Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 2011KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA | 2013KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA | Palmaresa 

 

gaiak

2013KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA

 

Zortzi finalistak BECen.

 

 

SAILKAPENA:

 

      1. Amets Arzallus: 1.737,5 puntu

      2. Maialen Lujanbio: 1.686,5 puntu

      3. Igor Elortza: 1.164 puntu

      4. Aitor Mendiluze: 1.155 puntu

      5. Aitor Sarriegi: 1.106 puntu

      6. Beñat Gaztelumendi: 1.099 puntu

      7. Unai Iturriaga: 1.099 puntu

      8. Sustrai Colina: 1.082,5 puntu

 

 

BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPEN TAULAN

 

      Finalean:

            — Maialen Lujanbio: Txapeldun ordea

            — Aitor Mendiluze: Laugarren

            — Beñat Gaztelumendi: Seigarren

      Final-erdietan:

            — Unai Agirre (1.362 punturekin, finalerako azken sailkatu zen Aitor Sarriegirekin berdinduta geratu zen)

            — Jexux Mari Irazu

            — Agin Laburu

      Final laurdenetan:

            — Iñaki Zelaia

 

 

TXAPELKETA ZENBAKITAN

 

      13.500 ikus-entzule batu ginen 2013ko abenduaren 15ean BECen (hilabete lehenago sarrera denak agortuta zeuden eta milaka lagunek, tartean bertsoaren muineko jendeak, era guztietako zozketetan parte hartzeko erromesaldiari ekin zion). 17.757 ikus-entzule ibili dira Txapelketa osoan zehar, 13 saioetan. Hauei gehitu behar zaizkie ETB1en uneren batean finalaren ikusle izan ziren 355.000 herritar (bataz beste euskaldunen % 28k jarraitu zuen emankizuna egun osoan zehar) eta bertsoa.com-etik zuzenean internetez jarraitu zuten 4.000tik gora ikus-entzule.

[Estitxu Eizagirre, 2013 Euskal Kulturaren Urtekaria]

 

 

Eskerrik asko

 

      Eskerrik asko ezer baino lehen BEC-eko oholtza gainera igo zineten zortzi bertsolarioi. Egiatan diot aspaldian hartu dudan gozaturik handienetakoa hartu nuela, eta iritzi konpartitua izan zela badiot ez dut uste oso oker ibiliko naizenik. Banituen finalaren aurretik bi sentipen. Bata: finalaurrekoak arte askoz ere presenteago zeudela bertsolarien hutsegiteak jendearen ahotan, egindako lan txukunak baino. Bigarrena: nire inguruan sumatzen nuen aurreko txapelduna Maialen izan arren txapelaren defentsa Ametsek egin behar ote zuen. Jende askok aldez aurretik jarri zion txapela Ametsi eta horrek bere karga du.

      Baina tira, usteak uste eta irudipenak irudipen, BEC-en goizeko hamaikak jo eta finala hutsetik hasi zen bertsolari guztientzat. Lau urte lehenago baino giro hotzagoa, beharbada, aulkietan, goizez, ez hala arratsaldean. Baina agurrak entzun eta lehen bertsotik hasita benetan gauza zoragarriak guztien ahotik. Maialenen lehendabizikoak intentzio-deklarazio izan nahi zuela zirudien: gaiari eman zion begirada hori saio osoan zehar mantendu zuen. Elikagai-banku batean kamioia kargatzen ari denaren paperetik “eskatutako borondatea borondatea ote da?” galdetu zuen momentutik hasi zen entzuleoi atximurka. Bertsoen kalitate estilistikoaz haragoko bertsokera batez gozatzeko parada izan genuen: ideologia oso bat, ikuskera bat, prisma bat eta dimentsio berezi bat. Izugarria begitandu zitzaidan Maialenen BEC-eko saio oso-osoa. Ospitaleko pailazoaren ahotik “barrea ere barreago da minarekin nahastuta”. Edo “bizitzeko ia berandu da ta hiltzeko oso garaiz”, emakume urtetan sartuaren paperean. Zaurietatik zetozen ahotsak entzun genituen hernaniarraren ahotik. Ahots urratuak gure giza kondizioaren zaurietan beretan arakatu eta orbantzen laguntzeko. Ez zuen txapelik jantzi, baina inoizko Maialenik onena entzun genuela ez dut zalantzarik egiten.

 

Txapelduna Amets Arzallus zela esan zuten momentua.
Argazkia: Dani Blanco / Argia.

 

      Txapela, izan ere eta honezkero dakizuen bezala, Ametsen burura joan baita bi mila eta hamahirugarren honetan. Amets gozo bat entzun genuen, aurreko txapelketetan mundua jatera zihoan gazte hura atzean geratu da, mundua murtxikatzen hasi da, talentuz, pazientziaz, pausaz. Goizeko lehen pare bat ariketetan bertsotan buruarekin, arrazional, klasez sumatu banuen ere, laster jaitsi zuen bere errotaren ardatza sabelera, eta barrutik kantatu zigun, denok magalean hartuta. Kafearekin topa egin genuen, barrea margotu zigun sarri-sarri eta hunkitu noiznahi. Buru onean jarri zuen txapela Joanito Dorronsorok.

      (...) Finalaurreko bi saioetako arantzak atera zituen bestea Aitor Mendiluze. Oso goitik, esango nuke inoiz egin duen finalik onena egin duela aurten. Begiratu ironiko hori paseatzera atera zuen behin baino gehiagotan: agudo iltzatu zitzaigun buruan nagusiaren paperetik Sustrairi kantatu ziona, “lan gutxi dagoela dio alajaina, ea baduten zuri emateko aina”. Berdin seiko motzean Ametsekin egindako lana ere, puntu motzak eder josiz eta edukiz kargatuz. Makillajerik gabeko bertsokera ederra, entzun izan dioguna eta aspaldion aditu gabea, txapelketan. Asko poztu gintuen, eta jendearen estimuak ere adierazi zuen garbi.

