Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

BERTSO-LATA

 

 

HASIERAN, ERREGE EGUNEKO SAIOA

 

      1992an egin genuen lehen Errege eguneko bertso saioa eta 1996an azkena. Ondoren Bertso-Latarekin hasi ginen.

      1990eko irailean hasi nintzen Hernaniko Udalean lanean. Euskara Zerbitzua sortzea erabaki zuen garai hartako Udalak (Agustin Ezponda zen alkate eta Koro Etxeberria kulturako zinegotzi). Euskara teknikari lanpostua sortu zuten, baita administrariarena ere (Marian Apezetxea). Alkate eta zinegotzi horiek sentsibilitate handia zuten euskararekiko eta dinamika eta ilusio handia zegoen. Bertsolaritza sustatzea oso gogoan zuten eta harreman estua zuten, gainera, bertso munduan tiraka zebiltzan Juanjo Uria eta horiekin. Joxe Legarreta saria ordurako sortua zuten, eta bertsolaritzaren inguruan ari ziren gauzak antolatu nahian. Bertso-eskolak diruz laguntzea ere garai hartantxe kokatu behar da.

      1991ko maiatza-ekainean amaitu zen legegintzaldi hori eta Joxean Rekondok hartu zuen alkatetza. Euskara arloaren ardura, berriz, EAJ-k, Iñaki Eizmendik, zehazki. Lehen egunetik bi helburu jarri zituen: Udal Euskaltegia egitea eta bertso eskola bultzatzea, tartean, saio handi batekin.

      Hor hasi ginen Errege eguneko saioa antolatzen.

      Bertso-eskola laguntzaile genuen orduan. Udala zen antolatzailea: Kiroldegia erabiltzeko baimenak tramitatu, bertsolariei deitu, tabladua apaindu Sandiusterritik ekarritako lore lehorrekin... Bertso eskolak laguntzen zuen bertsolariak hautatzen, eguna antolatzen, propaganda zabaltzen... Bertsolariak hautatzeko irizpide bat zen haietatik bi hernaniarrak izatea.

      Legealdia etorri legealdia joan, kolore batekoak zein bestekoak, modu folklorikoagoan batzuk, euskararen sustapenarekin eta normalizazioarekin lotuago beste batzuek, denek bultzatu dute bertsolaritza Hernaniko Udaletik. Urterik galdu gabe egin da geroztik zita hori (Errege egun, bezpera edo inguruan).

[Malores Etxeberria, Hernaniko Udaleko euskara teknikaria]

 

      1992an zen lehenengoz Errege eguneko saioa, eta Lazkao Txikirekin kantatzeko ohorea izan nuen. Niretzat izugarria izan zen, gainera saioa baino lehenago hamaiketakoa egitera joan ginen, eta berak girotu gintuen. Kiroldegiko frontoian izan zen

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      1994an Galarretan antolatu genuen saioa. Andoni Egañaren bertso gogoangarriak tarteko. Egaña kantatzen ari zela, komunetik bueltan edo zetorren emakumea erori da frontoiko eskaileretatik behera estropezu eginda, eta Egañak, aukera ederki aprobetxatuta, harekin eman zion amaiera bertsoari. Entzuleak algaraka eta emakumea, zorionez, onik.

[Malores Etxeberria, Hernaniko Udaleko euskara teknikaria]

 

 

1992-01-06 Lehen Errege eguneko saioa.

 

      Joxe Mari Arrieta aritu zen gai jartzen. Eta kantuan: Joxe Miel Iztueta “Lazkao Txiki”, Jon Sarasua, Joxe Mari Mujika “Anatx”, Joxe Luis Urdangarin, Gregorio Larrañaga “Mañukorta” eta Jon Lopategi.

      Lazkao Txiki eta Anatx, Aitona bilobak zarete. Joxe Miel urteak aurrera joanda, lanerako gauza ez dela gelditu da. Eta hor ikusi du berak hainbeste aldiz astindutako atxurra erdoia jotzen hasia dela.

 

        Lazkao Txiki:

Ustekabean iragaten da

munduko aldi laburra

eta guk izan degun bizitza

ez zan bizio xamurra

nere iloba hazi da eta

egiten diot agurra

ni zahartu nauk ta orain hartu zak

nik utzitako atxurra.

 

        Anatx:

Zuk utzitako atxurra hor det

erdoiturikan ikusi

aitona entzun zazu, mesedez

arrazoiez nahi det hasi

horrekin lana egitea gaur

nola ez duan merezi

atxurrarekin ezin liteke

ogirikan irabazi.

