Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

UNAI AGIRRE GOIA

 

1975ean Hernanin jaioa

 

 

      Gipuzkoako Sagardogile Elkartean ari da lanean; aurretik besteak beste, Hernaniko Kronikan egin du lan eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartean ere aritu zen, 1999ko Herri Arteko Bertsolari Txapelketako antolakuntzan.

 

 

HASIERA

 

      Langile ikastolan genbiltzala, Juanjo Uria hasi zen bertso eskolak ematen. Zerbait izango zen hara bultza ninduena. 9-10 bat urte nituen. Astean behin joaten ginen eta guretzat gauza berezia zen.

 

 

ETXEA

 

      Gure etxea nahiko bertsozalea izan da beti: amak bertso zahar asko dakizki, aitonari ikasita gehienak. Gure aitonak oso bertsozalea izan behar zuen. Bertso liburu asko zituen, eta bertso zahar asko kantatzen omen zituen, bertso saioak antolatzen ere zer edo zer ibilia zen... aita, berriz, errezildarra izaki, beti izan du bertsoa zer denaren sena. Bertso eskolan hasi ginenean, etxean bertsozaletasun hori piztu egin zen: kotxean Errezila bidean gindoazela, ama eta aita puntutan hasten zitzaizkigun edo bertso kontuak kontatzen, edo Txirritaren bertsoak kantatzen...

      Amaren anaia zena, osaba Koldo, oso bertsozalea zen. Xabier Amurizaren ikastaroan ibili zen, eta bertso jartzaile txukuna zen. Ostiral gau batzuetan joaten ginen bere etxera afal ondoan. Hor izaten ziren garai bateko diskusio haiek, zigarroa erre eta politikaz eztabaidatzen zuten... eta bertso eskolan hasi ginela jakin zutenean, gurekin bertsotan egiten zuten. Gogoratzen naiz garai hartan asko zaletu nintzela.

 

 

ERREZIL

 

      Errezil herri bertsozalea da, baina agian garai batean orain baino gehiago. Gurasoekin tabernara joaten ginenean, han bertsotan egiten zen. 13 bat urterekin, gogoratzen naiz nola aritu izan nintzen Errezilgo zenbait bertsolari heldurekin bertsotan. Tokatu izan zait, baina gutxitan. Arazo bat ere banuen, gainera: Nik doinu asko nekizkien ustez, baina han ateratzen zituzten zenbait doinu ez. Han geratzen zen guk gutxi ezagutzen genuen aspaldiko poso hori, geroztik Ereñozu aldean eta ere somatu izan dudana. Beste bertsokera bat zen. Gertatu izan zait puntutan hasi eta doinurik ezin segi.

      Hizketa eta bertsoarekin halako jolas bat izan du Errezilek beti. Nik uste garai eta giro hark asko eragin zuela nigan, artean oso umea banintzen ere.

 

 

MUNDU BI

 

      Nire lagun artean ez zen bertso girorik. Eskolarteko Txapelketekin azkar sartu ginen zurrunbiloan, eta bertso eskolako lagunek mundu aparte bat genuen: bertsoa. Lagunentzat bertsolaria nintzen, eta egunen batean zirikatuko ninduten, baina normalean ez.

 

 

LANGILEKO BERTSO ESKOLA

 

      Juanjo Uriarekin bertso jarriak lantzen hasi ginen kuadrilla handi bat, eta poliki poliki lehen jenerazio hartako jendea bertso eskola uzten joan zen eta segi genuenak Gorka Tolosa, Aitor Mendiluze eta hirurok izan ginen. Geroxeago hasi ginen bat-batean Anatxekin, Juanjok berak etortzeko deituta. 10-11 urte izango genituen. Garai artan asko zaletu ginen eta asko ikasi genuen bertsotan.

 

 

ASTEARTEKO BILERAK

 

      Anatx gure irakasle egonda, pausoa erraza izan zen. Juanjo Uriak zirikatu eta Anatxek bideratu gintuen astearteko bileretara. Oso gazterik hasi ginen hor biltzen eta astearteko taldeak beso-zabaldik hartu gintuen. Joan eta kantatu egin behar zen han eta eskarmentua hartzeko balio zuen. Urumeatik zetozen bertsolariak ere bertan biltzen ziren eta gure maisu lana egingo zuten bertsolariak ere bertan izaten ziren: Anatx, Jokin Sorozabal... Hernani inguruan sortzen ziren saioetara ere joaten ginen bertatik.

