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Zegaman jaioa, Hernaniko bizilaguna. Bilbon kartzelaratua, ez prozesatua. |
|
Barrenechea Aizpurua, Ignacio |
Basozain |
Berronartua |
1937/02/25 |
|
|
Camio Azurmendi, Jose Maria |
Telefonista |
Berronartua |
1937/02/25 |
|
|
Echeverría Peluaga, Jose Fermin |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Irunen jaioa, Hernaniko bizilaguna. Euskadiko Gudarosteko tenientea. Gerra Kontseiluan epaitua: heriotza-zigorrera kondenatua (kommutatua). Langile batailoi batean sartua. |
|
Erausquin Sasiaimbarrena, Pedro |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Lazkaon jaioa, Hernaniko bizilaguna. Auzitegi Militarretan auzipetua: artxibatua. |
|
Garaicoechea Arriaran, Gregorio |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Oñatin jaioa, Hernaniko bizilaguna. Auzitegi MIlitarretan auzipetua: absolbitua. |
|
Garate Echave, Pedro |
Mikelete |
Berronartua |
1937/04/15 |
Saseta batailoieko gudaria. |
|
Gaztañaga Esnaola, Angel |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Beasainen jaioa, Hernaniko bizilaguna. Bilbon kartzelaratua, ez prozesatua. |
|
Gaztelumendi Arrieta, Francisco |
Telefonista |
Kargugabetua |
1937/02/25 |
|
|
Iradi Arrieta, Maria |
Telefonista |
Kargugabetua |
1937/04/15 |
|
|
Iturrioz Malcorra, Manuel |
Mikelete |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Orexan jaioa eta Donostiako bizilaguna. Mikeletea Hernanin. Onyi destakamentuko kidea, auzitegi militarrek epaitua auzi-ihesean. Bartzelonan errefuxiatua, Iparraldean exiliatua. |
|
Muñoa Orbegozo, Jose Maria |
Telefonista |
Berronartua |
1937/02/25 |
|
|
Otaño Oruezabala, Francisco |
Bidezaina |
Kargugabetua |
1937/03/13 |
Beizaman jaioa, Hernaniko bizilaguna. Kartzelaratua. |
|
Pinedo Ruiz, Eleuterio |
Telefonista |
Kargugabetua |
1937/03/13 |
Eskola nazionaletako irakaslea zen ere, garbiketa-prozedura ireki zioten, baina ez zuten kargugabetu irakasle lanpostutik. |
|
Redondo Navarro, Felipe |
Telefonista-zaindaria |
Kargugabetua |
1937/03/13 |
|
|
San Ildefonso Martinez, Celestino |
Mikelete |
Berronartua |
1937/03/16 |
|
|
Urquiola Gorrochategui, Jesus |
Mikelete kaboa |
Kargugabetua |
1936/11/26 |
Balmasedan matxinoak sartzerakoan atxilotua. Arbitrioen sailean lehengoratua. |
|
Zuaznabar Arrieta, Juana |
Telefonista |
Zigortua |
1937/03/16 |
3-6 hilabetez lan eta soldata gabe zigortua. Abertzalea. |
|
Zubeldia Sarasola, Antonio |
Telefonista |
Zigortua |
1937/02/25 |
Hiru hilabeteko zigorra. STVn afiliatua egoteagatik bi hilabeteko kartzela zigorra eta 10.000 pesetako isuna jarri zioten. |
|
Zubillaga, Martina |
Telefonista |
Zigortua |
1937/02/25 |
Hiru hilabeteko zigorra. |
Azurmendi Apaolaza, Jose Miguel
1899ko otsailaren 9an Zegaman jaioa, baina 1926an mikelete postua erdietsi zuenean Hernanira bizitzera etorri zen, Kardaberaz kalean ezarriz, bertako mikeleteen postura izendatu baitzuten[34].