      Beñatekin ere puska batean akordatuko da bertsozalea. Finaleko debutari bakarrak ere hortzak erakutsi zizkigun, eta ez zion mingainari horzkarik egin. Emozioa transmititzen asmatu zuen bete-betean, eta ez zen momentu batez ere itzali. Egunak luze jotzen du BEC-en, baina bizkar gainean eraman zuen bertsoz bertso karga guztia, kanpokoon begietara arintasun erabatekoz. Kantaera lehen begiratuan ingenuo baina poetikoak limurtu gintuen, azken agurrean anaiari kantatuko bertsoan negarrez jartzeraino.

      (...) Honekin joan da txapelketa. Txapela aldatu da buruz, gehiegi esatea ez bada, nik gogoratzen dudan finalik onenean. Atzera berriz lehengoa: eskerrik asko, bihotzez, eskerrik asko.

[Iñaki Gurrutxaga, argia.com abenduaren 16an]

 

      Azken bi txapelketetan finalera iritsi banintzen ere, gris arituaren sentsazioa nuen, saio bat hasi eta bukatu txukun egin gabe. Banekien plazan askoz gehiago egiten nuela bertsotan horrelako plaza handi batean baino. Niretzat garrantzitsua izan da jendeak esatea “Mendiluzek final on bat egin du”. Jendearen gogoan zerbait uztea. Nire aurreikuspenak gainditu ditu final honek, zentzu horretan. Hernaniko kuadrillan egindako lanketarekin, uste dut bertsokera bat erakutsi dugula. Neurri motzetan, erantzunetan, puntutan egiteko era bat. Hori erakusteko apustu kolektiboa ere bagenuen. Elkarrekin konpartitutako ikuspegi hori islatzea nahi genuen.

[Aitor Mendiluze]

 

      Oholtzatik kanpoko Beñat oholtza gainean azaldu dela sentitu dut, lehen aldiz. Kantatzen dudan hori erabat sinetsita kantatzen dut, barrutik kantatzen dut. Bide baten hasiera izan da niretzat txapelketa hau. Finalean lehen aldiz aritu naiz. Bertsolariok taldean bizi dugun egun bat da. Umetan finalarekin amestean nire burua bakarrik imajinatzen nuen han, baina iritsitakoan ohartzen zara taldeak egiten duela final hori. Giza harremanetatik sortzen den giro berezi bat da. Luzea egin zitzaidan eguna, fisikoki gogorra. Baina aldi berean gozamena da jendea horrela ikustea. Elkartean mila bilera egiten ditugu eta umetatik bertso eskolan aritu gara, eta bizitzan ondoan eduki duzun jende hori dena egun batean batuta ikusten duzu. Sentsazio ederra da bertsolaritzaren inguruko lanean aritzen diren hainbeste mila lagun denak parean ikustea, finala egiten.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Niretzat berezia izan da, behetik gora egin dudalako bertso mailan. Nire buruari zor nion. Urte asko daramatzat txapelketetan eta bertsotan baina inoiz ez zitzaidan tokatu borobil xamar ateratzea. Aurten ongi atera zait eta gustura geratu naiz. Txapelketa enfokatzeko txipa erabat aldatu dut, orain askoz lasaiago bizi ditut eta saiatzen naiz alde positiboarekin gelditzen, eta alde negatiboei ahalik leku gutxien egiten. Doinu berria ateratzea nire kapritxoa izan da. 2011ko Gipuzkoako Txapelketan sentipena nuen doinu bat gabe ari nintzela, ez neukan garbi zerekin kantatu. Honakoan ez zitzaidala hori gertatuko erabaki nuen, Imanol Kamiori eskatu nion eta egindako hauxe asko gustatu zitzaidan. Entzuleak normalean gu ez gaitu entzuten, ahaztuta zauzka, eta pixka bat gora egiten baduzu esaten du “hau oraindik bizi da!”. Asko nabaritu dut hori. Eta eragin handia izan du aurtengoan final-aurreak zuzenean telebistaz eman izanak. Jende askok ikusi ditu. Txapelketari esker saio askotarako deitu didate.

[Unai Agirre]

 

      Nire bosgarren Txapelketa Nagusi hau aukera bezala planteatu diot neure buruari, neure bertsokerari beste landualdi bat eman eta bidean aurrera egiteko plaza eder gisa, bere arrisku eta kontraesan guztiekin, noski. Gogoz, ilusioz eta mimoz prestatu dut, agian inoiz ez bezala. Egindako lanarekin, orokorrean, oso gustura gelditu naiz, bai ofiziotan eta batez ere bakarka. Niri plazan apenas ez zait bakarkakorik jartzen eta txapelketan emaitzarik onenak lan mota horretan sortu izango ditut. Hortik aurrera, zer esan... onartzen dut txapelketa ez dela bertsoa bera bakarrik, behar bada hala izan da lehen ere eta hala izango da gero ere.

