Orkolaga
Ez du inoiz entzun eta ez du aztarnarik ere izenaren esanahiari buruz, Felix Aranburu (85 urte) bertako semeak. Hernaniko herriak badu Orkolaga izeneko metereologo aitzindari sonatu bat ere, baina ez du uste Orkolaga baserriarekin ikustekorik bazuenik. Alabaina, Orkolaga Hernaniko jauretxe (handiki etxe) ez ziren asko baina hau bat, delakoaren zerrendan ageri zaigu (Lope de Isasti, 1625).
Berebiziko nahasketa dute posta arazoa dela eta beste, zeren ofizialki Martindegi 1 baita beronen helbidea. Lehen, garai batean Akerregi bailaran omen zegoen, baina Zikuñaga auzora dute aspaldidanik irtenbide guztia. Felix txikia zenetik behintzat hala ezagutu du. Zikuñagara, Leku Zahar jatetxearen ondotik bostehun bat metro gora jo eta, ikuspegirik ederrena duen bizkargune batean kokaturik dago Orkolaga baserria.
Etxebizitza bakarra izana dugu Orkolaga, agidanez. Adarragatarrek erosi zutenean bilakatu zen bi bizitzakoa. Arrieta familia bizi zen bertan. Etxea bi zati berdinetan banatu eta Felixen aitona Martin Bixente bere familiarekin sartu zen bestean. Teilatua eta egitura oraintxe bezalakoa omen zuen. Sarrera nagusia, bi familiek bide aldetik, eta ekialdekoak mandioa, ekialdetik hau ere. Honek, alboan aterpe bat dauka, bere dolare bildu eta modernoarekin. Ekialdetik halaber ate handi bat zeukan tranka edo tala deitu zurezko tresnaz ixten zena, simaurra ateratzeko. Bide aldetik ere beste ate bat, handia, soto edo majera aurrera ganadu jatekoa sartzeko.
Etxea oraino urte asko ez dela goitik behera berritu zuten, zurezko hezurdura ezarriz, beti ere goxoago edo beroago delakoan. Lehengo ukuilua sala eder bat bihurturik daukate, mahai luze sendoa eta beheko suarekin horniturik. Honen aire beroaz baliatzen dira bai beheko sala eta bai goiko bizilekua goxatzeko neguan, eta ahaide eta lagunartean tarteka otorduak eginez elkarrekin biltzeko.
Iparraldeko bizitzak ere, Arrietatarrenak, egitura bera du. Alboan estalpe handi bat eta ukuilua, etxetik at eta gaur egungo baldintzen arabera antolaturik hau.
ARRIETA Familia
Joxe, aitona eta bertako semearekin (75 urte) mintzatu naiz. Aita Gabino Arrieta Goitia, Orkolagako semea, eta ama Axentxi Zubiarrain Ezeiza, ataundarra sortzez, izan zituen. Eta ondoko seme-alaba hauek izan: Agustin, Joana, Isabel, Mikela eta Joxe.
Hau, Joxe, etxerako; ezkondu, emaztea Ramona Larrarte Imaz, Martuteneko alaba, Joxe Mari seme bakarra izan dute. Neska-mutiko bikiak ere izan bai (7 hilabeterekin jaioak) baina ez ziren luzaro bizi izan, ahaleginak eta bi egin arren. “Gaur izan balira...” Joxek penaturik zioen.
Joxe Mari dago orain etxean ezkonduta Ana Amondarain, tolosarra, emazte duelarik eta bi seme, Mikel eta Iñaki. Baserrian senar-emazteak bi semeokin bizi dira, aita kaletik egunero laguntzera etortzen zaielarik.
Gurasoak baserri lanari loturik bizi izan ziren dio Joxek. Hiruzpalau behi, beste horrenbeste zekor, zerri bat edo beste, oiloak. Esnea herriko etxeetara egunero.