 

        Lazkao Txiki:

Gazte maite hau atxurrarekin

haserretuta dago aurrez

nik eskainita laister jarri da

bera hartzeko beldurrez

zoritxarrean gure mende hau

beterik dago alperrez

atxurrarekin ezer ez zegok

ta egin gabe ezer ez.

 

        Anatx:

Aizu, aitona ez zaitez jarri

haserre edo berua

atxurra ez da zure ilobak

maite duan jenerua

gure etxean oraindik ere

atera leike gerua

traktoretxo baterosi nahi det

eman zaidazu dirua.

 

        Lazkao Txiki:

Ta aitonari diruan eske

gaztetxoa azkenean

ni horrekintxe aritua naiz

oraindaino bitartean

zuk sobra ezin badezu nola

sobra nik atxur lanean

ta traktorea erosi zazu

zeuk sobratzen dezunean.

 

        Anatx:

Behin behar eta nere aitonan

arrazoia gendun ona

bainan gaur zaila hor atxurrari

atera behar zaiona

barkatu baino esango dizut

orain pentsatzen nagona

kalera noa, geldi zaitezte

atxurra eta aitona.

 

        Lazkao Txiki:

Nere iloba harro xamar hau

zertsu ari zait esaten?

Zuk uste dezun dena ez erraz

baserrietan izaten

txiki izanda haundi nahi horrek

ez du ederki ematen

obispo egiten ere zaila da

apaiza izan baino lehen.

 

        Anatx:

Segitu ere egin beharko

gu zer ginake bestela?

eta aitona zure iloba

aditu ezazu bela

lehen berak zion atxurrarekin

ezer egin ez duela

eta iloba nahi al zenduke

zu izan zeran bezela?

 

        Lazkao Txiki:

Nere gazte honen etorkizuna

nik ikusten det iluna

pena bat daukat nere sasoia

aspaldian dala juna

zuretzat gero etorriko da

ta bildurtu da aitona

atxurra eta pala dirade

gu hondatuko gaituna.

 

        Anatx:

Arrazoi pixkat badu aitonak

ilobatxoa ikusita

gauz berriari orain gazteak

egin nahi dio bixita

harrokerian mintza naiz baina

ez zaitez jarri etsita

berriz atxurra lodituko det

harrokeriak utzita.

 

      1991ko Gipuzkoako bertsolarien txapela Jon Sarasuak irabazi baietz milioi erdi jokatu zuen Joxe Luis Urdangarinek. Orain topatu dira lehen aldiz.

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Ez nun espero berarengandik

bainan utzi nau horrela

txapela eskura zedukan eta

hauxen da ume txepela

ez nun egingo apusturikan

egin nuen bezain bela

jakingo banu txapelketetan

tongo egiten duela.

 

        Jon Sarasua:

Nik tongorikan ez nuen egin

ta ez hasi ika-mikan

nik egin nuen denen aurrean

protesta bat bakarrikan

zerorrena da erru guztia

esango det zergatikan

bertsoa eta herri kirola

konfunditzeagatikan.

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Baina hala ere jokabidea

ez zait iruitzen justua

hau baiezkuan geratu zan da

luzatu zidan eskua

ta nun arraio daukagu orain

ordun eman zan jokua?

Hurrengo urteko txapelketan nik

Peñan alde apustua.

 

        Jon Sarasua:

Hurrengo baten besteen alde

joka dezakezu lasai

neroni behintzat ez naiz sentitzen

txapela eramateko gai

ta deskuiduan arrisku hori

tokatuko balitz noiznahi

fama gehiegi gauza txarra da

eta neretzat ez dut nahi.

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Geroztik hemen egondua naiz

honek zer esango zun zai

pentsatu zazu egindakoaz

ni ez nagoela alai

gizajo batzuk txapelketa hortan

beti izaten degu jai

ta beste batzuk aukera izanda

txapelikan ez dute nahi.

 

        Jon Sarasua:

Nolanahi ere aukera hori

ez zan gauza nabarmena

mentalidade jokozko horrek

ematen dit nahiko pena

saio batean ia edozein

izan liteke aurrena

ahaztu itzazu apustu hoiek

tontolapiko alena!

 

      Egin dezagun kontu lehenengo haurra izatera zoazen neska soltera zarela.

