Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

SAN JOAN ERRONDA

 

      San Joan errondan ateratzen ziren Txirrita, Jose Antonio Goñi “Mandaburu” eta Graxiano Zubeldia. Mandaburu bertsozale amorratua zen, soinua jotzen zuen eta ondoren Txirritak bertsoa bota. Ez dakit Mandaburuk edo Graxianok, silla eramaten zuen. Txirrita baldartu baitzen ba! Sillan eseri eta botatzen omen zuen Txirritak bertsoa. Gure Graxiano honek makila handi bat eramaten omen zuen eta makila kopetari eutsiz jarrita egoten omen zen Txirritak bertsoa bota bitartean! Graxianok ez zuen errondan kantatzen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Beste tokietan Santa Ageda bezperan bezela, Ernani aldean San Juan bezperan ibiltzen dira etxez-etxe kantari eta eskean. Txirrita, berriz, koplaria izaten zan. Bikario eta alkatearen etxeetatik asten omen ziran; gero kontzejalak, beste apaizak, medikua, beterinarioa...

      Danen berri ondo zekien bat Txirritaren ondoan joaten zan, bakoitzari zer esan bear zitzaion salatuz. Guk bildu eta emen jarri ditugunak, ez dira danak urte berean boteak izango; baiña ondo aditzera emango dute urtero gau artan nola ibiltzen ziran kopla eta bertsotan.

      Zaragueta’renean, urte batean duro bat eman zieten. Urrengoan, berriz, bi pezta. Eta, irugarrenean, Txirritak onela kantatu zuen:

 

Aurten bi urte durua zan da

joan dan urtean bi pezta,

deskuidatutzen ez baldin banaiz

aurten xentimorik ezta.

 

      Adarraga’renean gizon lodi bat bizi omen zan; eta, balkoira azaldu zalako, kopla au bota zion Txirritak:

 

Gure bertsoak aitzeagatik

etorri al da berori?

Balkoia xinple egon bear du ta

kontu beraño erori.

 

      Gaberdian, serenoak ixiltzeko esatean:

 

Kapa-petikan atera digu

urka añako ezpata,

errespetua jarri nai luke

iru arrua ez da-ta.

 

      Urte batean, irurogei ta zazpi urteko gizon bat, ogei ta bi urteko neska batekin ezkondu zan. Neska ori, Enporru esaten ziotenaren alaba zan. Kopla au bota zion gizonari:

 

Zuk egindako tratuarekin

arritzen dago erriya:

traje zarrari erantsi diye

aurten enporru berriya.

 

      Ernani’ko apaiz bati:

 

Aurten berorren sermoiarekin

konbertitu da jendia,

astoa ostuta bizi ziranak

entregatuak badia.

 

      Koplatzen ari zirala, neskatxa bat leiatillatik begira zegoan. Txirritak somatu eta au bota zion:

 

Ez du uste baña nik ikusten det

nola dagoan txut-txutik

kamis utsikan, guri begira,

leiatillaren txulutik.

 

      — Ez, ba! Ez nago kamisa utsik! esan omen zuen neskatxak asarretuta.

      Ona emen mutil aietako batek, Ernani’ko Egañaene’ko Fernando Iturralde’k, kuadrillan Txirritarekin zebillela, gogoan artu eta esan zizkigunak:

      Biaramonean meza berria eman bear zuan eta aita ta amaren erdian balkoian zegoan Don Pedro apaizari:

 

Aita ta ama kristau ondraduk,

semia sazerdotia,

goguak emate’it berarengana

konfesatzera juatia.

Gerora beida egon betandik

astera nua bertatik:

ollo aundi bat ostu izan det

Astigarra’ko bentatik.

 

      Atxukarro apaiza zanari:

 

Apellidua Atxukarro du,

Don Jerbasio izena,

amaika anima purgatoiotik

ateratako gizona.

Meza-emale azkarra eta

konfesorea jatorra,

goatze’al zaizu noiz saldu nizun

zazpi urteko zekorra?

Uste eztan kasua pranko

arkitutzen da guretzat,

arakiñentzat eztaukat bañan

oraiñ e badet zuretzat.

 

      Kamiñero-kabo izandutako batek duroa eman zien; orduan Txirritak:

 

Duro eder bat bialdu digu

zimelduba ta onduba,

kamiñero zebillen arte

norbaiti muntan kenduba.

 

      Adarraga’enean sagardoa ta txokolatea saltzen baitzuten, onela kantatu zuan:

 

Negun sagardo ederra badu,

udaran txokolatia,

oiek badute jendia gober-

natzeko borondatia.

Goiz jeiki eta pasatze’ituzte

mendiak eta basuak,

urrutitik ekartzen dituzte

meriendatzeko usuak.

 

      Beste toki batean, kopla bota eta bota ari zan, baiña limosnarekin etzan iñor ageri; geiago kanta arazi nai zioten nunbait. Ori ikusirik, Txirritak:

 

Edozein gauza sortutzen dute

kristau eskandalosuak,

eskian gabiltzala igual

esango dute batzuak.

 

      Orduan neskamea azaldu zan diruarekin, eta Txirritak:

 

Nik bi andregai izandu ditut

panplonesa ta bilbaña,

emandakua artu iten det

eskian ez nabil baña.

 

      Amerikano bati:

 

Okela suelto izan ezkero

etzait gustatzen arrayik,

zure etxera etorriko naiz

falta badezu morroyik.

Neri gustatutzen zaitena da

beatzik arte oyian,

bañan amabik ingururako

an izango naiz mayian.

 

      Beste indiano bati:

 

Agidanian ikusiya da

Amerika’ko kortia,

ango urriak pillan dauzka ta

nik e nai nuke partia.

Amerika’tik diru askokin

gizon ederra etorri,

nik ere laister juan biar det

danak ezpaituzu ekarri.

 

      Indiano onen koñata jostuna zan, eta galtzak josteko kantatu zion aurretik, eta gero:

 

Ze estatura-modua dedan

bialduko’izut tarjeta,

oso aundiyak biarko ditut

baldar-baldarra naiz eta.

 

      Etxe bateko alaba, neskazarra bera, Madriden neskame egoten zan, baiña San Juanak, erriko festak, pasatzera etorria zan, eta ari:

 

Madrill aldetik ze ideatan

etorri zerade, Rita?

Ernani’n ondo saia zaitia,

soltero dago Txirrita!

 

      Ernanin bizi zan Goierriko mutilzar bati kantatua:

 

Etxe onetan izan biar du

goiarriarra morroia,

mutilzartuta egiña dauka

anka-zañetan erdoia.

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

      Orain il zan Txirrita ta San Juan eskea ere bai.

[Manuel Uztapide, Lengo egunak gogoan, Auspoa]