Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

XABIER LEGARRETA ETXARRI

 

1976an jaioa, Aranon

 

 

 

AITONA

 

      Gure etxean zalea aitona zen. Ni hizketan hasi baino lehenago kantatzen zizkidan hark bertsoak. Hari adituz eta telebistan ikusiz zaletu nintzen. Abiera aitonak eman zidan.

      Asko kantatzen zizkidan, batez ere Txirritaren bertso zaharrak. Berak erakutsita, nik lehenengo kantatu nuen bertsoa “ikusten duzu goizian” izan zen.

      Aitonak non-nahi kantatzen zuen. Saskigilea zen, eskulanetan oso trebea, eta lanean ari zela ere bere gisa kantari aritzen zen. Telebistari begira ari zela ere bai, afalaurrean eta afalondorenean ere bai... oso ume zalea ere bazen eta gurekin ordu asko pasatzen zituen. Ez zen inoiz ailegatu plazan kantatzera baina badakit bastante trebea zela, bere kasa ari zenetan neronek ere sumatu nuen. Aranon Santa eskean ateratzen zirela esaten zidan, eta koplari aritzen zela. Gu jaiotzerako bukatu zen hura.

      Aita eta osaba bastante zaleak dira, baina ez plazaz plaza ikusiko zenukeen jendea. Ni hasi nintzenean gehixeago zaletu ziren.

      Aranon bertso zaharrak ikaragarri dakizkien jendea bada. Edozein garaitan hara joan eta edozein sumatuko duzu tabernan bertso zaharrak kantatzen.

 

 

GOIZUETAKO BERTSO ESKOLATIK HERNANIRA

 

      Goizuetako eskolan ibili ginen hamar urtean. Lontxo Aburuza etortzen zen Iruñetik, eta astean ordubete edo bi orduz bertso eskolak ematen zizkigun. Nik uste jolas ordua ere harekin pasatzen nuela, latan, bat-bateko bat kantatu arazi behar izaten nion etortzen zen guztian. Kuadrilla dezentea ginen Goizuetan aritzen ginenak. Dozena erdi bat igual: Dani Narbarte, Jon Eskudero, Agustin Elizegi, neroni...

      Zortzigarren mailan nintzela hasiko zen bertso eskola Goizuetan Joxe Oiartzabalekin (emaztea hangoa du). Festetan eskolako taberna jartzen duten etxe hartan izaten zen. Hantxe juntatzen ginen larunbata ilunabarretan, arratsaldeko 19:00etatik 21:00ak aldera arte. Bertso zaharrak kantatzen genituen, tarteka liburu bat edo beste ekartzen zuen Oiartzabalek. Gero bat-batean lau oinekin kantatzen genuen, puntutan, puntua erantzunaz ere bai, ofiziotan ere bai... talde polita juntatu ginen eta oso giro ona genuen. Baina bizimoduaren gauzak direla eta, batzuk lanean hasi ziren, gauza bat eta beste zela bakandu ginen, eta gehienek utzi egin zuten.

      Joxe Oiartzabalek ikusten zuen gogoz aritzen nintzela eta “ez ezak utzi, joan hadi Hernanira” esaten zidan. Horrela, Hernanira ekarri ninduen. Bi-hiru txandatan lagundu zidan, eta segituan egin nituen lagunak.

      Ni lehenbiziko etorri nintzenean Biterin bildu gintuzten. Korroa galanta bai! Ederki lotsatua sartu nintzen. Koplatan ari ginen. Ni berria nintzela-eta bakoitzaren aurkezpena egin behar izan genuen, edo bakoitzaren ezaugarriak eman bertsotan. Ordurako Hernanin hasi nintzen eskolan, EPOn. Arratsaldea bertsoarekin betetzen genuen, estudiatzen ez ginen asko saiatu eta!

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

      Lehenengo aldiz parte hartu nuen Eskolarteko Txapelketan, ama eta biak Iruneraino joan ginen trenean Hernanitik, han Baztanesa hartu, eta Bera Bidasoara joan ginen. Aranotik hara trenean eta autobusean joateko, hainbeste kolpetan, eguna gehiena behar genuen. Bidean gaizki pasa nuen, nerbioso. Oraindik bertso eskolan hasi gabea nintzen, eskola ordutan emandako harexekin nindoan, eta afizioa banuen, baina jende aurrean kantatzea bueno, sekula pentsatu gabea nintzen. Ez dakit bat-batekoa irabazi nuen eta idatzizkoan bigarren egin, edo alderantziz. Gustura bueltatu nintzen etxera.

      Mugitu beharra zail egiten zitzaidan. Dezente desegokia da Nafarroa herrialdean mugitzeko, eta berez nerbioso egonda, luze egiten zitzaidan. Baina han bertan ezagun mordoxka bat egin nuen, topaketetan ere juntatzen ginen eta nahiko giro polita genuen. Orduan Nafarroan bertsolaritza bera berritzen ari zen, eta Xabier Silveira, Estitxu Arozena, Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxearekin Lesakako bertso eskola oso furian zegoen. Etxarri Aranazkoak ere ale batzuk baziren, giro polita zegoen eta dezente mugitzen nintzen alde hartara ere.

      Hernanin sustraiak pixka bat bota nituenean gero eta gutxiago joaten nintzen.

 

 

 

PLAZARATZEA

 

      Lehenengo plaza sariketaren batean egingo nuen. Xenpelar saria ez bazen Bilintx, edo horietakoren batean.

