—gaiak—
2003KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA
BERTSO ESKOLAKOAK ANTOLAKUNTZAN
Txapelketako antolatzaile eta arduraduna: Aitor Mendiluze.
Antolakuntzan: Joxe Fermin Argiñarena.
Gai-jartzaile taldean: Gorka Tolosa.
Epai-mahaian: Mikel Iturbe, Joxe Anjel Oiartzabal, Bakarne Urreaga.
SAILKAPENA:
1. Maialen Lujanbio: 760,5
2. Jon Martin: 726
3. Aitor Mendiluze: 514
4. Jon Maia: 505,5
5. Iñaki Gurrutxaga: 505
6. Jexux Mari Irazu: 502
7. Ekaitz Goikoetxea: 500
8. Amaia Agirre: 478
BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPEN TAULAN
Finala:
— Maialen Lujanbio: Txapelduna
— Aitor Mendiluze: Hirugarrena
— Jexux Mari Irazu: Seigarrena
Final erdiak:
— Iñaki Zelaia
— Estitxu Eizagirre
Final laurdenak:
— Aritz Zerain
— Unai Agirre
— Joxe Luis Urdangarin
— Iker Osa
Bigarren fasea:
— Agin Laburu
Lehen fasea:
— Joxe Anjel Aranburu
— Ibon Miner
— Jon Iraola
— Iker Alustiza
Aitor Mendiluzek esan zidan “kantatuko duzu Gipuzkoakoan...” “nik? bai zera!” “ba orduan epaile edo gai-jartzaile edo zer edo zer, jendea behar dute eta”. Azkenean konbentzitu ninduen eta horrela hasi nintzen epaile.
[Bakarne Urreaga]
Oihartzunen kantatu nuen, eta oso puntu gutxigatik ez nintzen aurrera pasa. Sailkapen bat zegoela kontziente izan nintzen saioa bukatu eta gero. Burutik pasa ere ez hurrengo saioren batean kantatuko nuenik, eta oholtzatik jaitsita pentsatu nuen “ostra, bertan geratu haiz bada, behin etorriz gero!”.
[Joxe Anjel Aranburu]
Joxe Anjel Aranbururi eta bioi elkarrekin kantatzea tokatu zitzaigun, hamarreko txikian, argia joan zeneko hartan. Argia joan zelako pasatu nintzela leporatu izan didate, baina bueno! Ez nuen batere espero pasatzerik, 18 urterekin berri paperean joan nintzen, eta argazkika gogoratzen dut. Irudi bat dut kartzelatik oholtzara nentorrela, Jexux Mari Irazu mantsoago joateko esanaz, arnasa hobeto hartzeko.
[Agin Laburu]
2003ko Gipuzkoako Txapelketara lanak eginaren sentsazioarekin joan nintzen. Nik gozatu nuen, sozidadera joan, Ereñozuko lokal hartan gure burua estutu, afaritan bandejakada piper jan, kristorenak esan...
[Joxe Anjel Aranburu]
Gu bertso eskolan gure artean biltzen ginen eta jardun egiten ginen, baina estutu gabe. Baina Ereñozun Unai Agirre, Aritz Zerain eta hauekin biltzea guretzat beste presio bat zen. Beste maila bateko bertsolariekin ari ginen. Salto bat eman genuen.
[Agin Laburu]
Txapelketa finalerditara arrimatu ahala, sparring libreenak gu ginen, ikasten ari ginen eta. Arratsalde batean bertso eskolako lokalean aritu ginen Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta hirurok. “Nik zer pintatzen dut hemen?” pentsatzen nuen. Batek gaia jarri eta beste biak kantari hasi eta “beste bat bota arazi beharko diot, hau finalerditan dago”...
[Joxe Anjel Aranburu]
“Ni honaino iritsi banaiz aurrekoan, oraingoan ere iritsi behar dut” espero izaten da. Eta saio tristea egin nuen. Tabladutik jaistean lagun batek esan zidan “motel, motel, zer ibili haiz, egiten zuen beroarekin jertsea ere ez duk kendu-eta!” Hain lekuz kanpo nengoen... Txapelketa horren ondoren bertsotan segi nuen, gu Aranon biltzen ginen. Baina saio gutxiago genituen, ingurutik deitu eta ezezkoa esan ere bai, geldialdi bat izan nuen.
