Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JOSE LUIS LEKUONA “LEXOTI”

 

1925ean jaioa Oiartzungo Maixta Borda baserrian

2006an Ereñozun hila

 

      Bere aitonak morroi lanak egin zituen Lezoti izeneko baserri batean, eta izengoiti hori jarri zioten. Ondoren bere aitari ezarri zioten izengoiti bera, eta azkenean Jose Luisi egokitu zioten.

      Aitona bertsotan ibilia zen, eta aita ere bai; aita, maiztasun txikiagoarekin.

[http://www.eu.wikipedia.org]

 

      Aitona ere bertsolaria genuen, hura gehiago esaten zuten, eta osaba ere bai, osaba Manuel, baina nik ezagutu nitueneko gutxi egiten zuten. Gure etxean gutxi egiten zen, igual nahiago zuten ni ez ibiltzea baina nik afizioa banuen eta...

[Argia, 1989-01-15, 1.228 alea]

 

 

LANAK

 

      Oiartzunen eman zioten barrendero plaza eta hor ibili zen. Mitxelenak esaten zuen “sekula lan egin gabea eta orain barrendero jarri zutela”, eta euren zirikatzeak bazituzten.

[Florian Oiarbide]

 

      Lan askotan ibili zen, ez zuen sekula lan finkorik izan. Mendiko guarda, hargin, kanalak ebakitzen, garraiolari, kale garbitzaile eta bertso saltzaile lanetan ibili zen.

 

Ni Oiartzun’en nabil

kaleak garbitzen

erria serbitzen;

onela ikusi ta

zaude errukitzen.

 

Bañan ezkontze ori

ez dizut agintzen,

leku obeagorik

ez baidet arkitzen;

emen gutxikin jakin

bear da bizitzen.

 

Joxe Luix Lekuona “Lexoti” bertsolariaren erretratua,
Aierdi baserri aurrean 1985. urtean.

Argazkia: Ainhoa Fraile.

 

Iturria: Oiartzun; Udala Informatzen Aldizkaria.
http://www.eu.wikipedia.org

 

 

BERTSOTAN

 

      15 urtetan hasia, bera baino zaharragoekin, sagardotegietan trebatu zen bertsotan. 21 urterekin aritu zen lehen aldiz jendaurrean, Oiartzungo Iturriozko plazan Joxe Torreskoa, Anbolatzko Joxe Luis Jaungoikoa eta Joxe Joakin Mitxelenarekin. Handik gutxira herritik ateratzen hasi zen, eta adibidez, Astigarragara bizikletan joaten zen beti Mitxelenarekin.

      Garai hartan Basarri, Uztapide, Zepai, Mitxelena, Saiburu, Lexoti eta Elio ziren plazan nabarmentzen ziren bertsolariak. 1947. urtean, Donostiako La Perlan antolatutako bertsolari txapelketa irabazi zuen, 22 urterekin.

      Ondoren, bertsoak saltzen hasi zen Lexoti, garaiko beste bertsolari batzuk egiten zuten bezala, Gipuzkoan eta Nafarroan gehienbat.

      Pixkana izena egiten joan zen Lexoti bertsolarien artean. Hemen bere bertso bat:

 

Ni Oiartzun’en aldi onetan

bizitzen bainaiz aldrebes,

nere pobreza argi ta garbi

kantatuko det txit errez;

au entzun eta jende guztia

kasik egon leike parrez,

ementxe nago erdi gaixorik

bizi ezin da il nai ez.

 

      Halere ez naiz ni asko ibili, Nafarroan ibili izan naiz asko, 4 egunetarako joanda Andres Narbarte (Xalto) Goizuetakoa zenarekin, Mitxelenarekin... Harekin Ezkurrara joan 2 egunetarako eta 4 ere pasa izan nituen, pagatzen ziguten eta! Mitxelenarekin berriz, Berastegira 2 egunetarako joan eta amerikano batek beste biko pagatu eta hantxe pasa genituen. Guk poz handia hartzen genuen holakoetan. Irunen ere asko ibilia naiz, dozena erdi bat urte edo zortzitan.

[Argia, 1989-01-15,1.228 alea]

 

      Bertsotan Oiartzungo hizketa erabiltzen zuen asko.