Gerra Zibila hastean baina Zegaman aurkitzen zen baimen batekin, nahiz eta berehala Hernanira itzultzeko agindua jaso zuen, Mikeleteen etxera bertaratuz. Hernaniar mikeleteak beraien postuan mantendu ziren, baina uztailaren 23an Hernaniko Defentsa Batzordeko kideak, Juan Ibañez buru zutela, mikeleteen etxean bertaratu ziren. Donostian Errepublikaren aurka matxinatu ziren militarren aurka borrokara batzeko agindua eman zuten, Jose Miguelek berak matxinoek atxilotu eta gero eginiko adierazpenetan esaten duen moduan:
“... se le presentó el Comisario de Hernani, Juan Ibañez con unos milicianos requiriendo a los miqueletes del puesto para que se uniesen a ellos con objeto de ir a tomar los Cuarteles, a lo que se negaron por no tener órdenes de los Jefes de su Cuerpo, siendo desarmados por los citados individuos. Manifiesta que el Ibañez es persona que puede considerársele peligrosísima por su franca y decidida actuación en contra del Movimiento Nacional, habiéndose realizado el asesinato del secretario del Juzgado y de su señora un día de Agosto, sin conocer las personas que le realizaron, aunque desde luego dice el dirigente del pueblo era el comisario Ibañez.".
Donostiako borroketara batzea uko egin bazuten ere, mikeleteak Angel Heras Maiz beraien buru zenaren aginduetara jarri ziren eta Gipuzkoako Aldundiari eta Errepublikari leial mantendu ziren. Horrela, matxinoek Gipuzkoaren aurkako erasoaldiak arrakasta izan zuenean mikeleteen atzerakadan parte hartu zuen Donostia-Saturraran-Mutriku-Bakio-Ondarroa-Bakio-Areeta (Getxo)-Bilbo ibilbidea eginez. Une horretatik aurrera baina, Abadiñora lekualdatu zuten, non ordena publikoa mantentzeko ardura izan zuen. Matxinoek Bizkaiko frontea 1937ko udaberrian hautsi eta gero Bilbora atzerakadan joan behar izan zen. Une horretatik aurrera Bizkaiko hiriburuan ezarri zen Bilbo armada frankistaren esku erori zen arte.
Matxinoak Bilbora 1936ko ekainaren 19an sartu zirenean, mikelete askok Arriaga antzokian geratzeko erabakia hartu zuten, eta matxinoek eraikin honetan bertan atxilotu zituzten. Behin atxilotuta, mikelete guztiei deklarazioa jaso zieten denei eta bertan Jose Miguelek transkribatu dugun salaketa egin zuen Juan Ibañez herrikidearen aurka. Horretaz gain, Abadiñon matxinoen aldeko ziren batzuen hilketetan Victorio Bedien eta Luis Ugalde hernaniarrak parte hartu izanaz akusatu zituen[35].
Arriaga antzokian ekainaren 30ean eginiko deklarazio hauek eta gero aske geratu zen, baina Erregimen frankistak bere aurkako errepresioa ez zuen hor eten, izan ere, Gipuzkoako Aldundiari leial mantendu ziren mikelete guztiak kargugabetu egin zituzten. Jose Miguelen kasuan 1936ko azaroaren 26an lanpostutik kanporatu zuten. Ildo beretik, 1937ko abuztuaren 25ean sinatutako dekretu baten bidez agintari frankistek ere mikeleteen gorputz osoa desegin zuten. Gauzak horrela, Jose Miguelek ogibide berri bat bilatu behar izan zuen eta tabernari lanetan jardun zuen une honetatik aurrera[36].
4.1.3. Irakasleen garbiketa
Langile publikoen aurkako errepresioa ez zen udal langileetara bakarrik mugatu. Hezkuntza arloan, bereziki, irakasleek errepresio nabarmena jasan baitzuten. Bizitza publikoko beste alderdi batzuetan bezala, garbiketa ideologikoko prozesu bat eman zen hezkuntzan, eta maila guztietako irakasleak aztertu eta kargugabetu ziren.
