Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HERNANI 90

 

      Hernanin bertso jakituria hori badagoenez, gure etxean ere kondar bat bazegoen. Halako background bat, bertso giro ez-esplizitua.

[Maialen Lujanbio]

 

      Hernanin beti egon da poso bat. Jende pila batek irratian bertsoak entzuten zituen, bertsolariak zein ziren bazekien, eta sasi bertsolariren bat egongo zen. Nahiz igual kalean ez zen lehen adina egiten. Orain ere bertsotan hasi, eta belaunaldi guztietako jendea inguratuko litzateke. Eta lehen ere bai. Poso hori mugitzen hasten denean, orduan ikusten da herria bertsozalea den edo ez. Zaletu daiteke herria zerotik hasita, baina poso hori dagoen herrietan zerbait berezia azaltzen da.

[Unai Agirre]

 

      Hernaniko bertso giroa zabaltzen ere hasi zen. Ikastolatik saioak antolatzen ziren eta beti gu izaten ginen bertsotan: Gorka Tolosa, Aitor Mendiluze, Unai Sasiain, Aitor Zubeldia, ni, ikasitako bertsoak kantatzen genituenak. Guri Hernaniko bertsozaleak etorri egiten zitzaizkigun entzutera edo kasu egitera. Bagenuen mundu hori, baina uste dut ikastola giroan guretzako antolatutako mundua zela.

[Unai Agirre]

 

      Bertso giroa ikastolan eta bertso eskola inguruan ezagutu dut. Eskolarteko Txapelketetan hasi ondoren betiko deiak jasotzen hasi ginen, eta hor ezagutu dugu Hernaniko bertso giroa.

[Iñaki Zelaia]

 

      Hernanin talde mugimendu handia zegoen, ekitaldiak, bazkari eta afariak... oso aktibo zegoen herria eta bertsolaritza denean sartzen zen. Edozein bertsolarirekin bazkari edo afari xinple bat antolatu eta ehun lagun biltzen ziren. Bertso-lataren hasiera ere bazen.

[Iker Osa]

 

      Gu bertsoak aurrez ikasita joaten ginen. Txalaparta Festa batzuk tokatu zitzaizkigun, Osinagako festetako saioa, Portukoa... Santa Barbaran, errondetan, Bertso Latan... nahi adina saio bazen herrian bertan.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Bertso eskolan jende gehientsuena bildu ginen garaia izan zen.

[Jon Iraola]

 

      (Martindegin) San Ferminetan beti bertso saioa izaten zen, eta saioaren ondoren bertsolariek tabernan bazkaltzen zuten. Gure osabaren etxean familiako bazkaria egiten zen eta bertara etortzen ziren bertsolariak eta trikitilariak. Gu ere hara joaten ginen postrea eta kafea hartuz, eta bertsoak kantatzen zituzten. Urtero Anjel Larrañaga izaten zen titularra, eta nik han ume nintzela beti bertsoren bat edo beste kantatzen nuen, eta auzoko festetan bertsolarien aurretik bertso pare bat. Telonero lan hori egiten nuen.

      Migel Arozamena bertsolaria bera ere bertara etorria zen bizitzera; nik ez nuen ezagutu. Auzo bertsozalea da. Baserrietan beti egon da bertso kultura hori. Gaur da eguna afalosteetan sasi bertsolari mordo bat agertzen garena.

[Gorka Tolosa]

 

      (Ereñozun) San Antoniotako igandean bertso jaialdia egiten da. Kultur astean (udazkenean) bertso afaria egiten da Ur-Mia elkartearekin. Urte askoan ez zen egin eta berreskuratu egin zen. Hirubidieta eta Ugaldetxokoak dira egiten diren beste saioak.

[Ibon Miner]

 

 

1999-06-04 Osinaga jaialdia

 

      Aitor Mendiluze-Xabier Legarreta “Arano”. Zuek biok etorkizun igarleak zarete. Nola ikusten dituzue Osinagako festak 2100. urtean?

 

        A. Mendiluze:

Festa onak igertzen

ditugu behinepin,

abuztun bukatzeko

maiatzean ekin;

jende pila bat bertan

umoriarekin,

musika eta dantza

denetik lor dedin

eta bertsolariak

linterna banakin.

 

        X. Legarreta:

Orduan’e izango da

hainbat jende jator,

hainbat baserritar ta

hainbat burugogor;

sagardotegietan

milaka egoskor,

baina zerbait aldatu

liteke ziur hor:

barran ez da egongo

zuetako inor.

 

        A. Mendiluze:

Gauzak hobetu nahian

aldaketen truke,

guk zer igertzen degun

galdetu digute,

ta zuengan pentsatu

nahi genuen guk’e;

barran inor ere ez,

hala degu uste,

kafia aterpean

serbituko dute.

 

        X. Legarreta:

Errepara zaitezte

bigarrengo kezkan,

errepara zaitezte

ixkinako neskan;

hemendik ehun urtera

zer izango ez dan!

Produktoa garesti

Osinako festan,

Keler txiki botila

hogei mila peztan.

 

        A. Mendiluze:

Hala gerta liteke,

egia degu bai,

bainan hala ta guzti

zaudetela lasai;

orduan ere denak

Keler txikian zai,

hogei mila peztatan

jarrita nolanahi,

orduan ere inork

ez baitu urik nahi.

 

        X. Legarreta:

Adelantu gehiegi

ez degu jasango,

beraz oso aurrera

ez gera juango;

erdi burusoilduta

hemengo ta hango,

bertsolari bakoitzak

sasoiko bi zango,

ta hankapean kablerik

ez dute izango.

 

        A. Mendiluze:

Nola aldatuko den

hemengo partea

galdetu digute ta

hobe esatea;

igertzeko genuen

guk borondatea

ta gustokoa bazen

guri eman pakea,

zuen lana delako

hala izatea.

 

        X. Legarreta:

Osina juango da

nahiko urrutira,

adelantuk medio

ditugula, tira;

baina komeniko da

dakigun neurrira,

neska brillantedunak,

begira-begira,

autopista berritik

etorriko dira.