[Florian Oiarbide]

 

      3 edo 4 bertsotan baino 40tan hobeto! Mitxelenak eta biak, bi ordutako saioak askotan egiten genituen. Gu ari ginela taberna bete-betea eta isil-isilik gainera jendea. Hori bai, izan nuen bertsoa oso aisa asmatzen nuen sasoia.

[Argia, 1989-01-15,1.228 alea]

 

Lexoti Lazkanorekin bertsotan.
Iturria: http://www.badok.eus

 

 

KONTRARIO BILA

 

      Lexoti bere bizitzan oso demazalea izan da: korrikalari, ibiltari, harri jasotzaile, haizkolari, ahari eta oillar prestatzaille. Eta bertsoetan ere berdin, demazale purrukatu. Lexotiri demagiroa falta bazaio, bereak egin du. Lexotik kontrario bat behar du beti aldamenean, eta ez baldin badu asmatu egingo du; zirikatzen hasiko zaio norbaiti, Mitxelena, Uztapide edo Koxme Lizasori.

[Xabier Lete, Lexoti bertsolaria, Auspoa 157]

 

      Disfrutatu egiten zuen hark bertsotan, kontrario bila ibiltzen zen, eta ez bazuen kontrariorik, denei banaka bota eta segi. San Antoniotan kantatu, eta Txilibitan tabernara joan, baso erdi batzuk hartu bazkaldu aurretik, eta mostradorean jarri eta tipiti tapa bertsotan jardungo zen. Lexotirekin amistade handia nuen, etxera asko etortzen zen.

[Florian Oiarbide]

 

      Korreoan (Goizuetara doan autobusean) sartu naiz, eta Inazio Iraola Zinko Eneakoak ezetz, kotxean ekarriko nindutela. Zinko Eneako tabernan saioa egin genuen Lexotik eta biok. Beste aitzakiarik gabe, enkarguak egitera etorriak izango ginen. Aranon ez zegoen afizio klase hori. Ereñozun ere aritzen nintzen Lexotirekin. Gustatzen zitzaion festa eta parranda. Ehun kiloko zilindroarekin harri-jasotzen aritzen zen Ugaldetxoko festetan.

[Manuel Huizi]

 

 

TXAPELKETETAN

 

      — 1962ko Sariketa Donostian. Gazteen txapelketan txapeldun.

      Donostian izaten zen horrezaz gain (1947an La Perlakoa) “Semana Vasca” zelakoan egiten zen kanpeonato bat ere eta hura ere beti nik irabazi nuen seiren bat urtean. Gero, beste txapelketa bat jarri zuten (1962an), Agirreri irabazi niona, orduan ere jende guztiak Agirreren alde egiten zuen baina neri tokatu zitzaidan hura irabaztea ere. Ondo ibiltzen nintzen, abilidadea nuena baino gehiago egiten nuen kanpeonatuan, estuasunean oraindik eta gehiago ateratzen zitzaidan, ez nintzen ikaratzen.

      Gogoan dut nola Ordiziara ere joan nintzen 1960. urtean, han ere nituen kontrario gogorrenak Lazkao Txiki, Imanol Lazkano eta Lizartzako Itsua. Goizetik lauak klasifikatu ginen, baina Lazkao Txiki bentaja haundiarekin bera aurrena, eta gero, ez dakit, basoerdi batekin edo besterekin deskuidatu zela edo, arratsaldean harek deus ez zuen egin eta nik goizean baino hobeto berriz, eta neri eman zidaten.

[Argia, 1989-01-15,1.228 alea]

 

Mitxelena.

Iturria: Auñamendi Entziklopedia.

 

 

TXERTOA

 

      Mitxelenak ere esaten zizkidan ederrak! Behin, Berastegin ginela, Mitxelenak burla egin zidan mutil zaharra nintzelako eta nik harei andrea bai baina familiarik ez zuelako:

 

Emaztegaian bila ‘Lexoti’

sarritan iten da saia

hontaz aurrera topatzen honek

izango du oso zaila

andregai eske pasatu ditu

Errenteri eta Pasaia

behin hontaz gero hartuko’iote

akerzarraren usaia.

 

      Eta nik berari:

 

Behin behar eta disparateak

gaur kantatzen Mitxelena

gaizki esanda trankiltzen baita

zenbait gizonen barrena

balio ez duna gauza izatia

nik hortan hartzen det pena

honek etxian alperrik dauka

nik txertatuko nukena.