Horretarako, 1936ko urrian kolpistek hezkuntza arloko errepresio honen lehen oinarriak ezarri zituzten: Kultura Irakaskuntza Batzordea sortuz eta 66. Dekretuaren bitartez. Dekretu honek hurrengoa zehazten zuen:
“Irakaskuntzako arazoek merezi duten arreta, herrien aurrerakuntzarako hain funtsezkoa dena, antzututa geratuko litzateke, baldin eta aldez aurretik ez balitz garbiketa-lanik egingo eginkizun pedagogikoa bezain garrantzitsua duten langileen artean[37]”.
Dekretu horrekin, aldi baterako, hezkuntza maila bakoitza aztertu eta zigor-neurriak ezartzeko lau batzorde sortu ziren. Batzorde hauek erakunde frankistetako kideek eta Mugimendu Nazionalarekiko kidetasuna partekatzen zuten guraso eta irakasleek osatzen zuten. Estatuko Batzorde Teknikoko Buruak izendatzen zituen, eta horrela, karguetatik kendu ezin izateko bermea zuten.
Prozesu hauek ere probintziako irakasle guztien gabetzearekin hasi ziren, eta, ondorioz, kidegora itzultzea eskatu behar zuten. Horrela, automatikoki irekitzen zitzaien dagozkion garbiketa-espedientea. Garbiketa-prozesu hauen ondorio nagusiak izan zitezkeen: kaleratzea (eskubide guztiak galduz), lantokiz aldatzea edota karguan berrestea. Aldiz, bi aukeretako bat ezarri ezin zen kasuetan, diziplina-espedienteak irekitzen ziren.
Gipuzkoaren kasuan, Donostiaren okupazioaren ondoren hasi zen garbiketa-prozesua, Ramon Sierra Bustamante gobernadore zibilak Hezkuntzako bi ikuskatzaileren kargugabetzea eskatu zuenean. Horrela, Gipuzkoan, irakasleen %27 inguru zigortu zen, eta horietatik %13a kanporatua izan zen[38]. Hernaniko kasura etorriz, 14 irakasleri ireki zitzaizkion garbiketa-prozedurak. Hauetatik 4 (%28,5) zigortu zituzten eta gainontzeko 10ak (%71,5) berronartuak izan ziren. Hernaniko irakasleen artean aipatzekoa da Resurreccion Martinez Sanchezen kasua. 1936ko irailean legez kanpo exekutatu bazuten ere, bere aurkako garbiketa-prozedura ireki zuten 1937an eta ez zen ebatzi 1939ra arte, haren behin betiko kanporatzea zehaztuz.
Era berean, aipatzekoak dira herriko langileak izan ez arren Hernanin fusilatu zituzten bi irakasle: Felisa Goñi Biurrun eta Julian Perez Rodriguez. Felisa Goñi belaskoaindarra zen eta Julian Perez, berriz, Husillosen (Palentzia) jaioa eta Hernaniko bizilaguna. Biak fusilatu zituzten Tolosa eta Berasategi artean 1936ko urrian.