 

        Lazkao Txiki:

Ni hola utzi ninduen hura

gaur zein tokitan ote da?

Ni hemen nabil kuartoan bila

batera eta bestera

inork ez nau nahi ostatuz hartu

noan estalpe batera

gaur bi mila urte Maria juan

ta ibili zan antzera.

 

Jaio ordua ez dakit noiz dan

dan egunez edo gaba

halaz ta guztiz gaitzerdia da

ondo etorritzen bada

agian izan leike semea

ta izan liteke alaba

nolabait behintzat haziko al det

ondo etorritzen bada.

 

Nere mutilak leheno bazuen

santuak hainbat maitemin

ta berak nahi zituen guztiak

egin zituen nerekin

zer atsekabe etorri zaidan

bost minutuan atsegin

zakurrarena ein dit mutilak

hanka jaso ta aldegin.

 

 

      Sevillan euskaldun gazte batzuk atxilotuta izan dituzte. Corcuerak eta Guardia Zibilek txakurrari bota die errua, kotxean atuna omen zeramaten marmitakoa egiteko, eta haren usainean atxilotu omen zituzten. Zer deritzozue?

 

        Jon Sarasua:

A ze failoa egina duten

lau mutil gazteren kontra

nere ustetan Corcuerarenak

gehientsunak daude jota

kulpa zeineri bota behar zaion

asko ez zaie inporta

bi hankakoak failatu eta

lau hankakoari bota!

 

        Joxe Mari Mujika “Anatx”:

Sevilla hortan gertatu dana

ez da asunto txukuna

orain zakurrai errua botaz

dabil Corcuera jauna

harek berezi ez zitulako

bonba zan edo atuna

aitzaki danak onak dirade

kendutzeko euskalduna.

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Ta gainera maiz ibiltzen gera

hain egoera larritan

horregatikan hasi nahi nuke

ni Corcuerari erritan

orain Sevillan gertatu dana

ez da gertatzen urritan

atun usaina daukagu nonbait

euskaldunok bakarrikan.

 

        Gregorio “Mañukorta”:

Goseak dagon animaliak

maitatzen ditu hazurrak

ta hoien kulpa botatze hoiek

dirade gauza samurrak

lau euskalduni kulparik gabe

hor egundoko egurrak

ongi pentsatzen jarri ezkero

zeuek zerate txakurrak.

 

        Jon Lopategi:

Euskaldunentzat mesfidantza ta

zakur batekin fedeak

zenbait familik izan zituen

pena ta miserereak

motibo gabe detenitzean

gazte musiko trebeak

holako asko sortuko ditu

Corcueraren legeak.

 

        Lazkao Txiki:

Andaluzian txakurrarekin

dabiltza giza ehizian

hemengotarrei kalte gehiago

egin nahiaren haizian

eta goseak dago txakurra

jatenik eman ezian

aitzaki zeini emango zaio

denak zakurrak baizian.

 

        Jon Sarasua:

Poliziaren lege berrian

guzti hoiek ondo daude

konforme dago PSOE eta

konforme da PNV

ta lege hori egin danetik

gure kalearen jabe

bazpare egon beharko degu

atunik probatu gabe.

 

        Joxe Mari Mujika “Anatx”:

Atuna jan zak baina atunez

ez juan Andaluzira

edo bestela Sevilla hortan

zer gertatu dan begira

lasaitasun bat etorriko zan

gu bizi geran herrira

hoiek etorri ziradenian

hola tratatu balira.

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Sevilla aldean beti daukate

registrotarako beta

oain euskaldunon aurka dabiltza

hartua diet arreta

arrain usaian eskusarekin

gaude amorruz beteta

arrandegitan kontuz ibili

laister hor dituzute-ta.

 

        Gregorio “Mañukorta”:

Oin’e Sevillan gertatu zaigu

oso gauza itxusia

batzuentzako egurra dute

askori kendu bizia

zer martxa dagon euskaldunentzat

degu ondo ikusia

nun dadukazute bihotza ta

nun dezute justizia?

 

        Jon Lopategi:

Kolpe haundi bat ematea zen

Corcueraren ustea

irrati eta telebistatik

armatu zuten nahastea

zoritxarrean ez da bakarra

Sevillako albistea

zakurren mende bizi behar hau

ez al da gauza tristea?

 

        Lazkao Txiki:

Hemen’e laister hori egiten

hasiko dira gainera!

