Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HERNANIKO TXAPELKETAK

 

 

LEHENA 1979AN

 

 

      Patxi Odriozolak, Joxe Arrazolak eta Bixente Zubiriak antolatu zuten. Egun bakarrera jokatu zen, Elur-Txorin.

      Kantatzen: Joxe Fermin Argiñarena, Antton Garin, Xanxanategi, Tapia eta ni. Ni irten nintzen txapeldun. Bastante bete zen sozidadea.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Juanjo Uria alkate zela, udalak antolatu zuen, bertsotan aritzen ginenen artean giroa jartzeko. Irekia zen, baina seik bakarrik hartu genuen parte. Baziren beste pare bat Hernanin, baina ez ziren animatu. Ereñozuk bazituen bertsolariak, baina ez zen inor etorri.

      Giro oso polita egon zen, agian lehenbizikoa zelako. Elkarteak asko lagundu zuen, berak antolatu zuen dena, eta garai hartan mikrofonoak jartzea sekulakoa zen guretzat!

[Antton Garin]

 

      Jendea bertsotan aritzen zen, oso gutxi, baina bagenekien aritzen zela. Joxe Anjel Tapia, Anttonio Aranburu “Xanxanategi”, Antton Garin, Julian “Aterpe”, Antonio Olano, Tturko, Joxe Fermin Argiñarena...

      Azken finean afari bat zen, eta aitzaki horrekin librean kantatu beharrean, arau batzuen barruan kantatu beharra. Eta kito, gero txapela eman baten bati. Horrelako gauza xinplea izan zen, ez gehiago.

[Juanjo Uria]

 

 

“Hernanin bertsotan” Zeruko Argiako kronika

 

      Hona hemen Hernaniko Udaletxeak azaroaren hirurako antolatu zuen bertako bertsolarien saioaren berri. Sei gizon ziren kantatzekotan Elurtxorin, baina bat azaldu ez zenez gero (Marraka) bostekin egin behar izan zen saio nagusia: Olano, Garin, Xanxanategi, Tapia eta Aterpe. Gaijartzaile Errazkingo Joxe Argiñarena bertsolaria.

      Antton Garinek ekin zion jaialdiari agur hau botaz:

 

Gabon denori hasi behar da

hemen bertsoa kantatzen

eskerrikasko Elurtxoriri

ongi ai zera portatzen

zuen orduan afaldu deu ta

orain purua erretzen

giro edarra euskaldunentzat

hasi bai zera jarritzen.

 

      Pakea nola lortu galdetu zien Argiñarenak bina bertso kanta zitzaten; Tapiaren bigarren bertsoak honela zion:

 

Garaia dago oraindik eta

ez gaude hain bildurtuta

gauza txarrak pasa diralako

ez gauden hainbat izututa

pakia hori zer ederra dan

piska piskat pentsatuta

oraindik ere zerbait in leike

bat bestiai lagunduta.

 

      Aterperen lehenengoa honela izan zen:

 

Mundu honetan danok ibili

behar genuke guk kontuz

jakintsu asko histori billa

hortxen dabil munduz munduz

pake zalea naiz aspalditik

hori gustatzen zait erruz

alkar maiteak izan gaitezen

gu alkar errespetatuz.

 

      Euskara ikasi beharrean, inglesa ikastera doala, eta euskara ikasi nahi duenari bertso hau bota zion Olanok:

 

Anai bezela euskara nahi dek

gaur hik hemen ikasi

nik erakusterik ez daukat ta

banoa hemendik igesi

ikusten ditut gauzak garbi

gu ez gaituk hor nagusi

hik ikastea gaur hemen ez dek

oso gauza itsusi.

 

      Puntu hau jarri zion Joxe Argiñarenak Xanxanategiri:

 

Zer moduz zabiltzate

alkate berrikin

 

      Eta Xanxanategik erantzun ziona:

 

Erantzuna emango dit

segitun nerekin

hori gizon ona zala

lendikan banekin

oi badegu biziko

gaituk Euskal Herrin.

 

      “Parranda joan behar dukanean, andrearekin ala bakarrik gustatzen zaik joatea”, esan zion gaijartzaileak Tapia bertsolariari bi bertso kantatzeko. Begira Tapiak zer esan zuen bigarrenean:

 

Noizbaite jaio eta

behar baita bizi

ta lotsikan ez dunak

inporta du gutxi

orain behar al didak

hontan erakutsi

zerbait egin nahi badek

andria auro utzi.

 

      Eta jaialdiari bukaera Aterpek eman zion. Gaia: Alperra. Julian Aterpek bigarren bertsoa hau esan zuen:

 

Oraintxe ere nik esango det

behar dan leku egokin

adiskidiak zer esango zun

lenago ere banekin

gaia horixe jarri didazu

nei egundoko pozakin

langileak e lan egin behar

alper asko dagon tokin.

 

      Bertso hau izan zen hain zuzen, bertsorik onenarentzat zegoen saria eraman zuena.

      Eta egia esan behar baldin bada epai mahaia osatzen zutenek oso paretsu juzgatzen zituzten hemen aipatu ditugun azken bi bertsoak; eta hain paretsu ikusten zituztelarik, bertso hauk bota zituzten bi bertsolarien artean beste saio laburra egitea ere pentsatu zuten, baina entzuleek ere eman zuten beroien iritzia txartel batetan eta epai mahaikoek berdintsu ikusten bazituzten ere, ez zen horrelakorik gertatu entzuleen iritziarekin. Hauek Aterperen bertsoen alde jo zuten eta azkenean beste saiorik egin gabe Aterperi eman zitzaion bertsorik onena botatzen zuenarentzat jarria zegoen saria.

      Azkenik, zorionak ematea besterik ez da gelditzen. Zorionak bertsolariei, zorionak Aterperi eta zorionak jaialdi hau aurrera ateratzeko lan gehien egin duen gizonari, hau da Joxe Argiñarenari.

      Epai mahaia Inazio Mari Zubeldia, Iñaki Aranzadi, Juan Jose Uria eta Tturko-k osatu zuten, eta Tturko aipatu dugunez gero esan behar da bi bertso ederrak eskaini zizkiola Txirrita Haundiari. Egunen batean agertuko ditugu hemen.

      Esan behar da ere bertsolari hauek ez ezik, izan zirela Elurtxorin beste batzuk, bakoitzak dozena erdi bat bertso botaz: Lasarte Bertsolariaren semea, Argiñarenaren anaia, Telleria Albisturkoa, e.a.

[Juanjo Uria, Zeruko Argia, 1979-11-25]

 

 

 

BIGARRENA 1980AN

 

      Kuadrilla bera ginen eta Joxe Fermin Argiñarenak irabazi zuen.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Hurrengo urtean Peña Otañok antolatu zuen. Jende gutxiago etorri zen entzutera, baina guretzat lasaiago. Joxe Mari Arrieta izan zen gai jartzen.

      Ondoren etorri zen Usurbilgoekin desafioa. Gu sei bat ginen, eta Usurbildarrek bostekin bota zuten desafioa. Horregatik egin zen kanporaketa bat Zelaian, 1980an, seitik bost aukeratzeko. Oholtza jarri zuten upel artean. Eta seigarrena atera zen Xanxonategi.

[Antton Garin]