Galamendi Behekoa
(Gonagorri)
Galar: lurrean zuloa eginda egosten den gaztainondo-ikatza” Luis Mari Mujikaren “Euskal Toponimiazko Materialeak” (103. or.)
Nolanahi ere, eta bere izena Galarmendi Behekoa baldin bada ere, Gonagorri esanda ezagutzen dute inguruko guztiek. Bertako neskak gona gorri-gorriarekin ibiltzen ziren, agidanez, eta handik gelditu zaio nonbait aipatu izena.
Izenak dioen bezala Galarmendi Erdikoaren behealdean dago, erreka moduko baten beste aldean; berrogeita hamar metro baino ez batetik bestera. Jauregi auzotik Lasartera doan auzobidearen aldamenean, mendixka moduko baten bizkarrean.
Bi isuriko etxea da, behean sukaldea eta ukuilua, goian logelak eta ganbara dituela. iparraldera begira, bertatik du sarrera nagusia, mendebaldeko horman beste atetxo bat duen arren. Etxe luzexka da, eta atzeko aldean zuhaitz handi bat du hegoaldeko eguzki beroari aurre egiteko edo.
Ukuilu handi eta eder bat atxiki diote ekialdeko hormari, etxea bezain handia, luzera eta altuera berberak baititu. Behean behiak eta goiak belarra, lastoa, etab. jasotzeko.
Aiton-amonak, Joxe Antonio Muniain, zarauztarra eta bertako alaba Maria Luisa Zubillaga, eta honen ahizpa Maria Zubillaga bizi dira hemen. Sei seme-alaba izan bazituzten ere, egun hiru baino ez dira bizi, jaioberritan galduak dituzte. Euxebio, Kontsuelo eta Joan Mari. Euxebio, seme zaharrena gelditu da baserrian, Mari Karmen Bergaretxe, Hernaniko Otsua-Enea baserriko alabarekin ezkonduta, eta bi alaba dituzte, Ixiar eta Leire, oraino gaztetxoak eta eskolan dabiltzanak.
Ganaduari erabat emanak daude, esnea da beren bizimolde nagusia, eta inguruko belardi franko garbitzen dituzte ukuiluko behi eta bigaiak aseko badituzte. Tresneria ugari dago etxe inguruan belarra mozteko, biltzeko, jasotzeko, baita behiak jezteko, esnea jasotzeko, etab. baina, halere, nahikoa lan izaten dela esan didate senar-emazte gazteek. Aipaturikoaz gain badituzte ardiak, oiloak, ahateak, zaldia, zakur, katu, uso eta bestelakorik ere.
Garai batean ez bezala, orain, kamioia etxera etortzen zaie esnea jasotzera. Baratze asko ez, baina gazta eta sagardoa ere etxerako hainbeste sortzen dute. “Laster hasiko gea berriro ardi esnea biltzen baina horren salmenta ere asko jaitsi da. Jendeak ez du denborik edo ez du sukaldean lanik egin nahi, eta errazagoa zaio nola-hala egindako mamia erostea, norberak egitea baino”.
Txirbila eta lastoa erabiltzen dute azpigai; izan ere, “etxeko lurretan hiruzpalau irastor meta egiteko besterik ez degu eta, gainera, lastoa oso ongarri ona da”. Halere, aztarrika asko egin beharra dagoela egun baserrian zerbait aterako bada esan didate.
“Guk orain 15 bat urte inguru hartu gendun baserria eta, dena esan behar eta, gu ez ginan gaizki atera. Lursail onak ditu Gonagorrik eta prezioz ere ongi moldatu ginan”.