Zelaigain
Zelaitxo baten goiko muinoan egoteak eragingo zuen baserriari izen hori ipintzea. Galarreta-Jauregi aldetik Lasartera doan bidearen beheko aldean, Zozperriko ondoan, Izoztegi baserrira hartzen den bidegurutzean dago Zelaigain. Aurrean, Zabalo-Enea (hango kirretan eraikia dago baserria, hain zuzen) eta Zelaiarte, Santa Barbara, Buruntza eta Lasarteko Merria, Arkaizpe etab. aurrez aurre dituela.
Oraino etxe berria dugu, 1944. urtean eraiki baitzen bi isuriko etxe lauki hau, jatorrian txikiagoa eta gerora zerbait handitua. Sarrera nagusiak goizeko eguzkiaren lehen printzak etxe barruraino sartzeko irekia dirudi. Behean ukuilua eta sukaldea eta goian logelak zituen garai batean, baina ezari-ezarian etxebizitzak lekua jan dio ukuilu eta belar nahiz baserriko beste hainbat gauza jasotzeko biltegiari. Hala, duela hamar-dozena bat urte bi etxebizitza egin zituzten bertan, eta mende berri honen hasieran barrutik hustu eta erabat berritu dute. Ekialdeko partean bat eta mendebaldean, eskailerak kanpotik dituela bestea.
Tiburtzio Iradi Loinaz, Zabalo-Enea baserriko semea, jaiotzaz Azpeitikoa, -esan digu gure solaskideak-, baina zortzi urte zituela Lasarteko Arrillaga baserrira etorritako Liberata Otaegi Otaegirekin ezkondu zen. Mutila ez zen joan oso urrutira neska bilatzera, ezta bata eta bestea ere beren etxeetatik asko urrutiratu ezkontzerakoan, bi baserrien bistan eta nahiko gertu jaso baitzuten Zelaigain baserria Zabalo-Eneako lurretan.
Hamar seme-alaba izan zituzten: Milagros, Karmele, Ana Mari, Paki, Pepi, Tibu, Arantxa, Donetz eta Xabier, eta horietarik bi mutil dira Zelaigaineko teilatupean ezkonduta bizi direnak, Tibu, Jone Iturriotz andoaindarrarekin, eta Xabier, Ikaztegietako Joxepi Etxeberriarekin, azken hau gurasoekin batera.
Udazkeneko hego haizearen indarraz baliaturik, babarrun zuria aletzen eta garbitzen ari direla harrapatu ditut Zelaigaineko senar-emazteak. Erretiratuta dagoela jakinarazi dit Tiburtziok baina oraino sasoiko ikusi ditut nola bata hala bestea ere. Gustura daude duela gutxi zaharberritutako etxearekin, eta zinez, ez baitirudi inoiz baserria izan denik ere. Ezkonberritan, eta gero ere, dozena bat buru izaten zituzten ukuiluan eta hauentzako belar ondu, erremolatxa, arbia eta bestelakoekin batera, etxerako baratzea egiten zuten. Halere, urte asko egin ditu fabrikan lanean, erretiro garaia iritsi zaion arte. Esnea Errekaldeko Cincuentenario auzoan partitzen zutela diote. Orain behi bat eta zekor bat ikusten dira ate zirrikitutik ukuiluan, eta aldamenean bibelar ondu berriaren usain gozoa atzeman daiteke. Ez diogu esnerik kentzen “zekorra hazteko uzten diogu, horrelako koipea duen esnea ez zaigula komeni eta; halere, nik gustura hartzen det ahal dedanean, behia umea egin berria eta zekorrarentzat esne gehiegi dunean...” jakinarazi dit Tiburtziok.
Etxea berritzerakoan, alde batetik bestera ibili omen dituzte oiloak, ferianteen modura, eta gauzak bere onera etortzen direnean leku egoki batean jarriko dietenaren esperantza baduela esan dit etxekoandreak.