 

[Argia, 1989-01-15,1.228 alea]

 

 

XALTOREKIN

 

      Bertso auek, Goizueta’ko Andres Narbarte bertsolaria zanaren aotik jaso genituan. Narbarte’k etxean pareta berriren bat egiña zuan. Bañan gau batean pareta erori egin zan. Baita Narbarte ere arekin batera oe ta guzi. Eskua autsi zuan, eta bekaiña idiki. Lexoti, berriz, bere etxeak su artuta erre, ta arrebarenean bizi zan. Biak ere bazekiten alkarren berri. Urrengo Goizueta’ko festetara Lexoti eraman zuten, Narbarte’rekin bertsotan egiteko. Ari-ari zirala, Lexotik au kantatu zuan:

 

Oraingo ontan txorakeritan

ez naiz egingo ni asi,

i bezin ume itxusirikan

sekula ez diat ikusi.

Goizeko bosterdietan ustez

engon eure etxeko nausi,

beko erreka or jo omen dek

ere pareta ta guzi.

 

      Ta Narbarte’k:

 

Egia da bai erori zala

nere etxeko pareta,

eskerrak diru pixkat banula

maleta zarran gordeta.

Ostera zutik jarri nun bañan

galanki xamar kosteta,

Lexoti berriz kanpuan dabil

len zuan zarra erreta.

 

[Iñaki Arbelaitz Gelbentzu, Miren Mitxelena Belauntzaran,
Joxe Anjel Arbelaitz Irastortza, Mariano Ostolaiz,
Antonio Zavala, Lexoti bertsolaria, Auspoa 157]

 

      25 urte edo izango nituen nik, eta pleuresiarekin egon ostean, sendatutakoan, tabernara joan nintzen eta Jose Mari Iriarte hori gaizto-gaizto eginda hor zegoen eta ederra kantatu zidan:

 

Lexoti honek pasa omen du

oso min klase luzia

eoteko martxaz apenas dago

oaindikan ere hasia

gandul guztien txapeldun dago

alper ta erdi pasia

ta sendatutzen ez da erreza

honek daukan min klasia.

 

      Eta nik hari:

 

Lexotikuai alperra esanda

ustez egin du grazia

beare opiziale on ez dela

dago ondo ikusia

alperrak mina berekin dula

hi’aiz kontatutzen hasia

hik ordun minez pasatu beharkok

hire denbora guzia.

 

[Argia, 1989-01-15,1.228 alea]

 

      Ereñozun tunelak pasa zituzten mendiak zulatuz, ura Donostiara eramateko. Andaluzak eta estremadurarrak aritu ziren lan horietan. Igandetan sekulako festa egiten zuten, kantatuz eta sevillanak dantzatuz... Irubidietan zen: Tomasek esan zion Lexotiri “baso-erdi bat pagatuko dizut, horiei bertso bat botatzeagatik!”. Eta Lexotik bota:

 

Mirandaz goitik etorri eta

egiten digute parra

esan liteke: zertarako da

euskaldunaren indarra?

Jendaila honek lepoa beltza

eta muturra iharra

txarrena degu Euskal Herrian

gerok mantendu beharra!

 

      Hura kantatzen ari zen bitartean denak ixilik geratu ziren, berari begira. Bukatu zuenean “qué bien canta este tío!” txaloka (jakin balu zer esan zien!).

[Florian Oiarbide]

 

 

UZTAPIDERI, ANDREGAIAREKIN IKUSITA

 

      Txikierdira joaten ziren Mariano Ostolaiz Oiartzungo uztargilea eta Lexoti. Uztapide han dator, andregaiari besotik helduta. Marianok “Hi, Lexoti! Uztapide hemen duk Maritxurekin...” Lexotik “Ez al da lotsatzen mutilzahar hori! Aditu behar dik ba ederra!”. Ailegatu denean, Lexotik:

 

Hoita bi urtekua

ein dezu andregaia

zerorrek berrogeita bost

badituzu ia

behine mugitze ezkeroz

bazendun garaia!

Hau dek mutilzahar itsusi

belarri handia!

 

        Andregaiak: “Joxe Luis, ixilik egon hadi!” eta Uztapidek “Lasai, ez apuratu!”:

 

Lexoti, bertsotako

etorriak gaude!

