Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JULIAN ALBISTUR

 

1950ean jaioa Epele-Borda baserrian

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Gure aita bertsozalea zen, baina besterik gabe, garai hartako baserritar gehienak ziren bezala. Etxean Txirritaren bertso zaharrak genituen, Makazagaren inprentakoak, eta umetatik irakurri ditugu bertsoak: Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Genoveba de Bravanteren sorta...

 

 

UZTAPIDE ETA BASARRI ENTZUNAZ

 

      Zaletu-zaletu 11 urterekin egin nintzen. Ereñozuko festetan Uztapide eta Basarri haiek entzunda. Txundituta geratu nintzen, bertsoaren magiak harrapatuta.

      1975ean ezkondu eta Errenterian jarri ginen bizitzen.

 

 

TXIKI ETA OTAEGI

 

      Nire lehen bertso sorta extraofiziala Francoren azken azainari jarri nion: 1975ean FRAPeko hiru kide eta Txiki eta Otaegi fusilatu izanari. Oraindik ez nuen ongi menperatzen bertso-jartzeko langintza, eta nire kabuzko zortzi bertso jarri nituen.

 

 

FAGOLLAGAN IKASLE, IKASTOLAN GURASO

 

      Franco garaikoak gara, Fagollagako eskolan “cara al sol” kantatuz hazitakoak. Sei urtera arte euskaraz bakarrik nekien, eta eskolara hasi eta han erdara ikasi genuen. Ikasi? bai, azkar asko, makil motz harekin! Nik ikasketa denak erdaraz egin ditut.

      1997an sorta honekin Joxe Legarreta lehiaketako bigarren saria eskuratu nuen: “Euskeraz bizi eta gazteleraz hezi, tortura hura ez genuen merezi” (Fagollagako eskolaz).

 

        1

Argazki zahar baten bila,

igaro dut otsaila;

armairu eta kajoi miatzen

naiz oso abila.

Bizitzaren maratila

eta oroitzapen pila,

argazki hortan jasoak daude

ta ager dadila!

 

        2

Kartazalean itxia,

hain dokumentu bitxia;

auskalo noiztik zegoen hantxe

gordeta utzia.

Badu zer erakutsia,

ez baitzegoen hautsia;

gaur ikusita, egia esan,

dirudi kurtsia.

 

        3

Berrogei urtetik gora...

azkar pasa da denbora!

Garai hartako gauza ugari

datorkit gogora.

Petatxuzko alkandora;

anaiaren kazadora...

Gauzak aldatu dira ordutik

gaurko haurtzarora!

 

        4

Gure lehenengo eskola,

ez zen izan ikastola;

garai haietan ez zutelako

onartzen inola.

Heziketa espainola,

eta esango dut nola:

kanta araziz “Cara al sol”, ta ez

“Gernikako Arbola”.

 

        5

Kanpokaldean bandera,

gorri-horia gainera.

Gela barruan argazki zaharra:

zen Franco berbera.

Mintzatzeko, gaztelera,

bakarra gure aukera.

Ama hizkuntza kontutan hartuz

heziak ez gera.

 

        6

Gogo onez ezin ekin,

orduan, sei urterekin:

han kastilanoz hitz egin behar

nahiz ezer ez jakin!

Hizkuntza arrotzarekin,

lortzeko nahiko etekin,

“A” ereduan hezi gintuzten,

makil motzarekin.

 

        7

Hizkuntzaren eraginez,

sarritan buruko minez.

Dotrinan ongi moldatzen ginen

euskeraz eginez.

Errosaioa latinez,

hitzak ulertu ezinez.

Hiru hizkuntza erabili ta,

bat ongi jakin ez!

 

        8

Eskolak, gela bakarra;

ikasleak barra-barra:

batek mukia zintzilik eta

besteak puzkarra...

Maistra genuen zakarra:

matrailean hatzaparra;

diktaduraren pedagogia:

umeen negarra.

 

        9

Berrogeita hemeretzi;

ia ezin da sinetsi.

Hogeita hamaika mutilak eta

neskak ho(ge)ita zortzi.

Nola zitekeen onetsi?

Pedagogoak ez etsi,

irakaskuntza hobetzekotan

bihar edo etzi.

 

        10

Ereñozu eta Latxe;

Fagollaga-koak hantxe.

Lastaola ta Epele-tarrak

gogoan oraintxe.

Ikasteko “a”, “be”, “ce”, “che”

“de” “e”, “efe”, “ge”, ta “hache”...

