Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 ANTTON GARIN | JOXE MARI ARRIETA LASARTE | HERNANI 

 

gaiak

JOXE MARI ARRIETA LASARTE

 

1952an jaioa, Orkolaga baserrian

 

      Aita Joxe Arrieta, Orkolagakoa eta ama Ramoni Larrarte, Martuteneko Inbutegi baserrikoa. Bi seme ditut, Mikel eta Iñaki. Biterin ikasia naiz.

 

 

LANA

 

      Akarregin zerran aritutakoa, Orbegozon ere bai. 1984tik 20 urtez baserrian, esne behi produkzioan. Ondoren ganaduak kendu, eta baserrietan aritu naiz ordezkari lanak egiten, Ene-Lur enpresarekin.

 

 

ZALETASUNA

 

      Oso bertsozalea zen nire aitaren osaba zena, Juan Joxe Andola (Juanjo Uriaren aitona). Auzoak ginen, eta ni mutil koxkorra nintzela askotan igotzen zen gure osaba hori gure etxera.

      Nahiko umetan hasi nintzen gurasoekin saioetara entzutera joaten. Gero nire kasa moldatzen hasitakoan, ahal zen guztietara: Hernaniko bertso saioetara joaten ginen (Aitor Zinean) eta Donostialdera ere zabaltzen hasi ginen. Eta behin hogei urte ezkero, inguruan ziren bertso saio eta txapelketa gehienetara. Nik bertso saioa izugarri entzun dut. Baina bertsotan ez dut lagunarteko giroan disfrutatzeko modurik izandu, urte batzuk gerora arte.

 

 

BERTSO KUADRILLAK

 

      Amurizaren ikastaro hartan parte hartu nuen, baina gero ez nuen bertso eskolan jarraitu.

      Hori baino lehen sartu nintzen bertso munduan: Tolosan biltzen ginen, elkarte batean, Anjel Mari Peñagarikano, Millan Telleria, Xanti Zabala “Lexo”, Argiñarenatarrak... Han ez zen barkamenik izaten.

 

 

LEHEN PLAZA

 

      Izugarrizko beldurra nion jende aurrean bertsotan hasteari. Ez plazan bakarrik, kuadrillan ere bai. Gogoan daukat lehenengo bertsotan jardun nintzen aldia: 17 urterekin, Sorian, osabarekin usotara joanda. Azpeitiar bat egokitu zitzaigun, nik baino 9-10 bat urte gehiago izango zituen, eta badakit txapelketetan parte hartua zela. Oso ondo egiten zuen bertsotan eta elkarrekin jardun ginen arrats batean, afaldu eta gero.

 

 

BERTSOTAN

 

      Jardun izan naiz Julian Ezeiza “Aterpe” eta Antton Garinekin, izan dut suertea Manuel Lasarterekin jarduteko, Joxe Agirrerekin, Xabier Amurizarekin berarekin, Sebastian Lizasorekin, Mitxelenarekin, Lazkao Txikirekin... Horiekin denekin jardutea tokatu zait. Eta gazteekin ere bai, oraingo belaunaldiarekin.

      Asko kostatzen zait bertsotan egitea. Zeren bertsotan ondo egitea oso gauza zaila da eta bertsolari txar bat entzuteak niri min izugarria ematen dit.

      1979-12-16 Manuel Lekuonari egindako omenaldian kantatu zuen, Karmelo Baldan. Imanol Lazkano eta Iñaki Murua aritu ziren gai-jartzen, eta kantuan 32 bertsolari, besteak beste, Sebastian Lizaso, Balentin Enbeita, Jon Azpillaga, Patxi Etxeberria, Xabier Amuriza, Lazkao Txiki, Basarri... Arrietak ikaragarri egiten du bertsotan. Guk Amurizaren ikastaroa egin genuenerako, Arrietak egiten zuen bertsotan, asko. Idatzian onena izan zen bolada batean, eta kantatu oso ondo egiten zuen. Plazan ez zuen kantatzen, tabernan eta afariren batean.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

 

BERTSO JARTZAILE

 

      Idatzitako bertsoekin eman nuen neure burua ezagutzera. Nire lehen jarrialdia Zeruko Argiara lagun batek bidali zuen. Gero Diario Vascoko Basarriren txokoan atera nituen, gero Eginera ere bidali nituen eta Goiz Argin ere azaltzen ziren, Basarrik kolaboratzen baitzuen han. Ikusi nuen ongi hartuak zirela, eta idatzi eta bidaltzen jarraitu nuen. Bolada batean asko gozatu nuen, gainera, idazten.