[Jexux Mari Irazu]

 

      Beste eskarmentu bat izan da txapelketa hau, azken urteetan nola garatu naizen ikusteko. Oraingoan kontzienteago izan naiz zer egin nahi nuen eta zer ez. Eskola garrantzitsua izan da, prestaketetan asko ikasi dut. 2011ko Gipuzkoako Txapelketa izan zen inflexio puntua niretzat, orduan eman nuen nire burua jendartean ezagutzera. Baina oraingoarekin konturatu naiz Gipuzkoakoak nik uste nuena baino eragin txikiagoa zeukala. Askorentzat oraindik ezezaguna nintzen, eta horientzat agian sorpresa izan naiz. Plazetan Gipuzkoakoari esker sartu nintzen, lehenago urtean 10 saio egiten banituen, Gipuzkoako Txapelketaren ondoren 50 egitera pasa nintzen. Txapelketek kantatu dudan zonaldeetan eman dizkidate saioak: Gipuzkoakoan Oñatin kantatu nuen eta geroztik urtero saio pare bat egiten ditut han, eta Euskal Herrikoan Markinan kantatu nuen eta Bizkaian saioak atera zaizkit.

[Agin Laburu]

 

      Lehenik sorpresa izan zen: ez nintzen parte hartzekoa eta maiatzean jakinarazi zidaten aukera nuela, beste bertsolari batek uko egin ziolako. Ordutik saiora arte, motibazioa eman digu desordutan bada ere elkarrekin biltzeko eta prestatzeko eta oso ongi pasatu dut. Txapelketan ere nahiz eta lehen saioa egin eta kanpo geratu naizen, elkarri lagunduz biltzen jarraitu dugu eta beraz bukaera arte jarraitu dut. Ikasteko aukera handia izan da. Saioarekin ere oso gustura geratu nintzen, egindako lana ikusi zelako.

[Iñaki Zelaia]

 

 

2013-12-15 Barakaldo

 

        Puntua:

Kazetari ugari

bada kartzeletan.

        Aitor Mendiluze:

Egia kontatuta

sartu dira bertan

askatasuna aipatu

ohi da berrietan

badutela sinisten

al dugu benetan?

 

        Puntua:

Idaztea bihurtzen

denean delitu.

        Aitor Mendiluze:

Egiarekin ezin

gintezke aritu

baina gezurrarekin

nahiz eta kunplitu

bide horrek aurrera

pauso gutxi ditu.

 

        Puntua:

Zuk ematen al duzu

zure iritzia?

        Aitor Mendiluze:

Inoiz ez ukatzera

nago iritsia

nahiz eta ez nagoen

denetan jantzia

benetan esateak

dauka garrantzia.

 

 

      Bakarkako gaia: Adimen-urritasuna duten gazteekin balleteko dantza-taldea sortu zenuen urte hasieran. Gaur duzue estreinaldia.

      Doinua: Habanera.

 

        Beñat Gaztelumendi:

Antzoki bat alokatu

dugu nahita guretzako

hirurehun bat gonbidapen

famili denak aintzako

erdi betea zegoen

gu hona iristerako

hor daude zuriz jantzita

media banakin galako

argiak piztu dira ta

nik isuri hainbat malko

teloi gorria hartuta

beraien ametsen marko

denak hor hanka punttetan

horren fin ta horren guapo

emandako urrats bakoitza

salto handi bat dalako.

 

Sarri ispilu hautsi bat

urritasuna hori da

ikus litekeena segun

nondik jartzen den begira.

Hortxe dantzari parea

doa fokoen argira

eta gero solista bat

irten da oholtza erdira

irribarretsu dabiltza

beren jauzi eta bira

gurasoek ta lagunek

zenbat txalo, zenbat biba.

joan dira oholtza gainera

alturara, antzokira

eta lehenbiziko aldiz

parez pare jarri dira.

 

Askorako ematen du

sarri ordu ta laurdenak

pozik daude dantzariak

eta begira daudenak

flashak eta irrintziak

aitenak eta amenak

denengana heltzen dira

artearen ahalmenak

astean ordu betean

ahazten dituzte penak

ta hor pistaren erdira

hortxe irten dira denak

publikoaren txaloak

publikoaren gorespenak

urritasuna dauka hau

ulertu ezin duenak.

 

 

      Aitor Mendiluze Olentzero eta Igor Elortza Aita Noel zarete. Tximiniatik sartu ezinik zabiltzate.

 

        Aitor Mendiluze:

Gabon adiskidea

nolatan zu hemen

        Igor Elortza:

ikusi beharko da

adiskide garen

        Aitor Mendiluze:

nik baietz pentsatu det

ukatu baino lehen

        Igor Elortza:

berba egingo dugu

amaitu ondoren.

 

        Igor Elortza:

Zergatik zatoz horren

itxura beltzeko?

        Aitor Mendiluze:

Ezin da txuriz joan

ikatza lortzeko.

        Igor Elortza:

Gogoa al daukazu

haurrak izutzeko?

        Aitor Mendiluze:

Ta zuk berriz guztiak

barrezka jartzeko.

 

        Aitor Mendiluze:

Zeinen ridikulua

uniforme hori

        Igor Elortza:

ba Coca-Colak dio

nagoela ongi

        Aitor Mendiluze:

falta dira zintzilik

bola bat edo bi

        Igor Elortza:

zure kapoitxo hoiek

ekartzea tori.

 

        Igor Elortza:

Kontuz nirekin daude

CIA eta Nasa

        Aitor Mendiluze:

ta halere sartzeko

ez zera kapaza

        Igor Elortza:

ez didazu ipintzen

ez bide erraza

        Aitor Mendiluze:

lagun handiak baina

laguntza eskasa.

 

        Aitor Mendiluze:

Ze tximini estuak

gaurko etxeetan

        Igor Elortza:

neu ere sartu ezinik

nabil bai benetan

        Aitor Mendiluze:

gainera su bajurik

ez da kaleetan

        Igor Elortza:

amaitu behar dugu

gaur biok penetan.