[Unai Agirre]
Agurrean aipatu nuen lehenengo emakume txapelduna nintzela. Aipatu nahi izan nituelako “bide horretan abitu eta segitu ahal izan ezin zutenak”. Burutan neukan Arantzazu Loidi bezalako pertsona bat. Gu lehenengotakoak gara, baina gu baino lehen beste batzuk egon dira eta traba batzuk haiek kendu dizkigute gero guk bide egiteko. “Nik lortu dut sari hau” sentitzen nuen, baina “ezin izan dutenei” eskaini nahi izan nien. Ez euren ezintasunagatik, testuinguruagatik baizik.
[Maialen Lujanbio]
Gauza horiek sinbolikoak dira. Niretzako garrantzitsua zen ez lehenengo emakumea nintzelako, Gipuzkoako txapela zelako baizik. Baina irakurketa sozial batetik eta kanpotik begiratuta ez dut ukatzen garrantzia duenik, mugimendu sozial baten, eboluzio baten adierazle delako: horrek esan nahi duelako bertso eskoletan neska pila bat daudela, emakumeak espazio publikoan gero eta gehiago daudela...
[Maialen Lujabio]
Urriaren 25a Oñati
Zuek, Iñigo Izagirre eta Estitxu Eizagirre, bikotea zarete. Estitxuk bost urte zituela oparitu zioten hartza txikiarekin egiten du lo oraindik. Une honetan hirurok ohean zaudete.
I. Izagirre:
Ohera sartu zera
baba dariola
hartzezko pelutxea
maittea, potxola;
estu-estu hartu dezu
besoetan hola.
Akordatu ni ere
ohean nagola.
E. Eizagirre:
Zu(e)re baietz estutu
hartza hau bezela!
Hirurekin ohea
bai dela epela!
Baino uste det bere
mailan ez zaudela:
hau neri hogei urtez
izan zait fidela.
I. Izagirre:
Besterik ez du eta
ezautu oraindik
ez omen da banatu
bera zuregandik
trioari baietza
emango diot nik
baina hartzak ez dauka
iniziatibarik.
E. Eizagirre:
Zuk iniziatiba asko
gainera zakarki
ohetik ere bota
behar nauzu aurki
ta gainera marmarka
ari zera beti
honek behar danean
isiltzen badaki.
I. Izagirre:
Beraz isildu ohi da
behar dan bezala
nik proposamen bat det
ez da hain makala:
jakizu norbait asko
maitatzen dudala
ta ekarriko al det
gure etxeko txahala?
E. Eizagirre:
Hartza ta ni bikote
perfektua gara
eta txahala kontukin
zertan hasi zara?
Kasik beste ideia
hobe bat det, hara:
ikuiluan pasako
dezu gaurko gaba.
Kartzelako gaia: Badira urte batzuk zure sexua aldatu zenuela. Une honetan zeure buruari begira zaude.
Estitxu Eizagirre:
Begiratuta gaur bistan dago
emakume bat naizena
baina lehenago zakil bat nuen
nere praketan barrena.
Futbolerako traketsa nintzen
eta korrika herrena
muñekak zaintzen adierazten nun
nere amatasun sena.
Nola onartu nere guraso
ta gizartean problema?
Ez ikusia ta ez onartua
egiten nuen aurrena.
Operatzeko pausoa nahiz ta
izandu dedan azkena
nere burua ikustea da
aldaketa haundiena.
Teorian da erreza baina
garestia da praktikan
milioi mordoa gastatu baitet
ebakuntzan ta botikan;
ispiluari esaten diot
“ez da izan alperrikan”.
Bizarrik ez dut ta muskuluak
findu zaizkit azkenikan
oso gustora erreparatzen
det ezpain eta tititan
lehengo itxura soilik mantentzen
det ile eta begitan.
