INGURUNE NATURALA
Santa Barbara mendiaren hegalpean aurkitzen da Hernani, hirigunea bera gaintxo batean kokatua (itsas mailatik 43 metrotara), hortik begira jarrita, bere oinetatik doan Urumea ibaiaren ibarra ederki ikus daitekeelarik.
Hona zeintzuk diren koordenatu geografikoak:
Ekialdeko longitudea: 1° 41’ 40”
Mendebaldeko latitudea: 43° 16’ 25”
Honako muga hauek ditu Hernaniko lurraldeak: Donostia eta Lasarte iparraldetik; Astigarraga, Arano eta Elduain hegoaldetik; Donostia eta Errenteria ekialdetik, eta Urnieta, Lasarte eta Zubieta auzoa mendebaldetik. Hara, 9,26 Km.ko distantzia du Donostiako erdigunera.
Kareharriz osaturik dago, zenomaniar horietakoaz, Santa Barbara mendia (247 m.) iparraldera okermendu bat duelarik. Hirigunetik hurbil eta kareharriaren azpian arbel margotsuak aurkitzen dira, lignito kapak hauen artean. Beronen lurraldearen zati handi bat, bidezko den bezala, Urumeak garraiaturiko alubioi-lurrez estalia dago. Santa Barbara mendiaz aparte, Urdaburu daukagu (602 m.) Errenteria eta Donostiaren mugetan, Azketa (bere 836 m.rekin Hernaniko gailurrik altuena Elduaingo mugan), Igorin (456 m. mugalerro egiten duena Donostiarekin, Landerbaso aldean), eta Oindi (550 m. Urnietako mugan). Horra zertan den bere orografiaren aberastasuna.
Industrializazio aurretik nola izango zen bertako laborantza eta flora ikusteko, 1831ko deskribapen bat dakarkizuegu:
“Zorua halaber aberatsa eta emankorra du. Arrosa zuriak, horiak, soilak eta bikoitzak aurkituko dituzu, urrebotoi, tulipa, iltze-belar, hatzamar, krabelin, ihi, anemona, jasmin, krabelin txinatar, ezkai, izpiliku, albahaka, erromero, txalota. Aza klase ezberdinak, errepoiloak, zernahi letxu mota, zaintzuri, porru, azenario, harbi, erremolatxa ubel edo gorri, hori edo zuri, eskarola, baratxuri, kardabera, eskortzonera, patata, kalabaza, meloi, sandia, perrexila, espinaka, mingarratza, azelga, borraia, atxikoria, marrubi, apio, latxorten, berro, tomate, biper handi, biperrak...”.
Beste fruitu eta zuhaitz askoren gain, Hernaniko faunaren zerrenda osatzen du, besteren artean, “azeri, basurde, otso, ahate, uso, hegabera, oilagor, istingor, galeper eta faisaiak” aipatuz[2].
Hona zenbat buru zeuden Hernanin 1812an: 98 idi, 214 behi eta 5 zaldi, eta aldi berean probintzia guztiak beste honako kopuru hau ematen zuen: 9.053 idi, 10.085 behi eta 1.088 zaldi.
Zumaian 1848an ospatu ziren Batzar Nagusietan hartu zen Gipuzkoan zuhaitz landaketa berriak egiteko erabakia, ongarri gisa Peruko guano simaurra ekartzea, kalitate hobereneko ardiak sartzea eta lanabesen hobekuntza, horretarako batzorde berezi bat sortu zelarik hori aztertu eta horren segimena egingo zuena. Harrez gero hasi ziren ganadu-lehiaketak gurean ugaltzen (“ganadu erakusketak” deitzen ziren) urtero edo bi urtez behin, esaterako, Lazkao, Bergara, Azpeitia eta Hernanin[3].
Oraino mende honen hasieran populazioaren gehiengoa laborantza eta abeltzaingora dedikaturik zegoen, hamaika zirelarik ermandade edo elkar bermatzeko ganadu-aseguruak. Probintziako hamar behitegitarik bi Hernaniko herrian kokatzen ziren: Villa Anita, Luis Larrauri jabea 16 behi eta 16 hektarea lurrekin, eta Markelin, Jose Manuel Aizpurua jabea, 10 behi eta beste horrenbeste hektarearekin.