LANPOSTUAN BERRONARTUAK
IZAN ZIREN IRAKASLEAK
|
IZEN-ABIZENAK |
DATUAK |
|
Benito, Agustin |
Irakasle nazionala. Monarkikoa, estatu-kolpea sustatu zuten alderdien babeslea[39]. |
|
Lahoz Jimeno, Agustina |
Irakasle nazionala. Katolikoa, marxismoa eta independentziaren aurkakoa, estatu-kolpea sustatu zuten alderdien babeslea[40]. |
|
Guijarro Serrano, Cesarea |
Irakasle nazionala. Jose Antonio Fernandez Moran senarra gerra kontseiluan epaitua eta kartzelaratua. Hala ere Hernaniko agintari frankistek bere aldeko txostenak igorri zituzten, adieraziz ikuspegi moral eta erlijioso zuzena zuela[41]. |
|
Iturrioz Malcorra, Dionisia |
Aldundiko irakaslea Errepublika garaian, frankistek postu hau desegin eta irakasle nazional izendatu zuten. 1935ean izendatu zuten Hernaniko irakaslea. Bere anai bat miliziano ezaguna eta ondoren Comete sareko kidea. Bere aldeko txostenak igorri zituzten agintari frankistek[42]. |
|
Pinedo Ruiz, Eleuterio |
Irakasle nazionala. Hernanin Fronte Popularrak atxilotu zuen, matxinoen aldekoa zelako, irailaren 13an armada frankistak herria bereganatzean askatu zuen. Estatu-kolpea sustatu zuten alderdiak babesten zituen[43]. |
|
San Adrian Zozaya, Gregorio |
Irakasle nazionala. Diario Vasco aldizkari eskuindarraren berriemailea Hernanin. Asociacion de Maestros Catolicos elkarteko kidea ere, Hernaniko Fronte Popularrak giltzapean izan zuen estatu-kolpearen aldekoa izateagatik. Bere aldeko txostenak igorri zituzten agintari frankistek[44]. |
|
Iturrioz Telleria, Isabel |
Osinaga auzoko Aldundiko irakaslea. Tradizionalista. Agintari frankisten txostenek zehazten dute familia bizi zen etxeari su eman ziotela milizianoek[45]. |
|
Muro Urriza, Jacinta Gervasia |
Irakasle nazionala. Tradizionalista[46]. |
|
Velasco Reguera, Leoncia |
Irakasle nazionala. Tradizionalista. |
|
Martinez Goñi, Eulalia |
1945ean lanpostua utzi zuen. |
ZIGORTUAK IZAN ZIREN IRAKASLEAK
|
IZEN-ABIZENAK |
ZIGORRA |
|
Barbe Yarza, Jose |
Euskal probintzietatik kanporatua[47]. |
|
Gay Mur, Jose |
Lanpostutik kanporatua[48]. |
|
Martinez Sanchez, Resurreccion |
Lanpostutik kanporatua[49]. |
|
Velamazan Garcia, Jeronimo |
Lekualdatzea[50] |
Barbe Yarza, Jose
Lasarteko eskola nazionaletako irakaslea izan zen Bigarren Errepublikan. Defentsa Batzordearen aginduz Lasarten zituen hainbat komertzioetako ondasunak konfiskatu zizkioten. Frankistak Lasarten sartu ostean bertako errekete taldera batu zen, bai eta erregimen frankistaren aldeko adierazpen guztietara ere. Erregimen frankistak bere aurkako garbiketa prozesua amaitzean, Hernaniko udal frankistaren aldeko txostenak lortu bazituen ere, Lasarteko Falangeak EAJren gertukoa izatea leporatu zion eta ustez ikurrinaren koloreko oihalak ipini izana bere higiezinetan. Salaketa hauetan oinarrituta lanpostutik kanporatu ez bazuten ere, irakasle gisa euskal probintzietatik kanpo lan egitera kondenatu zuten 1936ko abenduan. 1938ko urtarrilean lanpostutik eszedentzia eskaria egin zuen eta Avilara joan zen bizitzera.
Gay Mur, Jose
Hernaniko Biteri eskoletako zuzendaria, Hernaniko irakasle 1927tik. 1883ko martxoaren 17an Pinseque herrian jaioa (Zaragoza), gerraren ondorioz familiarekin batera Bilbora ihes egin behar izan zuen. Hernani utzi eta gero Eusko Jaurlaritzarentzat hasieran eta itsasoz ebakuatua izan eta gero Kataluniako gobernuarentzat irakasle izaten jarraitu zuen, gerrako azken uneetara arte Ripoll herrian (Girona) lan eginez. 1939ko otsailean baina, Frantziako Estatuan errefuxiatu behar izan zen Sain-Haon herrian. 1940ko otsailean, osasun arazoak tarteko, jaioterria zuen Pinseque herritik gertu dagoen Tauste herrian (Zaragoza) Guardia Zibilaren kuartelean aurkeztu zen arte. Herri honetako irakasle izan zen 1927an Hernanira joan aurretik. Irakasle lanpostutik kanporatu zuten Errepublika garaian Fronte Popularra babestu zuelako eta gerraren ondorioz lanpostua utzi behar izan zuelako. Hala ere, FET-JONS-ak, hainbat herritarrek zein ikasle-oihek bere aldeko txostenak igorri zituzten.