 

        Igor Elortza:

Sartzeko beste bide

bat ba ote dago

        Aitor Mendiluze:

nik Mepansaren ordez

atea nahiago

        Igor Elortza:

zoaz zu aurretik ta

gero ni errazago

        Aitor Mendiluze:

lan zikinak egiten

ni ohituta nago.

 

        Aitor Mendiluze:

Baina ta zer umeak

esnatzen badira?

        Igor Elortza:

baten bat ikusi dut

leihotik begira

        Aitor Mendiluze:

ez gaitzala ikusi

azkar erretira

        Igor Elortza:

nik ipuinak kontatu

ta zeuk jarri tira.

 

        Igor Elortza:

Noski bion artean

hobe izango da-ta

        Aitor Mendiluze:

ia ba sartzen geran

elkarri tiraka

        Igor Elortza:

azkenik egin dugu

langintza aparta

        Aitor Mendiluze:

eskerrak ia errege

eguna bada-ta.

 

 

      Zu, Igor Elortza, autobusean zoazela, Maialen Lujanbio zure ondokoa telefonoz hizketan hasi da. Bikotekideak jo egiten duela eta gehiago ezin duela esanaz jardun da, negarrez hasi eta moztu duen arte. Musuzapia eskaini diozu.

 

        Igor Elortza:

Beraz behin izan zena

egizko maitasun

bihurtu da ez bero

ta ez etorkizun.

Negarrari zapiaz

diot gaur erantzun

eta denerako prest

nengoke ni, entzun,

malko hoiek benetan

lehortu ditzazun.

 

        Maialen Lujanbio:

Laguna bihurtu zait

maitale ez, putre

nire begi ertzetan

malkoak itute

musuzapia ematen

hara ze jardute

zapia hartzen dizut

keinu horren truke

eta musua ere

eskertuko nuke.

 

        Igor Elortza:

Beraz eskatu eta

emanda aski du

mundu hontan berdintsu

gabiltza beti gu

bakarrik sentitzea

ohi dugu deskuidu

ez zara beti izango

zu bere gatibu

hortik irten liteke

neu nauzu testigu.

 

        Maialen Lujanbio:

Zuk ere pasatuak

egunik beltzenak,

ez dakit ba berdinak

ote garen denak...

Orain min ematen dit

senarran izenak

ez ninduen maitatu

maitale ez zenak

ta odolik gabeak

zauririk latzenak.

 

        Igor Elortza:

Zauri hoientzat eman

dizut lehen zapia

konpartitua baitut

zure lubakia.

Azaldu nahi nizuke

ondo zergatia

neure arreba izan zen

behin ikaratia

nahi baduzu har zazu

haren zenbakia.

 

        Maialen Lujanbio:

Ba eskertuko dizut

ta zuri hori zor

ia leuntzen didan

nire hainbat minsor

telefonoz nenbilen

eztarria idor

zuk entzutea behar

bainuen derrigor

telefonoz bestalde

ez zegoen inor.

 

 

      Aitor Mendiluzek eta Amets Arzallusek beren seme-alaba nerabeak topatu dituzte, biluzik, elkarri argazkiak ateratzen. Aitor kezkatuta dago; Ametsek ez dio aparteko garrantzirik ematen.

      Doinua: Aizak hi mutil mainontzi.

 

        Aitor Mendiluze:

Heziketa da lehena

ta emateko kemena,

ahalegina ta konpromisoa

da gurasoena

baina jakinda hauena

gaur egun gertatzen dena

biluztea ez, argazkia da

kezkatzen nauena.

 

        Amets Arzallus:

Argazki baten flash hutsa

zorrotza da, ez amutsa

ai, baina Aitor bi gorputz hoiei

emaiezu funtsa

bi bular koxkor goruntza

hanka tarteetan huntza

zer dauka txarra deskubritzeak

besteen gorputza?

 

        Aitor Mendiluze:

Bi bular koxkorrak hara

bien artean konpara

eta diozu deskubritzea

hain txarra al da ba?

ez baina iristen bada

sare sozialetara

denek ez dute izango agian

zure begirada.

 

        Amets Arzallus:

Zabiltz neurritik irtena

egin ezazu etena

ez baita Aitor hainbestekoa

seme-alabena

egin gabeko hobena

ez dezazula kondena

ez zazu zuk zeuk imajinatu

egin ez dutena.

 

        Aitor Mendiluze:

Zer pasa liteken egun

nahiz ta kontatu diegun

agian errez delako edo

kontzientziz bigun

zergatik epaitzen jardun

nola aukera daukagun

esergaitezen eurekin eta

hitz egin dezagun.

 

        Amets Arzallus:

Ta gorputza goitik behera

bi begien arabera

azter dezagun ta gero egin

hurrengo galdera

zer sartu Internetera

edo eta zer atera

geronek ere ikas dezagun

eurekin batera.

 

 

      Bertokoei lana kentzen diezula entzun behar izan duzu berriz ere.

      Doinua: Naufragoarena.

 

        Aitor Mendiluze:

Arrantzontzian kresaletan blai

ez asteburu ez luzeko jai

han Senegalen ikasi eta

ustez badet nahiko dohai

baina inor ez dago lasai

antza asko lan honen zai

nik betetzen det eta ai!

Orain gorrotoz zuzentzen zaizkit

ta ez naiz ulertzeko gai

itsasoratu nintzen garaian

inork ez zuen joan nahi.

 

Portutik irten da baporea

zai daukatsare ta alde ohea

baina portuan utzi dudana

ez da oso dotorea.

Lanerako adorea

neuregan daukat gordea

askok ez du nahi ordea.

Ta gauza ez da azal zuria

edo beltza den hobea

gaur egun denen arazoa da

diruaren kolorea.