Uztapidek behin bihar ta

entzun bihar hau’re!

Santa Agedan etxe berriak

ederrak badaude

asto zuri baten gainian

aurki han dek hau’re.

 

[Antonio Zubiarrain]

 

 

 

UZTAPIDEREKIN MUSEAN

 

      Uztapide etorri zen behin Oiartzungo Zuberoa tabernara Mitxelenaren bila, elurra ari zuen eta Mitxelena etorri zai han zegoen, eta ni ere sartu nintzen, alkatea ere han zen, hura zen tabernako nagusia; hor hasi ginen txitxarroa jokatzen musean. Batean Uztapidek: “Parisen teila adina enbido haundira”. Alkateak berriz: “gure etxeko platanoak adina tanto enbido txikira”, tira, eta tira... Uztapidek berriro: “Parisen teila adina enbido paretara”; jokorik ez, ez, eta ez, eta nik esan behar zerbait eta “gure etxean mila duro adina enbido”; eta Uztapidek: “bale, bale, paso esan nahi zian honek!”

[Argia, 1989-01-15,1.228 alea]

 

 

XALTOREKIN ESANA LIBREAN

 

      Andres Narbarte “Xalto”, behin batean, Iparraldean bertsotan aritua zen, eta bueltakoan korreoan (autobusean) sartu zen, Goizuetara joateko. Eta Lexoti Ereñozun zela jakin zuen, eta jaitsi korreotik eta Lexotirengana azaldu, bertsotara. Orduan ez zen oraingo kotxerik eta konbinaziorik, gero Goizuetara joateko! Hasi zaio bertsotan, eta batak besteari kristorenak boteaz, esana librean! Xaltok:

 

Hemen bakoitzak dituan tatxak

al degu esan beharra?

Belarrik ere handiak dituk,

sudurra berriz okerra.

Hire gorputzak beidatu batez,

moteil, emateik akerra!

Hala ere hori deus ez hukek,

ez baitzakek alperra!

 

[Florian Oiarbide]

 

 

EREÑOZUN AZKEN URTEAK

 

      Lexotik arreba Epelera ezkondua zuen (Bordaberri baserrira). Ama hil zenean arrebarengana etorri zen eta hemen pasa zituen azken 20 urteak, gutxienean.

[Florian Oiarbide]

 

      Lexoti eta Paulo koiñatuak ziren. Lexotiren arreba zuen nire anaiak andrea. Lexoti bera mutilzaharra zen.

[Antonio Zubiarrain]

 

 

ARREBARI

 

      Lexotik aldi bat izan zuen osasunetik gaizki xamar egon zena. Bere arreba Pepitak jaso zuen, eta aren etxean, Ereñozu’ko Iru-bireta ballaran, denbora-aldi luze xamarra egin zuen; amalau illabete-edo. Lexotik asko eskertzen dio bere arrebari mesede ura. Bertso auek, 1982 urteko Martxoaren 25’an paratu zituen, Ergoin’eko Bide-Alde tabernan.

 

Lexoti zarrak kantatuko du

gaurkoan milloi bat egi,

garai aretan gelditu nitzan

ez buru ta ez arpegi;

arreba ta kuñaduak neri

egin ziraten igerri,

ni oso gaizki negoelako

aik mantendu ninduten ni.

 

Jan ta edana nik banuen ba

aoa bete-betian,

etxe artara joatia etzan

bate neretzat kaltian

dudik ez dago izan naizela

euntalako on suertian

biyen kontura egon nintzan-da

amalau illabetian.

 

Gu elkarrekin ondo giñala

izandu nuen suerte,

koñadu ta arreba neretzat

izan zuten borondate;

nik ere poza orixe daukat

aiek nindutela maite,

Lexoti etzan etxera etorri

berak nai zuten bitarte.

 

Beste bertso bat kantatuko det

Jaungoikoaren graziko,

argi ta garbi denen aurrian

emen det adieraziko:

izan dedilla nere bizitza

oso denbora luzeko,

koñadu ta arreba ezian

ni ere ez nintzan biziko.

 

[Iñaki Arbelaitz Gelbentzu, Miren Mitxelena Belauntzaran,
Joxe Anjel Arbelaitz Irastortza, Mariano Ostolaiz,
Antonio Zavala
, Lexoti bertsolaria, Auspoa 157]