Martinez Sanchez, Resurreccion
Irakasle nazionala, jaiotzez Casalarreina (Errioxa) herrikoa. Irakasle izan zen, lehenik, San Clementen (Cuenca), 1929tik Nonaspen (Zaragoza) eta 1934tik Hernanin. Txosten frankisten arabera irakasle ona bazen ere, ezkertiarra eta familia komunistakoa izatea egotzi zioten. Era berean, bere amari hileta zibil bat egin izanak asko asaldatu zituen bai Miguel Mendicute Hernaniko apaiza zein herriko sektore tradizionalistak ere. Ondorioz, lanpostutik kanporatu zuten 1937ko urtarrilean, bere aurkako garbiketa-prozesu bat martxan jarriz. Lanpostutik behin betiko kanporatu zuten 1939an komunista eta ateoa zela arrazoituz.
1936ko irailaren 13an Donostian atxilotu eta koinatua eta arrebarekin (Consolacion) batera Errioxara eraman zuten. Legez kanpo exekutatu zuten Cabretonen (Logroño) 1936ko urriaren 18an[51]. Aipatzekoa da garbiketa-txostenetan ez dela jada hilda zegoela zehazten.
Velamazan Garcia, Jeronimo
Hernaniko Biteri eskoletako irakaslea izan zen Errepublika garaian. Era berean, 1933ko udal hauteskundeen aurretik herria gobernatu zuen Batzorde Kudeatzaileko lehendakariordea ere izan zen. Arlo politikoan mugimendu errepublikarrarekin egiten zuen bat, Hernaniko Izquierda Republicana alderdiko kidea baitzen eta bertan idazkari funtzioak ere bete baitzituen. Gerra Zibila hastean, ordea, ez zuen parte hartzerik izan eta kolpistak Hernani bereganatu zutenean hauen alde lerrotu zen: erregimenaren aldeko aldarriak eginez zein Falangera afiliatuz. Hori zela eta, garbiketa-espedientean agintari frankistek bere aldeko txostenak igorri zituzten. Hala eta guztiz ere, beste herri batera lekualdatua izatera kondenatu zuten 1937ko otsailean. Hernaniko udal frankistak, ordea, bere alde deklaratu eta zigorra bertan behera geratzea eskatu zuen, Hernanik irakasten segi zezan.
Azkenik, Hernaniko hainbat irakasle zein langile publiko beraien lanpostua lekualdatzera kondenatuak izan ziren moduan, errepresio bera pairatu zuten Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko hainbat irakaslek. Hartara, Hernanira lan egitera etorri behar izan ziren, hurrengoak izanik behin-behinean identifikatzea lortu direnak.
LANPOSTUETATIK KANPORATU OSTEAN
HERNANIRA IRAKASLE ETORRITAKOAK
|
IZEN-ABIZENAK |
OHARRAK |
|
Iruretagoyena Mendiluce, Juana |
Ormaiztegin irakaslea gerra aurretik, zigortua. 1945ean Lasarteko behin-behineko irakasle izendatu zuten[52]. |
|
Rodriguez Mazuelas, Feliciano |
Eibarko Eskola Nazionaletako irakaslea gerra aurretik, kargugabetua[53]. Euskadiko Gudarosteko kide, Gerra Kontseilu batean epaitua eta gatibu-lanak egitera kondenatua. 1941ean Hernaniko irakasle postua lortu zuen. 1949an, lanpostutik kanporatu zuten. |
|
Loyarte Escudero, Maria Angeles |
Orioko irakaslea, garbiketa prozedura irekia. Hernaniko eskola pribatu batean irakaslea zen 1949an[54]. |
|
Peñalver Martin Peralta, Fermin Jesus |
Cuerva herriko (Toledo) irakasle nazionala, lanpostutik kanporatua. Lasarten irakasle postua lortu zuen 1949an[55]. |
Hernaniko herrian garbiketa prozesua jasan zuten irakasleez eta herrira lan egitera etorri behar izan zirenez gain, Katalunian depuraturiko Hernaniar baten kasua ere badugu: Natividad Lizarraga Vallejorena.