“Jo, zenbateko kontraesana!”
Pentsatzen det nik sarritan:
ez naiz lehengoa ta aldiz orain
bai, orain ni naiz egitan.
Ebakuntzatik aldatu ditut
nere izen ta abizen
lanetik joan ta beste herri
batean jarri bizitzen
lehengo lagunak gaizki esaka
baitzirelako aritzen
nere aldaketa nik onartu dut
ta ez dute entenditzen.
Gorputz honekin gustora nago
berdin argal edo gizen
ezer faltako ez zaidanikan
ere ez zait iruditzen
baina barruan arantz txiki bat
oraindikan zait gelditzen:
ai nere amak jakingo balu
ni zeinen ederra naizen!
Azaroaren 9a, Andoain
Amona eta biloba zarete. Zuk, Aritz Zerain, bilobak, zailtasun handiak izaten dituzu hilaren bukaerara iristeko. Amaia Agirre amonak, berriz, bere pentsiotik zerbait aurreratzea lortzen du hilero.
A. Zerain:
Hil bukaeran beti izaten det
majina bat desengaino
nahiz ahorratzen jarri ohi dedan
ez dakit zenbat enpeino.
Nik poltsa hutsa ta zuk karteran
majina bat diru soino
nere soldata bajuagoa al da
zure pentsioa baino?
A. Agirre:
Hirurehun euro ta mila euro
hor bada nahikoa alde
nere soldata eskuratzen det
baina hori ez da debalde.
Biloba maite ez zera egingo
inoiz sos apurren jabe
hiru pauso(e)re eman ezean
tabernetan sartu gabe.
A. Zerain:
Baina derrigor ez al da izaten
tabernara juatea?
Han izaten det pake pixka bat
ta han det lagunartea.
Amona izan bilobarekin
esku on ta borondatea
soluzioa izan daiteke
neri paga ematea.
A. Agirre:
Nik diru asko ez eta bera
ondotikan atakean
itxaropena jarri al dezu
amonan borondatean?
Arratsaldero zatoz nigana
egongo gera pakean
gastu haundirik ez dezu izango
nerekin zauden artean.
A. Zerain:
Behar duenak ez dauka eta
daukanak berriz aldrebes
bizitza honen errepartua
nik uler nezake nekez.
Zurekin ez naiz amona joango
ez zaidazu eska mesedez
diru beharrik ez det izango
bizi gogorik ere ez.
A. Agirre:
Mesede truke egin nahi zaitut
nere pagaren bezero
bizi gogoa zapuztu omen
dizut ta zenbat endredo.
Zatoz nerekin zahar etxera
biloba arratsaldero
eta han paga emango dizut
punttun irabaziz gero.
Azaroaren 1a, Hernani
Hasierako agurra.
Belarrik erne begirada hotz
eta ipurdia estu
zutik mantendu egiten gera
eta gainera abestu.
Bertsolaritza deitzen diote
baina honek izenik ez du
nahiz eta nere etorkizuna
ez dagoen zuen esku
hauenak ez du inporta baina
ni behintzat txaloz babestu.
Zuek neska-mutilak zarete. Joxe Luis Urdangarinek, haurdun dagoela-eta, Agin Labururi, mutil lagun ohiari deitu dio aitatasun frogak egin ditzan eskatuz.
A. Laburu:
Ni naizen edo ez ote naizen
egin behar al det aipa?
Hainbat denboraz ibili zinan
neskatxa neri jarraika.
Zure umea zuk berdin-berdin
egin behar dezu maita
baino ni al naiz zure umeantzat
desio zenukeen aita?
J.L. Urdangarin:
Aizazu Agin elkarren ondun
pasatua degu jaia
baina une gozo hoiei iritsi
egin zitzaien amaia.
Esan zenidan: “Nik betirako
maitatzea det nik nahia”
horra, heldu da maitasun hori
erakusteko garaia.