 

Ez naiz sentitzen horko erregea

ez esklaboa, ez titerea.

Denek bezala soldata baizik

ez baita nire xedea.

Honetan banaiz trebea

saiatzea det legea

neuretzako mesedea

ta portukoek konprenituko

dutela badet fedea

neuk ere pena dudala baina

errua ez dela nerea.

 

 

      Buruz-burukoa. Kartzelako hitza: Altzoa.

 

        Maialen Lujanbio:

Helduok bihotzean

zenbat harramazka

bizitzaren bizitzez

indarrak gasta

nekeak eta minak

askotan arrasta

uzten gaituzte eta

hori nola aska?

Bihotzeko zasta

bizkarreko lazta

banoa arnaska

hartzen nau xarmaz ta

altzoa da helduok

dugun sehaska.

 

 

 

DAMUTUKO ZAIZUTE!

 

 

      Web telebista saioa egin zuten Argia.com-en Arnaitz Lasartek eta Unai Gaztelumendik, Mirari Martiarena eta Ander Lizarralderekin batera. Astero umore kolpeka astindu zituzten txapelketako asteburuetako saioak. Bertso gaxoentzat droga hutsa.

 

 

      Buruz-burukoa. Kartzelako gaia: Itzultzeko garaia da.

      Doinua: Martxa baten lehen notak.

 

        Maialen Lujanbio:

Beti berdin amaitzen ote da

etorkinen pelikula,

bukaeran bat idatzi al da

geronek ez dakigula?

Ekuadorren saldu ziguten

arrakastaren formula

eta orduan Espainiarantz

jarri genuen brujula.

Zenbat ate jo ote ditudan,

zenbat ofizina zula

zenbat etxe garbitu ta zenbat

zahar zaindu dudan kalkula.

Han miseritik ihesi eta

hemen krisia mardula

balirudike guk pobrezia

gurekin dakarkigula.

 

Etxerik etxe garbitzaile lez

nun bizi berria hasi

hemengo jardun modua egin

eta ohiturak ikasi

dena beltzean paperik gabe

dena murritz ta eskasi

asko dutenen etxeetan ere

ezin asko irabazi.

Nere buruai esaten nion

“horrela noiz arte haiz hi?”

Euskal Herrira ere heldua

nahiko mixeri ta krisi

eta hemen juxtu egoteko

nahiago han juxtu bizi

billeterako adina diru

bildu behar det lehenbizi.

 

Papel ofizialak falta ditut

berdin billete papela

nere lardaska eta lan txiki

moldatzen naiz dena dela

han dauzkat haurrak han familia

han etxe baten epela

ta itzultzeko garaia da ia

garbi ikusi dut horrela.

Euskal Herrian hainbestek jarri

didate keinu ospela

beste batzuek abegiz hartu

ezin zitekeen bestela

eurak inoiz migrante badira

argi izan dezatela

guk hartuko ditugu eurek gu

hartu gaituzten bezela.

 

 

      2013-11-30 Maule-Elextarre

      Adineko bikotea dira Aitor Mendiluze eta Unai Agirre. Zahar-etxera bizitzera joatea erabaki zuten. Lehen gaua han pasatu, eta gosaltzen ari dira.

 

        Aitor Mendiluze:

Gu adineko bikote gisan

ia laurogeiren mugan

hainbat objektu txiki edukiz

eguneroko ohituran

hainbat gauzatxo, hainbat momentu

ta hainbeste keinu gugan

orain esnatu, bila hasi ta

non nagoenaren dudan

ia ez dakizu gauza hoiek faltan

nola botatzen ditudan.

 

        Unai Agirre:

Hiruroitamar urtekoa ni

ta laurogeikoa bera

bizi erreza izan dugunik

ez nijoa esatera

urte askotan bizitutako

gure etxetik atera

pauso geldian etorri gara

gu zaharren etxe batera

nahiz gauza asko ditugun faltan

pixkana ohituko gera.

 

        Aitor Mendiluze:

Beraz urtetan aurrera goaz

ta indarretan atzera

zerbait beharko genuen, noski

ta erabakia hauxe da

geurea utzi eta etorri

gera biok zahar etxera

baina zalantzak eta beldurrak

biltzen zaizkidan antzera

ez dakit inoiz helduko naizen

honi etxea deitzera.

 

        Unai Agirre:

Urte ugarin bizitu gera

badet zenbait eskarmentu

gu bezelako ugari degu

gosari orduan gertu

bildurrez zaude Aitor maitea

ta oraintxe zera lehertu

gainontzekoak ikusten ditut

gustura eta kontentu

gure berdina pasako zuten

ta edozeini galdetu.

 

        Aitor Mendiluze:

Arrazoi dezu hemen ez gaude

lekurik okerrenean

nahiz eta kezka eta zalantzak

bildu nere barrenean

zertan kezkatu bakardadeaz

jendea biltzen denean

etxea eta lehengoa faltan

bota ditut aurrenean

gertuxeago izango ditut

semea datorrenean.

 

        Unai Agirre:

Nahiz adinean aurrera eginda

egin degun umiltzera

honek joera badu joateko

goitik behera amiltzera

seme-alabak etorri baietz

sarri gurekin biltzera

hainbeste negar ez daigun egin

eta goazen isiltzera

gu bizitzera etorri gera

ez gera etorri hiltzera.

 

 

      Kartzelako gaia: Nehork ez zuen espero baina lortu egin duzu.

 

        Jexux Mari Irazu:

Ez neukan alde haizea

dena traba ta leizea

baina buruai heltzea

maite dut nire etxea

gaztea eta pentsatzen zuten

seguru da partitzea

hau Parisera joango zaigu

ta tokatu isiltzea

laborantxara bildu naiz eta

lortu ere segitzea

sosak atera bizimodua

neurera erabiltzea

erakutsi det posible dela

Xuberoan bizitzea.