Lizarraga Vallejo, Natividad
1914ko irailaren 8an Guardian jaioa. Luciano Lizarraga Goenaga eta Purificacion Vallejo Iraiderren alaba, Hernaniko Perkaiztegi kalean kokatzen zen sendiaren etxebizitza[56]. Irakasle Nazionala zen ofizioz, eta Gerra Zibila hasi zenean Kataluniako Montcada i Reixac udalerrian egiten zuen lan. 1936ko abuztutik aurrera udalerri honetan garbitu zituzten 20 irakasleetako bat izan zen Natividad Lizarraga[57]. Kanporatua izan ostean Euskal Herrira itzuli zen familiarekin batera, eta familia osoak Bizkiaia aldera egin zuen ihes. Haren aita, Luciano Lizarraga Goenega, Gipuzkoako Union Republicana-ko Idazkari Orokorra izateaz gain Osasun Zuzendaritza Nagusiko aholkularia zen. Bada, Natividad bera erizain gisa aritu zen Getxoko Arriluze ospitalean gerraren lehen hilabeteetan[58]. Ostean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren baitan antolaturiko Escuelas de Euzkadi-n aritu zen irakasle gisa[59].
4.1.4. Trenbideetako langileen aurkako errepresioa
Trenbideetako langileena errepresio frankistaren gordinena pairatu zuten kolektiboetako bat izan zen. Hain zuzen ere, Espainiako Iparraldeko Burdin Bideen Konpainiaren baitan, garbiketa-prozesu bortitzenak jasandako probintzietako bat izan zen Gipuzkoa. Errealitate honen arrazoietako bat litzateke, zonalde hauetan trenbideetako langileek mobilizazio politiko eta sindikal maila handia zutela. Batez ere, Sindicato Nacional Ferroviario (SNF) —UGTrekin loturikoa— eta Federacion Nacional de la Industria Ferroviaria (FNIF) sindikatu anarkistan zeuden afiliatuta. Ondorioz, Iparraldeko langile hauetako askok, garbiketa-prozesuaz gain, espetxe-zigorrak jasan zituzten, ihes eginda zeuden edota gerra amaitzean erbestera joan ziren[60].
Garbiketa-prozesuetara etorrita, konpainia guztietan enpresa buruek langile guztien aurkako prozesuak abiatu zituzten, ad hoc sortutako auzitegi berezietan burutu zirenak, non langile hauen militantzia politikoa aztertzen zen eta “Mugimendu Nazionalaren” aurkako jarrera zuen pertsona oro lanpostutik kanporatu edota zigortzen zuten. Izan ere, 108/36 dekretua ondorengo arauek berretsi zuten, eta tren-langileen kasuan, langileak Trenbideen Buruzagitza Militarrak ikertuko zituen. Gainera, 1937ko urritik aurrera, erakunde hori, gainera, zuzenean arduratzen zen langile berriak hautatzeaz eta laneratzeaz. Horrela, milaka langile igaro behar izan ziren auzitegi hauetatik eta hauetako askok zigor edota kondenaren bat jaso zuten. Hauek, lanpostutik kanporatua izatetik, deserriratua izatea, zentsura pairatzea edota soldata murrizketak izan zitezkeen besteak beste.