Gazteak, aldiz, eskolara eta gauza izaten hasi zirenean lanera. Joxek, dio, ez zuela eskolarako gogo handirik eta ongi konpontzen zela aitarekin baserri lanetan. Hau ere, gero, erreleboan fabrikara, ordu tarteetan gurasoei lagunduz.
Joxe Mari semea, berebat, aldi batean kanpoan lanean ibilia bada ere, baserria egungo moldeetan berrantolatzeko modua eginez baserriari atxiki zaio.
Ukuilu zabal irekia etxe alboan, hogeita hamar behi eta zekor multzo bat dauzka. Zekorrak ahal bezain laster salduz, esnea dute gehien batean bizimoduaren oinarri.
Esan gabe doa, lagunarteko gizona dela Joxe Mari, bertsozale nahiz bertsolari porrokatua, bestetik.
ARANBURU Familia
Gure Felix oraingo aitonak gogoan du Martin Bixente Aranburu Oiartzabal aitona. Gurasoak, aita Luxio Aranburu Oiarbide eta ama Jexuxa Arbiza Arrieta, Karapote Etxeberriko alaba. Hona berriz hauen seme-alabak: Martin, Joana, Mertxe, Dolores, Felix, Joxe eta Maritxu.
Felix etxera ezkonduta, emaztea Maria Luisa Oiarbide Zabaleta, Txabolategiko alaba, hiru seme izan zituztelarik: Martin, Joxe Antonio eta Luxio.
Orain Martin, serne nagusia dago etxean, Maria Luisa Jalon Artolarekin ezkonduta. Semea, Joxe Anjel. Senar-emazteak, Joxe Anjel semea eta Felix aitona bizi dira Orkolagako Aranburu familian.
Felix eskolaume zela, gurasoak eta amona ezagutu zituen baserri lanean. Lau behi jeneralean, beste hiruzpalau zekor, hogei bat oilo, zerri bat hazten zuten urtero etxerako, eta astoa mandatuak egiteko.
Baserri koxkorra eta familia ere nahikoa etxe hutserako dio aitona honek. Egunero, esnearekin herrira, “litroko hiru txakur handiren truke, sardina zaharrak taloarekin jateko baino askoz gehiago ez”. Agidanez, orduko otorduak eltzekoa beti, babarrunak, aza-babarrunak, odolki edo urdai puska batekin. Arnas berria izan zen amarentzat Felix 17 urte zituela fabrikan lanean hastea. Astean duro bat irabazten zuen, duro zilarra, eta orduan hasi omen zen hau larunbat iluntzetan lagunartera biltzen ere. Oroitzen da Akerregiko sagardotegian nola lau edo bost lagun biltzen ziren. Sagardoa nahizu-nahizu eta txuleta bost erreal, erreal bana bakoitzak.
Dena den Luxio aitak ere bazuen zeregin osagarri bat, sos batzuk etxera ekartzeko, zenbait etxeren (kale eta baserri) eta lurren administrazioa. Bestetik, gizon eskolatua zela diote, lagunartekoa eta neurri batean parranda ere gustuko zuena, baina baita baserriko lanak zuzen egiteko gizona ere. Oroimen izugarria omen zuen edonoren izen eta deiturak gogoan edukitzeko. Felixek jarraitu zuen etxean, ezkonduta, lanera joanez eta baserrian gurasoei lagunduz.
Argia nahiko nekez iritzi zitzaien etxera. Bitartean, ahal bezala moldatzen ziren kandela, kriseilu eta karburu argiaz baliaturik.
Azkenik bi aitonak, batekoa eta bestekoa, hurbildu zaizkit kontu-kontari. Igande arratsaldetako dibertsio eta jolasak zeintzuk izaten zituzten galdegin diet. Erantzuna: bilerak deitzen zitzaien orduan, gazte jendea biltzeko erromeriak soinuarekin, Fagollaga, Irubide, Ibarluze, eta Txikierdi, hau printzipala”.