Inori ezer galdetu gabe

etxe danetan sarrera

ipinitako lege txar hortaz

baliatzen da Corcuera

esate omen du “hay que revisar

por dentro eta por fuera”.

 

 

1996TIK AURRERA BERTSO-LATA

 

      1996tik aurrera, bertso-eskola ere indar handia hartzen ari zen, gogoa eta indarra zuten gauzak egiteko eta aste oso bat antolatzea proposatu ziguten: Bertso-Lata. Diru-laguntza baten truke (galerarik ez egitea ziurtatzeko) aste osoa bertsoaren inguruan.

      Udalarentzako proposamen oso egokia zen. Batetik, askoz ere egitarau aberatsagoa proposatzen zuten eta, bestetik, zein egokiago bertso-eskola bera baino horrelako ekitaldiak antolatzeko.

      Marian Apezetxeak eta biok gustoz utzi genien erreleboa. Handik aurrera eta gaur egun arte horrela agertzen da karteletan:

            Antolatzailea: Bertso-eskola.

            Laguntzailea: Hernaniko Udala.

[Malores Etxeberria, Hernaniko Udaleko euskara teknikaria]

 

 

      Errege eguneko saioa antolatzen hasi eta hiru-lau urtera Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak saio hori Bertso-Lata bihurtu zuen. Ondo dago jendeak astearteko bileran bertsotarako aukera edukitzea, eta gure arteko giro eta mugimendu bat egotea, baina horrek ere irteera balbula bat behar zuen, eta herrian ere erakutsi behar zen zer emaitza ematen ari ginen. Egitura guztiari grasa emateko modu bat da Bertso-lata.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Bertso jaialdia izaten zen Errege egunez eta Urte-Zaharretako Erronda urte amaieran (Ohitura Zaharrak taldearekin). Bi ekitaldi hauei tarteko egunetan beste zeinbat emanaldi erantsiz osatzen da Bertso-Latako egitaraua.

[Gorka Tolosa]

 

 

Bertso esperimentua urtero Hernanin

 

      Hernaniko Iraulio Panttalone bertso-kabiak ongi pasatzeko mila era zelebre daudela frogatu du azken hiru urteotan, bertso-lata antolatuz.

      Iraulio Panttalone bertso-kabia Hernani aldeko hogei bertsolarik eta hainbat zaletuk osatzen duten lagun kuadrilatxoa da. Gazte edo gazte izandakoak dira guztiak, eta urtero gabonetako astean kalera irteten dute, herria bertsoz zipriztintzera. Horixe da Hernaniko bertso-lata: zazpi egunetan bertsoekin emandako lata edo bertsobredosia.

      (...) Oso publiko ezberdinetara iristen diren ekintzak antolatzen dituzte urtero: helduen gustuko den erronda, gazteen saltsan eginiko bertso-afaria, haurren bertso saioa...

      Ekitaldi hauek guztiak bertsoekin eginiko esperimentuak dira, imaginazio askoz eta lotsa gutxiz asmaturiko jolasak. Jende ugariren partehartze zuzena eskatzen dute: bertsolaritza lorategi botaniko oso zabala baita, eta belar xilbextre bakoitzak badu bere leku eta funtzioa. Ikusi besterik ez dago zenbat protagonista dituen bertso asteak: bertsolari konsagratuak batetik, baina baita bertso eskolako ikasle hasiberriak ere, edo taberna giroko errondetan trebatutako bertsolariak, baita bat-batean aritzen ez diren arren bertsoak idazteko gai direnak ere, eta batez ere, alprojakerietarako prest dagoen publikoa. Urtetik urtera, oihartzun handiagoa hartzen ari da, eta herritarren artean oso erantzun ona jaso du.

      (...) Azter ditzagun bertso-lataren osagaiak: urtero ñabardura ezberdin bat hartzen badute ere, aste horretan zehar egiten diren ekintzak nahiko zehaztuta daude. Izan ere, 3 urtetan errepikatu izanak nortasun eta kutsu berezi bat eman dio ekitaldi bakoitzari. Hargatik, aurtengo bertso astearen inpresioak ixuri dizkizuegu hurrengo lerroetan, bertso-lata tipiko baten adibide izan daitezkeelakoan.