A.Laburu:
Nahiz itxi nizun biok bizitza
bat egiteko atea
zure umea izan liteke
neretzat ere kaltea;
nahiz nik zaitudan nahiz beste era
batean oso maitea
zuk nahi al dezu maite zaitudan
medikuek esatea?
J.L. Urdangarin:
Esan dizudan motibo hauxe
dirudienez asko da
barkatu baina zure ondotik
ez naiz joango inora.
Zure ondoan nahiz ta ibili
ohe kontutan gustora
erakuts zazu zerbait zerala
gerri aldetikan gora.
A. Laburu:
Bizitza guztiz alda lezake
adin hontan ume batek.
Aitatasuna frogatu nahian
proba egin nahi dit honek
haurra izatean erabakia
ezin det hartu neronek
eta umea nerea bada
nik neuk ere maiteko det.
J.L. Urdangarin:
Familia bat sortzeko ideia
nonbait ez zaizu gustatzen
baina hasi naiz nire kontura
famili hori prestatzen.
Zure ondotik joango gera
ez bazaitugu kezkatzen.
Zure iguala ez izatea
besterik ez det eskatzen.
Iñigo Mantzizidor “Mantxi” semea. Agin Laburu aita. Zuk, Mantxi, Maria landarea landatu zenuela-eta aitak sekulako errita egin zizun. Gaur, aita ikusi duzu landareari ura botatzen.
I. Mantxi:
Neri errita eginda
nolako muturra!
Mariai ura bota
ta mugitu lurra.
Usaira etorri zera
nolako sudurra!
Orain badakit nor den
auzoko lapurra.
A. Laburu:
Alperrikan egingo
didazu kritika
arrazoia eman nahi
nizuke nik ti-ta:
ama gauean pozik
datorkit korrika
bazkaritan letxuga
tartian jarrita.
I. Mantxi:
Eta seguru jango
dituzula bapo
baina beste kezka bat
aitortu beharko:
gaur santuen eguna
antzeko dalako
ez zenitun hartuko
kanposanturako?
A. Laburu:
Ahaztu egin al zaizu
utzi ni pakian!
Inor ez dago kanpo
santura joatian.
Guk biokin genuen
aurreko urtian:
aitona sartu gendun
baratzan lurpian.
I. Mantxi:
Agin ni ez naiz hortaz
ohartu gabia
gajo harek hiltzeko
bazun edadia;
gustora egongo da
gauza nabaria:
orain alboan dauka
amona Maria.
A. Laburu:
Beraz hobiak dira
aitonan ametsak
zeozer jotzen dio
zeruko txepetxak.
Ixil zaitia, ikusi
biharko’ia beltzak
hau ona omen da-ta
kalenturarentzat.
Azaroaren 9a, Andoain
Aita semeak zarete. Zuk, Iker Osa, emaztearekin eztabaida gogorra izan eta Aitor Sarriegi semearen gelara joan zarenean negarrez aurkitu duzu.
I. Osa:
Gelara sartu eta semeak
tristetu egin nau pranko
zu egon lasai elkarbizitzan
moldatzen baikera bapo;
alde batera utzi itzazu
zure negar, zure malko
ama nerekin haserratu da
asko maite nauelako.
A. Sarriegi:
Edredoipea izan dut beti
gordeleku segurua
eta gaur ere heldu zaizue
eztabaidaren ordua.
Hainbeste maite baldin bazaitu
astin ezazu burua
oso arraroa iruditzen zait
adierazteko modua.
I. Osa:
Ondo ez dakizu baina holakoak
izaten dira loturan
sentimentuen korapiloak
horrela dabiltza gugan.
Ez ulertuak zure amatxo
sartua dauka tristuran
zoaz harena ta esaiozu
nik e(re) zenbat maite dudan.
A. Sarriegi:
Ondo dakizu sarri zerate
era horretan ibili
nere aurrean ezin dezue
ia gehiago estali.
Beti berdintsu egiten dezu
lehenik giroa kiskali
ta trapu zaharrak konpondu asmoz
gero semea bidali.
I. Osa:
“Ez haserretu” zuk gurasoei
hala esaten diezu
baina tartean egunez egun
bada hainbat konpromezu.