 

Urteetako etena

asko hemendik ertena

zen Parisen garaipena

eta euskaldunen pena

egoerari buelta ematea

gazte zenbaitzun lorpena

ingurukoek etsipena ta

nik ez nuen nahi azkena

berrehun bat ardi latxa ipini

neure pentzean barrena

aberastu ez naiz aberastuko

dirua ez baita dena

izpirituak badu nahikoa

lurrak ematen duena.

 

Lehen kanpora ate joka

han bizimodua topa

inori ez diot opa

hobe sorterrian koka

usteen kontra lortu dut eta

barrua daukat borborka

baina erabat ez naiz konforme

martxan dabilkit errota

jende gehiago, gazte gehiago

bai soina ta bai arropa

proiektu hontan sartu nahi ditut

Parisen nahiaren kontra

lortuko dudan ez nago ziur

hori da nere erronka.

 

 

2013-11-17 Murgia

 

      Lankideak zarete. Fredi Paya, Beñat Gaztelumendirengana hurbiltzen zaren aldiro Beñatek ordenagailuan leiho bat ixten duela konturatu zara.

 

        Fredi Paia:

Harrituta naukazu

azken egunetan,

pantaila jaisten duzu

baldin banaiz bertan.

Zer aurkitzen duzu ba?

Nabil galdeketan,

bertso-porno jartzen dun

pestaña horretan?

 

        Beñat Gaztelumendi:

Zu agertzen zera ta

itxi ohi det di-da,

baina Fredi mesedez

hortik erretira.

Bertso-pornotan nabil

begira-begira

baina zureak soilik

ateratzen dira.

 

        Fredi Paia:

Ba gaztea etorri

batetik bestera.

Kubara joan nintzan

ni innobatzera.

Bertsoa hasten baitut

sexuaz batera

pendulo itxurarekin

daukat habanera.

 

        Beñat Gaztelumendi:

Beraz zu Kuban izan

zinen oporretan

eta Kariben daude

zurekin zorretan.

Sarri nabigatzen det

horrelakoetan

horregatik naiz ona

bakarkakoetan.

 

        Fredi Paia:

Hola ezin da sortu

ez plazer ez sendi.

Zure entrenatzaile

izango da Fredi

alde hortarantz makurtu

Gaztelumelendi

ta ia nere habanera

zenezakeen senti.

 

        Beñat Gaztelumendi:

Nik ez det funtzionatzen

zure arabera

beraz beste batentzat

utzi habanera.

Jefea ondoan dago

ta benga lanera

zu CIAkoak baino

txarragoa zera.

 

 

      Kartzelako gaia: Prest duzu dena. Gonbidatuak falta dira.

      Doinua: Unai Agirrek txapelketan plazaratua.

 

        Unai Agirre:

Egun haundia, egun ederra,

gaur ez da egun kaxkarra.

Atsalde osoa ni sukaldean

badet barruan indarra.

Patatak eta gusanitoak,

bokadiloz barra-barra.

Mila irripar dauden tokian

ezin liteke hasarra.

Gaur ez degu egun txarra,

ez nuen uste baino benetan

nago urduri xamarra.

Tarta gainean ipini diot

bere kandela bakarra.

 

Lagun guztiak gonbidatuta,

hau atontzera abitu.

Gure ttikia, gure semea

nola nahi degun serbitu.

Sendia ere pixkana doa

haunditu eta haunditu.

Hemen denbora pasatzen zaigu

nahiz eta ez iruditu,

hamabi hilabete ditu,

festa haundi bategin nahi degu

ta barrutikan sentitu.

Guztiek txalo joko diote

nahiz berak ez entenditu.

 

Ordua iristen ari da Unai,

mugi zaittez, benga mugi!

Lehen semea dedan ezkero

ez det hainbat jakinduri.

Izeba eta osabak datoz,

asko dirala dirudi.

Gaur oparien zakua ere

egongo da guri-guri

nahiz ta malkoak ixuri,

berari ez baino omenaldi bat

egiten digute guri.

Semea dago lasai arraio

ta aita dago urduri!

 

 

2013-11-16 Oiartzun

 

      Bikotea zarete, eta gaztetan hasi zen zuen arteko harremana. 7 urte kartzelan egin ostean, orain hilabete gutxi askatu zuten Agin Laburu. Aitor Sarriegi, gaur esan dizu zuen artekoa bukatu dela.

 

        Aitor Sarriegi:

Bi txoritxoren gisara

maitasuna halakoa da

hasi ginenok pasa ditugu

makina bat traba

gaur bukatu dela hara

esanez zatoz bertara

barruan egon zaren garaitik

zer aldatu da ba?

 

        Agin Laburu:

Bihotza bi puska hautsi

desberdin bihar ta etzi

ze aldatu dan galdetzen dezu

erantzuna eutsi.

Espetxeak ez dit gutxi

urteotan erakutsi

sentimenduak ezin dirala

giltzapean utzi.

 

        Aitor Sarriegi:

Eduki zaitut aparte

zure sarraila ta ate

ta horrek bioi sortu dizkigu

makina bat kalte,

espetxean zazpi urte

ni joan ta etorri jo take

ta hortaz ez al zera ohartu

irten zeran arte?

 

        Agin Laburu:

Zazpi urte eta piku

errepide ta istripu

gure harremanak hamaika muga

gaindituak ditu.