      Bat-bateko bertsoa indarrean zegoen, baina bertso idatzia itzali-antxa. Ni bertso jartzen hasi nintzenean bazirudien hauspo batek brasa suspertu zuela. Bazirudien denek niri bertsoak bidali nahi zizkidatela, eta bidalitako bertso horiei nik erantzun egiten nien. Handik ezagutu zen pixka bat nire izena. Hortik hasi nintzen Hernaniko bertsolariei gai-jartzen, eta pixkanaka zabaltzen...

      1982an Kaskazuri Lehen sariketa irabazi nuen, “Astoa sasoian” sailarekin.

      Bertso liburua ere argitaratu nuen, “Nere ondar alea” (Auspoa 162), lehendik atereak nituen bertsoen bilduma. Antonio Zavalaren ideia izan zen. Edorta Uriak asko lagundu zidan bertsoak biltzen, fotokopiatzen... Azken ukitua ematen Aita Zavalak lagundu zidan. Liburuak oso harrera ona izan zuela esan zidan.

 

 

ASTOA SASOIAN

 

        1

Bertsoz emango ditut

etxeko berriak,

nola gabiltzan jakin

dezan erriak;

asto bati medio

dauzkagun larriak,

arek egin dizkigu

ikaragarriak;

bere belarriak

atzera jarriak,

ta bigun gerriak,

astindu zorriak.

Ziria sartu digu

Etxeberria’k.

 

        2

Etzaizkio atsegin

ari krabestoak,

zer esan pasta txintxa

eta zestoak;

ez ditu nai soñean

ain tresna bastoak,

mingarriak gertatzen

aien arrastoak;

biurri gaiztoak,

jan aza-ostoak,

baba ta artoak,

baztertu lastoak.

Tontotik ez du ezer

gure astoak.

 

        3

Len portatzen zitzaigun

ondradu ta gozo,

zerbitzu pranko bazun

etxe ta auzo;

jenero gogorra da,

makiña bat pauso

bizkarra kargatuta

emanak eroso,

baiña aspaldi oso

itxusi jiboso,

ta lanari paso,

isatsa bai jaso;

arentzat berdin dira

arre ta iso.

 

        4

Egun-sentiarekin

arrantza goiztarrak,

logurerikan ez du

gure maizterrak;

gero belar billa joan,

zesto ta otarrak

aidean bota dizkit,

auzo denen parrak!

Jaso ditu perrak,

ez dauzka alperrak,

ondatu bazterrak,

zabaldu izterrak,

orrelakoa maiz du

gure astarrak.

 

        5

Apal ibiltzekorik

ari ez eskatu,

ille zarrak botata

oso preskatu;

larrera aterata

jan ez-ta jostatu,

etxekotik kanpora

nai luke ostatu;

amarrak puskatu,

ta noiznai askatu,

auzoan bazkatu,

guztiak nazkatu,

begiz ikusi gabe

ezin juzkatu.

 

        6

Bera dago nagusi,

bera da jueza,

iskanbilla sortzen ez

ain aldrebesa;

sermoia arrantza ta

ostikoa meza,

bazter guztiak nasten

daukan interesa;

lan egin nai eza,

nunbaite bajeza,

ez dago erreza

arekin babesa,

badabilki puzkerra

eta laiñeza.

 

        7

Gaur goizean domatzen

gera alegindu,

bear dan arrastoan

ez da berdindu;

auzoko eme batez

zaigu maitemindu,

bera ikusi du-ta

lanik ez agindu;

ura ondo zaindu,

isatsa astindu,

atzeak arindu,

ezpaiñak zikindu;

ogei bat aldiz pixa

ere egin du.

 

        8

Aitak ala esan dit:

«Obeko dek saldu,

etxeko pakerikan

ez dedin auldu».

Nik bere esanari

nai nioke eldu,

pizti biurri orrek

ez gaitzan zapaldu;

ez du bate galdu,

bizkarra zabaldu,

indarrez ugaldu,

norbaitek nai al du?

Ernani’n Orkolaga’n

dago, azaldu.

 

 

GAI-JARTZEN

 

      Gai-jartzaile Hernanin eta Hernaniz kanpo leku frankotan iritsi nintzen, Gipuzkoan.

      Lasarte, Lazkao Txiki, Agirre, Lizaso aita semeak, Mitxelena, Peñagarikano, Mañukorta, Azpillaga, Lopategi, Amuriza, Telleria, Egaña, horiei denei jartzea tokatu zait. Urte frankotan aritu naiz.