URUMEA IBAIA
Zuaznabar kronistak honela ulertzen zuen 1831an Urumea hitzaren etimologia, “ur mia” (ur mehea) bezala, nahiz eta “urre sotila” ere uler omen zitekeen, zeren eta antzinako istorio batek zioenez urrezko bihiak aurkitzen ziren ibai honen uretan[4].
Nafarroako Basaburua eskualdean jaiotzen da, Goizueta baino harago. Handik eta harat Biandiz mendi hegaletik datozen urak hartzen ditu Añarbe ibaiaren bitartez (gaur egun urtegi handi bat dago bertan Donostia eta inguruko herriak edateko urez hornitzeko), eta, bi mendion artean kurrituz, Urdaburu (iparraldetik) eta Adarra (hegoaldetik) hor datorkigu zeharka-meharka guregana.
Karabeleko zubiaren litografia.
Fagollagara heltzen delarik, hortik aurrera ez baitu aldaparik, lasaiago kurritzen du, eta hau da antzina Donostiatik hona txanela eta gabarrak ibiltzeko nabigagarri izatearen arrazoia.
Hernanira hurbildu ahala, ibaiadar askoren ekarria bereganatzen du. Eskuinetik, Aparrain, Ezkaitz, Usoko, Epele eta Martindegi, eta Sagarreta, Olaberri, Bezkita, Saratsain, Txonkuaneko, Portu eta Latsunbe ezkerretik. Hernaniko barrunbean portu garrantzitsua zuen garai batean. Ergobia zeharkatuz, Astigarragan barna doa Urumea, eta Loiola pasatuz Donostiara heltzen da, Zurriolan itsasoratzen delarik.
Urumea eta bere ibaiadarrak indar eragile izan dira historian zehar hainbat ontzi edo tramankulurentzat. Ikus Hernaniko partean ezagunak zaizkigun errotak esaterako: Franko, Karabele, Eziago, Osinaga, Epeleko, Ereñotzu, Pikoaga, Beheko-Errota eta Pagoaga; Urnietan, aldiz, Errotaberri eta Trankatx; Astigarragan Murgi eta Mazkarrene eta Donostira joanez gero, berriz, Mateo, Agirre, Errotaberri, Anoeta, Errotatxo, Juandegi eta Santiago. Zerrenda honi gutxienez bost gehitu beharko litzaizkioke Nafarroako partean, guztira 24 “errota” behintzat osatzen direlarik. Horietan ez dira sartzen burdinolak, hurrengo atalean ikusiko denez, ibaia eta bere adarrei esker bizi izan zirenak. Ororen buru, Urumea izan da Gipuzkoako alderdi honen dinamizatzaile ekonomiko nagusienetariko bat.
Donostia eta Hernaniko udalbatzek, elkarrekin eta amankomunean, urtero errentan hartu ohi zuten ur hauetan soilik berek izokinaren arrantza egiteko eskubidea. Eta hala, 1564 urtera arte bi udalerri horietako biztanleek ez zuten “Zilegi-Lurrak” deitu zonaldean arrantza egiteko eskubiderik. Egia, horretarako egindako dokumentuak sei urterako balioa bazuen ere, iduri du mugagabea izan zela delako baimen hau[5].
Aipaturiko 1831ko testuan besterik ere esaten da, alegia ugari zirela Urumea ibaian “aingira, eskalu, barbarin, amuarrain, xipa, izokin eta xirlak”[6].
Nostalgiari utziko dizkiogu Urumea ibaiko egurats-ibiliak mendearen hasieran oraino hain modan egon zirenak. Zernahi gabarra ikus zitekeen argitxiki eta zintaz apaindurik, Donostiatik irten eta Loiolaraino heltzen zirelarik, eta hor hainbat jolastoki ere bai ordu ederrak gozatzen pasatzeko.
ORIA IBAIA
Garai batean Hernaniko lurraldetik zehar kurritzen zuen Oria ibaiak, zeren eta gaur egun Lasarte-Oria udalerriaren zati handi bat Hernani baitzen.