 

 

IRUÑEAN

 

      Iruñera joan nintzen ikastera eta normalean astea bertan pasa eta ostiraletan etortzen nintzen Hernanira. Hernaniko bertso kuadrilla jada erdi-kuadrilla ere bazen, asko juntatzen ginen. Baina asteartetako taldera jada ez nintzen etortzen.

      Iruñean taldetxo bat elkartzen zen bertsotarako Zaldiko Maldiko elkartean: Bittor Elizagoien, Burgi, Manu Legarra, Manu Gomez, Diaz de Ultzurrun, Joxema Leitza, Mikel Urdangarin, Mikel Altzuart... bertsotan egiten genuen baina bapo afaldu eta ondo pasa ere bai!

 

 

ESKOLARTEKOAN TXAPELDUN

 

      Eskolarteko Txapelketan parte hartu nuen lehen aldian (1987) finalean kantatu genuen Gorka Tolosa, Aitor Mendiluze eta hirurok. Iñaki Zelaia zen faboritoa final hura irabazteko, baina poto edo egin zuen. Lau oinak eman zizkidaten eta bertsoa nahi gabe kateatu nuen, nik ez nekien hain ongi egiten baina bertsoa bera atera zen:

 

Gaur tokatu ezkio

egun aldrebesa

hementxen ez daukagu

inorren babesa

txapela irabaztia

eztago erreza

zuzen ta zorrotz dago

atzian jueza.

 

      Nik neukan mailarako bertso ona zen, baina nahi gabe atera zitzaidan.

      Lanak bukatu, tabladutik jaitsi eta arpa jotzen hasi ginen, “egin dugu, gustura”, jiji-jaja... hor ari ginela, Juanjo Uria etorri zen eta esan zidan “Unai, badaezpada ere agurra pentsa ezak...” “zergatik?”, “eske igual txapela irabaziko duk”. Dardarka hasi nintzen, bihotza danba-danba... eta agurra hala-moduzkoa kantatu nuen. Txapelketa hura, niretzat eta bertso eskolan elkartzen ginenontzat, garrantzitsua izan zen, espero ez genuena. Aurrerako animo handiak eman zizkigun, polita izan zen.

      Ikastolan ongi-etorria egin ziguten...

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1987

Txapeldun (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1988

Txapeldun (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1990

Txapeldun ordea (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1992

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1993

Finalista (handitan)

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

1989

Txapeldun (txikitan)

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

1990

Finalista (handitan)

 

 

SARIKETAK

 

Lizardi saria

1990

Finalista

Lizardi saria

1993

Txapeldun

Lizardi saria

1994

Txapeldun

Orixe saria

1999

3.

Orixe saria

2007

Txapeldun

Osinalde saria

1993

Finalista eta herriaren saria

Xenpelar saria

1991

Txapeldun

Hernaniko Txapelketak

1996-1998-2002

Txapeldun

 

 

 

PLAZARATZEA

 

      Aurreneko bertsoa mikrofonotik Aitor zinean kantatu nuen. Langile ikastolakoak Biterin aritzen ginen bertso eskolan eta ume mordo batek ikasitako bertsoak kantatu genituen. Gero ikastolaz ikastola joaten hasi ginen ginen, batera eta bestera.

      Asteartetako bileretan Jokin Sorozabal, Anatx, eta horiekin biltzen hasi ginenean, pixka bat mugitzen hasi ginen. Hasieran eurekin batera, halako sagardotegitara joan behar zutela, eta gu ere joaten ginen, jada inguruko saio batzuetan ere sartzen gintuzten... Floridan zela saioa, Osinagan zela, Portun zela... aurrenetako saioak hor egin genituen bat-batean.

      Eskolarteko Txapelketetara, sariketetara, denetara joaten ginen, Hernanin kuadrilla bat geunden eta ekipoan mugitzen ginen.

      Bolada batean gure artean saio batzuk egin beharra ere tokatu zitzaigun, bertso afariak zirela eta abar. 15-16 urterekin behin baino gehiagotan tokatu zitzaigun Iñaki Zelaia eta bioi mano mano kantatzera joatea. Hor hartu genuen guk eskarmentu pixka bat, libreko saio asko ziren, eta nik uste bertsotan ikasteko modu naturala hori dela. Guretzako neurriko saioak ziren, kuadrilla baten aurrera joaten ginen kantatzera eta hor ikasi genuen bertsotan egiten.