Gu haserretu egiten gera
gero errezu ta errezu
noizbait ezkontzen baldin bazera
ordun ulertuko dezu.
A. Sarriegi:
Ezkontzak eta aguantatzeak
zer ikusi asko dute
dirudienez ia ez dezue
elkar horrenbeste maite;
agian biok banandu ere
egin behar zenukete
nik zoriontsu nahi baitzaituztet
batera ala aparte.
Azaroaren 16a, Eskoriatza
Kartzelako gaia ongi atera zen Maialen Lujanbiorekin nintzelako, eta asko estimatzen dudalako bertsotan eta pertsona moduan. Gaiak bide eman zigun konplizitatea adierazteko. Niretzako horregatik izan zen polita.
[Estitxu Eizagirre]
Aspaldiko lagunak zarete. Urteak daramatzazue elkar ikusi gabe. Gaur, zahar etxean egin duzue topo.
Doinuak: Aizak hi mutil mañontzi.
M. Lujanbio:
Denbora juanan enkargu
karga haundia dakargu
ta lagun zaharrak ikuste honek
enkantua badu.
Berdin-berdinak gera gu
bueno, urte batzuk salbu
parre egiten genion hura
ailegatu zaigu.
E. Eizagirre:
Aulki berean jarrita
degu lehengokoen pinta
berriz bertsotan hasi dezagun
betiko ika-mika.
Nago ezin sinetsita
hau ezusteko polita
zu aurkitzea galdu zenuen
txapela jantzita.
M. Lujanbio:
Garai bateko zirika
orain ere aldarrika
kaso egiteko iruditu zait
itxura polita.
Nere txapela jantzita
al dakat xelebre pinta?
Atzera beira bizi naiz maite
aurrera ezin-ta.
E. Eizagirre:
Lasai, buruan txapela
dezu merezi bezela
iruditzen zait lehengo Maialen
berbera zarela.
Hernani berriz horrela
zeharo aldatu dela
zabalik al da zure etxean
ein zendun hotela?
M. Lujanbio:
Entrebista bat bailitzan
nola galdezka zabiltzan
zer gertatu dan egi-egitan
hobeto det esan:
nere etxean bizitzan
brilloa asko nabari zan
hura gaztetu egin zuten ta
ni zahartu nitzan.
E. Eizagirre:
Berdin astegun eta jai
bertsoai ekin nolanahi
zahartu gera baina sekula
gu ez gera etsai.
Amondu zerala zu, ai!
Baino egon zaitez lasai
nere eredu zinan gaztetan
ta orain ere bai.
Abenduaren 14a, Irun finala
Zu, Aitor Mendiluze, suhiltzailea zara, eta Maialen Lujanbio, zure bikotekidea. Maitasun-jolasetan ari zaretela, larrialdi-deia jaso duzu zure bilagailuan edo buskan.
A. Mendiluze:
Behingoz ari ginala
ohean hasita
entzun dedan dei hori
ez da hain polita.
Lastima izatea
suarekin zita
neure etxeko suak
piztuta utzita!
M. Lujanbio:
Suak itzali behar
piztu dituenak
piztuta hor uzteak
dakartza problemak.
Ze oportunismo txarrak
“Pi-pi-pi” horrenak
hain finak ez dauzkazu
bilagailu denak!
A. Mendiluze:
Baina ene Maialen
zertan ari zera?
“Pi-pi-pi”-ak deitu nau
norbait salbatzera.
Zu egon ta mantendu
oraingo antzera
iritsiko naiz brasak
aprobetxatzera.
M. Lujanbio:
Denekin kunplitzeko
zu zabiltza adi
baina beti arreta
gehio kanpoari.
Brasak aprobetxatzen
ez zabiltza argi
nik su emango diot
nere buruari.
A. Mendiluze:
Lasai maitea gorde
tristura ta penak
gero izango dira
txisparik onenak.
Balio baldin badu
piromanoenak
berriz piztu dezake
behin piztu duenak.