Hara, 1582an proiektu handioso bat planteatu zen, Oria ibaia Tolosatik eta Oriora arte nabigagarri egitekoa. Eta Felipe II.a erregeak berak urte horretako uztailaren 20an agindu bat eman zuen beronen bideragarritasuna azter zedin. Horretarako, korregidorea buru, ekipo tekniko bati eman zion ardura: ibaia, Tolosako Arramele zubitik eta estuarioraino zatika-zatika arakatu ondoan, egingarri zen iritzia agertu eta 12.000 dukateko presupostua finkatu zuten. Uste dugu proiektua aurrera joan ez bazen arrazoia zera izan zela, Felipe II.aren erregealdiko azkenetan izan zen krisialdi gogor hura.
Horren pareko izan zen Tolosako Udalak eragin zuen beste hura ere, Oria ibaia Urumeari elkartzea, Donostiatik Hernaniko portura zetozen merkantziak Tolosaraino bideratzeko asmotan. Desbiderapen bat egin beharko zen portu horretan, baina arrisku handitzat eman zuten Orioko barran gerta zitekeena. Batzar Nagusiek, bestetik, l772ko ekainaren 29an txosten bat hartu zuten, non esaten baitzen “nabigagarri eginez gero, ontzi bakar batek ehun eta laurogei karga (2.250 kilo inguru) garraia ditzake, eta hori lurrez egiteko gutxienez hamabost zaldi behar dira. Gainera, egitasmo hau burutzen bada, eragin handia hartuko luke ontzigintzak eta hala —dio txostenak— Erret Armada bera faboratuko litzateke. Lau aditu arduratu ziren presupostuaz eta 12.000 dukateko kopurua finkatu zuten, aurreko proiektuaren kopuru berbera. Arazoa azterturik, gerorako utzi zuten Batzar Nagusiek delako proiektua.
Laurogei urte geroago, 1852an, Manuel de Peironcelly bide eta kanaletako injineruak berriro hartzen du ideia eta Tolosako Udalari azterlan guztiz zehatz bat aurkezten dio Oria ibaia, Hernanitik barna eta hemen Urumeari lotuz, Tolosatik eta Donostiaraino kanalizatu ahal izateko eta 40 esklusa ipiniz beraren ibilbidean zehar. Kostuaren aurrekontuak 6.530.000,— pta. suposatzen zuen. Peironcellyren proiektua ere betiko ioaren baitan gelditu zen, Tolosa hiriburuarekin trenbidez komunikatzeko modua egin zenez geroztik[7].
HAITZULOAK
Hirigunetik eta kilometro ingurura bi haitzulo daude aski sonatuak eta jentil-zulo deitu izan direnak, Buskando baserriaren lurretan bata, Iturmendiko lurren mugan eta Iturregikoa bestea. Mende honen hasieran Serapio Mujika historiagileak zera zioen, lehenak hain sarrera estua zuela non pertsona bat sartzeko ere lau oinean egin behar zuen, harik eta desmonte bat egin zen arte. Ez da “inolako aztarna edo objektu interesgarri ezer” azaldu. Galeria bat zuen sei bat metro aurrerago bitan banatzen zena: eskuinekoa 100 m. luze eta 3 m. zabalerakoa, 7-8 m. zabaleko zabalgune batean amaitzen zena. Ezkerrekoa, aldiz, guztiz estua, pertsona bakar bat ere doi-doian pasa zitekeena. Garai hartan, eta oraino, txanpinoiak hazteko erabilpena zeukan.
Iturregiko haitzuloak, bestalde, 200 m. inguruko sakonera zuen eta pasabide estu bat zeukan, eta hemendik hurbil jaiotzen zen Latsunbeko erreka[8].
[2] J.V. Hernani en 1831. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, 3. zk. Donostia, 1953, 465-469 or.
[3] MUGICA. Serapio. Provincia de Guipuzcoa. Geografía General del País Vasco-Navarro. Alberto Martin ed. Bartzelona. s/f. 475 or.
[4] J.V. Op.cit. 467. or.
[5] Hernaniko Udal Artxiboa (H.U.A.) A/8/II/1/1.
[6] J.V. Op.cit. 466. or.
[7] MUGICA, Serapio. Op.cit. 68. or.
[8] Ibidem., 176. or.