 

 

ALMAZENA

 

      Almazena asko bete nuen bere garaian, gustatu egiten zitzaidalako bertso zaharrak irakurri eta kantatzea. Bertso asko jan eta ikasi nuen buruz. Ikasitako horiek ez ditut aspaldi berritu, eta norbait kantatzen hasten bazait egundoko soka daukat oraindik, baina neroni buruz hasten naizenean kosta egiten zait gogoratzea.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Txapelketa

1995

Finalaurrekoak

Gipuzkoako Txapelketa

2003

Final-Iaurdenak

Gipuzkoako Txapelketa

2008

Finalista

Gipuzkoako Txapelketa

2012

Finalista

Gipuzkoako Herri Arteko
Txapelketa

1999

Lehen kanporaketa
(Hernani-Ereñozu taldean)

Txapelketa Nagusia

1997

Finalaurrekoak

Txapelketa Nagusia

2001

Finalaurrekoak

Txapelketa Nagusia

2009

Lehen fasea

Txapelketa Nagusia

2013

Finalaurrekoak

 

      Gipuzkoako Txapelketan 1995ean parte hartu nuen aurrenekoz. Ez daukat oroitzapen txarrik, Ordiziako finalaurrekora sailkatu nintzen eta nahiko saio txukuna egin nuen.

      1997ko Euskal Herrikoa. Sentsazio arraroak dauzkat. Niretzako ur handiak ziren, lehen saiora joan nintzen esanaz “baina nora noa 21 urterekin?”. Tolosan, Leidorren kantatu nuen Sebastian Lizaso, Igor Elortza... Saioa egin eta aurrera segitzea tokatu zitzaidan; ez nuen espero. Hurrengoa finalaurrekoa izan zen Igorren. Han kantatzeko mentalizatu eta preparatu egin ginen tope. Sei puntuko bertso batean kateatu egin nintzen, kosta egin zitzaidan bertsoa bukatzen. Baina gustura geratu nintzen egindako saioarekin.

      1999ko Herriartekoa. Gure taldeak bi saio egin genituen Errenteriaren kontra, eta galdu egin genuen. Oso giro ona sortu zen gure artean eta oroitzapen oso ona daukat. Galtzaile onak nonbait!

      2001eko Euskal Herrikoa. Lehenengo saioa Elorrion egin nuen. Saio gorabeheratsua eginda aurrera egin nuen, juxtu-juxtu. Finalaurrekoetan Markinan eta Hendaian lasai atera nintzen. Markinan bertsotan ondo egin genuen guztiok, saio ona atera zen, baina nik ez nuen hain ondo egin izanaren sentsazioa eduki. Gustura geratu nintzen baina arantza txiki batzuekin “nik hau eta hau eta hau hobeto egiten bazekiat” eta horiek egin izan banitu... denborarekin konturatzen zara erabat gustora geratzeko saio gutxi izaten direla txapelketan, hori oso gutxiren esku dagoela.

      2003ko Gipuzkoakoa. Espero izaten da, “ni honaino iritsi banaiz aurrekoan, oraingoan ere iritsi behar dut”. Eta saio tristea egin nuen. Txapelketa horren ondoren nire buruarekin borroka moduko bat izan nuen. Bertsotarako deitu eta ezezkoa ere esan nuen, geldialdi bat izan nuen, irriki falta bat.

      2007ko Gipuzkoakoa. Atera ez atera egon nintzen, “nahikoa diat” esaten nion neure buruari, aspaldi gutxi ibilita nengoen, aurreko txapelketako sentsazioak gogoan... ingurukoek asko animatu ninduten eta esan nuen “bale joango nauk baina aurten gozatzera”. Lehen aldietakoa izan da hainbeste jenderen aurrean bertsotan gozatu dudana, gustora geratu naizen saioak egin ditudana. Finala desberdinagoa izan zen, “lasai joan behar diat” esanagatik zaila da bederatzi mila lagunen aurrean abstraitu eta bertsotan tajuz egitea. Orokorrean oroitzapen ona daukat txapelketa horrena.

 

 

 

BERTSO PAPER LEHIAKETAK

 

Joxe Legarreta bertso-paper
lehiaketa

1997

1. saria
(18 urtetik gorakoen mailan)

Joxe Legarreta bertso-paper
lehiaketa

1999

1. saria
(18 urtetik gorakoen mailanj

Basarri bertso-paper lehiaketa

2009

2. saria

Joxemiel Barandiaran literatur
lehiaketa (bertso-paperak)

1989

1. saria
(12-14 urte artekoen mailan)

Literatur lehiaketa egile berrientzat

1997

1. saria

On Manuel Lekuona
bertso-paper lehiaketa

1999

2.saria

 

 

TXAKURRAK HANKUTSIK

 

      Doinua: “Ezkondu eta ezkongai”.