M. Lujanbio:
Bonberoak duena
aurpegi itzela!
Joan nahi baldin badezu
benga, zoazela!
Baina gogora ezazu
gertatu leikela
beti piztu ta piztu
ta beti epela.
Zu, Maialen Lujanbio, preso zaude, eta jarritako zigorra arintzeko, lan bat proposatu dizu Jon Maia kartzela-zainak: egunean zehar kartzela berri baten eraikuntzan lan egitea.
M. Lujanbio:
Ai gizarajo ez zaude ez zu
hain borondate hutseko:
egun txiki bat neri opari
mailukada bakoitzeko...
kartzela berri bat eraikitzen
esklabu baten antzeko
nere kondena laburtzeko ta
besterena luzatzeko.
J. Maia:
Nik ondo dakit: atzekaldean
utzi nahi dezu kartzela
kondena luze-luzea dezu
luzea eta krudela
ta hobe dezu zuk pentsatzea
eskatzen dudan bezela
ipintzen dezun harri bakoitzak
askatuko zaituela.
M. Lujanbio:
Nik lanak dauzkat zure harriak
askatasunai josteko
ezautzen zaitutzu korbatadun
hipokrita peto-peto.
Españai kontra egitearren
urtetan zure menpeko
beste bizpahiru pasako ditut
zuri kontra egiteko.
J. Maia:
Nere aukera izan liteke
askatasunaren golde.
“Noiz irtengo naiz? Noiz irtengo naiz?”
sarri egin dezu galde.
Eraikin hori ez da izango
orain zuretzat debalde
beti hain kontra ez egin eta
egin zazu zure alde.
M. Lujanbio:
Eta zuk noiztik egiten dezu
nere aldeko marmarra?
Aizu zuk noiztik dezu ezagun
koherentziaren marra?
Kolperik ere ez det nik joko
ai, kartzelero zakarra
nola alde egin pentsatzea da
nere eginbehar bakarra.
J. Maia:
Nola arraio nahi dezu galdu
horma artean bizitza?
Urte luzetan izan baitezu
horren bizimodu hitsa.
Nola alde egin pentsa ta pentsa
beti hola bazabiltza
azken harria jartzerakoan
neuk emango dizut giltza.
Puntua:
Zer eskatzen diozu
zuk Olentzerori?
M. Lujanbio:
Oraindik bizi al da
gizon gizen hori?
Aspaldi dauka tripa
bapo eta lori
nik ez diot eskatzen
kanpoko inori.
Kartzelako gaia: Ospitaleko itxarongelan zaude, sendagilea noiz etorriko zain.
Maialen Lujanbio
Goizeko ordubi t’erdiak eta
sentitzen nintzen arraro
nahiz eta hartu bi aspirina
ta urari hiru trago.
Pentsatu nuen “Gora igotzea
ez al da hobe izango?”.
Igo behar banun igo naiz eta
nerbio denak akabo
silla naranja txiki batean
bi ordu t’erdiz itxaro
urgentzitako gelan egon behar
baldin bada hain luzaro
urgentziaren berri egun bat
lehenago eman beharra dago!
Urgentzitako gela txiki hau
nola izan inoren poza?
Giro atsegina topatzeko ere
ez da toki aproposa.
Nere ondokoak sufritu ei du
akzidente baten bortxa
eta barrengo minetan dago
bestaldeko hanka motza
pareko amonak barruan dauka
bere beldurraren hotsa
ta hango neskak dantzan dabilki
izu batean kokotza...
Gela berde hontan juntatzen dira
bizitza ta heriotza.
Jo eta fuego tiraka dabiltz
enfermero eta ate
beraien presa ez da izango
zai dagon inoren kalte.
Batzuk ta bestek begi bietan
etsipena daramate
hemen zenbaitek pentsatuko du:
“Eutsi dezaket, noiz arte?”.
Azken batean ni ondo nago
pozez eta tripa bete
ez daukat ez nik nere ondokoek
aina pena, aina neke
azken batean nere umetxoa
hementxe jaio liteke.