Etxerreaga
Lope Isastik Hernaniko jauretxeen zerrendan ipintzen du (1625) gure Etxerreaga hau. Erretako etxea ote zen edo, entzuna dute etxekoek. Etxe, -erre, -aga (ugaritasun eta tokizko atzizkia. Ildo beretik Otarreaga/Olarreaga) Luis Mari Mujikaren “Euskal Toponimiazko Materialeak” (101. or).
Hernanitik Galarreta eta Donostiara daraman bidearen eskuin aldean, Gorpu-bidearen erdi parean, mendixkaren muinoan, Hernaniri so aurkitzen zaigu Etxerreaga baserria.
Bi isuriko hiru etxebizitza direla dirudite, bata besteari atxikita, eta are, etxe-ordeko bat atzean eta bestea saihetsean. Halaber, oraindik orain egindako ukuilu berri bat du etxetik zertxobait aparte. Horrela taiuturiko baserri honek, edonondik begiratuta ere, auzo koxkor bat iduri. Sarrera eguteratik du, Hernanira ematen duen fatxada nagusitik. Behean sukaldea eta ukuilua, goian komuna, gelak, eta sala, baita belar ondua nahiz lastoa jasotzeko lekua ere; “eta goien txigoia” esan dit aurrean dudan Joxe solaskideak. Hitzak ez du inolako zailtasuni txit goien dagoen zerbait, alegia, baina inongo baserritan ez dudala entzun horrelakorik aitortu behar dut.
Martxial Kortadi, nire solaskidearen aitona eta beste bi anaia (hiru) joan ziren Ameriketara eta han lana aurkitutakoan bakoitza bere aldera joan eta harrezkero ez zuten elkarren berri gehiago izan. Frantziskok, aldiz, familiari idazten omen noizean behin. Etxea saltzera atera zenean berari idatzi zioten horren berri emanez, eta haren erantzuna “zerbait egiten ahaleginduko zela”; halatan, gutuna iritsi orduko bera ere atzetik berehala etorri eta baserria erosi zuen. Alabaina, bera ez zela lanean ariko, ezta etxekoei errentarik jarriko ere, ordainetan ohea eta mantenua eman baizik. Hala egin ere!
Etxerreagan, ordea, bi bizitza izaki eta biak txiki. Halatan, beste bizitzakoa, “Txoarria”, prest azaldu omen etxetik ateratzeko baldin eta lantoki bat bilatuz gero, eta Almidoi fabrikan bilatu ere.
Adinean aurrera zihoala eta, etxea ilobaren izenean jarri zuen, bere senideren bat oso gustura ez bazen ere, baina haren erantzuna “ni urte askotarako ez niok eta hi ere ez; beraz, gaztearen izenean jarriko diat”. Esan eta egin, Erramun Kortadiren izenean jarri zuen Etxerreaga. Bost senide ziren hauek: Erramun, Maria, Joxe (ezkongea, 38 urterekin hila), Timoteo (ezkonge), Iñaxi (ezkonge). Hau Ekogor baserriko alabarekin, Asun Ormaetxea (Asentsi deitzen zioten), ezkondu eta bost seme-alaba izan: Paskuala, Martxial, Mikaela (11 urterekin hila), Joxe, Asentsio. Joxe gelditu zen azkenerako baserrian, Zaldibiko Natibidad Etxabe Iztueta, Urtsu Haundi baserriko alaba emaztetzat hartu eta sei seme-alaba izan: Asun, Mertxe, Milagros, Ana, Joxe Ramon eta Isabel. Alabaina, emaztearen osasun-arazoak medio, aukera izandakoan baserria utzi eta 1975.ean kale aldera atera ziren, ama alargunarekin batera.
Behi eta zekor, arto eta babarrun, sagasti eta baratze, denetarik egiten zuten baserrian. Erramunek bederatzi urterekin komunio handia egin eta bere aitak idi parea erosi eta berekin hartu zuen garraioan. Aieteko bidean sagardotegia nonhai eta haien parera iritsitakoan ez omen zuten idiei “O” esan beharrik izaten. Haiek gelditu, aita sagardotegira eta mutikoa kanpoan haiek zaintzen.
Horrela arituak ziren aurrekoak, baina Erramunen semeak, artean gazteak zirela, kamioia hartu eta garraioan hasi ziren, baita Joxe ere. Ezkontzeko asmoa gurasoei azaldutakoan, ordea, hango indarrak murrizten hasiak zirela eta, etxera ezkontzeko eskatu zion bere aitak, eta orain penaz gogoratzen badu ere, kamioia utzi eta baserrian hasi zen lanean, “etxeko guztiek baino nik bakarrik gehiago ateratzen nuan kamioiarekin. Gainera, gaur, orain ez bezalako erretiroa izango nuan, baina orduan... gehiago pentsatu gabe...”. Halere, baserri ona eta leku onean kokatua, ez zen oso neketsua lan egiteko. Ura ere aspaldi jarri zuten (1930. inguruan) Balantxako menditik, urtean 10 pezeta pagatzearen alde.
Orain, Errezilgo Joxe Mari Uzkudunek dauka errentan hartuta, eta apusturako idiak, zaldiak, ahariak, etab. ikus daiteke larrean.