Zer pasa zaidan begitu

ahal badezu entenditu

sentitu igual egingo nuen

ez naiz atrebitu

 

        Aitor Sarriegi:

Horrek nola eman didan su

ene zenbat enbarazu

nik txintxo-txintxo egin baitizut

giltzapean kasu.

Bizitzen ikastera zu

zoaz eta badakizu

maitatzen ere ikas daiteke

hala nahi badezu.

 

        Agin Laburu:

Zazpi urte aparteko

gaur ez gaude aldarteko

baino ez uste ez zaitudanik

gehiago maiteko

nahiz ta mindu zeran seko

erabakia hau tarteko

gezur batean bizi ezkero

ez gaude hobeto.

 

 

2013-11-10 Tolosa

 

      Aitona-bilobak zarete. Zu, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, aitona, eta Jexux Mari Irazu biloba. Orain arte familiatik kanpoko zaintzaile batek zaindu izan zaitu Mantxi. Orain, Jexux Mari biloba lanik gabe geratu da, eta zu berak zaintzea proposatu dizu.

 

        Iñigo Mantzizidor “Mantxi”:

Ya lana galdu dezunez

libre erantzukizunez

ni zaintzeko prest omen zaudela

jardun naiz entzunez

hasi gaitezen zentzunez

ta gauza bat erantzunez

ze ingo dezu diruagatik

edo maitasunez?

 

        Jexux Mari Irazu:

Aitona beti alerta

bere ondoan zer gerta

esan nahi zidan aizu biloba

ken zazu kareta

nik maitasunez arreta

zuk ere neuri fereka

eta horrela zainduko dezu

nere hipoteka.

 

        Iñigo Mantzizidor “Mantxi”:

Hoi mingaina zorroztea

ta nahiko dezu poztea

prest omen zaude orain zaintzeko

etxeko lastrea

badezu diru eskea

gustura dator gaztea

ba nik beti izan det nagusi

txarraren ospea.

 

        Jexux Mari Irazu:

Banekin ez zala broma

nolako ezinegona

kanpotik ere entzuna nuen

zuk zeneukan sona

nik borondate sakona

ta zaude lasai aitona

nagusi txarrak izaten baitu

herentzia ona.

 

        Iñigo Mantzizidor “Mantxi”:

Hango arropaz jantzia

peruana bat dultzia

nahiago det nik zu baino nere

ondora etortzia

ta entzun azken sententzia

agortu zait pazientzia

bizkarreko bat izango dezu

nere herentzia.

 

        Jexux Mari Irazu:

Haserretu zera dena

pilatu baitzaizu pena

diru trukean zaindu nahiean

nolako problema

bizkarreko nabarmena

laster helduko zaitena

agian hori izan liteke

lezio onena.

 

 

2013-10-13 Altsasu

 

        Beñat Gaztelumendi:

Gure etxean ez degu izan

ez goserik ta ez hotzik.

Pentsatzen nuen etxean denok

ibiltzen ginela pozik.

Alabak bere txanponen faltaz

inoiz ez du egin hitzik,

ni lapurtzeak ez nau kezkatzen,

eskatu ez izanak baizik.

 

        Unai Agirre :

Etxe guztitan da miseria

berdin hemengo ta hango.

Langabezian ondo gaudenik

orain ez dizut esango.

Lapurtu digu txartela eta

etxetikan urrun dago.

Bai bai zekien eskatu ezkero

Ez geniola emango.

 

        Beñat Gaztelumendi:

Urrun joana izan liteke

guretzat kate astuna.

Sortu genuen familia ta

atzean det eraztuna.

Berak hautatu duen bidea

degu bidean estuna.

Amodioak ematen baitu

diruak lortzen eztuna.

 

        Unai Agirre :

Ondo pentsatu beharra degu

esaten ni naiz hasiko.

Gure alabari zer nahi egiten

ere ez diogu utziko,

salaketakin segi ezkero

ni ez nintzake biziko.

Ta salaketa kendu ezkero

ez du inoiz ikasiko.

 

        Beñat Gaztelumendi:

Azkenekoa zen kuadrilan ta

azkenekoa klasean.

Eznuen uste zebilenikan

ordea galdu antzean.

Hamasei urte ta familia

ezin da utzi atzean.

Lasai berriro bueltatuko da

kreditua bukatzean.

 

        Unai Agirre:

Ez dezu bota aizu maitia

hain arrazoi borobila.

Bi mila euro bakarrik daude

ta gastatu ditu mila.

Neronek ere desiatzen det

lehenbailehen etor dadila.

Bere guraso biok gera ta

Beñat goazen bere bila.

 

 

      Kartzelako gaia: Gaia ateratzen duzun bakoitzean, gaiz aldatzen du.

      Doinua: Habanera

 

        Beñat Gaztelumendi:

Mahaiko entsalada degu

ordu erdiz ahoratu

Egunean zehar pasa

zaigun dena gogoratu

Lagunen mila istori

ta laneko mila datu

Bi urteko harremanak

hori izaten baitu tratu

Bere begi itzalitan

begiak ditu iltzatu

eta hala galdetu diot:

“Zer pasatzen da? Kontatu!”

Ezer pasa ez balitz gisa

halaxe du gaiz aldatu,

baina zergatik ezin dit

begitara begiratu?

 

Ezagutu ginenean

zenbat mimo, zenbat kasu

Goizero jaikitzen ginen

elkarrekin irrifartsu

Egunak enpalagoso

“maite zaitut”, “maite nauzu

Baina urruntzen hasiak

ote gera pausuz pausu

Gaur dena azaleko gai

eta elkarrizketa antzu

Bai badakit zeozerk

egin dizu enbarazu

zer duzun galdetu eta

mutu geratu zera zu

ez didazu ezer esan

ta dena esan didazu.