 

      Bertso afari paranoikoa

      Betiko 90ak bildu ziren abenduaren 25eko gauean, Langile Ikastolako jangelan. Diskoteka baino gehiago burdel kutsua ematen zuten zelofanez apaindutako argi gorri-berdeek. Egunak eskatzen zuen familia giroan afaldu, eta kuriosoenak mahai gainetako goxokizko pastilak jaten hasi zirenean, argiak itzali ziren. Orduan kandelak piztu, eta argiño dardarti haien pean itzal bihurtu ginen. Isiltasuna nagusitu, eta intimitate zirrara hartan bilduta hasi zen bertso-trama: ipuin paranoiko bat kontatzeari ekin zion Josu Goikoetxeak. Hura zen gidoigilea, haren esku zegoen tramako pertsonaien patua. Ordea, ipuin paranoiko horretako protagonistek tarteka bizia hartzen zuten: Sara, neska xarmant eta maripertxenta, Jon Sarasua bihurtzen zen, eta Jonatan, heroe garaitezina, aldiz, Jon Maia. Bertsolariek ipuineko pertsonaietan sartuta kantatu zuten, idatzitako gidoitik askatu nahian, aurredeterminatuta zuten etorkizuna aldatzeko ahaleginetan.

 

2002ko afari prehistorikoa:
Unai Iturriaga eta Sustrai Colina bertsotan
eta Josu Goikoetxea trama osatzen.
Asisko Urmenetaren marrazkiekin girotua.

 

      Ipuina, beti bezala, ongi bukatu zen, eta bertso afariak ere ohiko amaiera izan zuen: espontaneoen esku erori zen mikrofonoa, eta dozena bat sasi-bertsolari aritu zen habanerak botatzen.

 

      Bertso-matoia

      Bertso-matoiaren ikuspegia Inuzente egun batez: eguerdiko 12etatik arratsaldeko 19:00ak arte jarri naute herriko plazan. Haur, zahar eta gazteak geratzen zaizkit flipatu aurpegiarekin, eta ondoren irripar sinpatiko bat loratzen zaie, nik bere perfil onena islatzea nahi baitute. Baina, begi kritikoa dut nik: estudioko argazki prestatuak ez ezik barrunbeen erradiografiak ere atera ditzaket. Mila koloretako filtroetatik iragazten dut errealitatea, eta halakoa izango da bertsoaren tonua: zuri koipe-emaleak, berde pikanteak, gorri biziak, arrosa pastelak... Arratsaldean 7 haur etorri zaizkit bere aita bizardun eta guzti. Txipa kargatzean flash batek bonbila piztu dit, eta bertso bat abestu diet, ondoren, kartulinan idatziz hauxe errebelatu dut:

 

Nahiz ta inondik ez den ageri

ipuineko sorgin zaharra

aurreko hauek ez al daukate

zazpi ipotxen irriparra

baso osoan hedatzen dute

bere jolas ta marmarra

desentonatzen dun bakarra da

Edurne Zurin bizarra

 

      Bertso eskolako ikasleen saioa

      Txirritak 14 urterekin kantatu omen zuen lehen aldiz jendaurrean. Harats! Bada, Hernaniko bertso eskolako ikasleek 14 urte eta 100 kilo baino gutxiago dute eta dagoeneko bertso saio bat egiteko aukera izan zuten abenduaren 29an. Jende piloa etorri zen ikustera eta urte osoko lana show bihurtu zen: hasi berriek bertsolaritzaren historia proiektatu zuten diapositiba eta antzerki bidez. Bigarren taldeak txapelketaren parodia egin zuen, bertsolari famatuak eta hauen bertsokera karikaturaraino exageratuz. Eta urte gehien daramatzaten bi taldeek, berriz, bertso saioetan ikusten diren ariketei erantzun zieten: emandako lau oini, jarritako bakarkako lanari...

 

      Bertso musikatuak

      Koktail berezia izan zen abenduaren 30eko ilunabarrean Bodega tabernan guztiak zoratu zituena. Bertsoa eta musika konbinaturik, kontzertu bat osatu zen Hernaniko eguneroko bizi erritmoa oinarri zuelarik.

      Herriko gai ezberdinei bertso sailak idatzi zizkieten Hernaniko bertsolariek: lan eta industria munduari, sagardotegiei, Molotoff Irratiari, bertatik pasako den Abiadura Handiko Trenari, asteburuetako gaugiroari eta abar.

      Hitzak doinu bihurtzeko, elkar ia ezagutzen ez zuten herriko musiko eta instrumentuak bildu ziren: bandan jotzen duen bibolin birtuosoa, festaz-festa berbenetan dabiltzan baxua eta gitarra, kafe bohemioetako saxofoia, euskal txalaparta-zalapartaria, eta ordenagailuen ahotsa den organu elektrikoa.