Zailtasun asko genituen guk

mekaguen la letxe!

 

        11

Argazkia da lekuko

eta nik ez dut salduko;

ttikitan jasan genuenari

ezin egin uko.

Epele-Ereñozuko,

denek dute sinestuko:

hor galerazi zuten hizkuntza,

ez dugu ahaztuko.

 

        12

Herri zahar honen kultura,

hizkuntza eta ohitura,

galtzeko aina indartsu ez zen,

izan diktadura.

Genozidio saio hura,

berriz nik ez nuke gura

eta ez bedi inoiz itzuli

gure ingurura!

 

      Semea ikastolan hasi zenean nire buruarekin lotsa ere sentitu nuen, euskaraz idazteko gai ez nintzelako. Nire ahalegina hori izan zen, guraso gisa buru-belarri nenbilen ikastolan eta txostenak euskaraz idazten nituen. “Bertso sortaren bat egin beharko diagu...” hori izan zen nire buruari jarritako erronka. Euskaraz idazteko ohitura hartzeko hasi nintzen sariketetan.

 

 

KILOMETROTAKO LEHEN KANTAREN EGILEA

 

      Publiko egindako lehenengo sorta 1984an jarri nuen, ikastolen Kilometroak festa Errenterin zela eta. Ikastolako ordezkari nenbilen Federazioan, festa Errenterira ekarri genuen, eta buru-belarri sartuta nengoen antolaketan. “Hau da nire momentua, bertso sorta bat egin behar dut” pentsatu nuen.

      Garai hartan bertso jarrien Xenpelar sariak ospe izugarria zuen eta parte hartzeko baliatu nuen. Bertso sariketa hura antolatu zen azken aldia izan zen. Nik uste nuen onak zirela, orain ikusten ditut eta “Julian, ze ausarta izan hintzen!” esaten diot neure buruari. 114 bertso sorta eta 77 egile aurkeztu ziren. Pentsa zer jendek parte hartu zuen: Jexux Mari Mendizabal “Bizargorri”k irabazi zuen, bigarren Xabier Amuriza geratu zen (orduan Euskal Herriko Txapeldun zen) eta hirugarren Pello Esnal. Ni bezala saririk gabe Andoni Egaña, Jon Sarasua, Rufino Iraola, Arantzazu Loidi, Juanjo Uria... handik hilabete batzuetara, igandez, Diario Vascon argitaratu ziren nire hamalau bertso haiek.

      Nire bertso sorta hori hartu zuten herriko musikari batzuek (Donato Larrañaga tartean), lau bertso aukeratu eta doinua jarriz, Kilometroei abestia egin zioten. Ikastolako umeek kantatu zuten, eta nire semeak eta oraindik buruz dakizkite bertso haiek. Kilometroetako lehen kantua izan zen.

 

 

EHUN SORTA ETA LIBURUA

 

      Hasi nintzenean komentzituta nengoen sekula ez nuela sariketa bat irabaziko. Bigarren sorta Zapirain Anaiak sarirako egin nuen, 1989an (pentsa, lehen sortatik bost urtera!). Lehen aldia zen Errenteriako bertso eskolak antolatzen zuena, eta nire buruari esan nion: “ni herri honetan bizi naizenez, urtero parte hartuko dut, zintzo”. Hortik aurrera hasi nintzen urtero Errenteriakoan parte hartzen, eta herriz kanpokoetara ere ausartzen. Geroztik urtean bost-sei sorta jarri izan ditut. Urte batean 9-10 sorta ere egin nituen, baina gehiegi da.

      Urte guzti hauetan bost sariketa irabazi ditut (tartean Basarri Saria), beste bostetan bigarren egin dut, eta beste bostetan aipamen bereziak jaso ditut. Nire lana oso apala izan da, baina bihotz handiz egindakoa. 98 sorta eginak ditut eta ehunera iritsi beharko dut!

      Gaur egun parte-hartzea asko jaitsi da, eta ekimen hauei eutsi nahirik jarraitzen dut idazten.

      Nire bertso sortak Dozenaka sortuak liburuan bildu nituen (Auspoa 320) 2011n.

 

 

SEMEA ERE JARTZAILE

 

      Semea, Aitor, ni baino jartzaile hobea da. Sari gehiago irabazi ditu, gogotsu ikusten dut eta niri ere harrotasun puntua ematen dit! Bilobari ere bertsozaletasuna sartzen saiatuko naiz.