 

Begi parea malkotan

dauka puztua, betea.

Ta kolpera lehertu zaio

esan ezinen nekea.

Masailan bera doazen

malko latzen atakea,

“Ez nago ondo” esan dit

ta baretu aldartea,

“Zalantzak dauzkat laztana,

zer nahi dezu esatea?”

Nik hala erantzun diot

“Zabalik dago atea,

Behar den denbora dena

lasai har zazu maitea,

zor didazun bakarra da

zoriontsu izatea”

 

 

      Doinua: Itsaso hori dago zatarra.

 

        Jexux Mari Irazu:

Delikatua eta berezi

baino ezin joan hortik ihesi

Gaia atera ta beste aldera

ez ninduen hola hezi

Ama lehen bixi-bixi

zahartu dala notizi

Adin handira iritsi

“ama etorri nere etxera”

“motel txoratu al haiz hi?”

90 urte bete ta

ezin du bakarrik bizi.

 

Nere arduran badut partea

etxean egin diot tartea

Gaia atera ta beste aldera

normala da izatea

Badu bere aguantea

hori ez da bere kaltea

Zabaldu zaio atea

ta bi aukera gelditzen zaizkit

badaukat borondatea

Neure etxera nahiko ez balu

neu bere etxera joatea.

 

Hauek ez dira kasu bakanak

nahiz moldatzeak dakartzan lanak

Nola edo ahala estutu behar

gure arteko harremanak

Zer esana iraganak

gerora datozen planak

Nik beteko ditut danak

bizi dan arte nere laguntza

edukiko baitu amak

Hori ta gehio merezi baitu

arnasa eman zidanak.

 

 

2013-10-12 Hendaia

 

      Iban Urdangarin eta Iñaki Zelaia bikotea dira. Iñakik autokarabana bat erostea izan du amets. Azkenean, erosi dute, baina oporretara doazen aldiro, Ibanek nahiago du hotelera joan.

 

        Iñaki Zelaia:

Nik Iban konbentzitzen

zer nolako lana,

mendira egin nahi nuen

asteburuz plana

hoteletan gastatuz

gure diru dana,

adornutako al degu

autokarabana?

 

        Iban Urdangarin:

Nire garai batean

hain gaztea nintzen,

pospolo kaja baten

mundua korritzen.

Baina zu ezagutu ta

ia ez naiz harritzen,

nazka-nazka egin naiz

platerak garbitzen.

 

        Iñaki Zelaia:

Beraz platerarekin

eskutako mina,

beraz horrek izan du

kriston eragina,

praktika gehio izango

zenuke jakina,

etxean gehiagotan

ariko bazina.

 

        Iban Urdangarin:

Parking xelebre baten

kanpora begira,

kantzontzilo zikinak

polsan sartuz tira.

Tortilla xelebre bat

gose bat neurrira,

horrelako oporrak

oporrak al dira?

 

        Iñaki Zelaia:

Alper hutsa zera ta

ez egin negarrik!

Saiatu ezkero egin

leike plan earrik.

Zerbeza hartu eta

zu sofan bakarrik,

hortako ez dago etxetik

atera beharrik.

 

        Iban Urdangarin:

Autokarabana hau

Iñakiren kalten.

Ia aspertuta nago

zopa zaharrak jaten.

Gaur lo egin behar det

“tres estrellas” baten

ta zuk aparka zazu

hotelaren aten.

 

 

      Kartzelako lana: Lor zenezakeen guztia lortu duzu baina jendeak ez dizu begirune handiegirik.

      Doinua: ETAren su-etenetik.

 

        Iñaki Zelaia:

“Empresariales” karrera

nuen nere gustokoa.

Nota onez atera nun

ez zen izan oztopoa.

Gero lan bat aurkitu nahi

eta gero gerokoa,

herriko aurrezki kutxan

egin zidaten txokoa.

Bentanillan izan nuen

nere lehenengo puestoa,

eskalatzeko izan det

abilidade nahikoa,

bankuaren goi kargura

iristeko ainakoa.

 

Peoi, igeltsero edo

irakasle zein mediku,

batere neurririk gabe

eman degu hainbat kreditu.

Orain garai txarrak datoz

eta ezin errenditu,

ta epaile baten aurrean

gurea ez da delitu.

Kalean kaso egin gabe

bakarrikan naiz gelditu,

jende honentzako ezin det

irtenbiderik aurkitu,

krisi honek trapu zikin

gehiegi atera ditu.

 

Beraz aurkeztu nahi nuke

nere dimisio karta:

“Agur banoa” esanez,

sinadura eta data.

Hasi nahi nuke nik beste

gurdi batetik tiraka,

lan apalago batean

nere hurrengo etapa.

Agur nere traje beltzak

ta agur nere gorbata,

ta are okerragoa,

adio nere soldata!

Lagunak edukitzeak

preziorik ez dauka ta!

 

 

2013-10-05 Markina-Xemein

 

        Puntua:

Ezagutzen al duzu

San Mames barria?

        Agin Laburu:

Bilbotarrentzat degu

ikaragarria

dirua gobernuak

propio jarria

ez dakit nun daukagun

batzutan neurria.

 

        Puntua:

Polita bada baina

garesti xamarra.

        Agin Laburu:

Horregatik zegoen

lagundu beharra.

Nunbait mugitzen baita

Bizkaian zakarra

baina eskertzen dute

denek barra-barra.

 

        Puntua:

Bertso finala bertan

ospatu ezkero?

        Agin Laburu:

Ni juango naizenik

ez zazu espero

Estiballesek gaur hau

egin eta gero

gauza normaltzat joko

degu honezkero.

 

 2011KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA | 2013KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA | Palmaresa