      Max-mix hau ostiral arratsaldez gazte jendea poteatzen aritzen den zulo ezkutura eraman eta elementu guztiak kontzertu batean lehertu ziren: estu-estu eginda sartzen zen publikoaren dantza, berotasun eta oihuak, bertsolarien hitz eta ziri neurtuak, eta musikaren askatasun zirrarak.

 

      Urte zaharretako erronda

      Dios te salve...

      Kantatu du kalez kale beste urte batez Ohitura Zaharra abesbatzak, eta ondoren bertsolariek hartu dute magnetofoia, bat-bateko koplak abesteko.

 

2004ko Urte Zaharretako erronda.

 

2005eko Bertso Latako jaialdian
Julian Ezeiza “Aterpe” eta Antton Garin omendu zituen
bertso eskolak Hernanin bertsolaritza
iraunarazten egindako lana gogoan.

 

      Bertso saioa

      Urtero bertso saio indartsu batekin bukatzen da bertso-lata. Jaialdi hau da aste osoko ekitaldi nagusia, pastelaren ginda, labelaren zigilua. Telebista eta egunkarietan ohikoena den saio mota izanik, bertara inguratzen da publiko gehiena. Ariketa berriekin esperimentatzen bada ere, Iraulio Panttaloneko kideak betiko jaialdi serio eta formala antolatzeko ere gai badirela frogatzeko unea da.

      Zein intxisuk eragiten ditu orduan, ordena hankaz gora jartzen duten ustekabeak? Duela lau urteko saioan, Andoni Egaña eta Unai Agirreri gauez kanposantura joan diren bi lagunen gaia jarri zieten. Egaña itzal beldurgarriez eta kalaberez bertsotan ari zela, publiko arteko emakume bat irristatu, eta abiadarekin eskailera denak jaitsi zituen goitik behera, erdi erorian. Egañak izugarrizko susto aurpegia jarri eta izpiritu bat ziztu bizian pasatzen ikusi zuela abestu zuen.

      Aurtengo saioan berriz Iñaki Zelaia eta Aitor Mendiluzek gaztetxeari kantatu zioten. Mendiluzek gaztetxeko hormetako kartelak ere erortzen direla esan, eta une horretan bertan bere atzean zituen bertso-latako 14 kartel erori ziren. Zer ez ote da eroriko hurrengo urteko saioan?

[Estitxu Eizagirre, Argia, 1.702. alea, 1999-0’2-07]

 

 

 

2001-12-29 Hernani jaialdia

 

      Abenduaren 31 gauean jarriko zaituztet, Urte Zahar gauean. Badakizue hor tabernariekin-eta badagoela halako konflikto bat: tragoa pezetetan ordainduko dugu, baina bueltatu eurotan egingo digute. Andoni Egaña, zu tabernaria izango zara. Maialen Lujanbio oraintxe eskatzera joan den mozkorra.

 

        M. Lujanbio:

Larehun ta hogeita bost pezeta

dauzkat patrikan ta kito!

Atera zazu whiski txiki bat,

ron bat ta hiru zurito.

 

        A. Egaña:

Berriro eta mantsugo esan,

aizu, aizu, aizu, aizu!

Lehendikan nahiko folloi badaukat,

erotu egingo nauzu!

 

        M. Lujanbio:

Berriz esango dizut den-dena

ta ez da nere kaltera:

nik bitan esplikatuko dizut

eta zuk bitan atera.

 

        A. Egaña:

Hiru gin-tonik, zazpi Keler ta

hiru zurito xuabe...

Igual gehiegi esatea da

baina bakarrikan zaude.

 

        M. Lujanbio:

Hiru zurito, ron ta whiski bat

eskatu det alafede!

Kubatarikan ez det aipatu,

onartzen det hori ere.

 

        A. Egaña:

Hori da hori zerrenda latza,

ene zenbat buruhauste!

Ispilukoa zerorri zera,

ez zazu edan hainbeste.

 

        M. Lujanbio:

Ispilukoa ni neu naizela

zuk esan ta nik mantendu,

baina begira jartzen naiz eta

nik ainaxe edaten du.

 

        A. Egaña:

Neroni ere jarria nago

ispiluari begira,

eta une batetik bestera

biak eroriko dira.