      Sariketatik aparte, Donostia alde horretan beti izaten zen bertso afari tipoko enkarguren bat. Behin Jon Iraola eta Iker Osarekin joan nintzen Intxaurrondo aldera. Nora joan behar zen jakin ez, eta okertuta kuartel aldeko bidea hartu genuen. Bagindoazen eta “hi, hori ez al huen guardia zibila?” galdetzen genion batak besteari. “Keba!”. Gero eta bertarago joan eta “zapel hori guardia zibilarena huan!” Mekaguen, baita ikusi genuenean hura ziztua eraman genuen beste aldera!

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Herri Arteko
Txapelketa

1999

Gai-jartzaile
(Hernani-Iraulio taldean)

Nafarroako Txapelketa

1995

Kanporaketa

Nafarroako Txapelketa

1996

Kanporaketa

Nafarroako Txapelketa

1997

Finalista

Txapelketa Nagusia

1997

Kanporaketa

Nafarroako Txapelketa

1998

Txapeldun ordea

Nafarroako Txapelketa

1999

Finalista

Nafarroako Txapelketa

2000

Txapeldun ordea

Nafarroako Txapelketa

2001

Final-aurreak

Nafarroako Txapelketa

2002

Finalista

 

Nafarroako Txapelketan Oskar Estangarekin.

 

 

NAFARROAKO TXAPELKETA

 

      Iparraldearekin batera egiten zen orduan Nafarroako Txapelketa. Gu baino dezente zaharragoekin ere kantatzea tokatzen zitzaigun. Lehenbiziko aldiz Alduden kantatu nuen, bertso afari tipora egin zen. Izpegin barrena joan ginen aita, aitaren lehengusua, Jon Iraola, Iker Osa eta ni. Alduden kantatu eta konforme etorri nintzen etxera.

      2000. urtean Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Xabier Silveira finalean zirela bigarren egin nuen txapelketan. Ordurako jendaurrean pixka bat kantatua nintzen. Aurretik ere bigarren egin nuen beste txapelketa bat izan zen, Estitxu Arozenaren atzetik. Eta urte hartan bertan ere plaza dezente egitea tokatu zitzaidan. Talde indartsu horrekin bigarren egin nuen, eta orduan jada gehiago ibili nintzen plazan.

      Gero ez nuen suerterik izan, ondoko txapelketak nahiko kaxkarrak egin nituen, eutsi behar nion garaian pixka bat behera egin nuen.

      Nafarroan txapelketa urtero egiten da, eta aspertu egin nintzen. Gainera, nahiz entrenamendutan gozatu hara joan eta ez nintzen gustura aritzen, ez nuen nezakeenik egiten. Ez nion neure buruari asko utzi ere egiten.

      Nik uste Nafarroako bertsolaritzak urte onentsuenak eman zituen garaian txapelketan ongi ibili nintzela eta horrekin konforme gelditzen naiz.

 

 

PLAZAZ PLAZA

 

      Nafarroako Txapelketan Amets Arzallusen atzetik egin nuen urte hartan 35 bat plaza egin nituen Euskal Herri osoan; Bizkaira mugitu nintzen, Gipuzkoa aldean, Nafarroan dezente...

      Orduan plazan zebiltzan gehientsuenekin kantatu nuen. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jon Sarasuarekin kantatu izan dut, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegi, Xabier Silveira, Estitxu Arozena...

 

 

2009-07-10, Iruñea, jaialdia

 

      Zuek biok talde bereko txirrindulariak zarete, Igor Elortza Amstrong eta Xabier Legarreta Contador. Bi oilar oilategi berean.

 

        I. Elortza:

Lehengoan nik eginaz

zaude bero-bero

gure taldean lider

zarela-ta edo.

Baina Alberto Contador

zaitugunez gero

hasi zaitez kontatzen:

“Hiru, bi, bat, zero!”

 

        X. Legarreta:

Hiru, bi, bat, zero ta

erlojua atzera

indartsu omen zatoz

lehenagoko antzera

baina zurekin noa

lehenbailehen batzera

edo etorri al zara

tronua kentzera?

 

        I. Elortza:

Parka baina tronua

neroni dagokit

Europara etorri naiz

Ameriketatik.

Zu zertara zatozen

oso ondo ez dakit

hirugarren munduko

herri horretatik!

 

        X. Legarreta:

Hirugarren munduak

dit arnasa eten

Amerika bakarra

dela du ematen.

Aizu hemen ez geunden

zuri itxaroten

ta zuk ez al dakizu

etxean egoten?

 

        I. Elortza:

Kontxo! Hoixe bakarrik

guk falta genuen

beti egon naizenean

altutan altuen!

Zuri Contadorrena

kantatu dizut lehen

zuk ez dakizu amstrong-ek

zer esan nahi duen.

 

        X. Legarreta:

Etorri ta hala’re

nahi duena bota!

Lehenengo egunean

egin dit pelota.

“Zer esan nahi ote du?”

dabil ate joka

ez dakit ta gainera

neri ez zait inporta.

 

        I. Elortza:

Zure lagunek eingo

zuten noski porra!

Gaurkoan daukagu guk

etapa gogorra

arm arma duzu eta

amstrong da zigorra

pentsa ezazu zein den

datorkizun porra!

 

        X. Legarreta:

Ziklistaren bizitza

buila ta zarata

zu behintzat hemen zabiltz

hona ta haraka...

Aurten ez zara joango

Tourra aterata

denak Amstrong-en kontra

joango gera-ta!