 

 

1986KO ETA 1989KO TXAPELKETETAN EPAILE

 

      Garai hartan bertsolariek eta Euskaltzaindiak halako eten bat izan zuten. Txapelketa aurrera atera nahi zuten bertsolariak epaimahai izateko eske etorri zitzaizkidan. Orduan bertsoarekin maiteminduta nengoen, edozer egiteko prest. Baiezkoa eman nien, eta oso esperientzia ona izan zen. Gogorra, baina ona.

      Arbitro izatea zer den konturatu nintzen. Zer presio zegoen, zer giro, su bat zegoen han... hurrengo egunean a zer agujetak neuzkan gorputzean! Han edukitako presioak sortutakoak.

      Lehenengo epaimahaira igo nintzenean, Joxe Mari Aranalderi galdetu nion: “Joxe Mari, zer egin behar da bertsoa ongi juzgatzeko, kontseju bat emaidazu”. Eta esan zidan: “Ahal den lasaiena egon, eta ondo entzun. Bertsoa ondo entzun”.

      1986ko txapelketan puntuazioa momentuan erakusten zen, txartelean altxatzen zen. Hura karga bat gehiago zen. Bertsoa juzgatzea berez zaila baldin bada, gainera erakutsi egin behar! Jendea gainera etortzeko modu bat zen. Gainera puntuaziotan gorabehera handiak izaten ziren. Nik ez nuke gomendatuko.

      Bi txapelketetan epaimahai egiteko lan horrek, egia esan, bertsoaz pixka bat enpatxatu ninduen.

 

 

KOPLAK

 

      Miren eta Bingen Zupiriak soinujole txapelketan parte hartu zuten, eta irabazi. Txapelketarako Bingenek kopla batzuk eskatu zizkidan. Nik idatzi, hark irakurri eta esan zidan: “Ez, hau ez da nik nahi dudana. Koplak teknika berezi bat du”. Esplikatu zidan teknika hori, eta horko kopletan ikusten da:

      Lehenengo puntuan gauza polit bat esan, eta bigarren puntuak izan behar du, lehenengoan esandakoarekin zerikusirik ez balu bezala, baina ezkutuko lotura handi bat duena. Intentzio horrekin egindakoak dira.

 

        1

Amorraiaren zai-zai

errekan amua;

neska, alperrikan den

geroko damua.

 

        2

Arranoa usoen

atzetik basoan;

alabatxo, ez adi

erori lazoan.

 

        3

Suaren inguruan

errez da epeltzen;

Miren, ez gero utzi

gerritikan eltzen.

 

        4

Adar-igar gaiñean

kukua ku-ku’ka;

gure neska sorgiña

mutillei kiñuka.

 

        5

Elorriarena bai

arantza zorrotza;

odola dariola

daukazu biotza.

 

        6

Laiñoz estali zaigu

izarren jardiña;

nik sendatuko dizut

biotzeko miña.

 

        7

Katuak Otsailla,

astoak Maiatza;

noiz jasoko ote det

nik zure baietza?

 

        8

Eskutikan elduta

poliki-poliki;

atariko lizarrak

izketan baleki!

 

        9

Neguak galtzen ditu

udako loreak;

ez ditun betirako

ire koloreak.

 

        10

Katagorri ariña

pagotik pagora;

seigarren nobioa

utzi du albora.

 

          * * *

 

        11

Neskazar baten kasoa

daukat kopletan jasoa;

baldin entzuten baditu

ez da jarriko gozoa.

 

        12

Garai batean apaiña

omen ziñan oso, baiña

ederki aldatu zera,

gaixo ori, alajaiña!

 

        13

San Antoniori meza

eta perfume inglesa;

sasoia joan zaio baiña

ez da etsitzen erreza.

 

        14

Dama uste aundikoa,

len denei ipurdikoa,

pozikan artuko luke

orain erdipurdikoa.

 

          * * *

 

        15

Kontatuko dizuet

aiean-aiean,

nola ibili nintzan

Ernani’n jaiean,

erromerira joanda

gona-usaiean.

 

        16

Nereganatu nuan

ustez ederrena,

bizkar-okerra eta

anketik errena;

obeto begiratu

bearko urrena.

 

        17

Faborez eskatuta

asirik baltsean,

etzan giro arekin

pausoa galtzean,

tokia egiten zun

aurre ta atzean.