 

        I

Asteleheneko resaka:

korrika eta presaka,

iratzargailua saka.

Goizeko seiak, hasia nago

zaunkaka gaizki esaka:

“Kaka! Ta bi aldiz kaka!”

Etxetik irten ta, kanka!

Berriro sartu det hanka.

 

        II

Lau hankakoen kasoa,

goizeroko arazoa,

bertso sail batek jasoa.

Sudurrak behar ditugu libre

eta zorroztua soa:

kendu begiko lausoa,

kontu non eman pausoa...

minatu dute auzoa.

 

        III

Hustu ezkero barrenak,

daramala dakarrenak,

emeenak nahiz harrenak;

multa, eskari, amenazuak...

bat, bi, hiru... hamarrenak;

alperrik dira arrenak!

Nonahi daude aztarrenak;

hanka bikoak txarrenak!

 

        IV

Hitz txarrik zeinek ixuri?

Pintto, Lagun, Laika, Txuri...

handi, txiki, argal, guri...

Txakurren menpe bizi beharra

egokitu zaigu guri.

Zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi;

zenbat mutur ta irudi!

Zoologikoa dirudi!

 

        V

Arkakuso ta barkazta,

nahiz etxean sartu, zasta!

Begiak itxi ta basta.

Eske txakurrak ligatzeko ere

ba omen du arrakasta:

—Ze pedigria, ze kasta!

—Ze fin egiten dun hazka!

—Zure begi berak dauzka.

 

        VI

Beste moda bat doi-doia:

indarraren arrazoia;

handienaren galoia.

Borrokarako zakurren grinak

ere orain jo du goia:

Rodwailerraren sasoia;

Pitt Bullaren armazoia...

tigrea eta lehoia.

 

 

        VII

Lehoi, tigre, basakatu...

herriak piztiz kargatu;

baietz hamar azkar batu.

Kontra egitera behartuz gero,

hobe da ondo armatu!

Nahiko bazenu ausartu,

bakea jartzera sartu:

protesi bat enkargatu.

 

        VIII

Trabak luze-laburrean

azaltzen dira aurrean,

nola mendiak Tourrean.

Opariren bat nahi ez duenak

hankape, hankezurrean:

hartu makila urrean,

jarri pintza sudurrean,

ta begirada lurrean.

 

        IX

Garai bateko beldurra:

ostikoa ta egurra,

txakur gaiztoek segurra.

Gaur berriz ondo orraztu eta

azkazalak limaz urra;

nahiz mantaz estali lurra,

nahiz kremaz busti muturra,

zakurra beti zakurra.

 

        X

Eten gabeko katean,

multak etxeko atean,

nituzke instant batean.

Nire beharrak eginez gero,

paseatzera joatean...

Utzi nazaten bakean

espaloi eta parkean,

jarriko naiz lau hankean.

 

[Unai Agirre, 2010eko Basarri Bertsopaper
Lehiaketako bigarren saria]

 

 

2007-03-11 Orixe Sariketa

 

      Alaba txikia oheratzen ari zara. Azken musua eman ondoren hala galdetu dizu: “Amatxo, aitatxo non dago?”.

 

        U. Agirre

Kotxe bat erostea

bere kapritxoa,

txanpon guztiak botaz

hau da hau bitxoa!

Baina mailua utzi

ta izan txintxoa,

oraindik erdi hutsa

dago txerritxoa.

 

        J. Martin:

Ai nere eltxetxoa,

ai txerritxo fina,

gaurkoan eman behar

dizut kriston mina;

mailua hartu eta

a ze ahalegina!

Jadanik ailegatu

zaizu San Martina.

 

        U. Agirre:

Txanponak poltsikoan

mila enbarazu,

baina pezetak soilik

zenitula kasu;

eltxetxorik ez zazu

puskatu jo ta su,

beste bat erosteko

ere ez daukazu.

 

        J. Martin:

Ez omen dut besterik

dudan diruan truk,

aurrean jarri zara

zu tente eta zut;

mugimendu arrarorik

ez zazu egin zuk,

zulotxoa pixka bat

handituko dizut.

 

        U. Agirre:

Mailuakin nigana

oraintxe zuzendu,

zuloa handitzea

digu nabarmendu,

baina ideia hoiek

burutikan kendu,

zulo handitik honek

gehiago jaten du.

 

        J. Martin:

Mailuak sortzen dizu

hainbeste ikara;

krask! hautsi egin behar det,

diru gutxi, hara;

baina konponbide bat

badut beharbada:

Lotite pixkatekin

osatuko zara.