 

        M. Lujanbio:

Joño, eskerrak eman diazun

ispiluaren abisu!

Atera tragoak neri eta

berak ordainduko dizu.

 

        A. Egaña:

Eskerrik asko, borondatea

baitidazu erakutsi.

Hala joan zaite komunera

ta txiprixtinik ez utzi!

 

        M. Lujanbio:

Ta bitartean nahi baldin ba’zu

zuk barra botilaz bete.

Nahiago det kanbioik ez euki,

atera bukatu arte!

 

        A. Egaña:

Berriro ere nahastu nahi nauzu,

besterik ez gendun falta!

Hala, barrura sartu zaite zeu,

ni kanporantza noa-ta!

 

 

 

2005-12-30, bertso bazkaria, librean

 

        Jexux Mari Irazu:

Fraga ta Aznar, Prestige

ta txapapotea...

 

        Aitor Mendiluze:

harritzekoa al da

lotuta egotea?

Gobernuak izan du

jarrera torpea

ta Galiziko kosta

pozoiez betea

zeini tokatzen zaio

kontu ematea?

 

        Jexus Mari Irazu:

Zenbat eman lezake

Ibarretxen planak?

 

        Aitor Mendiluze:

Emango ote ditu

pentsatzen diranak?

Aurkezteko bederen

nolako afanak!

Baina izango dira

alperreko lanak

bere ingurura biltzen

ez baditu danak.

 

        Jexux Mari Irazu:

Gaia eta doinua

aldatu behinepin

ezin segiko degu

kontu berarekin.

Antzematen zaizue

aurpegikerakin.

Beraz galderatxo bat

nik Aitor zurekin:

zeresan nahi zenuen

prestakuntzarekin?

 

        Aitor Mendiluze:

Zita baten aurreko

lan guztia omen

guk egin degun hori

finala baino lehen

baina bat jakituna

baldin bada hemen

titulo hoi zerorrek

lortuko zenuen;

ondona zuk dakizu

prestakuntza zer den.

 

        Jexux Mari Irazu:

Ba erantzun zuzenik

ez daukat nabarmen

nahiz saiatu nintekeen

kanpo eta barren.

Batzuk pausoa bizi

ta besteak herren;

dena zuk esan dezu

litekeen ondoen

prestakuntza neuk ein nun

finala baino lehen.

 

        Aitor Mendiluze:

Ahalegindu zinela

Irazu argi da

ahalegindu zinela

bertsoen harira;

egunero-egunero

tira eta tira

baina orain galderak

biderkatzen dira:

prestatu zinen baina

norantza begira?

 

        Jexux Mari Irazu:

Txapelketak ametsak

damazki azpira

denak ondo irten ez

tira, tira, tira!

Orain galdezka zatoz

behar dan neurrira

txapelketa ez da dana

egia hori da

ta ni prestatu nintzan

luzera begira.

 

        Aitor Mendiluze:

Saihesbide batetik

joaten da errezen

hala libratzen gera

ahal degunik maizen;

luzera begira ta

bota dezu ozen

baina erantzun egin

nahi det zuzen-zuzen

ondo geratu zaizu

baina gezurra zen.

 

        Jexux Mari Irazu:

Horrelakoa al da

zure imajina?

Batzutan gertatzen da

nahi eta ezina;

zu berriz prestaketan

ez zera hain fina.

Hala’re txapelketa

ederra egina...

Nora helduko zinan

prestatu bazina?

 

        Aitor Mendiluze:

Prestakuntza lanari

ezin egin uko

baina ezin libratu

nahi nuen orduko;

beti harrapatuta

eroen moduko.

Halere izan nintzen

ni BECen lekuko

ta igual prestatu banintz

ez nintzan helduko.

 

        Jexux Mari Irazu:

Bai Aitor bota dezu

arrazoi sakona

baina nik ez dakit ba

ez ote dan broma;

batzuk saiatzen eta

zure zoriona!

Lehen hirugarren, gero

atzera gizona;

nik ere lehenenguan

egin nun ondona.

 

        Aitor Mendiluze:

Jendea postuekin

kezkatan zeharo;

ni berriz lasai-lasai

agian arraro.

Denek aurreratu nahi

ahal baino gehiago

baina postuarena

nigatik akabo:

orain lau urte baino

gustorago nago.

 

        Jexux Mari Irazu:

Ordun ez zaude gaizki

jarraitu hain zuzen;

BECera iritsita

jardun zinan ozen.

