Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      1813an Donostia ez zen izan Euskal Herrian erre zuten herri bakarra, frantsesek Arbizu sutan jarri zuten moduan kiskali zuten Hernani. Victor Hugo idazlea ume moko bat zen orduan, baina ondo asko ulertu zuen bere aita militarrak Hernanin urte hartan gertatuaz kontatu ziona, bere antzezlan famatuenari Hernani izena jartzeraino.

      Egiaz, hernaniarrek XIX. mendean egoera beliko etengabea bizi izan zuten. Gerra karlistak izan ziren gogorrenak; 1874an Hernani penagarri zegoen karlistek egindako setio latzaren ondorioz. Herri aurrerazale eta liberala izaki, Donostiaren atze-goardia defendatzea tokatu zitzaion behin baino gehiagotan. Victor Hugo bertan izan zenean Lehenengo Gerrate Karlistako orbanak oraindik agerian zeuden, baina halaxe deskribatu zuen herri-kaskoa:

 

      “Hernanik ez dauka monumenturik, eliza arrunt bat —Pompadour estiloko portiko aberatsa duen arren— udaletxe ezdeus bat; baina Hernanik paisaia miresgarria dauka eta katedral batek adina balio duen karrika. Hernaniko karrika nagusia, dena erliebezko armarriek, bitxi-balkoiek, atari jaungoenekoek apaindua”

 

      Erliebezko armarrien atzean abizen ilustreak eta negozianteak daude. XVIII. mendean zuaznabartarrak izan ziren merkataritzan aktiboenetakoak, Caracaseko Errege Konpainian buru-belarri aritutakoak. Hortaz, ez da harritzekoa hurrengo mendean giro liberala gailentzea Hernaniko ahaltsuenen artean. Halako familiekin biltzen zen Agustin Iturriaga apaiza, giro aurrerazale erabatekoan.

      Iturriagak eskola propioa ireki zuen herrian, ikas-material elebidunak sortu zituen eta pedagogia berritzailea erabili. Baina ez zion asko iraun, urte batzuen buruan itxi baitzioten. Euskararen etorkizunaz kezka handia zuen, hezkuntza publikoak ez zuelako haren bizirautea bermatzen. Portalez kanpoko eraikin txikian zegoen eskola publikoa; Biterikoa askoz beranduago eraiki zen, 1907an.

      Dena dela, XIX. mendeko Hernanin euskal hiztunak nagusi ziren eguneroko bizitzan, etxean, kalean, azokan... Peri plazan gero Foru Plaza eta orain Plaza Berria izaten zen azoka ostegunez. Hantxe egin zuen Xenpelarrek betroiaren tratua. Izan, bai baitziren toki batzuk bertsotarako giroa sortzen zutenak. Herriko festak zezenketak eta aurreskua gehienean, tabernak eta sagardotegiak, barrioetako erromeriak...

      Ereñotzu zen bertsotarako joera handiena zuena, handik atera ziren egungo antologiek jasotzen dituzten bertso ugari. Egun Txilibita izeneko etxearen altzoan sortua, Ereñotzu burdinolek gorritutako bailara industriala izan zen betidanik, XVIII. mendeko Fagollagako aingura lantegia adigarri. Fagollagan 1756an egin zuten azkeneko aingura, baina haren ondotik etorri dira zementu labeak, harrobiak eta baita pareta okerreko ozpin-fabrikak ere, Latxeko Txirritak argi utzi zuen moduan. Dena den, XIX. mendean Ereñotzu lehen sektorera emana zegoen guztiz eta baserrien ingurumarian kantatu ziren bertsoak eta bota desafioak, baita 1866an auzolanean egindako San Antonio ermita aurrean ere.

      Hamarkadek aurrera egin ahala eraldaketa pausatua izan zuen Hernanik. Norteko Trenbidearen obrak egiten 1860 inguruan hasi ziren eta bi urte geroago jadanik martxan zegoen. Bigarren Gerra Karlistan bala batek “aidian” botatako udaletxea 1886rako berritua zuten, Aiarragarai arkitekto hernaniar sevillanoaren eskutik. Mende amaieran paper, ehun eta adreilu fabrika handi eta modernoak eraiki ziren Florida, Antziola eta Zikuñaga inguruetan, auzo horietako batzuen fisionomia aldatzeraino. Kultur giroan ere nabari zen aldaketarik: musika bandaren sorrera, lagun elkarteak, egunkari eta aldizkarien ugaritzea, bertso-paperen pixkanakako gainbehera... XX. mendea eta garai berri bat ate joka ziren jadanik 4.000 biztanle izatera iristen ez zen herri honetan.

Urko Apaolaza Avila