 

        18

jakin nai al dezute

ondorengo berri?

Igurtzi nizkion nik

izter eta gerri,

ar edo emea zan

ez nion igerri.

 

[Joxe Mari Arrieta, Nere ondar alea, Auspoa 162]

 

 

JULIAN LAGUNARI

 

        1

Bere itz goxoekin

biotza dit ostu,

kanpora atera zait

baiña ez da oztu.

Zure bertso mordoxkak

ez nau gutxi poztu,

lore asko dago or

ta batzuek moztu,

bear baiño geiago

ez nadilla puztu.

 

        2

Itz jario gozoan

asi da Aterpe.

nere barruko ekaitz,

kezkaren aterpe;

bat aurkitzen danean

nekepean torpe,

orrelako bultzada,

gaiñera ain merke,

ixtimatzekoa da,

laister nauzu eske.

 

        3

Biotz itxumen eta

begiko lausoak

sarri okertzen ditu

gizonen pausoak.

Maitasunez urriak,

inbiriz osoak;

ez al dira bi gauza

zail baiña gozoak,

batera izatea

lagun da auzoak?

 

        4

«Bertsoak bear dira»,

diozu zuk larri,

euskera nola dagon

gaixoa elbarri;

gogortu zan bidea

sasi eta arri,

etorri ingurura,

eskua ekarri,

danok lagundu bear

diogu alkarri.

 

        5

Euskera, mendeetan,

amaika otz-bero,

ikusiko zenduan

noski onezkero;

ezer gutxi lortzen da

emen ero-ero,

baiña negu beltz ori

bein pasa ezkero,

udaberri alaia

etortzen da gero.

 

        6

Denbora joan da gero

zertarako penik?

Ez dezagula galdu

guk itxaropenik.

Erri baten pitxia

izkuntza da leenik,

ta ez eduki arren

nai nuken kemenik,

nere ondar alea

jartzen det emen nik.

 

[Joxe Mari Arrieta, El Diario Vasco, 1980/1/2
eta Goiz-Argi, 1980/1/5 argitaratuak.

Nere ondar alea, Auspoa 162]

 

 

MUSTAFAREN BIZITZA

 

        1

Zuria eta beltza,

kolorez pintoa,

katu bat ba-degu guk

erdi-ijitoa;

oso xagu-zalea,

eiztari gaiztoa,

ganbaran sapaiean

amaika itoa.

 

        2

Katu orrek xagutan

ez du berdiñikan,

etzaio zikinduko

bere jardiñikan.

Nere bixtan jan ditu

gaur sei gordiñikan,

sukaldean ez izan

nunbait sardiñikan.

 

        3

Mustafa deitzen diot

jaio zanetikan,

beti ez da bizitzen

bere lanetikan;

nik baiño len probatu

bear danetikan,

orrek ateratzen nau

nere onetikan.

 

        4

Malizia sartua

dauka ezurretan,

lo-papera egiten

daki gezurretan;

bakarrik gelditzean

azkar lapurretan,

denborik ez du galtzen

ogi-papurretan.

 

        5

Zakurra eta biak

beti egurrean,

bixta ona ta ezin

ikusi urrean;

belarriak makurtu

era maltzurrean,

atzaparrak jarriaz

aren zintzurrean.

 

        6

Ura ikusten badu

aldatzen da dana,

oso itxusitzen da

Mustafa laztana.

Bizkarra okertuta,

arrotu buztana,

orduan nabarmen da

gustora ez dana.

 

        7

Erabili oi ditu

izkuntza arrotzak,

«fu ta fa» ekin dio,

aiek aize-otsak!

Besoa azkarra ta

azkazal zorrotzak,

laister kendu dizkio

belarriko otzak.

 

        8

Mustafa’k sutondoan

ura ordu-pilla,

aren epelean du

bere otza illa;

oporketa garaia

berriz Otsailla,

etxea utzi eta

maitearen billa.

 

        9

Bakarrik umatzen da

ganbaran lastotan,

oera jeixten ditu

andikan askotan;

txikiak ere pozik

biguiñean lotan,

ez da arkakusorik

paltako zokotan.

 

        10

Umea pasiatzen

onek zenbat saio,

dirudianez oso

atsegiña zaio;

ez du bear ez kotxe

eta ez arraio,

lepotikan artuta

dabilki karraio.

 

[Joxe Mari Arrieta, El Diario Vasco, 1981-11-1 eta 3]

 

 ANTTON GARIN | JOXE MARI ARRIETA LASARTE | HERNANI