Zure lehengo erantzuna

ahalik eta maizen

buruaren barrura

lehen nolatan sartzen?

Ondo geratu zaizu

baina gezurra zen.

 

        Aitor Mendiluze:

Uste al dezu hitzak

oker datozela?

Ba behingoz konbenzitu

egin zaitezela;

uste det aurtengoa

ona izan zela

eta orain dela lau

urte ez bezela

aurten denek dakite

han egon nintzela.

 

 

2008-12-27 Hernani, jaialdia

 

      Zuek biok aita-semeak izango zarete, Unai Agirre aita eta Igor Elortza semea; familia musulman bateko aita-semeak. Gaur Igor etxera etorri da, eta aitari Olentzero etxean ikusi nahi duela eskatu dio.

 

        Unai Agirre:

Semia joan zait seko burutik

eta oraintxe akabo!

Nundik gatozen aizu maitia

nik esan dizut lehenago.

Arrautz paria harek jateko

da gutxitxo ta arraro

ta gure etxean horri jartzeko

txorixorikan ez dago.

 

        Igor Elortza:

Aita betiko errietekin

arren ez zazu segitu!

Gizon haundi horren balentriak nik

kalean ditut aditu.

Nahi ez-ta ere etorriko da

eta ez zaitez harritu

dena omen du emateko ta

berak ekarriko ditu!

 

        Unai Agirre:

Kontu berdina dute buruan

bai udara ta bai negu

hartzeko gauzak matte dituzu

hargatik mila erregu...

Etxe txikia da guk deguna

probre ta xume gaude gu

ta Olentzero hona sartzeko

tximinirikan ez degu.

 

        Igor Elortza:

Beti kapritxoz omen nabil ni

eskari eta abusu

ekar ezazu eskilara ta

gorantza eman bi pausu

jo tetxuari ta zulo batzuk

laister egingo dituzu!

Nik Olentzero hartuko dut ta

zuk Ala ikusiko duzu.

 

        Unai Agirre:

Gure semia seme da eta

ez det triste ikusi nahi

Olentzerorik ez dala izango

ez naiz esplikatzeko gai.

Hala nahi ba’zu etorriko da

eta egon zaite lasai!

Opari onak ekartzen ditu

baina ikatza ere bai.

 

        Igor Elortza:

Lehengo egunean gelakide bat

han etorri zen trabeska

ta “Olentzero neure aita dela”

esaten zidan parrezka.

Nik telefonoz deituko diot

ta esango diot “Neska!

Ba zeure aitak izan beharko du

ze nirea behintzat ez da!”

 

 

2011-01-06 Hernani, jaialdia

 

      Areto honetan ere ezin da erre.

 

        Amets Arzallus:

Urte berriak jarri baikaitu

lege berrien menean

nik nola esan? Lasaitasun bat

sentitzen dut barrenean

ez dut erretzen beraz berdin zen

lehengo urtean zenean

baina aurten pozik eseritzen naiz

Unairen aldamenean.

 

        Unai Iturriaga:

Niretzat berriz da kriston pena

putada eta tamala

demokrata naiz sortzetik baina

ta onartuko dut hala.

Lehen aipatu dut errepublika

bat hemen sortu behar zala

ta azkenerako atera zaigu

apur bat diktatoriala.

 

        Iker Zubeldia:

Lege berria jarri digute

baina ez dakit zertako.

Beraz akabo afalosteko

hamaika Farias bapo!

Politikoek jarri dituzte

beste behin oztopo pranko

ezin da erre erre beharrekok

erretzen ez direlako.

 

        Asier Azpiroz:

Erretzailea ez degu Azpi

daukat onartu beharra

baina etxean beti usaiakin

jertsia eta txamarra

tabernan beti eztula eta

ondokuaren marmarra.

Pixkat pentsatuz neretzat ez da

lege hau hortaino txarra.

 

        Igor Elortza:

Nahiz ta parrandan neuk ere erre

zigarroa eta zera

onartu behar heldu direnez

guztiak debekatzera.

Kalean kea baino ez dabil

orain ertzetik ertzera

ta aretotara etortzen gara

arnasa lasai hartzera.

 

        Unai Agirre:

Taberna eta tabladuetan

arindu dira arratsak

bertsolarien artean nonbait

honek piztu ditu saltsak.

Ai Zubeldia Zegamakuak

pasa behar ditu latzak!

Ta Iturriagak jango dizkigu

azkazalak ta behatzak!