Hernaniren kasuan, garbiketa jasateaz gain bestelako errepresioak pairatu zituzten tren-langileen hainbat kasu ditugu. Esaterako, Catalina Gascon Deban barrerazain zen mutrikuarra, Francisco Biteri Eskoriatzako trenbide-langilea edota Blas Rubio Andoaingo Plazaola trenbideko langileak frankistek atzitu ostean gauez espetxetik atera eta gero judizioz kanpo fusilatu zituzten, Hernaniko hilerrian hobiratu aurretik. Poza Herrero familiaren kasuan berriz, trenbideetako langile ziren hiru kideak, eta Alejandro aita eta bi semeak fusilatu zituzten frankistek UGTko militanteak izateagatik. Josefa Herrerok, herrian pairatzen zuen egoera gogora eta bazterketatik Hernanira etorri zen bizitzera.
TRENBIDEETAKO
LANGILE ERREPRESALIATUAK[61]
|
IZEN-ABIZENAK |
LANBIDEA |
ERREPRESIOA |
|
Arbizu Lopez, Cristobal |
Kapataza, Trenbide eta Obretan |
Ikertua |
|
Armendariz Diaz, Felix |
Linea elektrikoko laguntzailea |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea. Gerra Kontseiluan epaitua eta gatibu-lanak egitera behartua |
|
Carrion Martin, Alejandro |
Obreroa, Trenbide eta obrak |
Deserriratzera kondenatua, 5 urtez bizileku berria eskatzeko ezgaitasunarekin |
|
Cormenzana Toledo, Francisco |
Mereziduna |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Diez Domingo, Leoncio |
Faktorea |
Ikertua |
|
Fernandez Garcia, Jose Bernardo |
Erremintaria, Trenbide eta Obretan |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Ferrer Martin, Justo |
|
Ikertua. Presoaldi prebentiboa Ondarretako kartzelan |
|
Garces Aguado, Antonio |
Lehen mailako langilea, Trenbide eta Obren Zerbitzuan |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea. |
|
Garcia Illera, Martin |
Faktorea |
Ikertua. Kartzelaratua eta gatibu-lanak egitera behartua. |
|
Garcia Paz, Julian |
|
Ikertua |
|
Granado Gutierrez, Eladia |
Trenbideetako langilea, zaindari |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Grijalba Merino, Isidoro |
Faktorea |
Ikertua |
|
Grijalba Merino, Roman |
Langilea, trenbide eta obren sekzioan |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Lopez Ayala, Manuel |
Orratz-arduraduna. Esplotazio sailean |
Nahitaez bizilekua aldatzea, eta 5 urtez desgaitzea, berak hala eskatuta, beste egoitza edo destino batzuk lortzeko |
|
Manzano Martinez, Manuel |
Faktorea, Esplotazio sailean |
Madrilen bizi zen. Ikertua |
|
Marquiaran Iriarte, Martin Jose |
Lineako ofiziala |
Ikertua |
|
Martinez Alonso, Gregorio |
Lineako ofiziala, Obra eta zerbitzuetan |
Donostiakoa. Nahitaez bizilekua aldatzea, eta 5 urtez desgaitzea, berak hala eskatuta, beste egoitza edo destino batzuk lortzeko |
|
Minguez Nieto, Felix |
Morroi osagarria, Esplotazio sekzioa |
Beasainen lan egiten zuen. Hernanin bizi zen. Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea. |
|
Ormaechea Perez, Ricardo |
Errailtzaina |
Nahitaez bizilekua aldatzea, eta 5 urtez desgaitzea, berak hala eskatuta, beste egoitza edo destino batzuk lortzeko. |
|
Ormazabal Mutiloa, Lorenzo |
Obreroa, Trenbide eta zerbitzuak |
Donostian bizi zen. Ikertua. |
|
Prieto Rodriguez, Santos |
Obreroa, Trenbide eta zerbitzuak |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Prieto Soba, Teodora |
Trenbideetako langilea, zaindaria |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Puente de la Fuente, Policarpo |
Faktorea |
Zentsura bere idatzietan |
|
Puente Serna, Emiliano |
Canfranc (Huesca) geltokiko langilea / Trabajador de la estación de Canfranc (Huesca) |
Ikertua |
|
Rodriguez Rojo, Lorenzo |
Obreroa, Trenbide eta zerbitzuak |
Nahitaez bizilekua aldatzea, eta 5 urtez desgaitzea, berak hala eskatuta, beste egoitza edo destino batzuk lortzeko |
|
Rubio Martinez, Felipe |
Obreroa, Trenbide eta zerbitzuak |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Serrano Garcia, Gregorio |
Estazio burua Hernanin |
Lanpostutik behin-betiko kaleratzea eta eskubide guztiak galtzea |
|
Serrano Moreira, Mariano |
Eragiletza lanpostua |
3 hamarren atzeratzea eskalafoian |
|
Tobalina Gomez, Pablo |
Faktore Osagarria |
Ikertua |
|
Vellosillo Pinilla, Julian |
Hesizaina |
|
[13] Ipiña Bidaurrazaga, A., 2015.
