Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Ilarratsueta

 

      Ilarra (iñarra, aiñarra, txillarra). Gaur egun aldaki hau, txilarra, erabiltzen badugu ere, begi bistan dago aurrekoek ilar hitza ere erabiltzen zutela, gure txilar horren ordez. Oroit Ilarreta baserria Galarreta auzoan. Txilardegieta izango luke Ilarratsuetak, oro borobilduz, bere esanahia.

      Arrikarte bidegurutzetik behera Lasarteko mugan aurkitzen da Ilarratsueta baserria. Honen jabetzako lurraldea zen etxetik metro asko gabe kokatzen den Lasarteko hilerria. joxe Mari etxeko nagusi zaharrak dionez, bere garaian Hernani eta Urnietako udalek elkarrekin erositako lurra da, eta izatez Hernaniko partean dagoen arren, Lasarteko udalari jabetzan emana. Hau saltzearekin, esan beharrik, galduan atera zirela, baina orain etxe barreneko erreka ondoan betelana eginez, zelai eder bat berenganatzeko modua egin dute.

      Errektangeluarra da etxea ongi begiratuz gero, aski bitxia ere bai urrunetik behatuz. Bi eranskin ditu osagarri eta horiek ematen diote delako berezitasun hori. Goikoak, hegoaldeko eranskinak alegia, noizbait bi bizitzako etxea bilakatu zenean, gela bat eta sukaldea ditu lehen solairuan; behekoa, dolarea eta sagardotegia egiteko duela 90 urte ezarri omen zitzaion.

      Etxetik at, goraxeago, bide ertzean dagoen i bordak etxe-ordekoaren erabilpena du. Saihetsean hegoaldetik perratoki. polit bat dauka, oraino bere-berean kontserbatzen dena. Nagusi zaharraren ideia eta obra hain zuzen, inguruko baserrien zerbitzutan antolatua idiak, behiak edo zaldiak ferratu ahal izateko. Astigarragatik etortzen zen, azkenekoa behintzat, astean behin edo bestetan perratzailea.

      Etorkinak ziren gurasoak, alkizarra bata, amezketarra bestea. Etxea hutsik, errentan hartu eta ezkonduta bertan jarri ziren bizitzen. Pedro Lasa Gabirondo aita eta Manuela Artola Nazabal ama. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Paulo (uztargile famatua), Joakin, Joan Bautista, Pilar, Joan Mari, Joxe Mari eta Kontxita, eta beste lau txikitan hilak, hamaika guztira.

      Joxe Mari etxera ezkondu eta Maritxu Munita Bordaberri, errezildarra, hartu zuen emaztetzat eta hiru seme izan: Paulo, Joan Manuel eta Joxe Joakin.

      Paulo dugu etxeko orain, Margarita Altuna Vitoria, Intsusadi baserriko alabarekin ezkonduta honako seme-alaba hauek dituztelarik: Mikel eta Nerea, biak ikasketak egiten.

      Ondo gogoan dauka Joxe Marik aita zenak nola esan ohi zuen, bost behi hartuta Alkizatik igande goiz batez etorri zela eta zer nolako lanak izan zituen ukuilua pixka bat garbitzen eta bazterrak antolatzen. Lurrak ere guztiz abandonaturik omen. Josefina deitu Urnietako andere amerikana baten jabetzakoa zen etxea.

      Baserri handia, dozena bat behi eta idi parea beti izan dituzte. Labore lur onak eta erosoak dira. Artoa, babarruna eta patata ere aise biltzeko modua izan dute, pixka bat saiatuz gero behintzat.

      Amona zena, edo birramona hobe, Donostiara egunero esnea eta barazkiak asto gainean harturik. Gerora ikasi zuten Hernanirako bidea. Astoa lehenik (birramonak), zaldia eta orga (amonak) eta autoa (amak).

      Duela 28 bat urte baserriaren jabe egin zirenean, arnas berria hartu ahal izan zuen Ilarratsueta baserriak. Orduan sartu zuten ura etxera argindarrez ponpaturik etxe barreneko iturritik (Barriola aldeko iturria). Beste obra bat: bidearen zabalkuntza, anartean gurdibide soil bat zena, 'errepide bihurtuz, auto edo kamioiak atariraino sartzeko modua eginez. Beren sakeletik egin zutela diote, udalaren laguntza pixka batekin. Orain Lasarteko herriko ura dute etxean.

      Paulok, aita, erreleboan Ingemar enpresan lan egiten du, baserriko lanetan aiton-amonen eta emaztearen laguntza duelarik.

      Etxetik aparte daukate ukuilua gaur egun. Aterpe zabal bat da funtsean, ukuiluaz gain, etxe-ordekoa eta garajea bere baitan hartzen dituen aterpea. Behiak larrera etxeko zezenarekin: hamar behi, zezena eta etxean jaiotako hainbat zekor. Etxeko zezena izatearen arrazoia zein den galdegin diodanean, hauxe izan da erantzuna: “Haragitarako biziki ona den arraza (Limousin) osoki mantendu ahal izatea”.