[14] Espainiako Defentsa Batzorde Nazionalaren 22. Buletina. Burgos, 1936ko irailaren 16a.
[15] Boletin Oficial del Estado, 51. zk., 1936ko abenduak 9, Burgos.
[16] HUA / AMH // A-1-48 (H46). Libro de actas del Ayuntamiento, 1934-1935.
[17] HUA / AMH // A-3-52 (H107). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.
[18] Íbidem.
[19] Íbidem.
[20] Íbidem.
[21] HUA / AMH // A-3-51 (H106). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1936.
[22] HUA / AMH // A-3-51 (H106). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.
[23] Íbidem.
[24] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23.
[25] HUA / AMH // A-3-51 (H106). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1936.
[26] HUA / AMH // A-3-51 (H106). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.
[27] Íbidem.
[28] HUA / AMH // A-3-51 (H106). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1936.
[29] Íbidem.
[30] HUA / AMH // A-3-51 (H106). Registro de comunicaciones (salida de documentos), 1937.
[31] Egun batzuez kanporatua izan ostean itzuli zen lanera. Irailaren 11an Loiolako milizietan sartu zen, Hornidurako estankero gisa. Saturraranera ebakuatu zuen eta, ondoren, Lekeitiotik Gernikara arte, fronte ezberdinetatik igaroz, Laredon preso hartu zuten arte (AGMG // 304238 kutxa, 147118 espedientea).
[32] Buces, J. & Querejeta, E., 2016.
[33] Soler Ferran, P. eta Iglesia Medina, J.R., 2019, 79-117 or.
[34] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.
[35] Ez dugu daturik aurkitu Victorio Bedienen inguruan. Baina Luis Ugalde, berriz, salaketa hauetan oinarritutako Gerra Kontseiluan absolbitu egin zuten.
[36] Cabanellas, J., 2018.
[37] 66. dekretua. BOE, 27. zk., 1936ko azaroaren 11koa.
[38] Barruso, P., 2007, 653-681. orr.
[39] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13256
[40] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13255
[41] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13289
[42] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13317
[43] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13255
[44] Íbidem.
[45] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13317
[46] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13255
[47] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/13222
[48] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/12629
[49] AGA, Ministerio de Educación Nacional, Expedientes de depuración de maestros nacionales, 32/12633
[50] Íbidem.
[51] Aguirre Gonzalez, J. V., 2007.
[52] ACME, Maestros/as Expedientes de depuración, 32/191.
[53] ACME, Maestros/as Expedientes de depuración, 16/191.
[54] ACME, Maestros/as Expedientes de depuración, 87/601.
[55] ACME, Maestros/as Expedientes de depuración, 63/396.
[56] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.
[57] CDMH, Causa General n° 1678, 1. Espedientea, 181. Orria.
[58] CDMH, sig. PS_SANTANDER_O_C0106_EXP0002_LUCIANO_LIZARRAGA_GOENAGA.
[59] CDMH, sig. PS-MADRID,183, leg. 1575, fol. 24_NATIVIDAD_LIZARRAGA.
[60] Polo Muriel, F., 2015.
[61] Memoria Histórica Ferroviaria. Depuración [Datu-basea]./ Memoria Histórica Ferroviaria. Depuración [Base de datos].
